6. Determinatzailea eta determinatzaile sintagma
Editorea
Beatriz Fernández
Aipamena
Goenaga, Patxi. 2022. Determinatzailea eta determinatzaile sintagma. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
Laburpena
Perpausean, aditza inguratuz, izen sintagmak, adpsizio sintagmak, predikatu osagarriak eta perpausak izan daitezkeela esana dugu. Atal honetan, orain arte izen sintagmatzat hartzera ohituak gauden sintagmak bestelako egiturak direla aldarrikatuko dugu, Determinatzaile sintagmak, alegia. Determinatzailea buru baitute.
Lehenbizi saiatuko gara argudiatzen zergatik DS eta ez, ia oraintsu arte esan izan den bezala, IS soila. IS baino zerbait gehiago da DS: DS-ren barneko osagaia da IS. DS-ren ardatza edo burua D(eterminatzailea) dela onartuko dugu. Mota desberdinetako elementuek osatua dago determinatzaileen multzoa: artikulua, erakusleak, zenbatzaileak, izenordainak eta abar.
Determinatzaile honek ‘koroatzen’ du nolabait izenaren inguruan eraikitzen den sintagma hori, ohiko izen sintagma alegia. Erabat garatutako sintagma hau determinatzaile sintagmatzat hartuko dugu. Sintagma honen burua, ohiko eskemari jarraituz, determinatzailea da.
Atal honetan determinatzaileen multzo ugaria aurkeztuko dugu lehenbizi. Ondoren, Determinatzaile Sintagma bera aurkeztuko dugu, bere osotasunean. Hots: atal honetan, jadanik aurkeztuak ditugun osagaiei (izen sintagmari, adjektibo sintagmari eta zenbatzaile sintagmari), beste bat gehituko diegu: determinatzaile sintagma. Honen burua, determinatzailea izango da.
6.1 Izenezko sintagmak, aditzaren inguruko
Perpausean, aditzaren inguruan agertzen diren osagaien artean, “izenezkoak” ditugu ugarienak, izenaren inguruan eraikitzen direnak. Ohiko gramatiketan IS deitzen dira. Honako perpaus honetan, adibidez, holako hiru ditugu:
-
Tabernariak nork irakasleari nori txakolin berria zer eskaini dio.
Xehetasun handiegietan sartu gabe, honako itxura izango luke perpaus horrek:
Oraingoz XS deitura ezarri diegun hiru sintagma horiek lotura berezia dute eskaini dio adizkiarekin. Eskaini aditzak, duen esanahia duelako, hiru sintagma eskatzen ditu. Aditza predikatua bada, hiru sintagma hauek argumentu direla esaten ahal dugu. Perpaus hau, hortaz, predikatu batez eta honekin loturiko hiru argumentuez osatua dago: egile bat (tabernaria), txakolin eskaintza egiten duena, gaia (txakolin berria) zer eskaintzen den esaten diguna, eta eskaintzaren hartzailea (irakaslea) aditzera ematen duena, nolabait. Hiru argumentu horiek determinatzailea ‘gainean’ eramatea nahitaezko da, beren zeregina beteko badute, eta, horrenbestez, perpausa ere ongi osatua izango bada: tabernariak, irakasleari, txakolin berria eskaini dio.
Determinatzaileaz gainera, kasu marka bat ere hartzen dute osagai hauek. Faltako balira, (3) bezalako zerbait izango genuke:
-
*Tabernari irakasle txakolin berri eskaini dio.
Euskaldunak (3)ko hitz multzoa, beharbada, uler lezake, baina ongi daki esateko modu okerra dela. Determinatzailea eta kasu marka egokia behar dituzte sintagmok. Hots:
-
[Tabernari -a-k] [irakasle -a-ri] [txakolin berri -a-ø∅ eskaini dio.
Edozein euskaldunek badaki (3) ezgramatikala dela, aldiz, (4) gramatikala.
Bestalde, hiru sintagma horiek konplexuagoak izan daitezke, barnean osagai gehiago dituztenak. Adibidez: tabernari gazteak, atzoko irakasleei, Bakion egindako txakolin gorria, etab. Oraingoan ere, ohiko atalkatze prozedurak erabiliz, kasu markaz eta determinatzaileaz gainera, bestelako osagaiak aurki ditzakegu ‘izenezko sintagma’ deitu ditugun horien barnean:
-
a. tabernari gazteak = [tabernari I] + [gazte Adj [-a D] + [-k erg]
-
b. atzoko irakasleei = [atzoko PoS] [irakasle I] + [-e- D] + [-i dat]
-
c. Bakion egindako txakolina = [Bakion egindako Perpausa] [txakolin I] [gorri Adj [-a- D] + [-ø abs]
Izen kategoriako osagaiak erraz bereiziko ditugu: tabernari, irakasle eta txakolin izenak dira. Horregatik esan dezakegu sintagma hauek ‘izenezko’ direla, izenaren inguruan eratuak baitaude.
Holako izenak, bere kasa, ezin dira predikatuaren argumentu izan: tabernari hitz soil bat besterik ez da, hiztegian zerrendatua agertuko dena. Propietate bat da, ‘taberna dutenen’ multzoari dagokio nolabait, eta, adibidez, mediku hitzetik bereizten ahal dugu. Ez dagokio izaki jakin bati. Izaki jakin bati erreferentzia egiteko, tabernari edo mediku izenak zerbait gehiago behar du. Gutxienez, -a mugatzailea, edo hau, edo hura, adibidez. Erreferentzia zehaztu behar bada zer? galderaz gainera, zein? galderari ere erantzun behar diogu. Hori lortzen da, besteak beste, determinatzailearen eta zenbatzailearen bidez:
-
tabernari > tabernaria / tabernari hauek / Donostiako tabernariak / bost tabernari/ tabernari berriak / tabernari guztiak, etab.
Hiztunak erreferentzia zehaztu nahi badu, aipatu diren galdera horiei (zer?, zein?, zenbat?) erantzun beharra dauka. Horretarako, determinatzaile deitzen ditugun osagai horietaz baliatzen da batez ere. Katu hitzak, hiztegitik jasotzen dugunean ez du erreferenterik markatzen. Baina katua, katu bat, hamaika katu, munduko katu guztiak… erreferentzia dute eta, horrenbestez, perpausean, predikatuaren inguruan agertzeko gai dira: *katu hil dute esatea ezer ez esatea da, baina katua hil dute; katu guztiak hil dituzte…. balekoak dira.
6.2 Osagaien hurrenkeratik sintagmaren egiturara: Determinatzaile Sintagma
Funtsean honako taxu hau izan ohi du predikatu baten argumentu den sintagmak:
-
[... -ko / -en]* + [Zenb / Det1 ] + [Izena] + Adjektiboa* + Zenb/Det
Perpausak taxutzerakoan, osagaiak bata bestearen ondotik ezartzen ditugu, hurrenkera jakin batean. Hala ere, gauzen berri behar bezala eman nahi bada, (7)ko hurrenkera linealaz harago joan beharra dago. Osagai horiek elkarren segidan ez ezik, egituratuak ere bai baitaude. Hierarkikoki kateatuak daude, ez dira denak maila berekoak, menpekotasun erlazioak dituzte elkarren artean.
Gauzak horrela, aditzaren inguruko sintagma hauek berek ere osagaiak dituzte, hurrenkera jakin batean jarriak, baina hurrenkeraz gain, nolabait egituratuak ere badaude: ardatz bat izango dute eta ardatz honen inguruan bestelako osagaiak bilduko dira, hierarkia bat gordeaz. Goiko txakolin berria sintagmak agerian dituen hiru elementuek nolako hurrenkera duten argi dago:
-
[txakolin I] [berri Adj] [-a Det]
Baina hiru elementu horiek nola egituratuak dauden ez da begien bistakoa. Osagai horiek, adibidez, binaka elkartzen direla ontzat ematen bada, zalantza izan dezakegu, besteak beste, honako egitura hauen artean:
Badira arrazoiak, hala ere, (9b)ren alde egiteko (ik. Goenaga 1991). Arbola hori, ordea, osatu beharrekoa litzateke, adabegi bakoitzari dagokion labela egotziz. X’ teoriaren aldarrikapen nagusietako bat da sintagmak endozentrikoak direla. Hots: sintagmek buru bat dutela aldarrikatzen da eta buru horren ‘arrimuan’ eraikitzen direla sintagmak. Hots: burua ‘X’ bada, eraikitzen den egitura ‘X sintagma’ izango da: gure kasuan burua izen bat bada, edo aditz bat, sintagma hori Izen Sintagma izango da edo Aditz Sintagma. Horrenbestez, erantzun beharreko lehenbiziko galdera hau da: zein da egiatan goiko egitura horien ‘burua’? Ia oraintsu arte, izena zela esaten zen gramatiketan. Buru honek, inguruko sintagmekin batera, "izenezko" egitura bat osatzen zuela genioen, Izen Sintagma, alegia. Honen egitura honelako zerbait izan liteke:
Nondik “eseki” behar dira, ordea, berri adjektiboa eta -a mugatzailea? Buru baten inguruko sintagmak osagarriak izan daitezke edo, bestela, adjuntuak, ‘lagunak’. Adjektiboak ez dira osagarri izaten. Hortaz, adjuntutzat hartzen ahal dira. Mugatzailea, berriz, ez da ez osagarri ez adjuntu. Gauzak horrela, beste modu batera ere irudika zitekeen goiko sintagma horren egitura. Honela, adibidez:
Egitura honek, hala ere, baditu arazoak: izenak bere islapena baduela (IS) onartuta ere, islapen hau baino ‘gorago’ bestelako islapenak badirela ematen du. Badira arrazoiak, izan ere, egitura hauen ardatza izena bera ez, determinatzailea dela esateko eta, horrenbestez, lehen IS deitzen genuena IS baino gehiago dela pentsatzeko (cf. Abney 1987; Artiagoitia 2004). Hain zuzen, (8)-ko sintagma egiatan IS ez, baizik DS dela aldarrikatzen da gaur. Alegia, DS honen osagai bat izango litzateke IS, izena buru duen sintagma:
Ondoko lerroetan proposamena argudiatzen saiatuko gara.
6.2.1 DS hipotesiaren aldeko arrazoiak
Argudio asko eman izan dira ohiko ISk egiazki DSak direlako proposamenaren alde (Abney 1987; Artiagoitia 2004). Hemen arrazoi horietatik batzuk laburbiltzen saiatuko gara.
● Izen sintagma eta perpausa, antzeko egiturak
Abneyk (1987) azaltzen duenaren arabera, hizkuntza askotan izen sintagma deitzen diren horietan gertatzen diren komunztadura fenomenoak eta aditzaren inguruan gertatzen direnak oso antzekoak dira. Zenbait hizkuntzatan, Alaskako yup’ikeraz, esaterako, jabea adierazten duen sintagmaren eta jabeduna adierazten duenaren artean komunztadura gertatzen da, perpausean subjektuaren eta aditzaren artean gertatzen den bezalatsu. Horrela, hizkuntza horietan perpausaren eta izen sintagmaren egiturak nahiko paraleloak izango lirateke. Beraz, perpausean aditzaren islapen nagusiaren (AS) gainetik beste islapen bat, funtzionala, onartzen den bezala (INFLS), bidezkoa da, modu berean, IS-ren gainetik ere beste islapen funtzional bat onartzea Determinatzaile Sintagma, D eta Infl guztiz pareko kategoriak direnez.
● Argumentu izateko determinatzailea behar
Beste arrazoi batzuk ere badira. Hona hemen bat, funtsezkoa: perpausak osatzen ditugunean, [predikatua + argumentuak] gisako formulak eraikitzen ditugu. Argumentuak, egia da, izenen gainean eraikitzen direla, baina izenek bere kasa ez dute argumentu izateko gaitasunik. Izenek propietateak adierazten dituzte, zerbait deskribatzen dute. Adibidez, ardi izenak propietate bat adierazten du eta propietate jakin horrek multzo bat (ardiena) gainerako izakietatik (elefante, etxe, indar, gogo… modukoetatik, adibidez) bereizten du. Propietate hauek, determinatzaileak bitarteko eta determinatzaileei esker, izaki jakinei erreferitzeko moduan gertatzen dira: ardia, ardi hauek, ardi guztiak…, eta abar. Determinatzaileek propietateak adierazten dituzten kategoriak hautatzen dituzte eta, “propietate” soila litzatekeena gaindituz, beste egitura bati leku egiten diote. Hortaz, determinatzaileei esker, propietateak (izenak) entitate bilakatzen dira. Eta orain bai, determinatzailedun egitura hauek, entitateak adierazten baitituzte, argumentu izateko gai dira. Argumentua den sintagman burua determinatzailea izan behar da, ez izena.
Azken batean, predikatu batek bere argumentuei ezartzen dien oinarrizko eskakizun semantikoa entitateei erreferitzekoa da eta ezaugarri hau determinatzailearen ekarpena da, ez izenarena. Izenek beren klase bereko gainerako entitateetatik berezitakoak aipatzeko duten gaitasunean tarteko dira, ezinbestean, determinatzaileak (Lorenzo 1995: 19-21).
● Banaketa desberdintasunak
Artiagoitiak (2004), ildo honetatik, beste argudio batzuk ere ematen ditu. Har ditzagun kontuan honako sintagmok:
-
a. Artzain (gazte) hau
-
b. Hau
-
c. Artzain gazte
-
d. Artzain
-
e. Gazte
Ohiko analisian sintagma hauek denak IS kategoriakoak izango lirateke, eta denek jokabide sintaktiko bera izan beharko lukete. Hala ere, egiazki, ez dute jokabide bera eta horrek kategoria desberdinekoak direla onartzera garamatza. (13a) eta (13b)k alde batetik eta (13c)-(13e)k bestetik jokabide desberdina dute. Adibidez, hemen, eztabaidagai ditugun sintagma hauek testuinguru berean txertatzen saiatzen bagara, predikatu gisa, argi dago oraingoan perpausen gramatikaltasuna lehengoen alderantzizkoa dela:
-
a. [Artzain (gazte) hau IS] mendian ibili da.
-
b. [Hau IS] mendian ibili da.
-
c. *[ Artzain gazte IS] mendian ibili da.
-
d. *[Artzain IS] mendian ibili da.
-
e. *[Gazte IS ] mendian ibili da.
Jokabide desberdina badute, ezin izan kategoria bereko.
Gauza bera gertatzen da ondoko hauetan ere. Hemen, eztabaidagai ditugun sintagma hauek beste testuinguru batean txertatu ditugu, predikatu gisa, eta argi dago oraingoan perpausen gramatikaltasuna lehengoen alderantzizkoa dela:
-
a. *Jon [artzain (gazte) hau IS] joan zen Ameriketara.
-
b. *Jon [hau IS] joan zen Ameriketara
-
c. Jon [artzain gazte IS] joan zen Ameriketara
-
d. Jon [artzain IS] joan zen Ameriketara
-
e. Jon [gazte IS] joan zen Ameriketara
Jokabide desberdin honen berri oso ondo eman daiteke, onartzen badugu (13a) eta (13b)ko sintagmak, egiazki, ez direla IS, DS baizik. Aldiz, (13c) eta (13d), bai, IS. Eta (13e) ere bai, edo, behar bada, AdjS. Alegia, [I + DDS]-ren jokabidea (13a)-rena) eta [D DS] soilarena (17b)-rena alde batetik doa eta [I + Adj IS] edo [Adj AdjS] egiturena bestetik. Beraz, honek eskubidea ematen digu esateko lehenbizikoak DS direla eta beste hirurak IS.
