4. Adjektiboa eta adjektibo sintagma

Egilea

Patxi Goenaga

Editorea

Beatriz Fernández

Aipamena

Goenaga, Patxi. 2022. Adjektiboa eta adjektibo sintagma. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. https://doi.org/10.1387/9788413193618.4

Laburpena

Adjektiboak ere bere kategoria nagusia, bere sintagma, islatzen du, izenak, aditzak eta abarrek bezalaxe. Adjektiboak islatzen duen sintagma adjektibo sintagma da.

Bi kokagunetan aurkituko dugu adjektibo sintagma hau: a) batetik izen sintagmaren barnean du lekua, izenaren adjuntu gisa (horko lore gorri hori; gazte kementsu bat ...) ; eta b) predikatu osagarri modura agertzea ere oso arrunta da (gizon hura oso jatorra da; arrain hau ez dago ona ...)

Lehenbizi, adjektiboaren morfologia zertxobait azalduko dugu. Ondoren, adjektiboa, sintagmaren buru delarik, zenbait adjuntuz eta osagarriz inguratuta agertzen da. Horiek aztertuko dira atal honetan. Bestalde, adjektibo bat baino gehiago ere ager daiteke sintagmaren barnean. Maila adierazten duten sintagmak eta perpausak ere aurkituko ditugu. Horrela, adjektibo sintagmaren barneko osagaien hurrenkera eta sintagma osoaren egitura zein izan daitekeen eztabaidatuko dugu.

4.1 Adjektiboa, izenaren lagun

Adjektiboa izena aldarazten duen edo izenari buruz zerbait predikatzen duen hitz klase bat dela esan ohi da. Izenaren inguruan nolabaiteko modifikatzaile lana egiten du, izen horren zernolakoa adieraziz. Horrenbestez, izen sintagmaren barneko elementu bat da, honako kasu honetan bezala:

(1)
  • Lore more horiek / mutiko bihurri batzuk /gertaera izugarriak ...

Baina izen sintagmaren barneko osagai ez ezik, predikatu osagarri gisa ere ager daiteke, aditz kopulatibo bat bitarteko dela:

(2)
  • Lore horiek moreak dira / mutiko batzuk bihurriak izaten dira / gertaerak izugarriak iruditu zaizkit ...

Normalki, izenaren modifikatzailetzat hartu ohi dugu adjektiboa.

Adjektiboa ez da izenaren osagarri bat: izenek ez dute eskatzen, normalean, adjektibo bat, edozein adjektibo joan baitaiteke edozein izenekin, izena eta adjektiboa semantikoki bateragarriak izanez gero. Beraz, adjektiboa edo adjektibo sintagma izenaren adjuntutzat hartu beharko da.

(3)
  • Liburu berria

Sintagma honek honako egitura hau izango du, funtsean:

(4)

Baina (4)ko egitura hau ere ez da begien bistakoa. Izan ere, badira arrazoiak liburu berri bezalako sintagma bat izen sintagma barik, irudiak adierazten duen bezala, adjektibo sintagma dela pentsatzeko. Alegia, determinatzailearen osagarri izen sintagma izan beharrean, burua liburu izena delarik, osagarri hori adjektibo sintagma dela ere pentsa liteke, sintagma horrek berri adjektiboa duelarik buru. Adjektiboaren kokagunea izan liteke arrazoi horietako bat. Izan ere, euskaraz, adjektiboa izenaren eskuinean kokatua agertzen zaigu. Eta euskaraz sintagmen burua eskuin aldean kokatu ohi dela onartzen da gehienetan: artikulua eta erakuslea beti eskuin aldean, aditz laguntzailea beti eskuinaldean (ezezko perpausetan izan ezik), ‘aditza beti azken’ esan ohi da, postposizioa beti atzean (‘post-‘ ez, ‘pre-‘). Hortaz, adjektiboa ere eskuinaldean kokatzen denez, agian badugu eskubidea pentsatzeko izen sintagma adjektibo sintagmaren barneko osagaia dela eta ez alderantziz, (5)-ean bezala. (ik. Artiagoitia 2006). Hots:

(5)

4.2 Adjektiboaren forma

Adjektiboaren formari erreparatuz gero, taxu desberdinekoak aurkituko ditugu. Hitz batzuk berez dira adjektibo: arin, astun, eder, galant, gori, gorri, handi, itsusi, motel, ... normaleanadjektibo kalifikatzailetzat hartuko lituzke edozeinek.

• Badira, halaber, noiz izen noiz adjektibo gisa lan egiten duten hitzak ere, hala nola, gazte, zahar, gose, ezker, gozo, lizun ... Gehienetan adjektibo izango dira.

(6)
  • a. Sagar gozoa jan dut.

  • b. Zerri goseak ezkurra amets.

  • c. Mutil gazte batzuk etorri dira.

  • d. Esku ezkerra ongi darabil abokatu horrek.

Hemen gozo, gose, gazte eta ezker adjektiboak dira. Baina honako hauetan adjektibo barik izen direla pentsatzeko eskubide osoa dugu:

(7)
  • a. Sagar honek gozo gutxi du.

  • b. Gose handia zabaldu zen lurralde hartan.

  • c. Gazteek badakite zer nahi duten.

  • d. Errepidean, joan zaitez ezkerretik.

Osaerari begiratzen badiogu, bestalde, adjektibo bakunak eta konplexuak bereizi ahalko ditugu hemen ere. Horrela, goian jaso dira zenbait adjektibo bakun: gozo, gazte, polit…Adjektibo konplexuen artean, berriz, badira atzizki edo aurrizki bidez sortutako adjektibo eratorriak: arduratsu, bizardun, esaneko, indartsu, lotsati, nazkante, barregarri, zalapartari, ... -garri, -tsu, -dun, -(e)ko, -ari, -ti, -ante… atzizkiak ditugu, baina atzizkiok adjektibozkoak direla ere esan behar da, [+Adj] tasuna dutela, alegia. Horrela, hitz eratorriaren burua atzizkia dela onarturik, buruak duen [+Adj] tasuna hitz osoak bere egiten du. Buruari dagozkion tasunak hitz konplexu osoak bere egiten ditu eta, jakina, tasun hauen artean, kategoriari dagokiona, adjektibotasuna, alegia, [+Adj] tasuna:

(8)

Baita adjektibo elkartuak ere: txuri-gorri (adjektibo + adjektibo), barne-gozagarri (izen + izen), zikin-estali (adjektibo + adjektibo), lotsagabe (izena + adjektibo), futbolzale (izena + adjektibo) ... modukoak.

Aditz partizipioak ere, maiz adjektiboaren lana egiten du: bete, erori, erre, heldu, hil, zoritu ...

(9)
  • a. Igeritokia betea zegoen. (bete, adjektiboa)

  • b. Igeritokia berehala bete zen. (bete, aditza)

Forma bera, bete esaterako, adjektibo nahiz aditz izan badaiteke, bata bestetik eratorritzat har liteke. Aski dugu ø atzizki bat badela onartzea, atzizki isil bat, alegia. Gauza bera gertatzen da hil-ekin ere, adjektibo eta aditz, biak izan baitaitezke. Ulertu aditzetik -garri atzizkiari esker, ulergarri adjektiboa sor daitekeen bezala, kasu honetan atzizki hori ø izango da. Hots:

(10)

Hemen, ordea, arazotsu gerta liteke erabakitzea zein den lehenago, adjektiboa ala aditza. Aditz partizipioak adjektibo lana egiten duenez, bidezkoa dirudi pentsatzea adjektiboa dela eratorria eta aditza jatorrizkoa. Lehenbizi aditza dela onartzen badugu, adjektiboa eratorria izango litzateke. Hortaz, kategoria bikoiztasun horren berri emateko modu dotore bat izan daiteke hau:

(11)
  • [bete A] +[ ø [+Adj]] > [ bete + ø Adj]

  • (poltsikoa bete du vs. piper beteak eskatu zituen)

Hots, aski da kategoria aldaketa honen berri emateko, eratorpen atzizkitzat hartzea, atzizki isila, baina atzizki, nolanahi ere. Atzizki isil horrek, [+Adj] kategoriakoa denez, egitura osoari adjektibotasuna ematen dio, adjektibo bihurtzen du.

4.3 Adjektiboen kokagunea

Adjektiboak bi kokagune nagusi ditu. Batetik, izen sintagmaren barnean:

(12)
  • [ [Erreka [baketsu AdjS] IS] hura DS] aukeratu genuen.

Bestetik, predikatu osagarriaren funtzioan, aditz kopulatiboekin. Beraz, perpausaren osagai bezala:

(13)
  • Erreka hura [zirraragarri(-a) AdjS] iruditu zitzaidan.

Azter ditzagun bi kokagune hauek.

4.3.1 Izen sintagmaren osagai, izenaren ondoren

Kokagune hau berezkoa du adjektiboak. Horrexek erakusten digu hitz bat adjektibo dela eta ez beste kategoria bateko. Izan ere, izenarekin batera ageri denean, izen sintagmaren osagai gisa, orduantxe ageri da, argien, adjektiboaren izaera. Maiz, hitz bat kategoria batekoa baino gehiagotakoa izan daiteke, baina kategoria bakoitzari kokagune jakin bat (edo batzuk) badagozkio, erraz igarri dezakegu hitz bat adjektibo klasekoa den ala ez. Hots, hitz jakin batek duen banaketak erakutsiko digu zein kategoriatakoa den. Adibidez, lehen esan dugu (ik. 4.2) gose hitza batzuetan izena dela eta beste batzuetan adjektiboa. Baina bateko ala besteko den jakiteko, aski da kontuan hartzea non, zer testuingurutan, kokatzen den. Izan ere, izen sintagmako edo determinatzaile sintagmako hurrenkera, oro har, honako hau da:

(14)
  • [Izena + Adjektiboa + Determinatzailea]

  • 1 + 2 + 3

Hurrenkera hau erabat finkoa da, adjektibo kalifikatzaile deitzen direnetan behintzat. Horrenbestez, hiru osagai horiek ageri direnean, lehenbizikoa beti izen kategoriakoa izango da eta bigarrena adjektibo kategoriakoa. Edo beste modu batera esanda, hiru hitz horiek hurrenkera zuzena badute, bigarren elementua adjektiboa izango da eta lehenbizi ageri dena, aldiz, izen kategoriakoa:

(15)
  • a. [Gizon I] + [lotsati Adj] + [hura Det]

  • b. *[hura Det] + [lotsati Adj] + [Gizon I]

  • c. *[lotsati Adj] + [gizon I] + [hura Det]

(15a)-koa da osagai-hurrenkera zuzen bakarra. Hala irizten dio euskaldunak hitz segida horri. Hortaz, lehenbizikoa izena izango da, bigarrena, adjektiboa eta azkena, determinatzailea. Osagaien hurrenkera zuzena hori bada, eta ondoko (16)-ko sintagma biak zuzenak badira, biek egitura berdina izango dute, baina batean, (16a)-n, adjektiboaren gunea gose osagaiak betetzen du. Bestean, aldiz, (16b)-n, handi osagaiak. Eta, halaber, gose batean adjektiboa da baina bestean izena:

(16)
  • a. Zerri gosea

  • b. Gose handia

(17)

Arbola pare honek ongi erakusten duen bezala, gose hitza batean adjektiboa da baina bestean, izena.

