11. Aditz jokatua eta aditz jokoa

Egilea

Patxi Goenaga

Editorea

Beatriz Fernández

Aipamena

Goenaga, Patxi. 2022. Aditz jokatua eta aditz jokoa. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. https://doi.org/10.1387/9788413193618.11

Laburpena

Perpausak behar beharrezko du aditza deitzen dugun osagai bat (aditza baino gehiago inflexioa). Baina aditz hau forma jakin batean agertu ohi zaigu perpausean, jokatua alegia. Hizkuntzalariek diote inflexioa dela perpausaren burua. Hemen biltzen dira perpausean ditugun hainbat osagai, direla kasu sintagmak, komunztaduraren bidez, dela denbora, modu eta aspektuari dagokion informazioa.

Gauzak horrela aurkeztuta, inflexioa bada perpausaren burua, buru honek, osagarri gisa, beste atal batzuk hartuko ditu, bereziki aditz sintagma deitzen duguna. Honen ardatza aditza bera izango da. Horrenbestez, perpausaren osaera, joskera, aztertu nahi badugu, bidezko dirudi, burutik hastea gure azterketa. Hala egingo dugu hemen ere. Hortaz, atal honetan perpausaren burua den inflexioaren berri emango dugu, aditz jokoa, funtsean. Adizki trinkoen (jokabiderako aditz laguntzailerik behar ez dutenen) osaera aztertuko dugu lehenbizi eta, ondoren, adizki perifrastikoena (aditz laguntzailea behar dutenena). Formetatik abiatuko gara eta, ondoren, forma hauetako bakoitzaren balioa edo esanahia zein izan daitekeen azaltzeko ahalegina ere egingo dugu.

11.1 Aditz jokoa

Perpausean, izena biluzik, inongo determinatzailerik eta kasurik gabe, nekez aurkitzen dugun bezala, aditza ere jokaturik agertuko zaigu perpausean. Izenak determinatzailea eta abarrak hartzen dituen bezala, aditzak ere inflexio marka bereziak hartzen ditu. Hori da, hain zuzen, aditzaren ezaugarri nagusia: inflexio marka bereziak izatea, hots, denborari dagozkionak, aspektuari dagozkionak, komunztadurari dagozkionak (pertsona eta numeroa), moduari dagozkionak etab. Alegia, aditza jokatu egiten da eta aditz berak forma desberdin asko erakuts ditzake perpausean txertaturik dagoenean. Etorri aditzak esaterako honako hauek eta askoz gehiago erakuts ditzake: etorri da, etor zitekeen, baletor, datozkigu... Hots: aditz batek forma asko hartzen ahal ditu, jokatugabeak eta jokatuak. Adibidez:

aditza adizkiak
jokatuak jokatugabeak
azaldu > azaltzen digu, azalduko digute, azaldu zigun, azal diezagukete, azal iezaiozu ... azal, azaldu, azalduko, azaltzen, azaltzeko,...
ekarri > ekartzen du, dakarkizut, nekarren, ekartzen nuen, ekar dezaket, balekar, ekar iezaiok ... ekar, ekarri, ekarriko, ekartzen, ekartzeko, ...
esan > esan dute, esan zioten esango dizute, esango balidate, esan iezaiozu, esan bagenio... esan, esango, esaten, esateko, esatera, ...
etorri > natorkizu, nentorren, etorriko naiz, etor nintekeen, hator, ... etor, etorri, etorriko, etortzen, etortzeko...

11.2 Adizki motak, inflexioaren arabera

Esan dugu aditza ez dela biluzik agertzen perpausean, inflexio markaz hornitua baizik. Inflexioa perpausaren burua dela esaten dugu, baina egiazki aditzarekin bat eginik ageri ohi da, hitz bakar gisa, determinatzailea DS-ren ardatza izanik, sintagmako azken osagaiarekin bat eginik agertu ohi den bezala. Inflexiodun adizki hauen artean jokatuak eta jokatugabeak bereizi ohi dira. Jokatuak, berriz, sintetikoak (nentorren, zatozte, dakarkiot...) izan daitezke edo analitikoak (etorriko naiz, ibili nintzen, joan zaitezte...):

adizkiak
jokatuak jokatugabeak
sintetikoa analitikoa

Nakar

Darabilte

Datoz ...

Ekarri naute

Erabili dituzte

Etorriko dira ...

Ekar/ ekarri / ekartzeko

Erabil/ erabili/ erabiltzen

Etor/ etorri/ etortze ...

11.2.1 Adizki jokatuak eta jokatugabeak

Adizki guztiak, inflexiodunak diren neurrian, gutxiago edo gehiago, jokaturik agertzen dira perpausean. Hala ere, badira batzuk pertsona eta denbora markak, hots, komunztadura dutenak (natorkizu, ekarriko dizkiozu, ibiliko nintzen, etab.) eta beste batzuk askoz inflexio pobreagoa dutenak, bereziki, ez denbora ez komunztadura markarik ez dutenak (etortzea, ekarririk, etab.). Lehenbizikoak adizki jokatuak direla esaten dugu eta azkenak, berriz, adizki jokatugabeak.

(1)
  • a. Mesede baten eske natorkizu. (jokatua)

  • b. Pozik esango nioke zerbait lotsagabe horri. (jokatua)

  • c. Nola nahi zenuen etortzea, trenik ez bazen? (jokatugabea)

  • d. Agurtu ondoren, eseri egin zen. (jokatugabea)

Dena dela, kontuan izan bedi badirela perpaus batzuk itxuraz aditz jokatugabea dutenak, baina egiazki hala ez direnak:

(2)
  • a. Etorri hona!

  • b. Zigarro bat emango?

  • c. Ulertzen?

Hauetan, egiazki, ez dugu aditz jokatugaberik, laguntzailea isilpean duten aditz jokatuak baizik:

(3)
  • a. Etor(ri) zaitez hona! ➔ Etorri hona!

  • b. Zigarro bat emango didazu? ➔ Zigarro bat emango?

  • c. Ulertzen duzu? ➔ Ulertzen?

Holakoak ohikoak dira, ahozkoan bereziki, galderazko, aginduzko, ezezko edo nahi / behar, ezin gisako modalak tartean ditugunean.

Beste batzuk ere ohikoak dira, nahiz eta nolako egitura duten eta nola eratorriak diren azaltzea zailxeago den:

(4)
  • a. Horrek ezer jakin ez, eta isilik egon ezin. (cf. Horrek ez daki ezer. Hala ere, isilik ezin da egon.)

  • b. Zer duzu negarrez? Aita tabernan eta ama etorri ez. (cf aita tabernan da, eta ama ez da etorri.)

Hauetan eskaintzen den informazioa mintzagai / galdegai gisa ematen dela dirudi. (4b)n hori aski garbi dagoela ematen du: aita (mintzagaia) / tabernan (iruzkina) eta ama (mintzagaia) / etorri ez (iruzkina). Nolanahi ere, holakoek testuinguru edo egoera berezi bat eskatzen dute.

11.2.2 Adizki sintetikoak eta analitikoak

Adizkiak dituen inflexio marka guztiak hitz bakarrean biltzen badira, adizki sintetikoa dela esango dugu. Hala dira, adibidez: nator, gabiltza, balekar, zekien

Inflexio hori hitz batean baino gehiagotan banatua badator, adizki nagusi baten eta adizki laguntzaile baten artean, hain zuzen, adizki osoa analitikoa dela esango da: etorri naiz (< etorri (ad. nagusia) + naiz (ad. laguntzailea), ibiliko gara (< ibiliko (ad. nagusia) + gara (ad. laguntzailea), ekarriko liguke (< (ekarriko (ad. nagusia) + liguke (ad. laguntzailea), jakingo du (< jakingo (ad. nagusia) + du (ad. laguntzailea) … )

Oro har, aditz guztiek dituzte forma analitikoak. Izan ere, badira adizki sintetiko gutxi batzuk parean forma analitikorik ez dutenak. Adibidez, dio/ diogu/ diote (hala diote baina ez da egia) edo dario/ zerion bezalako formen parean ez dago forma analitikorik. (*ion, *erion) defektiboak direla esan beharko dugu, forma sintetiko batzuk besterik ez baitituzte, eta analitkorik batere ez. Daragoio ere multzo honetako adizki sintetikoa dela esan beharko da.

Bestalde, aditz gutxi dira forma sintetikoak dituztenak. Adibidez, etorri edo egon aditzak dator/ etortzen da; dago/egoten da bikotea duten bezala, erori-k edo jaso-k, esaterako, bakarra dute, analitikoa: erortzen da (*daror); jasotzen da (*daso). Bakanak dira forma sintetikoak soilik dituztenak: dio, diotsut...; daragoio; dario... erabiltzen ditugu, baina hauei dagozkien aditzek (ion, eragon, erion...) ez dute forma analitikorik.

(5)
  • a. Ongi etorri zitzaion gu han izatea. /Ongi zetorkion gu han izatea.

  • b. Nork ekartzen ditu beti giltzak? / Nork dakartza giltzak?

  • c. Beti erortzen da norbait./ *Beti daror norbait.

  • d. Harriak erraz jasotzen ditu. / *Harriak erraz dasotza.

Hona hemen gaurko euskaraz bi adizki motak (sintetikoak eta analitikoak) dituzten aditz ohikoenak.

