10. Aditza eta aditz sintagma
Editorea
Beatriz Fernández
Aipamena
Goenaga, Patxi. 2022. Aditza eta aditz sintagma. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
Laburpena
Aditz sintagma aditza buru duen egitura da. Buru honen inguruan ibiliko dira, osagarri nahiz adjuntu gisa, DS-ak, AdpS-ak, perpaus jokatuak nahiz jokatugabeak. AS bera, berriz, inflexioaren osagarritzat hartuko dugu, biek batera InflS osatzen dutelarik.
Aditzak, buru den aldetik, bere osagarriak hautatzen ditu. Aditz batzuek mota bateko osagarriak hautatzen dituzte eta beste batzuek, beste batekoak. Horrela, zilegi da aditz iragankorrez (osagarria hautatzen dutenez, eman, ekarri, erosi, ...modukoez, alegia) eta iragangaitzez hitz egitea (osagarririk hautatzen ez dutenez, adibidez, erori, jaio, joan...). Lehenbizikoei, bestalde, euskal hiztegietan, ohikoa da du motako aditz deitzea, aditz iragangaitzei da aditz deitzea eta datiboa eskatzen dutenei zaio eta dio aditz deitzea. Horien funtsa azalduko da atal honetan, bestelako terminologia bat erabilita bada ere.
Aditz bakoitzaren inguruan biltzen diren osagaiek, argumentuek, sare bat osatzen dutela esan ohi da eta argumentu horietako bakoitzak errol tematiko jakinak (egile errola, gai errola, hartzaile errola, instrumentua, helburua, iturburua ...) jasotzen dituztela. Hala ere, aditzaren inguruko osagai horiek ez dira mota berekoak ez maila berekoak. Batzuk aditzarekin hertsiki lotuak daude, beste batzuen lotura lasaiago da eta badira, halaber, predikatu baten argumentu barik, gertaera-argumentu baten predikatutzat hartzen direnak, zenbait hizkuntzalariren arabera. Kontu hauen azalpen labur bat ere eskainiko da.
10.1 Aditza, perpausaren erdigunean
Perpausean ekintza, gertaera edo egoera bat adierazten da. Adibidez:
-
a. Haurrak txakurrari pilota bota dio. (gertaera, ekintza)
-
b. Joanesek bi urte ditu. (egoera)
-
c. Gure nagusia gizon umoretsua da. (egoera)
Adierazten den gertaera, egoera edo ekintza horren muina aditzak dakar. Berau da erdi-muina, nolabait gainerako osagaiak biltzen dituena, ezinbestekoa perpausean. AS aditzaz eta beronen osagarri eta adjuntuz osatutako egitura bat dela onartuz, aditza izango litzateke perpauseko gainerako osagaiei batasuna ematen dien elementua. Hots:
Behin aditz bat aukeratuz gero, aditz horrek ezartzen dituen eskakizunak bete egin behar dira, perpausa behar bezala eratua egongo bada. Har dezagun (1a) adibideko bota aditza. Botatzea ekintza bat da eta egile bat eskatzen du (gure kasuan, haurra), eta botatzen den zerbait ere (pilota) behar da, nahi eta ez, hots, gaia, botatzeko ekintza hori zertan den jakingo badugu. Horrenbestez, bota predikatuaren eskakizunak betetzeko bi osagai behintzat beharko ditugu:
-
Haurrak pilota bota du.
Baina bi osagai horiez gainera, hirugarren bat ere izan daiteke: txakurrari. Hau ere aditzaren osagarri bat dela esan ohi dugu, aditzak onartzen duena. Hartzailea da. Onartzen du, baina, antza, ez da ezinbestekoa: batzuetan agertuko da, (1a)-n bezala, baina gerta daiteke ez agertzea, (2)-ko adibidean bezala.
Horrenbestez, bota aditzak zer esan nahi duen baldin badakigu, botatze horrek, gorago aipatu ditugun egilea (haurrak) eta gaiaz (harria) gainera, hartzaile bat ere izan dezakeela uler daiteke. (1a)-n hartzaile hori agerian dago: txakurrari. Baina nori/zeri bota dion adieraztea ez da ezinbestekoa. Pentsa liteke, egia da, pilota hori haurrak norbaiti edo zerbaiti, gure kasuan txakurrari, bota diola, baina uler daiteke, halaber, haurrak pilota bota egin duela besterik gabe, eta ez, nahi eta ez, norbaiti bota diola. (2) dioenak ongi ulertzen du norbaitek zerbait bota duela, botatze hori norbaiti zuzendua dagoela pentsatu gabe ere. Perpaus horretan ez dugu nabaritzen ezer falta denik.
Baina bota predikatuak mugimendu bat adierazten duenez, haurrak harria nori bota dion nahiz nora bota duen esan daiteke:
-
Haurrak pilota bota dio txakurrari uretara.
Hortaz, bota-k bi argumentu eska ditzake, ezinbestean: gaia (pilota) eta egile (haurrak). Beste hirugarren bat ere eska dezake, aukeran: hartzailea edo (txakurrari). Hortaz, bota aditza {Erg-Abs] egituran agertuko zaigu, (2)-n bezala, edo, baita {Erg-Dat-Abs] egituran ere, (1a)-n bezala.1
Baina aditz guztiak ez dira egitura horretan agertzen. Badira, esaterako, sintagma absolutiboa edo ergatiboa bakarrik erakusten duten aditzak. Hori da iragangaitz deitzen direnen kasua: a) jaio, erori, etorri, igo, joan, mintzatu, ... modukoak batetik, eta b) irakin, iraun, negar egin, amets egin, alde egin, hitz egin, ... modukoak2 bestetik. Azter ditzagun:
a) Lehenbiziko multzokoak hartzen baditugu, denek hautatzen dute argumentu bat, absolutiboan. Ergatiborik ez dute onartzen oro har: 3
-
a. Nekane Orion jaio zen. / *Nekanek Orion jaio zuen.
-
b. Olatz berandu {etorri/ joan/ mintzatu} da./ *Olatzek, berandu {etorri/joan/mintzatu} zuen.
b) Bigarren multzoan aipatu ditugunek ere argumentu bakarra hautatzen dute, baina oraingoan ergatiboan:
-
a. Urak ez du berehalakoan irakin. / *Ura ez da berehalakoan irakin.
-
b. Amak negar egingo luke. /*Ama negar egingo litzateke.
Bestalde, mintzatu eta hitz egin sinonimotzat har litezkeen arren, orain hizpide dugun gai honen ikuspegitik begiratuta, oso jokabide desberdineko aditzak direla esan behar: biak dira argumentu bakarrekoak, iragangaitzak alegia, baina argumentu bakar hori batean absolutibo gisa ematen da eta bestean ergatibo gisa:
-
Gure nagusiak argi hitz egiten du beti. vs. Gure nagusia argi mintzatzen da beti.
Hortaz, ergatiborik onartzen ez duten aditzak diren bezala (egon, erori, etorri...) badira ergatiboa bakarrik onartzen dutenak ere (irakin adibidez, eta baita, euskaldun askorentzat, dantzatu, eskiatu, jokatu, jolastu...).
c) Jaio eta eskiatu, adibidez, argumentu bakarrekoak izaki, iragangaitzak direla esan dezakegu. Baina aditz iragangaitz hauen parean badira iragankorrak ere: bota, ekarri, eraman, idatzi, ikasi, jakin, jaso... halakoak dira. Aditz hauek ager daitezkeen egitura arruntak Erg-Abs dei genezakeena izango da.
-
a. Haurrak harria bota du. /
-
b. Oraindik inork ez daki ezer.
d) Baina aditzak ager daitezkeen egiturak ez dira absolutiboarekin eta ergatiboarekin amaitzen. Gorago esan dugun bezala, bada aditzarekin oso lotua ager daitekeen hirugarren bat, hots, datiboa.
-
a. Haurrak harria bota dio txakurrari. (Erg-Abs-Dat)
-
b. Urak ez dizu irakingo, su handiagoan jartzen ez baduzu. (Erg-Dat)
-
c. Harri bat erori zaio Joni. (Abs-Dat)
Gauzak horrela, hiru argumentuko egiturak, bikoak eta batekoak ager daitezke. Arazo bat badugu, ordea, argumentu bakarreko egiturekin. Izan ere, hauetan bi multzo berezi behar dira, ergatibo soilduna edo absolutibo soilduna:
-
Haurra jaio da. / Mirenek eskiatu du.
Hizpide dugun bota aditza bera ere holako egituretan ager daiteke. Adibidez:
-
Fruitu onik ematen ez duen zuhaitza sutara botatzen da.
Hemen ez zaigu esaten zuhaitza sutara botatzen duena, egilea, zein den. Hala ere, botatzea zer den ezin da ulertu botatzailerik gabe, ez eta ere bota den gairik gabe. (11)ko adibidean ere zuhaitza aipatzen da, baina zuhaitza sutara nork bota duen esan gabe ere, denok ulertzen dugu norbaitek, zehaztugabeko norbaitek botatzen duela, ez dela bere kasa botatzen.
Honako honetan, aldiz, norbaitek bota duela esaten dugu:
-
Zuhaitza sutara bota du.
baina ‘norbait’ hori, solasaldian jakintzat ematen dugulako edo, isilpean utzi daiteke, hotsik erabili gabe. Ez da, (10)ean bezala, zehaztugabea, baizik 3. pertsonakoa eta singularra. (11) esanez gero, inork ezin du ulertu perpaus horren subjektua ni edo gu izan daitekeenik, edo haiek, adibidez. (10) esaten dugunean ere, nork bota duen ez dugu esaten, baina oraingoan pentsatzen den bakarra da zehaztugabeko norbaitek bota duela, besterik ez. Izan daiteke, bai lehen pertsonakoa (ni, gu) bai beste edozein. Inpertsonala izango litzateke kasu honetan perpaus honen interpretazioa. Izan ere, argi dago (10)ean eta (11)an egitura desberdinean ageri dela bota aditza: (10)ean absolutiboa (zuhaitza) eta adlatiboa (sutara) ditugu aditzaren inguruan; aldiz, (11)an ergatiboa (pro izenordain isila, ‘norbaitek’ esango bagenu bezala alegia), absolutiboa (zuhaitza) eta adlatiboa (sutara).
