3. Izena eta izen sintagma
Editorea
Beatriz Fernández
Aipamena
Goenaga, Patxi. 2022. Izena eta izen sintagma. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
Laburpena
Izena buru duen sintagmari deitzen diogu izen sintagma. Oinarrizko egitura dugu hau. Izenak, buru den aldetik bere osagarriak eta adjunktuak izango ditu, modu jakinean egituratuak.
Kapitulu honetan, izen motak bereiziko dira lehenbizi, bai morfologiaren aldetik eta bai adieraren eta onartzen dituzten testuinguruen arabera.
Ondoren, izenak bere inguruan dituen osagaiekin batera zer nolako egiturak osatzen dituen aztertuko dugu. Izenaren osagarriak bereiziko dira alde batetik, hots, izenak berak hautatzen dituenak. Bestetik, adjuntuak izangoditugu: adjektibo sintagmak, perpaus erlatiboak eta adposizio sintagmak izango dira.
3.1 Izena, izen sintagmaren ardatz
Perpausaren egiturari pixka bat erreparatzea aski da bi osagai bereizteko berehala: bata, aditza edo predikatua, eta bestea izena, bere inguratzaileekin batera, gramatiketan Izen Sintagma (IS) deitu ohi dena. Buru baten islapena da IS, izenarena, hain zuzen. Hortaz, IS izena buru duen egitura dela esango dugu, eta izena izango da, hortaz, bere osagai nagusia. Izenik gabe –agerian ez bada, ezkutuan– ez dago IS-rik. Honako sintagma hauetan determinatzaileaz gainera IS dei dezakegun osagai bat dugu, eta denetan bereiz dezakegu buru bat, hots, izena:
-
[ [gizon IS] -a DS]
-
[ [automobil eder IS] hura DS]
-
[ [atzoko neska irribarretsu IS] haiek DS]
-
[ [Andoni IS] DS]
Goiko adibideetan, determinatzaileak eta Determinatzaile Sintagmak (DS) adierazten ditugun arren, ISaz jardungo dugu hemen eta aurrerago helduko gara DS-en inguruko eztabaidara.
3.2 Izen motak
Izen guztiak ez dira mota berekoak: badira izen arruntak eta bereziak, zenbakarriak eta zenbakaitzak etab. Sail berezi bakoitzak bere ezaugarriak edo tasunak izango ditu, ondoren ikusiko dugunez.
3.2.1 Izen arruntak eta izen bereziak: [+/- arrunta]
Izen batzuek ez dute mugatzailerik onartzen: Axular, Bilbo, Jon etab. Hauek, beste inongo laguntzarik gabe nahikoa dira DS osatzeko. Goiko (1d) horietakoa dugu. Beste batzuek, berriz, determinatzaile sintagma osatuko badute, nahitaezko dute mugatzailea edo, mugatzailerik izan gabe ere, bestelako elementuren bat, zenbatzaile bat, esaterako: etxe, auto, maitasun, diru, mahats, liburu, etab. holakoak dira. Mota honetako izenak aipatutako mugatzaile (Mug) edo zenbatzaile (Zenb) horietakoren bat(zuk) inguruan d(it)u(z)tela agertuko dira, denen artean sintagma konplexu bat osatuz:
-
a. etxea = [etxe I] + [-a Mug]
-
b. auto hura = [auto I] + [hura Mug]
-
c. maitasuna = [maitasun I] + [-a Mug]
-
d. diru asko = [diru I] + [asko Zenb]
-
e. mahats ugari = [mahats I] + [ugari Zenb]
-
f. liburu polita = [liburu + polit IS] + [-a Mug]
-
g. gorrotorik = [gorroto I] + [-(r)ik Mug]
-
h. bost euro = [bost Zenb] + [euro I]
Sintagma hauei, hurrenez hurren, -a, hura, -a, asko, ugari, -a, etab. kenduko bagenizkie, ‘herren’ utziko genituzke,1 perpausean txertatuak agertzeko biderik gabe:
-
a. Etxea erosi dut. / a’. *Etxe erosi dut.
-
b. Auto hura ikusi dugu. / b’. *Auto ikusi dugu.
-
c. Maitasuna beharrezkoa da. / c’. *Maitasun beharrezkoa da.
-
d. Diru asko irabazi dute. / d’. *Diru irabazi dute.
-
e. Mahats ugari dago aurten. / e’. *Mahats dago aurten.
-
f. Liburu polita irakurri dut. / f’. *Liburu polit irakurri dut.
Beste izen batzuek, alderantziz, ez dute mugatzailerik onartzen, erabilera arruntean behintzat:
-
a. Bilbo sarritan aipatu du idazleak. / *Bilboa sarritan aipatu du idazleak.
-
b. Mikel ez da etorri. / *Mikela ez da etorri.
Dena dela, kontuan izan, (4a’) eta (4b’) gramatikalak ez badira ere, Bilbo zaharra sarritan aipatu du edo Mikel jatorra hemen da bezalakoak gramatikalak direla. Mugatzailearen agerpena dela eta, izenek ezberdin jokatzen dute arruntak edo bereziak direnean. [±arrunta] ezaugarria kontuan izan behar da biak bereizteko:
[+arrunta] motako izenak, izen arruntak alegia, mugatzailea, zenbatzailea edo beste determinatzaileren bat behar dute determinatzaile sintagmaren osagai izateko.
