7. Izen predikatua

Egilea

Patxi Goenaga

Editorea

Beatriz Fernández

Aipamena

Goenaga, Patxi. 2022. Izen predikatua. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. https://doi.org/10.1387/9788413193618.7

Laburpena

Perpausa aditzaz eta honen inguruko zenbait osagaiz taxututako egitura bat da. Baina aditzen artean bi mota nagusi bereizten dira:

a) Aditz predikatiboak. Eduki semantiko betea dute, berak dira predikazioaren gune nagusi. Argumentuz inguratuak agertzen dira eta denak batera, funtzio proposizional bat osatzen dute: aitak amari gona gorria ekarri dio bezalakoak.

b) Lotura aditzak. Bestelako aditz batzuk dira, perpausa osatzeko nahitaezko direnak, baina, berez, oso eduki semantiko gutxi dutenak. Hauen lana, funtsean, aditz ez diren bestelako predikatu batzuei bide ematea da. Gona oso polita da diogunean, da adizkiak ez du eduki handirik. Ez du, adibidez, Gerra bada perpausean duena hainbatekoa. Perpausean, hala ere, pisu handiena duena oso polita predikatua da. Hau adjektibo sintagma bat da, baina subjektu bati buruz predikatu ahal izateko eta horrela perpausa osatzeko, aditz baten premia dago, izan-ena, hain zuzen. Izan/egon bezalako aditzei lotura aditz edo aditz kopulatibo deitzen diegu eta subjektu baten eta aditzezko ez den predikatu baten arteko lotura gauzatzea da beren lana.

c) Eta badira beste perpaus batzuk non ‘bigarren mailako predikazioa’ egiten den. Holakoetan bere eduki propioa duen aditz bat izango dugu: ikusi, adibidez (Anek Jon ikusten du). Hemen perpaus osoa dugu, predikazioa ere osoa da. Baina predikazio oso honetan beste bigarren predikazio bat ere txerta dezakegu. Adibidez: Anek Jon ondo ikusten du. Hemen, lehenaz gain, ondo predikatua txertatu dugu. Honen interpretazioa bi modutakoa izango litzateke, hala ere: bata arrunta, non Anek Jon ikustea nolakoa den esaten zaigun, Anek Jon ikusteko ikusmen arazorik ez duela adieraziz bezala. Baina ondo hori perpauseko objektuari ere egotz dakioke. Honako honen antzeko zerbait esango bagenu bezala: Anek Jon ikusten du eta Jon ondo dago. Hemen kontua ez da Aneren ikusmena nolakoa den, baizik Jonen egoera zein den.

Holako esamoldeak ditu aztergai atal honek.

7.1 Aditz predikatiboak eta lotura aditzak

Bi motatako aditzak bereizten dira: a) aditz predikatiboak eta b) lotura aditzak edo aditz kopulatiboak.

Aditz predikatiboek eduki semantiko handia dute berez. Esate baterako, erosi-k edo ekarri-k, berez, esanahiaren aldetik pisu handia dute: erosi-k, adibidez, ekintza bat adierazten du, eta ‘diru truke, edo beste zerbaiten truke, norbaitek zerbait eskuratzea’ esan nahi du, gutxi gorabehera. Gainera, holako aditzek argumentuz inguratzen dira. Erosi-ren kasuan, esaterako, nork erosten duen, zer erosten den eta, behar izanez gero, nori erosi zaion. Eta argumentu hauek, aditzarekin berarekin batera, perpausa deitzen dugun hori osatzen dute.

Ostera, lotura aditzak oso ‘arinak’ dira, berezko esanahi handirik ez dutenak. Adibidez, izan aditzak edo egon-ek ez dute pisu handirik perpausean, bestelako predikaturen bat, adjektibozkoa edo izenezkoa, ez badarama. Aditz hauek subjektu bat eta predikatu bat lotzeko baliatzen dira. Horregatik deitzen ditugu lotura aditz edo aditz kopulatibo:

(1)
  • a. Pello gure aspaldiko laguna da.

  • b. Zure lagunak oso ausartak dira.

  • c. Gurasoak kanpoan dira.

(2)
  • a. Pellok bere aspaldiko lagunak bisitatu ditu uda honetan.

  • b. Zure lagunek ausardia handia erakutsi zuten.

  • c. Gurasoek kanpoan pasatzen dute aste santua.

Lehenbiziko adibideetan subjektuari buruz (Pello, zure lagunak, gurasoak) zerbait predikatzen dugu, baina predikatu horren mamia edo gunea ez dago izan aditzean, baizik aditz ez diren osagaietan (gure aspaldiko laguna, oso ausartak, kanpoan). Beraz, hemen, predikazioan pisua duena ez da aditza, beste zerbait baizik. Aditzak betetzen duen zeregina subjektua eta predikatua harremanetan jartzea da.

Diogunaren froga gisa, aski da ohartzea nola aditz kopulatiboek ez dieten subjektuei inolako debeku semantikorik ezartzen. Debekuak ezartzen dituena ez da aditza bera, honekin batera ageri den predikatua baizik. Hau da, izan ere, predikazioaren zama daramana, hau da predikatuaren gunea. Predikatu hau izan daiteke adjektibo sintagma bat nahiz izen sintagma bat, eta adjektibo edo izen sintagma honek ezartzen dizkio subjektuari debekuak:

(3)
  • a. Txakolina mikatza da/dago / *Txakolina gaiztoa da/dago.

  • b. *Joseba mikatza da/dago / Joseba gaiztoa da/dago.

Txakolinaren eta mikaztasunaren artean ez dago ‘desadostasunik’. Mikatz adjektiboa, garratz, gozo edo besteren batzuk badagozkio txakolinari. Aldiz, gaizto edo haserrekor edo errukitsu bezalako bat ez, berez. Bestalde, pertsona bati mikatz ez dagokio, halako zentzu metaforiko batean edo ez bada. Gaizto, berriz, bai. Kontua da, behar dugun adostasuna subjektuaren eta adjektiboaren artekoa dela, ez subjektuaren eta aditzaren artekoa. Predikatuak subjektua hautatzen badu, mikatz, garratz, gozo bezalako predikatuak txakolina bezalako subjektu batekin ondo moldatuko dira, baina ez, adibidez, ideia, zirkunferentzia edo holakoak.

(2)-ko perpausak hartzen baditugu, berriz, hemen ere subjektua eta predikatua ditugu, baina oraingoan, predikatuan aditzak askoz eduki ‘astunagoa’ du: lagunak bisitatzea, ausardia erakustea, aste santua kanpoan pasatzea. Hemen aditzak zenbait osagarri eskatzen ditu eta denek batera osatzen dute predikatua. Aditzik gehienak holakoak dira. Eta goian subjektuaren eta izen predikatuaren artean gertatzen ziren debekuak, oraingoan subjektuaren eta aditzaren artean gertatzen dira.

(4)
Lotura aditzak (kopulatiboak)

izan, egon

*edun

iruditu, eman

Aditz predikatiboak azaldu, askatu, ekarri, erabili, erosi, esan, eraman, ibili, zapaldu, zikindu, zigortu …

Diogunaren argigarri gerta daiteke, adibidez, eman aditza. Hau hiru argumentuko aditza izan daiteke batetik:

(5)
  • Andreak eskaleari euro bat eman dio.

Alegia, norbaitek beste norbaiti zerbait eman. Eman-ek hiru argumentu hautatzen ditu. Horiek gabe perpausa gaizki osatua egongo da.

Aldiz, bada beste eman bat holako eskakizunik ez duena:

(6)
  • Gizon hark eskalea ematen zuen.

Hemen ez daukagu, nahitaez, eman aditzak bi argumentu eskatzen dituela aldarrikatu beharrik. Eskakizun edo debeku horiek [gizon hark] eta [eskalea] sintagmen artean gertatzen dira. Oraingo eman honek bestelako adiera du, itxura batean behintzat. Lotura aditzen sailekoa dela esan daiteke.