ATXEKI

EGON

ERION

ETORRI

JARRAIKI

JOAN

IBILI

IZAN

ETZAN

*EDUN

EDUKI

EKARRI

ENTZUN

ERABILI

ERAMAN

EROAN

ERRAN

EZAGUTU

IHARDUKI

IKUSI

*IO (= ‘esan’)

IRAUN

IRITZI

IRUDI

JAKIN

JARDUN

Kontuan izan, bestalde, izan edo *edun aditz laguntzaile izateaz gainera aditz nagusi ere izan daitezkeela:

(6)
  • a. Bihar jai da / Egun hori jai eguna izaten da.

  • b. Ez duzu astirik horretarako/ Astirik izango al duzu horretarako?

Izan ere, jai da diogunean, da izan-en forma sintetikoa da eta jai eguna izaten da diogunean, aldiz, da aditz laguntzailea da. Hots: aditz laguntzaileak berak forma sintetikoak dira.

Adizki jokatuen eraketa

Adizki analitikoa

[adizki nagusia] [adizki laguntzailea]
atzo etorri nintzen
pozik joango nintzateke
gurpila aldatzen lagundu genion
gehiegi eskatzen didate

hurrengoan hautagai

izango naiz

Adizki sintetikoa

[Adizki bakarra]
ni lehen oso izutia nintzen
momentu hartan autoa gidatzen nentorren
ongi deritzagu

oraindik ere hor

diraute

ikasleek zer

zioten?
beti prest naiz

Nator, diote, gindoazen, etab. adizki sintetikoak dira. Etorri naiz, esango diogu, joan gintezkeen eta antzekoak adizki analitikoak. Lehenbizikoetan adizkia hitz batean ematen dugu. Analitikoetan, aldiz, bi hitzetan, aditz laguntzailearen bidez ematen baitugu.

11.3 Adizki jokatuetan biltzen den informazioa

Aditzaren ezaugarri nagusia jokaturik agertzeko ahalmena da. Jokatzean, denbora, modua, pertsona eta numero komunztadura eta aspektua dira bereziki jokoan sartzen direnak. Hauek erroari gehitzen zaizkio hurrenkera jakin batean.

Adizki sintetikoek ez dute ageriko aspektu markarik. Adibidez, datoz, zekarten edo legoke moduko adizki sintetikoen ezaugarria litzateke aspektu markarik eza:

(7)
  • a. datoz [aspektu markarik ez / orainaldia / Abs 3 pl]

  • b. zekarten [aspektu markarik ez / iraganaldia / Abs 3 sg; Erg 3 pl]

  • c. legoke [aspektu markarik ez / alegiazkoa / +ahala / Abs 1 sg]

Adizki analitikoetan aspektuari buruzko informazioa bereziki adizki nagusian ematen da: -TU, -TUKO, -T(Z)EN aditz erroari erantsita. Zenbaitetan aspektu markarik ez dago eta aditz oina bere horretan agertuko da: etor naiteke modukoetan esaterako edo isil hadi diogunean bezala. Denborari, moduari eta komunztadurari dagokion informazioa, berriz, aditz laguntzailean. Adibidez, eskatu diot edo eska niezaioke moduko adizkietan informazio hori biltzen da:

(8)
  • a. eskatu diot [+burutua (-tu) / orainaldia (diot vs nion / Abs 3 sg - Dat 3 sg - Erg 1 sg), - ahal]

  • b. eska niezaioke [- asp / +alegiazkoa / +ahal / Erg 1 sg, Dat 3 sg, Abs 3 sg]

11.3.1 Adizki sintetikoak

Adizki sintetikoei erreparatuko diegu lehenbizi. Hauetan, goian esan dugun bezala, adizki bakarrean biltzen da denborari, moduari eta pertsona eta numero komunztadurari dagokion informazioa. Aldiz, aspektuari bereziki dagokion markarik ez dugu aurkituko.

11.3.1.1 Denbora

Denborari buruzko informazioa ematen digute adizki sintetikoek, solas uneko gertaera den ala iraganekoa den, edo ez bata ez bestea (alegiazkoa).

▪ Iragana eta oraina

Perpauseko adizkiak denboraren arabera aldatu egiten dira. Hots: iraganeko zerbaiti erreferentzia egin nahi diogunean aditzak marka batzuk izango ditu, orainaldiari erreferentzia egin nahi diogunean agertuko direnak ez bezalakoak. Adibide argi bat har dezagun: dago orainaldia da; zegoen, aldiz, iraganeko zerbait dugu. Bi forma hauen arteko aldea denborazkoa da.

(9)
  • a. Orain zabalik dago (-iragana)

  • b. Atzo itxita zegoen (+iragana)

Gramatikan iragantzat zer hartzen den ikusi behar da. Hiztuna kokatua dagoen denbora unea baino lehenagokoa iraganari dagokio. Gaur, aste honetan, urte honetan, aurten bezalakoak ez dagozkio iraganari, hiztuna ‘denbora tarte’ horretan kokatua agertzen baita hitz egiten ari den unean. Baina solas unea baino lehenagoko denboraz ari bagara, (atzo, lehengo astean, egun hartan, garai hartan …) orduan iragana jartzen dugu jokoan. Bide batez, ohart gaitezen, lehen mailako erakuslea (hau, honetan) solas uneari dagokiola. Beste erakusleak, aldiz, eta bereziki 3. mailakoa (hura, hartan) iraganari. ‘Iragan’ deitzen diogu baina mintzo dena zein unetan ari den hartu behar da kontuan. Aipatzen den gertaera mintzatzeko denborari badagokio, iragandako zerbait izan arren, orainaz ari garela onartzen dugu. Denbora modifikatzaile bat ezarri nahi bada perpausean, dagokion aditz denbora ezarriko da, baina modifikatzailerik ageri ez bada ere bai.

[iragana]<<<<<<

------------- [ oraina] ---------

hiztuna kokatua dagoen denbora unitatea

>>>>>>>>> [geroa]

atzo

lehengo astean

egun hartan

garai haietan

...

{aste / hil / urte /...} honetan

aurten

bart

egun / gaur

orain(txe)

...

Ikuspegi honetatik, gerta daiteke kronologikoki zerbait beste zerbait baino lehenagokoa izatea baina, hartzen den denbora unitatearen arabera berez lehenagokoa dena orainaldia izatea eta gertatu berriagoa dena, berriz, iragana. Adibidez, eman dezagun duela bi egun bisita bat izan dugula eta duela hamabost egun giltzak galdu genituela. Hala bada, esan dezakegu, adibidez:

(10)
  • Herenegun etorri zen Jone eta esan zigun aurten jadanik bi aldiz galdu dituela giltzak.

Herenegun-ek ‘orain dela bi egun’ esan nahi du eta honen arabera, adizkiak iraganekoak dira: etorri zen eta esan zigun, hiztuna mintzo den denbora unitatea gaurko eguna baita. Aldiz, aurten-ek ‘urte honetan’ esan nahi du. Beraz, hiztuna mintzo den denbora unitatean gaude, orainaldian: galdu ditu.

▪ Alegiazkoa

Bestalde, [-iragan]/[+iragan] oposizioaz gainera (daki/zekien; dago/zegoen, ...), badira beste adizki batzuk, denboraren aldetik hirugarren multzo batean sartu beharrekoak: baleki, balego, balu modukoak alegia. Hiru adizki desberdin hauen arteko oposizioak denborarekin zerikusia baduela pentsa genezake (ik. EGLU I). Pentsa liteke dago [-iragana] dela diogunean ‘oraina’ dela esan nahi dela eta zegoen [+iragana] dela esatea ‘iragana’ esatea bezainbat dela. Eta hirugarren forma sartzen zaigunean jokoan, ba-lego alegia, hau zer den erabaki beharko genuke. Hau, berez, ez da, ez orainaldia, ez iragana, ametsen munduko zerbait baizik, alegiazkoa, balizkoa, esango genuke. Hots: dago [+oraina, -iragana] dela esan genezake, zegoen [-oraina, +iragana], eta ba-lego alegiazkoa [-oraina, -iragana]. Edo [+/-alegiazko] tasunetik abiatuko bagina, beste honako bereizketa hau egin ahalko genuke:

Adizki jokatua
- alegiazkoa + alegiazkoa
- iragana + iragana

dago

daki

zegoen

zekien

-leki

-lego

Hiru adizki hauen arteko oposizio formalari adierazko oposizioa badagokio, pentsa dezagun oposizio hau, funtsean, denborazkoa dela. Hortaz, hona hemen nolabait denborari dagokion eskema, beti ere adizki sintetikoei gagozkiela:

orainaldia iraganaldia alegiazkoa

dago

daki

zegoen

zekien

balego

baleki

▪ Denborari dagozkion ezaugarri formalak

Orainaren, iraganaren eta alegiazkoaren artean badira zenbait diferentzia morfologiko ere, adizki askotan nabarmen ageri direnak:

orainaldia iraganaldia alegiazkoa

Adizkiaren hasieran

-A- -E(N)-/ -I(N)- -E(N)-/ -I(N)-

nAgo

gAtoz

dAki

dAramagu

zAio

gAituzte

...

nENgoen

gENtozen

zEkien

zEraman

zItzaion

gINtuzten

...

banENgo

bagENtoz

balEki

balErama

balItzaio

bagINtuzte

Adizkiaren azken morfema

-(e)N

dago

dator

daki

zaio

...

zegoeN

zetorreN

zekieN

zitzaioN

...

balego

baletor

baleki

balitzaio

...