[-arrunta] direnek, berriz, ez dute mugatzailerik onartuko (edo Ø mugatzailea dutela esango dugu, beharbada). Hauek izen bereziak izan ohi dira.
[+/-arrunta] bereizketa honek, hortaz, testuingurua du irizpide. Esan nahi baita, testuinguruan zernolako elementuak ager daitezkeen edo ager ezin daitezkeen (mugatzailea deitu duguna, bereziki) hartzen dela kontuan, ez besterik.
Ohiko gramatiketan, ordea, esanahia ere kontuan hartu izan da izen arrunta eta berezia bereizteko. Guretzat, esanahian oinarritzen den bereizketak, batez ere ortografiari begira izango du garrantzia. Bizkaia (Bizkai + -a) edo Azpeitia (Azpeiti + -a) mugatzailea duten determinatzaile sintagmak dira, baina erreferente bakarra dutenez, izen bereziak direla esaten dugu, eta, horrenbestez, letra larriz idatzi behar direla. Baina, ortografia gorabehera, gramatikaren aldetik, axola diguna da ea izen batek mugatzailea behar duen ala ez. Alde horretatik, erreferente bakarra izan arren, Bizkai bezalako izen bat, edo Azpeiti bezalako bat, izen arruntak direla esan behar genuke, bai batak bai besteak, biek, mugatzailea eskatzen baitute. Eta mugatzaileaz gainera, kasu markak edo adposizioak hartuko dituzte:
-
a. AzpeitiAk, BizkaiAri,… (konpara gizonAk, gizonAri moduko sintagmekin)
-
b. AzpeitiAn, BizkaiAn, ... (etxeAn, begiAn bezalaxe)
-
c. Azpeititik, Bizkaitik, (etxetik, menditik bezalaxe)
Adjektibo baten laguntzan ere erabil daitezke izenok, eta orduan mugatzailea agertuko da baina, beti ere, sintagmaren eskuin muturrean:
-
a. Bizkai maitea (ez *Bizkaia maitea, ez *Bizkaia maite)
-
b. Azpeiti osoa (*Azpeitia osoa)
-
c. Euskal Herri askatua (*Euskal Herria askatua)2
Alderantziz, zenbaitetan, berez izen propioa dena izen arrunt gisa erabilia ikusten dugu. Honako honetan, adibidez, musikarako gaitasun berezia duten haur batzuei erreferentzia egiten diegu:
-
Hemen datoz gure Mozart txikiak.
Hemen Mozart izenak ez du denotatzen W.A. Mozart musikari ezaguna. Letra larriak gorabehera, Mozart, kasu honetan izen arrunt bat besterik ez da, txiki adjektiboaren ezkerraldean kokatua, eta, beste edozein izen arrunt bezala, mugatzaile plurala duena. ‘Gure musikari txikiak’ esango bagenu bezala.
3.2.2 Izen zenbakarriak eta zenbakaitzak: [+/- zenbakarria]
Izen batzuk (etxe, haur, lehoi, etab. ) zenbakarriak direla esaten ahal dugu, zenbatu daitezkeen banakoak aipatzeko balio baitute: etxe bat, bi, hamalau; haur bat, bi, etab. Aldiz, beste izen batzuk (olio, mahats, irin, lur, gorroto, adore, oinaze, nazka...) zenbakaitzak dira, hots, zenbatu ezin daitezkeen zerei dagozkie. Mahatsa, adibidez, ezin da zenbatu. Mahats aleak dira zenbatzen ahal ditugunak. Oinazea edo gorrotoa ere ezin daiteke zenbatu, oinaze edo gorroto motak ez badira.
Azkenik, badira bietara joka dezaketenak, baina batean eta bestean adiera desberdinean hartzen ditugu: ardo edo kafe-ren kasua izango litzateke, adibidez. Ardoa, berez, ezin zenbatu daiteke, baina hiru ardo edan ditut esaten badut, bistan da zenbakarri den zerbaitez ari garela. Hala ere, oraingoan ez dugu ardoa masa-izen gisa ikusten, zerbait konkretu eta zenbakarri gisa baizik, hiru baxoerdi ardoedan ditut esango bagenu bezala. Alderantziz ere gerta daiteke, alegia, berez zenbakarria den izen bat (harri, esaterako), masa gisa ikus genezake.
-
a. Harri asko bota ditugu errekara. (ehun harri, adibidez)
-
b. Harri asko bota dugu bidean (kamioikada bat, adibidez)
(9a)-ko harria unitate diskretuz osatua dago. Aldiz, (9b)koa, continuum gisa ikusten dugu, masa bezala. Horregatik, ehun harri bota ditugu esan genezake, harriak banan-banan zenbatuz, esaterako. Bigarrenean, berriz, kopuruaren ordez, pisua edo adieraz dezakegu: bi tona harri bota dute.
Izen zenbakarri eta zenbakaitzen arteko banaketa tasun bati esker egin dezakegu: izen zenbakarriak [+zenb(akarri)] direla esaten dugu eta zenbakaitzak, berriz, [-zenb(akarri)]. Edo bestela esanda, tasun berak plus (+) edo minus (-) balioak izan ditzake, eta horrek ondorioak ditu izen horren inguramenduan. Bietara jokatzen duten izenei dagokienez, tasunak bi balioak izan ditzakeela esaten dugu.
