1. Atarikoa

Urte asko dira Patxi Goenagak idazten ari zen gramatika baten berri eman eta izkribu bat eskura jarri zidanetik. Hura irakurtzea eta iruzkintzea nahi zuen Goenagak, hizkuntzalariok gure lanak argitara eman aurretik ikerkideen artean egin ohi dugun bezala. Halaxe egin nuen, eta gerora sarri egin nizkion izkribuari buruzko galderak: ea aurrera ote zihoan proiektuarekin, ea noiz emango zuen argitara... Halako batean bigarrenez jarri zuen material guztia nire eskura, nolabait itxuratu eta argitaratzeko gai izango nintzelakoan. Eta hemen dago, azkenik, Patxi Goenagaren Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (EGEO), bere bizitzan zehar han eta hemen ikasi eta irakatsitakoa jasotzen eta laburbiltzen duen lana, neronek apailatua eta Euskal Herriko Unibertsitateak Euskara Institutuaren babespean argitaratua.

Patxi Goenaga nor den ondo dakigu euskal gramatikagintzan dihardugunok. Alabaina, inork bere soslai akademikoaz xehetasunik nahi balu, begiratu lezake Xabier Artiagoitiak eta Joseba A. Lakarrak 2008an argitara eman zuten Gramatika jaietan. Patxi Goenagaren omenez liburuaren hitzaurrea (Julio Urkixo Euskal Filologi Mintegiaren Gehigarriak, 51). Gazteenei, bestalde, labur esan geniezaieke Patxi Goenagak Gramatika bideetan argitaratu zuela aspaldi (Erein, 1978) eta liburu hari esker ikasi genuela euskaldun askok eta askok (ez gerora gramatikari izango ginenok bakarrik) Gramatika Sortzailea zer zen. Harrez gero, gramatika proiektu handi batean baino gehiagotan engaiatua ibili da Goenaga: batetik, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen proiektu guztietan, hala nola, Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU) eta Euskararen Gramatika (2021) izenekoetan; bestetik, Sareko Euskal Gramatika (SEG), orain arte sarean egon den euskaraz idatzitako gramatika bakarraren editoreetako bat da Pello Salaburu eta Ibon Sarasolarekin batera. Laburbilduz, euskal gramatika non, Patxi Goenaga han.

Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (EGEO) nagusiki hizkuntza deskribatu arren, arazo teorikoei muzin egiten ez dien gramatika bat da. Ez alperrik Goenagaren jardun akademikoan zehar arazo teorikoak izan dira ardatz nagusia (1986an argitaratu zuen Euskal sintaxiaren zenbait arazo, adibidez). Hortaz, gramatika honetara, hots, EGEOra hurbiltzen denak kontuan hartu behar du idazlea gramatika teorikoan oro har eta gramatika sortzailean bereziki trebatua dela, eta eredu teoriko hori darabilela buruan, idazten duen bitartean. Dena dela, arazo teorikoak han eta hemen ageri diren arren, kapitulu batzuetan gehiago beste batzuetan baino, ez nuke esango EGEO gramatika teoriko hutsa denik. Zeren hizkuntzaren egitura eta osagai guztiak deskribatu ez ezik, azaldu nahi dituen gramatika oso bat idaztea ezinezko eginkizuna baita. Gramatika teorikoan gabiltzanok ondo dakigu jakin arazo itxuraz txiki bakoitza argitzeak zenbat xehetasun eskatzen dituen eta zenbat zirrikitutatik arakatu behar den azalduko bada. Eta Goenagak ere badaki, noski. Bestalde, hau urte luzeetako lana da, karrera akademiko baten laburpena nolabait, eta Goenagak bere Gramatika bideetan hura argitaratu zuenetik gaur arte garatu den teoria ez da bat bakarra ezta arazorik nimiñoenari dagokionez. Hortaz, gramatika hau han eta hemen ardazten dutenak arazo teorikoak badira ere, azken analisia (baina ez ziur aski betirakoa), beste nonbait aurkitu beharko du irakurleak.

Beste alde batetik, osagaiak deskribatu nahi dituen gramatika da EGEO, eta osagai horiek dira gramatika honen kapituluei izena ematen dietenak. EGEOk, atariko honetaz gain, perpaus lokabe eta bakunari buruzko hamar kapitulu ditu, hauexek: 2. Perpausa; 3. Izena eta izen sintagma; 4. Adjektiboa eta adjektibo sintagma; 5. Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma; 6. Determinatzailea eta determinatzaile sintagma; 7. Izen predikatua; 8. Egiturazko kasuak; 9. Adposizioa eta adposizio sintagma; 10. Aditza eta aditz sintagma, eta 11. Aditz Inflexioa. Osagai horiek aztertu asmoz, nahi beste adibide eta nahieran ematen ditu Goenagak, eta hor erakusten du, besteak beste, bere gramatikari sen fina. Bera irakasle edo hizkuntzaren gogaide izan dugunok badakigu zein abilezia ikaragarria duen adibideak eta kontradibideak sortzerakoan eztabaidan ari dela: Goenagak euskal hiztunaren intuizioak eta gramatikari iaioaren jakintza handia uztartzen ditu. Euskal gramatika modernitatera eraman zuen Goenagak eta bere irakatsiari esker euskararen gramatika, unibertsalagoa den beste gramatika baten eremuan kokatu zuen. Baina horrekin batera, euskararen tradiziotik ere edaten jakin duen hizkuntzalaria da, eta hori antzematen da bere testuetan, baita EGEO honetan ere.

