8. Egiturazko kasuak

Egilea

Patxi Goenaga

Editorea

Beatriz Fernández

Aipamena

Goenaga, Patxi. 2022. Egiturazko kasuak. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. https://doi.org/10.1387/9788413193618.8

Laburpena

Perpausak, eskuarki, aditzaz gainera, beste zenbait sintagma behar ditu aditzaren inguruan, direla Determinatzaile Sintagmak (DS-ak), direla Adposizio sintagmak (AdpS-ak), direla perpausak (P-ak). Osagai hauek predikatuarekin eta elkarren artean dituzten erlazioak marka jakin batzuen bidez egiten dira ageriko. Euskaraz marka hauek atzizki tankerakoak dira eta dagokien sintagmari itsatsiak joan ohi dira, sintagmaren eskuinaldean. Atzizki hauetako batzuk kasuak dira eta beste batzuk adposizioak. Badira, azkenik, konplementatzaileak.

1. Kasuak (hots, kasu gramatikalak; hemen egiturazko kasuak deituko diegu): Ø (absolutiboa), -i (datiboa), -k (ergatiboa) eta -en (genitiboa).

2. Adposizioak: -n, -tik, -ra, -raino, -rako, -kin, -gatik, -tzat, -z … Hauek morfema itsatsiak dira, ezkerrean ageri den hitzari itsatsirik ageri baitira.

Ohiko adberbioak ere (atzo, beti, bihar, gero, han, ia, inoiz, ongi, orduan…), adposizio izan ez arren, aurrekoen kide direla aldarrikatuko dugu. Eta orobat, arrunki adposiziotzat (edo batzuetan kokapen izentzat) hartzen direnak ere: gainean, gainera, kontra, ondoren, zehar

3. Konplementatzaileak: -(e)n/-(e)la, bait-, ba- dira perpaus jokatuetan aurkituko ditugunak. Perpaus jokatugabeek, berriz, gainerako DS-ei zor zaizkien kasu marka eta adposizio berak erakutsiko dituzte: [… -t(z)ea-Ø] (absolutiboa), [… -t(z)ea-ri] (datiboa), [… -t(z)ea-k] (ergatiboa), [… -t(z)e-an] (inesiboa), [… -t(z)e-tik] (ablatiboa), […-t(z)e-ra (adlatiboa), edo [… -tua-Ø] (absolutiboa), [… -tua-ri] (datiboa), [… -tua-k] (ergatiboa), [… -tua-z] (instrumentala) etab.

Kapitulu honetan lau kasu gramatikalak aztertuko dira banan-banan: absolutiboa, datiboa, ergatiboa eta genitiboa. Morfologiatik abiatu eta sintagma bakoitzak zer funtzio sintaktiko izan dezakeen eta nolako adiera duen azalduko dugu.

8.1 Egiturazko kasuak eta adposizioak

Perpausean aditzaren ondora biltzen diren osagaiek, nolako eginkizuna duten, halako marka eskatzen dute:

(1)
  • a. [Artzainak erg] [txakurrari dat] [makila abs] bota zion [arbolapera adlat] ([[artzain-a ds] -K erg] [[txakurr-a ds] -r-I dat] [makila ds] -Ø abs] [BOTA ZION Aditza] [[arbolape ds] -RA adlat]

  • b. [Katuak erg] [mihia abs] jan dio [mutikoa-r-i dat] ([Katu-a ds] -K erg] [[mihi-a ds] -Ø abs] jan dio [[mutiko-a ds] -r-I dat])

Parentesi zuzenen artean jarri ditugun osagai horiek DS dira. Hauetako batzuek (egiturazko) kasu marka dutela esan ohi dugu: -k, ergatiboaren marka (artzaina-k; katua-k); -(r)i datiboaren marka (txakurra-ri; mutikoa-ri) edo ∅, absolutiboaren marka (mihia-ø). Eta marka hauek, kokagunearen arabera, atzizkiak dira, dagokien sintagmaren azken muturrean kokatzen baitira.

(1a)ko adibidean, arbolapera osagaia ere ageri da. Honek erakusten duen -ra marka adposizioa da. Adlatiboa deitzen zaio. Amorru bizian bota ziola ere esan genezake:

(1’)
  • Artzainak txakurrari makila bota zion arbolapera amorru bizian.

Amorru bizian osagaiko -n marka inesiboa dela esan ohi da. Azken bi hauek arestian aipatu ditugun egiturazko kasuak ez bezalakoak dira. Gramatika honetan, arbolapera eta amorru bizian sintagmetako adlatibo eta inesiboa adposizioak direla aldarrikatuko dugu eta, horrenbestez, sintagma bera, osorik, Adposizio Sintagmak (AdpS) dela proposatuko dugu.

Perpaus osagaien artean, aipatu berri ditugun DS kasudunez gainera, bestelako osagaiak ere badira: beste perpaus batzuk adibidez, jokatuak nahiz jokatugaeak, modu egokian markatuak hauek ere, honako honetan bezala:

(2)
  • Horrela hitz eginez, dakien baino gehiago dakiela erakutsi nahi duela ematen du.

  • ([[horrela hitz egin Perpausa] -(e)z AdpS] [[[dakien] baino] gehiago] daki Perpausa] -(e)la KonpS] erakutsi nahi duela KonpS] ematen du])

Kasu honetan, perpaus nagusian txertaturik ageri diren perpausek agerian dute, batak -z morfema, eta besteak, -(e)la konplementatzailea, perpausari eskuin aldetik itsatsiak biak, eta maila batean, gauza bera: gramatika-erlazio markak. Marka hauei esker badakigu zer nolako harremana dagoen perpauseko osagaien artean. Adibidez, (1)en ageri zen DS batek, perpauseko subjektuak, ergatiboaren marka darama (artzaina-k). Sintagma honek beronek ondoko adibideetan, (3)n, beste marka bat darama, datiboarena hain zuzen:

(3)
  • [Artzaina-ri ds dat] zaunka egin dio [txakurra-k ds erg]

(3)ko txakurrak subjektua da eta ergatibo kasu marka darama; artzainari sintagma, berriz, zehar osagarria da eta datibo kasu marka du.

8.1.1 Egiturazko kasuak

Perpaus mailan, kasuak dira absolutiboa (-∅), datiboa (-i) eta ergatiboa (-k). Adibidez:

(4)
  • [[artzainak erg] [makila abs] [bota dio Aditza] [txakurrari dat] Perpausa]

DS mailan, berriz, -en genitiboa agertuko zaigu goikoen pareko:

(5)
  • [[artzainaren gen] makila ds]

Kasu markok DS-ri zuzenean itsasten zaizkio:

(6)
  • a. [[{atzoko emakume bera/ artzaina/ txakurra…} ds] [{-∅ abs] / [-i dat] / [-k erg}]

  • b. [[{alaba zaharrena/ txakur gaztea/ harria…} ds] -(r)en gen] indarra.

Lau kasu hauei egiturazko kasuak deitu izan zaie, eta hola markatutako DS-ek egiturazko kasua dutela esaten da. Orokorragoa da kasu deitura soila:

(7)
  • [Txakurra-k ds erg] [ongi-etorria-∅ ds abs] egin dio [[artzaina-ren ds gen] makilari ds dat].

8.1.2 Adberbioak eta adposizioak

Ohiko adberbioak (aurten/ atzo/ beti/ etzi/ gero/ han/ honela/ ongi/ pozik/ urruti, zinez …) elementu askeak dira eta AdbS osatzeko laguntzarik ez dute behar:

(8)
  • a. Txakurra [[hemen Adb] AdbS] dago.

  • b. [[Beti Adb] AdbS] [[horrela Adb] AdbS] mintzatzen zaigu.

Perpausaren osagaien artean, ordea, (8)ko AdbSak baino konplexuagoak ere badira:

(9)
  • a. Aulki hon-e-ta-n etzango da txakurra. (cf. hemen etzango da txakurra)

  • b. Bide hon-e-ta-tik edozein leku-ta-ra modu erosoan joaten da. (cf. hemendik horra ondo joaten da)

  • c. Egun guzti-e-ta-n modu horr-e-tan-txe dihardu. (cf. beti holaxe dihardu)

(9)ko sintagmek egitura konplexuago dute (8)koek baino: aulki honetan vs hemen. Hala ere, funtsean pare-pareko sintagmak dira. Dena dela, guk hemen adberbio eta adposizio kategoriak bereiziko ditugu, nahiz eta zalantzagarria den bereizketa hau zilegi ote den.

Alaba-ga-tik, zu-re-ga-n, haurr-e-ki-n… eta holakoak ere AdpSak dira.

Dena dela, hauek ere morfema itsatsiak dira, ‘egiturazko’ deitu ditugun morfemak bezalaxe: batzuk adposizio soilak lirateke (-z eta -n, adibidez), beste batzuk konplexuagoak: (-(re) -ki- n, -(ren)-ga-tik. Esate baterako, zalditik astora bikoteko adposizioak (-tik eta -ra) ‘soilak’ dira, baina zaldiarengandik urrundu edo astoarengana hurbildu badiogu, lehengo -tik eta -ra berek hor segitzen dute, baina oraingoan ez zaizkio DS-ari zuzenean itsasten, -ga-n tarteko dela baizik: infernuko deabru guztien-ga-n-dik eta ikasle hauen-ga-n-a sintagmetan bezala. Guk morfema itsatsi hauek denak, soilak nahiz konplexuak, adposiziotzat joko ditugu, nahiz eta merezi duen arakatzea (ik. Etxeberria agertzear).

Eta azkenik badira beste batzuk, goikoen kideko diruditenak, konplexuak hauek ere, baina morfema aske gisa ere erabiltzen direnak. Adibidez: eliza(ren) aurrean bizi da, gure gainera erori da, gobernuaren kontra mintzatu da, zure ondoren joango gara perpausei erreparatzen badiegu… aurrean, gainera, kontra, ondoren … hitz askeak dira. Baina ezkerrean osagarria dutela agertzen ahal dira, edo inolako osagarririk gabe ere bai: goazen aurrera, kontra gaude, igo zaitez gora. Perpaus hauetan ageri diren aurrera, kontra, gora lehengoen klase berekoak dira, baina orain adberbio soiltzat har genitzake, osagarririk agerian ez baitute. Hiztegietan ere hala ager daitezke.

Guk denak sartuko ditugu multzo berean, eta itsatsiak nahiz askeak, konplexuak nahiz soilak adposizioak direla aldarrikatuko dugu (ik. 10. eta 11. kapituluak). Eta denak adposizio kategoriakoak badira, buru hauen gainean eraikitako sintagmak AdpS-ak direla onartzen ari gara; eta adberbioen kasuan, AdbS-ak:

(10)
  • a. [[{horrela/ han/ gero …} Adb] AdbS]

  • b. [[mendi-a ds] [{-n/ -tik/ -ra…} Adp] AdpS]

  • c. [[zu-re ds] [{ -gatik / -gan-a / ondoa -n Adp] AdpS]

(10a)ko horrela, han, gero… adberbioak dira. (10b)ko -n, -tik, -ra, berriz, adposizioak. Eta (10c)koak ere adposiziotzat joko ditugu, nahiz eta hauen osaera konplexuagoa litzatekeen.

8.1.3 Konplementatzaileak

Mendeko perpaus jokatuetan konplementatzaileak ere bereiziko ditugu (-en, -ela, bait-, ba-…):

(11)
  • a. [Berandu iritsiko ze-la KonpS] esan zuen.

  • b. Ez dakigu [nork deitu dio-n KonpS].

  • c. Sinistu ezinik nago, [harrigarria bait-a KonpS].

  • d. [Nahi ba-duzu KonpS] etor zaitezke.

Batzuetan, gainera, beste morfema bat ere eraman dezakete itsatsita: ondo dakizu-n-e-z; nagusia ba-litz bezain harro; galdetu didazu-n-ez gero, mila bider esan dizuda-n arren... Hortaz, eremua pixka bat zabalduz, honako hauek ere kontuan hartu beharko dira: -enik (<-en -ik); -ela (<-en-la); -elako(tz) (<-en-la-ko-(t)z)… etab. Hauek konplementatzailetzat hartuko ditugu.

Perpaus jokatugabeetan, gainerako DS-ek izan ohi dituzten adposizioak begi-bistakoak dira: gezurra esatea-/ esatea-r-i / esatea-ren / esatea-n …; gezurra esan-(e)z / esan-ik / esate-z gero etab. Seinale, azken batean, perpaus jokatugabe hauek, berez, DS-ak direla. Horregatik, azken batean, perpauseko gainerako sintagmek erakusten dituzten marka berak dira gehienetan.

8.1.4 Laburbilduz

Perpausean ager daitezkeen osagaiak, hortaz, oso eskema erregularra dute. Honako hiru klase hauetakoak izan daitezke, oro har, perpausean aditzaren inguruan biltzen diren sintagmak:

a) Kasua duten DS-ak

(absolutiboa)

-i (datiboa)

-k (ergatiboa)

-en (genitiboa)

Basoa erre da.

Basoari su eman diote.

Basoak onura handiak dakartza.

Basoen zaintza garrantzizkoa da.

b) Adp-ak

Oinarrizko adposizioak:

-n (inesiboa)

-ra (adlatiboa)

-tik (ablatiboa)

-z (instrumentala)

Adposizio konplexu itsatsiak:

-gatik, -kin, -gan-dik…

Adposizio askeak:

aurrera, gero, kontra, ondoren…

Elurretan galdu zen.

Baso hartara joango gara.

Basotik gatoz.

Armentiako basoaz hitz egin dute.

Zuregatik egin dut.

Norekin etorri zara?

Jonengan konfiantza osoa dugu.

(Gure) aurrera etorri da.

(Zaldi) gainera igo da.

(Legearen) kontra ari zara beti.

c) konplementatzaileak1

-en, -enik,

-ela, -elako…

bait-

ba-

Ez dakit nor etorri den.

Uste dut ez naizela han izango.

Has gaitezen, berandu baita.

Berandu bada, has gaitezen berehala.

Norbaitek esan didalako dakit.

DS guztiek nahitaezko dute dagokien kasu marka edo adposizioa agerian izatea, horrek adierazten baitu osagai bakoitzari perpausean nolako zeregina dagokion:

(12)
  • *[Aita] [ama] [bi gona gorri] ekarri [azoka] [lehen eguna].