● Determinatzaileak adierazten du numeroa
Determinatzailearen jokabidearen berri hobeki ematen da ardaztzat hartzen badugu. Adibidez, determinatzaileak erabakitzen du sintagmaren numeroa:
-
a. Ume ederrA; ume eder HAU [+sg]
b. Ume ederrAK; ume ederrOK; ume eder HAUEK [-sg]
Numeroa erabakitzeko gaitasun hori hobeto jasotzen du determinatzaile sintagmaren hipotesiak –hipotesi honetan, azken batean, determinatzailea burua delako, ohiko analisiak baino– hemen espezifikatzaile hutsa delako, eta espezifikatzaileak ez dira nahitaezkoak izaten (Artiagoitia 2004: 21).
Honako adibide honek ere ondorio berera eramango gintuzke:
-
Nire irakasle eta aspaldiko lagun {horrek/*horiek} esaten {duenez /*dutenez}...
Hemen, juntadura dugu: [nire irakasle eta aspaldiko lagun]. Baina determinatzaileak adierazten digu sintagma hori singular gisa ala plural gisa interpretatu behar den. Berdin dio bi izen izateak.
● Iragankortasuna
Bestalde, determinatzailea ardatza bada eta ardatz honen osagarria IS bada, oso ongi azal daiteke determinatzaile batzuek osagarri hori nahitaezkotzat izatea eta beste batzuek, berriz, aukeran izatea edo nahitaez osagarririk gabe agertzea. Azken batean, iragankortasunaren kasu bat besterik ez litzateke. Horrela, determinatzaileak iragankortasunaren arabera sailka daitezke:
a) mugatzaileak (-a, -ak, -ok, -ik) osagarria behar du nahitaez:
-
a. {Gizona, gizonak, gizonik ...} etorriz gero, agurtu nire partez.
-
b. {a, *ak, *-ok, *-ik} etorriz gero, agurtu nire partez.
b) erakusleek (hau, hori, hura, hauek, horiek, haiek...), aldiz, osagarriarekin nahiz osagarririk gabe agertzeko bidea irekia dute:
-
a. {Gizon hau, gizon horiek ...} etorriz gero, agurtu nire partez.
-
b. {hau, hori, hauek ...} etorriz gero, agurtu nire partez.
Datu hauek, determinatzaile sintagmaren hipotesia ontzat emanaz, azalpen egokia du: mugatzailea, osagarria behar duenez, iragankorra izango da. Erakusleak, bietara joka dezake.
c) Izenordainek eta izen bereziek bestelako jokabidea dute.
Pertsona izenordainak ere determinatzaile direla onartuz gero, arazorik ez. Aski da iragangaitzak direla pentsatzea:
-
Gu pozik joango gara./ *Gizon gu pozik joango gara.
Izen bereziek arazo gehiago dute, normalean ez baitute mugatzailerik onartzen. Baina kontuan hartzen badugu izen bereziak izaki jakinak aipatzeko erabiltzen ditugula, erreferentzia zehatza dutela alegia, pentsa liteke berez direla mugatuak, eta horrenbestez, mugatzailea ‘barnean’ edo dutela. Mugatzaile isila izango lukete, nolabait.
● Beste argudio bat: predikatuen azpikategorizazioa
Aditz batzuek (izendatu, ipini, ...) mugatzailerik gabeko sintagma bat eskatzen dute predikatu osagarri gisa:
-
Miren {[aholkulari IS] / *[aholkularia DS]} izendatu dute.
Beste batzuek, berriz, mugatzaile eta guztiko predikatu osagarria. Iruditu-k, izan-ek, eta abarrek:
-
Miren {*[aholkulari IS]} / [aholkularia DS]} } iruditzen zait.
Determinatzaile sintagmaren hipotesia onartuz, modu sinplean azalduko litzateke kontu hau: izendatu, ipini eta holakoak hiztegian [+/IS__] gisa markatuak egon litezke: alegia, izen sintagma kategoriako osagai baten ondoren joan beharrekoak direla.
Ostera, iruditu bezalakoek honako marka hau izango lukete: [+/DS__] (ik. Artiagoitia 2001).1
6.3 DS-ren egituraz
Horrenbestez, emandako arrazoiengatik, determinatzailea hartuko dugu sintagma hauen ardaztzat, eta, jakina, Determinatzaile Sintagma (= DS) ardatz horren islapen nagusitzat. Izen sintagma kategoria ere gordeko dugu, baina hau DS barneko sintagma izango litzateke: determinatzailearen islapena DS izango da, eta izenarena, berriz, IS. Hortaz, IS gauza bat izango da eta DS beste bat:
6.3.1 Egitura gehiago: zenbatasuna
Gorago esan dugu DS-etan, erreferentzia zehazteko orduan, zenbatasuna adieraztea beharrezko gertatzen dela, zein izakiz ari garen zehaztu nahi dugunean, zenbatez ari garen ere esan beharra baitago. Hori determinatzaileak berak adierazten ahal du: gizonA / gizonAK bereizketa argi dago. Baina zenbatzaile deitzen ditugunek ere (bost, dozena bat, asko, zenbait ...) berezkoa dute zenbatasun hori zehaztea (edo zehaztu gabe uztea).
Zenbatzaile hauetako batzuk ageriko determinatzailerik gabe agertzen zaizkigu:
-
Zenbat gizon? (*zenbat gizonak?) / hainbeste txotxolo (*hainbeste txotxoloak) bai horixe…
Beste batzuk, berriz, determinatzailearekin batera ere ager daitezke. Adibidez:
-
a. Bost gizon / bi anaia
-
b. Bost gizonak / bi anaiak
(22) bezalakoetan pentsa genezake zenbat eta hainbeste bezalako elementuak aurreko lerroetan determinatzailetzat eman ditugunen sailekoak direla. Eta egia da gramatiketan zalantza handiak izaten direla zenbait elementu sailkatzeko orduan. Esate baterako, zenbait, edozein eta beste holako batzuk zenbatzaile diren ala determinatzaile zehaztugabeak diren galde liteke. Hauek ez dute mugatzailerik (-a, -ak, hau, hauek ...) ametitzen. Horrenbestez, denak kategoria berekotzat, determinatzailetzat, emanez gero, ez genuke arazo handiegirik izango. Hitz ordena gorabehera, hauek denak DS arruntzat har genitzake:
Baina hau baldin bada egitura zuzena, zein izango da (25b)koena? Zenbatzaile batzuk, numeralak bereziki, mugatzailearekin batera ager daitezke, sintagmaren zehaztasun mailaren arabera. Horrenbestez, zenbatzaile hauek ere determinatzaile klasekoak badira, (25b)ko sintagma horietan bi determinatzaile izango genituzke, izenaren alde banatan, eta, beharbada, baita bi DS ere:
Gauza bat argi dago: mugatzaileaz gainera, batzuetan beste sintagma bat ere ager daitekeela DS deitzen dugun horren barnean. Zenbatzaile numeralekin hori gertatzen da:
-
Hamar {auto / autoak}; hiru {etxe / etxe hauek}
Badira beste elementu batzuk ere, zenbatzailetzat hartu ohi ditugunak eta, ezinbestean mugatzailez markaturik erabiltzen ditugunak. Horiek dira guzti, bakoitz, esate baterako:
-
a. Diru guztia gastatu du./ *diru guzti gastatu du.
-
b. Ikasle bakoitza arduratuko da. / *ikasle bakoitz arduratuko da.
Mugatzailerik onartzen ez dutenekin ez genuke arazo handiegirik izan behar determinatzaile kategoriakotzat emanda, determinatzaile bakarra izango baikenuke sintagman. Arazo bakarra kokagune desberdina izatea da, zeren batzuk izenaren eskuinera kokatzen dira (asko, gutxi, oro ...), eta beste batzuek (zenbait, hainbat ...), aldiz, izenaren ezker aldea hautatzen dute.
Dena dela, onartu beharra dago guztiak DS direla, denek baitute, barne osaera gorabehera, banaketa bera perpaus barnean:
Bestalde, neurri sintagmek ere, zenbat? galderari erantzuten diote:
-
a. Bost kilo sagar
-
b. Kolkoa bete diru
Oraingoan ere ez ditugu bi determinatzaile, zenbatzaile lana egiten duten sintagmak baizik.
Hizkuntzalariak ez datoz bat zenbatzailedun sintagma hauen egitura zein den erabakitzeko orduan. Batzuek diote zenbatzaileak izenaren modifikatzaileak direla (Szabolscsi 1987; Abney 1987). Beste batzuen ustez, zenbatzaileak izenaren adjunktu dira (Sportiche 1988). Eta bada dioenik zenbatzaileak berak direla sintagma osoaren buru, alegia DS-ren gainetik egongo litzatekeela (Cardinaletti & Giusti 2006; Shlonsky 1991).
Analisi hauetaz gainera, DS-aren eta IS-ren tartean beste kategoria funtzional batzuk ere proposatu izan dira (Ritter 1991). DS-ren barnean NumS bat egongo litzateke, D-ren osagarri gisa. Honek emango luke aditzera izen sintagma singularra ala plurala den.
Arazoa, hortaz, da, itxuraz bi determinatzaile (edo determinatzaile bat eta zenbatzaile bat) dituzten DS hauei nolako egitura dagokien jakitea. Aurreko lerroetan proposatu dugun baino egitura aberatsagoa behar dugula dirudi, zenbatzaileaz eta determinatzaileaz osatutako sintagmen berri eman nahi badugu.
Hizkuntzalariek D-ren eta IS-ren artean beste gune bat sortzeko premiaz hitz egin dute. Euskararen kasuan, Artiagoitiak (2002 eta 2004) bitarteko egitura hori proposatzen du sintagma mugatuen interpretazio existentzialaren berri emateko eta, bide batez, zenbatzaileei leku egin ahal izateko.
6.4 Determinatzaile motak
Hiru multzotan sailkatuko ditugu determinatzaileak: 1) mugatzaileak; 2) (pertsona) izenordainak, eta 3) determinatzaile zehaztugabeak.
Zenbatzaileak ere sail honetan sar genitzakeen, baina hauek beste kategoria batekotzat hartzea zilegi ikusi dugu (ik. Artiagoitia 2004). Hain zuzen, zenbait zenbatzaile mugatzaile deitu ditugunekin batera ager daitezke. Beste zenbait, aldiz, ez. Gertakizunen berri emateko orduan, bi kategoria desberdin direla onartzeak gauzak erraztu egiten dituela uste dugu. Horregatik, zenbatzaileak aparte tratatu beharrekoak dira eta kapitulua oso-osorik eskainiko diegu zenbatzaileari eta honen islapen den zenbatzaile sintagmari.
6.4.1 Mugatzaileak
Mugatzaileen multzoa artikuluek eta erakusleek osatzen dute. Bat eta batzuk bezalako elementuekin ez da erraz jakiten zer egin. Hauek, jatorriz, zenbatzaileak dira, baina gaurko euskaraz nolabaiteko artikulu zehaztugabetzat ere har daitezke.
artikulua | +mugatua | -mugatua | |||||
---|---|---|---|---|---|---|---|
-plural | +plural | ‘partitiboa’ | |||||
-a | -ak/-ok | -ik | |||||
erakuslea | I | II | III | I | II | III | |
hau [+arr] hauxe [+int] berau [+aip] |
hori [+arr] horixe [+int] berori [+aip] |
hura [+arr] huraxe [+int] bera [+aip] |
hauek [+arr] hauexek [+int] berauek [+aip] |
horiek [+arr] horiexek [+int] beroriek [+aip] |
haiek [+arr] haiexek [+int] berak/beraiek [+aip] |
||
zehaztugabea | bat | batzuk |
● Artikulua
Artikulua dugu mugatzaileetan ohikoena eta erabiliena:
-
a. Lehengo eguneko gizonA ikusi dut.
-
b. Gizon lasaiA zen Joseba.
-
c. Konpota egiteko sagarrAK behar dira.
Adibide hauetan ageri diren -a eta -ak elementuak artikuluak dira.
● Artikulua, elementu itsatsia
Artikulua (-a, -ak, -ok, -ik) elementu itsatsia da, enklitikoa. Beraz, beti izen sintagma bat eraman behar du atxikia, biek batera hitz bukaera osatzen dutela:
-
a. {Gizona / *-a} etorri da.
-
b. {Atzokoak /*-ak} asko gustatu zitzaizkidan.
-
c. {Euskaldunok / *-ok} badugu zer ikasia.
-
d. {Ezagunik / *-ik} aurkitu al duzu?
Erakuslearekin alderatuz gero, nabarmena gertatzen da aldea:
-
e. {Gizon hura / hura }etorri da.
Hortaz, izen sintagma determinatzailearen osagarria dela onartuz, artikuluak osagarria eskatzen du nahi eta ez.
● Artikuluaren beharra
Izen batek, berez, ez du erreferenterik, hitzak berak adierazten duen izaki-multzoa bera ez bada, baina inola ere ez izaki jakin bat. Hizketan ari garenean, izenak erabiltzen ditugu, besteak beste, baina izaki jakin batzuei erreferentzia egin behar izaten diegunez, mugatzailearen laguntza beharrezkoa dugu. Artikuluak izen sintagmaren erreferentzia zehazten laguntzen digu:
-
a. EtxeA ikusi dut / EtxeAK ikusi ditut / *Etxe ikusi dut.
-
b. Nobela berriAK arrakasta izan du / *Nobela berrik arrakasta izan du.
Euskaraz, beste hizkuntza batzuekin alderatuz, artikuluaren premia handiagoa dela ematen du. Adibidez, “nola esaten zaio euskaraz honi?” bezalako galderari, honela erantzuten diogu: titarea, pendiza, betaurrekoak, egunkaria, etab. beti artikuluarekin. Eta ez: *titare, *pendiz, *betaurreko, *egunkari, nahiz eta hauek izan, berez, hitzoi dagozkien hiztegi-sarrerak. Gaztelaniaz, bai: dedal, pendiente, diario... soil-soil erabiltzen dira. Euskaraz ez. Adjektiboekin ere gauza bera: “Nola esaten da euskaraz “negro”?, adibidez. Erantzuna, zalantzarik gabe, “beltza” izango da, artikulu eta guzti.