Baina bota da-k izan dezake beste interpretazio bat ere. Errepara diezaiegun honako adibide hauei:
-
a. Balkoitik bota zen judoka greziarraren mutil-laguna ere balkoitik bota da. (Berria)
-
b. Gaua baimenik gabe botatzen da gainera trenaren errailen norabidean. (Unai Iturriaga, Berandu da gelditzeko, 172)
Era honetako egituran argumentu bakarra azaleratzen da. Baina bota bezalako aditzetan egile argumentua nahitaezkoa dela onartuz, egile hori batzuetan (inpertsonaletan) zehaztugabe gisa interpretatzen ahal dela ikusi dugu. (13)ko adibideetan, aldiz, egilea eta gaia bat eta bera izango dira:
-
a. Buruz erortzen dira uretara.
-
b. Bidaiaria lurrera erori da segituan.
-
c. PSE-EE EAJren besoetara erori da.
-
d. Balkoitik erori zen judoka greziarraren mutil-laguna ere balkoitik erori da.
-
e. Gaua baimenik gabe botatzen da gainera trenaren errailen norabidean. (Unai Iturriaga, Berandu da gelditzeko, 172)
Baina, erori eta bota ez dira gauza bera. Erori, normalean, ez da nahita gertatzen. Aldiz, botatzea, nork bere borondatez egiten duen zerbait da. Bota ekintza aditz bat da; erori, berriz, ez. Gramatiketan (EGLU II) hauek bihurkaritzat ere hartu izan dira eta baita elkarkaritzat ere (Bilbao 2022):
-
a. Oso ondo aurkitzen nintzen. (bihurkaria, cf. ondo aurkitzen nuen neure burua)
-
b. Egunerokotasunean oso itota ikusten gara (Berria 2004) (elkarkaria)
-
c. Erakargarri ikusten naiz, femeninoa... (Berria 2004)
-
d. Horrexegatik saldu naiz, ene maitea.
10.1.1 Gainerako inguratzaileak
Botatzeak, hala ere, iturburu bat (nondik) eta helburua bat (nora) eskatzen dituela pentsa genezake. Alegia zerbait botatzen denean, egilea eta gaia ez ezik, iturburua eta helburua, azken hau batez ere, ulertutzat eman behar direla dirudi, agerian eman ez arren. Are gehiago: helburu hori izan daiteke datiboa, (15a), baina baita, adibidez, postposizio sintagma adlatiboa ere, (15b) edo biak, (15c)
-
a. Sukaldariak saldari gatza bota dio.
-
b. Sukaldariak lurrera bota du gatza.
-
c. Sukaldariak gainera bota dio gatza txuletari.
Aditzaren osagarri edo inguratzaileen artean badira beste batzuk ere. Errepara diezaiogun (16)ko adibide honi eta aldera dezagun (15c)rekin:
-
Gaur sukaldariak, gonbidatu guztien aurrean, gatza bota dio gainera txuletari kontu handiz.
(15c)k jasotzen duen informazioaz gainera, (16)k denbora adberbio bat ere badu: gaur. Moduzko adberbio sintagma bat ere bai: kontu handiz. Eta baita lekua edo adierazten duen beste osagai bat ere: gonbidatu guztien aurrean. Hauek ez ditu aditzak hautatzen: agertu nahiz agertu ez, perpausak zuzena izaten segitzen du. Hori erakusten du (15c)k. Gainera, egile argumentua, gaia, edo jomuga beraz aditzari hertsiki lotuak egon ohi dira. Hain hertsiki, non, hautatuak diren heinean, nahi eta ez agertu behar duten. Eta agertzen ez badira, perpausa okerra gerta liteke, ulertutzat edo eman ezean. (17)ko perpausean, ordea, gaur osagaia, edo bere pareko beste edozein denbora adierako sintagma, guztiz aukerakoa da: batetik, edozein perpausetan, aditza zeinahi delarik ere, ager daiteke holako sintagma bat:
-
Bilera gaur {izan / jarri / iragarri / prestatu / eskatu /...} dugu.
Eta, bestetik, hori gabe ere eman daiteke:
-
a. Bilera bat izan dute gure lagunek.
-
b. Dirua eskatu digute kalean.
Berdin gertatzen da, kontu handiz bezalako sintagmekin ere. Honek modua adierazten du eta aditz gehienek onar ditzakete holako sintagmak beren inguruan:
-
Kontu handiz {hurbildu ginen / hitz egin genuen / aztertu genuen / ...}
Gonbidatu guztien aurrean bezalako leku-adposizio sintagmak ere (adierazten den gertakaria non izan den esaten digun sintagma, alegia) edozein perpausetan ager daitezke:
-
{Gonbidatu guztien aurrean / elizan / plaza berrian / taberna zaharrean /...} kantatu genuen / ikasi genuen / izan ginen / ikusi genuen / bildu ziren...}
Hortaz, hauek denek askoz askatasun handiagoa dute edozein perpausetan agertzeko, aditza edozein izanik ere.
10.2 Aditz sintagmaren egitura: osagarriak eta adjuntuak
Baina aditz sintagmaren burua, X-marradunaren teoriaren arabera, aditza dela onartuta, buru honen inguruan dabiltzan aipatu osagaiak zer-nolako erlazioan daude sintagma buruarekin? Edo berdin dena: zein da AS-ren egitura?
Aditzak hautatzen dituen osagai batzuk aipatu ditugu. Horietatik ohikoenak, subjektutzat eta osagarritzat eman ohi direnak dira. Baina osagarriak ere bi izan daitezke. Har dezagun gorago jarri dugun (1a) adibidearen pareko den beste hau:
-
Aitak amari gona gorria ekarri dio.
Hemen ekarri predikatuak subjektu bat dauka: aitak. Subjektuari kokagune berezia emanez gero, ohiko bidetik, beste bi osagai gelditzen zaizkigu aditzaren inguruan: amari eta gona gorria. Gona gorria osagarri zuzena dela esan ohi da. Baina kasu honetan ekarri predikatuak bi osagarri ditu. Horregatik esan ohi da ditrantsitiboa dela. X-marradunaren arabera, osagarriak ardatzaren ondo-ondoko kokagunea hartzen du, baina bi osagarri izanik, biak ezin egon aditzaren ondo-ondoan: bata ‘hurbilago’ egongo da bestea baino. Amari sintagma, datiboa da. Zehar osagarri dela ere esan ohi dugu. Horrezaz gainera, ezinbeseko elementua dela ere esan dugu.
Subjektuaren eta aditz sintagmaren arteko erlazioa irudikatzeko, (21)eko perpausarentzat esaterako, nahiko ohikoa da honako egitura honen antzekoa eskaintzea :
Baina arbola honetan [gona gorria] osagarria gune egokian kokatu dugun arren, aditzaren haurride bezala A’ islapenaren barruan, ez da hain segurua gauza bera egin ote dugun zehar osagarri den [amari] sintagmarekin. Izan ere, hau oraingoan A’-ren haurride gisa jarri dugu, horrenbestez adjuntutzat har daiteke, baina ohikoa da datibo hau ere ekarri aditzaren osagarria dela onartzea, zehar osagarri eta hori ez da hain argi ikusten hemen. Nola konpondu arazo hau, egituraren abartze bitarra ere errespetatu nahi bada? Denak ere AS-ren barnean sortzen badira, orduan ere arazo berdintsua dugu adabegi bakoitzari dagokion deitura ematen hasten garenean. Alegia, deitura horiek zein diren albora utziz gero ez legoke arazorik. Honelatsu izango litzateke AS hori :
Bestalde, adposizio sintagma bera izan daiteke osagarri nahiz adjuntu. Alegia aditz batek hautatua izan daiteke edo ez. Esaterako, lanean bezalako osagai bat, etxean edo itsasoan bezalaxe, adposizio sintagma bat da, inesiboa gainera. Baina honako perpaus pare honi erreparatzen badiogu, berehala ohartuko gara batean osagarria dela eta bestean adjuntu soila:
-
a. Jon igandean lanean {ari / hasi ...} zen ortuan.
-
b. {Lanean / ortuan} ezagutu nuen Jon.
(24a)n hiru AdpS inesibo ditugu: igandean, lanean eta ortuan. Baina garbi dago ari eta hasi aditzek benetan hautatua den sintagma lanean dela. [Lanean hasi]-ko lanean sintagma aditzari hertsiki lotua dago, lana amaitu-n lana bezainbat. Lanean hau benetako osagarria da, hortaz, eta ezin da erraz isilpean utzi. Aldiz, igandean eta ortuan sintagmak ere hor daude, baina ez baleude ere, perpausak zuzena izaten segituko luke, lehen ez bezala. Eta bi sintagma horiek, batak denbora eta besteak lekua adierazten dutelarik, edozein perpausetan agertzeko modukoak dira, edozein aditzekin:
-
{Lanean / ortuan} {ezagutu / aurkitu / ikusi / egon / edan / utzi / erabili ...}
Bestalde, (24b)ko lanean eta ortuan ere (24a)koa bezain postposizio sintagmak dira, baina oraingoan ez dira ezagutu aditzaren osagarri. (24b)n osagarri zuzena Jon da. Lanean-ek edo ortuan-ek adierazten duena da nik Jon non ezagutu nuen, ‘lantokian’ esango bagenu bezala.
Horrenbestez, badirudi aditzaren inguratzaileak ez direla maila berekoak. Are gehiago: badira zenbait sintagma, perpausean aditzaren inguruan ibili arren, egiazki aditzaren argumentu ez direnak. Adibidez, denbora adierazten duen AdpS-ak, edo modua edo lekua adierazten duenak ez dio, dirudienez, aditzari berari laguntzen, perpaus osoari baizik. Edo zehazkiago hitz eginez, perpausean adierazten den gertaerari dagozkion predikatuak direla dirudi. Saia gaitezen kontu hau pittin bat argitzen.