Azken batean, hemen jokoan dagoena da zenbatzaile jakin batzuen eta izen mota baten arteko bateragarritasuna: zenbatzaile zehatzak, numeralak (bat, bi, hiru, lau... ), [+zenb] tasuna duten izenekin bakarrik erabil daitezke, izen zenbakarriekin alegia: bost etxe, bi herri... Aldiz, zenbatzaile zehatz hauek ezin dira [-zenb] tasuna duten izen zenbakaitzekin bateratu (*hamar gorroto, *bost azukre, *mila jende ...).
3.2.3 Izen neurgarriak eta neurgaitzak: [+/-neurgarria]
Izen zenbakaitzen artean ere beste bereizketa bat egin daiteke. Izan ere, izen batzuk zenbakaitzak izan arren neur daitezkeen gaiak aipatzeko balio dute. Adibidez, olio, ur, eta antzeko izenek zenbatu ezin daitekeen zerbait aipatzen dute. Zer hori, ordea, neur daiteke, litroka edo metro kubikoka, adibidez:
-
a. Bost litro olio.
-
b. Mila metro kubiko ur.
Izen hauek zenbakaitzak izanagatik ere, neurgarriak dira, [+neurgarria] alegia.
Beste batzuk (maitasun, su, lotsa, neke etab.) zenbakaitzak dira eta ez ditugu neurtzen ([-neurgarria] dira beraz. Hauetan, beharbada, intentsitatea ematen dugu aditzera, kantitatea baino areago:
-
a. Lotsa ikaragarria ematen zidan.
-
b. Su handia zegoen basoan.
(10)eko [bost litro] edo [mila metro kubiko] neurri sintagmak dira (ik. Artiagoitia 2004, Goenaga 2008) eta sintagma horien zeregina, hain zuzen, kontatu ezin den masa-izen baten zenbatekoa adieraztea da. Aldiz, (11)ko adibideetan neurria ez, indarra edo bizitasuna ematen dugu aditzera adjektibo egokiaren bidez. Kasu honetan, ikaragarri eta handi adjektiboen bidez.
3.2.4 Izen bizidun eta bizigabeak: [+/-biziduna]
Bereizketa honek ere esanahia hartzen du kontuan, baina ondorio argiak ditu euskal morfologian eta sintaxian. Postposizio sintagmetan, esaterako, desberdin joka dezakete izen bizidunek eta bizigabeek. Horrela gertatzen da leku-postposizioekin ari garenean:
-
a. NeskENGANA hurbildu da polizia. / a’. *Nesketara hurbildu da polizia.
-
b. LiburuAN idatzi du izena. / b’. *Liburuarengan idatzi du izena.
Neska, gizon, andre, Ane, Jon etab., izen biziduntzat hartzen dira. Liburu, etxe, zeru, bide, ur, harri eta abar bizigabetzat. Tasun batek bereizten ditu, beraz, [+/-biziduna] tasunak. Lore, haritz, pago, astigar, pinu, geranio, arrosa, lili eta abarrak bizigabetzat hartzen dira, nahiz eta bizia baduten.
Bestalde, bizidun direnek ere, hala ez balira bezala joka dezakete batzuetan. Ondoko bi adibide hauek lekuko:
-
a. Gizon batetik bestera aldea dago. / a’. *Gizon batengandik besteagana aldea dago.
-
b. Gizon batengandik bestearengana joan zen.
Berdin honako hauen antzekoetan ere:
-
a. Zazpi anaietan gazteena nintzen. / a’. *Zazpi anaiengan gazteena nintzen.
-
b. Hiru gizonetik batek bakarrik laguntzen omen du etxeko lanetan. / b’. *Hiru gizonengandik batek bakarrik laguntzen omen du etxeko lanetan.
3.2.5 Izen motak, morfologiaren arabera: izen bakunak eta konplexuak
Gramatika honetan, batez ere sintaxiaz eta, horrenbestez, hitzak baino ‘goragoko’ egiturez ari gara. Zilegi izan bekigu, hala ere, hitzen barne-egituraz ere zertxobait esatea, izen kategoriako hitzen morfologiaz alegia.
Hitz eratorpenari edo elkarketari esker, morfologikoki konplexua den hitz bat sortzen denean, berez, morfologiazko gertakari baten aurrean gaude, morfemak, hots, hitzaren osagaiak edo morfemak konbinatzeko arau propioek gobernatua, besteak beste. Erregela horiek finkatuko dute delako hitz horren barne-egitura:
-
a. Joan-etorri < [[[joan A] + ø I] I] + [[[etor A] + -i I] I]
(cf. Zure JOAN-ETORRI horiek ez didate onik egiten.)
-
b. Etorrera < [[etor A] -era I]
(cf. Zure ETORRERA ospatu behar dugu.)
Joan-etorri edo etorrera moduko izenen barne-egitura morfologiari dagokio. Baina behin hitz eraketa hori burutu denean, hitzok nolabait kanpora begira jartzen dira, sintagmak eta perpausak osatzeko. Hots, sintaxi eragiketetan parte hartzen dute. Eragiketa hauek hitzaren esparrua gainditu egiten dute. Baina hitzaren barne egiturak kanpoko sintaxian ere izaten dute eragina. Alegia, hitzaren barnean gertatu diren aldaketa formal batzuek kanpoan ere izan ohi dute eragina. Horregatik, bidezko da izenaren barne egiturari, morfologiari, behako arin bat eskaintzea, izenak kanpora begira zer nolako jokabidea izango duen ikusteko.