Baina izenak eta adjektiboak aipatzerakoan ez ezik, beste hizkuntza batzuetan artikulurik behar ez den edo artikulu mugagabea erakusten duten hainbat sintagmatan euskarak -a/-ak artikulua jartzea eskatzen du:
-
a. Ardoa edaten dut. (generikoa denean)
-
b. Arkakusoak daude gela honetan. (perpaus existentzialen subjektuetan)
-
c. Euskalduna naiz. / Pello apaiza da. (predikatu osagarrietan)
-
d. Egun on, jaun andreok. / Bai, jauna. (bokatiboetan, maiz)
● Singularra eta plurala
DS-etan erreferentea singularra ala plurala den adierazteko, mugatzailea lagun izango dugu. Pluraltasuna -k markaz adierazten da. Sintagma kasu marka edo postposizioarekin ageri denean, sintagmaren azken partean gertatzen diren aldaketa morfofonologikoei esker, plural marka hori -e- izango da:
-
a. gizona ([-plur]) / gizonak ([+plur])
-
b. gizonaren ([-plur]) / gizonen ([+plur])
Pluralean ageri den -e- hori azpian dauden morfemen baturaren ondorio da. Arau morfofonologikoen ondorio. Gutxi gorabehera:
-
a. gizon + a + g + -en > gizonagen > gizonaen > gizonen
-
b. liburu + a + g + -i > liburuagi > liburuai > liburuei
Izen sintagmari -a artikulua eransten zaio lehenbizi, gero plural marka (-g- edo -k)2. Hau determinatzaile sintagma dugu: gizonag-. Honi datiboaren edo genitiboaren marka eransten diogunean, gizonagen forma izango genuke (<gizon-ag-en) eta honi zenbait arau morfofonologiko erantsiz (gizonagen > gizonaen > gizonen), ‘benetako’ forma lortzen da: gizonen, liburuei, eta abar.
● Plural hurbila
Artikuluak, pluralean, bi forma ditu: -ak eta -ok (ikus hala ere Altube 1934: 45-49). Artikulua erakusletik sortua bada, pentsa dezakegu -ak/-ok oposizio hau erakusleetan gertatzen den bera dela: sagar hau/hori vs sagarrok eta sagarra/sagar hura vs sagarrak. Nolanahi ere, artikulu hau hurbiltasuna markatzeko baliatzen dugu. Horregatik deitzen zaie, hain zuzen, plural hurbila holakoei: solaskideekin (ni, gu, zu, zuek) zerikusia dutenei erreferentzia egiteko erabiltzen da, bokatibo direlakoetan, adibidez:
-
a. Adiskideok, ongi etorri jaialdi honetara.
-
b. Herritarrok ez dugu izan horren berri ia oraintsu arte.
(63b)n ulertzen da hiztuna bera ere herritarren multzo horretan sartua dagoela. Artikulu hurbila horregatik erabiltzen dugu.
● Bat eta batzuk, artikulu zehaztugabe
Bat, berez, zenbatzailea litzateke, baina artikulu zehaztugabetzat ere har litekeela dirudi, zenbaitetan behintzat. Ezagun/ez-ezagun oposizioa adierazteko bidea eskaintzen digu, esaterako, bat-en erabilerak:
-
a. Gizon bat dator. ≠ b. Gizona dator.
Hala ere, (37)ko gizon bat eta gizona, biak, baliokidetzat ezin harturik ere ez dago, kasu askotan. Gizona dator esaten badut, ez da nahitaez gizon ezaguna edo aldez aurretik aipatua izan dena. Izan daiteke, zehaztu gabeko gizon bat, besterik gabe. Beraz, (39a) eta (39b) baliokide izango lirateke. Baina erreferente bat baino gehiago izan daitekeenean, bat-ez baliatzea nahitaezko izan liteke zehazgabetasuna adierazteko, hain zuzen:
-
a. Zigarroa eraman zuen ahora.
-
b. Harri koxkor bat eraman zuen ahora.
(40a)n zigarro bat bitxi gertatuko litzateke, baina (40b)n harri koskor bat ez. Agian bitxiago gertatuko litzatekeena, testuinguru honetan, ‘harri koxkorra eraman zuen ahora’ izango litzateke.
Modu berean, ez dira gauza bera honako hauek ere:
-
a. Gure laguna berandu iritsi zen.
b. Gure lagun bat berandu iritsi zen.
(39b)ko [gure lagun bat] sintagman ‘gure lagunetarik bat’ esaten da eta, horrenbestez, bat artikulua baino areago ohiko zenbatzailea izango da.
Izen zenbakaitzekin ere, esamolde jakin batzuetan, bat erabiliko dugu:
-
a. Haize bat egiten zuen, izugarria.
-
b. Haize izugarria egiten zuen (?Haize izugarri bat egiten zuen)
Predikatu osagarrietan, [Adj + -a] erabiltzea gomendagarriagoa da [Adj + bat] baino, erdara gorabehera:
-
Txirrita gizon lodikotea zen. (Txirrita gizon lodikote bat zen.)
Gainera, beharbada, artikuludunak eta artikulugabeak adieraz desberdina izan dezakete:
-
Txirrita bertsolaria zen / Txirrita bertsolari bat zen.
Istorioak kontatzean ere, bat-ez baliatuko gara aurkezpenak egiterakoan (EGLU I, 181):
-
Behin batean, ba omen zen printze bat, gaztelu eder batean bizi zena.
Eta, funtsean, gauza bera gertatzen da batzuk-ekin ere. Hau ez dugu sartu zenbatzaileen zerrendetan, gramatika askotan egiten denaren kontra. Egokiago iruditu zaigu mugatzaileen sailean kokatzea, bat mugatzailearekin batera. Arestian esan dugun bezala, bat zenbatzaile zehatza izan daiteke, bi, hiru eta abar bezala, baina baita mugatzailea ere, -a bezala. Batzuk eta bat mugatzaile zehaztugabeen sailekoak izango lirateke. Horrela, gainera, [liburu gutxi batzuk] bezalako sintagmek (ik. Artiagoitia 2000) konponbide erraza izan lezakete. Gutxi eta batzuk, biak zenbatzaile izanez gero, zail egiten da azaltzea nolatan agertzen diren bi zenbatzaile batera sintagma berean. Bi aukera ditugu, edo gutxi adjektibotzat hartu –eta honetarako argudioak ere badira–, edo, bestela, batzuk mugatzailea dela esan. Hirugarren aukera ere izan liteke: gutxi batzuk, dena batera, zenbatzailetzat hartzea, apur bat, pittin bat... bezala. Kasu honetan ihartutako osagai bat izango litzateke. Izan ere, ez du konbinazio gehiagotarako aukerarik ematen: *liburu asko batzuk, *liburu gutxi zenbait... Bide hau zuzena izanez gero, oso-osorik jaso beharko litzateke hiztegietan.
6.4.2 Partitiboa (-IK), artikulu
Ohikoa da gure gramatiketan partitibo deitura duena ere kasu sisteman sartzea. Baina egiazki, -ik atzizkia daraman DS eta absolutiboa banaketa osagarrian agertzen dira, bata bestearen ordez, nolabait:
-
a. Ez dut lagunik agurtu nahi (cf. Lagunak agurtu nahi ditut.)
-
b. Ardorik edaten al duzu? (cf. Otorduetan ardoa edaten dut.)
Baina
-
Lagunek deitu diote. (cf. *Lagunik ez dio deitu.)
Bestalde, ezezko polaritateko gainerako elementuekin parekatzen da partitiboa, inor, ezer eta holakoekin, eta hauek, dirudienez, determinatzailetzat hartzeko argudioak badira:
-
{Inor/ ezer/ txakurrik …} ikusi al duzu?
Arrazoi honengatik, mugatzailerik ezin diegu gehitu. Beraz, partitiboa kasu marka baino gehiago determinatzailea dela esan liteke. Eta DS partitiboak izango duen kasu marka ez da izango absolutiboarena besterik, markarik ez alegia, edo Ø marka.
-ik atzizki hori postposizioa ere izan daiteke, ablatiboa:
-
a. Nor da zuetarik ausartena?
-
b. Liburu guztietarik bat aukeratu behar duzu.
Hemengo postposizio hau eta gorago partitibotzat eman duguna ez dirudi sail berekoak direnik, gaurko euskaraz behintzat, nahiz eta jatorri berekoak direla onartu.
Partitiboa -ik dugu. Izen sintagma bokalez amaitzen bada, -r- kontsonante bat tartekatu behar da: bokala + -ik ➔ bokala + -r- + -ik. Beraz, ohiko arauari jarraitzen dio, alegia, sintagmaren azkenean, bi bokal elkarren segidan gertatzen direnean, -r- kontsonantea tartekatzen dugu:
-
a. [ [ogi IS] + -ik] > ogi-r-ik > ogirik
-
b. [ [liburu on IS] + -ik] > liburu onik
Baina jatorriz, badirudi postposizioa zela. ‘Gizonik gorrotagarriena’, edo ‘haur horietarik zein?’ esaten dugunean, atzizki horren jatorrizko balioaren aurrean gaude. Partitiboa deitu izan zaio eta de Rijk-ek (2008: 289) dioenez, ablatiboa edo zen, gure gaurko -tik postposizioaren pareko. Dena dela, gaur egungo euskaraz postposizio gisa duen erabilera aski mugatua da. Izan ere, sintagma mugatzailerik gabekoetan edo adberbio ihartu gisa lan egiten duela ematen du: etxerik etxe, mendirik mendi bezalakoetan alde batetik, eta kuantifikazioaren esparruan, bestetik: superlatiboarekin (gizonik jakintsuena bezalakoetan ageri dena) edo asko, gutxi eta holako zenbatzaileekin batera (eskerrik asko, gauza berririk gutxi). Baita kuantifikatzaile esistentzialekin ere (‘ezer onik ez du gizon horrek’, modukoetan).3
Hala ere, badira arrazoiak partitiboa gehienetan determinatzailetzat hartzeko eta ez, postposiziotzat (ablatibotzat, alegia). Argudio nagusia da ezin zaiola ohiko DS-ri erantsi:
-
[[gizon handia DS] -ik] > *gizon handiarik
Ez zaie eransten pertsona izenordainei ere:
-
*Gurik ez da etorri. (cf. gu-ri; gu-re; ...)
Zenbatzailedun sintagmei ere ez:
-
*Bost gizonik ez d(ir)a etorri. (cf. bost gizon-i; bost gizon-en; ...)
Ez eta determinatzaile zehaztugabea duen sintagmari ere:
-
*Zenbait liburu onik ez dago hemen.
Mugatzaileekin duen konponezin honek partitiboa determinatzailetzat hartzera garamatza, hortaz. Hala bada, ongi esplikatuko litzateke gainerako mugatzaileekin batera ezin agertua. Azkuek (1923: 271) halakotzat hartu zuen –artículo abstracto deitu zuen–.
Baina, bestalde, lan honetan zenbatzailetzat eman ditugunen artean sartu ditugun asko eta nahiko hitzak partitiboarekin ager daitezke:
-
a. Horrek ez du diru askorik emango.
-
b. Ez du pazientzia nahikorik lan hori egiteko.
Beharbada, honek esan nahi du hauek ere ez direla zenbatzaile peto-petoak.
Izen bereziak ere ager daitezke partitiboarekin:
-
– Ikusi al duzu Itziar?
– Ez dugu hemen Itziarrik ikusi / Ez dugu hemen Itziar ikusi4
Hain zuzen, izen bereziek zenbait testuingurutan onartzen dituzte mugatzaileak:
-
Zertan pentsatzen ari ote da Itziar hau?
Hortaz, partitiboa kasu marka baino areago determinatzaile dela esatea bidezkoago dirudi.
Hala ere, determinatzaile berezia da -IK partitiboa, ez baitu onartzen absolutiboa ez den kasu markarik. Beti absolutiboaren pareko bezala agertzen zaigu:
-
*Gizonik-ek ez du hitz egin. / Ezein gizonek ez du hitz egin.
● Partitiboaren ezezko polaritatea
Lehenbizikoz, Oihenartek negativus deitura erabili zuen delako partitibo honentzat. Ezezko polaritatea duen elementua da mugatzaile hau, beste determinatzaile edo adberbio batzuk bezalaxe (inor, ezer, inon, inola, eta abar).
Polaritatea gramatika fenomeno bat da, komunztadura kasu bat: zenbait hitz ezin dira edozein testuingurutan agertu, testuinguru jakin batzuetan baizik. Hortaz, hauek agertzea zilegi egiten duen elementuren bat behar dute inguruan. Hain zuzen, agerpen mugatua duten elementu horiek polaritate hitzak deitzen dira, eta hauen agerpena zilegi egiten dutenak, berriz, polaritate-eragileak. Ezeztapena, adibidez, polaritate eragilea da eta honek zilegi egiten du, adibidez, inor, ezer edo partitiboa agertzea. Ezezko perpausetan, galderazkoetan, baldintzazkoetan, eta holakoetan agertzen dira:
-
a. Ez du lagunik aurkitu. / *Lagunik aurkitu du. (cf. Ez ditu lagunak aurkitu / Ez du laguna aurkitu.)
-
b. Lagunik aurkitu al duzu? (cf. Lagunak aurkitu al dituzu? / Laguna aurkitu al duzu?)
-
c. Lagunik behar baldin baduzu, hemen nauzu. (cf. Lagunak behar baldin badituzu, hemen gaituzu/ Laguna behar baldin baduzu, hemen nauzu)
Partitiboei sintagma mugatuak (lagunak/laguna) jar dakizkieke parean. (59b) eta (59c)n bezala. Interpretazioan ere ez da alde handirik. Nolanahi ere, sintagma mugatuek, alde honetatik, anbiguetate punttu bat dute, -ik mugatzailea duenak ez du inongo zalantzarik: erabateko mugagabetasuna adierazten du.
Konparatiboek ere badute ezezkako perpausekin zerikusirik. Horrela ulertu behar da zenbaitetan konparatiboetan partitiboa erabiltzea:
-
(Inongo) pastelik eskaini baino lehen, galdetu ea diabetikorik baden mahaian.
Inor, ezer eta holakoak eta partitiboa maiz agertuko dira aposizioan edo:
-
a. Ezer txarrik ez du egin.
-
b. Ba al daukazu inor ezagunik udaletxean?
Gabe postposizioarekin ere, ezezko balioa duenez, -ik agertuko zaigu maiz:
-
Karterarik gabe atera naiz etxetik. (cf. ezer gabe atera naiz etxetik)
Hala ere, postposizio honen osagarri izan daiteke sintagma mugatua:
-
a. Liburu hori gabe, ez etorri hurrengoan!
-
b. Libururik gabe, ez etorri bilerara!
Jakina, (63a) eta (63b) desberdinak dira adieraz: lehenbizikoan liburu jakin bat ekartzeko eskatzen da. Bigarrenean, aldiz, libururen bat ekartzeko agindua ematen da besterik gabe.
Partitiboak testuinguru berezietan du bere leku aproposa. Ezezko polaritatea duenez, ezezko, galderazko, baldintzazko eta holako testuinguruetan erabil daiteke. Testuinguru hauetan ezeztapen-eragile bat izango dugu (ez, gabe, galdera, konparazioa...) eta eragile honen eta ezezko polaritateko elementuaren artean halako lotura bat gertatzen da.
● Partitiboa baiezko testuinguruetan
Baiezko perpausetan ere erabil daiteke partitiboa, balio enfatikoa duela:
-
Bazen neska eta mutil ederrik jaialdi hartan.
Honen ordez, ‘baziren neska eta mutil ederrak’ esango litzateke normalean. Esanahia ez dirudi oso diferentea denik.
● Partitiboa zenbatzaileekin batera
Dena dela, (64)ren parean, badira zenbatzailedun ordainak:
-
Bazen neska eta mutil ederrik franko jaialdi hartan.
Holakoak ohikoagoak dira (64)koa baino.