(18)
  • a. Zerri goseak ezkurra amets. (gose, adjektiboa)

  • b. Gose handia dut. (gose, izena)

Euskaraz adjektiboak izenaren eskuinean kokatzen dira, izenaren ondo-ondoan:

(19)
  • a. [Elefante handi bat] agertu zen.

  • b. [Mutil galant horrek] ireki digu atea.

  • c. [Bost disko merke] erosi ditugu.

Adibide hauetan ageri diren sintagmetan adjektibo bana dugu. Denak izenaren eskuinean kokatuak. Bestelako hurrenkera baldin badugu, seinale lekuz aldatua ageri den hitz hori kategoria desberdinekoa dela, ez dela dagoeneko adjektiboa. Honako honetan, adibidez, gazte osagaia batean izena da (20a), eta bestean, (20b)-n, adjektiboa:

(20)
  • a. [Gazte eskuzabal asko] dago Euskal Herrian.

  • b. [Langile gazteak] behar dituzte lantegi horretan.

Horrela, etxe zaharra-ren parean, zahar etxe hitza ere baldin badugu, irizpide argia daukagu bi zahar bereizteko:

(21)
  • a. [ [Zahar-etxe I] IS] -a hortxe duzu.

Zahar etxe izen elkartua da, zaharren etxea, alegia: [[zahar I] [etxe I] I].

Etxe zahar, berriz, izena + adjektiboa hurrenkera duen izen sintagma da:

  • b. [ [Etxe I] [zahar Adj] IS] -a salgai dago.

Etxe izena da baina zahar adjektiboa, eta etxe zahar, kasu honetan ez da izen elkartu bat, sintagma bat baizik, izen sintagma, hain zuzen: [ [etxe I] zahar IS] -a

Hala ere, norbaitek pentsa lezake halako gurpil zoro bati eragiten ari garela: izena adjektiboaren ezkerretara kokatzen da eta adjektiboa izenaren eskuinera. Baina ustezko gurpil hori erraz hauts daiteke. Izan ere, adjektiboak, kokalekuaz aparte baditu beste ezaugarri batzuk ere, izenak ez dituenak. Adibidez, adjektiborik gehienen maila adieraztea zilegi da: oso, hain, ...-(e)n bezain eta holakoak agerian dituela agertzea adjektiboen ezaugarria da, ez izenena. Horrela, goiko zahar etxe/ etxe zahar bikotean, berehala konturatuko gara lehenbizikoan etxe ez dela adjektiboa baina bigarreneko zahar bai:

(22)
  • a. Oso etxe zaharra erosi dute / a’. *Oso zahar etxea erosi dute.

  • b. Etxe zaharregia erosi dute / b’. *Zahar etxeegia erosi dute.

(22)-ko kasu honetan, oso eta -egi adjektiboari dagozkio: oso zaharra, zaharregia eta holakoak esaten ditugu, ez *oso etxea ez eta ere *etxeegia. Horregatik, etxe + zahar bikotean adjektiboa bigarren elementua denez, [oso ... zahar] egitura zuzena gertatzen da, baina *[oso ... etxe] okerra. Eta modu berean, [... zaharregi] zuzena den bezala, *[... etxeegi] okerra da, erabilera arruntean behintzat. Seinale, kasu batean zahar adjektiboa dela eta etxe, aldiz, izena. Eta zahar etxe diogunean, berriz, zahar izena da. Baina horrek ez du esan nahi kasu honetan etxe adjektiboa denik, zeren zahar etxea ‘etxe’ bat da, etxe mota bat, eta ‘berria’ izan daiteke, gainera (cf. Zahar-etxe berri bat eraikiko dute Gernikan.) Etxe zaharra ere ‘etxe’ bat da, zaharra den etxe bat. Eta etxe zaharra zaharra den etxe bat bada, nekez izan ahalko da berria, egoera arrunt batean behintzat.

4.3.2 Ordinalak (... -garren) eta ustez salbuespen diren kasu batzuk (-tar, -dun)

Badira, hala ere, adjektibotzat hartu ohi diren beste batzuk, atzizkiz hornituak daudelako edo, izenaren ezkerretara agertzen direnak: ordinalak tipikoak dira (-garren-en bidez osatutakoak, baina baita lehen, azken, atzen ...).

• Ordinalek, adjektibo kalifikatzaileen alderantzizko jokabidea dute: izenaren ondo-ondoan, baina ezkerraldean, kokatzen dira:

(23)
  • a. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hemeretzigarren artikulua.

  • b. Gure lehen arazoa.

Hala ere, ordinalaz gainera, zenbatzaile kardinal bat ere ageri denean, zenbatzaile honek hartzen du izenaren ondo-ondoko lekua:

(24)
  • Irakurri ditudan azken bost liburuak / ?irakurri ditudan bost azken liburuak

Hots, azken bost liburu da normala eta ez, ??bost azken liburu.

• Bestalde, -(t)ar eta -dun atzizkiekin zalantzak izan daitezke. Azpeitiar, arabiar moduko jentilizioak izen baten lagun gisa doazenean, ezkerretara kokatuak joan ohi dira normalean. Euskaldun, dirudun, arduradun adjektiboak, berriz, izenaren eskuinaldean:

(25)
  • a. [azpeitiar bertsolari bat] ezagutu dugu.

  • b. [Neska dirudun batekin] ezkondu nahi zuen.

Ohikoena hurrenkera hau izanik ere, gaur zenbaitek gauzak alderantziz ematen dituzte. Batean -dun atzizkiaren etimologiari jarraituz (perpaus erlatiboa da jatorriz: -dun< du + -(e)n), izenaren ezkerretara eramaten saiatzen dira. Baina andre euskalduna, pertsona arduraduna modukoak dira jatorrizko hurrenkera erakusten dutenak, ez ?euskaldun andrea edo *arduradun pertsona bezalakoak.

Beste kontu bat da, beharbada, -(t)ar atzizkiarena. Hemen, usadioak esaten digu adjektibo jentilizio hauen lekua izenaren ezkerraldea dela (ik. Sarasola 1997: 88–89; Garate 1988: 279). Hala ere, bestelako joera ere bada, nonbait. Gainera, justifikagarria ere gerta daiteke. Eta ez bakarrik “izenaren aurreko aldea oso kargatua datorrenean”, Sarasolak dioen bezala. Izan ere, -(t)ar atzizkia duen hitza maiz izen kategoriakotzat ere har liteke. Horrela, agian, anbiguotasuna sor daiteke, izen ala adjektibo den zalantza sortuz. Izenaren eskuinaldean ezarriz gero, aldiz, adjektibo garbia dela esan behar. Adibidez, Europar Batasuna bezalako batean, egitura anbiguo baten aurrean gaudeke: europar hitza, batasun izenaren ezker aldean kokaturik, izen elkartu gisa ere uler daiteke, europarren batasun gisa eta ez bakarrik Europako Batasun gisa. Bikoiztasun horrek hitzari balio berezia eman diezaioke, gainera, esanahia aberastu egiten baitu. Europar Batasunak badu, adibidez, Europako batasunak ez duen balio berezi bat, lurraldeari baino gehiago europar hiritarrei begiratzen diena. Gaurko prentsan Liga Arabiarra modukoak aski arruntak dira, baina seguru asko, Arabiar Liga-k, baluke arabiarren liga moduko baten balioa ere. Eta zalantza gutxiago izango genuke, segurutik, arabiar arrazako zaldi-ren alde egiteko zaldi arabiar-en ordez. Arabiako zaldia ere ez litzateke ordain egokia izango.1

Beste zenbait izenekin, berriz, komenigarri izan liteke bi kokaguneekin jokatzea. Adibidez, iruditzen zaigu azpeitiar talde bat, azpeitiarrez osatutako talde bat dela eta ez, nahi eta ez, Azpeitiko talde bat. Aldiz, talde azpeitiarra, Azpeitiko talde sintagmatik hurbilago dagoela. Nolanahi ere, talde azpeitiarra (Lagun Onak futbol talde sonatua, adibidez) ez dugu uste, nahi eta ez, azpeitiarrez bakarrik osatua egon behar duenik. Hortaz, -(t)ar-en kasuan, adjektibotasuna argi dagoenean aski bidezko dirudi eskuinaldean ematea:

(26)
  • Bertsolari azpeitiar horrek kontu asko dakizki.

Nolanahi ere, azpeitiar jentilizioa da eta, horrenbestez, jendeari aplikatzen ahal zaio: bertsolari azpeitiarra, irakasle bermeotar batzuk, ... Baina ez, esaterako:

(27)
  • *Ohitura azpeitiarrak gordeko ditugu.

Aldiz, Azpeitiko ohiturak ongi legoke. Azpeitiar ohiturak esateko inongo arazorik ez da, nolabait azpeitiarren ohiturez edo ari garela ematen baitu:

(28)
  • Azpeitiar ohiturak ondo gordeko ditugu.

Baina kasu honetan izen elkartu baten aurrean gaudela pentsa liteke.

-dun atzizkidunekin ere gogoeta bera egin liteke: duen etimologia gorabehera, adjektibotasuna nagusi gertatzen da, eta, horrenbestez, usadio arrunta izenaren eskuinaldean ematea da:

(29)
  • Jokalari euskaldunak behar omen dira.

Aldiz, ezkerraldean kokatzea, izen elkartu bat osatzeko bada, ongi:

(30)
  • Euskaldun talde bat osatuko dugu euskara kirol munduan indartzeko.

Dena dela, gerta daiteke itxuraz adjektiboa dena edo batzuetan hala dena, izenaren ezkerretara kokatua agertzea:

(31)
  • Zahar etxe, frantses porru, gazte jende...

Horrelakoetan, zahar, frantses eta gazte, ez dira egiazki adjektibo, izenak baizik. Frantses literatura diogunean ere, agian, frantsesek sortutako literaturaz ari gara, frantziar literatura diogunean bezala. Hemen elkarren lehian dabiltza frantses, frantziar eta Frantziako.

4.3.3 Adjektibo itxurako zenbait izen

Adjektiboen artean, badira erdarazkoen ordaintzat ematen direnak eta izenaren ezkerrean ager daitezkeenak euskaraz:

(32)
  • a. Nafar hizkuntza deitzen diote zenbaitek euskarari.

  • b. Lehen euskal gizakia nola bizi zen badakigu.