7.2 Egon eta izan, lotura aditzak

Bi dira lotura aditz nagusiak: izan eta egon. Hegoaldean, biak erabiltzen dira. Iparraldean, aldiz, izan da gehienbat erabiltzen dena, eta, horrenbestez, honek bien lana egin dezake.

7.2.1 Egon eta izan-en arteko diferentzia

Oro har, esan daiteke egon-ek aldi bateko egoera adierazten duten predikatuak hautatzen dituela, hots, egoera-predikatuak. Izan-ek, aldiz, ezaugarri iraunkorrak adierazten dituzten predikatuak hautatuko ditu, hots, izaera-predikatuak. Aspektu bereizketa bat dugu, hortaz: egoera vs. izaera. Adibidez:

(7)
  • a. Itsasoa {nahasia/ polita/ haserre...} dago.

  • b. Itsasoa {polita/ urdina/ beldurgarria…} da.

Pentsatzekoa da itsasoa orain nahasi, polita edo haserre badago ere, egoera hori aldatuko dela noizbait, ez da hori itsasoaren betiko izaera, momentuko egoera baizik.

(7b)-n, aldiz, itsasoa polita dela baieztatzen du hiztunak, eta hori beti hola dela onartzen. Adjektibo sintagma bat dugunean, aukeratzen dugun aditza egon bada, adjektibo sintagma horrek egoera bat adierazten du; izan bada aditza, izaera:

(8)
  • a. Mikel harro dago. [egoera]

  • b. Mikel harroa da. [izaera]

Predikatua izen sintagma dugunean ere, izan aditza hautatzen badugu, izaera iraunkor bat predikatzen dugu. Baina egon aditzarekin, aldi bateko egoera bat:

(9)
  • a. Mikel auto saltzailea da. [izaera iraunkorra]

  • b. Mikel auto saltzaile dago Toyotan. [aldi bateko egoera]

Baina izan eta egon-ez aparte, badira beste aditz batzuk ere subjektua eta aditzezko ez den predikatu bat harremanetan jartzen dituztenak: iruditu (dirudi) eta eman (ematen du), adibidez:

(10)
  • a. Gizon horrek ergela dirudi.

  • b. Gure ama ematen duzu.

Hemen ere gizon horrek eta ergela sintagmak harremanetan jartzen ditu dirudi adizkiak (10a), edo gure ama eta zuk, ematen duzu adizkiak (9b).

7.2.2 *Edun aditza, loturazko

Izan aditzaren ordez *edun aditza erabiltzea ohikoa da perpaus kopulatiboetan:

(11)
  • a. Hori nire lehengusua da.

  • b. Nik hori lehengusua dut.

(12)
  • [hori DS ABS]i [[nire DS GEN] lehengusua DS]i da → [nik DS ERG] [hori DS ABS ]i [lehengusua]i dut

Alegia, genitiboaren ordez ergatiboa agertuko zaigu, baina lehengo predikatuak bere horretan segituko du. Aditz kopulatiboa, berriz, batean izan dena, bestean *edun izango da. Predikazioak [hori DS] sintagmari buruzkoa izaten segitzen du, baina lehenbizikoan subjektua da eta bigarrengoan, aldiz, objektua. Honako hauetan bezala:

(13)
  • a. Galtza horiek handi(ak) dituzu.

  • b. Gurasoak gazteak ditut oraindik.

Dena dela, absolutiboak lehengoan segitzen du bi esamoldeetan. Aldatzen direnak beste osagaiak dira: (11a)-n genitiboa daukagu (nire lehengusua), bestean ergatiboa (nik). (13b)-n ere beste horrenbeste: nire gurasoak gazteak dira vs nik gazteak ditut gurasoak.1

7.2.3 Aditz kopulatiboen osagarriak

Izan eta egon dira Hegoaldeko euskaldunentzat aditz kopulatibo nagusiak. Iparraldean egon ez da hainbeste erabiltzen. Izan-ek eta egon-ek osagarri desberdinak hautaten dituzte. Biek predikatu-osagarriak onartzen dituzte, baina aditza izan denean, predikatu-osagarri hori adjektibo sintagma nahiz determinatzaile sintagma izan daiteke:

(14)
  • a. Miren [jatorra AdjS] da.

  • b. Miren [gure elkarteko burua DS] da.

Egon-ekin determinatzaile sintagmarik ez da erabiltzen predikatu gisa:

(15)
  • a. Miren {dotore/ harro/ seguru…} dago.

  • b. Miren irakasle dago AEBetako unibertsitate batean.

  • c. *Miren {irakaslea/ irakasle bisitaria/ irakasle hau} dago.

Aditz kopulatiboen osagarriak predikatu-osagarri deitzen dira. Horrela, honako hauek denak predikatu-osagarri izango dira:

(16)
  • a. Jon [jatorra] da

  • b. Jon [gure laguna] da

Predikatu-osagarri funtzioa betetzen duten sintagma hauek kategoria askotakoak izan daitezke: Izan eta egon bi aditzak bereiz erabiltzen dituzten euskaldunek, izan izenezko eta adjektibozko predikatuekin batera erabiltzen dutela dirudi, batez ere:

(17)
  • a. Nire lehengusua negartia izan zen.

  • b. Zuek ez zarete euskaldunak.

  • c. Gure irakasle berria Bilbokoa da.

  • d. Hemendik aurrera, Peru izango da herriko alkatea.

Egon-ekin, determinatzaile sintagmak izan ezik, beste mota askotakoak izan daitezke predikatu-osagarriak:

● Adjektibo sintagmak

(18)
  • a. Gure mutikoa [triste AdjS] dago.

  • b. Txakurra [libre AdjS] zegoen.

● Izen sintagmak:

(19)
  • Inixi [neskame IS] dago Parisen.

● Postposizio sintagmak eta adberbio sintagmak:

(20)
  • a. Peru [ohean PoS] dago

  • b. Gu [poz-pozik AdbS] geunden.

● Partizipiozko predikatuak:

Sintagma hauek determinatzaile batez edo bestelako zenbait postposizioz (-ta, -(r)ik) hornituak ager daitezke:

(21)
  • a. Gure laguna [lanean zaildua DS] dago.

  • b. [Asper-asper {eginda/ eginik] PoS] geunden haren harrokeriarekin.

Zenbait predikatu, bietako edozeinekin ager daiteke. Batzuetan, hala ere, esanahi desberdintasunak gerta daitezke. Baina beste batzuetan, berriz, ezin da edozein erabili, bietako bat baizik. Esaterako:

(22)
  • a. Larunbatean jai da / Larunbatean jai dago / Larunbatean jai dugu.

  • b. ?Zurekin jai da / Zurekin jai dago / Zurekin jai dugu.

Jai dugu esanez gero, hortaz, anbiguetatea sortzen da:

(23)
  • Igandeetan dendak itxita daude. Hortaz, bihar, jai duzue.

  • a. Hortaz, bihar ez duzue zer eginik.

  • b. Hortaz, bihar ez duzue lanera joan beharrik.

7.2.4 Egoera-aditz konplexuak

Euskaraz izan aditzak, batzuetan, determinatzailerik gabeko izen predikatua (dela adjektibozkoa dela izenezkoa) eskatzen du: gose izan, beldur izan, egarri izan, lotsa izan, ahalge izan eta beste mordoxka bat:

(24)
  • a. Ez naiz gose.

  • b. Egarri naiz.

Kasu hauetan bidezko izan liteke dena aditz konplexutzat hartzea.

Holako batzuk, gainera, perpaus osagarri bat lagun dutela ere erabiltzen ahal dira. Beldur izan izan liteke horietako bat:

(25)
  • a. Beldur naiz ez ote garen sasoiz iritsiko.

  • b. Beldur naiz berandu iritsiko garela.