Gorago esan dugu partitiboaren marka ezin ezar dakiokeela zenbatzaile numerala edo ageriko mugatzailea duen sintagma bati. Baina horrek ez du esan nahi partitiboaren ondoren beste zenbatzaile bat ezin etor daitekeenik. asko eta franko dira horietako bi:
-
a. Eskerrik asko!
-
b. Mendirik franko baduzu han.
Horrelakoetan ikusten da argien sintagma hauen “partitibotasuna”: dirurik asko esatea, dirutik asko edo esatea bezalatsu da, hots: diru masa horretatik asko. Baina esapidearen enfatikotasuna ere agerian jartzen da. Zenbatzaileak zerbaitegatik daude hor. Dena dela, holakoek garai batean erabilera zabala bazuten ere gaur ia-ia iharturik daudela pentsa liteke. Hori da de Rijk-en (2008: 291) iritzia.
Batere zenbatzailea ezezko polaritateko elementua da eta partitiboarekin batera erabiltzea oso arrunta gertatzen da:
-
a. Ez neukan batere gogorik mendira joateko.
-
b. Urik batere ez zen gelditzen putzuan.
Batere hau partitiboaren eskuin aldean koka daiteke edo ezkerrean.
● Partitiboa superlatiboarekin
Superlatiboetan ere partitiboa aurki daiteke:
-
Lumarik ederrena galdu du eperrak.
Kasu honetan -tik postposizioa (ablatiboa) ere erabil daiteke eta, horrenbestez, zenbatzaile, mugatzaile eta guztikoa izan daiteke sintagma hori:
-
a. Lumarik ederrena
-
b.{Luma guztietarik/Bi luma hauetarik/Eperrak zituen lumetatik} ederrena
Horregatik, ulertzekoa da -ik-en inguruko eztabaida, ea mugatzailea den ala kasu marka edo postposizioa. Determinatzailetzat hartu dugun partitibo honen jatorrian -rik ablatiboa dagoela pentsa liteke, baina gaur egungo euskaran etxerik ez dago eta etxe hauetarik zein duzu gustukoena diogunean bi atzizki ditugula onartzeko arazorik ez da: lehenbizikoan determinatzailea izango da, bigarrenean, postposizioa.
● Partitiboa predikatu osagarri?
Partitiboak, mugagabea delako beharbada, ez du izen predikatuaren lekua hartzen ahal:
-
*Gizon hori oso langilerik da.
Hala ere, beste izenordain zehaztugabeak (inor, ezer... ) agertzen ahal dira arazo handirik gabe:
-
a. Zu ez zara inor hori esateko.
-
b. Zuri gertatutakoa ez da ezer.
Egitura beraren subjektu gunean ere ez da partitiborik agertuko, perpausa ezezka emana izanda ere:
-
*Gizonik ez da langilea.
Baina beste hau zilegi da, orain ere:
-
{Ezer / inor} ez da ezinbestekoa.
Gertaera hauen arrazoia zein den jakitea ez da erraza. Nolanahi ere, arrazoi beragatik, seguru asko, perpaus osagarriek erakusten duten partitibo marka ere, -(e)nik ezin da izen predikatuzko perpaus baten subjektu izan:
-
*Ez da egia Napoleon etorri denik. / Ez da egia Napoleon etorri dela.
● IK atzizkia, adberbio sortzaile
-ik atzizkiak balio du zenbait adberbio sortzeko ere: bakarrik, beharrik, bizirik, gazterik, isilik, ondoezik, pozik eta abar.
Zeregin bera betetzen du -ik atzizki honek partizipioari itsatsirik erabiltzen dugunean ere: galdurik, erosirik, eroturik, esanik, lagundurik, txunditurik eta abar.
Oraingo -ik hau ezin da mugatzaile izan, bestelako atzizki bat baizik, postposizioa, ablatiboa, seguruenik, honako esapide hauetan bezala:
-
Etxerik etxe dabiltza diru biltzen.
Bizkaieraz erabiltzen den ordurik hona, egun birik behin bezalakoetan ere -(r)ik ablatiboa dugu, -etarik forma bezalaxe. Gauza bera harik eta ... arte esamoldean ageri den harik hori. Ihartuta dago, baina jatorriz, erakusle bat dugu azpian: har-ik. Eta kasu honetan ablatiboa dugula ikusteko aski dugu esamolde osoari begiratzea: hemendik aurrera diogun bezalaxe, harik eta zu etorri arte daukagu.
6.4.3 Erakusleak
Erakusleak ez dira morfema atxikiak eta bere kasa ere ager daitezke, inolako izenik ez daramala, osagarririk gabe, alegia. Honek esan nahi du izen sintagma bati loturik joan daitekeela eta baita libre ere, bera bakarrik, alegia:
-
a. [[Gizon IS] hura DS] etorri zen. / [hura DS] etorri zen.
-
b. [[Atzoko pastel IS] haiek DS] kalte egin zidaten. / [haiek DS] kalte egin zidaten.
Kasu honetan, esan beharko da erakusleek batera nahiz bestera lan egin dezaketela, batzuetan osagarriarekin, beste batzuetan gabe. Osagarriarekin agertzen dena adjektibo erakuslea dela esaten zen lehengo gramatika batzuetan.5 Eta osagarririk gabe, aske, agertzen denean, berriz, izenordaintzat hartzen zen. Hemen erakusleak determinatzaileak direla onartuko dugu, eta horrenbestez, determinatzaile sintagmaren ardatz. Baina bi taxu desberdin izango ditugu: batean determinatzaileak ez du osagarririk izango (alegia, iragangaitza izango da). Bestean, bai, iragankorra izango da. Horrenbestez:
(76a)n determinatzaileak osagarria du ([gizon IS] eta [atzoko pastel IS]). Beraz, iragankorra da. (76b)n, aldiz, ez du inolako osagarririk, bakarrik ageri da. Erakusle iragangaitza dela esan genezake.
● Hurbiltasun mailak
Erakusleek funtzio deiktikoa dute, hots, funtzio seinalatzailea. Hiztunak hitz egiteko momentuan gertatzen da deixi hau. Seinalatze edo erakuste hori espazioan eta denboran gerta daiteke. Hiztunak pilota hau hartuko dut esaten badu, zerbait seinalatzen du espazioan (denda batean, pilotaz betetako otarren artean esaterako). Solaskideak edo hiztunaren inguruan daudenek ere, ikusi egiten dute pilota edo, beharbada, hiztunaren atzamarra, eta badakite zein den erreferentea. Ilunetan bageunde, berriz, ezingo genuke erakusten zaiguna ikusi eta, horrenbestez, seinalatzea ere alperrik izango litzateke. Bestalde, hitz egiteko unean beste une batean erabilitako erakusleak ez du balio. Adibidez, goiko esaldi hori aspaldikoa bada, ezin dugu esan pilota hau hartuko duela esan zuen baizik pilota hura hartuko zuela esan zuen. Eta pilota hau hartuko zuela esan du esan daiteke, baina pilota hau osagaiaren erreferentea momentuko hizketari dagokio.
Baina espazioan ez ezik, bestelako testuinguru batean ere gerta liteke seinalatze hori. Adibidez, duela gutxi aipatu bada pertsona bat eta orain berriro hari erreferentzia egin nahi bazaio, hau erakuslea erabiliko da. Hori aspaldixko gertatua bada, beharbada beste erakusle bat erabiliko dugu:
-
a. Emakume bat ur eske etorri zen, eta Jesusek esan zion: edaten indazu. Samariar emakume honek erantzun zion. “ Nola zu (...) ur-eske zagozkit?” (Lardizabal)
-
b. Ez zaigu falta ez urritasunik ezta ere, hau hori bezain nabarmen ez bada ere, gehiegizko aberastasunik. (MEIG, Hizkuntzalaritzaz II, 29)
Jakina, aipatzen dena ez da zertan pertsona izan: erakusleak, anaforiko gisa lan egin dezakeenez, lehenxeago esandako edo gertatutako zerbait biltzen ahal du:
-
Poltsarik gabe atera zen etxetik. Honek gauzak zailago egingo zizkiola bazekien.
Honek sintagmak beregan biltzen du aurreko perpausa. Alegia, honek = etxetik poltsarik gabe ateratzeak. (77b)ko hau eta hori erakusleen errefentea zein den asmatzen zailago da. Badirudi hau erakusleak ondoren datorrenari egiten diola erreferentzia, alegia, kataforikoa dela. Aldiz, hori-k jadanik aipatu den urritasunari egiten diola. Edo bi baieztapen daudela (ez zaigu falta urritasunik eta ez zaigu falta aberastasunik) eta hori-k lehenbizikoari egiten diola erreferentzia eta hau-k, berriz, bigarrrenari.
Nolanahi ere, lehen graduko erakuslea kataforiko gisa erabiltzea ohikoa da. Kataforiko honek gero etorriko den zerbait aurreratzen eta biltzen du (ik. Alberdi & Sarasola 2001: 272-279):
-
(Honako) hau esan zidan: ez zidala lagunduko.
Bestalde, harridurazko esaldietan maiz erabiltzen ditugu erakusleok gradu batekoak zein bestekoak:
-
a. Hau duk umorea!
-
b. Hura zen gizona, hura!
-
c. Hori duk eta!
I MAILA | Kasuan kasuko hiztunari dagokio, niri, alegia. Hots: hiztunarengandik hurbil dagoen zerbait edo norbait seinalatzeko erabiltzen dugu. Kataforikoa izan ohi da gehienbat. |
arrunta | hau/hauek |
---|---|---|---|
+indartua | hauxe/hauexek | ||
+aipatua | berau/berauek | ||
II MAILA | Bigarren pertsonari dagokio (hi, zu, zuek), solaskideari. Ezin izan daiteke kataforikoa. |
arrunta | hori/horiek |
+indartua | horixe/horiexek | ||
+aipatua | berori/beroriek | ||
III MAILA | Solaskide ez direnei dagokie. Biengandik nolabait urrun dagoena seinalatzen du, solasgunetik kanpo dagoena. Ezin izan daiteke kataforikoa.6 |
arrunta | hura/haiek |
+indartua | huraxe/haiexek | ||
+aipatua | bera/berak |
Erakusleek eta, neurri txikiagoan artikuluak, seinalatzeko duten gaitasun honi esker, solasgunean hiru hurbiltasun maila hauek bereizten laguntzen digute:
a) hiztuna eta honen ingurua seinalatzeko erabiltzen dugunari dagokio lehen hurbiltasun maila (I maila)
b) solaskidea eta honen ingurua da bigarren hurbiltasun maila (II maila gisa markatu dugu).
c) azkenik, hirugarren hurbiltasun maila ere bada (III maila gisa markatu dugu).
Hurbiltasun maila hau, artikuluarekin ere gauzatzen da, Mendebaldeko euskaraz bereziki. Baina pluralean bakarrik. Pluralean, irakasleAK eta irakasleOK bikotea dugu. Bigarren honetan plural hurbila erabiltzen dugula esan ohi dugu. Plural hurbil delako hau hiztuna nahiz solaskidea, edo biak jasotzen dituenean erabiltzen dugu:
-
a. Irakasleok ez ditugu zenbait gauza ulertzen (guk, irakasleok, alegia)
-
b. Ikasleok ez dituzue bide guztiak ezagutzen (zuek, ikasleok)
Sintagmak perpausean ‘gauzaturik’ agertzen direnean, dagokien kasu marka edo postposizioarekin, normalki -e- forman agertzen den artikulua, hurbila denean, -o- bihurtuko da: liburuEtan / liburuOtan; gizonEi / gizonOi.
Hurbiltasuna markatzeko mugatzaileak duen gaitasun hau dela medio, bokatiboetan maiz erabiliko ditugu, hauek bigarren pertsona bati egiten baitiote dei:
-
a. Txerri hori! Igarriko diok.
-
b. Adiskide on hori. (Gutunen hasieran)
-
c. Agintari jaun-andreok, adiskideok, ongi etorri.
Aposizioetan ere, arrazoi beragatik, leku aproposa du hurbiltasun mailen kontu honek:
-
a. Zuk, hainbeste bider kexu agertu zaren horrek, ez didazu orain ezer esaten.
-
b. Nik, behean sinatzen dudan honek, adierazten dut...
Kontuan izan, zu-ri dagokiona II mailako erakuslea dela eta ni-ri dagokiona, berriz, I mailakoa.
● Erakusle indartuak
Erakusle arruntei BER- edo -XE elementuak erantsita sortzen diren determinatzaileak erakusle indartutzat hartzen dira euskal gramatiketan. ‘Indartu’ deitzen ditugu erakusle arruntek baino gehiago eta indar handiagoz seinalatzen dutelako:
-
Etxe hura erosiko dut ≠ Etxe huraxe erosiko dut ≠ Etxe bera erosiko dut
Ber- “indartua” dela esan ohi da (Lafitte 1944: 93), baina hori baino areago, ‘lehenago aipatua’ izan den zerbaiti erreferentzia egin nahi dugunean edo ‘lehendik erreferentzia egin zaiona’ aipatzeko erabiltzen dugu. Horregatik, gure solasaldiaren hasiera-hasieran ezin erabilizkoa da, aurretik ezer aipatu ez baita. Ezin gara (85a)ko moduan hitz egiten hasi, jadanik zer egunkariz ari garen ez badakigu behintzat. Aldiz, (85b)koak guztiz arruntak dira, egunkari bat baino gehiagoz ari baikara:
-
a. ﹟Egunkari bera irakurtzen du gizon horrek.
-
b. {Egunero / beti / nik irakurtzen dudan} egunkari bera irakurtzen du gizon horrek.
● berau, berori, bera
Berau, berori, bera ... ber- elementuari (adjektibo klasekoa dena, itxura guztien arabera) erakusle arruntak erantsiz osatuak dira (berau, berori, bera < ber- + erakuslea). Gramatika kategoriaren aldetik, berriz, jatorria gorabehera, determinatzaile direla esan dezakegu. Izen sintagma bat osagarri duela erabil daiteke, edo osagarririk gabe:
-
a. [[Irakasle IS] bera DS] dugu aurten ere.
-
b. Irakasle horrek ongi daki [[bera Det] DS] dela arazoaren giltza.
Gure terminologian, (86a)n bera determinatzaile iragankorra izango da: [[irakasle IS] bera DS]. Aldiz, (86b)n, iragangaitza, ez baitu osagarririk: [[bera Det] DS].
Hau eta berau-ren artean dagokeen diferentzia da berau-k aurretik aipatua izan den norbait edo zerbait seinalatzen duela: gizon bera etorri da esaten badut, aurretik aipatua den gizonaz eta ez beste inortaz ari garela ematen dugu aditzera. Gizon hura etorri da esaten dugunean, berriz, espazioan edo testuinguruan seinalatzen dudan gizon batez ari naiz. Hori eman nahi izan da aditzera ber- sailekoei [+aipatua] tasuna ezarriaz.
Erakusle berezi hauetan ber ‘adjektiboa’ aurkitzen dugula esan dugu. Hain zuzen, Ekialdeko euskalkietan ber eta erakuslea bereizirik eman daitezke:
-
Ber denboran, gauza asko ikus daiteke = Denbora berean, gauza asko ikus daiteke.