Har dezagun, esaterako -le atzizki izengilea. Atzizki honen bidez hainbat izen erator ditzakegu. Adibidez, idazle izena, idatzi aditzetik eratorria. Aditz honek bi argumentu ditu: batetik, ‘egile’ argumentua, idazten duena, alegia, eta bestetik, ‘gaia’, idazten dena. Idatzi aditzak, aditz bezala perpausean ageri denean, bere eskakizunak ezartzen ditu eta horrela aditz horren inguruan egile rola beteko duen sintagma bat izango dugu, ergatiboaz markatuko dena, eta baita ere, gai argumentua, absolutibo gisa gauzatuko dena. Adibidez, ondoko perpausa ongi eratua dago, idatzi aditzak hiztegian dituen eskakizunak (bi argumentu izatea, bata egilea eta bestea gaia) beterik ageri baitira:
-
[Mikelek] egilea idatzi du [panfleto iraingarri hori] gaia
Idatzi-tik eratorritako idazle hitzari gagozkiola, ordea, -le atzizkiak bere tasunak eransten dizkio hitz eratorriari. Idazle hitza, -le atzizkiari esker izen bilakatu da, eta, bestalde, aditzaren argumentuetako bat (egileari dagokiona) zurrupatu egiten du idazle hitz eratorriak. Hau hitzaren barne-sintaxia litzateke. Baina hitz eratorri horretan gertatu diren aldaketa horiek egile izenaren kanpo-sintaxian ondorioak dituzte: idatzi aditzak, (16)an ikusi dugun bezala, bi argumentuak agerian eramango dituen bitartean (bata ergatiboan, bestea absolutiboan), idazle izenak argumentu bakarra eraman ahalko du ondoan (gaiari dagokiona), eta berau, genitiboan, ez absolutiboan:
-
Ongi ezagutzen dut [[nobela horren] gaia idazle IS] -a.
-
(cf. *Nobela horren Mikelen idazlea ezagutzen dut. / *Mikelen idazlea ezagutzen dut.)
Eta, alderantziz, idazle-ren ordez, idatzi izen eratorria hartzen badugu, ‘idatzi den obra’ adiera duena, honek ere barnean du ‘gai’ argumentua eta ezin da inola ere agerian eman:
-
a. Bitan irakurri dut [[Mikelen]egilea idatzi IS] -a.
-
b. *Obra horren Mikelen idatzia bitan irakurri dut. / *Obra horren idatzia irakurri dut.)
Maiz, bestalde, sintagmen ordez edo sintagmen parean, hitz elkartuak aurkituko ditugu:
-
Aza ustelen usaina / Aza ustel usaina
Aza ustel usain-a hitz bat da, hitz elkartua: [[[aza] ustel] usain]. Aldiz, aza ustelen usain, sintagma bat, izen sintagma, hain zuzen: [[[[aza] ustel] -en] usain].
Morfologiaren eta sintaxiaren arteko erlazioa eta mugak eztabaidagai dira eta bidezkoa da hala izatea. Hitz elkarketa morfologiari dagokio, baina hitz elkartu batek egitura du eta egitura horrek hitzetik haratago ere, sintaxian alegia, badu bere eragina.
Bi multzo bereziko ditugu funtsean izenetan: a) izen bakunak eta b) izen konplexuak. Bigarren hauek, bere aldetik, beste bi multzo handitan bana ditzakegu: a) izen eratorriak eta b) izen elkartuak.
3.2.5.1 Izen bakunak
Morfema txikiagoetan ezin atalka daitekeen izena bakuna izan ohi da. Adibidez, etxe, haur, diru, txokolate eta horrelakoak izen bakunak dira: ez gara gai hitz horietan hitz mailako edo hizki mailako (atzizki edo aurrizki mailako) beste osagairik aurkitzeko. Jakina, gaurko hiztunari bere garaian hitz konplexua zena agian gaur bakuna irudi dakioke, gardentasuna galdu duen neurrian. Adibidez, guraso izena euskaldun gutxirentzat izango da hitz elkartu, baina dirudienez hala da: guraso < agure+atso. Edo, zein euskaldun arruntek esango luke gaur uste bezalako izen bat izen eratorria dela (uste < euste < eutsi + -te)?(cf. Mitxelena 1961, BAP 17)
3.2.5.2 Izen konplexuak: eratorriak eta elkartuak
Izen konplexuek, berriz, badituzte beste osagai batzuk beren barnean, eta, jakina, hitz konplexuek egitura izan ohi dute eta osagaiak modu jakin batean egituratuak egon ohi dira. Adibidez, honako hauek hitz konplexuak direla begien bistakoa da:
-
a. Liburudenda (< liburu + denda); bidegurutze (< bide + gurutze); gurutzebide (< gurutze + bide)
-
b. Saltzaile (< sal + -tzaile); idazle (< idatz + -le); egile (<egin + -le)
etab..