Hain zuzen, holako esamoldeen berri oso ongi eman daiteke beldur izan aditz konplexutzat hartuz. Halakotzat hartzen baditugu, determinatzailea ez agertzeko arrazoia zein datekeen jakiteko premia saihestuko genuke. Era honetakoak dira beste esapide hauek ere: argi egon, zilegi izan, behar izan, komeni izan, gai izan, gauza izan, ... non, itxuraz, adjektibo baten aurrean gauden, beti ere forma mugagabean. Gainera, hauetako ustezko adjektibo batzuk ezin dira agertu, adjektiboak izen sintagmaren barruan duen ohiko kokagunean, hots, izenaren eskuin aldean: zilegi, gai, komeni, esaterako:

(26)
  • a. Zilegi den jarrera da hori. (cf. *jarrera zilegia erakutsi zuen)

  • b. Edozertarako gai da gizon hori. (cf. *gizon gaia da hori)

Baina beste batzuk (argi, behar, adibidez) adjektibo garbi bezala ere erabiltzen ditugu:

(27)
  • a. Haur hori oso argia da.

  • b. Oso haur argia zen Mikel.

Gainera, hauek beste modu honetara ere eman daitezke: [ergatiboa / instrumentala + egon] gisa alegia:

(28)
  • a.{Goseak/ egarriak/ hotzak} nengoen.

  • b. ?{beldurrak/ lotsak} nengoen.

  • c. {Gosez/ beldurrez/ lotsaz/ hotzez} nengoen.

Hauek denak, aditza gorabehera, egoera adierazten dute. Zilegi izan-ek, aldiz, izaera adierazten du.

7.2.5 Zabalik dago modukoak

Adjektibo soilen ordez, egoera adierazteko, [adjektiboa + -ik] tankerako adberbioak ere erabiltzen dira. Berez, adjektibo sintagmatzat ere har litezke holakoak (isilik, gorderik, osorik, beterik …). -ik atzizkia determinatzailea bada, honako perpaus hauetan, egitura bertsua izango genuke, itxura desberdinekoak badira ere:

(29)
  • Basoa isilik/ isila zegoen.

Partizipioarekin ere beste horrenbeste:

(30)
  • Lan horiek eginik/ eginak ditut.

Nolanahi ere, (30) bezalako adibideetan, -ik atzizkia adberbio sortzailea dela pentsa daiteke. Atzizki hau batzuetan adjektiboei eransten zaie eta adberbioak sortzen dira: alferrik, bakarrik, isilik, hilik, gordinik, bizirik, hutsik.... Baina zenbait adberbioren azpian izena ere egon daiteke: pozik.

7.2.6 Perpaus existentzialak

Perpaus existentzial deitzen diegu zerbait badela edo existitzen dela adierazten dutenei. Hauetan Mendebaldean egon aditza erabiltzen dugu nagusiki:

(31)
  • a. Badago lana.

  • b. Problemak daude enpresa honetan.

  • c. Ez dago lekurik denentzat.

  • d. Ez daki gerrarik badagoen, baina balego bezala jokatzen du.

Hauek Ekialdean izan aditzarekin ematen dira:2

(32)
  • a. Problema handiak dira enpresa honetan / Badira problemak enpresa honetan.

  • b. Ez da lanik denentzat.

  • c. Ez daki gerrarik baden.

Hauetan guztietan egon aditzak argumentu bakarra izango du, subjektu gisa ageri zaiguna, hain zuzen:

(33)
  • [[Salda DS ] [badago/bada AS] Perpausa]

7.2.7 Perpaus ekuatiboak

Perpaus ekuatiboak dira subjektua eta predikatua parekatzen edo dituztenak, A B dela esateko erabiltzen ditugunak, A eta B bat eta bera direla esaten dugunean. Hauetan, jakina, onartzen den aditz bakarra izan da:

(34)
  • Pello Arregi da gure elkarteko burua.

Perpaus kopulatiboetan bi klasetakoak berezi ohi dira: a) atribuziozkoak eta b) ekuatiboak. Atribuziozkoetan predikatu osagarriak subjektuaren ezaugarri bat adierazten du:

(35)
  • a. Maite [neska saiatua] da.

  • b. Maite [gure laguna] da.

Hemen Maite nolakoa den esaten dugu (neska saiatua), edo zer den (gure laguna). Subjektuaren atributu bat ematen dugu aditzera.

Aldiz, ekuatibo deitzen ditugunetan, bai subjektua bai predikatu-osagarria erreferentzia dutenak izan ohi dira.:

(36)
  • Maite [gure herriko medikua] da.

Bai [Maite], bai [gure herriko medikua], biak erreferentzialak dira eta oraingoan lotura aditzak elkartzen dituen bi sintagmek erreferentzia dute eta erreferentzia bera, gainera. Hori garbi ikusten da osagaien hurrenkera aldatzen dugunean:

(37)
  • Gure herriko medikua Maite da.

Hemen egin daitekeen galdera honako hau da:

(38)
  • Nor da gure herriko medikua? – Maite.

Eta (36)-n, berriz, bi galdera egin daitezke:

(39)
  • a. – Nor da Maite? – Gure herriko medikua. (ekuatiboa)

  • b. – Zer da Maite? – Gure herriko medikua. (atribuziozkoa)

Hortaz, (37) anbiguoa da, bi interpretazio izan ditzake.

7.2.8 Izen predikatuaren osaera

Ohiko izen predikatuak, itxuraz behintzat, batzuetan mugatzailedunak izan ohi dira eta beste batzuetan gabeak:

(40)
  • a. Gizon hura oso atsegina/*atsegin zen.

  • b. Pello azpeitiarra/*azpeitiar da.

(41)
  • a. Liburu hau {ona/ ?on} da haurrentzat.3

  • b. {Libre/ ?librea} zara nahi duzuna egiteko.

Aditz kopulatiboa egon denean, mugagabea agertzea ohikoagoa da:

(42)
  • a. Basoa {alai/ alaia} dago udaberrian.

  • b. Egongela {dotore/ dotorea} dago.

  • c. Arraina {merke/ merkea} dago.

Zenbait adjektiborekin, ordea, mugagabea behar dugu:

(43)
  • Uda hartan, Miren haurdun/ *haurduna zegoen.

Delako predikatua berez izen kategoriakoa denean ere, mugagabea agertuko zaigu:

(44)
  • Gose naiz / *gosea naiz.

Holakoetan zenbait galdera datozkigu berehala burura. Bata da ea zer egiten duen izen predikatu horretan -a/-ak mugatzaileak. Horretaz esan behar da mugatzaile horrek ez duela ezer mugatzen. Gehiago dirudi komunztadura-marka bat benetako mugatzailea baino. Gainera, mugatzaile horrek hizkuntzan berri samarra dirudi egongune horretan.

Bestalde, mugatzailea balitz, erakusleak ere agian aurkitu beharko genituzke eta ez da horrelakorik gertatzen:

(45)
  • Gure lehengusua {jatorra/ *jator hori} da.

Egia da perpaus ekuatibo deitu ditugunetan hori zilegi dela. Normala da horrela izatea, lotura aditzak batzen dituen sintagmak erreferentziadunak baldin badira. Honako bi adibide hauek, bai formaz bai adieraz, desberdinak ditugu:

(46)
  • a. Gure lehengusua dantzari dotorea da.

  • b. Gure lehengusua dantzari dotore hori da.

Lehenbizikoan izen predikatu arrunta dugu, atribuziozko soila: gure lehengusua nolakoa den esaten dugu. Bigarrenean, berriz, ez dugu esaten nolakoa den, nor edo zein den baizik. Horregatik, bigarren perpaus honetan predikatu gisa ageri den sintagma horri bestelako elementuak erantsiz, erreferentzia zehatzagoa eman genezake:

(46’)
  • Gure lehengusua jende artean ikusten duzun dantzari dotore hori da.

Orobat, partitiboa ere ez da agertzen izen predikatu hauetan:

(47)
  • a. Gure lehengusua {gizon jatorra / *gizon jatorrik} da.

  • b. Zure soinekoa ez da {zetazkoa/ *zetazkorik}.

Hortaz, ez dirudi mugatzaile honen zeregina sintagma horren mugatutasuna bermatzea denik. Ostera, esana dugu, numero komunztadura aditzera ematea izan daiteke mugatzaile horren egitekoa: subjektua singularra bada, predikatua ere singularra izango da, plurala bada, predikatua ere plurala. Hori adierazteko modu bakarra mugatzailea sartzea dugu. Mugatzailerik ez badugu ezartzen, eta hori maiz zilegi da, ez dugu inolako komunztadurarik markatzen.