Absolutiboa 3. pertsonakoa denean D- Z- L-

Dago

Datoz

Dakit

Da

Dira

Zegoen

Zetozen

Zekien

Zen

Ziren

BaLetor

baLego

baLeki

baLitz

baLira

Horrenbestez, eta laburbilduz:

Denbora
- alegiazkoa + alegiazkoa
- iragana + iragana

dauka

darabilte

gatoz

dakit

gara

du

...

zeukan

zerabilten

gentozen

nekien

ginen

zuen

(ba)leuka

(ba)lerabilte

(ba)gentoz

(ba)neki

(ba)gina

(ba)lu

11.3.1.2 Modua

Bestalde, moduari dagokion oposizioa ere bada. Morfologian ere islatzen da. Izan ere, beste hirukote bat ere badugu. Hirukote berri honen ezaugarria nabarmena da: -(te)ke osagaia.

[-alegiazkoa, -iragana] [-alegiazkoa, +iragana] [+alegiazkoa]

da / du

dago

dator

daki

zen / zuen

zegoen

zetorren

zekien

(ba)litz / (ba)lu

(ba)lego

(ba)letor

(ba)leki

Dateke / duke

dagoke

datorke

dakike

Zatekeen / zukeen

zegokeen

zetorkeen

zekikeen

Litzateke / luke

legoke

letorke

lekike

▪ [+ AHALA / -AHALA]

Formari begiratuz gero, berehala ohartzen gara zein den oraingo formen eta aurrekoen, artean dagoen oposizioa: oraingoan -(te)ke agertzen da, lehengoetan agertzen ez zena. Bien arteko aldea moduari dagokiola esango dugu. Hala onartu ohi da (ik. EGLU II). Baina zein da -(te)ke marka duten adizkien eta marka hori ez dutenen arteko diferentzia? Adibidez, dator eta datorke-ren artean dagoen diferentzia [-ahala]/ [+ahala] gisakoa dela esango dugu, hori eztabaidagarria bada ere:

Modua
- ahala (Ø) + ahala ((-te)ke)

daki/ dator/ da/ du... [oraina]

zekien/ zetorren/ zen/ zuen... [iragana]

(ba)leki/ (ba)letor/ (ba)litz/ (ba)lu... [alegiazkoa]

dakike/ datorke/ dateke/ duke... [oraina]

zekikeen/ zetorkeen/ zatekeen/ zukeen... [iragana]

lekike/ letorke/ litzateke/ luke... [alegiazkoa]

[± AHALA] delako ezaugarriak ez du, nahitaez, “ahalera” edo adierazten. Ahalera balio hau adizki analitikoetan bakarrik gertatzen da egiazki: etor gaitezen [-ahala] / etor gaitezke [+ahala]. Gainerakoetan, ahalera baino gehiago “baliteke zerbait gertatu izana edo gertatzea” adieraziko luke. Adibidez, egia da eta egia dateke, erabiltzen dutenentzat, bi gauza desberdin dira, baina bigarrena, nolabait parafraseatu beharko bagenu, honela egingo genuke: “daitekeena da egia izatea” edo “beharbada, egia da”. Gaur, nolanahi ere, hori honela esaten dugu: “egia izango da”. Beraz, etorkizuneko forma batez baliatzen gara, nahiz eta hor, berez, etorkizunari buruzko ezer ez dagoen.

Dator eta datorke-ren arteko oposizioa ziurra den gertaera baten (norbait dator) eta agian gertatuko den edo gertatzea balitekeen zerbaiten (norbait datorke) artekoa da. Litekeenaren eta benetan badenaren arteko diferentzia dugu. Gerokotasuna ere adierazten dute -(te)ke-dun adizkiek.

Adizki analitikoetan, hortaz, benetako ahalera osatzeko erabiltzen ditugu -(te)ke formak (etor naiteke; egin dezakegu ...). Horregatik, ñabardura guztiak kontuan hartuz, esan daiteke adizki hauen artean [-ahala] / [+ahala] oposizioa dela.

▪ Agintera

Dator eta betor adizkien (Abs 3 sg) artean ere moduzko diferentzia nabari daiteke. Bigarrenak agindu adiera du, lehenbizikoak ez bezala:

(11)
  • a. Gizona dator (adierazpen soila)

  • b. Betor hurrengoa (agindua)

Aginteran daukagun forma berezi bakarra subjektua 3. pertsona denekoa dugu: Betor, Biz, Bego, Beza … Hauen ondoan datorrela, dagoela bezalakoak ere hor ditugu. Hauek ere 3. pertsonakoak dira, baina ez dira bereizten ‘indikatiboko’ adizkietatik. Gainerako pertsonak ditugunean ere, forma sintetikoetan ‘indikatiboko’ formez baliatzen gara:

(12)
  • a. Berandu {zatozte/ hator/ habil…} gaur. (adierazpen soila)

  • b. {Zatozte/ hator/ habil} kontuz. (agindua)

Perpaus osagaiak, ordea, hurrenkera desberbinean ematen dira, (12a) eta (12b) hurrenkera desberdinekoak dira.

Gehienetan, hala ere, aginteran adizki analitikoez baliatzen gara, *EDIN eta *EZAN laguntzaileak erabiliz, benetako ‘ahaleran’ bezala. Aginteran [-ahala] gisako adizkiez (-(te)ke gabekoez), eta ahaleran, berriz, [+ahala] formez, (-(te)ke-dunez:

(13)
  • a. Isil zaitez / kanta dezagun / egin ezazue … (agintera)

  • b. Isil zaitezkete / kanta dezakegu / egin dezakezue (ahalera)

Hortaz, goiko taulak osatu beharra dago, aginterazko formei ere leku egin nahi badiegu:

modua aldia
orainaldia iraganaldia alegiazkoa

-ahala

[-(TE)KE]

DA

DAGO

DATOR

DAKI

DU

ZEN

ZEGOEN

ZETORREN

ZEKIEN

ZUEN

(ba)LITZ

(ba)LEGO

(ba)LETOR

(ba)LEKI

(ba)LU

+ahala

[+(TE)KE]

DATEKE

DAGOKE

DATORKE

DAKIKE

DUKE

ZATEKEEN

ZEGOKEEN

ZETORKEEN

ZEKIKEEN

ZUKEEN

LITZATEKE

LEGOKE

LETORKE

LEKIKE

LUKE

agintera

BIZ

BEGO

BETOR

BEKI

(BU)

Adizki sintetikoen joko guztia funtsean taula honetan bil daiteke. Beraz, zazpi gelaxka izango ditugu, sei [±alegiazko], [±iragan] eta [±ahala] tasunen zehaztapenen arabera gauzatu daitezkeenak eta zazpigarren gelaxka bat aginterari leku egiteko. Hau ere modua gauzatzeko bide bat izango da, baina kasu honetan ez dago tokirik iraganarentzat edo alegiazkoarentzat.

Tasun horiez gainera, jakina, adizki bakoitzak dagokion aditzaren erroa eramango du (-tor-, -kar- -ki-, -rama-, -bil- ...eta abar) eta pertsona komunztadurari dagozkion markak.

11.3.1.3 Pertsona eta numero komunztadura

Baina adizki sintetikoak, modua eta denbora ez ezik, pertsona eta numero komunztadura ere erakusten du, perpauseko zenbait argumenturi buruzko informazioa jasoaz. Izan ere, perpauseko adizki jokatuak perpaus bereko subjektu eta osagarriekin lotura berezia erakusten du: absolutiboarekin, datiboarekin eta ergatiboarekin (hots: egiturazko kasua duten sintagmekin) komunztadura egiten du. Komunztadura hau hiru sintagma horiek kontuan hartuz egiten da, horietako bakoitzaren kasua (Abs, Dat, Erg), pertsona (1, 2 ala 3) eta numeroa (sg ala) pl adizkian jasoaz. Beraz, aipatu diren hiru argumentu horien kasua, pertsona eta numeroa nolakoa den, halakoa izango da adizkiak erakutsiko duen forma ere. Horrela, adibidez, datozkio / gatozkizu / dator / natorkizue ... etorri aditzaren adizki desberdinak ditugu, baina beren arteko desberdintasun bakarra jokoan sartzen diren komunztadura markei dagokiena da. Zeren pertsona eta numero komunztadura diferentzia hau izan ezik, gainerakoan informazio bera biltzen dute adizkiok: lauak dira etorri aditzaren formak eta lauak dira [-alegiazko, +oraina eta -ahala]. Diferentzia bakarra komunztaduran dago. Hots:

(14)
  • a. MikelAbs berandu dator gaur. da-tor = [-aleg +oraina -ahala / Abs 3 sg]

  • b. MikeliDat gainera datozkio arazo guztiakAbs.

    da-to-z-ki-o = [-aleg +oraina -ahala / Abs 3 pl/ Dat 3 sg]

  • c. (GuAbs zueiDat) baimen eske gatozkizue)

    ga-to-z-ki-zue = [-aleg +oraina -ahala / Abs 1 pl / Dat 3 pl]

  • d. Haserre datorkigu (hura Abs guriDat))

    da-tor-kigu = [Abs 3 sg / Dat 1pl]

Ikus dezagun nola gauzatzen diren adizki jokatuetan komunztadura markok.

▪ Pertsona marka morfologikoak

Hona hemen adizkian aurkituko ditugun pertsona markak:

Adizkiaren hasieran Adizkiaren barnean Adizkiaren amaieran

ni

hi

hura

gu

zu

zuek

haiek

N-

H-

Ø

G-

Z-

Z-

Ø

-DA-

-A-/ -NA-

-O-

-GU-

-ZU-

- ZUE-

-E-

-T

-K/ -N

Ø

-GU

-ZU

-ZUE

-TE

Adibidez:

(15)

Hirugarren pertsona delakoari, berez, ez dagokio marka berezirik, edo nahiago bada, Ø izango litzateke marka hori. Horrela eman dugu horren berri goiko taulan. Hala ere, 3. pertsonaz ari garenean, adizkiaren hasieran, d-, z-, l- markak agertzen dira, itxuraz behintzat, 3. pertsonarekin dihardugunean. Eta adizkiaren barrenean –datiboari dagokionean– -o- eta -e- ere agertuko zaizkigu, aurretik -ki- osagaia dutela.