(cf. [aitak] [amari] [bi gona gorri] ekarri zizkion [azokatik] [lehengo egunean].)

Behar bezala markatu ezean, gaizki eratua egongo da (12)ko ‘perpausa’. Hain gaizki, perpaus izatera ere ez baita iristen: anabasa baizik ez litzateke.

8.2 Egiturazko kasuen bereizgarriak

Badira arrazoiak egiturazko kasu markak adposizioetatik bereizteko: a) aditzarekiko komunztadura; b) berezko esanahia izatea edo ez; c) sintaxi egituraren eragina; d) -ko-rekiko jokabidea; e) morfologia desberdina.

8.2.1 Aditz komunztadura

Egiturazko kasua duten sintagmek, genitiboak izan ezik, aditz komunztaduran eragina dute:

(13)
  • a. Guk ekarri ditugu aulkiak. / Zuk ekarri duzu aulkia.

  • b. Guk eraman genizkien aulkiak gonbidatuei / Guk eraman genituen aulkiak gelara.

  • c. Guregatik garbitu dituzte aulkiak / Niregatik garbitu dute aulkia.

(13a)n, ergatiboak eta absolutiboak eragina dute adizkiak izango duen forman: guk aulkiak… ditugu/ zuk aulkiaduzu. Horrezaz gainera, (13b)ko gonbidatuei sintagmak ere komunztadura ezartzen dio adizkiari, gelara sintagmak egiten ez duena: gonbidatuei ekarri genizkien, baina gelara ekarri genituen. (13c)n ere beste horrenbeste: guregatik/ niregatik sintagmek ez dute eraginik perpauseko adizkiaren komunztaduran, aulkiak/ aulkia sintagmek, bai. Holakorik ez da gertatzen gainerak adposizioekin. Hau garrantzizkoa da.

8.2.2 Egiturazko kasuek esanahi finkorik ez dute

Esanahiari dagokionez, egiturazko kasuek, berez, ez diote sintagmari esanahi jakin eta finkorik eransten. Ergatiboak, esate baterako, egiletasuna nahiz jasailetasuna adieraz dezake:

(14)
  • a. Jonek ipurdiko bat eman dio. (Jon, egilea)

  • b. Jonek ipurdiko galanta hartu du. (Jon, jasailea)

  • c. Jonek ipurdiko ona merezi du. (Jon, jasailea)

Gainera, ergatiboa eta absolutiboa adibidez, zenbaitetan adiera beraren erakusgarri izan ohi dira:

(15)
  • a. Alkateak hitz egin du / b. Alkatea mintzatu da.

Ergatiboa eta datiboa ere adiera bereko gerta daitezke:

(16)
  • a. Amonak boltsa {ahaztu/ galdu} du. / Amonari boltsa {ahaztu/ galdu} zaio.

  • b. Mikelek atsegin du euria. / Mikeli atsegin zaio euria.

Adposizioek, aldiz, badute berezko esanahi bat, beti bera dena, funtsean. Adibidez, -n inesiboak kokapena adierazten du, oro har: mendian galdu da/ gogoan hartuko dut…; -tik ablatiboak iturburua: menditik dator/ burutik ezin kendurik nabil…; -ra adlatiboak helburua: etxera bidali dut/ kalera irtengo naiz… etab.)

8.2.3 Egiturazko kasuak sintaxi egiturak baldintzatuak daude

Osagai bat ergatiboan edo absolutiboan agertzea, esaterako, egitura sintaktikoak ezartzen du. Horregatik, hain zuzen, deitzen diegu egiturazko kasu. Perpausean subjektua eta osagarri zuzena baldin baditugu, adibidez, subjektuari ergatiboa dagokio. Osagarririk ez badu, aldiz, gehienetan absolutiboan joango da subjektu hori:

(17)
  • a. Ekonomiak gorabehera handiak izaten ditu.

  • b. Ekonomia noraezean dabil.

  • c. Zuk kontu horiek ez jakitea normala da.

  • d. Zu gaixotzea ez da harrigarria.

(17a)n ekonomiak sintagma perpausaren subjektua da eta ergatiboz markatua dago. Subjektuaz gainera, osagarri bat ere baldin bada, orduan osagarri honen kasua absolutiboa izango da, hots, gorabehera handiak.

(17b)n, berriz, ekonomia subjektua da orain ere, baina absolutiboan doa, perpausean argumentu bakarra baitugu. Beraz, kasu bat ala bestea behar dugun, sintaxi egiturak markatzen du: aditza iragankorra bada, osagarri zuzenari absolutiboa dagokio; subjektuari ergatiboa; aldiz, aditza iragangaitza bada, subjektua, oro har, absolutiboan doa. Eta berdin dio aditza jokatua den ala jokatugabea, (17c eta d)n ikusten den bezala. Gerta daiteke aditza iragangaitza izan arren subjektuak ergatiboan joan beharra izatea. Izan ere, jardun, dantzatu, eskiatu… bezalako aditzekin hori bera gertatzen da.

8.2.4 -ko eta -en adposizioen jokoa

-ko eta -en, maila batean parekoak direla ematen du, baina, egiazki, hala ote dira? Sintagmaren ezkerraldera begiratzen badugu, biak atzizkiak dira eta biek ‘izenlagunak’ osatzen dituzte (herriko lagunak / herriaren lagunak). Hemendik dator euskarak bi genitibo dituelako ideia ere. Baina ez. Bi hizkiek, egiazki, desberdin jokatzen dute. -en genitiboa DS bati itsasten zaio: herriaren < [[herri -a ds] -ren]. -ko, aldiz, ez da ikusten normalki DS bati itsasten zaionik. Beste adberbio edo adposizio sintagma bati itsatsia joango da: atzoko < [[atzo AdbS]-ko]; herri hartarako < [[herri har-ta-ra AdpS] -ko]… Garrantzi handiko, bihotz oneko eta antzekoetan ageri direnak ez dira DS arruntak. Hortaz, -en eta -ko-ren banaketa desberdina da: -ko, normalki AdpS bati edo AdjS berezi batzuei gehitzen zaie, genitiboa, aldiz, DS bati:

(18)
  • a. Andoniren zurekiko jarrera (Andoniren < [[Andoni ds] -ren]; zurekiko < [[zurekin AdpS] -ko])

  • b. Atzoko gure gosaria (atzoko < [[atzo AdbS] -ko]; gure < [[gu ds] -re])

  • c. Izarra baino ederragoko andrea zen txurrogilearen emaztea. (izarra baino ederragoko < [[izarra baino ederrago AdjS] -ko]); txurrogilearen < [[txurrogilea ds] -ren])

Horregatik, (18)ko [… -ko] sintagmak AdpS baten bidez parafrasea daitezkeen bitartean, -en gisako sintagmak, gehienetan, sintagma absolutibo, datibo edo ergatibo baten bidez parafrasea daitezke, eta hori ezin denean, betiere sintagma absolutibo, datibo edo ergatibo batetik hurbil ikusten dugu -en genitiboa:

(19)
  • a. Frantziaren harremanak (< [[Frantzia ds] + (-r)en]) (cf. ‘Frantziak dituen harremanak’/ ‘Frantziak harremanak ditu’)

  • b. Neska horren argazkia (< [[neska hor- ds] + (-r)en]) (cf. ‘neska horri egin diodan argazkia’/ ‘neska horri argazkia egin diot’; ‘neska horrek duen argazkia’)

  • c. Diruaren beharra (< [[dirua ds] + r)en]) (cf. ‘dirua behar da’)

Gauzak horrela, perpaus mailan etxeak, etxeari, etxetik, etxera, etxe aurrean.... sintagmak aurkitzen ditugu osagai gisa. Holakoak perpausaren osagai izan beharrean DS baten osagai nahi ditugunean, eskura ditugun morfema bakarrak -en eta -ko dira eta bakoitzak ‘bere’ osagarriak hautatzen ditu: -en genitiboak DS-ak, -ko-k, aldiz, AdpS-k, funtsean. Hortaz:

(20)
Perpaus mailan DS mailan

gizona- (abs) atxilotu dute

etxea-k (erg) dirua balio du

bidea-r-i (dat) argazkia atera dio

gizona-ren (gen) atxiloketa

etxea-ren (gen) dirua/ balioa

bidea-ren (gen) argazkia

etxea-n nago

zeru-tik dator seinalea

herri-ra eraman ditu giltzak

urrea-gatik kezkatua dago

mutila-rentzat erosi ditut zapatak…

etxe-ko egonaldia

zeru(ti(ka))-ko seinalea

herrira-ko giltzak

urreagati(ka)-ko kezka

mutilarentza-ko zapatak

Hortik aparte, genitiboarekin maiz anbiguetatea sor daiteke: (21)eko gurasoen maitasuna sintagma, adibidez, bi edo hiru modutara uler daiteke:

(21)
  • Gurasoen maitasuna (< gurasoak maite ditugu / gurasoek maite gaituzte/ gurasoei maitasuna zor diegu)

[… -ko] sintagmekin ere gertatzen dira holakoak. Askotan, hala ere, -ko-ren agerpena gorabehera, azpian dagoen adposizioa bere horretan azalera daiteke, eta anbiguetaterik ez, horrenbestez:

(22)
  • Zuregandiko erantzuna / andregaiarentzako lore sorta / Bilbo(ra)ko trena…

Beraz, honelatsu banatzen dira -en eta -ko:

(23)

Perpaus mailan

-∅ (abs) -k (erg) -(r)i (dat)

-n (ines) -ra (adl) -tik (abl) ...

DS mailan

-en

-ko

● -en genitiboa eta perpaus mailan diharduten ergatiboa, datiboa eta absolutiboa pareko izan daitezkeela onartuko dugu:

(24)
  • a. [[Maixuak erg] etxe bat zuen Perpausa] / [[Maixuaren gen] etxea ds] erre da.

  • b. [[Katuari dat] argazkia atera diot Perpausa] / [[Katuaren gen] argazkia ds] hau da.

  • c. [[Bost katu abs] behar ditugu Perpausa] / [[Bost katuren gen] beharra ds] dugu.

Datiboaren ‘ordain’ datekeen genitiboa ez da maiz gertatzen. Horietako adibide bat izan liteke (24b)koa. Beste honako hau ere bai:

(25)
  • Infernuaren beldurrak indar handiagoa zuen. (‘Infernuari zioten beldurrak’ alegia)

Hala ere, infernuaren beldurra ‘infernuak ematen duen beldurra’ gisa ere parafrasea daiteke.

● -ko, berriz, adberbio sintagmei edo adposizio sintagmei erants dakieke:

(26)
  • a. [Hemen dago giltza Perpausa] > [Hemengo giltza ds] ez dut aurkitzen.

  • b. [Etxeraino eramango zaitut Perpausa] > [Etxerainoko bidea ds] hau da.

  • c. [[Mendian bizi nahi nuke Perpausa] > [Mendiko bizitza ds] gogorra da.

8.2.5 Morfologia berezia

Adposizio sintagmen eta egiturazko kasudun sintagmen artean badira morfologia desberdintasun nabarmenak. Adibidez, -ta- artizkia agertzen da zenbait AdpS-etan baina egiturazko kasuetan inoiz ez: herri txiki-e-ta-n (* herri txiki-e-n); zenbait enpresa-ta-ra (*zenbait enpresa-ra); kale hon-e-ta-tik (*kale hon-e-tik). Eta egiturazko kasuetan alderantziz: herri txiki-e-k (*txiki-e-ta-k) ondo zaintzen dute ingurua; zenbait enpresa-ri (*zenbait enpresa-ta-ri) isuna jarri diote; kale hon-i (*kale hon-e-ta-ri) ez diote izenik jarri

Bestalde, lekuzko AdpS-etan, -GA- morfema erabiltzen da, izena [+biziduna] edo denean: gizon honengandik (*gizon honetik). Baina inoiz ez, egiturazko kasua duten sintagmetan: gizon honek (*gizon honegak).

Gauzak horrela, kapitulu honetan egiturazko kasua hartzen duten DS-ak izango ditugu hizpide.

8.3 Egiturazko kasuak: absolutiboa, ergatiboa, datiboa eta genitiboa

Perpausa aditzaz eta zenbait DS-z osaturik dagoela esan dugu, hauek betiere egoki markatuak. DS hauetako batzuk perpausaren egituran funtsezkoak dira. Hala kontsideratzen dira absolutiboa (nor), ergatiboa (nork) eta datiboa (nori). Azken batean, subjektuari eta osagarriei dagozkien kasuak dira egiturazkoak. Horregatik deitzen zaie, hain zuzen, egiturazko kasuak edo kasu gramatikalak. -en genitiboa ere halakotzat hartuko dugu, arestian eman diren arrazoiengatik.

Euskara hizkuntza eranskaria dela esan ohi da, alegia, sintagmak osatzeko morfemak bata besteari eransten zaizkio. Morfema horiek oso agerian gelditzen dira, nahiz eta, batzuetan, elkarren arteko lotura egiterakoan, zenbait egokitzapen morfofonologiko edo gertatzen diren. Adibidez:

(27)
  • a. Elefante zuriak buruari eragin dio. ([[Elefante zuri + a ds] + -K erg])

  • b. Elefante zuriak ekarri dituzte zoora. ([[Elefante zuri + ak ds] + Ø abs])

  • c. Elefante zuriek ura behar dute ([[Elefante zuri + ak ds] + - K erg])

  • d. Elefante zuriei jaten eman diete ([[Elefante zuri + ak ds] + -I dat])

(27a)n DS mugatua eta singularra da, -a mugatzaileak erakusten duen bezala. Kasuari dagokionez, berriz, ergatiboa da: -k markak hori erakusten du. Ez dago egokitzapen morfofonologikorik: elefante zuri-a-k> elefante zuriak.

(27b)n, aldiz, sintagma horrek mugatzaile plurala du (-ak). Kasua, oraingoan absolutiboa da (Ø gisa markatu dugu) eta, beraz, hemen ere egokitzapenik ez. Hala ere, osaera desberdina izan arren, (27a)ko eta (27b)ko elefante zuriak forma bereko gertatzen dira azalean.

(27c)n ere mugatzaile plurala dugu eta ergatiboa. Bi marka horien bat egitetik -ek forma gertatzen da: -ak -k > -ag-e-k > a-ek > -ek, xehetasun gehiegitan sartu gabe. Hemen bai, hemen aldaketak nabarmenak dira: morfemen arteko lotura horrek soinu egokitzapenak sortzen ditu.