Nolanahi ere, -a mugatzailea bada, sintagma hauek determinatzaile sintagmak direla onartu beharko genuke. Hala ere, determinatzaile horrek argumentu diren DS-etan ez bezala, oraingoan ez du inolako erreferentzialtasunik bideratzen. Hots: neska hori alaia da diodanean, [neska hori] osagaiak badu bere erreferentzia, hori erakusleak zehazten laguntzen diguna: neska hori eta ez beste bat alegia. Baina alaia predikatuak ez du inolako erreferenterik. Hortaz, arazo batekin egiten dugu topo hemen (ik. Zabala 1993; Artiagoitia 1997)

7.2.9 Mugatzailea noiz?

Behin hona iritsita, beste galdera da ea baden inolako arrazoirik batzuetan mugatzailea agertzeko eta beste batzuetan ez.

● Oro har, egoera-predikatuekin askoz ohikoagoa da mugatzailea ez erabiltzea. Aldiz, izaerazkoetan, eta, beraz, aditz kopulatiboa izan denean, normalean mugatzaile eta guzti erabiliko da adjektibo sintagma hori (Zabala 2003: 434–435; Artiagoitia 1997). Hala ere, Zabalaren arabera, egon aditz kopulatiboarekin, adjektibo batzuk ez dira onargarriak artikuluarekin egoera-predikatu gisa ematen direnenan:

(48)
  • Pello oso urduri(*-a)/ lasai(*-a)/ gaixo(*-a) dago).

● Beste batzuk, aldiz, mugatzailearekin nahiz gabe eman daitezke:

(49)
  • Pello oso lodi(-a)/ handi(-a)/ gazte(-a)/ zahar(-a)/ polit(-a) dago.

● Adjektiboa barik, predikatua izen batez osatua dagoenean, egoera predikuetan artikulua ezina da:

(50)
  • Mikel artzain(*-a)/atezain(*-a)/irakasle(*-a) dago.

Adjektibo eta izen horiek, izaera-predikatu direnean, Mendebaldeko euskaldunek, normalean mugatzailea ezartzen dute. Hau da, gainera, euskara batutzat ematen den horretan ohikoa den jokabidea.

● Mugatzailea, bestalde, nahitaezkoa da predikatuak [izena + adjektiboa] osaera badu, edo izenlagunen bat badu:

(51)
  • Surf egitea jarduera librea da.

  • (cf. Surf egitea libre da.

● Izenlagun soila dugunean ere, mugatzailea ezinbestekoa da:

(52)
  • a. Txakur hau nirea / *nire da.

  • b. Ogi hau atzokoa / *atzoko da.

● Superlatiboarekin ere ezinbestekoa da mugatzailea:

(53)
  • Bermeo omen da Bizkaiko herririk euskaldunena.

● Konparatiboan, aldiz, bi jokabideak dira onargarriak, mugatzailea ematea nahiz eman gabe uztea:

(54)
  • a. Poema hau beste hori baino laburrago(-a) da.

  • b. Gizon hori beste inor baino indartsuago(-a) da.

Hala ere, konparatiboa hobe denean, ohikoa da mugatzailearekin ematea:

(55)
  • Ogi hau beste hori baino {hobea/*hobe} da.

Baina perpaus batez predikatzen denean, mugatua zilegi bada ere, mugagabea da ohikoa:

(56)
  • Hobe da bakarrik bizitzea, adiskide txarrarekin baino.

Hain zuzen, holako subjektuak ditugunean, bestelako adjektiboak ere, direla konparatiboak direla positiboak, erraz jotzen dugu mugagabera:

(57)
  • a. On(-a) da behartsuari laguntzea.

  • b. Garesti(-a) da oporretan Europa iparraldera joatea.

-egi atzizkia duen adjektiboarekin ere, zilegi da mugatzailea ezartzea edo gabe uztea. Bi erabilerak ohikoak dira:

(58)
  • a. Liburu hau zailegi(a) da zuretzat.

  • b. Erosoegi(a) da mendira 4x4 batean igotzea.

● Partitibo itxurako modu-adberbioak ere (pozik, alperrik, nekaturik, gaixorik, ...) izan daitezke predikatu, aditz kopulatiboarekin:

(59)
  • a. Gaur pozik nago.

  • b. Gaixorik dago aspaldi honetan.

-ik/-a(k) bikotea txandaka ere ere aurki daiteke:

(60)
  • a. Ama bakarrik dago etxean.

  • b. Donostia bakarra da munduan.

Jakina, kasu honetan modu desberdinean interpretatuko dugu predikatua. Bakarrik dago diogunean, egoera-predikatu motakoaren aurrean gaude. Ostera, bakarra da esaten badugu, bietara uler daiteke, egoera gisa, nahiz ezaugarri iraunkor gisa. Batean ‘nola dago?’ galderari erantzunez bezala ari gara. Bestean, nolakoa da? galdera izango genuke.

7.3 Eman eta irudi aditz kopulatiboak

Bi aditz hauek ere kopulatibotzat har litezke, subjektua eta izen predikatua harremanetan jartzen baitituzte. Baina hauek izan-ek eta egon-ek ez duten ezaugarri bat dute. Izan ere, eman eta irudi aditzek iragankorrak dirudite. Horrek esan nahi du subjektua ergatiboan eramango dutela:

(61)
  • a. Perretxiko batzuek onak ematen dute.

  • b. Horrek herriko alkatea dirudi.

Bestalde, bi aditz hauek badute beste ezaugarri bat, -(e)la perpausa hartzea osagarritzat:

(62)
  • a. Perretxiko batzuk onak direla ematen du./ Ematen du perretxiko batzuk onak direla.

  • b. Xabier herriko alkatea dela dirudi. / Badirudi Xabier herriko alkatea dela.

Hauetan badirudi subjektua “betegarri” isila edo izango litzatekeela. Ingelesez esaterako, it gisa ematen dena edo frantsesez, il edo ce bidez ematen dena:

(62’)
  • a. ∅ ematen du [perretxiko batzuk onak direla].

  • b. ∅ badirudi [Xabier herriko alkatea dela].

Baina goiko adibideetan subjektuaren gunea beterik ageri da, ergatiboan gainera.

Bada beste hirugarren aukera bat ere hemen solasgai ditugun aditz hauekin: subjektua ergatiboan eta predikatua perpaus osagarri itxuran uztea:

(63)
  • a. [Perretxiko batzuek] [onak direla] ematen dute.

  • b. [Horrek] [herriko alkatea dela] dirudi.

Funtsean, honako hiru egitura hauek izango genituzke:

(64)
  • a. [[Perretxiko batzuek] [[onak] ematen dute/dirudite]] (ik. (61a))

  • b. [_ [[perretxiko batzuk onak direla] ematen du]] (ik. (62a))

  • c. [horrek [[herriko alkatea dela] ematen du] (ik. (62b))

7.4 Bihurtu / bilakatu

Hauek ere izen predikatuak onartzen dituztenetakoak dira. Argumentu bakarrekoak dira, iragangaitzak, horrenbestez, baina duten argumentu bakar horri buruzko predikatu bat eskatzen dute:

(65)
  • a. Harriak ogi bilakatu ziren.

  • b. Denbora gutxian dena hauts bihurtu zen.

Hauen egitura, funtsean honako hau da:

(66)
  • [Harriak DS] [[ogi IS] bilakatu ziren]

Bi aditz hauek arazle modura ere erabil daitezke, iragankor gisa, alegia. Orduan, objektuaz predikatzen da:

(67)
  • a. Jesusek ura ardo bihurtu zuen.

  • b. Hitzak musika bilakarazi zituen kantariak.

Predikatua izen sintagma soila izan ohi da. Hortaz, ez du ez mugatzailerik ez zenbatzailerik onartzen inguruan:

(68)
  • a. Bi ogi puskak [txori IS] bihurtu ziren.

  • b. ??Ogi puskak [bi txori ZenbS] bihurtu ziren.