Eta egituratuak direla esaten dugunean, menpetasunezko erlazioak gerta daitezkeela esaten ari gara. Goiko (21)eko adibideetan, esaterako liburudenda-ren osagaiak ez dira parekoak: bada bat hitz konplexuaren burua dena, bestea buru honen osagarri delarik. Liburudenda denda mota bat da. Denda osagaia baldin bada burua, ongi ulertzen da liburudenda ere denda bat izatea eta ez liburu bat. Baina erreklamazio liburua badakigu ez dela erreklamazio bat, liburu bat baizik. Liburu da izen elkartu horren burua. Bidegurutzea ere, nolabait gurutze bat da, gurutzatzen diren bideek egiten duten gurutzea, hain zuzen. Aldiz, gurutzebidea, bide bat da, ez gurutze bat, gurutzera daraman bidea baizik.
Saltzaile-ren kasuan ere beste horrenbeste: -tzaile atzizkia izango da burua. Buru honen bidez sortu den hitza, saltzaile alegia, oinarrian saldu aditza badu ere, ez da aditza, izena baizik, saltzea gauzatzen duen norbait. -Tzaile atzizkia, izan ere, izen kategoriakoa dela esango dugu eta esanahia, lehen denda-k liburudenda hitzari bere ‘dendatasuna’ eransten zion bezala, oraingoan -tzaile atzizkiak ere ‘zer-tzailetasuna’ eransten dio, nolabait, saltzaile hitz eratorriari. Saldu aditzetik saltzaile izena sortzeko gai izan bagara, -tzaile atzizkia izenezkoa delako izan da. Honek eman dio izentasuna hitzaren erroko aditzari, eta inork ez du ematen ez daukanik. Seinale, -tzaile izen kategoriakoa dela.
Izen elkartu baten osagaiak bi badira, burua zein den erabakitzea arazo samurra da gehienetan. Baina osagai bat baino gehiago direnean, osagai hurrenkeratik harago joan beharra dago, osagai hurrenkera ez baita egitura. Adibidez, elebitasun moduko hitz baten egitura bi hauetakoren bat izango da:
-
a. [[ele bi] -tasun]
-
b. [[ele ] [bi -tasun]]
Bietatik zein da egokia? Airera txanpona botatzeak ez du balio. -Tasun, adjektibo bati erantsita, izan daiteke izen konplexu baten bigarren osagaia: [eder + -tasun]. Bestalde, [ele bi] moduko osagai bat ezin da izan hitz elkartu baten osagai, sintagma batena bai (etxe bi horietan...). Orobat, bi zenbatzailea izenaren ezkerrean ematen dugunok ere ez dugu esaten *bieletasuna, ez eta *hirueletasuna, eta, bestalde, ez zaigu hain arrotz egiten, adibidez, ele-hirutasuna edo eleaniztasuna. Honek zer erakusten digu? Garbi dago: (22b) dela egitura zuzena. Alegia, bi izenez osatutako izen elkartu bat dela:
-
[[ele I] [bi + tasun I] I]
Izen konplexuetan bi multzo nagusi bereziko ditugu: izen eratorriak eta izen elkartuak.
3.2.5.2.1 Izen eratorriak
Izen eratorriak oinarri batez eta atzizki edo aurrizki batez osatuak dira. Oinarria hitz mailakoa izango da: beste izen, aditz, adjektibo edo adberbio bat. Oinarri honi bestelako elementu bat erantsiko zaio. Euskaraz, batez ere atzizkiak ditugu oinarriei eransten zaizkienak.
Beraz, hona zenbait izen eratorri:
-
a. Egile < [ [egin Aditza] + [-le] Izena]Izena]
-
b. Harrokeria < [ [harro Adjektiboa] + [ -keria Izena] Izena]
-
c. Sukalde < [ [sukalde Izena] + [-ari Izena] Izena]
-
d. Maiztasun < [ [maiz Adberbioa] + [-tasun Izena] Izena]
Adibide hauetan oinarri desberdinak aurkitzen ditugu: egin aditza dugu; harro, adjektiboa; sukalde, izena; maiz adberbioa. Gainera, sukalde, bere aldetik, izen elkartua da, su eta alde osagaiak aski erraz bereiz baitaitezke. Bestalde, -le, -keria, -ari, -tasun atzizkiak izenezkoak direla esan dezakegu, izen kategoriako hitz eratorriak sortarazten baitituzte. Atzizkia bera da hitz eratorriaren burua, berak ematen dio hitzari izentasuna. Harrotu (< harro + -tu) aditza da. Izan ere, -tu atzizkia aditzezkoa da, [+aditz] tasuna duena.3 Horrenbestez, bera buru izanik, logikoa da buruak ematea hitz eratorriari bere adiztasuna. Aldiz, harro adjektibo beraren gainean, harrokeria bezalako bat eraiki dezakegu. Hau ez da aditza ez adjektiboa, izena baizik. Horren errua hitz eratorri horren buruak du: -keria atzizkia, atzizki bai, baina [+izen] kategoriakoa baita. Eta oraingoan ere buruak ematen dio hitz konplexuari izentasuna, bera ere izena baita.
Hona hemen izen sortzaile diren atzizki batzuk:
-le / -tzaile | Egile, erantzule, irakasle, ikasle ... Saltzaile, mugatzaile, antolatzaile, galtzaile, adarjotzaile ... |
-ari | Kazetari, dantzari, sukaldari, kantari, musikari ... |
-dun | Euskaldun, zordun, bizardun, dirudun ... |
-ko | Gerriko, esaneko, belarritako, oinetako, muturreko ... |
-t(z)e | Egite, sartze, jate, askatze ... Elurte, sute, lehorte, gerrate, gosete... |
- tura | Egitura, itxitura, aztura ... |
-(k)eta | Lapurreta, lapurketa, berriketa, hilketa, salaketa ... |
Euskaraz, gehienetan, atzizkiak ditugu oinarriari eransten zaizkionak, baina badira aurrizki gutxi batzuk ere, gehienak erdaratik mailegatuak: des-, anti-, hiper-, super- eta holakoak:
-
garai > desgarai; herri > deserri; ordu > desordu...