Gainerakoan, gramatika hau ez da aproposena gramatika arau-emailea gogoan duen irakurlearentzat –horretarako, Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeak egindakoak ditu besteak beste–. Eta hala diot, kontuan hartuz EGEOk deskribapena eta analisia dituela helburu eta ez erabilera arautzea, nahiz eta Goenaga Euskaltzain Osoa ere baden eta arauak idaztea eta proposatzea ere egokitu zaion. Oso bestela, EGEO bereziki lagungarria gerta daiteke euskal gramatikan trebatzen hasiak diren unibertsitateko ikasleentzat. Ez alperrik, urte asko eman ditu Goenagak euskal gramatika irakasten Euskal Herriko Unibertsitatean, eta igartzen zaio belaunaldien arteko transmisioa bilatzen duela euskal sintaxi gaiez diharduenean, EGEOn bezalaxe. Ez du horrek esan nahi irakurlea bestelakoa izan ezin daitekeenik, jakina, baina EGEO ez da euskara ikasten ari denarentzat behintzat, euskara aztertu nahi duenarentzat baizik. Beste alde batetik, gramatikagintzan eskarmentua duten hizkuntzalariek irakasteko lanabes gisa balia lezakete EGEO edo besterik gabe Goenagarekin tarteka sintaxiari buruzko balizko elkarrizketa bat izateko.

Azkenik, EGEO sarean argitaratu dugu eta ez paperean. Ez zen hori Goenagak gogoan zerabilena bere izkribua bigarrenez nire esku jarri zuenean. Alabaina, eztabaida luze baten ondotik konbentzitu egin nuen, batetik euskaldun ororen esku uzten duelako horrela bere ondarea, sarbide librekoa baita EGEO; bestetik nagusiki gazteak gogoan izanik, bitartekoak ere garrantzia duelako: jomuga unibertsitateko ikasleak izanik ere, gazteek oro har lehenago jotzen dute sarera edozeren bila ari direla liburu batera baino. Gainera, sareak testu askeago bat sortzeko aukera ematen du, kapituluak ez dira halabeharrez ez tamaina berekoak ez eite berekoak; tarteka iradokizunak daude, bide zehazten hasiak, beste batzuetan gogoeta sakonagoak, iritzi helduak... Paperak kate motzean lotzen gaitu, sareak ez bezala, eta irakurleak sare sintaktiko honetan zehar nabiga dezake batetik bestera Goenagaren eskutik, baina aldi berean libre.

Bestalde, sareratzeak jakintza informatiko sendoa eskatzen du eta Juan Luis Vidaurrazaga (Neartek) izan dugu bidaia luze honetan gidari, aholkulari eta lagun. EGEOrik ez legoke Vidaurrazagaren profesionaltasun handiagatik ez balitz. Yolanda Acedok, bere aldetik, etengabeko laguntza eman digu Vidaurrazagari eta bioi EGEO teknologikoki inplementatzeko. Gainerakoan, Jon Otxoantezanak egin du webgunearen hasierako diseinua eta eskerrak eman nahi dizkiogu Arkitektura ikasketetako azken urteari EGEOrako denbora apurrak ateratzeagatik. Kristina Bilbaok, bere aldetik, EGEOko zuhaitzak eta taulak atontzen lagundu digu diseinuak osatuz eta txukunduz kanpo finantziazioarekin kontratatutako ikertzaile postu bati esker (PIC 126/22). Hori baino lehenago, Xabier Artiagoitiak iruzkindu zituen lehen izkribuko zenbait kapitulu eta gure esker ona du horregatik. Horiezaz gain, Miren Azkaratek, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuaren zuzendariak EGEO sareratzeko asmoa babestu zuen hasieratik eta eskerrak zor dizkiegu bai berari bai gure unibertsitateari euren babespean argitaratzeko aukera emateagatik. Azkenik, EGEOren edizio lana egiteko Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuko Zientziaren eta Berrikuntzaren Misterioaren laguntza ere jaso dugu, IT1 169 eta PGC2018-096380-B-100 ikerketa proiektuen bitartez, hurrenez hurren.

Beatriz Fernández

UPV/EHU

Algortan, 2022ko abuztuaren 31an.