● bertan vs. berean
Bestalde, bera (<ber -a) dugu eta ez *ber hura. Hau kontuan izan beharrekoa da postposizioak eransterakoan. Izan ere, erakusleek leku postposizioa hartzen dutenean -ta- artizkia hartzen badute ere, artizki hori ez da erabiltzen bera-ren kasuan:
-
Toki berean, toki beretik, toki berera ... (ez, *toki bertan, *toki bertatik, *toki bertara…)
Bertan, bertatik, bertara... formak ere badira, noski, baina hauek adposizio sintagmak direla esango dugu. Eta bere kasa nahiz aposizio gisa erabiltzen dira:
-
a. Bertan bizi izan zen urte askoan.
-
b. Etxe hartan bertan bizi izan zen urte askoan. (*Etxe bertan bizi izan zen)
Baina pluralean, bai, agertzen da delako artizki hori: beretan (beraietan), berauetan, berorietan.
● irakasle bera ≠ irakaslea bera
Irakasle bera diogunean, DS arrunt baten aurrean gaude. BERA determinatzailea da. Esanahiaren aldetik, gainera, argi dago kontua. Lehenago nolabait aipatua izan den irakasleaz ari gara, lehengo pertsona eta oraingoa bat eta bera dira:
-
Gaur ere irakasle berak joan behar izan du giltzen bila.
Perpaus honek testuinguru jakin bat eskatzen du: lehenagotik aipatua edo ezaguna dugun irakasleaz ari gara. Kasu honetan, aditzera ematen dugu beste egun batean edo batzuetan ere, irakasle horixe joan zela giltzen bila eta gaur ere bai.
Beste honetan, berriz, gauzak aldatzen dira:
-
Gaur irakasleak berak joan behar izan du giltzen bila.
Hemen adierazten dena da irakaslea joan dela giltzen bila eta ez beste inor. Hortaz, (90) eta (91) erabat desberdinak dira. Lehenbiziko kasuan DS arrunt baten aurrean gaudela esan dugu. Bigarren honetan aposizioa dugu: bi sintagma elkarren ondoan emanak, batak bestearen esanahia nolabait osatzen duela. Atzizkiz markatzerakoan ere, sintagma horiek duten jokabideak erakusten digu benetan aposizioak direla, bi atalek hartzen baitute dagokien kasu marka edo postposizioa:
-
a. Irakasleari berari eman diot gutuna. / *Irakaslea berari eman diot gutuna.
-
b. Mendian{berean / bertan} / *Mendia {berean / bertan}
Bestalde, badirudi aposiziotzat eman ditugun sintagma hauek beste honako hauen erabat parekoak direla: ni neu; hi heu; niri neuri / *ni neuri; ... Denetan egitura bera dugu: lehenbizi DS bat ematen da, ongi mugatua, pertsona izenordainak osatua, eta ondoren, izenordain indartu bat (bera, neu, heu...), biek ere erreferentzia bera dutela.
● irakasle bera ≠ irakasle berdina
Berdin adjektibo bat da. Bera, berriz, determinatzailetzat hartu dugu, oso-osorik. Hala ere, maiz, erdararen eraginez edo, biak nahasturik ikusten ditugu, erabat gauza diferenteak izan arren. Esan dugu bera-k [+aipatua] tasuna duela, hots: ‘lehenago aipatua’ izan delako edo, ezaguna den zerbaiti erreferentzia egiteko erabiltzen dugu. Berdin-ek, ostera, bi gauzaren arteko kidetasuna markatzen du: egituraz, itxuraz, tankeraz, edo nahi denaz, bi gauza edo gehiago kidekotzat jotzen direnean erabiltzen dugu berdin. Elefante bera eta elefante berdina ez dira, horrenbestez, gauza bera:
-
a. Elefante bera ekarri dute aurten zirkokoek.
-
b. Elefante berdina ekarri dute aurten zirkokoek.
Lehenbiziko kasuan, elefante bakarraz ari gara: nolabait ezaguna dugun edo aipatutzat ematen den elefante batez ari gara. Solaskideek ezaguntzat ematen dute elefante hori. Testuinguru bat eman behar da jakintzat, hortaz. Adibidez, joan den urteko zirkoan elefante bat izan zela badakite solaskideek eta, hain zuzen, elefante horrexetaz ari gara une honetan. Izaki bakarra dugu, hortaz.
Bigarrenean, bi elefantez ari gara. Hemen ere testuingurua behar. Adibidez, joan den urtean elefante bat ekarri zuten zirkokoek eta aurten beste bat ekarri dute, baina berdina: kolorez, tamainaz, erakusten duen trebeziaz, edo nahi denaz.
● hauxe/horixe/huraxe
Hauei ezarri diegun tasuna [+indartua] izan da, erakusle indartuak direla esan nahi da, alegia. Egia da, hala ere, indar edo enfasi hori zer den jakitea ez dela erraza. Parafrasiaz baliatzea zilegi bada, liburu hauxe diogunean, ‘liburu hau eta ez beste bat’ diogula dirudi. Horregatik, galdegaigunean agertuko zaizkigu erakusle indartu hauek. Eta, alderantziz, holakorik ez da agertzen mintzagaigunean:
-
a. Ordu huraxe da guztia erabakitzen duena.
-
b. Jarleku honetantxe eseriko naiz.
-
c. ??Jarleku honetantxe, Napoleon eseri zen. / Napoleon, jarleku honetantxe eseri zen.
Hala ere, zenbait mintzagai-markatzaile ageri denean (ere, behintzat...) kontrastea markatzeko edo, badirudi erabil daitezkeela forma indartu hauek, galdegai ez izan arren.
-
a. Hauxe behintzat bistan dagoela deritzat. (MEIG, Artikuluak eta beste 1, 36)
-
b. Lanbide horretan trebe izateak hauxe ere esan nahi du. (MEIG, Hizkuntzalaritzaz 1, 146)
Harridurazko perpausetan oso erabiliak dira erakusle indartu hauek:
-
a. Huraxe bai polita/ han pollitik bazan (Bilintx, 70)
-
b. Hauxe bai paraje ederra!
Adierazpenak indartzeko ere erabiltzen dugu horixe erakuslea, baina hau besterik ez:
-
a. Joango naiz. Bai horixe! / Ez naiz joango. Ez horixe!
-
b. A: – Ez zinen joan.
B: – Horixe joan nintzela!
Huraxe eta bera-ren arteko diferentzia ere ez dago oso argi, dirudienez. Azkuek (1923: 224) honela idatzi zuen: “Auxe, orixe, axe son como berau, berori, bera”.
Egia da baliokide direla zenbaitetan:
-
a. Atzo txakur bat atera zitzaidan. Gaur ere txakur bera etorri zait.
-
b. Atzo txakur bat atera zitzaidan. Gaur ere txakur huraxe etorri zait.
Baina beste batzuetan, ‘izenordain’ gisa erabiltzen ditugunean, modu iragangaitzean alegia, ez dira hain baliokide:
-
a. Pellok dio berak antolatuko duela bilera.
-
b. Pellok dio haretxek antolatuko duela bilera.
Azken adibide hauen argitan, esan genezake, -XE sailekoek ez dutela BER- sailekoek duten balio anaforikoa, perpaus mailan behintzat. (97a) anbiguoa da: interpretazio arruntenean, bera Pello da, baina testuinguru aproposean, izan liteke Pello ez den baina solaskideek nolabait ezaguntzat ematen duten beste pertsona bat. (97b)n ez dugu horrelako zalantzarik.
6.4.4 Mugatzailearen kokagunea
Bai artikulua, bai erakuslea, determinatzaile sintagmaren eskuin muturrean kokatzen dira:
-
gizon + -a / etxe zahar + hauxe / txakurr + -ok ...
Bizkaieraz, hala ere, erakusleak badu joera ezkerrean kokatzeko, baina orduan, determinatzaile sintagman erakusleaz gainera artikulua edo beste erakusle bat ere ezarri behar da eskuin aldean:
-
Hau gizona / honeek gizonok … (cf. *hau gizon, *honeek gizon, ...)
Berez, hemen determinatzaile bi ageri zaizkigu. Baina esamolde hauek bi buru lituzketen determinatzaile sintagmak baino areago, bi sintagmaz osaturiko aposizioak direla pentsa genezake. Hori garbi ikusten da, esaterako, sintagma hori absolutiboan barik beste kasuren batean doanean. Orduan, bi osagaiei erantsi behar baitzaie atzizkia:
-
a. Honi gizononi / *hau gizononi
-
b. Honegaz gizonagaz / *hau gizonagaz ezgramatikala
-
c. Honek gizonak / *hau gizonak
Gainera, sintagma berean bi determinatzaile direla onartuko bagenu, zail da ulertzea horietako bakoitza alde banatan zergatik agertzen den, erakuslea ezkerrean eta artikulua eskuinean. Are zailago oraindik, kontuan hartzen badugu, sintagma arruntetan erakusleak ere eskuineko lekua hartzen duela.
6.4.5 Sintagmaren eskuin muturrean gertatzen diren hots aldaketak
Artikulua elementu itsatsia dugu, baina berak ere sintagmaren eskuin muturrean topo egiten du kasu markekin edo postposizioekin. Horrela, morfema biltze horren ondorioz, zenbait hots ere elkartzen dira. Eta elkartze honek hots aldaketak dakartza. Artikuluaren kasuan, adibidez, pluralean, -ak izan beharrean, -e- agertuko zaigu: gizonAK baina gizonEi, gizonEz...
Erakusleen forma ere apur bat aldatua agertzen da kasu marka desberdinen arabera. Horrela, hon-, hor-, ha(r)- eta hai- erroak aurkituko ditugu zenbait kasutan:7
-
a. Jertse honekin etorri naiz. (cf. Jertse hau erosi dut)
-
b. Etxe horri argazki bat atera nahi diot. (cf. Etxe hori argazkian ageri da.)
-
c. Mendi hartan ibili ginen atzo. (cf. Mendi hura urrun dago.)
Orobat, erakusleei zenbait postposizio eransterakoan -TA- artizkia agertuko zaigu:
-
a. Liburu hauek hartu ditut./ Liburu hauetaz hitz egin nahi nuke.
-
b. Liburu honi / liburu honetan
-
...
Sintagmaren eskuinaldeari, non sintagmako azken hitz gisa ageri ohi den morfema multzoari hondarkia deitzen dio EGLU-k. Hondarki horren forma egokia zein den jakiteko, ikus kasu eta postposizio sintagma bakoitzarentzat ematen ditugun taulak.
6.5 Pertsona izenordainak
Pertsona izenordainek DS-ak osatzen dituztela ez da dudarik. Honako sintagma hauek guztiek, adibidez, banaketa bera dute, DS-ren banaketa hain zuzen:
-
a. [[ Saltzaile hau DS]] beti dago haserre.
-
b. [[Saltzaile har- DS] -k] azokan postua dauka.
-
c. [[Saltzaile berri haue- DS] -i] ez zaie inor hurbiltzen.
-
d. [[Atzoko saltzaile -a DS] -(r)ekin] ikusi zuten.
-
e. [[Saltzaile -ok DS]] gaur pozik zaudete.
-
[[ ni DS]] beti nago haserre.
-
[[gu DS] -k] azokan postua daukagu.
-
[[zu DS] -(r)i] ez zaizu inor hurbiltzen.
-
[[hi DS] -(r)ekin] ikusi zuten
-
[[zuek DS] ] gaur pozik zaudete.
DS-aren burua edo ardatza determinatzailea denez, (105) eta (106)ko sintagma horien burua ere determinatzailea izango da. (105)koetan determinatzailea identifikatzea ez da zaila. Baina (106)ko DS-ek osagai bakarra dute, izenordaina. Baina ez dakigu benetan hauen burua izenordaina bera den ala determinatzaile isil bat ote duten, izen berezietan gertatzen den bezala. Guk hemen (106)-eko determinatzaile sintagmen tankerakoetan sintagmaren burua izenordaina bera dela aldarrikatuko dugu, eta, horrenbestez, izenordain horiek, funtsean determinatzaileak direla.
Gramatika batzuetan (EGLU 1: 75; Goenaga 1980: 51) GU eta gainerako pertsona izenordainak izentzat hartzen dira. Hauek denak IS direla kontsideratuz gero, bidezkoa litzateke izenordainak, sintagmaren buru direnez, izentzat hartzea. Horrela, gu bezalako pertsona izenordainak izen klase bat izango lirateke, izen berezien antzera, determinatzailerik agerian eraman ezin dezaketenak.
Hala ere, bada diferentziarik pertsona izenordainen eta izen berezien artean. Esaterako, izenordainek, izen bereziek ez bezala, ez dute adjektiborik onartzen. Adibidez:
-
a. Axular handia; gure Axular handia; beste Axular bat ...
-
b. *Gu handiak; *zuen gu; *beste gu ...8
Erakusleen kasuan, berriz, garbi dago determinatzaile modura lan egiten dutela (gizon aspergarri hau; gure lagun haiek eta abar). Beraz, determinatzaile izaera ezin zaie ukatu erakusleei. Eta sintagmaren osagai bakar gisa erabiltzen direnean (hau gustatu zait bezalakoetan, adibidez) esango dugu determinatzaile hori iragangaitza dela, osagarririk gabea: berak bakarrik osatzen du determinatzaile sintagma.
Pertsona izenordainak ere determinatzailetzat hartuz gero determinatzaile iragangaitzak direla esan beharko genuke. NI, HI, GU eta kideko pertsona izenordainek ere, berek bakarrik, osatzen baitute DS-a. Alde honetatik, erakuslearen, mugatzailearen eta pertsona izenordainaren arteko diferentzia argia da: HAU erakuslea IS bat osagarri duela ager daiteke (‘liburu potolo hau ekarri dut’ diodanean bezala) edo bere kasa (‘hau ekarri dut’). -a mugatzailea, berriz, IS bat lagun duela agertuko zaigu nahi eta ez: ‘liburua behar dut’ bai, baina *‘a behar dut’, ez. Eta, alderantziz, gu bezalako izenordaina inolako osagarririk gabe erabili beharko dugu: ‘gu etorriko gara’ eta ez, ‘*guak etorriko gara’, adibidez. Baina proposamen hau oinarritzen saia gaitezen.
6.5.1 Pertsona izenordainak, determinatzaile
Erakusleei buruz hitz egin dugunean, hauek iragankor nahiz iragangaitz izan daitezkeela esan dugu. Alegia, osagarri batekin (izen sintagma izan ohi da osagarri hori) edo gabe ager daitezke. Horrela, erakusleak batzuetan determinatzaile soil izango dira (ohiko gramatiketan adjektibotzat hartzen ziren) edo izenordain (ohiko gramatiketan izentzat hartzen ziren). Baina hau ez da erakusleekin bakarrik gertatzen. Bestelako determinatzaile batzuk ere badira, izenordaintzat hartu behar ditugunak. Horietakoak dira pertsona izenordainak, baina baita bestelako batzuk ere.
● Pertsona izenordainak eta mugatzailea
Pertsona izenordainak (NI, HI, GU e.a.) mugatzailerik gabe agertu ohi dira:
-
{Ni / *Nia / *ni hau } mintzatuko naiz lehenbizi.