Baina (32)-ko adjektibo 37 nafar eta euskal horiek ere ez dira egiazki adjektiboak, erdal ordainak gorabehera. Euskal hitza, euskara hitzak hitz-elkarketan hartzen duen forma besterik ez da, bazkari-k bazkal-forma hartzen duen bezala (cf. bazkalordu) edo aizkora-k aizkol- hartzen duen bezala (cf. aizkolapustu):

(33)
  • Lehen [ [euskal I] [gizakia I] I]

Nafar ere, izen nahiz adjektibo izan daiteke: ardo gorri nafarra vs. nafarardoa, nafar kutsua... Batean adjektiboa da, bestean izen elkartu baten lehen osagai eta izen kategoriakoa dela esango dugu:

(34)
  • a. [ [ Nafar I] [hizkuntza I] I] zaharra

  • b. [ [Ardo I] [nafar Adj] IS] -a

Gauza bera gertatzen da ezker eta eskuin-ekin ere, honako esapide hauek erakusten duten bezala:

(35)
  • a. Ezker eskua

  • b. Eskuin begia

Hauek bietako joera dute, baina batean izen izango dira eta bestean, adjektibo. (35)eko ezker eta eskuin, izen kategoriakoak dira. Hortaz, bi izenez osatutako izen elkartuak ditugu hor:

(36)
  • a. [ [ ezker I] [esku I] I]

  • b. [ [ eskuin I] [begi I] I]

Baina alderantzizko ordena ere izan daiteke:

(37)
  • a. Esku ezkerra

  • b. Alde eskuina

Hemen ezker eta eskuin adjektibo direla esango dugu, izenaren eskuin aldean kokatzen baitira:

(38)
  • a. [ [esku I] [ezker Adj] IS]

  • b. [ [alde I] [eskuin Adj] IS]

Dena dela, Sarasolaren (1996) arabera, gaur gutxi erabiliak dira modu horretara.

Bestalde, guztiz arruntak dira ezkerreko eskua, eskuineko aldea bezalakoak. Hauek, bistan da, ezker eta eskuin-en izentasuna agerian jartzen dute (cf. lurreko sagarra, gaineko zapia ..., non lur eta gain izenak diren).

Ugari dira, halaber, erdaratik mailegatutako -al amaiera duten adjektibo erlazionalak ere: nazional, sindikal, gramatikal, lexikal... modukoak. Hitz hauek, mailegu gisa euskal hiztegiaren barnean izan dezaketen zilegitasuna gorabehera, argi dago adjektiboak direla eta, horrenbestez, adjektiboaren kokagunean ezarri behar direla eta ez izenaren ezker aldean:

(39)
  • a. Arazo sindikalak eta politikoak bereizi behar dira. (Ez, *sindikal arazoak)

  • b. Arau gramatikalak ematea nori dagokio? (Ez *gramatikal arauak; bai, gramatika-arauak izen elkartu gisa)

Euskal-, bazkal- izen kategoriakoak direla esan dugu eta izen elkartuen lehen osagai izan daitezkeela. Baina sindikal, nazional eta antzekoek, -al bukaera gorabehera, adjektibo kategoriakoak dira eta, horrenbestez, izenaren eskuin aldean kokatzen dira.

4.3.4 Kolorea adierazten duten adjektiboak eta izenak

Koloreekin ere arazoak izan daitezke. Koloreak adjektibo bidez ematen ditugu normalean. Horrek esan nahi du adjektiboaren ohiko kokagunea izango dutela, izenaren eskuin aldean:

(40)
  • Txapel gorria; itsaso urdina; kolore berdea ...

Arazoa sortzen da, ordea, ohiko adjektibo bat izan beharrean, zerbaiten kolorea adierazteko beste gauza baten koloreaz baliatzen garenean, hala nola, larrosa, laranja, zeru, kaka ...

(41)
  • a. Larrosa koloreko jertse bat erosi du.

  • b. Paretak kaka kolorea zuen.

Hemen, larrosa-k eta kaka-k izen izaten segitzen dute. Horrenbestez, normala da kolore izenaren ezker aldean kokatzea, izen elkartuetan ohikoa den bezala:

(42)
  • [[larrosa I] [kolore I] I]

Hortaz, larrosa kolore, laranja kolore eta holakoak erabat arruntak dira baina ez ?gorri kolore, edo ?beltz kolore.

Eta alkandora laranja edo jertse (l)arrosa modukoak? Hauek ontzat eman beharrekoak direla ematen du, onartzen bada, euskaraz zilegi denez, izen bat (laranja, arrosa ...) adjektibo bihur daitekeela. Alderantzizko bidea da zalantzagarria: kolore gorria bai, baina gorri kolorea ere bai? Ereduzko prosa gaur corpusean ageri diren adibideei erreparatuz gero, kolore gorri eta kolore beltz askoz maizago ageri dira gorri kolore eta beltz kolore baino. Aldiz, arrosa kolore nabarmen gailentzen zaio kolore arrosa-ri.

4.3.5 BESTE-ren kategoria

Beste ere, zenbaitentzat adjektiboa dena, izenaren ezkerretara kokatzen da beti:

(43)
  • Beste garagardo bat eskatuko dut. / *Garagardo beste bat eskatuko dut.

Horrenbestez, adjektibo izatekotan, bitxia da, zeren -ko-dun postposizio sintagmaren kokagune bera hartzen baitu. Bestalde, kuantifikatzaile balioa ere badu, nolabait. Dena dela, jokabide berezia du.

Jokabide berezia duenez, hitz hau zein kategoriatakoa den jakitea ez da erraza. "Aipatu den zeraz bestelakoa izanik, haren kideko dena adierazteko erabiltzen den hitza" dela diosku Sarasolak (1996). Badirudi ber (bera, berau, ...) hitzarekin baduela zerikusirik. Hain zuzen, hitz horren kontrakoa edo izango litzateke: gizon bera diogunean, nolabait aipatua edo den gizonaz ari gara; beste gizona-z ari banaiz, berriz, guztiz alderantzizkoa da, ‘bera ez’ esango bagenu bezala. Determinatzailea dirudi baina ez da erraz sailkatzekoa. Ber hitza ere, gehienetan artikuluarekin edo erakuslearekin bat eginda agertzen da (bera, berau, berori), baina hitz berezi bezala ere bai: ber gizona. Nolanahi ere, kasu honetan beste-ren pareko ematen du, kontrako esanahia badu ere: ber gizon -a / beste gizon -a.

Beste agertzen bada, determinatzaile sintagmak mugatzaileren bat izan behar du edo zenbatzaileren bat:

(44)
  • a. *Beste gizon etorri da.

  • b. Beste gizon hura etorri da.

  • c. Beste gizon bat etorri da.

  • d. Beste bi gizon etorri dira.

  • e. Beste gizona etorri da.

Sintagmaren osagaien artean zenbatzailerik baldin bada, beste aurretik kokatzen da:

(45)
  • Etxeko beste bost gizon haiek / *Etxeko bost beste gizon haiek

Dena dela, beste liburu bat eta beste liburua sintagmek adiera desberdina dute: lehenbizikoak zehaztu gabeko liburu bat aipatzen du. Aldiz, beste liburua sintagmak ongi zehaztutako liburua. Mugatu/mugagabe kontrakotasuna hemen ikusten da argien.

Izenordain gisa ere, –beraz, inolako determinatzailerik gabe– erabil daiteke ergatiboan edo datiboan, ‘norberak ez beste norbaitek’ esanahiarekin. Adibidez:

(46)
  • Holakoetan bestek izan ohi du beti errua.

Beste konparaziozko zenbatzaile gisa ere erabiltzen da, adina, adinbat-en parekoa. Honenbeste, horrenbeste, hainbeste eta holakoen osagai ere bada:

(47)
  • Mikelek ardotan beste diru xahutzen zuen gasolinatan.

Oraingoan, beste hau zenbatzaileen sailekotzat hartzea errazago da.

4.4 Adjektibo-metatzea

Izen sintagma baten barruan adjektibo batentzat baino gehiagorentzat egon daiteke lekua. Horrela, adjektibo bat bestearen ondoren ezar daiteke sintagmaren nolakotasuna zehazteko:

(48)
  • a. Ordenagailu on merke bat erosiko dut.

  • b. Auto berde ilun dotore bat nahi du.

  • c. Bi amoros zahar bero.

Baina adjektibo metatze hori bi motatakoa izan daiteke: a) batean adjektibo guztiak izen ardatz berari dagozkio eta b) besteetan bigarren adjektiboak aldarazten duena ez da izena bera, aurreko adjektiboa baizik. Lehenbiziko kasua da ohikoena. Alegia, adjektibo guztiak izen berari dagozkiola ematea.

4.4.1 Izenaren aldarazle diren adjektiboak “geruzaka” meta daitezke

Adjektiboaren zeregina, maiz, izenaren denotazioa murriztea dela esan dugu. Baina adjektibo baten ondoren beste bat jar daiteke eta honen ondoren beste bat, eta horrela, behar diren adina. Modu horretan erantsitako adjektibo bakoitzak izenari gero eta ezaugarri gehiago gehitzen dizkio. Hedaduran galtzen dena (alegia, izen horrek gero eta eremu txikiagoa, izaki gutxiago ‘besarkatzen’ ditu) trinkotasunean irabazten du (hots: izen horrek gero eta ezaugarri gehiago ditu, adiera trinkoagoa du). Adibidez, liburu izenak liburu guztien multzoa besarkatzen du. Liburu zahar diogunean, multzo hori murriztu egiten da. Eta multzo hau oraindik murritzago gerta daiteke beste adjektibo bat erantsiz. Adibidez, liburu zahar merke, edo liburu zahar merke eder. Azkena eransten dugun adjektiboak ezkerreko multzo osoa barnebiltzen du eta horrela, izenaren denotazioa murriztuz doa:

(49)

Hemen, hala ere, arazoa izan liteke adjektibo horiek zein hurrenkeratan joan behar duten erabakitzeko orduan: adibidez, liburu gorri merkea ala liburu merke gorria? Ez dago irizpide argiegirik (ik. Oihartzabal 2006; Artiagoitia 2006). Hala ere, zenbait joera soma daitezke. Esaterako, neurriaren eta kolorearen artean, normalena kolorea lehenbizi eta neurria gero ematea da. Baina alderantziz ere egin daiteke, zer esan nahi den:

(50)
  • Liburu gorri lodia / Liburu lodi gorria

(51)
  • a. Joko gaizto txar zikin ziztrina

  • b. Joko txar gaizto zikin ziztrina

  • c. Joko zikin gaizto txar ziztrina

  • eta abar

Beste arazo bat egiturari berari dagokio. Izan ere, (51) bezalakoetan erabaki beharko litzateke ea [ adj1, adj2, adj3, ...] ala [[[adj1] adj2] adj3] ...] egituren aurrean gauden. Arazoa, egiturari ez ezik, idazkerari ere badagokio: (51) nola idatzi behar da, komarik gabe, goian egin dugun bezala, ala komak ezarriz, (51’)-n bezala?