Eta, erdararen eraginez, batzuen ahotan entzuten dira honako hauen antzekoak ere:

(69)
  • a. *Ura ardotan bihurtu zuen.

  • b. *Hitzak musikan bilakatu ziren

Holakoetan, baina, euskaraz izen sintagma biluzia behar da. Gaztelaniaz, aldiz, eredu hau da bidezko.

7.5 Egin

Aurreko bien pareko gisa ere agertzen da egin aditza. Argumentu bakarreko aditz gisa, batez ere, baina iragankor gisa ere bai:

(70)
  • a. Julen [mutil handi] egin da dagoeneko.

  • b. Ni egin ninduen [bere ondasun guztien arduradun].

Hauen ezaugarri nagusia da IS gisa gauzatzen dela predikatua. Horrenbestez, ohikoa da predikatu hau mugatzailerik gabe ematea.

Baina mugatzaile eta guzti ere eman daitezke holakoak:

(70’)
  • a. Julen mutil handia egin da dagoeneko.

  • b. Ni egin ninduen bere ondasun guztien arduraduna.

Pentsa liteke, izen predikatu hauetan gero eta indartsuago dela mugatzailea sartzeko joera.

7.6 Beste aditz batzuk: agertu, aurkitu, azaldu, etorri, gertatu, ibili, joan, suertatu

Gramatiketan aditz kopulatiboen artean beste batzuk ere sailkatzen dira. Zabalak (2003), aditz ebentiboak deitzen dituenak hala datoz. Hauek ‘egoera-predikatuak’ onartzen dituzte, baina badira hainbat debeku. gertatu eta azaldu bezalako aditzek onartzen dituzten predikatuei buruz, honela mintzo zaigu Zabala (2003: 443): “Honako aditz hauek, gertatu, suertatu, ezinezkoak dira egoera-predikatu gehienekin, hala nola, gaixo, urduri, artzain, oihuka, lanean, etsiturik, beldurtuta, abesten edo zer egin ez dakiela predikatuekin”, baina horixe gertatzen bide da izaera-predikatu askorekin ere:

(71)
  • *Jon {gazte/ bilbotar...} gertatu da.

Nolanahi ere, adjektibo bat izaera-predikatu gisa erabil daitekeenean, predikatu hori egoera-pedikatu gisa interpretatzen omen da:

(72)
  • Nobela hori, diotenez, dibertigarria da, baina niri aspergarri gertatu zait.

Ohar honen ostean, ikus ditzagun loturazko gisa lan egiten duten aditz batzuk.4

● Ibili

Batez ere adberbio edo postposizio sintagmak onartzen ditu, perpausezkoak barne:

(73)
  • a. Mikel [{gaixorik/ondo/lanpeturik ...} AdbS] dabil aspaldi honetan.

  • b. [Autoarekin zer egin ez dakidala PoS] nabil.

Baina izen sintagmak ere onartzen ditu:

(74)
  • Mikel [begirale IS] ibili zen udan.

Baita adjektibozko predikatuak ere:

(75)
  • a. Bokarta [merke AdjS] dabil aurten.

  • b. Mikel [urduri AdjS] dabil.

Hauek nola? galderari erantzuten diote, baina galdera hau eta dagozkion erantzunak ibiltzeko moduari baino areago, perpauseko subjektuaren egoera bati egiten diote erreferentzia.

● Gertatu / suertatu

Gertatu eta suertatu-rekin, normalean adjektibo sintagmak ikusiko ditugu predikatu lanetan:

(76)
  • a. Batentzat on datekeena, kaltegarri gerta daiteke besterentzat.

  • b. Liburu hori aspergarri(a) gertatu zait.

Mugatzailearekin nahiz gabe ager daiteke. Eta predikatu hauek ere ‘subjektuari begira’ daude. Dena dela, gorago esan den bezala, kontuan hartu behar da hemen adjektiboaren izaera.

● Azaldu/ agertu/ geratu/ utzi...

Adibidez:

(77)
  • {Pozik/alai/itxaropentsu...} azaldu ginen bilerara.

Aditz askorekin ager daitezkeen adberbio asko eta asko aditzak adierazten duen ekintza edo gertaerari buruzkoak izan beharrean, maiz subjektuari edo objektuari buruzko predikazio gertatzen dira:

(78)
  • a. Guk lasai segitzen genuen.

  • b. Urduri samar geratu ginen.

  • c. Pozik utzi genuen irakaslea.

  • d. Liburu guztiak lurrean sakabanatuta geratu ziren.

7.7 Bigarren mailako predikazioa

‘Bigarren mailako predikatu’ deitzen zaie perpaus bat gramatikal izateko ezinbesteko ez diren predikatuei. Hortaz, aditzaren subkategorizazioan ez dira sartzen predikatu hauek, eta, horrenbestez, aditz gehienekin ager daitezke. Baina, egoera-aditzak eta kontrolatzaile ez diren subjektuak ez dira zilegi bigarren mailako predikatuekin (Zabala 2003: 446):

(79)
  • a. Jon lasai {mintzatu/etorri/hil ...} da.

  • b. *Jonek lasai daki gauza guztien berri.

Gainerakoan, predikazioa subjektuaz nahiz objektuaz egin daiteke:

(80)
  • a. Jon haserre etorri zen eskolara. (Joni haserrei etorri)

  • b. Jon ongi ikusi nuen. (Joni ongii ikusi)5

  • c. Lana behar bezala zuzenduta ekarri behar didazu. (lanai zuzendutai ekarri )

7.8 Prolatiboa, izen predikatu

Zenbait aditzekin batera (eduki, eman, hartu, jo...) prolatibozko (-tzat) predikatua erabil dezakegu, beti ere objektuari egotzirik, ez subjektuari.

(81)
  • a. Mutil leialtzat neukan Mikel, baina zapuztu egin nau.

  • b. Liburu bat eman zidan oparitzat.

  • c. Adiskidetzat hartu zintudan.

  • d. Lausengutzat jo nuen zuk esandakoa.

Perpaus hauetako aditza iragankorra da, ergatiboa eta absolutiboa eskatzen ditu inguruan. Prolatibozko predikatua absolutibozko argumentu horri dagokio. Hots:

(82)
  • Niki Mikelj [mutil leialtzat]j neukan.

Prolatiboaren ordez, izen sintagma soila ere erabil daiteke zenbaitetan:

(83)
  • a. Liburu bat eman zidan [opari].

  • b. Etsaiak [lagun] hartuta ikusi dugu gure alkatea.

Zenbait aditzekin, berriz, prolatiboa ez da erabiltzen, izen sintagma soila baizik. Adibidez, egon, ekarri, eraman, aukeratu, hautatu, izendatu, ...:

(84)
  • a. Mikel alkate izendatu zuten berehala.

  • b. Artzain egon nintzen Oñatin.

  • c. Preso eraman ninduten.

Holakoetan, aditza iragankorra denean, predikatua perpaus nagusiko objektuari dagokio (84a eta c); aditza iragangaitza denean, berriz, perpaus nagusiko argumentu bakarrari, subjektuari alegia (84b).

Bestalde, prolatiboa anbiguoa gerta daiteke batzuetan:

(85)
  • Idazkaritzat hartu ninduen.

Honek bi esanahi izan ditzake:

(86)
  • a. Idazkari izateko hartu ninduen. (cf. Idazkari izendatu ninduen.)

  • b. Idazkaria nintzela pentsatu zuen.

Holakorik ez da gertatzen prolatiboa barik izen sintagma hautatzen badugu:

(85’)
  • Idazkari hartu genuen.

Honek anbiguetaterik ez du.

Prolatiboa izen sintagmari itsasten zaio, ez determinatzaile sintagmari, ez zenbatzaile sintagmari:

(87)
  • a. Sorgintzat hartu ninduten. ([[sorgin IS] -tzat])

  • b. Zuen adiskidetzat neukan. ([[zuen adiskide IS] -tzat])

  • c. Jakintsu handitzat hartu zuten. ([[jakintsu handi IS] -tzat])

  • d. *Bi sorgintzat hartu gintuzten. ([[bi sorgin ZenbS] -tzat])

  • e. *Sorgin huratzat hartu zuten. ([[sorgin hura DS] -tzat])

Hortaz, superlatiboak beti mugatua izan behar duenez, eta mugatzailea eta prolatiboa ezkonezinak direnez, txartzat eman behar holakoak:

(88)
  • *Soluziorik egokienatzat neukan hura / *Soluziorik egokientzat neukan hura.