Perpausek, oro har, banakoen edo entitateen propietateak adierazten dituzte. Perpausetan banakoei erreferentzia egiten zaie baina, gertaerak ere adierazten dira. Davidsonek (1967) ohartarazi zuen bezala, predikazioaren ohiko tratamenduak ez zuen aukerarik ematen postposizio sintagmentzat leku aproposa aurkitzeko. Gure goiko adibidera atzera itzuliz:
-
Haurrak pilota bota dio txakurrari.
Haurra da kanpo-argumentua (egilea) eta pilota barne-argumentua (gaia). Aldiz, txakurra, zehar osagarria (hartzailea, helburua edo dena delakoa). Baina hiru argumentu hauez gainera, bestelako osagai batzuk ere ager daitezke:
-
Eguerdian, aurreko zelaian, ostikada izugarri batekin, pilota bota dio haurrak txakurrari, urrutira.
[Eguerdian], [aurreko zelaian], [ostikada izugarri batekin], eta [urrutira] sintagmak aukerakoak dira. Erraz utz daitezke albora perpausaren gramatikaltasuna urratu gabe. Ikus, bestela, (27). Ohiko gramatiketan sintagma hauek osagarri zirkunstantzialtzat hartzen dira eta gertaera jakin bati dagozkio, ez zuzenean bota predikatuari. Holako osagaiek gertaera jakin baten gorabeherak, ingurumariak, zirkunstantziak, zehazten dituzte: lekua, denbora, modua, helburua, kausa eta abar. Tesnière-ren (1959) lan ezagunean aktanteak eta zirkunstanteak bereizten ziren, antzerki baten aurrean bageunde bezala. Aktanteak aditzari lotuak ageri dira, aktore nagusiak balira bezala. Zirkunstanteak, aldiz, ‘antzerki’ honi markoa eskaintzen dioten zirkunstantziak izango lirateke. Hauek ez dira ezinbestekoak, hautazkoak baizik.
Arazoa da goian esan dugun bezala, osagarri zirkunstantzial hauek denak ez direla hautazkoak. Adibidez, pentsa liteke neurri sintagmak osagarri zirkunstantzialak direla. Osagarri zuzenak behintzat ez dira. Kontua da, hala ere, ez direla hautazkoak:
-
a. Teodorok berrehun kilo pisatzen zuen. (*Teodorok pisatzen zuen.)
-
b. Jonek bi metro neurtzen du. (*Jonek neurtzen du.)
Zenbait adberbiorekin ere gauza bera gertatzen da:
-
a. Presidenteak gaizki jokatu zuen lehengo eguneko bileran.
-
b. *Presidenteak jokatu zuen lehengo eguneko bileran.
-
c. Presidenteak gaizki jokatu zuen.
Honek esan nahi du (28)ko neurri sintagmak eta (29)ko gaizki adberbioa ez direla adjuntuak, argumentuzko osagarriak baizik. Hauek pisatu, neurtu edo jokatu predikatuen argumentu izango lirateke eta predikatua aseko bada, perpausean ezinbestean agertu beharrekoak dira.
(28)ko perpaus zuzenen ordez, beste zirkunstantzial batzuk gehitzen baditugu, berriz, perpausa okerra gertatzen da. Honako hau bezala:
-
*Jonek bi metro neurtzen du bileran.
Galdetu aditzaren kasuan ere, adibidez, beste horrenbeste: galdetu-k egile bat eskatzen du, galdera egiten duena, eta zer galdetzen den adieraztea ere bai. Nori galdetzen zaion ere bai. Baina, bota aditzak ez bezala, galdetu-k ez du adlatiborik eskatzen ez onartzen:
-
a. Haurrak txakurrari zerbait galdetu dio.
-
b. Haurrak zerbait galdetu du.
-
c. *Haurrak zerbait galdetu du mendira.
Galdetu-ren kasuan bi osagai beharko ditugu, bakoitzak bere lekua beteaz. Eta hirugarren bat ere behar izan genezake, nori galdetzen zaion alegia, galderak eta eskariak norbaiti egiten baitzaizkio beti, norbait hori geure burua bada ere. Baina galdetu-k, bota-k ez bezala, ez du inguruan adlatiborik behar ez eta ere onartzen.
Horrela, (31)ko adibideetatik lehenbiziko biak bakarrik izango dira zuzenak (aditzaren eskakizun guztiak betetzen baitituzte). Hirugarrena okerra izango da.
Ezin zaio aditz bati onartzen dituen baino argumentu gehiago erantsi. Eta gutxiago ere ez, normalki:
-
a. *Haurrak txokolatea gustatzen dio txakurrari.
-
b. Txakurrari txokolatea gustatzen zaio.
-
c. *Txakurrak/haurrak txokolatea gustatzen du.
Aipatu ditugun hiru osagai horiez aparte, ordea, beste sintagma batzuk ere agertuko dira, aukeran:
-
Irakasleak gaur goizean bizikleta eskatu dio Patxiri buelta bat emateko.
Erraz ikusten da (33)ko [gaur goizean] eta [buelta bat emateko] osagaiek ematen duen informazioa aukerakoa dela, zeren horiek gabe ere, perpausak bere osotasuna gordetzen du: irakasleak bizikleta eskatu dio Patxiri. Lehenbiziko osagaiak predikatuak hautatuak dira eta argumentu deituko diegu. Aukerakoak direnei, berriz, adjuntu.
Hortaz, aditza AS-ren ardatz gisa hartuko dugu eta ardatz honen eskakizun dira argumentuak. Eta, bestalde, aditzaren inguruan agertzen diren osagaiak ere ez dira denak mota eta maila berekoak. Horrek, AS-ren egituran ere ondorioak izango ditu.
a) Aditzaren inguruko osagarri hauetako batzuk nahitaezkotzat ulertzen direla (isilpean utzi daitezkeen arren): nork zer bota.
b) Nori bota dion, berriz, hautazkoa izango da. Datiboa aditz gehienek onartzen dute, baina ez guztiek, hala ere: jakin-ek edo susmatu-k, adibidez, normalean ez dute datiborik onartzen. Beste batzuek, aldiz, nahitaezkoa dute datibo hori: ekin-ek eta eutsi-k, esaterako.
c) Dena dela, osagarri hauek denek, aditzarekin duten erlazio hertsiaren erakusgarri gisa, adizkiarekin komunztadura jokoan sar daitezke. Gainerakoak ez. Jakina, komunztadura kontu hau adizki jokatuetan gertatzen da ez jokatugabeetan.
d) Gainerako postposizio sintagmak direla eta, esan behar da batzuk benetako osagarriak direla, baina beste batzuk adjuntu soilak. Bota bezalako leku-aldaketa adierazten duten beste aditzek ere (joan, etorri, eraman, ekarri, igo, eta antzekoek) adlatiboa hautatzen dute, nahiz eta osagarri hori ez den, normalean, ezinbesteko.
Horrenbestez :
10.3 Hiztegia abiapuntu
Gramatikaren osagai garrantzitsua da hiztegia. Hiztunok barneratua dugun hiztegiaz ari gara, buruko hiztegiaz. Alde honetatik, kontsidera daiteke hiztunok burmuinean dugun hiztegia dela gramatikaren ‘motorra’. Hiztegi honen islapena izango litzateke, nolabait, sintaxia bera. Alegia, hiztunak hitz bat, eta bereziki predikatu bat, hautatzen duenean, predikatu honen eskakizunak nola edo hala bete behar dira sintaxian: perpausen eta sintagmen egituran islatuko da hiztegia. Hitz bat ikasten denean (deitoratu hitza esaterako), hitz horren ageriko forma ez ezik, hitz horren esanahia ere kontuan hartu behar du (‘zerbaitek eragindako atsekabea adierazi’), eta beste hainbat kontu ere bai, azkenean norbaitek gertaera bat deitoratzen duela esatera iristeko moduan. Adibidez: gobernuak biziki deitoratzen du zenbait poliziak horrela jokatu izana, eta ez, *gobernuari biziki deitoratzen dio zenbait poliziak horrela jokatu izanak. Gaurko hizkuntzalariek esaten duten bezala, hiztegiko elementuen ezaugarriak sintaxi maila guztietan gorde behar dira (cf. Artiagoitia 2000: 129).
Har dezagun, adibidez, galdetu hitza. Hiztunok badugu hitz honen hotsezko informazioa (/galdetu/ eta /gelditu/ edo /geldotu/ hitz desberdinak dira, adibidez). Sintaxiaren ikuspegitik ere badugu hainbat informazio gure burmuineko hiztegian. Adibidez, aditz kategoriakoa dela, aditzaren banaketa baitu eta ez izenarena, esaterako:
-
a. Irakasleak ikasleei zer egin nahi zuten {galdetu / *galdera} zien.
-
b. Ikasleak irakasleari {galdera / *galdetu} ausart bat egin zion.
Galdetu [+Aditza] kategoriakoa dela esango dugu baina galdera [+Izena] dela. Aditzek taxu berezia har dezakete: galdetzen diozu, galdetuko bagenio, galdetzea... Bestelako testuingurua eskatzen du, ordea, galdera izenak: galdera hau, galderei, galdera interesgarri bat...
Sintaxiari buruzko bestelako zenbait informazio ere badugu geure hiztegian. Adibide berarekin jarraituz, hiztunak badaki aditz hori ezin dela edozein inguramendutan agertu. Beste aditz bat, eskatu adibidez, galdetu ager daitekeen zenbait testuingurutan ezin dela agertu:
-
a. Mikelek {galdetu / *eskatu} du bihar nor etorriko den.
-
b. Mikelek {*galdetu/ * eskatu} du bihar denak etorriko direla.
-
c. Mikelek guri {galdetu/ eskatu} digu zure telefono zenbakia.
-
d. Mikelek {*galdetu/ eskatu} digu garaiz etortzeko.