(51')
  • Joko gaizto, txar, zikin, ziztrina

Kasu honetan komak justifikatuak egon daitezke, alborakuntza gisa interpretatzen dugun heinean, goiko bi aukeretarik lehenbizikoa duelarik: [ adj1, adj2, adj3, ...].

Adjektibo erlaziozkoak (sozial, ekonomiko, amerikar... modukoak) ere kalifikatzaile arrunten aurretik kokatu ohi dira:

(52)
  • a. Arazo ekonomiko larriak

  • b. *Arazo larri ekonomikoak

Izenlagunetan ere bada hierarkia bat. Adibidez, -(T)AR gentilizioak -KO postposizioak baino hurbilago kokatzen dira dagokien izenaren ezkerrean:

(53)
  • a. XX. mendeko amerikar literatura

  • b. *Amerikar XX. mendeko literatura

4.4.2 Adjektiboen juntadura

Izen sintagma batean ager daitezkeen adjektiboak juntaturik ere egon daitezke, ageriko juntagailu eta guzti, ez bakarrik alborakuntza gisa. Esaterako, goiko (52)eko adibideak juntaduraz baliatuz eman daitezke, esanahia gehiegi aldatu gabe:

(54)
  • Joko gaizto, txar, zikin eta ziztrina

Adjektibo horiek elkarren parean aurkitzen dira horrelakoetan. Beste honako adibide honetan bezalaxe:

(55)
  • a. Liburu zahar eta atseginak ikusi ditugu.

  • b. Ikasle jator eta alaiak egokitu zaizkit aurten.

Hauetan dugun egitura honako hau da:

(56)

Batzuetan, gainera, agerian juntagailurik gabeko juntadura ere izan daiteke, juntagai diren adjektiboak elkarren segidan emanaz. Hori da adjektiboak zerrendatzen ditugunean maiz gertatzen dena. Honek, jakina, badu zerikusia gorago aipatu dugun adjektibo murrizgarrien eta ez-murrizgarrien kontuarekin. Sintagma plurala denean hori oso argi ikusten da:

(57)
  • Nobela erotiko luzeak irakurtzen ditu.

Hau honela interpreta daiteke: nobela erotikoak irakurtzen ditu, baina nobela erotikoen artean, ez edozein, luzeak bakarrik (57’a). Baina perpaus hau interpreta daiteke adjektiboak juntatuak (edo alboratuak) daudela pentsatuz ere (57’b):

(57')
  • a. [[[nobela [erotiko]] luze]] -ak.

  • b. [nobela [erotiko (eta) luze]] -ak.

Lehenbiziko interpretazioan adjektiboak murriztaile gisa interpretatzen dira, bakoitza bere aldetik: nobelak > nobela erotikoak > nobela erotiko luzeak. Bigarrenean, aldiz, bi adjektiboak batera izango lirateke izenaren murriztaile: nobelak > nobela erotiko (eta) luzeak.

Juntaturiko sintagma hauek, bestela egituratuak ere egon daitezke, bi juntagaiak mugatzaile eta guzti agertzen direla:

(58)
  • Nobela erotikoak eta luzeak irakurtzen ditu.

Kasu honetan, interpreta liteke bi motatako nobelak irakurtzen dituela: nobela erotikoak batetik eta nobela luzeak bestetik. Beste honako honetan bezala, hain zuzen:

(59)
  • Jokalari euskaldunak eta greziarrak hotel berean daude.

Baina hemen beste anbiguotasun bat ere gerta daiteke:

(59')
  • a. Jokalari euskaldunak eta greziarrak ( = jokalari euskaldunak eta jokalari greziarrak)

  • b. Jokalari euskaldunak eta greziarrak ( = greziarrak eta jokalari euskaldunak)

Hots: bi egituraren aurrean aurkitzen gara hemen ere:

(60)

(59b)ko bigarren juntagaian izen bat ageri da, baina fonetikoki gauzatu gabea eta ‘jokalari’ gisa interpretatzen dena. Hau ohikoa da juntaduran.

4.4.3 Adjektiboa adjektiboaren aldarazle

Aurreko atalean, izen baten inguruan adjektibo bat baino gehiago ager daitekeela ikusi dugu. Adjektibo horietako lehenbizikoak sintagmaren ardatz den izena aldarazten du, bigarrenak, berriz, [izena + adjektibo] multzo hori eta horrela, azkena arte. Hortaz, adjektibo sintagma bakoitza bere ezkerreko izen sintagmari egozten zaio.

Baina gerta daiteke bi adjektibo aurkitzea eta bietariko batek bestea aldaraztea eta ez, egiazki, zuzenean izen sintagma osoa. Adibidez:

(61)
  • Soineko urdin argia

diogunean, argi adjektiboa ez dagokio, nahitaez, zuzenean soineko-ri, urdin-i baizik. Alegia, soinekoa ez da argia. Argi, urdin-i dagokio: zein urdin motaz ari garen esateko darabilgu. Izan ere, urdina, ilunagoa edo argiagoa izan daiteke, biziagoa edo motelagoa, besteak beste. Hala esaten dugu behintzat. (61)en egitura, kasu honetan, (62)koa izango litzateke:

(62)

Oraingoan, [urdin argi] adjektibo pareak osagai bat osatzen du. Aldiz, etxe txiki polit bat esaterakoan, [txiki polit] ez da osagai. Osagaiak honako hauek izan litezke: [etxe], [etxe txiki] eta [etxe txiki polit]. Aurrekoan, aldiz, [soineko], [urdin], [urdin argi] eta [soineko urdin argi] izango lirateke osagaiak. Egitura desberdina, hortaz.

4.5 Adjektiboaren zeregina: adjektibo murrizgarriak eta ez-murrizgarriak

Determinatzaileak izenaren erreferentzia zehazten duen bezala, adjektiboak gehienetan izenaren ezaugarri bat ematen du aditzera, izenaren kualitate bat. Horregatik, adjektibo hauei kalifikatzaile ere deitzen zaie. Adjektiboa predikatu den aldetik, berak hautatuko luke argumentua eta ez alderantziz. Hortaz, predikatu denez, agian sintagmaren buru ere bera dela pentsa liteke.

Adjektibo kalifikatzaileek predikazio ezaugarriak dituzte, ez dute, berez, balio erreferentzialik. Baina izenaren denotazioa murrizten dute. Liburu izenak munduan diren liburu guztiei erreferentzia egiteko balio du. Baina liburu berri esaten dugunean, liburuen multzo handi horretatik batzuk bakarrik hartzen dira gogoan, liburu berrien multzoa. Alegia, liburuak, orokorrean, liburu berriak baino askoz gehiago dira, liburu zaharrak, liburu izanik ere, ez baitaude liburu berrien multzoan, baina bai liburuenean.

Baina denotazio murrizketa hau ez da adjektibo guztiekin gertatzen. Izan ere, badira adjektibo ez-murrizgarriak, erlatibo ez-murrizgarriak diren bezala:

(63)
  • a. Elur zuriak itsutu egiten zuen.

  • b. Bigarren astean Londres dotorea bisitatuko dugu.

Hemen, zuri-k eta dotore-k ez dute, hurrenez hurren, elurraren eta Londresen denotazioa murrizten. Elurra berez baita zuri eta Londresek ere berezkoa du dotore izatea. Elur bakarra eta Londres bakarra, beraz. Ez gara elur mota guztietatik zuria denaz ari edo Londres batzuetatik dotorea denari erreferentzia egiten. Aldiz, ikasle gaztea(k) badiogu, gazte adjektiboa murrizgarria izan liteke:

(64)
  • Gaur ikasle gazteak etorri dira eskolara. (hots: ikasleen artetik gazteak bakarrik)

Edo ez-murrizgarria: ikasle guztiak hartzen ahal dira kontuan eta hauek, denak, gazteak direla diogu. Honako honetan ere beste horrenbeste:

(65)
  • Ikasle gaztea izuturik zegoen.

Ikasle bakarraz ari bagara, ikasle hori gaztea dela esateak inolako murrizketarik ez du ezartzen. Beraz, ez litzateke murrizgarria izango. Hala ere, bai (64) eta bai (65) anbiguoak izan litezke, murrizgarri/ez-murrizgarri kontrakotasun honetan. (64)en kasuan ikasle guztiak gazteak badira, ikasle gazteak esaterakoan ez dugu inolako murrizketarik egiten. Baina gerta liteke era guztietako ikasleak izatea. Orduan, ikasle gazteak esaterakoan, denetariko ikasle horien artetik gazteak direnak bakarrik hartzen ditugu ahotan. Berdin (65)an ere: ikasle bat baino gehiago baditugu gogoan, ikasle gaztea aipatzerakoan, murrizketa egiten ari gara, denetarik gaztea dena. Baina gure jomugan ikasle bakarra badago, hartaz ari bagara, narrazio batean, adibidez, bistan da ikasle bakar horri erreferentzia egiterakoan ikasle gaztea esanda ez dugula murrizketarik egiten.

Nolanahi ere, euskaraz, adjektiboa murrizgarria izan nahiz ez-murrizgarria, kokagune bera du. Beste hizkuntza batzuetan, gaztelaniaz esaterako, osagaien hurrenkera desberdinak jokoa ematen du. Baina euskaraz ez.

4.6 Adjektiboaren hedakuntzak

Adjektiboa adjektibo sintagmaren ardatza dela esan dugu. Ardatz edo buru horretaz gainera, bestelako osagaiak ere aurkituko ditugu adjektibo sintagman, adjektiboak ere, izenak edo aditzak bezala, lagunak izan baititzake bere inguruan eta baita, batzuetan, osagarriak ere. Ez izenak edo aditzak adina, baina batzuk bai.

Izen sintagman bezala, kuantifikatzaileak aurki ditzakegu adjektibo sintagman, maila adierazten duten sintagmak alegia. Adibidez:

(66)
  • a. [[Horren maila-hitza] pisu [handi Adj] ] -ak ezin dituzu jaso.

  • b. Ideia [[biziki maila-hitza] [interesgarri Adj] AdjS] -ak aurkeztu zizkigun.

Edo mugatzailea ere eraman dezake, predikatu osagarrietan gertatzen den bezala:

(67)
  • Dendaria [[berritsu Adj] -a DS?/AdjS?] zen.

Beste adjektibo batek aldarazia ere egon daiteke, gorago ikusi dugun bezala:

(68)
  • [Begi [[urdin AdjS] argi AdjS] IS] -ak zituen neskak.

Badira osagarriak hautatzen dituzten adjektibo bakan batzuk ere, egoki, esate baterako:

(69)
  • Zapata eroso eta lanerako egokiak erosiko ditut.

(69) adibidean, lanerako postposizio sintagma egoki adjektiboaren osagarritzat har genezake.