Hemen axola diguna da pertsona marka horiek forma desberdina hartzen dutela, batzuetan behintzat, adizkiaren hasieran, erdian edo amaieran agertzen direnean. Adibidez, lehen pertsona singularraren marka, adizkiaren hasieran doanean, n- da, baina, tartean gertatzen denean -da- izango da. Azken muturrean gertatzen denean, berriz, -t. Hortaz, egin n-uen; egin di-da-zu; egin die-t. Eta, oro har, beti horrela.

Bestalde, lehen kokagunean doana absolutiboari (‘nor’ sintagmari) dagokion komunztadura marka izan ohi da (naiz, gatozkizu, zaramatzat ...). Gauzak bestela dira ergatiboaren komunztadurarekin, iraganean eta alegiazkoan. Kasu honetan, absolutiboa 3. pertsonakoa bada, orduan lehen toki hori ergatiboaren markak hartuko du: zuk duzu baina zuk zenuen/ bazenu; nik dakit baina nik nekien/ baneki, adibidez. Honi ergatiboaren lekualdaketa deitzen zaio.

▪ Numero markak: pluralgileak

Bestalde, komunztaduraren jokoan sartzen diren sintagmak pluralak ala singularrak diren ere erakusten du adizkiak:

Adizkian ager daitezkeen pluralgileak

-Z(KI)-

-Z

-TZA-

-IT-

-TE

zait vs zaizkit

doa vs doaz

dakart vs dakartzat

dut vs ditut

dit vs didate

Numero komunztadura, batez ere absolutiboari dagokio, bai 3. pertsonakoa denean bai 1. edo 2. pertsonakoa denean:

(16)
  • a. Ni eramango nau / gu eramango gaitu.

  • b. Zerbait dugu zuretzat./ Liburu batzuk ditugu zuretzat.

  • c. Ni hondamendira naramate / gu hondamendira garamatzate

  • d. Dena dakit / Kontu gehienak dakizkit

Bigarren pertsonaz ari garenean, zu eta zuek bereizteko -(z)te- numero marka erabiltzen da:

(17)
  • a. Zu biziki estimatzen zaitugu / zuek biziki estimatzen zaituztegu.

  • b. Gogoan zauzkat (zu) / Gogoan zauzkatet (zuek) ...

Ni singularraren eta gu pluralaren arteko diferentzia Ø eta -it-ren bidez egin dugu. (17)n, aldiz, zu antzina plurala zenez, -it- pluralgilez hornitua agertuko zaigu adizkia (zaitugu), eta zuek formak ere, zu-ren plurala denez, eta biak bereiztearren, lehenaz gain beste pluralgile bat eransten zaio adizkiari: -(z)te-.

Gainerako kasuetan, pertsona markak berak gertatzen dira desberdin: n-, -da-, -t alde batetik, eta g-, -gu-, -gu bestetik. Hirugarren pertsonan ere ø / -te nahiz –o-/ (t)e-ren bidez egin daiteke numero bereizketa:

(18)
  • a. n-eukan / g-en-eukan; dakar-t/ dakar-gu; dakarki-da-te / dakarki-gu-te

  • b. dauka-ø / dauka-te; datorki-o / datorki-e

Beraz, aditz jokatuak pertsona- eta numero-komunztadura duela esan ohi dugu.

11.3.1.4 Adizki alokutiboak

Adizkian, perpauseko kasu sintagmekin komunztadura eginez jasotzen diren pertsona eta numero marka hauezaz gainera, beste pertsona marka berezi bat ere aurki dezakegu adizki jokatuan. Har dezagun, esaterako, adibide hau:

(19)
  • Ni zerbait galdetu nahian nator.

Nator adizkian pertsonari buruzko zer informazio biltzen den badakigu: Abs 1 sg (ni nator, alegia). Adizki jokatu honek, ohiko bidetik, komunztadura erakusten du perpauseko argumentu bakarrarekin, absolutiboarekin. Lehen pertsonakoa denez, n- gisa markatua dagoela esan ohi dugu: na-tor.

Argumentu bakarraren ordez bi bagenitu, ondoko honetan bezala:

(20)
  • Ni zerbait galdetu nahian natorkizu.

Bi pertsona izango ditugu komunztaduran lanean: ni (Abs 1 sg) eta zuri (Dat 2 pl), pertsona komunztadura marka bakarra beharko genuke. Hiru balira argumentuak, gizon harkerg / guridat/ liburuakabs adibidez:

(21)
  • Gizon hark guri dakarzkigu liburuak.

Adizkiak hiru pertsona komunztadura marka erakutsiko lituzke: da-kar-z-ki-gu: (Erg 3 sg)/ (Dat 1 pl) eta (Abs 3 pl).

Alokutiboa ezagutzen ez duten euskaldunentzat hemen agortzen da komunztaduraren bidea. Argumentuekiko komuztadura litzateke hau. Baina euskarak badu argumentuekiko komunztadura honetaz gainera beste pertsona marka bat gehiago eransteko aukera. Har ditzagun kontuan honako perpaus hauek, gorago eman ditugun (20) eta (21)ren pareko liratekeenak:

(20’)
  • Ni zerbait galdetu nahian {natorrek/ natorren}.

(21’)
  • Gizon hark liburu batzuk {zakarzkiguk/ zakarzkigun} guri.

(20’)n begiak jartzen baditugu, erraz ohar gaitezke natorrek/ natorren bikotean nator adizki bakarrean biltzen den informazioaz gainera zerbait gehitu zaiola goragoko (20)ri. Nator adizkian, argumentu bakarrarekiko ohiko komunztaduraz gainera (ni nator), badugu beste pertsona marka bat erantsia, marka horrek, gainera, generoa bereizteko aukera eskaintzen du: ni natorren (= ni nator + emakume haizen horrekin ari naun hizketan) vs ni natorrek (= ni nator + gizonezko haizen horrekin ari nauk). Hemen hiztunak ni argumentua ez ezik (ni nator), solaskidea nor duen ere kontuan hartzen du, emakumezkoa ala gizonezkoa den, eta hori agerian adierazten, ‘hirekin ari nauk/ naun’ esango balu bezala, alegia. Solaskidea zein den kontuan hartzen du hiztunak eta horri buruzko informazioa eransten dio aditzari beste marka bat gehituz komunztadura propioari: nator vs natorren / natorrek; dakarzkigu vs zakarzkigun/ zakarzkiguk... / zatorkiguk. Beraz, aditzaren argumentuak ez ezik, solasean hiztunak duen kideari buruzko informazioa ere jasotzen da. Informazio hau biltzen duten adizkiei alokutiboak deitzen diegu. Adizki alokutiboetan argumentuei dagozkien komunztadura markez gainera beste bat, argumentala ez dena, eransten zaio adizkiari, zuzenean solaskideari dagokiona, solaskide bati gainera, ez talde bati, adibidez.

Solaskidea emakumezkoa den edo gizonezkoa den, marka desberdina agertuko da adizkian: oro har, -k edo -a- izango da gizonezkoarekin ari garela aditzera ematekoa: ‘gezurra esan ziok’(cf. gezurra esan dio) / ‘gezurra esan zioat’ (cf. gezurra esan diot). ‘Toka’ deitzen zaio erabilera honi). Eta emakumezkoarekin ari garenean -n edo -na- sartzen dugu (honi ‘noka’ aritzea esaten zaio): ‘gezurra esan zion’ (gezurra esan dio + hirekin, emakume haizen horrekin, ari) ‘gezurra esan zionat’ (gezurra esan diot + hirekin ari).

Gure artean ‘hitanoa’ da alokutibo nagusia, alegia solaskideari ‘hi’ esaten diogunekoa. Beste euskalki batzuetan berriz, zubereraz esaterako, bada beste bat, ‘xuka’ aritzekoa. Hemen, egin du-ren ordez, egin dizü (cf. egin duk) aurkituko dugu edo joan naiz-en ordez, joan nüzü (cf. joan nauk). Hortaz:

adizki neutroa Iruten ari naiz kilua gerrian. / Horrek diru asko egin du.
alokutiboa, xuka Iruten ari nüzü. / Sos ainitz egin dizü.
alokutiboa, noka Iruten ari naun / diru asko egin din.
alokutiboa, toka Iruten ari nauk / diru asko egin dik.

▪ Hi-ren marka duten adizki guztiak ez dira alokutiboak

Adizki guztietan ezin da forma alokutiborik taxutu. Zorionez, esango du baten batek. Ohiko eskemetatik ateratzen ditu batzuk hitanoaren jokoak, baina ez da hain konplikatua. Azken batean, adizkian ageri diren ohiko argumentu komunztadura markei hi pertsona izenordaina gehitzea solaskidearen izenean nolabait. Gauzak horrela, kontuan hartzen badugu 1. eta 2. pertsonako markak behin baino ezin direla agertu adizki jokatu berean, aski da, esaterako, argumentu bat 2. pertsonakoa izatea, singularra nahiz plurala (hi, zu, zuek) beste 2. pertsonako markarik (alokutiboarena ere ez, noski) ezin eransteko. Horrela, ni nator-en parean hi hator ere ager daiteke, baina ez bata ez bestea ez da forma alokutiboa. Ni eta hi, biak, argumentu dira, eta dagokien komunztadura marka izango du jadanik ezarria adizkiak (h-a-tor/ n-a-tor). Baina ni nator-en parean, hemen bigarren pertsonako argumenturik jadanik ez denez, hitanoak bidea zabalik du: banatorr-e-n. Hemen adizkiak ‘ni’ argumentuari dagokion markaz gainera -hasierako n-z gainera, alegia- solaskideari dagokiona ere bai baitu: -n, emakumezko solaskideari dagokiona, hain zuzen.