(27d)n datiboa daukagu, -i gisa markatua. Hemen, -ak -i > -ag -i > -ei bilakaera izan dela onar genezake. Hortaz, -ei honen azpian, -ak + -i morfema segida dugu, itxuraldatua badago ere. Aldaketa hauek morfofonologikoak direla esan ohi da (ikus, adibidez, euskarari gagozkiola, Salaburu 1984: 175–207). Erregela soil batzuen bidez eman daiteke hauen berri. Hemen gutxi gorabeherako aurkezpen bat egin dugu, gauzak nola diren ulertzeko balio dezakeena.

Batzuetan, aldaketa hauei esker sinkretismoa gertatzen da: itxuraz, azaleko forma bera izan arren, azpian osagai desberdinak ditugu eta, horrenbestez, interpretazioa ere desberdina gerta daiteke kasu batean eta bestean. Alegia, morfema segida desberdinek, azkenean, forma berera eraman gaitzakete: hori da (27a eta b)n daukaguna: elefante zuriak forma berak bi mami ditu. Osaera desberdina, horrenbestez. Azaleko anbiguetate hori testuinguruari esker apur daiteke gehienetan. Gure kasuan, aditz komunztadurak salatzen digu bien arteko diferentzia:2

(28)
  • a. Elefante zuriak ur parrastada bat bota die gainera. (ergatiboa)

  • b. Elefante zuriak kamioira eraman dituzte. (absolutiboa)

Honako honetan ere berdin:

(29)
  • a. Bi gizonek kontatu digute hori.

  • b. [[bi gizon + -ak ds] -k erg] > bi gizonek (ergatiboa eta mugatu plurala)

  • c. [[bi gizon ds] -k erg] > bi gizonek (ergatiboa eta mugagabea)3

Kontu hauek gogoan izan behar ditugu DS-ak eta adposizioak sintagmaren eskuinaldean bat egiten dutenean gertatzen diren morfofonologia egokitzapenak ‘ikusteko’.

8.3.1 Absolutiboa ([[… ds] -Ø abs])

8.3.1.a Morfologia

● Absolutiboa kasu ez-markatua da, edo bestela esan, Ø marka du. Hortaz, marka huts honek ez du DS-aren forma ezertan aldatzen.

DS-a mugagabea izan daiteke, (30)eko bost ekintzaile sintagma bezala. Hemen ez dugu artikulurik, bost zenbatzailea baizik. Zenbatzailea determinatzaile denez gero, bost ekintzaile DS dela esango dugu, baina DS mugagabea edo, agian zehatzago, artikulurik gabekoa:

(30)
  • Bost ekintzaile atxilotu dituzte. ([[Bost ekintzaile ds] -ø ds abs] atxilotu dituzte.)

Mugatzailea baldin badarama, DS mugatua izango da, singularra nahiz plurala:

(31)
  • a. Katua hurbildu zitzaion. ([[Katua -a ds] -ø ds abs] hurbildu zitzaion. (+mug. -plur.))

  • b. Katuak ez dira azaldu. ([[Katu -ak ds] -ø ds abs] ez dira azaldu. (+mug. +plur.))

Izen bereziek mugatzailerik ez dute agerian. Beharrik ere ez, berez baitira mugatuak. Kasu honetan, hortaz, izen bereziaren gainean eraikitako DS-ak mugatzailerik gabeko sintagma mugatuak direla pentsatu behar dugu:

(32)
  • a. Bilbo gero eta hiri ederragoa da. ([[Bilbo ds] -ø ds abs] gero eta hiri ederragoa da.)

  • b. Karmele geroxeago etorriko da. ([[Karmele ds] -ø ds abs] geroxeago etorriko da.)

Izen bereziek leku-denborazko AdpS-etan ere ez dute benetan mugagabeen bidea jarraitzen: Bilbon esaten da, ez *Bilbotan . Izan ere, bilbo bezalako izen bereziek berez osatzen dituzte DS mugatuak. Honelatsu irudikatuko genuke:

(33)

DETERMINATZAILE SINTAGMA ABSOLUTIBOA (-ø)

mugatzailerik gabea

zenbatzaileduna

{Bi/ hiru/ hamar… {lagun, ume, neska… } < [[[zenb +zehatza d] … ds] -ø abs]

{lagun/ ume/ neska…} bat < [[[zenb +zehatza d] … ds] -ø abs]

{Nor/ norbait/ inor/ zer / zerbait / ezer ... < [[[zenb -zehatza d] … ds] -ø abs]

{zein/ edozein/ zenbat/ zenbait…} {mendi/ neke...} < [[…[[-zehatza d] … ds]-ø abs]

{ardi, harri, idi…) asko/ bi/ gutxi/ ugari… < [[…[[-zehatza d] … ds]-ø abs]

mugatzaileduna

partitiboa

holako {lagunik/ enpresa berririk / semerik} < [[… [-ik d] ds] -ø abs]

[- plurala]

haur, hondartza, (txiki/ atsegin) -a < [[... –a DS] + Ø] abs]

baso (eder ...) {hau/ hori/ hura} < [[... {hau / hori / hura} ds] + Ø abs]

eliza (eder... {hauxe/ horixe/ huraxe} < [[... {hauxe / horixe / …} ds] + Ø abs]

haur (polit) {berau/ berori/ bera} < [[... {berau / berori / bera} ds] + Ø abs]

ni/ hi/ zu < [[{ni / hi / zu } ds] + Ø abs]

[+ plurala]

baldintza ( berri)ak...

(zuen) bost (lagun)ak

(auzoko) haur guztiak < [... -ak ds] + Ø abs]

etxe (txiki) {hauek/ horiek/ haiek...} < [... {hauek / horiek / haiek} ds] + Ø abs]

testu (berri)ok /eremu (zabal)ok... < [[... -ok ds] + Ø abs]

gu/ zuek < [[{gu / zuek} ds] + Ø abs]

egokitzapen  morfofonologikoak

1. konts.+ -ik > konts. -ik (gizonik; … zuzenik …)

bok. + -ik> bokala -r- -ik (langilerik; … berririk; … egokirik…)

2. -a-a> -a (ikastola-a > ikastola; eliza-a > eliza); gauza-a> gauza)

3. -a-ak > -ak (enpresa-ak > enpresak)

4. -a-ok > -ok (ideia-ok> ideiok; ikastola-ok> ikastolok

Ohar batzuk partitiboaz

Ohikoa da gure gramatiketan partitibo delakoa ere kasu sisteman sartzea. Baina egiazki, -ik atzizkia daraman DS-a eta DS absolutiboa banaketa osagarrian agertzen dira, bata bestearen ordain direla nolabait, testuingurua zein den. Adibidez:

(34)
  • a. Ez dut lagunik agurtu nahi (cf. Ez ditut lagunak agurtu nahi.)

  • b. Ardorik edaten al duzu? (cf. Otorduetan ardoa edaten dut.)

Baina beste kasuetan ez daukagu partitiborik:

(35)
  • Lagunek deitu diote. (cf. *Lagunik ez dio deitu.)

Bestalde, ezezko polaritateko gainerako elementuekin parekatzen da partitiboa, inor, ezer eta holakoekin, eta badira hauek determinatzailetzat hartzeko arrazoiak:

(36)
  • {Inor/ ezer/ txakurrik …} ikusi al duzu?

Hortaz, mugatzaile partitiboak beti eskatzen du Ø markaduna izatea, absolutiboa alegia. Testuinguru berezia eskatzen dute ezezko polaritatea duten osagaiek: ezezkako, galderazko, baldintzazko perpausetan agertzen baitira nagusiki. inor, ezer etab. bezala, testuinguru berezia eskatzen du partitiboak: ikaslerik ikusi al duzu?; ikaslerik agertzen bada, bidali niregana…

Erreferentziaren aldetik, partitiboak balio berezia du. Azkuerentzat (1969: 463) artikulu abstraktua zen. Horrela, honako bi perpaus hauek ez dira berdinak:

(37)
  • a. Ez da atezaina oraindik etorri. / b. Ez da atezainik oraindik etorri.

Lehenbizikoan atezain jakin batez ari gara. Bigarrenean, ez da inongo atezainik etorri, ez atezain ezagunik ez bestelakorik. Zehaztugabeko atezain batez ari gara.

Izen bereziekin ere kontu bera dugu:

(38)
  • a. Agertu al da Pello? / b. Hemen ez da Pellorik agertu.

Partitibo delakoari beste mugatzailerik ezin zaio gehitu. DS partitiboak eramango duen kasu marka ez da izango absolutiboarena besterik, markarik eza alegia, edo Ø marka. Kasuari dagokionez, hortaz, absolutiboaren eta partitiboaren artean ez dago bereizketarik. Partitiboa kasu marka barik, mugatzaile zehaztugabea izaki, batak zein besteak kasu marka bera dute: bietan Ø, biak absolutiboak, hortaz. Horregatik, partitiboari absolutiboaren taulan bere lekutxoa egin diezaiokegu, baina ez gainerakoetan.4

Goiko taulan DS absolutiboaren zenbait eredu eskaintzen dira, mugatzaile gabeak eta mugatzailedunak, singularrak eta pluralak, artikuluz hornituak eta erakuslea dutenak, izen berezia dutenak eta izen arruntaren gainean eraikiak, bokalez amaituak eta kontsonantez amaituak. Horrela jokatuko dugu gainerako kasuetan ere, zenbait sintagma eredu aukeratuz. Aurkezteko modu honek sintagmak parekatzen eta gauzak hobeki ulertzen lagunduko digu.

8.3.1.b Funtzio sintaktikoa

DS absolutiboak bete ditzakeen funtzio sintaktiko nagusiak honako hauek dira:

● Aditz inakusatibodun perpauseko subjektua.

Adibidez:

(39)
  • a. [Berrehun etorkin ds] ito omen dira Italiatik hurbil.

  • b. [Zuek ds] beti berandu etortzen zarete.

  • c. Oraindik ez da [irakaslerik ds] agertu.

Agertu, erori, etorri, hil, ito, joan... aditz inakusatiboak dira, iragangaitzak eta argumentu bakarra, absolutiboa, eskatzen dutenak.

● Predikatu osagarriaren subjektua:

Aditz kopulatiboa bitarteko dela, predikatuaren subjektua ere absolutiboan joan ohi da:

(40)
  • a. Gure indarrak urriak dira.

  • b. Koldo atezain dago.

Urriak eta atezain predikatu osagarrien subjektua absolutiboan ematen dugu. Azken batean, ohikoa da aditz iragangaitzen subjektua absolutiboa izatea.

● Aditz iragankorren osagarri zuzena:

(41)
  • a. [Bost gizon ds] ikusi dituzte etxe aurrean.

  • b. [Lehengo eguneko gizona ds] ez nuen ezagutzen.

  • c. [Koldo ds] jarri dute kalea garbitzen.

Ikusi, ezagutu, jarri… aditzak iragankorrak dira eta hauen osagarri zuzena, absolutiboan ageri zaigu.

● Partitiboa ere, absolutiboa den heinean, aditz iragangaitzon subjektu nahiz aditz iragankorren osagarri izan daiteke.

Nolanahi ere, ezezkako (edo galderazko edo baldintzazko) testuinguruetan agertu ohi da.

(42)
  • a. Ikaslerik ez da agertu.

  • b. Bisitarik onartzen badu, esaidazu.

  • c. Jokalaririk agertu al da?

Predikatu osagarria bera ere forma neutroan joan ohi da:

(43)
  • a. Peru [herri honetako alkatea ds] da.

  • b. Neska hori [oso jatorra AdjS] da.

Predikatu osagarria AdjS-k nahiz DS-k osatua egon daiteke. Bietan forma berean aurkituko dugu: gehienetan -a mugatzailea agerian duela. Beste aditz batzuekin, ordea, mugatzailerik gabe:

(44)
  • a. Peru herriko alkate izendatu zuten.

  • b. Etsaiak lagun harturik dabil.

  • c. Alkandora hau hogei euro kostatzen da.

Dena dela, predikatu osagarri hauek absolutiboan ematen dira, forma neutroan.

● Zenbait AdpS-tan ere ager daiteke, adjuntu gisa.

Bereziki, neurria adierazten duten sintagmak (prezioa, pisua, aldiaren iraupena, etab.) markarik gabe agertzen dira:

(45)
  • a. Hamar minutu egon gara zure zain.

  • b. Idiak zazpiehun kilo pisatu zuen.

  • c. Alkandora honek hogeita hamar euro balio du.

Askotxo litzateke, beharbada, hemen ere absolutiboa dugula esatea edo, gutxienez, egiturazko kasua dela esatea. Nolanahi ere, AdpS-tzat hartuko ditugu sintagmok. Gainerako AdpS-ek bezala jokatzen dute behintzat, -ko atzizkiaren aurrean adibidez: hamar minutuko egonaldia; zazpiehun kiloko idia; hogeita hamar euroko alkandora. Absolutibo izan ala ez, argi dago sintagma hauek ez direla osagarri zuzenak, adizkiaren komunztadura ezak ere ongi erakusten duen bezala:

(46)
  • Hiru ordu iraun zuen kontzertuak. (*hiru ordu iraun zituen kontzertuak.)

Hiru ordu sintagmak iraupenaren neurria adierazten du hemen (zenbat iraun?). Iraun bezalako predikatu batek neurri sintagma bat hauta dezakeela pentsa liteke baina ez osagarri zuzenik. Horregatik, adizkiaren komunztaduran ez da jasotzen.

(47)
  • a. Georgescu-k 23 urte ditu, 1,90 metro da luze eta 83 kilo pisatzen du. (Berria)

  • b. 30.000 milioi euro inguru balio du gasbideak.

Gaur zenbait hiztunek hala ere, behar ez den komunztadura ezartzen diote aditzari. Hona hemen bi adibide, komunikabide berekoak:

(48)
  • a. Albin Pawel-ek 29 urte ditu, 1,92 metro da luze eta 94 kilo pisatzen ditu. (Berria)

  • b. Ontza urreak 604,3 dolar balio ditu. (Berria)

Deikia, egiturazko kasuetatik kanpo

Deikia edo bokatibo deitzen dena ere forma markatugabean joan ohi da, Ø gisa markatua. Beste hizkuntza batzuetan, latinez esaterako, nominatiboaren parean bokatiboa ere bazen, maiz biak forma bereko gainera. Nolanahi ere, deiki edo bokatibo honek forma neutroa erakusten du euskaraz. Ongi, perpausetik kanpo gelditzen baita, predikatuarekin lotura berezirik ez duelarik eta horrenbestez, kasu markarik behar ez duelarik:

(49)
  • a. Joseba! Zergatik esaten didak hori niri?