Hots: galdetu aditzak osagarritzat galde-perpaus bat onartzen duen bitartean (36a), eskatu-k ezin du holakorik onartu, ez galde-perpausik (36a), ez adierazpen-perpausik (36b). Baina bi aditzek, antza, onartzen dute osagarri gisa DS bat, (36c) eta (36c) lekuko. 4
Beste aditz bat hartuz gero, funtzionatu bezalako bat adibidez, badakigu ez duela argumentu bat baizik onartzen.
-
a. *Mikelek makina funtzionatu du.
-
b. Formula horrek ez du inoiz funtzionatu.
Sintaxiari buruzko informazio honek, hortaz, badu lekua hiztunaren hiztegian, aditz bakoitza dagokion testuinguru sintaktikoan ezartzeko gai den heinean. Kategoriazko hautapena dei geniezaioke honi. Izan ere, aditz bakoitzak (eta, azken batean, hitz edo morfema bakoitzak) bere osagarriak zein kategoriatakoak izango diren ‘erabakitzen’ du. Adibidez:
-
a. galdetu, [+Aditza], +/ [Perpausa__ ], +/[DS__ ]
-
b. osatu, [+Aditza], +/ [DS__ ]
-
c. funtzionatu, [+Aditza], [__]
Alegia, Galdetu-k osagarritzat perpausak zein DS-ak hautatzen ditu. Osatu-k, aldiz, DS besterik ez. Eta funtzionatu-k, antza, ez du DS-rik hautatzen osagarri gisa.
Baina kategoriazko hautapen honetaz gainera, gure burmuineko hiztegian beste informazio bat ere biltzen dela onartzen da, hautapen tematikoa deitzen dena edo, honen bertsio murriztua datekeen argumentu egitura. Argitu ditzagun kontzeptu hauek.
Logikari mailegutan hartuak dira predikatu eta argumentu kontzeptuak perpausaren esanahiaren berri emateko. Har ditzagun bizpahiru adibide:
-
a. Haurrak gitarra jotzen du.
-
b. Haurra jaio da.
-
c. Haurra poztu da.
Jo, jaio eta poztu aditzak predikatuak dira. Lehenbiziko perpausean, jo–k bi argumentu dituela esan ohi da: haurra eta gitarra. (39a). (39b eta c)n, berriz argumentu bakarra dugu: haurra.
Baina kasu bakoitzean zenbat argumentu diren jasotzeaz gainera, hiztunak badaki argumentu horietako bakoitzak zer adiera duen. Edo antzerkiaren irudia erabiliz, aipatu dugun argumentu bakoitzari zer nolako rola dagokion ere jakin behar dugu. Izan ere, goiko adibideetan haurrak ez du denetan rol bera betetzen: (39a)n haurra egilearena egiten ari da, (39b)n, aldiz, egilea ez, gaia edo dela esan ohi da. (38c)n ere beste rol berri bat dugu, esperimentatzailea dei litekeena. Eta (39a)ko gitarra argumentuak ere badu bere rola, gaia hau ere. Horrenbestez, perpausaren esanahia predikatuaren esanahiaren eta honen inguruko argumentuen rol tematikoen artean osatzen da: jopredikatua + haurraegilea + gitarragaia. Eta perpaus bat osoa izango bada, nahitaezko da aditzaren eskakizun argumental guztiak erabat aseak izatea. Predikatuari, eskatzen duena eman behar zaio. Bestela, ez da asetzen. (39a), adibidez, ezin da osotzat eman aditzak eskatzen dituen bi argumentuak nola edo hala ematen ez baditugu. Adibidez, honako hau, besterik gabe, osatu gabe egongo litzateke:
-
*Haurrak jotzen du. (zerbait jotzen duela ulertzen ez bada)
Aditz batek hautatzen dituen argumentuak zenbat, hainbatekoa izan behar du sintagmen kopuruak ere. Horrela bakarrik aseko da predikatua. Predikatu batek behar duen argumentu kopuruari aditzaren balentzia deitzen zaio, kimikatik hartutako termino bat erabiliz. Horrela, aditz monobalenteak (balentzia batekoak), bibalenteak (bikoak) eta tribalenteak (hirukoa dutenak) izango ditugu. Edo beste modu batera esanda: argumentu bakarrekoak, argumentu bikoak eta hiru argumentukoak.
Kontua da predikatuek, duten esanahiaren arabera hautatzen dituztela beren argumentuak. Hots: predikatu baten argumentu egitura, azken batean, bere hezurdura izango litzateke. Adibidez, transferentzia adierazten duen aditz baten (eman, eskaini, oparitu...) argumentu batek hartzailea edo helmuga adierazten du eta transferentzia ekintza hori ezin da behar bezala ulertu osagai hori jokoan sartzen ez bada, hartzailerik ez bada, alegia. Galdetu bezalako aditz bat ezin da pentsatu ere egin galdetze horren objekturik gabe.
10.3.1 Egitura tematikoa, esanahiaren ‘hezurdura’
Egitura tematikoa argumentu egituraren aldaera bat izango litzateke, argumentu-egitura ‘osatua’ edo ‘aberastua’: esan beharrean bota aditzak hiru argumentu dituela, saia gintezke informazio hori osatzen argumentu horietako bakoitzari zer funtzio semantiko dagokion esanaz. Bota-ren kasuan, adibidez, esan liteke honako honen antzeko zer edo zer, gorago esan dugun bezala:
-
bota, [E(gilea), G(aia), H(artzailea)]
Rol semantiko edo tematiko hauek kanonikoki nola gauzatzen diren ere esan daiteke. Adibidez, egilea oro har, kanonikoki, DS gisa gauzatuko da, berdin gaia eta hartzailea ere. Hori bai, bakoitza kasu marka bereziarekin: oro har, egilea, ergatibo gisa, gaia, absolutibo gisa, eta hartzailea datibo gisa.
Rol tematikoen kopurua aski mugatua da. Hona hemen gehienbat aipatzen direnak gramatika lanetan:
Errol tematiko nagusiak:
EGILEA: predikatuak adierazten duen ekintzaren egilea. Adibidez:
-
Haurrak harria bota du.
Egiletzat hartzeko, biziduna eta borondateduna izatea eskatzen da. Dena dela, eztabaidagarria gertatzen da kontu hau. Seguru asko, bada egiletasuna, eragiletasuna, kausa... biltzen dituen errol tematiko batez aritu beharko genuke.
GAIA: predikatuak adierazten duen ekintzak ukitzen duena, hots, aldaketa bat edo prozesu bat jasaten duena.
-
Haurrak harria bota du.
ESPERIMENTATZAILEA: predikatuak adierazten duen egoera psikologikoa jasaten duena.
-
Holako gauzekin beti lotsatzen da gure laguna.
Lotsa esperimentatzen duena gure laguna da.
ONURADUNA/KALTEDUNA: ekintza batetik onura edo kaltea ateratzen duena.
-
Josebak muturreko ederra jaso du.
BITARTEKOA: zerbait gerta dadin behar den bitartekoa edo lanabesa
-
a. Giltza honek ate guztiak ireki ditzake.
-
b. Zure aurpegiak zerbait iradoki zidan.
LOKATIBOA: zerbait gertatzen den lekua
-
Gu Bilbon bizi ginen urte hartan.
HELBURUA: mugimendu baten azken muga, nora mugitzen den alegia
-
Harria itsasora bota zuen haurrak.
KANTITATEA: gertaera baten espazio edo denbora neurria
-
Bi urte(z) bizi izan ginen Kenyan.
ITURBURUA: mugimendu baten abiapuntua, edo prozesu baten jatorritzat hartzen den parte hartzailea. Zerbait nondik mugitzen den adierazten duena.
-
Etxeko leihotik erori zen loreontzia.
BIDEA: mugimendu batek jarraitzen duen bidea:
-
Hormako zirrikitu txiki batetik sartu zen mutikoa.
KAUSA: gertaera bati loturik datorren aldaketaren iturria edo motiboa:
-
Seme-alaben ikasketengatik kezkaturik zebilen Jon.
10.3.2 Subjektuaz eta predikatuaz
AS-ren barnean, aditzaz gainera beste sintagma batzuk agertu ohi direla esan dugu. Baina ez dute osatzen halako multzo desordenatu eta lau bat. Osagaiak ez daude denak maila berean. Hain zuzen, betidanik pentsatu izan dute gramatikalariek perpausa zerbait hierarkizatua dela. Ohikoa da, adibidez, perpaus guztietan bi atal bereiztea: subjektua eta predikatua. Esaterako:
-
a. Astoak arrantza egin du.
-
b. Gure nagusia Bilbon bizi da.
-
c. Gizon hori oso aberatsa da.
-
d. Esneak irakin du.
Azpimarratuta eman ditugun osagaiak subjektuak direla onartzera ohituak gaude. Hiru perpaus horietan, gainera, subjektutzat ematen den horren ondoren datorrena predikatua dela esan ohi da eta predikatuak subjektu bati buruzko ezaugarri bat ematen digu, zerbait predikatzen du: astoak arrantza egin; nagusia Bilbon bizi, gizon hori aberatsa izan; esneak irakin.
Bestalde, hemen goian aipatu diren sintagma batzuk osagarriak direla onartu dugu. Beste batzuk, berriz, adjuntuak. Nolanahi ere, (53)ko subjektuak argumentuak ere badira bakoitza bere rol tematikoa betetzen duelarik. Adibidez, astoa, (53a)n, egile bat dela onartuko dugu, arrantza-egilea. Aldiz, (53b eta c)ko subjektuek egiletik gutxi dute: Bilbon bizitzea edo aberatsa izatea ez da ezer egitea. Kasu honetan, subjektuak gaiak izan litezke, beharbada, baina ez egileak.