-
gorputz > antigorputz; inperialista > anti-inperialista; kristo > antikristo...
-
bizkaiera > hiperbizkaiera; merkatu > hipermerkatu; tentsio > hipertentsio...
-
gizon > supergizon; merkatu > supermerkatu...
3.2.5.2.2 Izen elkartuak
Izen elkartuen osagaiak hitz mailakoak dira, ez dira atzizkiak edo aurrizkiak. Gehienetan bi izen dira elkartzen direnak, baina bestelako konbinazioak ere gertatzen dira. Honako hau izango litzateke izen elkartuen egitura funtsezkoa:
-
a. bidegurutze < [[bide I] [gurutze I] I]
-
b. txorizo-saltzaile < [[txorizo I] [saltzaile I] I]
-
c. egongela < [[egon A] [gela I] I]
-
d. zoritxar < [[zori I] [txar Adj] I]
-
e. muxugorri < [[muxu I] [gorri Adj] Adj]
izena + izena | aditza + izena | izena + adjektiboa | postposizio sintagma + izena |
---|---|---|---|
aberaskume ardi txakur ardo-saltzaile basoerdi begi zulo behi esne bidegurutze eskola maisu etxekalte galdera sorta gautxori gizatalde guardetxe gurutze bide liburudenda ogi puska porrusalda zahar etxe ... seme-alaba kafesne argi ilun txuri gorri
|
ateraldi eginbehar egongela esanahi galbide galduleku galzori helmuga idazlan idazmakina irabazpide irtenaldi irtenbide jakin min jantoki jantxakur jomuga lanbide lantoki mintzagai saltoki sorburu sorleku ...
|
hilberri kanpoeder mutilzahar zorion zoritxar buruhandi mutxurdin muxugorri mokofin udaberri eguberri gabon(ak) gizatxar |
etxekoandre
etxekojaun norabide |
Bestalde, gogoan hartzekoa da, batez ere [izena + izena] tankerako izen elkartuetan, oinarriko bi izen horiek izan daitezkeela eratorriak. Kale garbitzaile edo liburu saltzaile, adibidez, izen elkartuak dira, bina izenez osatuak, baina bigarren osagaia, bere aldetik, izen eratorria da: garbi + -tzaile, sal + -tzaile.
Eta kale garbitzaile talde diogunean, berriz, hiru izenez osatutako izen elkartua dugu eta oraingoan kale eta talde osagaiak bakunak badira ere, garbitzaile osagaia izen eratorria da. Hitz horren egitura honako arbola honen antzekoa izango da:
-
[ [ [kale I] [ [garbi A] [-tzaile I] I] I] [talde I] I]
-
3.3 Izenaren inguratzaileak
Izen gehienek, aditzek ez bezala, ez dute argumentu egiturarik. Hala ere, gehienetan jabe izango litzatekeen laguna eraman dezakete, nolabaiteko subjektua edo, litzatekeena. Beste gutxi batzuek, aditz batekin duten erlazioa dela medio, subjektua ez ezik, osagarria ere izan dezakete. Hori da, adibidez, nominalizazio askorekin gertatzen dena: erosketa, salmenta, itzulpen, kritika, aldarrikapen, uste, iritzi... modukoekin adibidez. Edo irudi-izenekin: irudi, erretratu... Bestelako izen batzuek ere bai: behar, ideia, kontu,... Izen hauek badituzte argumentuak eta, horrenbestez, beren eskakizunak ezartzen dizkiete inguruan doazen sintagmei. Sentimenduak adierazten dituzten izenek ere osagarriak izan ditzakete: gorroto, maitasun, nazka ...
Har dezagun, esaterako, iritzi edo uste izena. Hauek, iritzi-k edo uste izan-ek bezala, argumentu egitura badutela pentsa daiteke eta argumentu horiek modu jakin batean azaleratuko dira:
-
a. Zure iritzia ez zait interesatzen.
-
b. Gizakia lehenago arrain izan delako ustea astakeria hutsa iruditzen zait.
Izan ere, badira osagarritzat perpausak hartzen dituzten izenak: aldarrikapen, ideia, iritzi... kontu, teoria, uste ...
Alde horretatik, erraz da honako sintagma honetan gertatzen den anbiguotasunaz ohartzea:
-
Gurasoen maitasuna (a. Gurasoek diguten maitasuna vs. b. Gurasoei diegun maitasuna)
3.3.1 Osagarriak eta izenlagunak
Izen gehienek argumentu egiturarik ez izan arren, inguruan zenbait lagun eta osagarri dituztela ager daitezke. Ondoko adibideetan, esaterako, izenaren ezkerretara ageri dira [Lourdesen] eta [gure] osagaiak. Hauek, 6. atalean ikusiko dugun bezala, determinatzaile sintagma kategoriakoak dira:
-
a. [ [ Lourdesen DS] etxe IS] -a
-
b. [ [gure DS] diru IS] -a
Baina Lourdes eta gu osagaiak DS kategoriakoak izateaz gainera, etxearen eta diruaren jabeak dira, hurrenez hurren. Hori adierazten dugu etxe eta diru izenen ezkerraldean sintagma horiek ezarriz.