  • b. Zeren zain zaudete, andreok?

  • c. Ama, begira ezazu leihotik plazara.

Normalean, bokatiboa mugatua izan ohi da. Batzuetan, hala ere, mugagabea izan daiteke:

(50)
  • a. Zer ari haiz, motel?

  • b. Seme, izan ezazu beti gogoan orain entzungo duzuna.

Mugatzailea plural hurbila izaten ahal da, (49b)n bezala: andreok. Hurbiltasun hori adierazterakoan, ordea, erakuslea ere baliagarri izan daiteke, singularrean. Baina orduan, egiazki bokatiboaz hitz egiterik ez dago, zeren, maiz, ergatiboa edo datiboa izaten baita:

(51)
  • a. Igarriko diok, babo horrek. /*Igarriko diok, babo hori.

  • b. Emaizkiok odolkiak ordainetan, txerri horri!

Kasu hauetan, erakusledun sintagma ezkerrean isilpean dagoen hik, hari edo dena delakoarekin aposizioan dagoela pentsa liteke: hik, babo horrek; horri, txerri horri. Ez dugu, hortaz, egiazki, bokatiborik. (49c)ko ama sintagma, aldiz, bokatibotzat har daiteke, zeren subjektua zuk ergatiboa baita, eta ama, ezin izan aposizioa, benetako bokatiboa baizik.

Ohar gaitezen, ordea, bokatiboa perpausetik kanpo kokatua joan ohi dela, esaldiaren hasieran maiz. Kokagune hau bokatiboarentzat arrunta da. Dei egiteko balio du, nolabait, eta ez du perpaus egituraren barnean lekurik. Hemen, predikatuak eta honen argumentuek izan ohi dute axola, perpausa predikazio unitatea baita, eta bokatiboak bere kasa esaldi bat osa dezake baina perpausetik kanpo dagoen zerbait da, eihagorak bezalaxe, (51)k erakusten duen bezala. Edo ai ama!, Jainko maitea! eta holakoak bezala: hauek ez dira perpausak, baina esaldiak bai, noski. Horregatixe, estilo zuzenean ari garela, tartekatua eman behar da nolabait.

8.3.1.c Adiera

● DS absolutiboa gehienetan ‘gai’ argumentua izan ohi da, bai aditz iragangaitzaren subjektua denean, bai osagarriaa denean:

(52)
  • a. Irakaslea berandu dator gaur.

  • b. Gure herria konplikatua da.

  • c. Irakaslea biziki estimatzen dugu.

  • d. Irakasleak lan bat agindu zigun.

● Baina, batzuetan, egile gisa ere interpreta liteke, predikatua nolakoa den:

(53)
  • a. Lehendakaria argi mintzatu da.

  • b. Zertan ari da gizon hori?

Berez, egile edo gai izaera ez zaio absolutibo izateari zor, ez zaio kasuari zor, predikatu jakin baten argumentu izateari baizik: zertan hasi edo lanean ari diogunean, subjektuak egile errola hartzen du, predikatua halakoa delako.

● Beste kontu bat da absolutiboa, itxuraz, AdpS izan daitekeela:

(54)
  • a. Bost ordu jardun zuen telefonoz berbetan

  • b. Hamar ordu egon nintzen zure zain.

Kasu honetan, agian, denbora adierako absolutiboa izango genuke. Edo agian ‘neurri’ adieraziko luke: hamar tona pisatzen du diogunean bezala. Argi dagoena da (54)ko absolutibo usteko horiek egiazki adposizio sintagmak direla. Horregatik, -ko adposizioaren osagarri ere izan daitezke, (52-53)koak ez bezala:

(55)
  • Bost orduko jarduna/ hamar orduko egonaldia/ hamar tonako ontzia…

Holakorik ez dugu benetako absolutiboarekin.

8.3.2 Ergatiboa ( [[… ds] -K erg])

8.3.2.a Morfologia

Ergatiboaren marka -K da. DS-ri eransten zaio eta elkartze horretatik zenbait hots-aldaketa gerta daitezke: bi etxe + -k > bi etxek (aldaketarik ez), baina bi gizon + -k > bi gizon-e-k > bi gizonek (-e- bokala tartekatu da); etxeak + -k > etxe-ag-e-k (-e-ren tartekatzea) > etxe-a-e-k (bokalarteko (g/k) kontsonantearen galera) > etxeek, etab. Taula honetan eredu nagusiak bilduko dira:

DETERMINATZAILE SINTAGMA ERGATIBOA (-K)

mugatzailerik gabea

zenbatzaileduna

{Bi/ hiru/ hamar… {lagunek, umek, neskak… } < [[[ +zehatza d] … ds] -K erg]

{lagun/ ume/ neska…} batek < [[[+zehatza d] … ds] -K erg]

{Nork/ norbaitek/ inork/ zerk/ zerbaitek / ezerk ... < [[[-zehatza d] … ds] -K erg]

{zein/ edozein/ zenbat/ zenbait…} {mendik/ nekek...} < [[[-zehatza d] … ds]-K erg]

{ardi, harri, idi…) askok/ bik/ gutxik/ ugarik… < [[[-zehatza D] … ds]-K erg]

mugatzaileduna

[- plurala]

haur, hondartza, (txiki/ atsegin) -ak < [[... -a DS] + -K erg ]

baso (eder ...) {honek/ horrek/ hark < [[... {hon-e-/ horr-/ har-} ds] + -K erg]

eliza (ilun) {honexek/ horrexek/harexek} < [[... {hone-xe- / horre-xe/ hare-xe ds]} -K erg]

haur (polit) {beronek/ berorrek/ berak} < [[... {beron-e-/ berorr-e-/ bera-} ds] + -K erg]

ni/ hi/ zu < [[{ni / hi / zu } ds] + -K erg]

[+ plurala]

baldintza ( berri)ek... < [[... -ak ds] + -K erg]

(zuen) bost (lagun)ek < [[... -ak ds] + -K erg]

(auzoko) haur guztiek < [[... -ak ds] + -K erg]

etxe (txiki) {hauek/ horiek/ haiek...} < [[... {hauek / horiek / haiek} ds] + -K erg]

testu (berri)ok /eremu (zabal)ok ... < [[... -ok} ds] + -K erg]

gu/ zuek < [[{gu/ zuek} DS] + -K erg]

egokitzapen morfofonologikoak

1. konts.+ -k > konts. + e + k (… lagunek; batek; zeinek; honek; zuek; honek...)

bok. + -k > bok. -+ k (hondartzak; edozein umek; guk…)

2. -a-a > -a (ikastola-a > ikastola; eliza-a > eliza); gauza-a > gauza)

3. -a-ak > -ak (enpresa-ak > enpresak)

4. -a-ok > -ok (ideia-ok > ideiok; ikastola-ok > ikastolok

8.3.2.b Funtzio sintaktikoa

● Perpausaren subjektua

DS ergatiboa beti perpausaren subjektua izan ohi da:

(56)
  • a. Zerbitzariak zopa atera digu.

  • b. Bi ordu iraun zuen hitzaldi aspergarri hark.

  • c. Guk ez genuen tratu hori merezi.

Aditz inergatiboek (irakin, eskiatu, jardun, hitz egin... hautatzen duten argumentu bakarra ere subjektua da eta ergatibo gisa gauzatzen da.

(57)
  • a. Urak berehala irakingo du.

  • b. Jonek Alpeetan eskiatzen du.

Zenbait aditz erdi-kopulatiborekin ere (irudi, eman ...) subjektua ergatiboan ikusiko dugu:

(58)
  • Etxe honek oso zaharra {dirudi/ ematen du}. (cf. [Etxe hau oso zaharra dela] dirudi/ ematen du.)

Perpaus arazleen subjektua (arazlea alegia) ere ergatiboan joan ohi da:

(59)
  • Katuak txakurra isilarazi zuen. (cf. Txakurra isildu zen.)

Euskalkien arabera, gerta daiteke, predikatu berak batean ergatiboa eskatzea eta bestean absolutiboa (irten, igo, gosaldu, jolastu, bazkaldu, dantzatu…):

(60)
  • a. Bayrou, Poulou, Grenet jokatu dira euskararen eta bertze hizkuntzen alde.

  • b. Modu liluragarrian jolasten du koloreekin./ Ondo jolastu ohi dira.

  • c. Errekako zubitxo batean jarririk bazkaldu naiz. (Piarres Aintziart).

  • d. Herodesen aurrean txit askatasun handiarekin dantzatu zen. / Ederki dantzatu zuten gure neska-mutilek.

● Zenbait esapide zalantzazko: eman eta jo aditzen jokoa

Zenbait esapidetan ergatiboaren eta absolutiboaren arteko zalantza izan daiteke (bihotzekoak eman/ bihotzekoa eman). Baina hemen zalantza ez da kasuari buruzkoa bakarrik, funtzio sintaktikora eta semantikora ere hedatzen baita:

(61)
  • a. Aireportura iristerakoan bihotzekoa eman zion. (Berria 2006-01-26)

  • b. Bihotzekoak eman ziola esan zuten medikuek (Berria, 2006-01-22)

(61)ean bihotzekoa absolutiboa da eta predkatuaren osagarria. Agerian subjekturik ez duen perpausa genuke, nolanahi ere. Aldiz, (61b)n ez da kasu aldaketa soila, oraingoan bihotzekoak osagarria ez, subjektua baita. Nolanahi ere, ergatiboaz ari garenez, esan behar da hemen ere ergatiboa subjektua dela.

Eta esamolde beraren ildotik, hor dugu bihotzekoak jo. Eta hemen, ergatiboa da erabiltzen dena: Bihotzekoak jota hil zen. Subjektua, hortaz.

Orduei erreferentzia egiterakoan ere modu bat baino gehiago dago, eta zalantzak ugari ergatiboaz, subjektuaz eta antzekoez:

(62)
  • a. Hamarrak jo zuten elizaren bateko kanpaiek.

  • b. Bostak eta laurden jo zituen Kondeen Dorreko erlojutzarrak.

  • c. Ordu biak aspaldi jo dituzte.

Gure hiztegi eta corpusetan holako adibide asko daude eta denetarikoak, gainera. Euskaltzaindiaren Hiztegian (1991-2015) bertan, (62a)koaren kideko adibiderik ez da ematen, arruntak badira ere. Horren ordez beste hau eskaintzen da: Arratsaldeko bostek jo zuten. Ez dut uste esamolde hau oso arrunta denik, hala ere.5

8.3.2.c Adiera

Egiturazko kasuen esanahiaz hitz egitea, eta bereziki ergatiboarenaz, gehiegizkoa izan liteke, hauek erlazio gramatikal soila adierazten baitute, antza. Nolanahi ere, ergatibozko subjektu honek, predikatu baten argumentu bat gauzatzen du, baina ez beti argumentu bera. Adibidez, (56a)n atera aditzak ekintza bat adierazten du eta honen argumentuetako bat (zerbitzaria) ekintza horren egilea dela esan ohi da eta bestea gaia (zopa). Baina beste predikatu batek, ekintzazkoa ez bada, bestelako argumentua hautatuko du, beste errol semantiko bat izango duena. Hori da, adibidez, (56c eta d)n gertatzen dena: iraun aditzaren subjektua ergatiboa da, baina hitzaldia sintagmak ez dio egile bati erreferentzia egiten, zer argumentu den jakitea erraza ez bada ere. Gauza bera gertatzen da merezi izan predikatuarekin ere, honek bi argumentu baititu, baina bat ere ez egile izango denik. Hortaz, ekintza usainik ez duten aditzekin ergatiboa ager daiteke. Eta alderantziz, badira subjektua absolutiboan eskatzen duten aditz iragangaitzak, mintzatu, adibidez. Eta honek egile gisa interpretatu behar dela dirudi. Izan ere, errol tematiko berberak funtzio sintaktiko (eta kasu morfologiko) ezberdinetan ager daitezke (Fernández eta Ortiz de Urbina 2010: 19). Predikatuen argumentuak sintaktikoki gauzatzeko modu asko daude eta egiturazko kasuak funtzio sintaktikoaren ondorio dira, ez predikatuaren argumentu egiturari zor zaizkionak. Alegia, (58)ko adibidean ergatiboa ez zaio zor predikatuaren argumentu jakin bati, perpausean hartzen duen kokaguneari baizik, alegia: etxe honek oso zaharra dirudi. (56c)n ere, guk ez genuen tratu hori merezi perpausaren subjektu ergatiboa ez zaio zor sintagma horren adierari, subjektu gunean egoteari baizik. Horregatik, hain zuzen, egiturazko kasu deitura ere erabiltzen da kasu gramatikal deitura baino areago.

● Ergatiboa eta instrumentala elkarren ordain edo

Zenbait esapidetan ergatiboa ager daiteke, ustekabean edo:

(63)
  • a. Hotzak nago egun osoan.

  • b. Goseak esnatu nintzen.

Komunztadurak zerbaitetarako balio badu, perpaus hauen subjektua ezin izan daiteke ez hotzak, ez goseak. Hauen egiazko subjektua, adizkiak salatzen duen bezala (nago/ geunden), ezkutuan dagoen ni edo gu izenordaina da. Orduan, zer egiten du hemen hotzak sintagmak? Ezusteko egoera honentzako irtenbidea egitura konplexuago baten elipsian egongo litzateke (ik. Mitxelena 1972b: 15; De Rijk 2008: 690–691). Pentsa dezagun (63)ren parean baditugula honako hauek ere:

(64)
  • a. Hotzak hiltzen nengoen.

  • b. Goseak amorratzen esnatu nintzen.

(64)ko hotzak eta goseak, hurrenez hurren, hiltzen eta amorratzen aditzen subjektu dira: hotzak hil, goseak hil. Horrenbestez, goiko (63)koetan ere aditzen bat ezabatua edo, dagoela pentsatzeko eskubidea genuke. Aditz hori ez da, nahitaez, zertan izan hil edo amorratu. Hartu bezalako bat ere izan daiteke, adibidez:

(64’) Hotzak {hartuta / hiltzen / amorratzen …} nago.