Orain hemen interesatzen zaigun kontua, ordea, beste bat da, alegia, subjektua bereizteak ba al du funtsik? Kasu batzuetan subjektua zein ote den eztabaidagarria izateak ez du esan nahi subjektu funtzioa albora utzi daitekeenik. Perpaus guztiek behar dute izan subjektua. Azken batean, zenbait sintaxi arau formulatzerakoan, nahitaez, erreferentzia egin behar zaio subjektuari. Esate baterako, zenbait egituratan (kontrol egituretan, adibidez) osagai bat isilpean utzi beharrekoa gertatzen da eta osagai hori subjektua izan ohi da. Adibidez:
-
a. Gure zuzendariaki ez daki [øi isilik egoten]
-
b. * Gure zuzendariaki ez daki [guj isilik egoten]
-
c. Gure zuzendariaki ez daki [øi jendea errespetatzen]
-
d. * Gure zuzendariaki ez daki [jendeakj øi errespetatzen]
Holakoetan mendeko perpausean isilpean utzi behar dena subjektua da. Berdin dio subjektu isil horri (øi gisa irudikatzen dugu) absolutibo kasua dagokion, (54a)n bezala, ala ergatiboa, (54c)n bezala. (54)ko perpaus zuzenen eta okerren berri eman ahal izateko, ezinbestekoa da mendeko perpaus jokatugabeko subjektua aipatzea. Hortaz, albora ezin utzizko funtzioa dugu subjektuarena.
Beste adibide bat jartzearren, pentsa dezagun aginteran eta agindu perpausetan. Benetako aginterazko perpausetan subjektua bigarren pertsonakoa izatea nahitaezkoa da:
-
Mesedez, eraman nazazu/ nazazue. [zuk/zuek (subjektua) ni (objektua) eraman]
Baina nik zu/zuek eraman baldin badugu, ezingo dugu hemendik benetako aginterarik osatu, bigarren pertsonako osagai bat (zu/zuek objektua) begien aurrean badugu ere:
-
Mesedez, *eraman zaitzat/ *zaitzatet. (cf. eraman zaitzadan eskatu dit)
Horrenbestez, agintera ‘abian jartzeko’ ezinbestekoa da subjektua bigarren pertsonakoa izatea.
Baina subjektuaren gaia mahai gainean hemen jartzearen arrazoia da gai hau bete-betean sartzen dela perpausaren eta ASren egituraren esparruan. Subjektu/predikatu partiketa bitarra egitea ohikoa izan da gure gramatiketan eta baita gramatika teoria berrietan ere. Perpausa honako bi atalek osatzen zutela esaten zen:
-
Perpausa ➔ IS (subjektua) + AS (predikatua)
Eta laguntzaileari ere leku egin nahi bazitzaion, honako hau:
-
Perpausa ➔ IS + Lag + AS
Azken honek X-marra teoriaren binakako abartzea ez du errespetatzen, perpausa maila bereko hiru atalez osatua dagoela erakusten baitu (58)ko formula horrek. Hori salbatzeko, Laguntzailea edo Inflexioa hartzen da perpausaren ardatz gisa. Bidezkoa da, alde askotatik:
-
a. InflS (=Perpausa) ➔ IS + Infl’
-
b. Infl’ ➔ AS + Infl
Honen arabera, (60a)ko perpausaren egitura (60b)koa izan liteke:
-
a. Katuak sagu bat dakar.
-
b.
Honek esan nahi du perpausaren ardatza inflexioa dela eta AS dela Infl-ren osagarria. Perpausaren subjektua, berriz, InflS-ren espezifikatzailea izango da.
Perpaus honek azalean erakusten duen forma benetakora iristeko, aditzak (hemen –kar- erro biluzi gisa eman dugu), Infl deitzen dugun gunearekin bat egin beharko du, dakar adizkia osatzera iristeko: [+oraina] tasuna -a- bezala, edo hobeto da- bezala gauzatuko da; [Abs 3 sg] tasuna, berriz, ø gisa gauzatuko da.5 [Erg 3. Sg] tasunari dagokion morfema oraingoan ere ø da. Osagaien ordena <Abs-Denb-Erroa-Erg>, A-k eta Infl-ek bat egindakoan [ø-da-kar-ø] izango dugu: dakar, alegia.
Baina AS Infl-ren osagarria bada, AS-ren barne egitura eta barne hierarkia zein den jakitea ere ez litzaiguke gaizki etorriko. Jadanik ohikoa bihurtu da ‘kanpo argumentua’ eta ‘barne argumentuak’ bereiztea. Ideia oso hedatua da subjektu guztiak aditz sintagmaren barnean sortzen direla eta ez bakarrik aditz inakusatiboen subjektuak (harri handi bat erori da). Hipotesi honen arabera, egile rola duten subjektuak sakoneko egituran sortzen dira, AS-ren barnean, espezifikatzailearen gunean. Hemen jasotzen dute rol tematikoa. Gero, InflS-ren espezifikatzaile gunera igoko dira, Kasua hartzeko. Igotze hori baino lehenago perpaus horrek honako taxua izango zukeen:
Proposamen honen alde eman diren argudioen artean, Eguren & Fernández Sorianok (2004) bi hautatzen dituzte. Lehenbizikoa semantikoa da eta rol tematikoak esleitzearekin eta ‘hautapen-tasunekin’ du zerikusia. Har dezagun honako adibide parea (63a) eta (63b):
-
a. Mirenek [egilea] [txahala {pisatu/pisatuko} du] jaiotzean.
-
b. Mirenek [esperimentatzailea] [hiru kilo {pisatu/pisatuko} du] jaiotzean.
-
c. Mirenek [+biziduna] [{beldurra/#pitzatua} du/izango du}]
-
d. Etxe honek [-bizigabea] [{#beldurra/pitzatua {du/izango du}]
(63a) eta (63b)-k erakusten dute aditzak eta honen osagarri hautatuak kanpo-argumentuari konposizionalki rol tematikoa esleitzen diotela: pisatu aditzak txahala moduko osagarri bat hartzen badu, kanpo argumentuari egile rola esleitzen zaio. Aldiz, pisatu aditz horren osagarria txahala bezalako banako bat izan beharrean kopuru bat adierazten badu (hiru kilo, adibidez), orduan kanpo argumentuak gai rola jasoko du. Alegia, txahala pisatzea ekintza bat da; hiru kilo pisatzea, berriz, egoera bat. Gauza bera gertatzen da (63c eta d)-rekin ere, baina oraingoan ez gara argumentu egiturez ari, aditzen hautapen ezaugarriez baizik: aditzak eta honen osagarriak batera zertzen duten bitarteko A’ islapenak erabakitzen du subjektua zein klase semantikotakoa den eta ez aditzak berak bakarrik. Izaki bizidunek izan dezakete beldurra baina ez, bizigabeek. Eta, alderantziz, etxe bezalako izaki bizigabeek pitzatuak izan ditzakete, ez ordea, izaki bizidunek.
Hortaz, aditzak eta honek hautaturiko osagarriak, biek batera, kanpo-argumentuaren ezaugarri semantiko batzuk erabakitzen dituzte. Honek esan nahi du osagai sintaktiko bat gauzatzen dutela. (60)-ko eta (61b)-ko egiturek osagarriak eta aditzak sintagma bat osatzen dutela, baina egitura hauek iragarpen desberdinak egiten dituzte subjektuari rol tematikoa esleitzeko orduan eta hautapen ezaugarriak finkatzerakoan aditz flexioari dagokion zereginari buruz. (60)-n iradokitzen da Infl-ek baduela zer ikusirik, AS-rekin batera, prozesu hauetan, subjektua sakoneko egituran bitarteko Infl’ gunearen ‘haurridea’ denez. (63)-ko adibideetan garbi ikusten da perpausaren aldiak ez duela zer eginik ez subjektuari rol tematikoa esleitzeko orduan ez eta ere subjektu horren barruan ageri den izenaren klase semantikoa erabakitzerakoan. Honen berri emateko modu egokia da, hipotesiaren proposatzaileen arabera, subjektua aditz sintagmaren barnean sortzen dela onartzea, (61)-eko egituraren antzeko batean, alegia.
Finkatutako esapideek ere argudio har daitezke, antza. Badira perpausezko esapideak, aditz iragankorra dutenak, eta subjektuaren, osagarriaren eta aditzaren hautaketa finkoak ezartzen dituztenak, honako adibide hauetan bezala:
-
a. Txoritxo batek {esan/esango} dit.
-
b. Zezenak {harrapatu/harrapatuko} nau.
Oraingoan ere, perpausaren aldia alda daiteke baina horrek ez dio esamoldeari eragiten. Seinale, subjektuak, osagarriak eta aditzak osagai bat osatzen dutela, Infl kanpo dela.
AS-ren barneko subjektuaren hipotesiaren aldaera finagoa da Split VP Hypothesis (AS zatikatuaren hipotesia) delakoa. Hemen As-ren barne-egitura hedatu egiten da beti ere subjektuak esparru horretan sortarazten diren sakoneko egituran. Hipotesi honen arabera, egile argumentua duten aditz sintagmek egitura konplexuagoa dute, aditzaren bi islapen dituelarik, bi AS-geruza desberdin: lehenbizi kanporagoko aS bat. Honen espezifikatzailean sortzen da argumentu bat egile rol tematikoa duena. Bigarren geruza bat dago, barnerago, AS sintagma, gai rol tematikoa duen argumentua duena.
Hasieran AS zatikatuaren hipotesia formulatu zen bi osagarri hautatu dituzten aditzak buru dituzten aditz sintagmak zehazkiago analizatzearren. Kategoria funtzionalak buruak direla eta hauek ere beren sintagmak islatzen dituztelako hipotesia batetik, eta subjektuak AS-ren barnean sortzen direlakoa bestetik onartuz, (64a) perpausaren egitura (64b)-koa izango litzateke:
-
a. Jonek liburu bakoitza bere lekuan jarri zuen.
-
b.