Hortaz, hator ez da forma alokutiboa, hi-ren marka argumentuari baitagokio. Alegia, hikako erregistroan ari bagara ere, alokutiborik ez dugu izango.

Eta beste ohar bat ere bai. Bigarren pertsona singularrean euskaraz generoa bereizten da zenbaitetan. Hitanoko formetan argi dago: berandu etorri duk/ dun. Baina hi argumentalari dagokion komunztaduran ere modu berean gertatzen da bereizketa, hitanoaren marka adizkiaren hasieran ez doanean. Adibidez:

(22)
  • Ondo {datorkin/ datorkik} gertatu {zainana/ zaiana}

Hemen azpimarraturik eman ditugun adizkietan genero bereizketa egiten da, nahiz eta ez diren hitanozko formak, hi argumentua baita. Baina argumentu horri dagokion komunztadura marka adizkiaren hasieran doanean forma bakarra dugu, genero bereizketarik gabea: gaur benetan dotore hator. Hemen, ezin jakin solaskidea gizonezkoa ala emakumezkoa den.

▪ Forma alokutiboak perpaus lokabeetan bakarrik erabil daitezke

Beste azken ohar bat: forma alokutiboak ezin dira nolanahi erabili. Arau nagusi bezala, honako hau emango dugu:

Adizki alokutiboak perpaus nagusiko adizkian bakarrik gauza daitezke. Beraz:

  • ○ adizki alokutiborik ez da erabiltzen mendeko perpausetan (-en, -ela, ba-, bait- duten perpausetan): uste diat ez dela oso ona/ *uste diat ez duala (dekela, dokala...) oso ona.

  • subjuntibo delakoa ere mendeko perpausa da (-en edo –ela atzizkia daramala gogoan izan. Horrenbestez, ez dugu forma alokutiborik erabiliko subjuntiboan

  • aginteran ere ez da forma alokutiboentzako lekurik. Benetako aginteran, subjektua bigarren pertsonakoa denez (baina hirugarrenarekin ere ez da posible *biatorrek/n), ezin beste bigarren pertsonako markarik gehitu, hots: ezin alokutiboaren markarik gehitu. Eta aginteraren parekotzat hartzen diren 1. eta 3. pertsonakoetan ere (goazen, betor...) ez dago hitanoarentzat lekurik. Inoiz mendeko zirelako edo direlako (goaz-e-n, doaz-e-la) seguru asko.

  • galde perpausek forma alokutiborik ez onartzea da usadio jatorra: norekin dator Mikel? / ??norekin zatorrek Mikel? Hala ere, badira noiz etorriko duk Mikel? diotenak.

  • baldintzazkoek debeku bera dute: baldin badator agertuko dun/ *baldin bazatorren agertuko dun.

Horrenbestez, honako hauek ongi eratuak daude. Kontuan izan hemengo adizki guztiak arruntak direla, ez direla forma alokutiboak, ohiko komunztadura dutenak baizik:

(23)
  • a. Berandu etorriko {naizela, haizela, dela} diok hik.

  • b. Zerbait baldin {badaki, badakin} erne ibili..

Honako hauek, berriz, okerrak dira, nahiz eta euskaldun askok holakoei ez dieten muzin egiten:

(24)
  • a. *Berandu etorriko {naukela/ dunala} dion hik.

  • b. *Zerbait baldin bazakik, ez duk isilik egongo.

Orobat, galde perpausetan ere ez da zilegi, berez, forma alokutiboak erabiltzea:

(25)
  • a. Ba al dator inor?

  • b. *Ba al zatorren inor?

11.3.1.5 Adizki sintetikoen forma kanonikoa

Pertsonari, denborari eta moduari dagokion informazioa, hortaz, adizki jokatuan biltzen da. Informazio hori eskaintzen diguten osagaiak eta morfemak ez dira anabasan ezartzen, modu ordenatuan baizik, eta bada forma kanoniko bat, adizki horien osagaiek erakusten jarraitzen dutena:

Abs denbora erroa Dat modua Erg denbora
Ø d a -kar -kizu Ø t Ø
n en tor kizue ke -- en

n

ind erama --- --- zue n

Pluralgilea ere agertuko da behar denean. Marka hori batzuetan erroaren aurrean kokatzen da (d-it-u-t) eta beste batzuetan ondoren (da-to-z, za-bil-tza, da-to-zkit...)

Gorago esan bezala, forma kanonikoa hori bada ere, zenbait adizkitan ergatiboaren markak hartzen du lehen gunea, adizkiaren aurre-aurrean: txapela daramagu vs txapela generaman. Hau iraganaldiko eta alegiazko adizkietan gertatzen da, ergatiboa 1. edo 2. pertsonakoa denean eta absolutiboa, 3. pertsonakoa:

(26)

Adibidez,

(27)

Horregatik, tauletan bikoizketa hori egin beharrean aurkitzen gara. Forma batzuen eta besteen arteko desberdintasuna, pertsona markaren leku-aldatze gisa irudika daiteke: ergatiboa [-3. pertsona] eta absolutiboa [+3. pertsona] denean, ergatiboaren komunztadura marka adizki jokatuaren hasierara pasatzen da: orainaldian, hurrenkera [Abs-Erg] bada ere, iraganean eta alegiazkoan [ergatiboa …] izango da.

11.3.2 Adizki analitikoak

Adizki analitikoak aditz nagusi batez eta aditz laguntzaile jokatu batez osatuak ditugu. Honako hauek hala dira:

(28)
  • a. etorriko naiz = [etorriko A Nag] + [naiz A Lag]

  • b. joan naiteke = [joan A Nag] + [naiteke A Lag]

  • c. erabiltzen ditugu = [erabiltzen A Nag] + [ditugu A Lag]

Adizki hauetan ere denborari, moduari eta pertsona eta numeroari dagokion informazioa ematen zaigu. Informazio hori sintetikoen kasuan adizki bakarrean bildua dago (naramazu), analitikoetan, berriz, laguntzailean (eramango nauzu). Izan ere, laguntzaile deitzen ditugunak aditz jakin batzuen forma sintetikoak besterik ez dira. Hain zuzen, izan adibidez, aditz nagusi gisa erabil dezakegu (hemen izango naiz; baina baita aditz laguntzaile bezala ere (hemen erori naiz). Forma bera adizki analitiko baten laguntzailea izan daiteke, eta baita, inoren laguntzaile izan beharrik gabe, adizki beregaina, forma sintetikoa alegia. Adibidez:

(29)
  • Gaztea {naiz / nintzen / banintz… }

Hemen izan aditzaren adizki sintetikoak ditugu: naiz, nintzen, banintz. Ostera, beste hauetan, adizki berek laguntzaile lanetan dihardute:

(30)
  • a. Etorri { naiz / nintzen / banintz... }

  • b. Eroriko {zara / balitz ...}

Ostera, *edin eta *ezan, aditz laguntzaile izan ohi dira. Baina hauek ere, jokatuak baitira, sintetikoen modura antolatuak daude, halabeharrez, eta denborari, moduari, pertsona eta numeroari buruzko informazioa biltzen dute, ohiko moduan. Hots:

(31)
  • a. Joan {nadin / naiteke / nendin / banendi / zaitezte }

    (cf. Zintzoagoa { *nadin/ *ninteke}/ *euskaldun zintzoak zaitezte/ *hala bedi ...} )

  • b. Eros {dezakegu / genezakeen / ezazue...

    (cf. *Hauek egokiak ditzakezue (cf. hauek egokiak dituzue / *ezazue kemen eta adore (cf. izan ezazue kemen eta adore).

*edun balizko aditza ere laguntzaile izan ohi da: non ikusi ninduzun?

Salbuetsi beharrekoak izango lirateke baliteke, badaiteke, ba al liteke?/ ba ote daiteke? modukoetan erabiltzen diren ahalezko forma sintetikoak. Izan ere, ohikoak dira, forma lexikalizatu modura agian:

(32)
  • Ba ote liteke pertsona batzuek bere buruari hain begirune gutxi izatea? (Karlos Zabala)

Ba ote hori izan ote-ren murrizketa bat edo izan liteke, agian.

11.3.2.1 Denbora: oraina, iragana eta alegiazkoa

Adizki sintetikoetan bezala, adizki analitikoetan ere denborari buruzko informazioa biltzen da. Informazio hori, hain zuzen, laguntzaileak eskaintzen digu. Laguntzaileok izan, *edun, *edin eta *ezan baldin badira, hauen forma sintetikoak gehituko zaizkio aditz nagusiari. Hauek adieraziko digute aditzaren denbora zein den: oraina, iragana ala alegiazkoa.

Adizki sintetikoen arteko oposizioak erakusteko erabili dugun taula berak balio digu oraingoan ere:

Modua Denbora

Orainaldia

[+oraina,-iragana]

Iraganaldia

[-oraina, +iragana]

Alegiazkoa

[-oraina, -iragana]

-ahala

[-(TE)KE]

da (< izan)

du (< edun)

-dadi- (< *edin)

-deza- (< * ezan)

zen (<izan)

zuen (<edun)

zedin (<*edin)

zezan (< * ezan)

(ba)litz(<izan)

(ba)lu (<edun)

-ledi (<*edin)

-leza (< * ezan)

+ahala

[-(TE)KE]

dateke (<izan)

duke (<edun)

daiteke (<*edin)

dezake (<*ezan)

zatekeen (<izan)

zukeen (<edun)

zitekeen (<*edin)

zezakeen (<*ezan)

litzateke (<izan)

luke (<edun)

liteke (<*edin)

lezake (<*ezan)

agintera

bedi (<*edin)

beza (<*ezan)

Honen arabera osa daitezke orainaldiko, iraganaldiko eta alegiazko adizki analitikoak, laguntzailea modu aproposean emanda.