(63)koen ordez, instrumentala ere rabil daiteke: hotzez/ gosez nago modukoak arruntak dira. Hauetan, jakina, ez dugu behar ez itzulingururik ez elipsirik, egitura egokia aurkitzeko. Instrumental hau ez litzateke izango perpausaren subjektu. Nola, bada?

● Eguratsari buruzko adierazpideak

Ilundu, (eguna) argitu modukoetan aditza ‘du’ formakoa izan arren, subjektu ergatiborik ez da ageri ohi:

(65)
  • a. Aspaldi argitu du.

  • b. Abenduan berehala iluntzen du.

  • c. Nola hoztu duen!

  • d. Euria {ari / hasi} du.

Egurats fenomenoetan arrunta da subjektua isilpekoa izatea beste hizkuntza batzuetan ere.

Merezi izan predikatua

Hau ere kontuan hartzekoa da. Batetik, ‘norbaitek merezimenduren bat duela’ edo esan nahi bada, ergatiboa eta absolutiboa, biak agertuko dira:

(66)
  • a. Pellok sari hori merezi du.

  • b. Arriskuak garaipena merezi du.

Bide arrunta, hortaz. Baina predikatu honek badu beste erabilera bat ere:

(67)
  • Horrelako jendearekin hizketan hastea ere ez du merezi.

Kasu honetan subjektu ergatiborik ez da ageri. Halakoetan, jokabidea honako adibide hauek erakusten dutena da:

(68)
  • a. Uste dut ez zuela merezi hona etortzea / etortzerik / *etortzeak

  • b. Merezi zuen itxarotea. / Ez du merezi gehiago itxaroterik.

Dena dela, badirudi euskal hiztunak gero eta gehiago ari dela lerratzen eskema ‘logikora’, alegia merezi zuen itxaroteak modukoetara, non itxarotea subjektu ergatibo bihurtzen den, egilea ez izan arren ez eta subjektua ere.5 (68) bezalakoetan ez da ageriko subjekturik, eguratsari dagozkion goiko egituretan bezala. Antzeko jokabidea dute beste aditz batzuek ere (irudi, balio izan…):

(69)
  • a. Ez du balio etxea konpontzen hastea.

  • b. Iduri du laster sendatuko zarela

8.3.3 Datiboa ([[… ds] -I dat])

8.3.3.a Morfologia

Datiboaren marka -i da, eta, ohikoa denez, DSri eransten zaionean, egokitzapen morfofonologikoak gerta daitezke: bi etxe + -i > bi etxe-r-i; etxe-ak + -i > etxe-e-i, etab.

DETERMINATZAILE SINTAGMA DATIBOA (-I)

mugatzailerik gabea zenbatzailea

{Bi/ hiru/ hamar… {laguni, umeri, neskari… } < [[[ +zehatza d]… ds] -I dat]

{lagun/ ume/ neska…} bati < [[[+zehatza d]… ds] -I dat]

{Nori/norbaiti/inori/ zeri/ zerbaiti / ezeri ... < [[[-zehatza d]… ds] -I dat]

{zein/ edozein/ zenbat/ zenbait…} {mendiri / nekeri...} < [[[-zehatza d] … ds] -I dat]

{ardi, harri, idi…) askori/ biri/ gutxiri/ ugariri… < [[[-zehatza d] … ds] -I dat]

mugatzaileduna

[- plurala]

{haur, hondartza,…} (txiki/ atsegin) -ari < [[...–ads] + -I dat ]

baso (eder ...) {honek/ horrek/ hari < [[... {hon-e-/ horr-/ har-} ds] + -I dat]

eliza (ilun) {honexeri/ horrexeri/harexeri} < [[... {hone-xe- / horre-xe/ hare-xe ds]} -I dat]

haur (polit) {beroni/ berorri/ berari} < [[... {beron-/ berorr-/ bera-} ds] + -I dat]

iri/ hiri/ zuri < [[{ni / hi / zu }ds]+ -I dat]

[+ plurala]

baldintza ( berri)ei... < [[...-ak ds] +-I dat]

(zuen) bost (lagun)ei < [[...-ak ds] + -I dat]

(auzoko) haurguztiei < [[...-ak ds] + -I dat]

etxe (txiki) {hauei/horiei/ haiei...} < [[... {hauek / horiek / haiek} ds] + -I dat]

testu (berri)i /eremu (zabal)oi ... < [[...-ok}ds]+ -I dat]

gu/ zuek < [[{gu/ zuek} ds]+ -Kerg]

egokitzapen morfofonologikoak

1. -…k + -i > eilagunei; zuei < batek; zeinek; honek; zuek; honek...)

bok. + -i > bok+ r+i(hondartzari; elizari edozein umeri; guri…)

2.-a-a > -a (ikastola-a > ikastola; eliza-a > eliza); gauza-a > gauza)

3. -a-ak > -ak (enpresa-ak > enpresak)

4. -a-ok > -ok (ideia-ok > ideiok; ikastola-ok > ikastolok

8.3.3.b Funtzio sintaktikoa

Ergatiboarekin eta absolutiboarekin batera, datiboa egiturazko kasutzat hartu dugu. Zehar osagarri deitzen denaren kasua izan ohi da.

● Zehar osagarria

Absolutiboak eta ergatiboak bezala, datiboak ere komunztadura eragiten du aditz jokatuan, nahiz eta batzuetan, zenbait hizkeratan, komunztadura hori ez den gauzatzen. Gainera, osagarria da batzuetan, predikatuak hautatua alegia, baina beste batzuetan ez dago horren argi.

(70)
  • Aitonak haurrari musu handi bat eman dio.

Hemen aditzaren inguruan hiru osagai dabiltza: aitonak subjektua (ergatiboa), musu handi bat osagarri zuzena (absolutiboa) eta haurrari zehar osagarria (datiboa). Datiboa hemen aditzaren osagarria da eta argumentua, predikatuak hautaturiko argumentua.

Baina beste batzuetan badirudi ez dela klase horretako argumentua. Adibidez:

(71)
  • Mikeli aurtengo ikasleek ez diote batere ikasten.

Ikasi predikatuak bi argumentu baino ez ditu hautatzen, berez: norbaitek zerbait ikasi. Horrenbestez, datiborik gabe ere, perpausa zuzena eta osoa litzateke. Ez du ezer falta:

(72)
  • Aurtengo ikasleek ez dute batere ikasten.

Hortaz, (71)ko Mikeli datiboa ez da, egiazki, ikasi predikatuaren argumentua. Sintaxi mailan, ordea, osagarri izaten segitzen duela dirudi, aditzaren zehar osagarria beharbada. Predikatu gehienek onartzen dituzte bateko edo besteko datiboak, maiz zein estatu sintaktiko duten jakitea erraza ez bada ere.

Datiboa taxu desberdineko predikatuekin ager daiteke, bai aditz iragankorrekin bai aditz iragangaitzekin, direla inergatibo direla inakusatibo. (ik. Fernandez & Ortiz de Urbina 2010). Honako taula honetan bil daitezke gerta daitezkeen egiturak, datibodunak eta gabeak:

datibogabea

datiboduna

Aditz inakusatiboa

abs

etorri da

abs-dat / dat-abs

etorri zaio /gustatzen zaio

Aditz inergatiboa

erg

etsi du

erg-dat

ekin dio

Aditz iragankorra

erg-abs

erosi du

erg-dat-abs

erosi dio

Datiboa osagarria izango da, adibidez, eman, ekarri, ostu… aditzekin doanean. erg-dat-abs litzateke egitura tipikoa:

(73)
  • Gukerg Josebaridat ardoaabs {bota / ekarri / eman / erosi / ostu…} diogu.

Aditz iragankorra eta hiru argumentuk osatutako egitura izango genuke hemen.

DS datiboa izan daiteke, halaber, aditz iragangaitz baten, inakusatibo baten (erori, etorri, igo, jaitsi, joan …) argumentu ere. Adibidez:

(74)
  • a. Pilotaabs erori zaio haurrari dat.

  • b. Tentsioaabs igo zitzaion irakasleari dat.

  • c. Gotzoni dat asko gustatzen zaizkio biribilketakabs.

Aditz inergatiboak (dantzatu, bazkaldu, dimititu, iraun, irakin, ekin, eutsi…) bi argumenturekin ager daitezke, bata ergatibo gisa gauzatua eta bestea datibo gisa:

(75)
  • a. Ederki dantzatu diote herriko gazteekerg alkate berriaridat.

  • b. Pozakerg ez dio gizajo honidat luze iraun.

Egitura hauek begien aurrean ditugula, kontuan izan behar da batzuetan datiboaren agerpena beharrezkoa dela, baina beste batzuetan ezinezkoa. Adibidez, uste izan edo pentsatu bezalako aditz baten inguruan nekez aurkituko dugu datiboa:

(76)
  • a. Uste nuen etorriko zela

  • b. *Uste nizun etorriko zela.

Eta, aldiz, beste aditz batzuek datiboa nahitaezko dute: ekin, eman bezalako aditz aspektualekin edo eutsi-rekin, esaterako.

(77)
  • a. Orain erretzeari eman dio.

  • b. Ekin gogor lanari!

  • c. Eutsi gogor ohol honi!

Eman, ekin eta eutsi aditz inergatiboak dira, ergatiboa bai baina absolutiborik ez dutenak. Baina hor dugu datiboa. Datibo guztiak, hala ere, ez dira berez hautatuak.

(78)
  • Mireni, alabak ez dio gainditu azterketa. (cf. Alabak ez du gainditu azterketa)

Hemen, berez, gainditu predikatuak bi argumentu hautatzen ditu, alabak eta azterketa. Miren datiboak interes datiboa dirudi.

● Zenbait adberbioren edo adposizioren osagarri

Zenbait adposiziok ere datiboa gobernatzen dute: begira, beha, buruz, esker… Hortaz, ikuspegi honetatik, adposizioaren osagarria izango da datiboa:

(79)
  • a. Zeri buruz mintzatu zineten?

  • b. Zure lanari esker asko aurreratu dugu.

  • c. Haurrei begira pasatzen zituen eguneko ordurik gehienak.6

● Zenbait adjektibok osatzen duten predikatu konplexuekin batera ere ager daitezke datiboak:

(80)
  • a. Mikeli zaila zitzaion zuzendaritzaren erabakia onartzea.

  • b. Aspergarri zitzaien ikasleei irakasle haren jarduna.

Adposizioaren osagarria biziduna edo denean, (79c), datiboak zilegitasun osoa du (ik. Villasante 1978: 63), baina beste batzuetan, datiboa (-i) eta adlatiboa (-ra) txandaka daitezke. Begira adposizioa dugu horren adibide bat, hain zuzen:

(81)
  • {Itsasora / itsasoari} begira geunden.

Hemen, itxuraz, ez dago alde handirik bataren eta bestearen artean. Baina begira-ren osagarria, nolabait esateko, leku adiera duen zerbait orokorra edo bada (behera, lurrera, gora, aurrera...) orduan, adlatiboa izango da erabiliko duguna:

(82)
  • {Behera / albora / lurrera} begira ibiltzen zen kalean. / *{Beheari / alboari / *lurrari} begira ibiltzen zen kalean.

Baina gauza are gehiago korapila daiteke. Adibidez, zerk eragiten du ondoko kasu honetan datiboaren edo adlatiboaren hautua?

(83)
  • a. {Piper hautsa / gatza…} {bota diot saldari / bota dut saldara}.

  • b. Bota al dituzu lanpernak uretara? / ?Bota al dizkiozu lanpernak urari?

Axola duena, nonbait, ‘hunkitua’ izatea da. Lehenbizikoan, gatzak edo piper hautsak saldari eragiten dio nolabait: hunkitua da, salda gaziago edo minago bilakaraziko du. Bigarrenean, berriz, axola diguna ez da urari nola eragiten dioten lanpernek. Izatekotan, alderantziz.

Ekialdeko euskaraz beste honako adberbio hauek ere datiboa goberna dezakete: aitzina, beheiti, behera, goiti, gora, hurbil, hurran, kontra, zelatan... (ik. Lafitte 1944: 170-171; Villasante 1978: 47-109; Fernandez & J. Ortiz de Urbina 2010: 213-221). Hortaz, hemen ere badira diferentziak euskalkien artean. Adibidez, [… -ri buruz] izan daiteke ‘zertaz’ ari zaren adierazteko modu bat euskara batuan, baina izan daiteke ‘norabidea’ adierazteko modua ere zenbait euskalkitan:

(84)
  • Ez dugu ahantzi behar lur-aginduari buruz zoazila Israelitak. (Elissalde)

Kontra adberbioa ere genitiboarekin ez ezik (gure kontra, denen kontra...) datiboarekin ere erabiltzen da Ekialdean (… -ri kontra). Adibidez:

(85)
  • Kurubilkatu nintzan amari kontra, hatsa doi-doi hartzen nuela (J. Etchepare)

Kontra, buruz eta holako adberbioen osagarri gisa ageri den datibo hau, nolanahi ere, ohiko datiboa ez bezalakoa da, leku-datiboa nolabait, helburu edo onuradun adiera duena baino areago.

● Datiboa, adjektiboaren osagarri

Badira adjektibo batzuk predikatu egitura konplexu gisa lan egiten dutenak, aditz ‘arin’ bati itsatsirik doazenean: atsegin, higuingarri… adibidez. Predikatu hauekin datiboa ager daiteke, bestelako edozein aditzekin bezala:

(86)
  • Josebari {atsegin/ higuingarri} izan zaio zurekin lan egitea. (cf. Josebak {atsegin / higuingarri} izan du zurekin lan egitea)

Hemengo datiboa ez zaio zor izan aditzari, baizik atsegin izan predikatu konplexuari, begira egon-ekin gertatzen den bezala, esaterako. Baina badira adjektibo gutxi batzuk zuzenean datibo osagarria hautatzen dutenak: leial/ fidel izan litezke holakoak, adibidez:

(87)
  • Hizkuntzari leial iraungo dugu.

Holako gutxi ditugu euskaraz, nolanahi ere.

● Datiboa izenaren osagarri gisa erabiltzeko zailtasunak

Absolutiboa, ergatiboa eta datiboa predikatuaren osagarri gisa agertzen dira oro har, baina ez izen baten osagarri:

(88)
  • Guraso batzuek haurrei oker guztiak barkatzen dizkiete.