Izen bereziak ere mugatzailerik gabe agertu ohi dira. Gauzak horrela, zilegi da galdetzea ea pertsona izenordain hauek ez ote diren izen berezien klase berekoak, denak ere, normalean mugatzailerik gabe agertu ohi baitira. Gainera, mugatzailerik eza hartu ohi dugu irizpide, izen berezien eta arrunten arteko muga ezartzeko:
-
{Peru / *Perua} etorri da.
Banaketaren aldetik, argi dago honako sintagma hauek denak klase berekoak direla, testuinguru sintaktiko berean ager baitaitezke:
-
a. Larraulen [ haur bat ] jaio zen.
-
b. Larraulen [ Pello ] jaio zen.
-
c. Larraulen [ zu ] jaio zinen.
Eta zein klasetakoak dira sintagmok? Ohikoa da izen sintagma kategoriakotzat jotzea denak. Izen sintagmaren burua izena bada, –hiru perpaus horietan haur, Pello eta zu–, hirurak izenak lirateke. Oraintsu arte, ohiko bideari jarraiki, pertsona izenordainak izen berezien parekotzat ematen dira: bai izen bereziek bai izenordainek ez lukete determinatzailerik ametituko. Beraz, biak ere klase bereko.
Baina bada izenordainen eta izen berezien artean funtsezko desberdintasun bat: izen bereziek, zenbait kasutan, adjektibo bat lagun dutela edo eskuinaldean izenlagun bat daramatela ager daitezke. Gainera, orduan, artikulua nahitaezko dute:
-
a. Gure Pello jatorrAk hemen egon behar luke honezkero.
-
b. Gure Peru / Peru gureA Londresen da.
Erakuslea ere zilegi da izen bereziekin:
-
Pello honek ez dakit zer pentsatzen duen.
Pertsona izenordainekin holakorik ez dugu: izenordainek ez dute onartzen ez izenlagunik, ez adjektiborik, ez inolako determinatzailerik. Honako adibide hauek hori erakusten dute:
-
a. Zuk hemen egon behar zenuke.
-
b. *Zu jatorrak hemen egon behar zenuke.
-
c. *Aramaioko zu / *Zu Aramaiokoa euskaldun jatorra zara.
Izenordainekin erakusleak ezin dira erabili:9
-
*Ni honek ez dut ezer ulertu.
● Pertsona izenordainek numero informazioa eskaintzen dute
Esandakoaz gainera, pertsona izenordainak determinatzailetzat hartzeko bada pisu handia duen beste argudio bat ere. Izan ere, izenordain hauek eta ohiko determinatzaileek guztiz parekoa den informazioa biltzen dute beren barnean:
-a/ -ak oposizioan numero oposizioa daukagu: -a [-plur] / -ak [+plur]. Pertsona izenordainek ere barnean daramate numeroa adierazteko ahalmena: ni [-plur]/ gu [+plur]. Izenordain hauek, hortaz, mugatzaileek bezalaxe, numero bereizkuntza egiten dute:
[-plural] | [+plural] |
---|---|
NI HI |
GU ZUEK ZU10 |
-A HAU |
-AK HAUEK |
Paralelotasun horren berri emateko bide naturala izango litzateke bai batak bai besteak, denak, determinatzaile kategoriakoak direla onartzea. Horrek esplikatuko luke, gainera, izenordainak beste determinatzaile batekin batera ez agertzea.
Azken batean, euskaraz determinatzaileak markatzen du sintagmaren numeroa. Izenak ez du, berez, mugatzailerik ez badu, inolako numerorik markatzen. Pertsona izenordainen kasuan, ordea, izenordainak berak darama numero marka. Dena dela, pertsona izenordainak eta izen bereziak modu desberdinean jokatzen dute: izenordainek ez dute inondik ere mugatzailerik onartzen ez adjektiborik ez izenlagunik. Izen bereziek, berriz, zenbait baldintzatan behintzat, onartzen dute:
-
a. Andoni hau beti iristen da berandu. Ez dakit nola kopontzen den.
-
b. Axular handia bizi balitz, zerbait esango liguke.
-
c. *Ni hau beti iristen naiz berandu.
-
d. *Ni bekatari hau ganorabako bat naiz.11
● Pertsona izenordainak eta juntadura
Pertsona izenordainak determinatzailetzat hartzeko beste arrazoi bat juntaduratik datorkigu. Izan ere, juntadurak dituen debekuen aurrean berdin jokatzen dute pertsona izenordainek eta izen sintagma determinatzailedunek (ik. EGLU IV Euskaltzaindia 1994: 42-46):
-
a. *[Langileak eta enpresariekin] bildu da Arartekoa.
-
b. [Langile eta enpresariei] hitz egin die Arartekoak.
-
c. *[Ni eta enpresariekin] bilduko da Arartekoa.
Bide batez, izen bereziek ez dute horrelako debekurik:
-
a. [Joseba(rekin) eta zurekin] hitz egin behar dut.
-
b. [{Zurekin / *zu} eta Josebarekin] hitz egin behar dut.
Pertsona ere nolabait markatzen da artikulu pluralean. -ok artikulu hurbilak, adibidez, lehen edo bigarren pertsona biltzen ditu:
-
(118) Euskaldunok geure hizkuntza zaintzen ez badugu, beste norbaitek zaindu beharko.
Euskaldunok sintagmak kasu honetan lehen pertsona pluralari egiten dio erreferentzia.
Beste honetan, berriz, bigarren pertsonari:
-
Euskaldunok zeuen hizkuntza zaintzen ez baduzue, nork zainduko du?
-ok artikuluari esker lortzen da hau. Beraz, artikuluak, pertsona izenordainek bezala, pertsona informazioa ematen dute, maila batean behintzat.12
Izenak, berez, ez dira ez singular ez plural. Singularra edo plurala sintagma osoa izan ohi da. Sintagma hori determinatzaile sintagma dela onartuz gero, numero zehaztapena determinatzaileak ematen digu, ez izenak. Beraz, pertsona izenordainak ere numero informazioa ematen badu, ez da izango izenaren pareko delako, determinatzaile klasekoa delako baizik.
Artiagoitiak (2004) beste argudio bat ere ematen du, oso zentzuzkoa, pertsona izenordainek determinatzaile sintagmak osatzen dituztelakoaren alde eta, ez, izen sintagmak. Har ditzagun adibide hauek:
-
a. *Nagusia eta langileei mintzatu nintzaien.
-
b. Gizon eta emakumeei mintzatu nintzaien.
-
c. *Hau eta horiek egingo dute.
-
d. *Hau eta horretan ibili naiz.
Badirudi perpaus hauen ezgramatikaltasuna juntatu ezinak diren juntagaiak juntatu nahi izatetik sortzen dela: (120a)n lehen juntagaia, [nagusia] determinatzaile sintagma litzateke. Determinatzaile sintagma guztiek, gainera, argumentu diren heinean, kasua ere izan behar dute.13 EGLU IV argiro mintzo da “kasu markarik gabeko izen sintagmen juntaketaren ezintasunaz”. Hortaz, hemen nagusia sintagma kasu markarik gabea izango litzateke, beraz, okerra. Edo kasu marka baduela pentsatuz gero, absolutiboa izango litzateke eta, horrela, absolutiboa eta datiboa juntatu nahi izatetik letorkioke makurra perpausari. (120b), ostera, zuzena da. Lehen juntagaia ez da determinatzaile sintagma eta, horrenbestez, kasu markarik ere ez du behar. Eta bigarren juntagaiak ere mota berekoa izan behar duenez, bi izen sintagma juntatu izango ditugu: [[gizon IS] eta [emakume IS] IS]. Juntadura honi erantsiko litzaioke eskuin muturrean determinatzailea, eta determinatzaile sintagma honi, azkenean, datiboaren marka:
(120c) eta (120d)n ere gauza bera: lehen juntagaia DS bada, bigarrenak ere hala izan behar du, baina kasu berean. Beraz, holakoak zuzenak izateko aukera bakarra da biak absolutiboan joatea:
-
Hau eta horiek etorri dira.
Ikus dezagun orain zer gertatzen den pertsona izenordainekin:
-
a. *Zu eta niri gertatu zaigu (cf. Zu eta ni joan gara; zuri eta niri gertatu zaigu)
-
b. *Zu eta nirekin izan da (cf. Zurekin eta nirekin izan da)
Honek adierazten digu [zu] izenordainak goragoko [gizonak] eta [hau] osagaiek bezala jokatzen dutela, denak ere DS direla. Gainera, kasuz markatuak nolabait. Horregatik, zuzenak gertatzeko bide bakarra da bi DS juntatuak kasu beraz markatuak izatea. Beraz, DS-en aurrean gaude. Eta izenordaina bera determinatzaile kategoriakoa izango da eta ez izen kategoriakoa. (120b) zuzena bada eta ondoko (124) okerra:
-
*Ni eta emakumeei hitz egin zigun.
horrek esan nahi du goiko gizon eta emakumeei horretako [gizon] osagaia IS dela, baina (124)ko ni eta emakumeei juntadurako [ni] ez dela IS, DS baizik.
Beraz, eskubide osoa dugula dirudi izenordain hauek determinatzailetzat hartzeko.
Inongo osagarririk onartzen ez dutenez, iragangaitzak dira. Errepara diezaiegun ondoko perpaus hauei:
-
a. *[Astokilo handi zuk] gauza asko daukazu ikasteko / [Zuk] gauza asko daukazu ikasteko.
-
b. [Astokilo handi horrek] gauza asko dauka ikasteko / [Horrek] gauza asko dauka ikasteko.
Hori erakuslea osagarri batekin [astokilo handi horrek] nahiz gabe [horrek] ager daiteke; zu pertsona izenordaina, aldiz, soil-soil eman behar da, inongo osagarririk ez duela: zuk. Beraz, pertsona izenordainak determinatzaile iragangaitzak izango dira.
Beste ohartxo bat ere egin liteke, pertsona izenordainak artikuluari edo erakusleari “eskua emanda” bezala dabiltzala erakusten duena. Pertsona izenordainek hain zehaztua dute beren erreferentzia ezen ez baitute onartzen perpaus erlatiborik lagun gisa. Honetan ere izen berezietatik aldentzen dira.
-
a. *[Zurekin hitz egun dudan nik] beste ezer ez dut esateko.
-
b. [Zurekin ezkondu nahi duen Andoni horrek] soldata ona omen du.
Zehaztasunaren fabore, erlatiboaren premia izan daiteke. Horretarako, aposiziora jo dezakegu, erlatiboa aposizio honetan sartuz. Baina orduan erlatibo horren “ardatza” ezin da izan izenordaina bera, baizik bere ordezkoa izango litzatekeen artikulua edo erakuslea:
-
(127) Nik, zurekin hitz egin dudan HONEK, beste ezer ez dut esateko.
Gorago aipatu dugu determinatzaileek (-AK / -OK) pertsona adierazteko duten ahalbidea. Adibide hauetan ere horixe ikusten da. Horregatik esan dugu, pertsona izenordainak eta mugatzailea, nolabait, “eskua emanda” doazela. Bidezko dirudi, hortaz, izenordain hauek ere determinatzailetzat hartzea eta ez izen berezitzat.
● Prolatiboak eskaintzen digun argudioa
Azken argumentua prolatiboak eskaintzen digu. -tzat atzizkia, dirudienez, IS-ei edo AdjS-ei itsasten zaie, ez DS-ei ez ZenbS-ei:
-
a. Irakasletzat hartu dute Mikel
-
b. Gizon jakintsutzat geneukan Mikel.
-
c. Jakintsutzat geneukan Mikel.
-
d. *Irakasle hautzat hartu dugu.
-
e. *Zutzat hartu ninduten.
Izenordaina determinatzailea dela onartuta, datu hauek azaltzea ez da oso zaila. Izen bereziekin ere ez da oso ohikoa prolatiboa erabiltzea:
-
?Andonitzat hartu ninduen.
Horrela, honek ez luke frogatuko [zu] eta [Andoni] kategoria desberdinekoak direla, biak determinatzaile sintagma direla onartzea aski da.
6.5.2 Pertsona izenordain motak
Pertsona izenordain zehaztuak bi multzotan bana daitezke: arruntak eta indartuak.
Pertsona izenordain arruntak | NI [+D, +perts, +I, -ind, -plur...] HI [+D, +perts, +II, -ind, -plur...] GU [+D, +perts, +I, -ind, +plur...] ZU [+D, +perts, +II, -ind, (-)plur...] ZUEK [+D, +perts, +II, -ind, +plur...] |
---|---|
Pertsona izenordain indartuak | NEU, NIHAUR, NERAU [+D, +perts, +I, +ind, -plur...] HEU, HIHAUR, HERORI [+D, +perts, +II, +ind, -plur...] GEU, GUHAUR, GEROK [+D, +perts, +I, +ind, +plur...] ZEU, ZUHAUR, ZERORI [+D, +perts, +II, +ind, (-)plur...] ZEUEK, ZUIHAUK, ZEROK [+D, +perts, +II, +ind, +plur...] |
● Pertsona izenordain arruntak
Izenordain zehaztuek erreferente zehatza dute eta solasean partehartzaile diren pertsonei egiten diete erreferentzia. Ni lehen pertsona singularra da, hizketan ari dena. Hi, bigarren pertsona singularra, lehenbizikoaren solaskidea izan ohi da. Gu, berriz, lehen pertsona plurala da, eta hiztuna barnean duen pertsona multzoari egiten dio erreferentzia (gu = ni + beste norbait). Bigarrena, berriz, solaskidea(k) eta beste zenbait biltzen dituen multzoari dagokio. Hau da pertsona izenordain zehaztu hauen oinarrizko balioa.
“Pertsona izenordain arruntak” informazio hori soilik ematen dutenak dira, alegia inolako indarrik edo enfasirik eransten ez dutenak: ni, hi, gu, zu eta zuek.
Taula begien aurrean dugula, berehala ohartzen gara 2. pertsona singularrekotzat bi izenordain eman direla: hi eta zu, eta hauen pareko diren heu eta zeu, hihaur eta zuhaur. Baina hau erdi-egia da. Esanahiari begira, argi dago 2. pertsona singularrak direla. Baina adizjokoan zu izenordainak, gu izenordainak bezalaxe, plural marka eskatzen duela ohartu behar dugu. (128a) esaten dugun bezala, (128b) ere esaten dugu:
-
a. Gu ez gaITu inork ikusi.
-
b. Zu ez zaITu inork ikusi.
Eta, alderantziz:
-
a. Ni ikusi NAU (-it- gabe)
-
b. Hi ikusi HAU
Horrek esan nahi du antzina, euskara zaharrean, zu izenordaina 2. pertsona pluralekoa zela:14
-
(132) Zori gaistokuak, ta madarikatubak zara, pobria, alarguna, ta ume-zurtza estututeko, ta nekatuteko lege gaistuak, edo erabagi okerrak emon dituzunok. (Frai Bartolome, Ikasikizunak, 2. Lib., 166)
Pentsatzekoa da, zu-k singular balioa hartu zuenean, euskarak pluralerako izenordain berri bat sortu behar izan zuela: zuek. Hortaz, esanahia eta morfologia (aditz komunztadura) alde banatatik doaz. Hau kontuan izan behar da aditzarekin ari garenean. Joko bikoitz honegatik, [-plur] tasunarekin eman dugu goiko taulan.