Hau esateko beste bideren bat hartu behar. Esaterako:

(89)
  • Soluziorik egokiena hura zela uste nuen.

Eman aditzarekin partizipioa ere erabil daiteke prolatiboan:

(90)
  • Ordaindutzat ematen dut honekin nire zorra.

Batzuetan, prolatiboaren ordez, gisa, bezala, legez postposizioak erabiltzen dira:

(91)
  • Itsumutil gisa erabili ninduen. (cf. Itsumutiltzat erabili ninduen.)

Erabat baliokide ez izan arren, beharbada, aski hurbileko adiera dute. erabili aditzaren ordez hartu badugu, esaterako, orduan, [x bezala/gisa] modukoak zalantzagarriagoak dira:

(92)
  • *Itsumutil bezala/gisa hartu ninduen.

Nolanahi ere, predikatu hauek postposizio sintagmak direla onartuko dugu: [aita bezala PoS] eta [banatzaile gisa PoS], prolatiboa bezalaxe.

7.9 Osagaien ordena

Perpaus kopulatiboetan ohiko hitz hurrenkera honako hau da: [subjektua – izen predikatua – aditz kopulatiboa] edo, gutxienez, predikatua aditz kopulatiboaren aurre-aurrean kokatua joan ohi da:

(93)
  • Mikel mutil alaia da / Mutil alaia da Mikel

Jakina, hemen ere mintzagai-galdegai kontuak sartzen dira. Normalean subjektua izango da mintzagaia eta predikatua galdegai. Horregatik, aipatu dugun hurrenkera hori izango da markatu gabea: subjektua – izen predikatua – aditz kopulatiboa. Eta subjektua jartzen badugu aditzaren aurrean, subjektu horren galdegaitasuna markatuko dugu:

(94)
  • Mikel da mutil alaia / Mutil alaia, Mikel da.

Alegia, (94)-koan, Mikel nolakoa den esaten ari gara. (95)-en, aldiz, mutil alaia nor den esaten da.

Hala ere, predikatuaren argumentu bakarra perpausezkoa bada, perpaus hori, normalena eskuin aldean ematea da:

(95)
  • a. Egia da inork ez didala lagundu.

  • b. Kontua da inork ez didala lagundu.

  • c. Erraza da gauzak apurtzea.

Hau da hurrenkera ohikoa. Osagaia zenbat eta “astunagoa” (hots: zenbat eta elementu gehiagoz osatua izan), hainbat errazago izango da osagai astun hori eskuin aldera eramatea.

Eta osagai bera galdegai gisa eman nahi dugunean ere, horixe da hurrenkera ohikoa. Alegia, perpaus bera galdegai izan arren, ez da oso ohikoa aditzaren aurrean jartzea. Oso markatuak gertatzen dira honako hauek, oso enfatikoak:

(96)
  • a. Inork lagundu ez didala da egia.

  • b. Inork lagundu ez didala da kontua.

  • c. Gauzak apurtzea da erraza. (cf. gauzak apurtzea da errazena)

Honen ordez, goiko (96) bera erabiltzen dugu, intonazio bereziarekin. Eta baita ere, perpausa erdi bi eginez:

(96’)
  • a. Hau da egia: inork ez didala lagundu.

  • b. Hau da kontua: inork ez didala lagundu.

  • c. Hori da erraz(en)a: gauzak apurtzea.

Dena dela, komunikazioaren aldetik batzuetan oso egokia ez izan arren, beste hurrenkera hau ere zilegi da:

(97)
  • a. Inork ez didala lagundu egia da.

  • b. ?Inork ez didala lagundu kontua da.

  • c. Gauzak apurtzea erraza da.

Lagundu eta egia-ren artean eten bat eginez:

(97’)
  • Inork ez didala lagundu/egia da.

Baina oraingoan egia da galdegaia. Eta perpaus osagarria, aldiz, mintzagaia.

7.10 Perpaus ekuatiboen subjektua

Perpaus ekuatibo deitu ditugunetan ez da erraz subjektua zein den erabakitzea eta zein predikatua:

(98)
  • a. Jone medikua da.

  • b. Medikua Jone da.

Perpaus hauek anbiguoak gerta daitezke atribuziozkoen eta ekuatiboen artean. Atribuziozko adieran lehenbiziko osagaia subjekua izango da eta bigarrena predikatua. Eta hurrenkera aldatuta ere subjektua eta predikatua aldatu egiten ditugu. Holakoetan, gainera, lehenbizi mintzagaia izango dugu (eta subjektu gisa interpretatutko dugu) eta bigarrena iruzkina, izen predikatua galdegai delarik.

Hots: (98a)-n Jone subjektua da eta mintzagaia. Jonez ari gara eta honetaz predikatzen dugu medikua dela. Aldiz, (98b)-n interpretazio batean behintzat, medikuaz ari gaitezke, begien aurrean dugun pertsona batez mintzo gara.

7.11 Partizipiozko predikazio-egiturak

Perpaus kopulatiboetan predikatu gisa eman daitezke perpaus arruntak, partizipioaz eta mugatzaileaz baliatuz. Har dezagun honako perpaus iragankor hau:

(99)
  • Josebak artikulu sakonak idatzi ditu.

Honen parean jar ditzakegu beste bi hauek ere:

(100)
  • a. Artikulu sakon hau Josebak idatzia da.

  • b. Joseba artikulu sakonak idatzia da.

(99) eta (100) egitura desberdinekoak ditugu: (99)-ko perpaus bakuna (bi argumentuz –Josebak eta artikulu sakonak– eta idatzi ditu aditz bakarraz osatua), izen predikatuzko egitura bilakarazi dugu. Baina egitura hau ez da jadanik perpaus bakuna:

(101)
  • Josebak artikulu sakon hau(ek) idatzi d(it)u →

  • a. [Artikulu sakon hau(ek) DS]i [Josebak [ _ ]i idatzia(k)] d(ir)a.

  • b. [Joseba DS ]i [[ _ ]i artikulu sakon hau(ek) idatzia] da.

(100)-ean izen predikatuzko egitura baten aurrean gauden seinale da subjektuaren eta predikatuaren arteko komunztadura. Eta aditza ere itxuraz aldatu zaigu: perpaus iragankorrean (99), ergatibo-absolutibo komunztadura duen adizkia dugu (idatzi d(it)u), baina oraingoan (100)-ean absolutibo komunztadura (da). Azken batean, badirudi aditz bakarreko perpausa genuen lekuan, bi aditzeko beste bat dugula orain.

Aditz iragangaitzekin ere zilegi da horrelako esamoldeak taxutzea:

(102)
  • a. Miren mendira joan da.

  • b. Miren mendira joana da.

Bestalde, osagaien ordenaz ere zerbait esan behar da, zeren debekuak handiak dira horretan:

(103)
  • a. Artikulu sakon hauek Josebak idatziak dira./ *Josebak artikulu sakon hauek idatziak dira.

  • b. Joseba artikulu sakonak idatzia da./ *Artikulu sakonak Joseba idatzia da.