Hortaz, adizki jokatuan, sintetiko nahiz analitikoetan, denborari buruzko informazioa jasotzen da. Atzo eta gaur adberbioek, adibidez, adizkia taxu jakin batean joatea eskatzen dute. Denbora adberbio sintagma batzuk (atzo, herenegun, iaz, joan den mendean, aste hartan, …) iraganekoak dira, beste batzuk (gaur, aurten, aste honetan, mende honetan …) ez-iraganekoak. Perpauseko adizkiak ere beste horrenbeste, batzuk orainaldikoak dira, beste batzuk iraganaldikoak. Batzuek eta besteek elkarrekin ados egon behar dute. Horregatik, okerrak dira honako hauek:

(33)
  • a. *Gaur goizean ez zuen bizarra moztu. (cf. goiz hartan ez zuen bizarra moztu)

  • b. *Lehengo urtean berandu iritsi gara herriko jaietara. (cf. Lehengo urean berandu iritsi ginen herriko jaietara.)

Adberbio bakoitzak bere eskakizunak ezartzen dizkio adizkiari. Batzuen eta besteen artean adostasuna denean perpausa koherentea gertatzen da.

Jakina, adberbiorik agertu gabe ere, hiztunak argi dauka orainaz edo iraganaz ari den eta honen arabera hautatuko du adizki egokia.

11.3.2.2 Modua: [±ahala] eta [agintera]

Denboraz gainera, adizki laguntzaileak moduari buruzko informazioa ere eskaintzen du. *edin eta *ezan laguntzaileetan -(te)ke morfema segida ezarriz, ahalera adierazten dugu egiazki:

(34)
  • a. Bihar ezin naiteke joan zure kantaldira. (naiteke < na-di-teke).

  • b. Erraz uler dezakezu diodana. (dezakezu< d-eza-ke-zu)

Beste laguntzaileekin ere -(te)ke erabiltzen da, bereziki alegiazko formetan (etorriko nintzateke, negar egingo luke...) eta baita adizki sintetikoetan ere (dateke, legoke, dakike...). Holakoak ere, deitura hobearen faltan [+ahala] deitu ditugu, nahiz eta forma hori duten adizki guztiak egiazki ahalera ez izan: etorriko nintzateke, egingo zukeen eta abarrek forma hori dute baina ez dute ahalera ‘potentzial’ esanahia.

Agintera ere modu berezia dugu. Hemen gaur ez dago -(te)ke-rentzat lekurik, baina bai *ezan eta *edin laguntzaileentzat. Hortaz:

(35)
  • a. Non geldituko da Miren? ([-(te)ke)] )

  • b. Erosiko nu(ke)en, diru aski izan banu. ([+(te)ke], formaz)

  • c. Eskainiz gero, pozik hartuko luke. ([+(te)ke], formaz )

  • d. Hemen geldi zaitezke. ([+(te)ke], egiazko ahalera)

  • e. Bere kasa utziz gero, edozein astakeria egin lezake. ([+(te)ke], egiazko ahalera)

  • f. Edozein astakeria egin zezakeela uste genuen. ([+(te)ke], egiazko ahalera)

  • g. Kanta ezazu zerbait. (agintera)

  • h. Isil zaitezte apurtxo bat, mesedez. (agintera)

Horrenbestez:

Modua Denbora
orainaldia iraganaldia alegiazkoa
[-ahala]

erori zarete

esan duzue

erori zineten

esan zenuten

erori bazinete

esan bazenute

[+ahala]1

(erori zareteke)

(esan dukezue)

eroriko zinateketen

esango zenuketen

eroriko zinatekete

esango zenukete

[+ahala]2

eror zaitezkete

esan dezakezue

eror zintezketen

esan zenezaketen

eror zintezkete

esan zenezakete

agintera

eror zaitezte

esan ezazue

11.3.2.3 Pertsona eta numeroa

Adizki sintetikoetan pertsona komunztadurak nola lan egiten duen azaltzen saiatu gara gorago . Hau adizki sintetiko guztietan, laguntzaile izan nahiz ‘burujabe’ izan, modu berean gertatzen da. Horrenbestez, adizki analitikoetan pertsona eta numero komunztadura, formalki, adizki laguntzailearen barnean gertatzen da:

(36)

11.3.2.4 Aspektua adizki nagusian biltzen da

Adizkian aspektuari buruzko informazioa ere jasotzen da: etorri naiz eta etortzen naiz ez dira gauza bera. Ez eta ere, etorri naiz eta etorriko naiz. Denak ere denbora aldetik berdinak dira, [-iragana]. Moduari dagokionez ere, denak [-ahala] dira gure ohiko terminologia erabiliz. Pertsona komunztaduraren aldetik ere, informazio bera biltzen da hiru adizki horietan: 1 sg, ni. Baina bistan da hiruren artean badela formazko diferentzia:

(37)
  • Etorr-I naiz ➔ etor-TZEN naiz ➔ etorr-I-KO naiz

Formazko diferentzia horrek adiera diferentea dakar berekin. Diferentzia aspektuzkoa dela esango dugu. Denborak eta aspektuak harreman estua duten arren, bi kontzeptu desberdin ditugu. (37)ko adizki hauetako batek (etorri naiz-ek, hain zuzen) dagoeneko burutua den ekintza edo gertaera bati egiten dio erreferentzia: etorri naiz esaten badut, etortze hori jadanik amaitua dela esaten ari naiz, etorrera gauzatu dela. Jakina, honek esan nahi du nolabait iragan den zerbait dela. Baina etorri NAIZ / etorri NINTZEN bikoteari erreparatuz gero, berehala ohartzen gara bi informazio mota ditugula hor: etorri NAIZ adizkia gaur, aurten, aste honetan … bezalako sintagmekin dator bat. Orainalditzat horregatik ematen ahal dugu forma hori. Baina etorri NINTZEN badiot, adizki hau gaizki ‘ezkontzen’ da postposizio edo adberbio sintagma horiekin berekin. Adizki hau iaz, lehengo astean, herenegun, urte hartan … moduko adberbio sintagmekin da bateragarri. Hortaz, etorri naiz eta etorri nintzen adizkiek denbora desberdina adierazten dute. Beraz, aditz nagusiak erakusten duen forma desberdina denbora adierazteko erabiltzen da:

(38)
  • a. {Gaur, aurten, aste honetan ...} bi aldiz {etorri naiz/ *etorri nintzen}

  • b. {Iaz, lehengo astean, herenegun,...} bi aldiz {*etorri naiz /*etorri nintzen}

Baina etorri naiz/ etortzen naiz bikoteak edo etorri nintzen/ etortzen nintzen-ek beste oposizio bat erakusten digute, aspektuzkoa, ez denborazkoa:

(39)
  • a. Gaur lehentxoago etorri naiz. / Joan den astean lehentxoago etorri nintzen.

  • b. Orain urtero etortzen naiz. / Lehen urtero etortzen nintzen.

Alegia, (39a)n gai desberdinez ari gara: ‘gaurko’ kontu batez batetik, eta ‘joan den asteko’ batez bestetik. Baina bietan burutu den zerbait bezala aurkezten dugu etortzea: etorri naiz esan edo etorri nintzen esan, etortze hori gauzatua dela adierazten dugu, erabat gauzatu ere. (39b)koak ere, denborari dagokionez, diferenteak dira baina etortzen naiz/ etortzen nintzen diodanean, etortzea zerbait jarraitua dela esaten ari gara, maiztasunez gertatzen den edo zen zerbaitez ari gara, etortzea ez da zerbait burutu gisa aurkezten, behin eta berriz gertatzen den zerbait baizik. Kantatzen dut eta kantatu dut ere modu berean bereizten dira. Aspektuzko diferentzia dute: kantatzen dut diogunean, oraingoz amaierarik ez duen jarduera batez ari gara. Kantatu dut esanez gero, berriz, kantatze hori amaitua da. Hortaz, partizipio burutuaren (etorr-i, lagun-du, eska-tu...) eta ez-burutuaren (etor-tzen, lagun-tzen, eska-tzen...) arteko aldea argi samar dago.

Eta etorriko naiz esatean? Oraingoan etorkizuneko zerbaiti egiten zaio erreferentzia. Hau ere denborari dagokiola pentsa genezake. Baina etorriko naiz-en parean etorriko nintzen ere badela kontuan hartzen badugu eta hauen arteko diferentzia denborazkoa dela, honako adibide pare honek erakusten duen bezala:

(40)
  • a. Igandean etorriko naizela esan diot.

  • b. Igandean etorriko nintzela esan nion.

orduan pentsa liteke ‘etorkizuna’ ez dela, hainbeste, denbora kontua, aspektu kontua baizik. Hortaz, zuzenago dirudi pentsatzea etorriko / etorri / etortzen hirukotea aspektuari lotuta dabilela eta naiz / nintzen / banintz denborazkoa edo agian beste zerbait, baina, nolanahi ere, hori da ardatz bat eta beste bat, berriz, aspektuarena, adizki nagusian adierazten dena.