Hala ere, osagarriz eta abarrez hornitutako adjektibo sintagma hauek, batez ere predikatu osagarrietan agertzen dira, ez determinatzaile sintagma arrunten esparruan. Adibidez, honako bi perpaus hauetatik, bigarrena askoz ohikoagoa da lehenbizikoa baino:

(70)
  • a. [ [Gela [jendez bete AdjS] IS] -ak DS] ez ditut atsegin.

  • b. Gela [ [jendez bete AdjS] -a DS] zegoen.

Euskaraz (70a)n ageri den determinatzaile sintagmak, nolabait, zama handiagoa du (70b)koak baino edo, [jendez betetako gela] sintagmak baino.

Nolanahi ere, determinatzaile sintagmak duen zama gorabehera, adjektibo sintagma ere badela onartu behar, adjektiboa ardatz duen sintagma, alegia. Ardatz honek bere osagarriak, adjuntuak eta zenbatzaile sintagmak izango ditu berarekin.

4.6.1 Predikatu neutroak eta predikatu kuantifikatuak

Adjektiboak bi modutara eman daitezke: batetik, era soilean (mailakatu edo kuantifikatu gabe); b) eta bestetik, era mailakatuan, maila-hitz batez lagundurik. Eta hauek, beren aldetik, absolutuki kuantifikatuak izan daitezke, edo modu erlatiboan kuantifikatuak.

Ondoko adibidean, adjektiboa era neutroan, hots, mailakatu gabe ageri da:

(71)
  • Gizon hori jakintsua da / Gizon jakintsu bat etorri zaigu.

Hemen jakintsu ezaugarria era neutroan, absolutuan, eskaintzen zaigu: jakintsu, eta kito; ez oso jakintsu, jakintsuago eta abar gisa. Bestelako sintagmetan ere gertatzen da hori. Determinatzaile sintagmetan edo adberbio sintagmetan, adibidez:

(72)
  • a. Gizon horrek etxeak dauzka Gasteizen.

  • b. Pozik etorri zen Mikel / Urrun bizi da Mikelek.

(71)n gizonaren jakituria bere horretan ematen da, modu absolutuan, nolabait, beste ezeri erreferentziarik egin gabe. (72a)n ere etxeak zenbat diren ez dakigu. Bat baino gehiago direla bakarrik. (72b)n ere gauza bera, pozik eta urrun modu absolutuan ematen ditugu, beste ezeri erreferentzia zuzenik egin gabe.

Predikatu hori berori, ordea, zenbatzaile edo maila-hitz batez hornitua eman daiteke, edo modu absolutuan, inguruko ezerekin konparatu gabe:

(73)
  • a. Gizon hori oso jakintsua da.

  • b. Gizon horri nahiko diru ordaintzen diote.

  • c. Nahiko pozik etorri zen Mikel.

Hemen lehengo adjektiboari, adberbioari edo izenari maila ezarri diogu, zenbatu egin dugu, nolabait. Maila hori bere horretan ematen dugu, beste ezeri erreferentzia egin gabe.

Baina badira hizkuntzan beste maila-hitz batzuk, OSO eta NAHIKO baino harago doazenak. Maila adierazten dute, baina maila hori zehazteko, beste erreferentzia puntu bat hartzen dugu, zerbaitekin erlazioan jartzen dugu, zerbaitekin alderatzen. Adibidez:

(74)
  • a. Ez nekien zu horren jakintsua zinenik.

  • b. Hainbeste diru ordaintzen al diote?

  • c. Mikel ez zen hain pozik etorri.

Perpaus hauetan HORREN-ek, HAIN-ek eta HAINBESTE-k, (73)ko OSO-k edo NAHIKO-k ez bezala, ez dute berezko edukirik, anaforak dira, aurrekari batera bidaltzen gaituzte. Perpaus horiek testuinguru baten barruan ulertu behar dira: hainbeste diru zer den ulertuko bada, norbaitek duen edo norbaitek aipatu duen, edo norbaiti ordaintzen diotena... gogoan izan behar dugu. Erreferentzia puntu hori solaskideek gogoan izan dezaketen heinean, ez da HAINBESTE eta HAIN horren aurrekaria ageriko egin beharrik, jakintzat ematen da. Gauza bera gertatzen da adjektibo, zenbatzaile edo adberbio soilen ordez bestelako anafora bat ezartzen badugu. Adibidez:

(75)
  • a. Joseba halakoa zen./ Ez nekien horrelakoa zinenik.

  • b. Gizon horrek honenbeste irabazten du./ Honenbeste ordaintzen diote hilean.

  • c. Hala etorri zen Mikel./ Hainbeste ikasi du Mikelek.

‘Joseba halakoa zen’ dioenak, eta entzuleak, testuinguruaren arabera interpretatuko dute zer esan nahi den halako horrekin.

Baina badira hauen parean beste anafora batzuk, nahitaez aurrekaria agerian ematea eskatzen dutenak: BEZAIN, BEZAINBAT/ADINA..., adibidez. HAIN aurrekaririk gabe ematen den bezala –(76a)n, esaterako–, BEZAIN ezin da horrela eman. Hau ezkerretara perpaus bat duela eman behar da. Gauza bera gertatzen da HAINBESTE/ ADINA edo HALA/ BEZALA bikoteekin ere:

(76)
  • a. Neska hori ez da hain gaztea. / *Neska hori ez da bezain gaztea.

  • b. Hainbeste irabazten al duzu? / *Adina irabazten al duzu?

  • c. Hala hitz egiten zuten. / *Bezala hitz egiten zuten.

(77)
  • a. Neska hori ni (naizen) bezain gaztea da.

  • b. Lehengo lantokian (irabazten zenuen) adina irabazten al duzu?

  • c. Kale umeek (hitz egiten zuten) bezala hitz egiten zuten.

Hain zuzen, pentsa liteke maila-hitz, zenbatzaile edo modu adberbio hauen artean badirela batzuk (HAIN, HALA ...) ezkerrean osagarririk gabe ematen direnak. Hortaz, iragangaitzak edo lirateke. Beste batzuek, berriz, osagarria eskatzen dute (BEZAIN, BEZALA, ADINA...) eta, horrenbestez, iragankortzat hartu beharko genituzke. Gauzak horrela ikusita, -(E)N-dun perpausa BEZAIN, BEZALA, BEZAINBAT eta abarren osagarri izango litzateke.

Gramatiketan, adjektiboen eta adberbioen maila positiboaz, konparatiboaz eta superlatiboaz hitz egin ohi da. Maila positibo hori zer den ez dago oso argi. Hobe litzatekeela dirudi maila neutroaz edo absolutuaz hitz egitea alde batetik eta maila erlatiboaz edo, bestetik. Eta azken hauetan, berdintasuna, gehiagotasuna, gehiegitasuna eta gehientasuna adierazteko gramatikak eskaintzen dizkigun bideez hitz egin genezake. Eta hauetan, azkenik, erlatibotasun hori zeren araberakoa den esaten diguten esamoldeak eta horren berririk ematen ez digutenak bereiz genitzake. Eskema bidez, honelatsu aurkez genitzake:

(78)

Adjektiboen kuantifikazio maila

Erreferentzia punturik gabe Erreferentzia puntua agerian emanaz
absolutua

jostorratz luze bat

ikuspegi ederra

arropa garestiak

erlatiboa berdintasuna

hain orratz luzea

horren ikuspegi ederra

honen arropa garestia

jostorratza bezain luzea

egunsentia bezain ederra

gure etxea bezain garestia

gehiagotasuna

luzeagoa

ederragoa

garestiagoa

jostorratza baino luzeagoa

egunsentia baino ederragoa

gure etxea baino garestiagoa

gehiegitasuna

luzeegia

ederregia

garestiegia

josteko luzeegia

lanerako ederregia

nire boltsikorako garestiegia

gehientasuna

luzeena

ederrena

garestiena

(haririk) luzeena

aurkitu dudan lorerik ederrena

ahalik eta autorik garestiena

Eta adjektiboekin ez ezik, adberbio askorekin ere egin daitezke konparazioak:

(79)
  • a. urruti / urrutiago / hain urruti / gure etxea baino urrutiago /gure etxea bezain urruti ...

  • b. pozik / pozago / hain pozik / atzo bezain pozik ...

Denbora adberbioekin ere bai:

(80)
  • a. Gero / geroago / zu baino geroago

  • b. Lehen / lehenago / zu baino lehen(ago)

  • c. Arin / hain arin / arinago / zu baino arinago

Gramatiketan konparazio perpausez hitz egiten denean, berdintasuna eta gehiagotasuna adierazten duten perpaus menderatuak hartu ohi dira kontuan. Izan ere, hauek bereziak gertatzen dira egituraren aldetik: ardatz bati (BEZAIN, ADINA, BEZALA ...) atxikitako perpaus berezi bat izan ohi dugu ([jostorratza (den) bezain] luzea behar du izan hariak). Gehiegitasuna edo gehientasuna adierazteko, aldiz, bestelako sintagma batzuez baliatzen gara gehiegi- edo gehientasun hori zeren araberakoa den esateko: batean destinatiboaz baliatzen gara, behar izanez gero (hau gehiegi da [zuretzat]; bidea luzeegia da [egun batean egiteko] ...). Bestean, berriz, perpaus erlatibo arrunt batez baliatzen gara edo -KO atzizkidun sintagma batez edo partitiboaz (munduko emakumerik jakintsuena). Gauzak horrela, lehenbizi perpaus konparatiboez arituko gara hemen, hots berdintasuna eta gehiagotasuna aditzera emateko baliatzen ditugun perpausez. Hauen ondoren aurkeztuko dira gehiegitasuna eta gehientasuna (superlatiboa).2

4.6.2 Maila-adberbioak

Adjektiboa, zenbait adberbio bezala, maila-adberbioz lagundurik ere ager daiteke. Hauek dira arruntenak: arrunt, aski, benetan, biziki, biziro, dezente, egiazki, erabat, guztiz, hagitz, hain, honen, horren, izugarri, nahiko, oso, txit, ...

Maila-adberbio hauek, adjektiboaren ezkerretara agertzen dira. Adjektibo sintagma predikatu osagarria denean, adibidez:

(81)
  • Neska hura nahiko trebea zen.

Eta [izena + adjektibo IS] hurrenkera dugunean, orduan ere ezkerrean kokatzen da, izen sintagma osoaren ezkerrean (hau da normalena) edo, baita, adjektiboaren ezkerrean ere, izenaren eta adjektiboaren artean alegia:

(82)
  • a. Oso neska galanta / neska oso galanta

  • b. Guztiz liburu aproposa / liburu guztiz aproposa

  • c. Nahiko mutiko langilea / mutiko nahiko langilea

  • d. Hain lan zaila / lan hain zaila

  • eta abar.