Egitura honetan bi maila bereizten dira, bi aditz-geruza. Honekin lortu nahi dena da perpaus batean aditz bat hiru argumenturekin daukagunean, agerian jartzea esplizituki, sakoneko egituran, predikazio baten barruan beste predikazio bat dugula. Jonek liburu bakoitza bere lekuan jarri zuen perpausaren esanahia honako parafrasi honen antzekoa da: Jonek eragin zuen liburu bakoitza bere lekuan egotea. Kanporen dagoen geruzak (aS) fonetikoki hutsa den burua du (a txikia) eta honek egiten duen ekarpena aditz arazleak sortzeko erabiltzen ditugun aditz arinena (arazi, eragin) bera litzateke. Lehenbiziko geruza honetako a txiki horrek osagarritzat hartuko luke barneko AS islapena eta espezifikatzailetzat egile argumentua, hots kanpo-subjektua. Barruen dagoen geruzaren burua, berriz, jarri aditza da. Hemen bere lekuan PoS aditz horren osagarria da, eta gai rol tematikoa duen liburu bakoitza DS-a espezifikatzailearen gunean kokatzen da eta barneko predikatuaren subjektu gisa lan egiten du, barne-subjektu gisa. Sakoneko egituratik azaleko egiturarako ‘bidean’, (64b)-eko geziek erakusten duten bezala, jarri aditza a-ren gunera mugitzen da, a txiki hori afixu bat izango bailitzateke, eta horrela (A+a) gisa eratutako X0 unitatea mugitzen da halaber Infl-en espezifikatzaile gunera Kasua hartzeko.
10.4 Argumentu egitura
Aditz bakoitzaren eskakizun hauek lotura estua dute aditz honen esanahiarekin. Adibidez, hil aditzak bi adiera funtsezko ditu eta bakoitzean argumentu kopuru desberdina hautatzen du aditz horrek:
-
a. Txerria hil da.
-
b. Harakinak txerria hil du.
Bi aditz ditugula ere pentsa liteke. Gaztelaniaz edo frantsesez esaterako morir/matar; mourir/tuer aditz desberdinak dira. Euskaraz ere, pentsa liteke hil1 eta hil2 ditugula. Batak argumentu bakarra eskatzen du (hiltzen dena), besteak bi: hiltzen dena, gehi hiltzailea.
Hiztunok geure buruan dugun hiztegian bildurik dago informazio hau. Aditz jakin baten esanahia ulertzen baldin badugu, aditz horrek adierazten duen ekintza edo prozesua zein den ere ulertzen dugu. Eta hau ulertzeko, prozesu edo ekintza horretan partehartzaile dena ere zein den jakin beharra dago. Adibidez, <erosi> edo <saldu> aditzek zer esan nahi duten ulertzen badugu, aditz horiek aditzera ematen duten prozesua ere (“diru truke zerbait eskuratu” edo “diru truke zerbait eman”, adibidez) ulertu behar dugu, eta prozesu honetan zer partehartzaile ditugun ere bai. Alegia, erosi edo saldu ahal izateko, eroslea nahiz saltzailea den norbait (nork erosten/saltzen duen) behar dugu eta erosketaren edo salmentaren gaia ere bai (zer erosten/saltzen den).
Aditz bakoitzak bere “sare tematikoa” duela esan ohi dugu. Horrela, aditzaren eskakizunak betetzen dituzten argumentuak bereizi ohi dira: egilea, gaia, hartzailea, jasailea, instrumentala, iturria, helburua, eta abar. Hauek osatzen dute aditzaren sare tematiko hori. Predikatuak eta bere argumentuek osatzen dute perpausaren funtsezko esanahia. Argumentu hauek zer motatakoak diren, berez, geure hiztegi mentalean zehaztua dago. Ohiko hiztegietan ere hala egon behar luke, hein batean, aditz bakoitzaren esanahiaren berri ematerakoan.
Baina horrezaz gainera, argumentu horietako bakoitza sintaktikoki nola gauzatzen den ere jakin beharra dago. Horrela, argumentu bakoitzari zer nolako kasu marka dagokion edo perpaus bat izan daitekeen ala ez ere esango zaigu hiztegian, hau ere hiztunak bai baitaki.
Ikus dezagun hori adibide batekin. Hiztunak pentsa dezake ikasi, jakin eta ahaztu aditzen artean, erosi eta saldu-ren artean bezala, badela nola halako erlazioren bat. Hiru aditzek eskatzen dituzte gutxienez bi argumentu: bata gaia dei genezakeena, alegia ikasten, jakiten edo ahazten den zer hori. Bestea zer den ez dago hain argi: kasuren batean (jakin-enean, adibidez) egile errola baino areago agian, jasaile dela esango genuke. Nolanahi ere, hiruretan argumentu hori oso antzekoa dela ematen du: zerbait ikasten duena, zerbait dakiena edo zerbait ahaztu zaiona mota bereko argumentua da, errol berekoa:
-
a. Andonik ongi ikasi du bertsoa.
-
b. Andonik badaki bertsoa.
-
c. Andoniri ahaztu egin zaio bertsoa.
“Gai” errola betetzen duen sintagma, berriz, DS absolutiboa izan daiteke edo perpaus bat:
-
a. {ikasi dut, badakit, ahaztu zait} zure izena.
-
b. {ikasi dut, badakit, ahaztu zait} bizikletan ibiltzen.
-
c. {ikasi dut, badakit, ahaztu zait} bi eta bi lau direla.
Kontua da “jasaile” edo “esperimentatzaile”6 delako errol hori betetzen duen sintagmak batean kasu-marka bat erakusten duen bitartean, beste bat eska dezakeela bestean: ikasi-k eta jakin-ek ergatiboa eskatzen dute, ahaztu-k datiboa eska dezake:
-
a. [Nik ERG] bizikletan ibiltzen ikasi dut.
-
b. [Nik ERG] bizikletan ibiltzen badakit.
-
c. [Niri DAT] bizikletan ibiltzen ahaztu egin zait.
Beraz, aditz bakoitzak bere inguratzaileei buruzko zenbait eskakizun ditu. Ikasi-ren eta jakin-en kasuan esan daiteke aditz horiek bina argumentu hautatzen dituztela, lehenbizikoa esperimentatzailea eta bigarrena gaia dena. Baina, horrezaz gainera, lehenbizikoa ergatibo gisa gauzatzen da (nik, Andonik …) eta bigarrena absolutibo gisa (bertsoa, zure izena …) edo perpaus jokatu gisa (bi eta bi lau direla) nahiz perpaus jokatugabe gisa (bizikletan ibiltzen). Ahaztu-ren kasuan, aldiz, hautatzen duen lehenbiziko argumentuak esperimentatzaile errol tematiko bera bete arren, kasuari dagokionez, ergatiboan ez ezik datiboan ere ager daiteke (niri, Andoniri …), eta absolutiboan ere bai (ni, Andoni), osagarria nolakoa den.7
Hain zuzen, eskakizun hauen arabera sailka daitezke aditzak.
Alde horretatik, jadanik ohikoa da euskal gramatiketan aditzak kasu gramatikalen arabera sailkatzea. Horrela, nor motako aditzak, nor-nori motako aditzak, nor-nork motako aditzak eta nor-nori-nork motako aditzak bereizi ohi dira. Hala ere, Fernández & Ortiz de Urbinak (2010:15) neutralagoa den sailkapena eskaini nahi dute, ‘ez horrenbeste aditzena eurena, ez bada argumentu egiturena’. Kontua da aditz batzuk (etorri, erori, izan, ...) agertzen diren perpausetan subjektua absolutiboan doala. Beste batzuetan, aldiz, ergatiboan (ekarri, erosi, esan, ...). Eta, gainera, lehenbizikoetan, adibidez, ergatiboarentzako lekurik ez da. Horregatik, honako perpaus hauek zuzenak dira:
-
a. Idazkari berria etorri da. (subjektua absolutiboa)
-
b. Idazkari berria etorriko zaizue. (idem)
-
c. *Idazkari berria etorri du nagusiak.
-
d.*Idazkari berria etorri digu nagusiak.
(69a eta b) zuzenak dira, baina bese biak okerrak. Izan ere, Etorri-k ez du sintagma ergatiborik onartzen inguruan. Baina, etorri-ren ordez, ekarri aditza hartzen badugu, gauzak bestela dira:
-
a. Idazkari berria ekarri du nagusiak.
-
b. Idazkari berria ekarri digu nagusiak.
Datiboaren agerpena normalean aukerakoa da. Nahiz eta badiren aditz gutxi batzuk (ekin, eutsi, jarraitu, ...) datiboa nahi eta ez eskatzen dutenak:
-
a. Lanari ekingo diogu.
-
b. *Lana ekingo dugu.
Beste batzuetan, berriz, alternantzia dagoela esango dugu:
-
Guardasola ahaztu zaio aitonari. / Guardasola ahaztu du aitonak.
Horregatik, euskal gramatiketan aditzen sailkapenerako, batez ere ergatibo gisa markatutako sintagma agertzen den ala ez hartu izan da kontuan. Honen arabera, aditzek, jokatzen direnean, laguntzaile egokia eskatuko dute: batzuek, ergatibo gabeek, izan, *edin laguntzaileak, besteek, ergatibodunek, *edun, *ezan laguntzaileak. Edo, errazago ulertzeko, funtsean, batzuek <DA/DADI> laguntzailea eskatuko dute eta besteek <DU/DEZA> laguntzailea. Informazio hau hiztegietan eman ohi da.
Ohikoa da aditz batek ergatiboa eskatzen badu, absolutiboa ere eskatzea: erosi, ekarri, erabili, ikasi... aditzek hala egiten dute:
-
a. Alkateak liburu eder bat erosi/ekarri/erabili... du.
-
b. Gauza berri asko ikasi dituzte ikasleek.
Baina badira beste aditz batzuk ergatiboa (nork) bai, baina absolutiborik (nor) inondik ageri ez dutenak. Adibidez: bazkaldu, gosaldu, irakin, iraun,...:
-
a. Urak ez du oraindik irakin.
-
b. Ordubietan bazkalduko dugu.