Pentsa liteke predikatua atal osotzat hartu beharra dagoela eta, horrenbestez, ezin garela ibili predikatu horren esparrutik osagaiak sartzen eta ateratzen. Ordena finkoa da: subjektua < predikatua < aditz kopulatiboa, nahiz predikatua < aditz kopulatiboa < subjektua. Beti ere, predikatua aditz kopulatiboaren ondo-ondoan dugula. Hots: (103a)-n, [artikulu sakon hauek] subjektuaz zerbait predikatzen dugu, baina predikatzen dugun hori, azken batean, da Josebak idatzi dituela. Izen predikatuzko ohiko egitura dugu hau: subjektu bat, izen predikatua eta aditz kopulatiboa. Argi ikusten da ohiko izen predikatuzko egituren parean jartzen dugunean:

(104)
  • a. [Artikulu sakon hau(ek)] [[ interesgarri -a(k)] d(ir)a]

  • b. [Artikulu sakon hau(ek)] [[Josebak idatzi -a(k)] d(ir)a]

(104a)-n izen predikatuaren ardatza adjektiboa da (interesgarri). Bigarrenean, aldiz, perpaus bat dugu, baina perpaus horretako aditza partizipio gisa emana dago. Partizipioak, hala ere, adjektiboaren ezaugarri ugari ditu eta horrenbestez, parekotasunari eusteko aski arrazoi badira. Predikatuzko perpaus horretan hutsune bat aurkitzen dugu ezinbestean: [Josebak idatzi]. Hutsune hori perpauseko objektuari dagokio eta hiztunak badaki ∅ hori ‘artikulu sakon hau(ek)’ gisa ulertu behar dela. Osagai hori oraingoan ez dago bere lekuan, nolabait esateko, goragoko perpauseko subjektuaren lekuan baizik. Onartzen badugu goiko (99) perpaus iragankorrean agertzen diren elementu berak ageri direla (104b)-n ere (idatzi predikatua eta Joseba eta artikulu sakon hau(ek) bi argumentuak), pentsa genezake elementu horiek oraingoan modu desberdinean antolatu direla. Alegia, bi modutara egituratuak ematen ditugu elementu horiek (ik. Ortiz de Urbina eta Uribe-Etxebarria 1991).

(104b)-koa ehengoaren oso antzekoa dirudi: badugu subjektu bat, oraingoan perpaus txertatuan hutsik dagoen subjektuaren erreferentzikide dena, eta badugu, halaber, subjektu honi buruzko izen predikatu bat, lehen bezala partizipioa eta mugatzailea dituen perpaus bat, eta aditz kopulatiboa:

(105)
  • Josebak artikulu sakona(k) idatzi d(it)u →

  • [Joseba DS]i [ [ _ ]i artikulu sakonak idatzia] da.

7.11.1 Perpauson egitura

Aurreko atalean hizpide izan ditugun bi esamoldeak modu bertsuan analizatzeko gai izan behar genuke. Aditz kopulatiboa daukagu, beraz, perpaus nagusiak behar duen aditza berau izango litzateke. Predikatua perpaus jokatugabe bat izango da, partizipioduna. Honek, izen predikatuzko egituretan ohikoa den bezala, -a/-ak mugatzailea erakutsiko luke. Kasu bakoitzean, predikatu hauek (Josebak idatziak / artikulu sakonak idatzia) eta subjektuak (artikulu sakonak, kasu batean, eta Joseba, bigarrenean) komunztadura dute. Komunztadura honek agerian jartzen du predikazio erlazioa.

Solasgai ditugun predikaziozko egitura hauek eta perpaus erlatiboetan ikusten dena oso antzekoak dira: batean zein bestean perpaus ‘irekiak’ ditugu, alegia, perpaus horiek badute argumentu bat ‘ase’ gabea. Argumentu hau operatzaile isil batek uztartzen du, OP-ek (ik. Ortiz de Urbina eta Uribe-Etxebarria 1991). Operatzaile honek ezin du bere erreferentzia zehaztu, baina predikazioaren bidez hartzen du bere ezaugarri erreferentziala. Predikaziozko erlazioa indize bidez erakusten ahal dugu:

(106)
  • a. [Artikulu sakon hau]i [ interesgarria]i da

  • b. [Artikulu sakon hau]i [OPi,j [Josebak ti idatzia]]i da

(106a)-n subjektua eta predikatua indize berekoak ditugu, predikazioaren ondorioz. (106b)-n gauzak konplexuagoak ditugu. Predikatuaren barneko OP eta t indize bereko dira, mugimenduaren ondorioz. Bestalde, predikazioari zor zaion ‘i’ indizea ere hor dugu. Honek erakusten duena da subjektuaren eta predikatuaren arteko lotura: subjektuaz predikatzen dugu perpaus ireki bat, eta predikazioaren subjektuak, horrela, perpaus ireki horren barruko hutsarteak asetzen ditu.

Bestalde, *edun aditz kopulatiboaren bidez ere eman daitezke holakoak:

(107)
  • Film hori bi aldiz ikusia dut.

Holakoetan egin beharreko analisia funtsean goikoa bera da, baina oraingoan predikazioa subjektuaz ez, objektuaz egiten dela ematen du:

(108)
  • [Film hori]i [bi aldiz ikusia]i dut.

  • (cf. Mutil hori [laguna] dut)

7.11.2 Ikusia / ikusita aukera

Hegoaldean bereziki, [partizipioa + -a] taxuaren ordez, maiz [partizipioa + -ta] erabiltzen da. Batzuetan biak baliokide izan daitezke, baina beste askotan ezin da bata bestearen ordain eman. Batetik, da edo du aditzekin beti partizipioa mugatzailez hornitua behar dugu:

(109)
  • Ni Barojaren nobela gehienak aspaldi irakurria {naiz / nauzu}.

-Ta-rentzat lekurik ez da holakoetan:

(110)
  • *Ni Barojaren nobela gehienak aspaldi irakurrita {naiz / nauzu.}

Jakina da Hegoaldean bi aditz horien ordez maiz dago eta dauka modukoak erabiltzen direla. Hauen agerpenarekin lotzen da -ta-rena ere:

(111)
  • a. Josebak artikulu sakonak dauzka {idatziak/idatzita/idatzirik}

  • b. Poema hauek egileak {sinatuak/sinatuta/sinaturik} daude.

  • c. Ni poema ederrak {irakurria/irakurrita/irakurririk}nago.

Bestalde, kontuan izan, egitura absolutu edo deitzen direnetan ere ez direla elkarren trukagarri esana eta esanda bezalakoak:

(112)
  • Hau esanda, alde egin zuen. / *Hau esana, alde egin zuen.

7.11.3 Partizipioa + berri / zahar

Egitura hauetan berri adjektiboa ere (edo zahar, baina ez hain sarri), txertatua ikus dezakegu. Batetik aspektu burutuko adizki jokatuari erantsi dakioke, aspektu burutu horri ñabardura berri bat gehituz, alegia, ‘duela gutxi burutu dela’. Honako adibide hauek holakoak dira

(113)
  • a. Ametsa aipatu dut. / Ametsa aipatu berri dut.

  • b. Bilbora iritsi naiz. / Bilbora iritsi berri naiz.

  • c. Hauteskundeak egin ziren. / Egin berri ziren hauteskundeak.

  • d. Ebakuntza egin diote. / Ebakuntza egin berri diote.

Hauetan, erosi dut eta erosi berri dut, funtsean mota bereko adizkiak ditugu, eta iritsi naiz eta iritsi berri naiz eta abar ere bai.

Eta behin berdintze hau onartuta, goian ikusi ditugun predikatuzko egitura hauek eratortzea erraza da:

(114)
  • a. Ametsa aipatua dut. / Ametsa aipatu berria dut.

  • b. Herrialde asko ikusia naiz. / Herrialde asko ikusi berria naiz.

  • c. Elkarteak biltzar nagusia egina du. / Elkarteak biltzar nagusia egin berria du

Ez du ematen diferentzia handirik dagoenik, adieraren aldetik, [ametsa aipatu berri dut], [ametsa aipatu berria dut] eta [ametsa aipatu berria naiz] esamoldeen artean. Itxura desberdina dute, baina adieraren aldetik denak antzekoak: hiztun batzuek forma bat dutela maiteago besteek beste bat.

Batzuetan, gainera, aditza + berri multzo osoa adjektibo bilakatua dagoela ere pentsa liteke, honako honetan bezala:

(115)
  • a. Murtzia talde igo berria da.

  • b. Ezbeharra oraindik gertatu berria da.

Etorri berri, ezkonberri, hasiberri, hil berri eta holakoak maiz erabiltzen ditugu adjektibo gisa.