Beste izen gutxi batzuk, aditz batekin duten erlazioa dela medio edo, osagarri ere izan daitezke. Hori da, adibidez, gorago aipatu dugun bezala, nominalizazio askoren kasua: erosketa, salmenta, itzulpen, iritzi, uste, kritika, aldarrikapen, agindu, eskari, gorroto, maitasun ...:
-
a. [ [Etxe berrien DS] salmenta IS] -a
-
b. [ [Gurasoen DS] maitasun IS] -a
(32b)n, [gurasoen] sintagma izan daiteke subjektua (cf. gurasoek diguten maitasuna) nahiz osagarria (gurasoei diegun maitasuna).
Halaber, badira izen batzuk berezkoa dutenak osagarria izatea: behar, premia, nahi, ideia, kontu... :
-
a. [ [zuen ] behar] -a
-
b. [ [etxe berria erosteko ] ideia] -a
Har dezagun, adibidez, iritzi edo uste izena. Hauek, iritzi aditzak edo uste izan-ek bezala, badute argumentu egitura eta horrenbestez, argumentu horiek, modu batean edo bestean azaleratuko dira izen sintagman, izenaren inguruan, -en genitibo gisa, -t(z)eko osagarri gisa nahiz -(e)lako osagarri gisa. Adibidez:
-
a. [ [ [Zure ] iritzi ] -a ] ez zait batere interesatzen.
-
b. [ [ [Gizakiok arrainetik gatozelako P] uste ] -a ] astakeria hutsa iruditzen zaio.
-
c. [ [ [Parlamentua desegiteko P] proposamen] -a] hanka sartze izugarria izan da.
Lehenbiziko kasuan, zure genitiboak iritziaren jabea nor den esaten digu, nork duen iritzi hori. Bigarrenean, berriz, perpaus bat dugu uste izenaren osagarri, gizakiok arrainetik gatozela uste dut esaten denean bezala, hain zuzen. Hirugarrenean ere beste horrenbeste.
Izen sintagmaren burua edo ardatza izena baldin bada, zein dira gainerako osagaiak? X’ Teoriaren arabera, izen sintagmaren egitura honelako zerbait da, xehetasun gehiegitan sartu gabe:
Arbola honetan eten-puntuek, batetik izenaren adjuntu direnak irudikatzen dituzte, eta bestetik izenaren benetako osagarriak. Osagarriak zein adjuntuak determinatzaile sintagmak izan daitezke nahiz perpausak edo postposizio sintagmak (-ko postposizioaren gainean eraikiak bereziki), perpaus erlatiboak, adjektibo sintagmak...
Iritzi izenarekin, adibidez:
Izenlagun hitza erabiltzen dugu maiz izenaren ezker aldean kokaturik agertzen diren sintagmei erreferentzia egiteko. Hitz horren esanahiari (izenlagun = izenaren lagun) jaramon eginez gero, esan dezakegu, bai adjektibo sintagmak, bai perpaus erlatiboak, denak buru den izenaren ‘lagun’ direla. Alabaina, sintagma horietako batzuk benetan osagarriak dira. Osagarriok izatea izen gutxi batzuen ezaugarria da, izen batzuek bakarrik onartzen edo hautatzen baitituzte osagarriok, ez denek. Ostera, lagunak edo, sintaxian deitu ohi zaien bezala, adjuntuak asko izan daitezke. Esate baterako, izen arrunt batek (arazo, ardo, denda, ideia, txakur, zoritxar...), [gure herriko] edo [gaurko] bezalako sintagma bat adjunktutzat onartzeko arazo berezirik ez du:
-
{Gaurko/ gure herriko } {arazoak/ ardoa/ denda/ ideia/ txakur/ zoritxar ...
Gaurko eta gure herriko, hortaz, ez dira benetako osagarriak, adjuntuak baizik. Lagun hauek kategoria askotakoak izan daitezke, gainera: perpaus erlatiboak, determinatzaile sintagmak (-en genitibo markadunak), postposizio sintagmak (-ko posposizioaz hornituak) eta baita adjektibo sintagmak eta perpaus erlatiboak ere. Aldiz, beste zenbait, osagarriak direla esan beharko dugu izen jakin batzuek bakarrik onartzen baitituzte holakoak. Gramatika honetan horietako bakoitza berariazko atal banatan aztertuko da.
3.3.2 Adjektibo sintagmak, izenaren lagun
Izenaren inguruan egiazki osagarri ez diren sintagmak aurki daitezkeela esan dugu. Goian aipatutako izenlagunez gainera adjektibo sintagmek ere berezkoa dute izen baten inguruan agertzea izen sintagmaren osagai gisa. Batzuk eta besteak ez daude izenarekin osagarri erlazioan, adjunktu erlazioan baizik. Har dezagun berriro goiko iritzi izena. (36 a, c eta d)ren arabera, izen hori beste osagai batzuk ‘agun dituela ageri zaigu:
-
a. [[iritzi] bitxi] -a
-
b. [[kontrako ] iritzi ] -a
-
c. [[Eman duzun] iritzi ] -a
Sintagma hauetan iritzi izenaren lagun gisa ageri diren inguratzaileak ez daude bereziki izen horrek eskatuak. Nekez hartu ahal izango ditugu iritzi izenaren argumentu gisa. Edozein izenek onar ditzake era horretako lagunak:
-
a. {eguraldi, elefante, haragi, liburu, politikari, uste, aholku...} bitxia
-
b. kontrako {eguraldia, eztarria, haragia, liburua, politika, ustea...}
-
c. gustuko dudan {eguraldia, haragia, liburua, politika ...}
Horregatik, adjunktuak direla esango dugu, ez osagarriak.