10.5 Aditzen sailkapena: aditz iragangaitz eta iragankorrak
Hortaz, aditz bakoitzak bere inguruan behar dituen osagaiek eman diezagukete aditzon sailkapena egiteko irizpidea. Izan ere, aditzak eta honek inguruan dituen argumentuek egitura desberdinak izan ditzakete eta hauetaz baliatzen ahal gara predikatuak sailkatzeko. Egitura hori, batetik argumentu kopuruaren arabera finkatuko da, aditz bakoitzak zenbat argumentu eskatzen dituen eta argumentu horien esanahia (egilea den, gaia den, hartzailea, instrumentua...) kontuan hartuz. Horrezaz gainera, argumentu horiek zer kasu edo zer postposizio duten ere kontuan hartuko da. Hala, aditza iragangaitza izango da argumentu bakarra badu. Alde horretatik, erori edo joan, adibidez, iragangaitzak dira. Beste alde batetik, absolutibo kasua ezartzen zaio argumentu bakar honi. Halako aditzei inakusatibo deitura ematen zaie gaur egungo gramatika teorian. Alabaina, badira argumentu bakarreko aditzak izanik ere, argumentu horri absolutibo kasua ezarri beharrean, ergatiboa ezartzen diotenak. Halakoak dira, adibidez, irakin edo iraun. Azken hauei inergatibo deitzen zaie gaur egun, nahiz eta deponente deitura ere jaso duten (Lafitte 1944). Inakusatibo eta inergatiboak alde batera, aditz iragankorrak ere badaude. Azken hauek osagarria ere hartzen dute. Hortaz, bi argumentu dituzte, subjektua eta osagarria alegia, eta ergatiboa eta absolutiboa ezartzen diete.
Horrezaz gain, aditzek hautatzen duten aditz laguntzailea ere badago eta laguntzaile horrek hartzen duen itxura. <DA> formako eta <DU> formako aditzak bereizi ditugunean, aditz laguntzaileak hartzen duen itxuraz ari ginen. Absolutibo argumentua baino hartzen ez duten aditzek, inakusatiboek alegia, <DA> formako aditz laguntzailea hartzen dute. Aldiz, inergatiboek eta iragankorrek <DU> formako aditz laguntzailea jasotzen dute.
Hiztegiak hitz bakoitzaren ezaugarriak eskaini behar dizkigu eta aditzei dagokienean, jakina, bakoitzak zer nolako argumentuak eskatzen dituen eta horietako bakoitzari zer errol tematiko dagokion (egilea, gaia, jasailea, bitartekoa, lekua, hartzailea …) eta nolako taxu gramatikala (hots: zein kasutan doan, ergatiboan, absolutiboan, datiboan, etab. edo perpaus bat onartzen duen ala ez, eta perpaus hori jokatua den ala ez, etab.).
Horrenbestez, aditz iragankor/aditz iragangaitz ohiko sailkapena apur bat egokitu beharrean aurkitzen gara :
IRAGANGAITZA | IRAGANKORRA | |
---|---|---|
INAKUSATIBOA | INERGATIBOA | |
[absolutiboa] | [ergatiboa] | [ergatibo-absolutiboa] |
erori | bazkaldu | ekarri |
etorri | dimititu | esan |
ibili | eskiatu | eraman |
joan | irakin | jakin |
Hala ere, aditz batzuek iragangaitz gisa nahiz iragankor gisa lan egin dezakete. Gogoratu, adibidez, gorago aipatu den hil1 / hil2 aditzen kasu nabarmena, edo atera1 / atera2-rena. Inkoatibo/arazle alternantzian parte hartzen duten aditzak dira hauek. Iragangaitz gisa jokatzen dutenean, aldaera inkoatiboaz hitz egiten da eta iragankor gisa jokatzen dutenean, aldaera arazleaz.
Beste batzuek, berriz, iragankor gisa ere erabiltzen dira, euskalkien arabera. Adibidez, ibili, igaro, igo, jaitsi...:
-
a. Mendira igo naiz / Mendi hori maiz igo dut.
-
b. Mendate horretatik igaro dira txirrindulariak / Mendatea igaro dute txirrindulariek
Bestalde, igo eta jaitsi-ren kasuan bi erabilera ditugu, adiera desberdinarekin:
-
a. Bizikleta ganbarara igoko dut. (iragankorra)
-
b. Ganbarara igoko naiz eta bizikleta eramango dut. (iragangaitza)
Hortaz, aditzen oinarrizko sailkapenaz gain, kontuan hartu beharra dago, adibidez, zein alternantziatan ageri diren, alegia, egitura batean baino gehiagotan ager ote daitezkeen (inkoatibo/arazlean adibidez) eta abar. Horrezaz gain, aditzek datibo argumentua ere hartu dezaketenez, halaxe osa genezake goiko taula, hots, datiboak gaineratuz eta egitura datibogabeak eta datibodunak bereiziz .
IRAGANGAITZA | IRAGANKORRA | ||
---|---|---|---|
INAKUSATIBOA | INERGATIBOA | ||
Datibogabea | ABS erori da etorri da |
ERG etsi du dimititu du gosaldu du |
ERG-ABS erosi du eraman du bota du |
Datiboduna | ABS-DAT erori zaio etorri zaigu |
ERG-DAT ekin dio eraso dio daragoio |
ERG-DAT-ABS erosi dio eraman dio bota dio |
DAT-ABS8 gustatu zaio |
Taula honek, aditzen sailkapena baino gehiago aditzak zer nolako egituretan ager daitezkeen erakutsi nahi du. Izan ere, aditz bera gehienetan egitura bat baino gehiagotan ager daiteke. Hala ere, aditz bakoitzean zenbait egitura oinarrizkoagotzat jo genezake beste zenbait baino. Esaterako, zuritu aditza ager daiteke honako egitura hauetan guztietan: zuritu da (cf. mendia erabat zuritu da); zuritu zaio (cf. ilea dezente zuritu zaio Imanoli); zuritu du (cf. elurrak gure mendiak zuritu ditu) eta zuritu dio (cf. ukendu honek azala zurituko dizu). Baina seguruenik, denen oinarrian lehenbizi zuri adjektiboa izango dugu (cf. elurra zuria da). Adjektibo honetan oinarriturik, zuritu aditza sortzen da (zuritu da, ‘zerbait zuri bilakatu da’). Eta bilakatze hau zerbaitek eragina dela uste badugu, zuritu du (cf. ‘zerbaitek arropa zuritu du’) moduko aditz arazle bat izango dugu. Eta, azkenik, bi aditz hauek datibo bat inguruan dutela ager daitezkeenez, zuritu zaio eta zuritu dio modukoak sortuko zaizkigu. Aditz bat eta bera direla onartuz gero, onartu beharko dugu, halaber, adiera desberdinak dituela agertzen den egituraren arabera: zein egituratan agertu, halako adiera. Azken batean perpaus baten esanahia aditzak eta honek eskatzen dituen argumentuen artean taxutzen da. Hau ondo daki hiztunak, oharkabean bada ere. Eta hiztun bakoitzak buruan duen hiztegi horren berri eman behar bada, lehenbizi adieraren berri eman behar denez, esan beharko da adiera bakoitza zer nolako osagaiekin sortzen den: zuritu da-ren berri eman nahi bada, lehenbizi bilakaera batez ari garela ulertu behar dugu: ‘zerbait, edozein koloretakoa izanik ere, zuri izatera iritsi da’. Ez diogu erreferentziarik egiten ezein eragileri. Soilik hau diogu: ‘zerbait zuri bihurtu da’. Baina zuritzea zerbaitek eragina izan bada, ‘zerbaitek beste zerbait zuritu du’ moduko adiera izango dugu eta honek bere egitura izango du, non lehengo bilakaeraz gainera (arropa zuritzea), eragile bat ere ageri baita zerbaitek zuritu du arropa diogunean bezala. Horrenbestez, geure adimenezko hiztegi horretan badakigu egile batek zuritze prozesu bat gauzatu duela eta prozesu horren gaia ere hor dela. Hauek adiera edo semantika kontuak dira, baina hiztegian jaso ohi dira. Eta predikatuen eta argumentuen arteko erlazioaren berri emateko orduan errol tematikoez hitz egiten dute hizkuntzalariek. Hots: zuritu aditz iragankorrak, egile den argumentu bat eskatzen du eta zuritze prozesuaren gaia ere bai. Adibidez :
Hau esanahiari dagokion zerbait da. Beste kontu bat ere konpondu beharrekoa da, ordea. Izan ere, hizkuntza bakoitzean sintaxian predikatu baten argumentu horiek modu jakinean gauzatu ohi dira. Gure kasuan, adibidez, barneratua dugun gramatikak esango digu, nolabait, zer kasu morfologikoren bidez agerrarazten ditugun osagai horiek perpaus barruan. Kasu honetan egilea ergatibo gisa agertuko zaigu (elurrak) eta gaia, berriz, absolutibo eran (mendiak). Gainera, hau izango da bide arruntena: egilea ergatiboan, gaia absolutiboan. Hala ere, hau ez da beti horrela gertatzen. Batzuetan ergatiboa ez dagokio egile bati. Adibidez: urak 100 gradutara irakiten du diogunean ura ez da ezeren egilea. Irakin beharrean, izozteaz ari bagara, berriz, ergatiborik ez zaigu ageri: ura 0º-tik behera izozten da ez, *urak 0º-tik behera izozten du. Eta alderantziz, itxuraz mota bereko adiztzat har ditzakegun hitz egin eta mintzatu-ren egileek batean ergatiboa eskatuko du, eta bestean absolutiboan.