Berri-ren parean zahar ere, teorian behintzat, hor dago. Baina hau ez da usu erabiltzen. Adibide gutxi aurkitzen dira testuetan. Gainera, ezezka emanak izan ohi dira eta adjektibo tankera bete-betea dutenak:

(116)
  • a. Handik gutira jakin zuen ez zela alargundu zaharra. (J. A. Irigarai, Denboraren mugan, 58)

  • b. Hogeita batgarren mendea ere ez da heldu-zaharra. (A. Egaña, Hogeita bina, 177)

OEH-tik (Mitxelena & Sarasola 1987-2005) jasotako adibideetan ere ezezko testuinguruak badira:

(117)
  • a. Ez naiz jaten aritu zaharra.

  • b. Ez da hil zaarra

  • c. Ez zara edan zaharra.

Holakoetan, bestalde, adjektibo izaera argi ageri da maiz:

(118)
  • a. Halaber presuna ianzaharra. (Ax 490, V 317).

  • b. Santxo beno bost urthez hil zaharrago nizalakoz. (Egiat 180).

Gehienetan forma mugatuan ageri da, baina mugatzailerik gabe ere ikus daiteke:

(119)
  • a. Jantzar egotiak jakijak gozatsu eta on egitten dittuz. (Otx. 110)

  • b. Ageri zen esteiaria jan zahar zela. (Eskual 20-6-1913,)

  • c. Jan-zar dagola bere, edateko beti gertu. (Erkiag BatB 174.)

7.11.4 -takoa / -(r)ikoa

Mendebaldean -tua formaren ordez, -tutakoa, -turikoa ere erabiltzen dira predikatuzko perpaus hauetan:

(120)
  • a. Artikulu sakon hauek Josebak {idatzitakoak/idatzi(ri)koak} dira.

  • b. Joseba artikulu sakonak {idatzitakoa/idatzi(ri)koa} da.

Azken batean, badirudi hauek aipatu berri ditugun esamoldearen gainean eraikiak direla: {idatzita/idatzirik}+ko. Holakoak ezinezkoak dira egon eta eduki aditzekin:

(121)
  • a. Kontu hau birritan aipatua/aipatuta/aipaturik dago liburuan.

  • b. *Kontu hau birritan aipatutakoa/aipaturikoa dago liburuan.

Hortaz, izaera-predikatuak ditugu. Azken batean, gertaera baten emaitza adierazten dute, emaitza iraunkorra.

Izan aditzaz gainera, bestelako aditz batzuk ere badira predikatu osagarriarekin joan ohi direnak: egon, iruditu, ...

(122)
  • a. Kafea oso ona dago.

  • b. Jatorra iruditu zitzaidan zure senargaia.

Hauezaz aparte, badira beste egitura batzuk, izen predikatuzkoak, baina adjektibo sintagma barik izen sintagma soil izaten direnak:

(123)
  • a. Ameriketara joan zen artzain.

  • b. Erasmus dabil aspaldi honetan.

Hemen predikatua subjektuari buruzkoa da.

Baina, hartu, izendatu, bihurtu... bezalako aditzekin objektuari buruzkoa izan daiteke predikatua. Hauek ere adjektibo sintagma baino gehiago izen sintagma izan ohi dira, determinatzailerik gabeak. Adibidez:

(124)
  • a. Etsaiak lagun hartuta dabil aspaldian.

  • b. Gizon hori alkate izendatu dute.

  • c. Erakundearen aldeko sutsu bihurtu zen bat-batean.

Era honetako predikatu osagarriak mugagabean joan ohi dira.

7.12 Mugatzailea noiz agertzen da predikatu osagarrian?

Zenbait egoera bereizi behar dira: a) perpausaren subjektua DS arrunta denean; b) subjektu hori perpausa denean; c) beste kasu berezi batzuk.

a) Perpausaren subjektua determinatzaile sintagma arrunta denean, ohikoena adjektibo sintagma mugatzaile eta guzti agertzea da. Zubereraz, ordea, mugagabera jotzeko joera handia dute eta horrela beste euskaldunok bereizten ez duguna bereizteko gai dira:

(125)
  • Hauek hun dira / Hauek hunak dira.

Estilo jasoan ere, zenbaitetan zilegi da mugagabean ematea adjektibo sintagma. Izen predikatua osatzen duena adjektibo sintagma ez, izen sintagma bada, orduan errazago dela dirudi mugagabean erabiltzea:

(126)
  • Jose Mari alkate izan zen luzaro.

Baina hauetan ere normalena mugatua da, beharbada. Batez ere sintagma izen soilez osatua ez denean:

(127)
  • Don Anizeto Busturiko erretorea zen.

Hala ere, lotura aditza izan izan beharrean beste bat bada –egon, joan eta horrelakoak– orduan nahiko normala da adjektibo sintagmak osatzen duen predikatu osagarri hori mugatzailerik gabe ematea:

(128)
  • a. Liburu horiek merke daude denda honetan.

  • b. Edurne beti oso dotore etorri ohi da eskolara.

Horrelakoetan, batzuetan zalantza izan dezakegu ea adjektibo sintagma dugun ala adberbio sintagma. Baina kontuan hartzen badugu sintagma hauek subjektuarekin nolabaiteko lotura dutela –adibidez, (129b) perpausean oso dotore sintagma ez dagokio etortzeari berari, Edurneri baizik–, predikatu osagarri direla esan behar dugu. Horrenbestez, dotore-k adjektibo izaten segituko du. Baina, hori bai, mugagabean emateko joera dugu izan-ez kanpoko beste aditzak ditugunean tartean.

b) Baina perpausaren subjektua perpausa bada orduan adjektiboa mugatzailerik gabe agertzeko aukera handiagoa izan daiteke:

(129)
  • Neronek esatea ez da dotore.

Horrelako perpausetan dotore izan ‘komeni izan’-en baliokide dirudi. Baina holakoak literatur kutsu handi samarra izan ohi dute.

c) Badira, bestalde, zenbait adjektibo (libre, preso, eta beste bakarren bat) mugagabean agertu ohi direnak normalki:

(130)
  • a. Libre nago azkenean.

  • b. Libre da nahi duzuna esatea.

  • c. Ocañan preso egon zen bi urtez.

d) Bestalde, adjektiboa nolabait kuantifikatua dagoenean ere (handiago, handiegi, hain + adjektiboa...) mugatzailerik gabe agertzea zilegi da askotan:

(131)
  • a. Ez nekien hain garesti(a) zenik.

  • b. Xabier Jon baino zaharrago(a) da.

Eta izan aditzaren ordez, besteren bat dugunean are errazago dela dirudi mugatzailea albora uztea:

(132)
  • Zapata horiek txikiegi(ak) dituzu.

e) Badira, azkenik, mugagabean agertzen diren elementu batzuk, adjektibo itxura izan arren, izen baten lagun sekula agertzen ez direnak, DS-ren barnean. Honako hauek dira ohikoenak: gai, gauza, haizu, sori, zilegi:

(133)
  • a. Ez naiz gai horrelako gauza bat egiteko.

  • b. Ez da zilegi inor hiltzea.

Baina ez:

(134)
  • a. *Ez naiz gaia horrelako gauza bat egiteko.

  • b. *Ez da zilegia inor hiltzea.

Eta, esana dugun bezala, determinatzaile sintagmaren barnean ere ez dugu aurkituko horrelakorik:

(135)
  • a. *Pertsona gai bat behar dugu

  • (cf. Gai den pertsona bat behar dugu)

  • b. *Gauza zilegiak bakarrik egin behar dira.6

  • (cf. Zilegi diren gauzak bakarrik egin behar dira.)

Honek esan nahi du, berez, gai, zilegi eta antzekoak ez direla egiazko adjektiboak. Hitz hauek tratatzeko biderik egokiena, aditz-multzo berezien lehen osagaitzat hartzea litzateke. Hots: gai izan, haizu izan, sori izan, zilegi izan, eta antzekoak, egiazki, aditzak izango lirateke, nor izan, gauza izan, komeni izan, ados izan eta abar bezalaxe. Euskaltzaindiaren Hiztegian ere hala datoz jasoak. Hori izango litzateke (134)-n gertatzen direnak esplikatzeko modu bat.