Adjektibo sintagmak eta perpaus erlatiboak beti adjuntuak izan ohi dira. Aldiz, -ko postposizio sintagmak eta genitibo marka duten sintagmak osagarriak ere izan daitezke. Horrenbestez, oraingoan ere gauzak bereizi egin behar dira: -ko atzizkiaz hornitutako osagaiak, atzizki hori postposizioa dela onartuz, postposizio sintagma kategoriakoak direla esaten dugu. Hori berezkoa dute, baina PoS hauek denek ez dute funtzio bera, ez daude buruarekin erlazio berean. Adibidez, goiko (34b) edo (36b) adibideetan ageri den postposizio sintagma hori adjuntua barik, osagarria da. Aldiz, (39b)n ageri den kontrako sintagma adjuntua da, honako hauetan ageri diren -ko postposizio sintagmak bezala:
-
a. Herri honetako haurrek koru eder bat osatu dute.
-
b. Sarrera ordaintzeko dirua hemen daukat.
[Herri honetakoPoS] eta [sarrera ordaintzekoPoS], kategoriari dagokionez, postposizio sintagmatzat hartuko ditugu, -ko postposizioa sintagmaren burua dela onartuz. Funtzioari dagokionez, ordea, adjunktuak direla esango dugu.
Adjektibo sintagmekin ere irizpide bera erabili behar dugu: kategoriari begira, adjektibo sintagma beti adjektibo sintagma izango da, burutzat adjektiboa duen sintagma alegia. Funtzioaren ikuspegitik, berriz, sintagma hori osagarri ez da izango. Izatekotan, adjunktua.4
3.3.3 Izenik agerian ez duten izen sintagmak
Hala ere, izen sintagmaren burua, izena, maiz ezkutuan edo egon ohi da. Testuinguruak horretarako bidea ematen du askotan. Adibidez:
-
[Liburu hau] merke samarra da, baina [(beste) horrek] 100 euro balio du.
Hemen argi dago [horrek] sintagman erakuslea (hori) eta ergatiboaren marka (-k) besterik ez dela ageri. Hala ere, guk gramatika honetan aldarrikatuko dugu erakusle hori ez dela egiazki izenordain, hor izena “falta” dela somatzen baitugu: perpaus horretan [liburu horrek] sintagmaren ordez dago [horrek] soila.
Sarritan gertatzen dira olako elipsiak:
-
a. {Beltza / beltz hori} emadazu. (liburu beltza, adibidez)
-
b. [Gurea] falta da. (gure X-a, alegia)
-
c. [Pasaiakoak] etortzeko daude oraindik. (Pasaiako arraunlariak edo direnak direla)
(41a) bezalakoetan egiazki izena, ezkutuan bada ere, nonbait izan behar dela pentsatzeko arrazoiak eman daitezke. Esaterako, beltza zezena izan daiteke edo txapela edo baxoerdia. Gauzak horrela, kasu batean beltzarengana hurbildu esango genuke, baina txapelaz ari bagara, beltzera hurbildu esan beharko dugu. Seinale, hor izen bat nolabait badela eta hori badakite ondo asko solaskideek. Testuinguruak edo egoera jakin batek lagunduko digu kasu bakoitzean zein izenez ari garen argitzen.
Nolanahi ere, arrunta da izenaren ezkutatze hau. Perpaus erlatiboetan oso emankorra gertatzen da, eta juntaduran ere elipsi kasuak ugari izaten dira.
Bestalde, izena ezkutuan emate hau dela eta, kontuan hartzekoa da izenlagunak izenlagunen gainean pilatuak gerta daitezkeela:
-
Bilboko lagunaren autoa > Bilboko lagunarena (< Bilboko lagunaren
auto-a) -
> Bilbokoaren autoa (< Bilboko
lagun-aren autoa) -
> Bilbokoarena (< Bilboko
lagun-arenauto-a)
Teorian, behar adina bider gauza liteke prozesu hau. Baina, jakina, bizpahiru izen isilpean utzi orduko, prozesatzeko, ulertzeko, zailtasunak sortzen dira:
-
a. Bilboko gizonaren autoaren kurpilak konponduta daude.
-
b. Bermeokoarenarenak, berriz, ez.
(43a) esateko eta ulertzeko zailtasun berezirik ez da, baina (43b)rekin arazoak izango ditugu. Beraz, gramatikala bai, onargarria, ez. Honi Lafittek (1944: 60–63), ‘surdéclinaison’ deitzen zion. Holakoak -en genitiboaren inguruan sortzen dira, batez ere. -ko postposizioarekin ere, teorian, zilegi behar lukete holakoek, baina bi -ko elkarren segidan emateari ihes egiten diogu. Adibidez, honako hauen antzekoak ematea ez dirudi zilegi denik:
-
Bilboko dendako saltzaileak > Bilboko dendakoak > ??? Bilbokokoak.