Maila-adberbio hauen kokagunea eta perpaus konparatiboena, funtsean, bera da. Hain argi ez dagoena da X' teoriaren arabera zein ote den osagai hauen kokagunea. IS-etan ageri diren zenbatzaileen jokabide bera dutela ematen du. Haiek izen sintagmaren espezifikatzaile badira, hauek, agian adjektibo sintagmaren espezifikatzaile izan litezke. Kontua da batak eta besteak izenaren ezkerreko lekua hartzen dutela. Hortaz, nolabait, biek ere leku beragatik borroka egin behar dute, ezin dira biak leku berean agertu. Horregatik, sintagma berean nekez aurkituko ditugu zenbatzaile bat eta adjektibo sintagmari dagokion maila-adberbioa:

(83)
  • a. *Hain bi lan zail

  • b. *Hau bezain bost liburu eder

Beharbada, denak determinatzaile sintagmaren barnean zenbatzaile sintagmaren espezifikatzaile gune berean agertzeko zaletasuna dute.

Hortaz, egitura gorabehera, zer egin zenbatzailea eta maila-adberbioa eman nahi ditugunean, (83) bezalakoak zilegi ez badira? Aposiziora jotzea izan liteke biderik seguruena:

(84)
  • a. Bi lan, hain zailak, agindu zizkidaten, erabat urduri jarri nintzen.

  • b. Bi lan agindu zizkidaten, hain zailak, erabat urduri jarri nintzen.

  • c. ?Bi lan hain zail agindu zizkidaten, erabat urduri jarri nintzen.

(85)
  • a. *Oso lan polit bat aurkeztu zidan.

  • b. Lan bat, oso polita, aurkeztu zidan. / Lan bat aurkeztu zidan, oso polita.

  • c. ?Lan oso polit bat aurkeztu zidan.

4.6.3 Konparazio perpausak: -AGO, -EGI eta -EN

Konparazio perpausek ere maila-adberbioen funtzio bera betetzen dute, adjektiboa kuantifikatzea, alegia:

(86)
  • a. Zu (zaren) bezain gizon prestua aurkitzea ez da erraza izango.

  • b. Hau baino liburu aproposagoa da hura.

  • c. Andoni bezain mutiko langilea da Joseba.

Hauetan, ez da hain erraza, delako maila perpaus hori ezker muturreko kokagune horretatik beste inora mugiaraztea.

Maila-adberbioak hitz lokabeak dira. Baina atzizkien bidez ere mailaka daiteke adjektiboak adierazten duena. Horrela gertatzen da maila superlatiboa, konparatiboa edo larregitasuna adierazi nahi dugunean.

(87)
  • a. handi + -ago ---> handiago (Makila handiagoa behar dut)

  • b. handi + -en --->handien (Makilarik handiena zurea da)

  • c. handi + -egi--->handiegi (Soineko handiegia erosi dut)

4.6.3.1 Gehientasuna

Gehientasuna adierazteko erabiltzen da superlatiboa. Gehientasun kontu honetan, gramatiketan bi mota bereizten dira: a) superlatibo absolutua (oso goxoa, goxo-goxoa, ikaragarri goxoa ... modukoak) eta b) superlatibo erlatiboa (goxoena). Lehenbizikoari buruz adjektiboaren mailak aztertzerakoan hitz egin da. Hemen aipatu beharrekoa superlatibo erlatiboa dugu, alegia, egiazki gehientasuna predikatzeko erabiltzen duguna. Honek, erlatiboa delako hain zuzen, gorentasuna beste zerbaiti erreferentzia eginez predikatzen du, elkarren arteko erlazioa ezarriz. Superlatibo horrek murriztaile bat behar du, nolabaiteko arau bat, nahiz eta askotan delako arau hori isilpean geratzen den, solaskideek horren beharrik ikusten ez dutelako hain zuzen.

Gehientasun maila adierazteko, adjektiboari edo aditzondoari, -EN atzizkia eransten diogu:

(88)
  • a. Etxe hau da berriena.

  • b. Liburu egokiena hauxe duzu.

(88) bezalakoetan, etxeetan berriena edo liburuetan merkeena zein den esaten ari gara. Hortaz, nolabaiteko erreferentzia puntua hortxe dago: etxeak edo liburuak.

Erreferentzia puntu delako hori adierazteko bide bat baino gehiago dago. Partitiboaren bidez ematen dugu askotan:

(89)
  • Libururik egokiena hauxe duzu.

Maiz, -KO atzizkia duen izenlagun baten bidez zehazten dugu gehientasun hori zein esparrutan gertatzen den, araua zein den alegia:

(90)
  • Etxeko zaharrena Mikel da.

Inesiboan edo ablatiboan ere eman daiteke gehientasunaren esparru hori, superlatiboaren araua, alegia:

(91)
  • a. Eskolako {irakasleetan/irakasleetarik} aspergarriena zen Jon.

  • b. Eskolako irakasleen {artean/artetik} aspergarriena zen Jon.

Askotan erlatibo arrunt batek ere adieraziko digu esparru hori zein den:

(92)
  • Eskolan genuen irakaslerik aspergarriena zen Jon.

Alegia, Jon delako hori eskolan genituen irakasleetarik aspergarriena zen. Hortaz, lehenbizi eskolako irakasleen multzoa hartzen da eta multzo horretan aspergarriena Jon zela adierazten dugu, (92)ren arabera.

(90)n ere, Mikelen adina etxeko gainerakoen adinarekin alderatzen dugu eta hau beste guztiak baino zaharrago denez, (90) esaten ahal dugu. Hortaz, hemen ere nola halako alderatze baten ondorioa da superlatiboa.

Holako adibideen aurrean galde daiteke ea hor adjektiboaren ezkerrean ageri den perpaus hori ez ote den perpaus konparatiboetan ikusten dugunaren mota berekoa. Har dezagun egiazki konparatibotzat hartzen diren perpaus horietako bat:

(93)
  • Eskolako beste irakasle guztiak (ziren) baino aspergarriagoa zen Jon.

Argi dago (92)k eta (93)k bi egitura desberdin dituztela. (93)ko adibidean, nolabait, azpian dagokeen perpausa honako hau da:

(94)
  • [Eskolako beste irakasle guztiak x aspergarriak ziren baino] aspergarriagoa zen Jon.

Alegia, bi perpausetan antzeko predikazioa egiten dugu: eskolako irakasle guztiak maila bateraino (x mailaraino) aspergarriak ziren, baina Jonen maila gainditzen zuenik ez zen. Hala ere, (93) bezalakoetan aditza (ziren) ezaba daiteke. Superlatibo direlako hauetan perpauseko aditza ezin dugu besterik gabe ezabatu:

(91')
  • a. [Eskolan genuen] irakaslerik aspergarriena zen Jon.

  • b. *[Eskolan genuen ] irakaslerik aspergarriena zen Jon.

Aditza ezabatu nahi badugu, zerbait jarri beharra dugu ordezko. Eta, hain zuzen, eskura daukagun ordain bakarra -KO atzizkia da, perpaus erlatiboetan, zenbaitetan, dugun aukera berbera, alegia:

(91')
  • [Eskolan + ko] irakaslerik aspergarriena zen Jon.

Holakoentzat lekurik ez dago -(E)N BAINO, -(E)N BEZAIN modukoetan:

(95)
  • a. Eskolan zen baino aspergarriagoa zen Jon etxean.

  • b. Eskolan baino aspergarriagoa zen Jon etxean.

  • c. *Eskolako baino aspergarriagoa zen Jon etxean.

Hortaz, perpaus konparatiboek perpaus erlatiboen antz handia dute, bai, baina egitura desberdinekoak dira. Aldiz, adjektibo superlatiboekin ager daitekeen perpausa erlatibo hutsa da, perpaus erlatibo garbia. Eta honen erabateko ordaina da [eskolako] postposizio sintagma ere.

• Gehientasunezko esamolde berezi batzuk

Gehientasuna maiz ahalarekin edo ezinarekin jartzen da erlazioan. Alegia, “ahal direnetatik X-EN (-a)” zein den esateko baliatzen ahal da. Goian aipatutako aditz modala dugu ahal izan eta, horrenbestez, arauzko ereduari jarraitzen dio esamolde honek:

Ahal {den/duen ...} ... x-EN (-a )

(96)
  • a. Ekar itzazue ahal dituzuen ardo garestienak.

  • b. Ahal izan genituen liburu astunenak jarri genituen lurrean.

Hau litzateke formarik gardenena, baina aski ihartutako esamoldeak ere badira horretarako:

Ahalik eta ... -EN (-a/-ik)

(97)
  • a. Drainak ere badira, ahalik merkeenik eginak, Baionan, Maulen eta bertze zeinbait tokitan (Duvoisin, Laborantzako liburua, 117)

  • b. Zure alderat inguratzen naiz ahalik eta maizena (Xalbador, Odolaren mintzoa, 83)

  • c. Ahalik eta garbien azal ditzadan nire iritziak.

  • d. Etxea ahalik ongiena apaindu behar da.

Albait ... -EN (-a)

(98)
  • a. Ekar itzazue albait sagarrik helduenak.

  • b. Albait isilen, harri eta haitz pilo handiak batzen ditu mendian.

  • c. Elkar maite dutenak albait eta sarrien alkar ikusten saiatzen dira.

  • d. Medikuren bat bilatu behar diat albait arinen.

Hainbat ... -EN (-a)

(99)
  • a. Plazako festara eroaten den jantzia hainbat ederrena eta edertoen ipinia izaten da.

  • b. Handik hainbat arinen alde egiteko eskatu nion.

Ezin ... -AGO

Superlatibo gisako esamolde bereziak sortzen ditugu perpaus nagusian X-AGO-ren ondoan EZIN aditz modala sartuz:

(100)
  • Disko hau ezin egokiagoa duzu opari hori egiteko.

Hau da forma hedatuena. Hala ere, honen ordez, Iparraldean [ezin gehiago X] esamoldeaz ere baliatzen dira:

(101)
  • a. Ehunka bertso utzi zituen, ezin gehiago ederrak.

  • b. Ezin gehiago lasai gelditu zen Mikel.

Forma bata zein bestea superlatibo modukoak dira. Esanahiaren aldetik argi dago hori: ezin da ederrago, zoriontsuago, egokiago... izan. Superlatiboak ere, gorago esan dugun bezala, konparatibo gisa uler daitezke. Hauek ere modu bertsuan interpretatzen dira:

(102)
  • a. Ezin egokiago duzu.

  • b. Izan daitekeen egokiena duzu.

  • c. Izan daitekeen beste edozer baino egokiago duzu.

Baina perpaus hauetan, -AGO atzizkia gorabehera, konparatiboaren oinarri dela esan dugun [... BAINO] perpausarentzat ez da lekurik.

(103)
  • a. *Disko hau ezin egokiago duzu beste hau baino.

  • b. Disko hau egokiago duzu beste hau baino.