10.5.1 Aditz iragangaitzak
Argumentu bakarreko aditzak iragangaitzak direla esaten dugu. Euskaraz oso gutxi dira egiazki eta beti ergatiborik gabe erabili beharreko aditzak. Hona hemen ohikoenak:
IZAN | DA | DA/DU | DA+INST/INES |
---|---|---|---|
izan9 | egon, erori, etorri, igan, irten, jaiki, jausi... | abiatu, ibili, gertatu... | aritu, ausartu, baliatu... |
zilegi izan, sori izan, haizu izan, gai izan, gauza izan, nor izan... |
Irakurlea berehala ohartzen ahal da hemen mota desberdineko aditzak biltzen direla. Lehenbizi, izan aditz kopulatiboa aipatu behar da. Honek argumentu bakarra hautatzen duela esango dugu, predikatuzko egitura berezi bat, ‘perpaus txikia’ edo deitzen zaiona. Bestalde, gramatika honetan aditz konplexutzat hartuko ditugun zilegi izan, gai izan eta antzekoak ere iragangaitzak direla esango dugu.
Bestalde, aditz batzuek beti <da> aditz gisa lan egiten dute (etorri, ibili, egon …) Baina beste batzuk, <du> gisa ere erabiltzen ditugu, baina orduan beste aditz bat edo dugula ematen du. Ibili, adibidez, bitara erabil daiteke, baina adiera desberdinarekin: ibili naiz iragangaitz argia da, baina ibili du esaten dugunean, ‘erabili du’-ren parekoa da. Gertatu-ren kasuan ere beste horrenbeste: gauza bat da ‘zerbait gertatu da’ esatea eta beste bat ‘afaria gertatuko dugu’ esatea. Bigarren aditz honen adiera ‘prestatu’ edo izango litzateke. Bestalde, aritu, ausartu eta baliatu, esaterako, izan aditzarekin erabiltzen ditugu. Egia. Baina esanahiaren aldetik subjektuaz gainera osagarri bat ere eskatzen dute. Gertatzen dena da, objektu hori instrumentalean edo inesiboan agertuko dela:
-
a. Leo lanean aritu da.
-
b. Ez naiz ezer esatera ausartu.
-
c. Hori gutaz baliatzen da.
Honek esan nahi du, morfologikoki iragangaitzak direla, baina logikoki iragankorrak. Edozein modutan, badira aditz batzuk, gutxi badira ere, beti izan laguntzailearekin erabili beharrekoak. Hauek hiztegietan (ikus Hiztegi Batua) <da> aditz gisa ematen dira.
10.5.2 Aditz iragankorrak
Aditz iragankorrek osagarri bat dute. Bi multzo bereizi ohi dira:
a) osagarria nolabait barnean ezkutaturik edo izan dezaketen aditz iragankorrak, horregatik iragankorrak izateari utzi gabe:
-
a. Aspaldian ez duzu idazten.
-
b. Mirenek Donostiako orfeoian kantatzen du.
Idatzi eta kantatu, dirudienez, objektua duten aditzak dira. Hala ulertzen ditugu. Objektu hori nolabait ‘barnean’ izango lukete aditzok, zeren idatzi edo kantatu zerbait idatzi edo zerbait kantatu bezala ulertzen ditugu.
b) osagarria bete-betean erakusten dutenak, hala nola, hartu, eman eta eraman.
Ondoko taulan jasoko ditugu <da> saileko eta <du> saileko aditzak. Lehenak iragangaitzak dira eta bigarrenak iragankorrak .
<DA> sailekoak | <DU> sailekoak |
---|---|
abiatu agertu aspertu egon erori eseri etorri gelditu harritu hasi heldu mintzatu nekatu ibili igo iritsi isildu izan jausi joan kezkatu komeni izan lotsatu sartu ... |
adierazi agurtu aurkitu bilatu bota ekarri eman edan eraman erosi esan eskaini eskatu ezabatu idatzi ipini irakurri jakin jarri pentsatu saldu zapaldu ... |
<du> sailekotzat eman ditugun aditz gehienek, agertzen diren perpausean nor sintagmaz gainera (edo, berdin dena, zer sintagmaz gainera) nork sintagma ere agertzea eskatzen dute. Edo beste modu batez esanda, ergatiboa eta absolutiboa eskatzen dituzte:
-
a. [nork Haurrak] [nor baloia] urrutira bota du.
-
b. [nork Saltzaileek] [nor diru gehiegi] eskatzen dute horrelakoetan.
-
c. [nork Gizon horrek] ez gaitu [nor (gu)] inoiz agurtzen.
Zenbait aditzekin absolutibo horren ordez, perpausa edo bestelako postposizio sintagma bat aurkituko dugu:
-
a. [nork Gizon horrek] [nor-nork aditza badaki] [Perpausa jendeari adarra jotzen].
-
b. [nork Nik] ez dut oraindik [PoS dantzan] ikasi
Hortaz, egiazki nor sintagma ez den osagarriz horniturik ageri zaizkigu nor-nork motako aditz batzuk.
Hauen ondoan, badira beste batzuk <du> laguntzailea eskatu arren, nor sintagmarik inoiz izaten ez dutenak perpausean:
-
a. [Kafeak ERG] irakiten badu, alperrik galtzen da.
-
b. Etxe honetan ordu batean bazkaltzen dugu [ (guk) ERG].
-
c. *[ Guk ERG] beti [zopa ABS] bazkaltzen dugu.
(84c) perpausa ez da zuzena bazkaldu aditzak -jan aditzak ez bezala- ez baitu objekturik (nor sintagmarik, alegia) onartzen. Irakin, iraun eta beste batzuk ere sail honetakoak dira.
Hala ere, euskalki batean, aditz batzuek modu batera jokatzen dute, inergatibo gisa adibidez eta beste batean inakusatibo gisa. Horrela jokatzen dute, esaterako, igo, irten, jardun... aditzek.
Beste batzuek, berriz, iragankor gisa ere erabiltzen dira: igo, igaro, jaitsi eta ibili:
-
a. Mendira igo naiz / Mendi hori maiz igo dut.
-
b. Mendate horretatik igaro dira txirrindulariak / Mendatea igaro dute txirrindulariek
Bestalde, igo eta jaitsi-ren kasuan bi erabilera ditugu, adiera desberdinarekin:
-
a. Bizikleta ganbarara igoko dut. (iragankorra)
-
b. Ganbarara igoko naiz eta bizikleta eramango dut. (iragangaitza)
Saltatu bezalako aditz bat ere oso deigarria egiten da. Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan ‘da’ aditza dela esaten da, baina egiazki, saltatu du ere agertzen da gaurko testuetan eta zenbait hizkeratan. Eta, jakina, iragankor gisa ere bai: bi orrialde saltatu ditut modukoetan. Igo aditzarekin ere gauza bera: ganbarara igo naiz / prezioak igo dituzte / Gorbeiara igoko dugu.
10.5.3 Datiboa ere agertzen da adizkian
Goian aipatu ditugun aditzetan ergatiboaren eta absolutiboaren inguruan zebilen aditza: a) aditz inakusatiboetan absolutiboa bakarrik ageri da (etorri da, erori da...); b) aditz inergatiboetan, aldiz, ergatiboa soilik (irakin du, dimititu du...) eta c) aditz iragankorretan, azkenik, absolutiboa eta ergatiboa, biak (erosi ditugu, ekarri du, bota du...).
Aditz gehienekin, ordea, absolutiboaz eta ergatiboaz gainera, datiboa ere ager daiteke:
-
a. [Lumarik ederrena ABS] erori zaio [eperrari DAT]. (Abs. + Dat.)
-
b. [Sugeak ERG] [txoriari DAT] begiratzen dionean. (Erg. + Dat.)
-
c. [Zuk ERG] [sagarrak ABS] ekarri dizkidazu [niri DAT]. (Abs. + Dat. + Erg.)
Datiboa aditzik gehienek onartzen dute. Aditz gutxi batzuek, hala ere, datiboa onartu ez ezik, ezinbestekoa ere badute. Gustatu izango litzateke horietako bat:
-
a. Sagardoa ikaragarri gustatzen zaio neska honi.
-
b. *Sagardoa ikaragarri gustatzen da.
Gramatiketan askotariko deiturak jaso dituzte datiboa eskatzen duten aditzak. Guk gure sailkapena garatuz esango genuke badirela <zaio> aditzak eta <dio> aditzak. Lehenak iragangaitzak dira eta absolutiboaz gain, datiboa ere eskatzen dute. Beraz, aditz laguntzailera begira <zaio> bezalako formak behar dituzte. Halakoxea da (88a) adibideko gustatu aditza. Gustatu aditz psikologikoa da eta datiboz markatzen den argumentua esperimentatzailea da. Alabaina, ez dira halabeharrez aditz psikologikoak <zaio> aditzak. (87a) adibideko erori izatez datiboarekin batera ager daiteke adibide honetan ageri den bezala, baina absolutibo soilaz ere ager liteke. Erori-k aukerakoa du datiboarekin agertzea; gustatu-k ezinbesteko. Beste alde batetik, <dio> aditzak daude. Gorago esan dugunez, aditz batzuek hiru argumentu izan ditzakete. Halakoei ditrantsitibo deitu izan zaie gramatika teorian. Horietako bat da (87c) adibidean dakarguna, hots, ekarri. Aditz hau iragankortzat ere har daiteke, noski, osagarri bat duelako, baina (87c) adibidean sagarrak osagarriaz gain, niri zehar osagarria ere badago. Bi dira, beraz, egitura honetan ekarri aditzak erakusten dituen osagarriak. Datiboa, beraz, aukerakoa da, baina agertuz gero, orduan, aditz laguntzaileak <dio> forma hartzen du.
Gainerakoan, badira bi argumentu baino ez badituzte ere, ergatiboaz eta datiboaz markatzen dituztenak, adibidez, (88b)ko begiratu aditzak. Hots, ez dira halabeharrez hiru argumentuko egiturak ergatiboa eta datiboa biltzen dituztenak; bi argumentukoak ere izan daitezke begiratu bezalaxe. Gure sailkapenean <dio> aditzak lirateke hauek, baina ditrantsitiboek ez bezala (ekarri-k ez bezala) ez lukete ageriko absolutiborik. Beste alde batetik, bi argumentuko egitura izan daiteke eta datiboduna, baina datiboa ez den argumentua absolutiboa (erori) nahiz ergatiboa (begiratu) izan daiteke.