Edonola ere, denbora eta aspektua elkarri esku emanda bezala ageri zaizkigu. Zenbaitetan bien arteko diferentzia guztiz argia da. Aditzaren ekintza zerbait burutu gisa edo burutugabe gisa aurkeztea aspektuari dagokion informazioa da eta hori adizki nagusiak eskaintzen digu. Adizki nagusia, funtsean, lau eratara taxutu daiteke: lagundu (partizipio burutua), laguntzen (partizipio ez-burutua), lagunduko (etorkizuneko partizipioa) eta lagun (aditz oina, aspektugabea). Bakoitzak bere esanahi propioa du, hortaz.

Laguntzen / etortzen...

Lagundu/ etorri

Lagunduko/ etorriko

Du/ zaio

(duke/zaioke)

(duke/ zaioke)

zuen / zitzaion

zukeen / zitzaiokeen

zukeen / zitzaiokeen

balu/ balitzaio

luke/ litzaioke

luke/ litzaioke

Lagun

diezaiogun

diezaiokegu

geniezaion

geniezaiokeen

bageniezaio

geniezaioke

Honako hauek dira, aspektuari dagokionez, bereizi beharreko ezaugarriak:

▪ [± burutua]

a) Hiztunak ekintza edo gertaera bat burututzat ematen du (mintzatu da, adibidez) edo ez (mintzatzen da, esaterako). Horrela, adizkia [+burutua] dela esango dugu kasu batzuetan eta [-burutua] beste batzuetan. [+burutua] adierazteko, euskarak partizipio burutua du. Laburbeharrez, <TU> gisa aipatuko dugu lan honetan, batzuetan -TU atzizkia barik, besteren bat izango badu ere: eska-tu, ibil-i, esan-Ø, jaso-Ø etab.

(41)
  • a. Etorri naiz/ etorri nintzen/ lagundu diot/ lagundu nion ... [+burutua]

Aspektua [-burutu] bada, gertaera edo ekintza amaitugabetzat ematen da: pentsatzen dut dioenak, adibidez, ez du burutu den gertaera bat aditzera ematen, burutugabeko egoera bat baizik. Berdin, ‘koruan kantatzen du’ edo ‘ongi irakurtzen du’ diogunean ere. Hauetan burutu ez den zerbait adierazten da. Horretarako balio du -t(z)en atzizkiak. Baina beste zenbait adizki ere burutugabeak dira (adibidez, ‘joan naiteke’, ‘banator’...). Honako hauek ere berdin:

(42)
  • a. Goiz etortzen naiz/ etorriko naiz/ beti laguntzen nion/ lagunduko niola esan nion [-burutua]

b) Aspektu burutua oraindik argiago utzi nahi denean, partizipioari -a artikulua erantsi dakioke:

(43)
  • a. Liburu hau aspaldi irakurriA dut.

  • b. Hori aspaldi gertatuA da.

Dena dela, (43) modukoetan ekintza burutua dela esaten dugu, egia, baina horrekin batera, burututako ekintza horren ondorioz sortutako egoera bat adierazten dugu. (43a)k, nik liburua aspaldi irakurri nuela esaten du baina, aldi berean irakurketa horren ondorengo egoeran nagoela ematen du aditzera. Honako honetan, aldiz, egoera horretaz ez diogu ezer:

(43’)
  • Liburu hau aspaldi irakurri nuen.

c) Aspektuaren inguruan dabiltzan bestelako markatzaile batzuk ere badira. Esaterako, berri adjektiboa partizipio burutuari erants dakioke, baina ez beste hiru adizki nagusiei:

(44)
  • a. Liburu hori irakurri berri dut / liburu hori irakurri berria dut.

  • b. Liburu hori irakurri berria naiz (cf. Liburu hori irakurria naiz)

  • c. Etorri berri naiz / Etorri berria naiz.

Izan partizipioa ere gehi dakioke adizki nagusiari. Partizipio burutuari eransten bazaio, ez da inolako adiera aldaketarik, biak ere burututzat hartzen ditugu:

(45)
  • Maiz joan naiz ni Bermeora = Maiz joan izan naiz ni Bermeora.

Dena dela, izan tartekatze honek aditzak adierazten duen gertaera edo prozesuari maiztasun ideia gehitzen dio. (45)-ean ‘maiz’ adberbioa hor dugunez, bi perpausen artean ez da inolako alderik. Izan agertzeak, nolanahi ere, holako adberbio bat eskatzen duela dirudi:

(46)
  • a. Joan naiz Bermeora. (hots: burututako ekintza bat adierazten da eta kito)

  • b. ?Joan izan naiz Bermeora.

  • c. Joan izan naiz Bermeora orain baino lehen (= joan naiz Bermeora orain baino lehen).

Maiztasun konturik edo gertaera errepikatze konturik ez bada, ez da ezinbestekoa izan erabiltzea. Batzuetan, gainera, ez du ematen oso ongi ere:

(47)
  • a. Etxea garbitu dut.

  • b. Etxea garbitu izan dut.

Bi perpaus hauek ez dirudite berdinak. Lehenbizikoan, etenik egin ezean, ez dirudi mintzagairik dagoenik. Mintzagai hanpaturik behintzat ez: ‘etxea garbitu dut’, dena osorik, litzateke informazio berria. Etxea eta garbitu-ren artean eten bat egin liteke, noski. Orduan, etxea izango litzateke mintzagaia eta garbitu dut iruzkina. Bada, (47b)-ko perpausean ere, zuzena izanez gero behintzat, etxea mintzagai eta garbitu izan dut iruzkin izango litzateke. Honela:

(47’)
  • Etxea / garbitu izan dut.

Eta informazio hau are garbiago gelditzen da maiztasuna adierazten duen denbora adberbio bat gehitzen badugu:

(47’’)
  • Etxea / garbitu izan dut inoiz.

(47’) eta (47’’), gainera, ezingo genituzke eman etenik gabe, eta, horrenbestez, mintzagairen bat nabarmendu gabe. Adibidez, (47b) , etenik gabe, susmagarria samarra da, baina horri berorri mintzagai bat gehitzen badiogu, gauzak erabat aldatzen dira:

(48)
  • Behar izan dudanean, etxea garbitu izan dut.

Perpaus honek ez du inolako akatsik.

▪ [±gertakizuna]

Aspektuaren aldetik gogoan hartu behar den beste ezaugarria da [±gertakizun]. Honek esan nahi du ekintza etorkizunean gauzatzeko moduan ikusten dela, momentu honetan hala ez bada ere. Guk hemen <TUKO> gisa aipatuko dugu, formari dagokionez:

(49)
  • Etorriko naiz, joango dira, lagunduko genioke, ....

Denak [+gertakizun] ditugu eta gertakizun den zerbait adierazten dute. Baina, aldi berean, [-burutu] ere badira. Horrenbestez, (49)-koak [-burutu, +gertakizun] izango lirateke.

Eta zer adierazten du <TZEN>-ek? Honek ere aspektuaren berri ematen duela aldarrikatu dugu. Baina oraingoan, [-burutu, -gertakizun] ezaugarriak izango genituzke.

Beraz, eta nolabait laburbilduz, oraingoz honela bil genitzake adizkiak, aspektuaren arabera:

[+burutu]

<tu>

[-burutu, -gertakizun]

<tzen>

[-burutu,+gertakizun]

<tuko>

esan diot

ekarri dugu

lagundu digu

ibili nintzen

aspertu nintzen

...

esaten diot

ekartzen digu

laguntzen digu

ibiltzen nintzen

aspertzen nintzen

...

esango diot

ekarriko digu

lagunduko digu

ibiliko nintzen

aspertuko nintzen

...

▪ [±maiztasunezko]

Goian aipatu ditugun aspektu bereizketak adizki analitikoetan gertatzen dira. Hain zuzen, adizki analitikoetan daukagun lehen osagaian (adizki nagusi deitzen dugun horretan) biltzen da bereizgarri hori: (lagundu / laguntzen / lagunduko). Baina aspektuari dagokionez, joaten naiz adizki sintetikoa [-burutua, -gertakizuna] bada, zer da noa bezalako adizki sintetiko bat aspektuaren aldetik? Alegia, zein da joaten naiz eta noa-ren arteko aldea? Adizki sintetikoak ere, (dabil, dago, dator, dakargu, genekien, gentozen, geunden, …), [-burutua] eta [-gertakizun] direla esan daiteke. Baina joaten naiz eta noa desberdinak direla badakigu. Eta pentsatzekoa da, gainera, diferentzia aspektuzkoa dela. Baina zein? Gramatiketan puntukaritasuna aipatzen da. Honek esan nahi luke adizki sintetikoetan ekintza edo gertaera ez dela behin eta berriz errepikatzen dena, maiztasunez:

(51)
  • a. Beti makuluekin ibiltzen da, baina une honetan ezer gabe dabil.

  • b. Batzuetan jendearen zain egoten naiz, baina orain hemen nago asper-asper eginda.

Ez dakigu ‘puntukari’ deitura egokiegia den. Agian, aski litzateke esatea ibiltzen da edo zain egoten naiz [+maiztasunezko] direla eta dabil eta nago, aldiz, kontrakoak, [-maiztasunezko]. Horrelako zerbait aski litzateke, beharbada.

Bestalde, aditz guztiek ez dituzte forma sintetikoak. Hala ere, forma sintetikorik ez izan arren, aditz batzuen forma analitikoak bi balioak izan ditzake, guk hemen forma sintetikoari egotzi dioguna batetik eta forma analitikoari egotzi dioguna bestetik. Adibidez: ikusi aditzak, edo erakutsi, pentsatu, galdetu, ...

(52)
  • a. Gizon hori beti bakarrik ikusten dut. / Betaurreko hauekin oso ongi ikusten dut.