● Pertsona izenordain indartuak
Izenordain indartuez bi ohar egin behar dira:
a) Izenordain indartuen sailean forma bat baino gehiago eman dugu, euskalkietan zehar forma bat baino gehiago ageri baita.
b) Erabilerari dagokionez, arauren bat eman behar eta, esan dezagun forma indartuak (bera-k ere arau berari jarraitzen dio) galdegaiaren lekuan erabiltzen direla. Arruntak ere gune honetan erabil daitezke, jakina:
-
a. Neu etorri nintzen lehenena. ( = ni etorri nintzen lehenena)
-
b. Geuri esan zigun Pellok. ( = guri esan zigun Pellok)
Hortik aparte, mintzagaiaren lekuan ere ager daitezke, batik bat ere lagun dutela:
-
Neuk ere, esango nizuke zertxobait.
Horrenbestez, pentsa liteke izenordain indartu hauek kontrastea markatzen dutela. Eta ez, nahitaez galdegaian. Mintzagaian ere ezar daiteke kontraste hori.
● ‘Norberekikoak’ eta hauekin zerikusia duten izenordainak
Perpaus batean argumentu bi edo gehiago badira, horietako bat izenordain bihurkari gisa ematen ahal da. Bihurkari honek aurrekari gisa perpauseko beste argumentu bat izango du. Holakoak ditugu bere, neure, zeure eta antzeko genitiboak, baina baita neure burua, bere burua tankerakoak ere. Aurrekaria duten izenordain hauek anaforikoak direla esaten dugu.
Elkar ere horien parekoa da, anaforikoa alegia, baina bihurkarietan “norbaiteki bere buruai zertu” dugun bezala, elkar izenordain elkarkaria dugunean, “batek norbait eta norbait honek bata” esango bagenu bezala da:
-
a. Geure buruai maite behar dugu (guki).
-
b. Karmelek eta Joxepaki ezin dute elkari ikusi.
(= Karmelek ezin du Joxepa ikusi eta Joxepak ere ezin du Karmele ikusi)
Hortaz:
[-plur] | [+plur] | |
Genitibo bihurkariak | NEURE HEURE BERE |
GEURE ZEURE ZEUEN BEREN |
---|---|---|
Izenordain bihurkaria | NEURE BURUA HEURE BURUA BERE BURUA |
GEURE BURUA ZEURE BURUA ZEUEN BURUA EUREN BURUA |
Izenordain elkarkaria | ELKAR BATA BESTEA |
● Genitibo bihurkariak: neure, heure, zeure, geure, bere
Neure, heure, zeure, geure, bere izenordain bihurkariak ditugu, genitiboan emanak. Beraz, izen sintagmaren barneko osagaiak dira. Bihurkari hauek aurrekari bat izaten dute ageri diren perpaus berean:
-
a. Andonii berei etxera joan zen.
-
b. Andonii harenj etxera joan zen.
Lehen eta bigarren pertsonakoen (neure, heure, zeure, eta abarren) aurrekaria garbi dago lehen edo bigarren pertsonako izenordainen bat izango dela. Arazo handiago bat dago bere-rekin. Hau ez da ez 1. pertsonakoa ez 2.ekoa. Hirugarren pertsonakoa dela esan ohi da. Baina honek ere, bihurkaria den aldetik, aurrekari bat izan behar du, erreferentzia berekoa, perpaus edo sintagma berean izango dena:
-
a. Niki neurei lanak oraindik egiteko ditut.
-
b. Zuki ez duzu irabazten zeurei premiak asetzeko lain.
-
(zuki ez d-u-zui irabazten [proi zeurei premiak asetzeko] lain)15
-
c. Josebaki oraindik ez digu berei iritzia eman.
Hau “Aresti-Linschmannen” arau gisa ezagutzen dena da eta honela dio: bihurkariek aurrekari bat izan behar dute dagokien perpausean. Aurrekari horrek aditz jokatuan jasoa egon behar du (hots: nor, nori edo nork gisa gauzatua egon behar du aditz jokatuan).
-
a. Andoni agurtu dut kalean. Bere herritik zetorren.
-
b. Andoni agurtu dut kalean. ??Bere herrian egundoko uholdeak izan omen dira.
(139a) ongi dago, zeren zetorren aditzaren subjektua (Andoni) eta bere, erreferentzikide izango lirateke. Aldiz, aipatutako arauaren ikuspegitik, (139b) arauz kanpokoa izango litzateke: bere ‘biltzen’ duen perpausaren subjektua egundoko uholdeak da eta, bistan da bere ezin dela izan subjektu horren erreferentzikide. Honela beharko zukeen perpaus horrek:
-
Andoni agurtu dut kalean. Haren herrian egundoko uholdeak izan omen dira.
Horrela erabiltzen dituzte genitibo bihurkari hauek Iparraldeko euskaldunek. Lafitteren (1944: 92) arabera, honela dira gauzak: posesiboaren aurrekaria, gutxienez perpauseko adizkian jasoa ez dagoen pertsona bat bada, haren eta haien erabiltzen dira. Besteen artean honako adibideak eskaintzen ditu:
-
a. Erran diot haren liburua hartzeko
(“son propre livre”. Beraz: harii erran diot hareni liburua hartzeko)
-
b. Nahi du hareni liburua har dezadan (nikj))
Baina:
-
c. Nahi du berei liburua har dezodan (nik harii)
Pentsa liteke Iparraldean haren/haien-en alde lerratzen direla gehiago. Hegoaldean, aldiz, bere-ren aldera. Dena dela, hau ez dago arautua.
Hegoaldean, bere horren erabilera zabaldu egin dela ematen du, zeren (139b)ko adibidearen antzekoak ugari entzun daitezke egunero gure artean. Araua aldatu dela esan beharko genuke, Hegoaldeko erabilera onesten bada. Arau ‘berritzaile’ hau honelatsu izango litzateke: “BERE-k aurrekaria behar du, baina aurrekari horrek ez du zertan perpauseko nor, nori edo nork sintagmaren erreferentzikide izan. Aski da aldez aurretik aipatua izatea”.17 Baina honek beste galdera batera garamatza: zer diferentzia dago bere eta beraren-en artean?
● Izenordain bihurkariak: {neure/heure/zeure/geure/ bere...} burua
Bihurkariak, izenlagunak ez ezik, gainerako perpaus osagaietan ere gauza daitezke, [genitibo bihurkaria + burua] sintagma modura: bere burua, neure burua, geure burua, zeure burua eta abar. Elkar bezala, bere burua sintagmak ez du berezko erreferentziarik. Erreferentzia aurrekari batetik jaso behar du, anafora da:
-
a. Gure katuaki bere buruai balkoitik behera bota zuen.
-
b. Zenbaiteki bere buruarii bakarrik begiratzen dio.
Bi perpaus hauetan, hurrenez hurren, izenordain bihurkariaren aurrekaria gure katuak eta zenbaitek dugu. Nekez aurkituko dugu bere burua bezalakorik subjektu gunean. Honen azalpena emateko, esan ohi da subjektua dela perpausean goren dagoen argumentua. Beraz, bere burua osagaia bera baino gorago legokeen beste osagai baten erreferentzikide izan behar luke. Eta holako sintagmarik ez bada, ezin izan bere burua edo bere buruak sintagmak behar lukeen aurrekaririk, bera bailitzateke, subjektu den aldetik, goren legokeena. Hala ere, gramatika lanetan aipatzen dira honen kontraadibideak:
-
a. Neure buruak kezkatzen nau.
-
b. Neure buruak agintzen dit zer egin eta zer ez.
● Izenordain elkarkaria: elkar, bata beste
ELKAR izenordaina da, izenordain elkarkaria. Hau ere determinatzailetzat har dezakegu, determinatzaile iragangaitza. Hortaz, bera da sintagmaren burua eta sintagman beste osagairik ez da agertuko.
Hau ere anafora da, ez du berezko erreferentziarik. Testuinguruan –zehazki esateko, perpaus berean– egon behar duen aurrekari batek ematen dio erreferentzia. Horregatik esaten da anaforikoa dela:
-
a. Horieki elkari maite dute.
-
b. Neska-mutilaki elkarrii begira gelditu ziren.
Bi adibide hauetan, elkar izenordainak aurrekaria du: horiek, kasu batean, eta neska-mutilak, bestean. Hauengandik jasotzen du izenordain elkarkariak duen erreferentzia. Elkarkariaz baliatuz ‘batak bestea’, ‘batak besteari’, ‘bata bestearekin’ eta abar esan nahi da. Erreferente plurala eskatzen du, hortaz. Horregatik, aurrekariak beti plurala izan behar du edo determinatzaile sintagma juntatua ere:
-
a. Guki elkari errespetatu behar dugu.
-
b. *Niki elkarj errespetatu behar dut.
-
c. [Mirenek eta Karmelek]i elkarrekini egiten dute lan.
-
d. *Mireneki elkarrekinj egiten du lan.
-
e. Mirenek elkarrekini borrokan ikusi zituen katua eta txakurrai.
Baina determinatzaile sintagma den neurrian, perpausean betetzen duen funtzioari dagokion kasu marka edo postposizioa eraman beharko du, edozein izenordainek bezala: elkar, elkarri, elkarren, elkarri buruz, elkarrengandik... Horregatik, honako hau okerra da:
-
*Elkar joango gara zinera (cf. Elkarrekin joango gara zinera).
Perpaus hau gramatikala litzateke beharbada baldin eta elkar adberbioa balitz, baina postposizioak ongi erakusten duen bezala, izenordain bat da. Adberbioek ez dute holako kasu marka edo postposiziorik onartzen.
Bestalde, aurrekaria eskatzen badu, elkar ez da sekula perpausaren subjektu izango. Aurrekariak beti, nolabait, gorago egon behar baitu perpausean. Hots:
Hala balitz, elkar aurrekaririk gabe geldituko bailitzateke eta perpausak porrot egingo luke. Horregatik, ergatiboan ez da sekula agertuko baina bai gainerako kasuetan:
-
a. Horieki elkarrekini bizi ziren (ez *elkar bizi ziren)
-
b. Haurraki elkarrenganai hurbildu ziren.
-
c. Gizon horieki elkarreni etsaiak dira.
-
eta abar.
Elkar-en ordaintzat har liteke bata bestea egitura:
-
a. Horiek bata bestearekin bizi ziren. (= horiek elkarrekin bizi ziren)
-
b. Gu bata bestearengana hurbildu ginen. (= gu elkarrengana hurbildu ginen)
-
c. Haurrak bata bestearen kontra dabiltza. (= haurrak elkarren kontra dabiltza)
Aditza iragankorra bada, orduan bata ez, batak esan behar da, nahiz eta ahozko hizkeran ez den, maiz, ergatiboaren marka entzuten:
-
a. (Ikerrek eta Andresek) ikaragarrizko gorrotoa zioten batak besteari.
-
b. (Joxek eta Inixik) batak bestearekin jardun zuten xextran.
-
c. Batak besteari eta nork geure buruari galdezka aritu ginen luzaro.
Bata bestea egitura ihartutzat har daiteke, baina egitura horretako lehen osagaia, bata, alegia, subjektu gisa interpretatzen da eta horregatik ezartzen dugu ergatiboan.
Eta azken oharra: elkar-ek eta bata-bestea-k aurrekari plurala eskatzen badute ere, elkarkariak berak singulartzat hartzen ditugu aditzaren komunztadurari dagokionez:
-
a. Horiek elkar gorrotatzen dute (*Horiek elkar gorrotatzen dituzte)
-
b. Guk ezin dugu batak bestea ikusi. (*Guk ezin ditugu batak bestea ikusi.)
● Aditz iragangaitzaren erabilera bihurkaria
Dena dela, euskara mintzatuan batez ere, elkarkariaz baliatu beharrean, edo bihurkariaz, adizjokoa ere erabiltzen da horretarako. Aski da Erg-Abs (nork-nor) aditzak Abs aditz gisa jokatzea. Horrela, sintagma ergatiboa eta absolutiboa erreferentziakidetzat interpretatzen ahal dira eta horixe da, hain zuzen, bihurkarien eta elkarkarien interpretazioa.
-
a. Gero ikusiko gara (= gero ikusiko dugu elkar)
-
b. Entregatu egin naiz (= neure burua entregatu dut)
Horrelakoetan elkar eta neure burua erabiltzen da nagusiki. Idatzizkoa behintzat, hortik doa. EPG (Sarasola et. al. 2001-2007) corpusera joatea aski da ohartzeko ikusiko gara / elkar ikusiko dugu modukoen arteko diferentzia ikaragarria, bigarrenaren maiztasun nabarmenarekin, baina iragangaizteak azterketa xeheagoa merezi dute, Bilbaok (2022) elkarkarietarako erakutsi duen bezala.
● Geure burua, bere(n) burua ala geure buruak / beren buruak?
Pluralean, nahiz eta bidezkoago dirudien buruak erabiltzea, pluralean alegia, badirudi bietara erabil daitekeela:
-
a. Mesfida gaiten geure buruaz (Haraneder, Gudu izpirituala, 171)
-
b. Ba ote da geure burua adiskide minez inguraturik ikustea bezain gauza ederrik? (Mitxelena, Idazlan hautatuak, 136 )
-
c. Baldin geure buruoz kontu onik eman nahi badugu (Axular, Gero, 38)
-
d. Utzi diezaiogun, geure buruak edertzeko edo, akuilu beharrik ez dutenak akuilatzeari. (Mitxelena, Idazlan hautatuak, 209)
Hirugarren pertsonan ere berdin:
-
a. Ardoarekin erazekirik, ezin eskura dituzte beren buruak (J. B. Agirre, Erakusaldiak 3, 381)
-
b. Hargatik abisatzen zituen Platonek bere diszipuluak, har zezatela, haserre zirenean, mirail bat bere aitzinean, eta hartan ikus zitzatela bere buruak (Axular, Gero, 188)
-
c. Beren burua ezagutzeke joaten dira mundutik (Villasante, Kristau fedearen sustraiak, 143)
Kontua da bi joerak indarrean daudela. Baina hemen ere, corpusak erabilera bataren eta bestearen artean diferentziak badirela erakusten digu: geure burua / beren burua, singularrean gehiago erabiltzen dira pluraleko geure buruak / beren buruak baino.