Hemen datiboak arazorik ez du barkatu prediktuaren osagarri izateko. Izen batekin, ordea, ezinezkoak dira, genitibo gisa ematen ez baditugu behintzat:

(89)
  • a. {?Haurren / *haurrei} barkamena ez da onargarria.

  • b. {Guraso batzuen / *guraso batzuek} barkamena ez da onargarria.

  • c. {Oker guztien / *oker guztiak} barkamena ez da onargarria.

Osagai horiek aditzaren kideko izen baten inguruan (nominalizazioetan, esaterako) txertatu ahal izateko muga estu samarrak daude. Hasteko, zail gertatzen da perpausean ageri diren argumentu guztiei aldi berean izenaren inguruan leku egitea: normalean, hiru argumentu horietako bati egin dakioke tartea aldi bakoitzean. Baina ez hori bakarrik. Izan ere, argumentu bakar hori, genitiboan eman behar da. (89b eta c)ko genitiboak aski arruntak dira: batean genitibo subjektiboaz hitz egin ohi da, eta bestean genitibo objektiboaz. (89a)koa arazotsuagoa da, genitibo objektiboa izanik ere, nolabait.7 Baina beldur, lotsa edo errespetu moduko izenen osagarria genitiboan eman daiteke arazo handirik gabe: gurasoen beldurra, gizon armatuen errespetua… Datiboaren ordaineko genitiboetatik ihes egiten dugu gehienetan, maiz postposizio konplexu batera joaz, nahiz erlatiboaz baliatuz:

(90)
  • a. Bere amarentzako lotsa neurriz kanpokoa zela uste zuten batzuek.

  • b. Nur zira, gizon hil behar dian batentako lotsa ükhen dezazün? (Maister)

  • c. Itxurakeriei dien lotsa eskasarengatik. (Mitxelena)

Dena dela, han-hemenka eta era mugatuan (izenburuetan, adibidez), aurkituko ditugu izen baten osagarri edo adjunktu lanetan -ko gabeko sintagmak:

(91)
  • Jolas berriak haur euskaldunentzat / Haur euskaldunentzako jolas berriak.

Datiboa bera ere bai.8 Adibidez, (92) bezalakoak aski arruntak dira:

(92)
  • a. Minimalismoari kritika

  • b. Bolondresei deia

  • c. Munduari bira 80 egunetan

Baina holako sintagmek, esan bezala, izenburuetarako, edo deitura soiletarako dira baliagarri. Osagai gisa perpaus baten barnean txertaturik eman nahi direnean ez dute balio:

(93)
  • a. ?Minimalismoari kritika zorrotz horrek zerbait adierazten du.

  • b. ?Bolondresei deia zabaldu da…

● Zenbait aditz arazlerekin

Aditz arazleekin ere datiboa erabil dezakegu. Datiboa ‘arazia’ izango litzateke, ergatiboa ‘arazlea’ den bezala. Adibidez:

(94)
  • a. Langileek ez zieten ugazabei ezer jakinarazi.

  • b. Niri bere liburu berria erosarazi zidan Erramunek.

Jakinarazi/ erosarazi forma arazleak dira, jakin eta erosi oinarri-aditzen gainean eraikiak. Hiru argumentu ditugu, gainera. Hauetako bat, datiboan ageri dena, arazia da, ergatiboa, berriz, arazlea.

Oinarri-aditzeko subjektuari berez ergatiboa badagokio eta subjektu hori [+biziduna] bada, orduan datiboa jasoko du araziak:

(95)
  • a. [Nik erg] auto berria erosi… → zuk [niri dat] auto berria erosarazi didazu.

  • b. [Alkateak erg] dimititu… → Udalbatzak [alkateari dat] dimitiarazi dio.

  • c. [Mikelek erg] kantatu du… → Gonbidatuek [Mikeli dat] kantarazi diote.

Oinarri-aditzeko subjektu ergatiboa [-biziduna] bada, ordea, absolutiboa hautatzen da, ez datiboa: ura irakinarazi dute (cf. urak irakin du). Hots: aditz arazlearen subjektua biziduna bada, ondoren datorkeena datiboa izango da. Bestela, absolutiboa. Dena dela, gauzak alda daitezke hizkera batetik bestera.

● Bi datibo zilegi ote aditz arazleetan?

(95)eko adibideetan, oinarri-aditzak argumentu bakarrekoak edo bikoak dira. Baina ondo dakigu aditz iragankorrak maiz hiru argumentuko egituretan ageri ohi direla eta badirela, bi argumentukoak izan arren, osagarria datiboaz markatzen dutenak eta ez absolutiboaz. Zer gertatzen da, hortaz, oinarri-aditz horrek dagoeneko datiboren bat badarama? Holakoetan, printzipioz, bi datiborekin aurki gintezke. Adibidez, honako perpaus hauek ohikoak dira:

(96)
  • a. [Mikelek erg] gogor eusten dio [bolanteari dat].

  • b. [Mikelek erg] [kolpe handia abs] eman dio [ateari dat].

Perpaus hauetan jasotzen den gertakaria beste norbaitek eragin badu, Josebak esaterako, eutsarazi eta emanarazi aditz arazleez balia gintezke. Gainera, aditz arazlearen subjektua ere adierazi beharko dugu. Horrela, oinarri-aditzari dagokion egilea (arazia) datiboan ematen bada, bi datiborekin aurkituko gara:

(96’)
  • a. ?Jonek Mikeli gogor eutsarazi dio bolanteari.

  • b. ?Jonek Mikeli kolpe handia emanarazi dio bolanteari.

(96’)ko perpaus hauek bitxiak behintzat gertatzen dira. Arazoa da eutsarazi eta emanarazi aditz arazleak, egiazki aditz oso eta bakarrak balira bezala jokatzen dutela eta hortaz, datibo bakarrarentzat baino ez dela lekurik. Komunztadura ere datibo bakarrarekin egiten da (Deustuko Hizkuntzalaritza Mintegia 1989; Ortiz de Urbina 2003). Horregatik, holakoak esan beharra izanez gero, bestelako itzulinguruetara jotzen dugu arazlearen ordez bestelako aditz bat txertatuz. Adibidez:

(97)
  • a. Jonek [bolanteari gogor eustera Perpausa] behartu du Mikel.

  • b. Jonek [bolanteari gogor eusteko Perpausa] eskatu dio Mikeli.

  • c. Jonek Mikel [bolanteari kolpe handi bat ematera Perpausa] {bultzatu / behartu} du.

Azken perpaus hauek ez dute arazo berezirik sortzen perpaus nagusiaren eta mendekoaren arteko mugek hor baitiraute, bakoitza bere aditzarekin eta aditz bakoitza bere argumentuekin.

Dena dela, bi datibo daramaten aditz arazle hauek direla eta, dirudienez, euskalkiak bitan banaturik ageri dira, de Rijk-en (2008: 379) arabera (ik. halaber, Duguine 2010: 178-180). Alegia, Ipar- eta Ekialdeko euskarak ez die muzin egiten datibo biko egitura hauei. Mendebaldeko euskaldunontzat, berriz, ezinezkoak ez badira, hortxe-hortxe dabiltza, eta, horregatik, nahiago ditugu bestelako itzulinguruak.

(98)
  • a. ?Gure aitak amari gona gorria erosarazi dit.

  • b. Gure aitak amarentzat gona gorria erosarazi dit.

(98a) zilegi da batzuentzat. Beste batzuek, berriz, ordezkoak bilatzen ditugu: datibo onuraduna (amari) destinatibo bihurtuz adibidez: amarentzat (98b) edo, besterik gabe, albora uzten dugu arazle bidezko egitura.9

8.3.3.c Adiera

Absolutiboak eta ergatiboak ez dute ‘berezko’ adierarik, gorago esan dugun bezala. Datiboari buruz ere gauza bera esan beharko litzateke. Argumentu batek izan dezake esanahi jakina, alegia, bete dezake errol tematiko jakin bat, baina hori ez zaio zor sintagmak duen kasu marka jakinari, baizik predikatuari eta predikatu honekin duen harremanari. Argumentu bakoitzak duen errol tematikoa aditzari zor zaio, predikatuak adierazten duen ekintza, egoera, prozesua edo dena delakoaren argumentua izatetik datorkio, ez kasu markatik beretik (ik. Fernández & Ortiz de Urbina 2010: 20).

Honako adibide hauetan, esaterako, kasu desberdinak izan arren, denek errol tematiko bera adierazten dute funtsean eta zail litzateke azaltzea nolatan ditugun hiru kasu desberdin, adiera bertsua izanik:

(99)
  • a. Mikelek dena ahaztu zuen.

  • b. Mikeli dena ahaztu zitzaion bat-batean.

  • c. Mikel berehala ahaztu zen gutaz.

Honako honetan ere berdin, galdu aditza dugularik:

(100)
  • a. Aitonari betaurrekoak galdu zaizkio.

  • b. Aitonak betaurrekoak galdu ditu.

Datiboaren azpian ere adiera desberdineko osagaiak ezkutatzen dira. Har ditzagun, esaterako, honako adibide hauek, denak datiboan:

(101)
  • a. Nire liburuak norbaiti oparituko dizkiot.

  • b. (Niri) txalupa batzuk marraztu dizkit Julenek.10

  • c. Lapurrei ez diegu aurpegia ondo ikusi.

  • d. Botoiak josi behar dizkiot alkandorari.

  • e. (Guri) aurten ikasleek ondo egin digute lan.

  • f. Ikasleei asko gustatu zaizkie zure poemak.

  • g. Mikeli ezusteko galanta gertatu zaio.

Zerrenda honetan azpimarratutako osagai guztiek kasu marka bera daramate, datiboa. Datiboari dagokion komunztadura marka ere ageri da adizki jokatuan: oparituko dizkiot, marraztu dizkit, ez diegu ikusi, etab. Hala ere, adieraren aldetik ez datoz bat: batzuetan datiboak helburua edo hartzailea adierazten du (101a). Beste batzuetan, onuraduna (101b), jabea (101c eta d), interesduna edo etikoa (101e), esperimentatzailea (101f eta g),... (Fernández & Ortiz de Urbina 2010 lanean informazio zabala ematen da, besteak beste, kontu honetaz). Adiera desberdin asko bereganatzen ditu, hortaz, datiboak.

● Helburua / iturburua

(101a)ko adibidean, datiboak helburu bat adierazten du. Kasu honetan helburu hori pertsona da eta hala izaten da gehienetan helburuzko datiboa: nire liburuak norbaiti oparituko dizkiot. Baina pertsona izaerarik ez duen zerbait ere izan daiteke helburu: saldari ez diot gatzik bota. Hemen ere, (101a)n bezalatsu, objektu bat nolabait lekuz aldatzen dugu iturburu den puntu batetik helburu den beste batera. Holako predikatuek transferentzia bat adierazten dute, eta transferentzia aditzak direla esan ohi da: bidali, bota, jaso, ekarri, eman, entregatu, erakutsi, eraman, erosi, eskaini, itzuli, jarri, kendu, laga, leporatu, mailegatu, oparitu, ordaindu, saldu, utzi…, besteak beste. Predikatu hauek egilea, gaia eta helburu bat hautatzen dute bere esanahia osatzeko. Datiboak, holakoetan, ekintzaren helburua edo hartzailea adierazten du. Datiboa ageri ez bada, ulertutzat edo ematen dela esan nahi du. Adibidez, sozialistek larrosa gorriak oparitzen dituzte esaten bada, oparia norbaiti egiten zaiola ulertzen dugu, zehaztu gabe uzten bada ere. Eman aditza izango litzateke transferentzia predikatu klase honen eredua. ‘Datibo’ izenak berak ere ‘ematearen’ jomuga edo adieraziko luke. Latinez, dare ‘eman’ da. Hau litzateke, hortaz, datibo tipikoa:

(102)
  • a. Aitak amari liburua {ekarri / eman / mailegatu / saldu…] dio.

  • b. Opari bat {erosi / erakutsi / eskaini …} nion idazkariari.

  • c. Anderrek diru pixka bat mailegatu zion Gartziari.

Komunikazio aditzak ere (abisatu, adierazi, argitu, azaldu, berri eman, erantzun, errepikatu, esan, idatzi, informatu, iradoki, iragarri, jakinarazi, komunikatu, kontatu, proposatu…) multzo honetan bertan sar daitezke, komunikazioa informazioa transferitzea den heinean:

(103)
  • a. Aitak gauero ipuin bat kontatzen dio haurrari.

  • b. Emakumeari mehatxu gutunak idatzi zizkioten.

Eskaria edo agindua adierazten duten aditzak ere transferentzia aditzak dirateke: agindu, erregutu, eskatu, galdetu… Adibidez:

(104)
  • a. Baimena eskatu nion nagusiari.

  • b. Jon non bizi zen galdetu nion neskari.

Jakina, aditza nolakoa den, datiboa alderantziz ere interpreta daiteke, helburu izan beharrean, iturburu izan daiteke. Kendu edo ostu aditzarekin batera ager daitekeen datiboa ere, adibidez, helburutzat edo jomugatzat hartzea agian askotxo da. Baina ondo pentsatzen hasita, hauek ere interpreta daitezke predikatuak adierazten duen ekintzaren jomuga gisa: kenketa jomuga den zerbaiti egiten zaio. Adibidez, liburuari hautsa kendu diot esaten badut hautsa kentzeko ekintzaren jomuga edo helburua liburua da.

Norbaiti zerbait egozten zaiola adierazten duten egozkizun predikatuek ere datiboa hautatzen dute: aitortu, aurpegiratu, errua bota, egokitu, egotzi, esleitu, leporatu etab.:

(105)
  • a. Egindako lan ederra aitortu zioten presidenteari.

  • b. Eguraldi txarrari egotzi zioten istripua.

Hauetan ere datiboak gauzatzen duen errol semantikoa helburua da. Denak ere, aditz ditrantsitiboak, osagarri zuzena eta zehar osagarria dutenak, eta nolabait transferentzia adierazten dutenak.

Aditz inakusatiboekin ere helburu-datiboa ager daiteke. Etorri, heldu, hurbildu, iritsi, itzuli, joan… predikatuen inguruan sor daitezkeen egituretan izan ditzakegu holako datiboak:

(106)
  • a. Gutun bat {iritsi/etorri…} zaio Peruri.

  • b. Eskale bat hurbildu zitzaien turistei.

Argi dago datiboak hemen gauzatzen duen errola helburua dela.