Izan ere, oinarri hori, ezin-en beraren bidez, nolabait, emana dago: izan daitekeen baino egokiago dela esatean egokitasunari jar dakiokeen mugarik altuena ezarria dugu jadanik. Aldiz, (102b)n bezala, muga hori beste disko batek ezartzen du. Beraz, askoz muga apalagoa du. Ez da, behintzat, ‘gradu gorena’.

Adjektiboak errepikatzea

Adjektiboak errepikatuz ere gehientasun absolutua ematen da aditzera:

(104)
  • a. handi ---> handi-handi (Hots handi-handi bat entzun zen)

  • b. polit---> polit-polit (Katu polit-polita daukagu)

  • c. gozo---> gozo-gozo (Ardo gozo-gozoa egin dute aurten)

  • eta abar

Bide hau ere superlatiboak eratzeko baliatzen dugu: eder-ederra esatean eta oso ederra esatean, funtsean gauza bera esaten dugu, nolabait, neurriz kanpoko edertasuna adierazten dugu. Baina oraingoan ez dugu erreferentzia punturik ezartzen. Superlatibo absolutua da.

Konparatiboaren eta superlatiboaren artean antzekotasunak baldin badira ere, desberdinak dira, egituraz eta esanahiz. Ikusi dugun bezala, lehenbizikoan, -AGO atzizkia duen adjektiboak edo adberbioak erreferentzia puntu bat eskatzen du, eredu bat. -EN atzizkia duenak ere beste horrenbeste. Baina -AGO atzizkiak perpausaren osagai jakin batera eramaten gaitu, nolabait: [A B baino handiagoa da] diogunean, A eta B, biak mota bereko osagaiak, konparatzen ditugu, bata bestearen arabera kuantifikatuz. Superlatiboan eredu hori esparru oso bat dela esan daiteke, ez elementu bakar bat, B, multzo bateko elementu guztiak baizik. A da ederrena diogunean, ez dugu A hori B batekin alderatzen, multzoko elementu guztiekin alderatzen dugu, multzo hori edozein dela: munduko ederrena, ezagutzen dudan ederrena, gure klaseko ederrena, eta abar. Alegia, mundua, klasea, nik ezagutzen ditudan guztiak, dira esparrutzat hartzen dena.

Horrenbestez, euskaraz erraz bereiz litezke handiagoa eta handiena, bai formaren aldetik, bai esanahiaren aldetik. Hala ere, zenbaitetan zalantza sor dakiguke, erdararen eraginez beharbada.

(105)
  • a. Harri astunagoak hartu nituen nik.

  • b. Harri astunenak hartu nituen nik.

Bi perpaus hauek esanahi desberdina dute: (105a) konparatiboa da, nahiz eta eredua ageri ez den. Inplizitoa da. Adibidez, ‘zuk baino’ gehi geniezaioke perpaus horri. Honela:

(105')
  • a. Nik [zuk baino] harri astunagoak hartu nituen.

(105b)ren kasuan ere, nolabaiteko konparazioa bada, baina harrien multzo osoa hartzen da konparazioa egiteko esparrutzat, “han zeuden harri guztietatik astunenak” esango bagenu bezala. Superlatiboa, beraz.

Hortaz, ez dira gauza bera eta biak bereizteko arau erraz bat nahi izatekotan, ‘beste guztiak baino X-AGO’ edo esan nahi bada, superlatiboa behar da. Horrenbestez, -EN atzizkia da hor egokia:

(106)
  • Europako herri zaharrena omen da gurea = Europako beste herri guztiak baino zaharragoa omen da gurea.

Horrelako ordezkatzerik ezin egin bada, alderaketa arrunta izango dugu, -AGO atzizkiduna alegia:

(107)
  • Herri zaharragoa da Euskal Herria = Beste X herri bat(zuk) baino zaharragoa da Euskal Herria.

Beraz, (105a) eta (105b) ez dira elkarren ordain.

Holako zalantzak, batez ere, erlatiboetan gertatzen dira:

(108)
  • a. Itxura hobea duena hartuko dut. / b. Itxura hoberena duena hartuko dut.

(109)
  • a. Ongien ordaindutako lanpostua hautatuko dut.

  • b. Hobeto ordaindutako lanpostua hautatuko dut.

(109a)ren ordaina honako hau izan liteke: ‘Eskaini dizkidazun lanpostu guztietarik ongien ordaindutakoa’. Aldiz, (109b)rena, beste hau: ‘Orain dudana baino hobeto ordaindutakoa’.

Superlatiboak mugatzailea eskatzen duela eta, bi kasu bereizi behar ditugu: batetik determinatzaile edo adjektibo sintagmaren kasua eta bestetik, adberbioarena.

Ikus dezagun, hasteko, zer gertatzen den superlatiboa determinatzaile sintagma edo adjektibo sintagma baten osagai denean.

-AGO konparatiboa ongi “ezkontzen” da BAT zenbatzaile/mugatzailearekin. -EN superlatiboa, aldiz, beti mugatu gisa ematen dugu:

(110)
  • a. Auto azkarragoa ondo etorriko zaizu / Auto azkarrago bat ondo etorriko zaizu.

  • b. Auto azkarrena hartuko dut / *Auto azkarren bat hartuko dut.

Superlatiboan doan determinatzaile sintagma, galdegai nahiz mintzagai izan daiteke. Perpaus kopulatiboetan, esate baterako, oso arrunta da holako sintagmak aurkitzea:

(111)
  • a. Hau da liburutegi honetan dugun liburu(rik) zaharrena. (mintzagaia)

  • b. Liburutegi honetan dugun liburu(rik) zaharrena da hau.(galdegaia)

(112)
  • a. Liburu hau beste hori baino zaharragoa da. (galdegaia)

  • b. Liburu hori baino zaharragoa hau da. (mintzagaia)

(111)n bi hurrenkerak guztiz ohikoak dira. Aldiz, (112b) (112a) baino askoz markatuagoa da. Bestelako perpausetan ere bien arteko desberdintasuna aski ongi atzematen da:

(113)
  • a. Nik autorik azkarrena aukeratu nuen.

  • b. Nik aukeratu nuen autorik azkarrena.

(114)
  • a. Nik auto azkarragoa aukeratu nuen.

  • b. Nik aukeratu nuen auto azkarragoa.

Hauek denak zilegi izanik ere, testuinguruaren arabera, badirudi (113)ko bi esaldiak eroso samar sortzen ditugula. (114)koetan, ordea, gauzak ez dira horrela: (112b) eta (114b) bezalakoak esateko oso testuinguru jakina beharko da. Horrek badu, hain zuzen, zer ikusia sintagmaren mugatasunarekin. Gogoratu gaztelaniaz zer gertatzen den.

Kontua da superlatiboak beti mugatzailea eskatzen duela.

Baina superlatiboaren eskakizun honek arazoren bat sor dezake noizbait. Esaterako prolatiboa (-TZAT atzizkia) behar dugunean. Adibidez:

(115)
  • a. Idazle oparotzat daukat Baroja.

  • b. Idazle oparoagotzat daukat Baroja.

  • c. Idazle {?oparoentzat/?oparoenatzat} daukat Baroja.

Izan ere, kontrako eskakizunak dituzte superlatiboak eta prolatiboak: batak mugatzailea eskatzen du eta besteak mugatzaile hori uxatu egiten du. Arazo bat, nolanahi ere. Zeren kontrako bi interes daude hor jokoan eta biak batera ezin bideratu. Nahaste hori, nabari da testuetan:3

(116)
  • a. Obia zara zeu, zeuk deungeentzat daukazuna baino (Prai Bartolome, Ikaskizunak 2, 235)

  • b. Nor da dattekianik ergelena? Bere buruba jakintsubenatzat daukana (Otxolua, Bertolda ta Bertoldin, 13)

  • c. Rafael Castro konposagileak oso gertutik jarraitu zuen kontzertua, berak buruturiko obrarik interesgarrienatzat jotzen baitu egileak berak (Hemen 1987, 0001)

Azter dezagun orain superlatiboa adberbio sintagma baten osagai denean. Superlatiboak adberbio sintagma osatzen duenean, joera desberdinak gertatzen dira: a) mugatzailea ager daiteke: -EN-A; b) mugatzailerik gabe joan daiteke: -EN; eta c) partitiboa ere ikusiko dugu: -ENIK.

(117)
  • a. Adiskide andi ura ainbat lasterren arpegiz arpegi ikusteko leia erne zitzaion. (D. Agirre, Garoa, 206)

  • b. Biurtu behar da ahal-dan lasterrena (Ubillos, Kristau berri-ekarlea, 181)

  • c. Eurak dakiez ondoen olango gauzak (D. Agirre, Kresala 185)

  • d. Sukaldeko suak etxea ondoena antzezten digu (Barandiaran, Lehen gizona, 86)

  • e. Molde hortan da ageri preseski hobekienik yuduen eta framazoen herra (M. Elissanburu, Framazonak, 127)

  • f. Hola egin duten erregeak dire hobekien ikusiak. (Hiribarren, Eskaraz Egia, 44)

4.6.3.2 Gehiegitasuna

Gehiegitasunezko maila bat ere badela aldarrikatu dugu. Gehiegizko maila hau adierazteko euskaraz dugun morfema -EGI atzizkia da. Bizkaieraz LAR maila-adberbio askea ere erabiltzen da horretarako, batez ere predikatuetan eta gehiegi-ren baliokide gisa. Morfema hauek, maila ezartzea onartzen duten hitz klase guztiei erants dakizkieke, adjektiboei eta adberbioei bereziki.

(118)
  • a. Zapata handiegiak erosi ditut.

  • b. Zapata horiek handiegiak dira zuretzat.

  • c. Urrunegi joaten ari zarela uste dut.

  • d. Haurrak lar(regi) babesten dira.

  • e. Zigorra lar handia zela pentsatu zuen.

  • f. Ez dut gauza lar arrarorik sumatu.

Atzizki hau daramaten adjektibo eta adberbioek ez dute misterio berezirik: forma neutroan ematen diren gainerako adjektibo eta adberbioek bezalaxe lan egiten dute, egitura beretan agertzen dira.

Konparazioaren araua zein den perpaus konparatiboan bilatzen dugu. Handiegi diogunean ere, handitasuna erlatiboa dela esaten dugu, handiegitasun hori zerbaiten arabera ezartzen dugu, beste zerbaitekin konparazio eginez. Hortaz, hemen ere bada eredu bat, baina oraingoan ez dugu perpaus berezirik behar, xedea adierazten duen sintagma bat edo perpaus bat ez bada. Alegia, zerbait gehiegi dela esaten dugunean, gogoan daukagu zerbaitetarako dela gehiegi. Hori agerian eman nahi bada, esan bezala, destinatiboa edo helburuzko perpaus baten bidez emango dugu. Horrela, -T(Z)EKO perpausa -EGI atzizkiaren osagarri izango litzateke:

(119)
  • a. Prestatu duzun bazkaria garestiegia da edozeini emateko.