  • b. Nagusiak beti gaizki pentsatzen du. / Pentsatzen dut gezurretan zabiltzala.

  • c. Maiz galdetzen dut gauza bera. / Errua norena den galdetzen dut.

(52)-ko adibide hauetan denetan ageri diren adizki analitikoek bi adiera ditzakete eta horietako bat da adizki sintetikoari dagokiona. Eta horrek adierazten du aspektu kontu batez ari garela, eta funtsean dagoen ezaugarria dela [± maiztasunezko].

Hortaz, adizki sintetikoak [-maiztasunezko] direla aldarrikatuko dugu.

▪ Aspektu-markarik gabeko adizkiak

Azkenik, aspektu markarik gabeko adizki analitikoak ere baditugu: etor naiteke, lagun diezazuket, asper dadin ... Hauen ezaugarri formala adizkiaren lehen osagaian, adizki nagusian, alegia, aspektu markarik ez erakustea da, hots aditzoin soila eramatea. Nolanahi ere, era honetako adizkiak ez dira [+burutuak] izaten. Markarik ez dute, besterik gabe. Behar bada, adizki sintetikoen pare lirateke. Ahalera, agintera eta horrelakoetan erabiltzen ditugu aspektu markarik gabeko adizkiak, *edin eta *ezan laguntzaile dituztela. Aditz oinaren gainean eraikitzen direnez, aspektu markarik gabeak dira. Horrenbestez, erabilera aski librea izan dezakete, adberbioren laguntzaz edo laguntzarik gabe:

(53)
  • a. Pozik egon naiteke ezer larririk gertatu ez denean (cf. Pozik nago ezer larririk gertatu ez denean.)

  • b. Urtean behin joan naiteke Parisera. (cf. Urtean behin joaten naiz Parisera)

Badirudi, gainera, ahalera erabili eta aspektu burutua aditzera eman nahi dugunean, ahal izan aditz modalaz baliatzeko joera dagoela. Alde horretatik, honako bi adibide hauek esanahi desberdina dutela argi dago:

(54)
  • a. Hark ere zerbait esan zezakeen, baina ez du ezer esan.

  • b. Hitz batzuk esan ahal izan zituen, baina inork ez zion ulertu.

(54a)-n ez da ezer gertatu: bazuen zerbait esateko aukera, baina isilik geratu da. (54b)-n, aldiz, bi gauza gertatu dira, burutu dira, beraz: zerbait esateko aukera izan zuen eta burutu zuen, baina beste zerbait ere gertatu zen, alegia inork ez ziola jaramonik egin. Horra.

11.3.3 Laburbilduz

Adizki jokatuen denborari, moduari eta aspektuari buruz orain arte esandakoa honako taula hauetan laburbil daiteke:

(55)
Adizki sintetikoak

aspektua (markarik ez)

denbora

modua

[-ahal]

[+ahal]

[+agint]

[-burutu, -gertakizun, +puntukari]

[-iragana]

dator

daki

datorke

dakike

betor

beki

[+iragana]

zetorren

zekien

zetorkeen

zekikeen

[+alegiazko]

-letor

-leki

letorke

lekike

Laguntzaile gisa erabiltzen diren aditzak ere (IZAN, *EDUN, *EZAN eta *EDIN) eskema beraren barnean sartzen dira, forma sintetikoak baitira:

(56)
Adizki laguntzaileak

aspektua (markarik ez)

denbora

modua

[-ahal]

[+ahal]

[+agint]

[-burutu, -gertakizun, +puntukari]

[-iragana]

da

du

-dadi-

-deza-

dateke

duke

daiteke (<dadi-teke)

dezake

biz

(bu)

bedi

beza

[+iragana]

zen

zuen

zedin

zezan

zatekeen

zukeen

zitekeen (<zeditekeen)

zezakeen

[+alegiazko]

-litz

-lu

-ledi

-leza

litzateke

luke

liteke (<ledi-teke)

lezake

Adizki analitikoak osatzeko aski dugu gorago eman ditugun partizipioei nahiz aditz oinari adizki laguntzaile hauek eranstea, kontuan izanik, aditz oinari *ezan eta *edin laguntzaileak dagozkiola:

(57)
Adizki analitikoak

(adizki nagusia + adizki laguntzailea)

Adizki nagusia Adizki laguntzailea

aspektua

modua

denbora
[-ahal] [+ahal] [+agint]

[+burutua]: <TU>

[-burutua]: <TZEN>

[-gertakizuna]: <TUKO>

[-iragana]

da

du

dateke

duke

[+iragana]

zen

zuen

zatekeen

zukeen

[+alegiazko]

-litz

-lu

litzateke

luke

Zehaztugabea:

[-iragana]

-dadi-

-deza

daiteke

dezake

bedi

beza

[+iragana]

zedin

zezan

Zitekeen

Zezakeen

[+alegiazko]

-ledi

-leza

liteke

lezake

Beraz, aditz erro jakin bati marka bereziak ezarriz lortuko ditugu pertsona, denbora, aspektu eta moduaren aldetik desberdinak diren adizkiak. Adibidez, eros, etor eta eror aditzoin desberdinak dira, bakoitzak bere esanahi berezia duelarik. Euskaraz dakienak badaki hiru aditz desberdinez ari garela. Har dezagun orain aditzoin horiei dagokien edozein adizki jokatu, dela sintetiko, dela analitiko: erosi nituen, erosiko nituzke, eros itzazu, eros ditzaket, ... alde batetik, erori nintzen, eroriko nintzateke, eror zaitez, eror zaitezke, ... eta etorri nintzen, etorriko nintzateke, etor naiteke, nentorren, banentor, betor, ... bestetik. Adizki horietako bakoitzak bere esanahi propioa du:

adizkia aspektua denbora modua pertsona
erosi nituen [+bur] [+iragan]

[-ahal]

[-agint]

Erg 1 sg

Abs 3 pl

erosiko nituzke [+gert] [+aleg]

[+ahal]

[-agint]

Erg 1 sg

Abs 3 pl

eros itzazu

---

[-irag]

[-ahal]

[+agint]

Erg 2 sg

Abs 3 pl

eros ditzaket

--

[-irag]

[+ahal]

[-agint]

Erg 2 sg

Abs 3 pl

erori nintzen [+bur] [+irag]

[-ahal]

[-agint]

Abs 1 sg
eroriko nintzateke [+gert] [+aleg] [+ahal] Abs 1 sg
eror zaitez -- [-irag]

[-ahal]

[+agint]

Abs 2 sg
eror zaitezke -- [-irag] [+ahal] Abs 2 sg
etorri nintzen [+bur] [+irag] [-ahal] ABS 1 sg
etorriko nintzateke [+gert] [+aleg] [+ahal] ABS 1 sg
etor naiteke, -- [-irag] [+ahal] ABS 1 sg
nentorren, -- [+irag] [-ahal] ABS 1 sg
baletor, -- [+aleg] [-ahal] ABS 3 sg
betor -- [-irag]

[-ahal]

[+agint]

ABS 3 sg

11.4 Adizki jokatugabeak

Pertsonaren, numeroaren eta denboraren inguruko informazioa biltzen da batez ere aditz jokatuetan, ikusi dugun bezala. Informazio hori ematen ez duten adizkiak ere agertzen dira perpausean, mendeko perpausetan bereziki. Pertsona eta denbora markarik izaten ez dutenez, adizki jokatugabeak direla esan ohi dugu. Erabat jokatugabeak ez dira baina oso inflexio murriztua izan ohi dute: funtsean, aspektua da markatzen dena. Ez beti, hala ere. Pertsona komunztadura, denbora, modua eta holakorik ez zaigu agertuko.

Adizki jokatugabeetan aurkituko ditugun formak adizki analitikoetan aditz nagusiak erakuts ditzakeenak berak izan ohi dira. Hots:

Aditz oina

aska/ etor/ ekar/ eros/ ikus/ lagun/ sal/...

edan/ esan/ eraman/ jan/ joan ...

bota/ bete/ laga...

Partizipio burutua

etorri (< etor –i)/ ekarri (< ekar -i) erosi (< eros -i) ...

lagundu (< lagun -tu) / saldu (< sal –du) / ahaztu (< ahantz –tu) ...

edan (< edan – Ø)/ esan (<esan –Ø)/ eraman (<eraman –Ø) ...

bete (< bete – Ø)/ hil (<hil –Ø)/ bota (<bota –Ø) ...

aditz izena

etortze (etor + -tze)/ ekartze (ekar + -tze)/ laguntze (lagun + -tze) ...

esate (esan + -te)/ jate (jan + -te)/ eroste …

Adizki hauek, oro har, ez dira perpaus lokabeetan agertzen. Eta agertzen direnean, normalki, ez dira adizki jokatugabeak izaten egiazki, laguntzailea ezabatu diegun adizki jokatuak baizik. Menpeko perpausetan dute adizki jokatugabeek beren leku ohikoa. Txertaturik dauden perpausean dagokien zeregin gramatikalaren arabera, kasu marka edo bestelako postposizio berezia hartuko dute:

(58)
  • a. Mendira joatea atsegin dut.

  • b. Itsasoari begira egoteak lasaitu egiten nau.

  • c. Buruz behera ibiltzen ikasi dut.

  • d. Gezurrak esanaz dabil alde guztietan.

  • e. Ni baino handiagoa izanagatik, ez pentsa irabaziko didazula.

  • f. Zai nago ogia nork eskatuko.

  • etab.

Horregatik, perpaus hauek denak perpaus mendekoen azterketari eskaintzen diegun atalean jasoko dira.