Aditz inakusatibo gutxi batzuek datiboa ezinbesteko dute. Atxiki, jario, jarraiki…, adibidez, horietakoak dira, defektiboak izanik ere. Erabiltzen diren forma guztiak datibodunak dira:

(107)
  • a. Ur bizizko ibaiak jarioko zaizkio barnetik.

  • b. Kandelario-lario, haitzari ura dario.

  • c. Usteari ustegabea darraio noizbait. (J. M. Irigoien)

Baina hemen ere lehen esandako interpretazioa kontrakoa izango da: jario-k eskatzen duen datiboak helburua ez, iturburua adieraziko du. Aldiz, jarraiki aditzarekin agertuko den datiboa helburua izango da.

Inergatibo itxurarekin ere agertzen dira aditz hauek, dat-abs izan beharrean, erg-dat gisa alegia: bideari jarraiki zaio vs bideari jarraitu diot. Euskalkien araberako banaketa da hau. (ik. Fernández & Ortiz de Urbina 2010: 42–53).

● Onuraduna

Datiboak onuraduna ere adieraz dezake, ekintza baten onura nork jasotzen duen, alegia. Adibidez, goiko (101b)n ez dago, berez, transferentziarik, leku-aldaketarik. Helbururik ere ez, horrenbestez. Gertaera, ekintza edo dena delakoa hor dago, eta datiboak ekintza horren onuraduna adierazten du: Julenek marraztu ditu txalupak eta ni ekintza horren onuraduna naizela esaten da, marraztearen onura nik jasotzen dudala nolabait. Bestalde, (101a) bezalakoetan datiboak adierazten duen helburu errola nahitaezkoa da nonbait. (101b)ko onuraduna, berriz, utzi daiteke adierazi gabe, horregatik perpausak zuzena izaten jarraitzen duelarik, marraztu predikatuaren esanahian onuradun errola duen argumenturik ez baitago ‘aurreikusita’, nolabait esatearren. Ondoko perpaus hau erabat zuzena da datiborik gabe ere:

(108)
  • Txalupa batzuk marraztu ditu Julenek.

Eta datiboak helburua adieraz badezake eta onuraduna ere bai, anbiguetateak gerta daitezke. Adibidez:

(109)
  • a. Etxe zahar bat saldu dio bankuak Karmeleri.

  • b. Dendariari taxi bat eskatuko diot.

(109a)n datiboa (Karmeleri) helburutzat interpreta daiteke, transferentzia gisa interpretatuz (Karmele eroslea eta bankua saltzailea dela onartuz). Baina, alderantziz ere uler daiteke: Karmelerena den etxe zahar bat saldu du bankuak, Karmeleren izenean edo. Orduan Karmele (hots, datiboa) ordezkatua dena izango litzateke.

(109b) ere bitara uler liteke. Eman dezagun dendariak jostailuzko taxiak, tranbiak, motorrak, hegazkinak… saltzen dituela. Testuinguru horretan, (109b)k esan nahi du nik taxia hautatu dudala eta hori eskatzen diodala dendariari. Beraz, kasu honetan datiboak (dendariari) helburua adieraziko du. Beste testuinguru batean, ordea, dendaria litzateke ordezkatua dena, onuraduntzat ere interpreta genezake beharbada.

● Interes datiboa

Goiko (109c)n, hemen (110) gisa errepikatuan, garbi ikusten da ez dugula, berez, helburu bat:

(110)
  • Lapurrei ez diegu aurpegia ondo ikusi.

Hemen datiboak jabetza adierazten du, genitiboan ere eman baitaiteke: lapurren aurpegia ez dugu ikusi.

Holakoak aditz inakusatiboekin eta inergatiboekin badira:

(111)
  • a. Txapela uretara erori zaio Koldori. (cf. Koldoren txapela uretara erori da)

  • b. Oporrak berehala amaitu zaizkigu (guri) (cf. gure oporrak amaitu dira)

Nonbait, egitura inakusatiboetan sarrien erabiltzen diren datiboak jabetza/interesa motakoak dira (Fernández & Ortiz de Urbina 2010: 35). Interes datibo hau oinarrizko egiturari gaineratzen zaion argumentu bat izango litzateke. Interes datiboa eta jabe datiboa oso hurbilekoak dira. Horregatik, deitura anabasa honetan Fernandez eta Ortiz de Urbinak (2010: 25-26) esaten digutena zentzuzkoa da: “Oro har, gertaera edo egoera bat norbaitentzat garrantzizkoa dela adierazten dute datibo hauek, garrantzia gertaera horretako argumentu baten jabeak garelako, edo askotariko arrazoi pragmatikoengatik, gertaera, nire interesekoa delako. Jabetza bera ‘interes’ zabal horren barruan sar dezakegunez, beharbada azpikasu guztietarako label orokorra bilatzekotan ‘interes datiboa’ erabiltzearekin nahikoa genuke”.

Planteamendu bera eginez, goiko (110)eko lapurrei ez diegu aurpegia ikusi eta lapurren aurpegia ez dugu ikusi perpausek gauza bera adierazten dute, lapurrek ere aurpegia izatea berezkoa baitute.

Modu bertsuan trata daitezke partea/osoa erlazioa badela ulertzen bada. Adibidez, goiko (101d)ko datiboa ere jabe datiboa izango litzateke:

(112)
  • a. Botoiak josi behar dizkiot alkandorari. (Alkandoraren botoiak josi behar ditut.)

  • b. Mikeli autoa matxuratu zaio. (Mikelen autoa matxuratu da.)

  • c. Mireni ama hil zaio. / Mirenen ama hil da.

Mikelen autoaz edo Mirenen amaz ari garela esaten digute perpaus hauek. Hortaz, bai aditz iragankorrekin bai inakusatiboekin, datiboa ager daiteke eta errol tematiko bertsuak gauzatzen dituzte egitura batean zein bestean.

Inergatiboetan ez daude gauzak hain argi. Batetik, beharrezko datiboa hautatzen duten predikatuak askotxo dira eta bestetik, ez dago argi zein errol tematiko betetzen duen argumentu horrek. Predikatu inergatiboek argumentu bakarra izan ohi dute eta berau ergatibo kasuaz markaturik ikusten dugu:

(113)
  • a. Urak berehala irakingo du.

  • b. Ondo afaldu genuen (guk).

  • c. Bilerak bi ordu pasa iraun zuen.

Honelakoei datibo bat erantsi dakieke:

(114)
  • a. Urak berehala irakingo dizu.

  • b. Ondo afaldu genizun.

  • c. Bilerak bi ordu pasa iraun zien zinegotziei.

Hauek argumentu bakarrekoak dira, berez, eta ager daitezkeen datiboak, horregatik, hautatugabeak dira. Horrela, (114a) zilegi bada, datiboa interes datiboa izango da. (114b) eta (114c) ere beste horrenbeste, interes datiboak seguru asko.

Beharbada, kontuan hartzekoa litzateke heldu edo oratu aditzaren jokabidea honako honen antzekoetan:

(115)
  • Gogor {heldu / oratu} zion besotik mutikoari.

Hemen ezin da datiboa ezabatu, baldin eta ez bada absolutiboaz ordezkatzen. Beraz, kasu hauetan hautatutako argumentua da datiboz markatutakoa. Hain garbi ez dagoena da zer errol tematiko adierazten duen, helburua, gaia... Sail honetako beste aditz batzuek ere datiboa nahitaezkoa dute: ekin, eman, eragin, eragon, eutsi eta iritzi (Fernández & Ortiz de Urbina 2010: 128).

(116)
  • a. Eutsi goiari, mutilak!

  • b. Ekin hasitako lanari!

  • c. Eragiok aurreko danbolin horri.

Hauetan ere datiboa aditzak hautatua da, argumentua, hortaz. Eta zehazki zer balio izango luke? Seguru asko, oraingoan ere helburu delakoaren antzeko zerbait adierazten duela esan genezake, baina gai argumetutik ere hurbil dago.

Iritzi aditza ere arazotsua da. Inergatibotzat eman ohi da, baina halakotzat hartu beharrean iragankortzat ere har liteke agian, subjektu ergatiboa, osagarria absolutiboa (edo predikatu osagarria) eta zehar osagarri datiboa hautatzen dituelarik:

(117)
  • a. {zer / nolakoa} irizten diozu zuk sagardo berriari?

  • b. Zintzoa deritzat Arrazoiaren gidaritzapean bizi diren gizakiek goraipatzen dutenari. (P. Xarriton)

Datiboa helburuzkotzat har liteke hemen ere, beharbada.

Barkatu, begiratu, deitu, lagundu, sinistu… aditzek ere, euskalkien arabera, datiboa edo absolutiboa gobernatzen dute:

(118)
  • a. Frantxixek ez dio barkatu lapurtarrari (Herria 2003)

  • b. Jaunak Ezekiasi entzun eta barkatu egin zion herriari. (Elizen arteko Biblia 2 Kro 30,20)11

● Esperimentatzailea

(101f) perpausari erreparatzen badiogu, datiboak ez du adierazten ez helburu, ez onura ez jabetzarik. Esperimentatzaile errola egotzi ohi zaie datibo horiei. Gizakiarengan gertatzen diren prozesu psikologikoetan prozesu horren estimulua bereizi daiteke batetik, eta esperimentatzailea bestetik: ahaztu, begitandu, damutu, dolutu, gogoratu, gustatu, interesatu, iruditu, kostatu, otu… aditz psikologikoak edo lirateke.

(119)
  • a. Amonari izugarri gustatzen zaio kafea.

  • b. Niri asko kostatu zitzaidan zure erreakzioa ulertzea.

Izena edo adjektiboa biltzen dituzten predikatu batzuen batzuen datiboak ere esperimentatzaile argumentua gauzatzen duela pentsa daiteke, hala nola, ardura izan, atsegin izan, axola izan, inporta izan, min eman edo bezalakoekin.

(120)
  • a. Zuri ez zaizu axola ni norekin nabilen.

  • b. Beti inporta izan zait niri ekologia…

Gertakizun bati dagozkion aditzek ere (gertatu, pasatu, suertatu) datibo argumentala eskatzen bide dute: zer gertatu zaio haurrari? Haurra gertaeraren esperimentatzailea izango da. Noren ardura den edo zerbait nori dagokion adierazten duten predikatuek ere bai (ardura izan, axola izan, egon, inporta…) nolabaiteko esperimentatzaile argumentua eska dezakete. Eta esperimentzatzailea ez al dago hemen jomugatzat hartu dugunetik hurbil? Kalte/mesede aditzekin (kalte egin, mesede egin, komeni izan,..) ager daitekeen datiboa ere berdin. Zer falta edo behar den edo zer den sobera adierazten duten predikatuak (aski izan, falta izan, gelditu, nahikoa izan, sobera izan…). Balio izan, zilegi izan, modukoak ere: lanabes honek balio dizu. Edo {iruditu / egin / gertatu} + adjektiboa modukoetan:

(121)
  • Nobela hau atsegina {iruditu / egin / gertatu} zitzaion Amaiari.

Kostatu-k bi adiera izan ditzake baina bietan datiboa esperimentatzaile gisa interpreta liteke:

(122)
  • a. Zenbat diru kosta zaio udalari etxea konpontzea?

  • b. Niri izugarri kostatu zait nobela hau irakurtzea.

● Txandakatzeak

Absolutiboa eta datiboa maiz txandakaturik ikusten dira, batzuetan bat, besteetan bestea azaltzen delarik: begiratu dut / begiratu diot; barkatuko zaitut / barkatuko dizut; deitu dut / deitu diot; entzun dut / entzun diot; utziko zaitut / utziko dizut...

Egia da, itxuraz behintzat, datiboa zenbait adposiziorekin, -en-tzat-ekin, -en-gan-a-rekin edo -ra-rekin, edo -en-gan-dik-ekin lehian bezala ibili ohi dela. Hain zuzen, datiboa adposizioen eremura hurbiltzen da. Horregatik, datiboa, maiz, bestelako lekuzko adierazpideen bidez ordezka daitekeela ematen du, nahiz eta ez ñabardurak badiren (ik. Fernández & Ortiz de Urbina 2010):

(123)
  • a. Mikel ikasleari hurbildu zaio. b) Mikel ikaslearengana hurbildu da.

Txandakatzeak mota guztietako predikatuekin gertatzen dira, antza. Hori bereziki nabarmena da ahaztu bezalako aditz psikologikoekin, esaterako: X-k Y ahaztu / X Y-z ahaztu / X-ri Y ahaztu; baina baita mugimenduzko aditzekin ere : X-rengana {joan / etorri} da / X-ri {joan / etorri} zaio. Dirudienez, erraza da inakusatiboen artean adlatibo bat datibo batez ordezkatzea. Baina adlatiboa ez beste AdpSekin ordezkatzea zailago da, nonbait (Fernández & Ortiz de Urbina 2010: 56–57).

Bestalde, badira bi argumentu izanik ere, osagarria datiboz markatzen dutenak edo datiboaren ordez, absolutiboa hobesten dutenak. Txandakatze hauetako batzuk euskalkien araberakoak dira. Adibidez, zenbaitetan datiboa nagusitzen da mendebaldean (entzun dizut, lagunduko diguzu…) baina ekialdean absolutiboa (entzun zaitut, lagunduko gaituzu…). Beste batzuetan, berriz, mendebaldean inergatibo datiboduna (erg-dat egitura alegia) dugu (jarraituko diogu), baina ipar-ekialdean inakusatibo datibodunaren (abs-dat egitura) alde egingo dute (jarraikiko natzazio). Honako aditz hauek eskaintzen dizkigu txandakatze honen lekuko gisa: abisatu, deitu, entzun, eskertu, lagundu, segitu…

Beste txandakatze batzuk adieren araberakoak dirateke. Adibidez, begiratu, ‘norabait begiak zuzendu’ adierarekin datiboa nagusitzen da (edo adlatiboa): niri begiratu / hona begiratu. Aldiz, ‘babestu, zaindu’ adiera duenean, absolutiboa ageri da: zeure burua ondo begira ezazu. Predikatuaren adieraren araberako txandakatzea gertatzen da honako predikatuekin: begiratu, erreparatu, esetsi, jazarri, ukitu eta laga (Fernández & Ortiz de Urbina 2010: 131).