  • b. Ederregia zara artajorrarako. / Lar ederra zara artajorrarako.

  • c. Ohitura zaharregiak dituzu nolanahi uzteko.

Dena dela, esan behar da gehienetan gehiegitasun honen erreferentzia puntua edo araua zein den ez dela aditzera ematen, zehaztu gabe gelditzen dela.

4.6.3.3 Atzizki txikigarriak eta handigarriak

Beste atzizki batzuk ere badira adjektiboaren esanahia nolabait aldarazten dutenak, txikigarri gisa nahiz handigarri moduan. Sail honetakoak ditugu -KOTE, -ÑO, -TXO, -XKA, -XKO, -TZAR eta antzekoak.

(120)
  • a. zahar---> zahartxo (Gitarra zahartxo bat dut)

  • b. harro ---> harroxko (Mutil harroxkoak dira horiek)

  • c. handi ---> handikote (Andre handikote hori sarri etortzen da)

  • eta abar

Atzizki hauek izenei ere erants dakizkieke: herrixka, etxetxo, andereño, liburukote eta abar.

Dena dela, atzizki hauek eratorpen atzizkitzat tratatu ohi ditugu, beraz, ez dira sintagma bereziak, adjektibo edo izen bereziak baizik, hitz eraketa erregelek sortaraziak, adierazpen (< adieraz + -pen) edo maitasun (< maite + -tasun) bezalatsu. Diferentzia bakarra da, atzizki txikigarri eta handigarri hauek ez dutela oinarriaren kategoria aldatzen. Alegia, adjektiboak adjektibo izaten segitzen du (zahar eta zahartxo, biak adjektibo kategoriako izaten segitzen dute), izenak izen (mendi/ mendixka). Ostera, maitasun bezalako batean, adibidez, maite adjektiboari -tasun atzizki izentzailea gehituz gero, adjektibo bat oinarri hartuta izen eratorri bat sortu dugu. Diferentzia hau oso kontuan hartzekoa da.

Samar hitzari dagokionez, adjektiboei eta adberbioei eransten zaie. Dena dela, atzizki moduko bat dela pentsa daiteke, bereiz idazten bada ere:

(121)
  • a. Handi samarra harrapatu du.

  • b. Berandu samar etorri da bart.

  • c. Amaitu samarrak dira hemengo edariak.

4.6.3.4 Neurri sintagmak adjektiboekin

Adjektibo sintagmetan, determinatzaile sintagmetan bezalaxe –nahiz eta maila mugatuagoan–, adjektiboaren maila ez ezik, adjektibo horren neurria ere adierazten da zenbaitetan. Jakina, neurgarriak diren zenbait adjektiborekin gertatzen da hori (luze, zabal, ...) eta askoz modu hedatuagoan adjektibo konparatiboekin (-ago atzizkia dutenekin, alegia):

(122)
  • a. Ibai hau [[mila kilometro ZenbS] luze AdjS] da.

  • b. Mikel [[bi urte ZenbS] zaharrago AdjS] da.

Bi adibide hauetan adjektibo sintagmak izen predikatua osatzen du.

Izen predikatuan ez, baizik determinatzaile sintagma baten barruan agertzen bada, orduan normalena da delako adjektibo sintagma hori, neurri sintagma eta guzti, izenaren ezkerrera eramatea, baina horretarako -KO atzizkia erantsiz, hots, postposizio sintagma gisa emanaz:

(123)
  • a. [[[Bost metro ZenbS] luzeko PoS] sugetzar] bat aurkitu genuen.

  • b. [[[Bi urte ZenbS] zaharragoko PoS] lagun] -ekin ibiltzen da.

(123b)k erakusten duen bezala, konparatiboak mailakatzea edo neurtzea oso normala da: maiz behar izaten dugu zehaztu zenbat luzeago den gauza bat bestea baino, edo zenbat zaharragoa den pertsona bat bestea baino eta abar. Horietan denetan neurri sintagma bat ezarri ohi dugu. Neurri sintagma horrek, gainera, taxu desberdinak har ditzake, eman nahi den zehaztasunaren arabera:

(124)
  • a. Bost urte zaharrago, bost zentimetro zabalago, hamar kilo gutxiago...

  • b. Askoz zaharrago, hamar bider zabalago ...

Konparatiboetan ‘koxka’ bat dagoela esan ohi dugu eta neurri sintagmak ematen duena da, hain zuzen, koxka hori zenbatekoa den.

4.7 Adjektiboa predikatu osagarrian

Adjektiboaren kokagune tipikoa, determinatzaile sintagmaren barnean duenaz kanpo, predikatu osagarriarena da. Predikatu osagarria deitzen duguna perpausaren subjektuarekin (edo objektuarekin) lotura-aditz baten bidez erlazionatua agertzen da. Lotura-aditz ohikoenak izan eta egon ditugu.

Predikatu osagarri hau adjektiboak osatua dagoenean, adjektibo sintagma bat dugula esan ohi dugu. Adjektibo sintagma horren ardatza adjektiboa da. Ardatz elementu horrezaz gainera, mugatzailea ager daiteke. Adjektiboak, bere aldetik, maila-adberbioa eraman dezake. Jakina, honek arazo baten aurrean jartzen gaitu, zeren adjektibo sintagma bada, adjektiboa izango da sintagma burua, baina, orduan, sintagmaren eskuin muturrean ageri den -a/-ak morfema hori zer da? Determinatzailea bada, beharbada determinatzaile sintagma baten aurrean gaudela esan beharko genuke. Eztabaidagai da kontu hau (ik. Zabala 1993, Artiagoitia 1997, Eguren 2007)

4.8 Adjektiboa + aditza

Zenbait adjektibok (edo adberbiok) aditzarekin batera predikatu konplexu gisako zerbait osatzen dute: HARRO EGON izan liteke horietako bat. Holakoek bere osagarriak eska litzake:

(125)
  • Bere jatorriaz harro dago.

HARRO-k bere aldetik ez du osagarririk hartzen, dirudienez. Horregatik, izen baten lagun doanean ez du osagarririk onartzen. Baina HARRO EGON predikatu konplexutzat hartuz gero, ez dago inongo arazorik osagarri hori perpaus erlatibo baten bidez emateko:

(126)
  • a. Pertsona harroa da.

  • b. ??Pertsona bere jatorriaz harro bat ezagutu dut.

  • c. Bere jatorriaz harro dagoen pertsona bat ezagutu dut.

Adberbioekin ugari dira horrelako predikatu konplexuak: pozik egon, zain egon, ...

4.9 Adjektibo sintagmaren egituraz

Izenlagunak ageri diren bezala, adjektiboek ere lagun egiten diote izenari. Hemen ere bada arazo bat, egiturari dagokiona. Izan ere, ez dakigu benetan ea determinatzailearen osagarria izen sintagma den ala adjektibo sintagma. Adjektibo sintagma balitz, orduan izen sintagma baino gorago egongo litzateke. Arazo horretaz geroago mintzatuko gara. Ohiko jarrera da esatea adjektibo sintagma adjuntu bat dela. Alegia, izenak ez dira azpikategorizatzen adjektibo sintagma onartzen duten ala ez kontuan hartuta, izen guztiek onartzen baitute adjektiboa.

Adjektibo sintagmak duen beste arazoa kokagunea da. Izan ere, euskara burua eskuinera motako hizkuntza da. Kasu honetan, ordea, adjektibo sintagma da eskuinera kokatzen dena:

(127)
  • a. Liburu berria

  • b. Etxe zahar hura

Salbuespentzat har genitzake ordinalak (-GARREN-ez osatuak), hauek ezinbestean izenaren ezkerretara kokatzen baitira.

Arazoak arazo, honako egitura hau proposa genezake:

(128)

Eta, jakina, mota bateko eta besteko izenlagunak ez ezik adjektiboak ere ager daitezke izen sintagmaren barruan:

(129)
  • a. Nobela honetako heroi harrigarriak

  • b. Atzoko zure kontakizun triste lazgarria

Adjektibo bat baino gehiago ere bai, (129)k erakusten duen moduan. Orduan, adjuntu bakoitza dagokion mailan kokatu beharko dugu.

4.9.1 Adjektiboaren osagarriak

Euskaraz adjektiboek gutxitan hartzen dituzte osagarriak. Hala ere, badira holako batzuk, batez ere aditzetik eratorriak direnak: BETE, EGOKI, ESTALI, PREST ...:

(130)
  • a. Botila handi, kolore berdeko, urez bete bat ikusi nuen.

  • b. Liburu hori zure alabarentzat egokia da.

  • c. Mendiak elurrez estaliak ageri ziren.

  • d. Edozertarako prest naukazu.

Perpaus hauek, jakina, zuzenak dira. Baina benetako adjektibo ala aditz diren ikusi beharko litzateke. Badirudi adjektiboak osagarriekin emateari muzin egiten diogula normalean, behar bada egitura konplexuegiak gertatzen direlako. Horrela, izen predikatu gisa edo erlatibo gisa ematea askoz erosoago gertatzen zaigu:

(131)
  • a. Urez betetako botila handi bat

  • b. Elurrez estalitako teilatuak

Egoki-ren kasuan ere izen predikatuzkoak ditugu gustukoen, (130b)n bezala. Eta prest-en kasuan, adjektibo peto-petoa ez, prest egon moduko aditz konplexu baten aurrean gaudela ere pentsa liteke. Dena dela, hemen ere, izen predikatu gisa ikusiko dugu gehienetan holakoa.

-EGI atzizki duen ‘gehiegizko maila’ adierazten duen adjektiboak ere osagarria izan ohi du, helburuzkoa gainera. Oraingoan ere, dena dela, predikatuaren egongunean agertzea nahiago duela esango nuke izenaren eskuinaldean baino:

(132)
  • a. Bizikleta hori altuegia da zuretzat.

  • b. Bizikleta niretzat altuegi bat utzi zidaten.

  • (cf. a. bizikleta zahar, herdoildu, niretzat altuegi bat utzi zidaten

  • b. Niretzat altuegia zen bizikleta bat utzi zidaten)

4.9.2 Egitura

Adjektiboa kategoria lexikoa dela esan ohi da. Alde horretatik, bere islapena izango du. Adjektibo sintagma deitzen ahal diogu adjektiboaren islapen horri. Ikusi dugunez, adjektiboak, sintagmaren buru den aldetik bere osagarriak eta adjuntuak ere izango ditu.

Zein izango litzateke, hortaz, adjektibo sintagma bat duen determinatzaile sintagmaren egitura? Adjektibo sintagma bera izen sintagmaren barneko adjuntua bada, adjuntuek ohi dutenez, I’-ren ‘ondoan’ egongo dira (I’-ren ahizpa gunean alegia), ez I-ren ondoan, kokagune hau osagarriei baitagokie. Hortaz, (133) sintagma honek (134)ko arbolak erakusten duen egitura izango luke, funtsean:

(133)
  • Soineko polita

(134)