Txandakatze osoak ere badira. Hala deitzen diegu txandakatzea ezin egotzi zaionean ez euskalkiari ez aditzaren esanahiari. Hizkera batean zein bestean, eta adiera batean nahiz bestean txandakatzeko aukera ematen du nonbait gramatikak. Nolanahi ere, ez dakigu ziur txandakatze oso hau zer dela eta gertatzen den (ik. Fernández & Ortiz de Urbina 2010).

8.3.4 Genitiboa: [… -EN]

8.3.4.a Morfologia

mugatzailerik gabea zenbatzaileduna

{Bi/ hiru/ hamar… {lagunen, umeren, neskaren…}<[[[ +zehatza d]… ds] -EN gen]

{Noren/norbaiteni/inoren/ zeren/ zerbaiten / ezeren ... < [[[-zehatza d]… ds] -EN gen]

{zein/ edozein/ zenbat/ zenbait…} {mendiren/ nekeren...} < [[[-zehatza d] … ds] -EN gen]

{ardi, harri, idi…) askoren/ biren/ gutxiren/ ugariren… < [[[-zehatza d] … ds] -EN gen]

mugatzaileduna

[- plurala]

haur, hondartza, (txiki/ atsegin) -ari < [[...–ads]-EN gen]

baso (eder ...) {honek/ horrek/ hari < [[... {hon-e-/ horr-/ har-} ds] +EN gen]

eliza (ilun) {honexeri/ horrexeri/harexeri} < [[... {hone-xe- / horre-xe/ hare-xe ds]} -EN gen]

haur (polit) {beroni/ berorri/ berari} < [[... {beron-/ berorr-/ bera-} ds] -I dat]

niri/ hiri/ zuri < [[{ni / hi / zu }ds] -EN gen]

[+ plurala]

baldintza ( berri)ei... < [[...-ak ds] -I dat]

(zuen) bost (lagun)ei < [[...-ak ds] -I dat]

(auzoko) haurguztiei < [[...-ak ds] -I dat]

etxe (txiki) {hauei/horiei/ haiei...} < [[... {hauek / horiek / haiek} ds] -I dat]

testu (berri)i /eremu (zabal)oi ... < [[...-ok}ds] -I dat]

gu/ zuek < [[{gu/ zuek} DS] -Kerg]

egokitzapen morfofonologikoak

1. –…k + -I > eilagunei;zuei < batek; zeinek; honek; zuek; honek...) bok. + -i > bok+ r+i(hondartzari; elizari edozein umeri; guri…)

2.-a-a > -a (ikastola-a> ikastola; eliza-a> eliza); gauza-a> gauza)

3. -a-ak > -ak (enpresa-ak > enpresak)

4. -A-OK > -ok (ideia-ok> ideiok; ikastola-ok> ikastolok

Agerian forma bera izan arren, azpian osaera desberdina izan daiteke. Adibidez:

(124)
  • Bost gizonen zain nago.

  • a. (bost gizonen < [[bost gizon ds] -en gen])

  • b. (bost gizonen < [[bost gizon -ak DS] -en gen] )

Azaleko forma berak (bost gizonen) bi analisi onartzen ditu, mugagabea eta mugatu plurala, eta horrenbestez, bitara ulertzen dugu.

● Genitiboaren kokagunea

DS genitiboa, oro har, DS-aren ezkerretara kokatzen da, [… -ko] sintagma, edo perpaus erlatiboa bezalaxe:

(125)
  • a. [[Aitaren ds gen] etxea ds] defendituko dut.

  • b. [[[[Aitaren ds gen] lagunen ds gen] etxearen ds gen] ondoan AdpS] dago eliza.

  • c. [[Irakasleak eskatu didan] lana] ezingo dut amaitu.

● Pertsona-izenordainen eta bihurkarien forma berezia

Genitiboaren marka -en dela onartu badugu ere, pertsona izenordainek, batzuetan forma berezia erakusten dute:

Pertsona izenordainen genitiboa

nire / ene

hire

gure

zure

neure (nihauren, neronen)

heure (hihauren, herorren)

geure (gihauren, geuron)

zeure (zihauren, zerorren)

bere bere(n)

Izenordain bihurkariak ere genitiboaren marka erakusten du: [genitiboa + burua ds]. Hortaz, {neure / heure / bere / geure / zeure / zeuen /bere (n)} burua(k).

(126)
  • a. Geure buruaren kontra ari gara

  • b. Bere buruaz beste egin zuen.

  • c. Mikel bere etxean bizi da / Gure seme-alabak bere(n) etxeetan bizi dira.

8.3.4.b Funtzio sintaktikoa

● DS barneko subjektua edo osagarria

Sintagma genitiboa DS-ren barneko osagaia da, izenarekin lotura berezia duena. Izenaren osagarri edo adjunktu izan ohi da. Adibidez, zenbait izenek (aditzetik eratorritako izenkiek, esaterako: erosketa, eraikitze…) subjektuak eta osagarriak onartzen dituzte, genitiboan. Perpausean subjektu edo osagarri zereginetarako absolutiboa, datiboa eta ergatiboa aproposak diren bezala, genitiboa hauen parekoa da, DS mailan ere. Horrenbestez, AS mailan ez ezik DS mailan ere, subjektu eta osagarri erlazioak adierazteko lana genitiboaren bizkar uzten da. Hain zuzen egiturazko kasu edo kasu gramatikalak direla esateko arrazoi sendoenetako bat horixe da.

(127)
  • a. Aitaren etxea defendituko dut. (aitaren, subjektua)

  • b. Irakasle berriaren argazki bat erakutsi didate. (irakasle berriaren, subjektua edo osagarria)

  • c. Zure etorrerak biziki harritu ninduen. (zure, subjektua)

  • d. Etxe honen konponketa garesti atera da. (etxe honen, osagarria)

Osagarritzat hartu behar dira, halaber, honako genitibo hauen tankerakoak:

(128)
  • a. Ideologiaren kontzeptua landu behar da lehenbizi.

  • b. Ez zuen onartzen eusko-iberismoaren teoria.

● Adposizio askoren osagarria

Adposizio askok ere (aldean, arabera, baitan, barruan, ondoan..), genitiboa gobernatzen dute:

(129)
  • a. [Zure ondoan AdpS] pozik biziko nintzateke.

  • b. [Josebaren aldean AdpS] horrek asko daki.

  • c. [Gure izebaren arabera AdpS], neskek zailago dute aurrera egitea.

Honen arrazoia zein den argi dago. Izan ere, adposiziotzat ematen ditugun asko (kokapen) izenaren gainean eraikiak dira, berez, (ondo, arte, gain, alde, aurre, azpi ...). Horrenbestez, izen hauen osagarriak genitiboan joatea bidezko da.

Hainbat adposizio konplexu itsatsiren azpian ere genitiboa dugu: -engatik (<-en -ga -tik), -entzat (<-en -tzat), -ekin (< -en -kide-n? / -en -ki-n?), -engan (<-en -ga -n), etab.

Bila, zain, galde(zka), eske moduko predikatuen osagarria ere genitiboan joan ohi da:

(130)
  • Lan erosoago baten {bila/ zain/ eske…} dabil aspaldi.

● Perpaus jokatugabeko adizkiaren osagarria

Ekialdeko euskalkietan, [… -t(z)e-] gisako mendeko perpaus jokatugabeetan, osagarria ere genitiboan joan ohi da absolutiboan joan beharrean:

(131)
  • a. Disko baten erostera joan dira. (cf. disko bat erostera joan dira)

  • b. Gauzen behar bezala egitea oso garrantzizkoa da. (cf. gauzak behar bezala egitea)

Genitiboa aditz jokatugabeko perpausetan osagarria markatzeko bidea denez, komunztadurarik ez izan arren genitiboa egiturazko kasua dela aldarrikatzeko beste arrazoi bat da hau. Bestalde, bila ibili, zain egon eta beste bakarren batzuk aditz konplexutzat hartuz gero, genitiboa balizko aditz hauen osagarria izango litzateke oraingoan ere.

Hortaz absolutiboa, ergatiboa, datiboa eta genitiboa egiturazko kasutzat hartzea bidezkoa da.

● Predikatu osagarri, destinatiboaren kide

Genitiboa destinatiboa ere izan daiteke zenbait esapidetan:

(132)
  • a. Apezak azken hitza bere (= apezak azken hitza beretzat)

  • b. Kaka hire (= kaka hiretzat)

Kasu hauetan, jakina, ez gaude izen baten adjuntuaren aurrean, predikatu osagarritzat har daitekeen AdpS baten, edo agian zuzenago, AdjS baten aurrean baizik: apaizak azken hitza bere(a) du esango bagenu bezala. Hain zuzen, norbaitek diru bat beretzat hartzen duenean ere, uler daiteke ‘bere izateko asmotan hartu’ nahiz ‘bere(a) izango balitz bezala hartu’. Azken batean horixe da bere(tzat) horretan ezkutatzen den adiera. Dena dela, holako esapideak, ihartutzat edo har litezke, ez dira emankorrak

-(e)n, eratorpen atzizki

Genitiboa egiturazko kasu markatzat hartu dugun arren, eratorpen atzizki ere izan daiteke. Adibidez, zatikiak osatzeko baliatzen dugu, zenbatzaile numeral bati atxikirik: hamarren (1/10), heren (1/3), bosten (1/5), ehunen (1/100), milaren (1/1000), etab. Horrela osatutako zatikiak, izen kategoriakoak dira: [[ehun Zenb] -en I]. Horregatik, artikuluaz edo zenbatzaile sintagma batez lagundurik agertuko dira DS-ren barruan: [bi heren], [hamarrenak] ...

8.3.4.c Adiera

a) Maiz genitibo honi “edutezkoa” deitu izan zaio, posesiboa, alegia, jabetza adierazteko erabiltzen baita. Egia da maiz hori adierazten duela, (127a)n bezala, baina beste zerbait ere eman daiteke aditzera genitiboaren bidez: (127b)n, esaterako, jabegoa adieraz dezake, baina, normalean, perpaus horretan ez dugu ulertzen irakaslea argazkiaren jabea dela, argazkian agertzen dena baizik. Argazki horren egilea ere izan daiteke, noski. Hortaz, genitiboak adiera bat baino gehiago izan ditzake, laguntzen dion izena nolakoa den.

b) Honako hauetan ere, zail da jabegoa ikustea:

(133)
  • a. Erlatibitatearen teoria garrantzi handikoa da.

  • b. Gramatika Unibertsalaren ideia erakargarria da.

Genitiboak ez du inongo jabegorik adierazten. Izatekotan, ondoren datorren izenaren “edukia” edo adieraziko luke: teoriaren edukia erlatibitatea da, Gramatika Unibertsala ideia erakargarria den bezala.

c) Neurria

Neurria ere adieraz dezake genitiboak, honako honetan bezala:

(134)
  • Hogei euroren kafea (= hogei {eurotan / eurorekin} eros daitekeen kafea; hogei euro kafe)

Hemen, funtsean, zenbat kafe? galderaren erantzuna legoke. Hots: genitiboa neurri-sintagma bat dela esan genezake. Zenbat kafe? esateko, pisuaz edo bolumenaz baliatu beharrean (lau kilo kafe, hamar litro olio diogunean bezala), adibidez, prezioaz baliatzen ahal gara.

Bide batez, bost mila euroren kafea eta bost mila euroko kafea ez dira gauza bera. Lehenbizikoak diru kopuru jakin batekin zenbat kafe eros daitekeen adierazten duen bezala, bigarrenak kafeak zernolako prezioa duen adierazten du: batak zenbat kafe, nolabait, eta bigarrenak zein kafe, zer preziotako kafea adieraziko luke. Beraz, genitiboak neurria adieraziko luke eta neurri-sintagma bat litzateke, horrenbestez.

d) -t(z)earen vs -t(z)eko, zalantza iturri

Zenbait izenen osagarria ematerakoan ere zalantza izan dezakegu -t(z)earen eta –t(z)eko gisako osagarrien artean zein hautatu (Alberdi & I. Sarasola 2001: 89–101; Goenaga 2003). Oro har, delako izen horren “edukia” biltzen badu eta izenaren osagarritzat interpreta badaiteke, orduan -t(z)eko forma dugu ohikoena:

(135)
  • Bakailaua erosteko agindua eman didate. (*Bakailaua erostearen agindua ...)

Aginduaren osagarria bakailaua erostea bada (137) erabiliko dugu. Baina perpaus osagarri hori nolabait subjektu gisa interpreta badaiteke, orduan -t(z)earen forma erakutsiko duela dirudi:

(136)
  • Gauez gidatzearen arriskua da distantziak ongi ez neurtzea.

Baina -t(z)eko arriskua ere zilegi da beste testuinguru batzuetan. Orduan bestelako interpretazioa duela argi dago. Alderatu, bestela, (138) eta (139):

(137)
  • Gauez dabilenak zuloan erortzeko arriskua du (ez *zuloan erortzearen arriskua).

(137)an arriskua da zuloan erortzea. (136)an, aldiz, [gauez gidatzearen arriskua] sintagmaren azpian, ‘gauaz gidatzeak baditu arriskuak’ dugula pentsa genezake. Batean subjektu, bestean osagarri. Edo, argiago beharbada, gauez gidatzearen arriskuaz ari bagara, gauez gidatzetik arrriskua sortzen dela adierazten dugu. Aldiz, zuloan erortzeko arriskuaz hitz egiten dugunean zuloan erortzera garamatza arrisku horrek, jomugaz ari garela ere uler daiteke nolabait. Nolanahi ere, bi sintagmek adiera diferentea dute.

Hala ere, perpaus jokatugabeetatik kanpo, -en genitiboa da baliagarri, nonbait, ez hainbese, –ko:

(138)
  • a. Proposamen horren arriskua da gauzen garrantzia ongi ez neurtzea.

  • b. Gauez dabilenak horren arriskua du.

Beraz, perpausean absolutiboak, ergatiboak eta datiboak betetzen duten zeregin berbera bete dezake DS barnean […-en] genitiboak: horregatuk sartu ditugu denak ere egiturazko kasuen artean: genitiboa kasutzat hartu dugu (etxea, etxeak, etxeari, etxearen…). Aldiz, etxeko, etxerako… berriz, beste mota bateko sintagmatzat.12

DS genitiboaren ohiko eta berezko lekua DS-ren barrukoa da. Horrenbestez, ez du komunztadurazko loturarik inongo aditzekin, inoizko aditza izen bihurtua baitugu.