● Bere / beraren
Hau beste arazo bat da. Neure, zeure eta kidekoek ni, zu eta abarren bihurkari izateaz gainera, neu, zeu eta kidekoen genitiboak ere badira. Beraren-ek bera-ren genitiboa izan behar du. Bere, berriz, bihurkari soila da. Honako adibide hauek ongi erakusten dute bien arteko diferentzia:
-
a. Herrien borondateak erabakitzen du boterearen itxura edo tankera, beraren iraupena eta hurrengoei pasarazteko era. (Villasante, Kristau fedearen sustraiak, 187)
-
b. Zer aditzera ematen digu Jaunak mahasti honekin? Zer, bere hitz santua eta bere laguntzak kenduko dizkigula baizik, baldin entzun nahi ez baditugu beraren Zeruko dotrina eta lege santua? (J. B. Agirre, Erakusaldiak III, 433)
Zenbaitetan beraren-en lekua bere-k hartu duela ematen du eta, alderantziz, beraren-ek ere bere-ri lekua kendu dio. Alegia, forma biak aski nahasturik ageri zaizkigu:
-
a. Patxi eta bere lagunentzat, ez zen hobena sagarren ebastea (Oskillaso)
-
b. Jangoiko beraren onra ta bere izen santuarena ain dabiltz batera alkarturik baldin Jangoikoaren onra ifinten bada legeko lenengo aginduan edo mandamentuan, bere izen santuari dagokana berba egiten da bigarrenean (Añibarro, Gero, 193)
Dioguna argi ikusten da Añibarroren adibidea Axularren jatorrizko testuarekin alderatzen badugu:
-
Jainkoaren beraren ohorea, eta haren izen sainduarena hain dabiltza elkarganik hurbil, ezen baldin Jainkoaren ohoreaz ibentzen bada lehenbiziko manamendua, halaber haren izen sainduari dagokanaz, minzatzen baita bigarrena. (Axular, Gero, 175)
Haren, beraren eta bere-ren arteko nahastea handi samarra da eta badirudi bere ari dela nagusitzen.
● norbera / norbere / norberaren
Norbera (<nor + bera) pertsonazko izenordaina da. Multzo bati gagozkiola, multzo horretako kide bati eta berari egiten zaio erreferentzia, hiztunari berari edo aipatu den beste edonori eta honexeri bakarrik:
-
a. Norberak daki ongien barnean zer darabilen.
-
b. Lan hauek etxean norberak egiteko dira.
Maiz bakoitza izan daiteke ordaina:
-
a. Bakoitzak daki ongien barnean zer darabilen.
-
b. Lan hauek bakoitzak egiteko dira.
Hala ere, alderantziz ez da gertatzen. Alegia, bakoitza-ren ordaintzat ezin eman daiteke beti norbera. Batetik, pertsonari erreferentzia egin behar dio.
-
Liburu asko zituen, bakoitza /*norbera bere lekuan.
Eta bestetik izenordain gisa lan egin behar du bakoitz-ek, alegia, osagarririk gabekoa behar du:
-
Liburu bakoitzak/*norberak ehun urte baino gehiago zituen.
Honen baliokidea da Ekialdeko batbedera:
-
a. Batbederak ekarri zuen bere bazkaria. (‘bakoitzak ekarri zuen bere bazkaria’; ‘bazkaria norberak ekarri zuen’)
-
b. Badoaz gure egunak: tronpetak etxera-seinalea ematen du, batbedera presta bedi, zeren jujamendua hurbil da
Ematen du bihurkariaren eta banakariaren artekoa dela norbera-ren adiera:
-
a. Norberak daki ondoen zer behar duen.
-
b. Norbera jarri behar da bestearen lekuan.
DS-a osatzen duenez, dagokion lekuan agertu ahalko da perpausean, gehienetan subjektu gisa, baina bestelako lekuetan ere ager daiteke: norberaz, norberarekin, eta abar.
-
a. Oiek, emakumerik onenetakoak dira, langille ta ongilleak, norberaz oso aztuta beartsuai laguntzen, (...) dabiltzanak. (D. Agirre, Garoa, 297)
-
b. Gauza bat zeukan oker ta izua: ai! biotza ezin jaurtigi, norberarekin eraman bear, beñere ixiltzake, beti espaz, miñez, eri ta negarti. (D. Agirre, Garoa, 322)
-
c. Gaitzen bat norberarentzat edo besterentzat eskatzea ez da egoki.
Eta zer gertatzen da norberaren-ekin? Formaren aldetik, arazo handirik ez: norbera izenordainaren genitiboa izango litzateke. Baina genitiboan, norberaren honen ondoan, nor bere forma ere hor da:
-
a. Norberaren herrian arrotz izan (Elhuyar).
-
b. Nor bere etxera joan ziren denak.
Nolanahi ere, genitibozko bi forma hauen artean bada nahaste pittin bat. Nor bere-k, itxura guztien arabera, bihurkariek duten joko berbera du:
-
Nori berei etxera joan zen (cf. Bakoitzai berei etxera joan zen)
Nor izango litzateke hemen bere bihurkariaren aurrekaria.
Baina, nor bere-ren bi osagaiak, bereizirik idazten baditugu ere, ezin dira perpausean bereizi, beti elkarren ondoan joan behar dute:
-
*Bere etxera joango zarete nor. / Nor bere etxera joango zarete.
-
(cf. Bere etxera joan zen Joseba. / Joseba bere etxera joan zen.)
Bere bihurkaria dela onartuz, ustez honen aurrekari den nor horrek dagokion kasu marka hartuko du: nor bere, nork bere, nori bere, eta abar. Honen ordez, bakoitza bere, bakoitzak bere, bakoitzari bere eta abar ere erabil daitezke.
Hortaz, lehenbiziko osagaiak dagokion kasu marka (absolutiboa, datiboa edo ergatiboa) hartzen du:
-
a. Nori berea da zuzenbidea. (= Bakoitzari berea da zuzenbidea)
-
b. Nork bere lanak egin behar ditu. (= Bakoitzak bere lanak egin behar ditu).
-
c. Nor bere etxera joan ginen. (= Bakoitza geure etxera joan ginen)
-
d. Baserri gehienek dituzte nork bere iturriak atari inguruan (Iztueta, Gipuzkoako Kondaira, 81.etik moldatua)
-
e. Josuek uste izan zuen Israelgo tribuei, nori bere zatia, emateko ordua etorri zela (Lardizabal, Testamentu Zaharreko eta Berriko Kondaira, 118.etik moldatua)
Arazoa, ordea, da nor bere eta norberaren genitiboak direla. Zein ote da bien arteko aldea? Badirudi testuinguru desberdinetan erabiltzen ditugula. Nor bere nolabaiteko banakari modura erabiltzen dugu:
-
a. Haurrak nor bere etxera joan ziren / ?Haurrak norberaren etxera joan ziren.
-
b. Nork bere lanak egin genituen / *Norberaren lanak egin genituen
Nor bere, bestalde, bihurkaria ere bada eta erreferentzikide izango den aurrekari bat eskatzen du. Hori garbi ikusten da goiko bi adibideetan:
-
a. Haurraki nori berei etxera joan ziren.
-
b. (Guki ) norki berei lanak egin genituen.18
Horregatik, nor bere, nori bere, nork bere bakoitza-rekin ordezka daitezke:
-
a. Ikasleak, nor bere etxera joan ziren. = Ikasleak, bakoitza bere etxera joan ziren.
-
b. Nork bere ohea egin behar du. = bakoitzak bere ohea egin behar du.
-
c. Nori berea emango diogu. = bakoitzari berea emango diogu.
Eta kasu honetan ere, bere-ren aurrekaria bakoitza izango da. Horixe izango litzateke beste honako honen ezgramatikaltasunaren arrazoia:
-
a. *Hori nor bere ardura da (Hori {norberaren/bakoitzaren} ardura da)
-
b.*Bene-benetan handia da nor bere jabetasuna. (Handia da {norberaren/bakoitzaren} ardura)
Hemen txartzat eman ditugun adibideetan, nor bere-k aurrekaririk ez luke. Horregatik gertatzen dira okerrak. Nahaste honen iturria, seguru asko, izango da bere eta beraren nahasten diren bezala, nor bere ere zenbait euskaldunek norberaren-en ordaintzat hartu izana. Baina ez dira bata bestearen ordain: azken batean, nor bere bihurkaria da eta norberaren ez:
-
Euskara norberaren amaren hizkuntza dela uste duguino, eta ez auzokoaren amarena, batasun-bidean gara beti. (Mitxelena, Idazlan Hautatuak, 221)
Bestalde, norbera eta bere biak elkarrekin perpaus berean ematea ere gertatzen da. Honako adibide hauek, esaterako, horren lekuko dira:
-
a. Poesian norberak bere hizkera du. (Sarasola 1996)
-
b. Norbera ardura bedi norbere buruaz. (ib.)
Hala ere, hori esateko bestelako moduak badirela esan daiteke:
-
a. Poesian nork bere hizkera du. / Poesian bakoitzak bere hizkera du.
-
b. Nor bere buruaz ardura bedi. / Bakoitza bere buruaz ardura bedi.
Dena dela, euskaldun askorentzat nahaste iturri dira norbera, norberaren, nor bere, bakoitza eta abar.
Irakurleak arau erraz bat nahi badu, aski du pentsatzea norberaren-ek ez duela aurrekaririk. Hortaz, aurrekaria bada, orduan nor bere, nork bere eta holakoak erabil daitezke:
-
a. Jende guztia, nor bere ataritik begira zegokion.
-
b. Lotara doaz denak, nor bere txokora.
-
c. Gauzarik ederrena da hizkuntza guztiak ikastea, baina ez {norberarena/*norberea} zokoan uztea.19
-
d. Dena banatuz gero, zer gelditzen da {norberarentzat/*norberetzat}?
Gomendioren bat ematekotan, hortaz, norbera eta dagozkion kasu markadunak (norberak, norberari, eta abar) aurrekaririk ez denean20 (alegia, bihurkari gisa interpretatzen ez dugunean) erabil daitezke:
-
a. Lan hori norberak egin behar du.
-
b. Norberaren lana da gehien balioetsiko dena.
Aurrekari hori badenean, orduan nor bere, nork bere, nori bere, nahiz bakoitza bere, bakoitzak bere, bakoitzari bere erabiltzea hobe dela dirudi:
-
a. Nor bere mahaian eseri z(ir)en. / Bakoitza bere mahaian eseri z(ir)en.
-
b. Nork bere lanak egin ditzala. / bakoitzak bere lanak egin ditzala.
6.6 Determinatzaile zehaztugabeak
Determinatzaile batzuk zehaztugabeak dira. Osatzen dituzten sintagmek erreferentzia zehaztugabea izaten dute, mugagabea. Horregatik deitzen ditugu, hain zuzen, ‘zehaztugabe’:
-
a. [Inor] ez al da bizi etxe honetan?
-
b. [Zein etxe] da gehien atsegin duzuna?
-
c. Batzuk, pittin bat edanez gero, [edozein astakeria] esateko gai dira.
Batzuk galde hitz soilak dira: nor, zein ... Hain zuzen, galderazko determinatzailea bera da, zehaztugabeetan zehaztugabeena. Besteak, berriz, galde hitz hauetatik atzizki edo aurrizkiren bat gehituz sortuak: inor, edozein, norbait, ...
Bi multzo nagusi bereiziko ditugu, hortaz, morfologiaren ikuspegitik zerikusia duten formak elkarrekin ezarriz. Hemen determinatzaileak bakarrik jasoko ditugu. Beste galde hitz batzuk ere badira euskaraz eta baita hauetatik eratorritako “zehaztugabeak” ere: zenbat galde hitza eta honetatik eratorriak hor dira (zenbat-gura, zenbat-nahi, edozenbat) eta baita non, noiz, nola eta antzeko adberbioak ere eta hauetatik eratorritako zehaztugabeak (edonon, nolanahi, nolabait, zelanbait…).
Hauetako batzuk determinatzaile iragankorrak direla esan daiteke, hots, osagarritzat IS bat edo hartzen dute. Bereziki zein-en lerrokoak ditugu holakoak: zein (zein irakasle), zenbait (zenbait nobela), zeinahi (zeinahi arazo), edozein (edzoein mukizu) eta ezein (ezein aldetatik).
Nor eta zer lerrokoak, berriz, iragangaitzak dira gehienbat, izenordainak, hortaz. Beraz, pertsona izenordainak determinatzaile kategoriakoak badira, zehaztugabeko hauek ere hala izango dira, izenordainak izan nahiz determinatzaile garbiak.
Hala ere, arazo bat bada hemen. Pertsona izenordainak determinatzailetzat hartzeko eman izan den argudioetako bat da ez izenlagunik ez adjektiborik onartzea. Baina hemengo determinatzaile zehaztugabe hauek, izenordain izanda ere, badirudi askatasun handiagoa dutela inguruan izenlagunak edo adjektiboak hartzeko:
-
a. [Norbait jatorra] behar dugu talderako.
-
b. [Bilboko inor] etorri al da?
-
c. [Zerbait berria] entzun diot azkenean.
-
d. Artikulu horretan ez duzu [ezer patxadazkorik] aurkituko.
Perpaus erlatiboak ere onartzen dituzte:
-
a. [Makina hau erabiltzen dakien norbait] behar dugu.
-
b. [Horrelako gauzak egiteko gai den inori] ez zaio sinistu behar.
Honek izenlagundun edo erlatibodun sintagma hauen egitura zein ote den galdarazi behar liguke, ez besterik. Zeren, erakusleak determinatzaile izanik ere, izenordain direnean (hots, iragangaitz direnean), onartzen dituzte direlako izenlagunak:
-
a. Bilboko hauek hobeak dira.
-
b. Pentsatzen ditudan hauek ez dira inon esateko.
Eta, funtsean, determinatzaile zehaztugabe hauek eta pertsona izenordain deitzen direnak klase desberdineko determinatzaileak direla esatera behartzen gaituzte. Azpikategoria desberdinekoak direla. Hain zuzen, norbait, inor, zerbait eta holakoak kuantifikatzaileak dira: ‘norbait jatorra’ diogunean, interpreta liteke ‘jatorrak direnen artetik norbait’. ‘Ni’ diogunean, berriz, holako interpretaziorik ez da. Sailkapen arazoak ditugu, hortaz.
6.6.1 Galderazko determinatzaileak
Galderazko determinatzaileak galde hitzak dira. Galderak egiteko baliatzen ditugu. Batzuk izenordain peto-petoak dira, alegia, ez dute inolako osagarririk onartzen eta, beraz, iragangaitzak direla esan dezakegu. Beste batzuk, berriz, osagarriarekin nahiz gabe ager daitezke.
● nor / zein
Nor izenordaina pertsonez galdetzeko erabiltzen dugu. Beraz, honako tasun hauek izango lituzke hiztegian:
-
Nor: [+D; -zehatz; +gald; +perts.]
Bestalde, izenordaina dela esango dugu, ez baitu osagarririk onartzen. Hala ere, Bilboko nork esan dizu? bezalakoak zilegi dira. Beraz, hemen ere, arazotxo bat. Eta, beharbada, beste arazotxo bat ere bai nor arraio, nor deabru eta antzeko esamoldeekin.
Numero zehaztapenaren aldetik ere normalean zehaztugabea izango da, eta, horrenbestez, aditzak singularrean egingo du komunztadura, baina pluraltzat ere har daiteke. Zeren zilegi da aditzaren komunztadura pluralean egitea:
-
a. Nor etorri da? / b. Nor etorri dira?
-
b. Nor da ene ama, eta nor dirade ene anaieak? (Lç Mt 12,48)
-
c. Nor ziran profetak? (Ubillos, Kristau berri-ekarlea, 48)
Aditza singularrean doanean, ez du esan nahi benetan singularreko erreferente bat daukagula atzean. Kasu horretan zehaztugabea dela esango dugu, nor etorri da? galdetzen duenak ez baitu gogoan pertsona bakarra ala gehiago etorri diren. Ostera, pluralean jartzen dugunean, orduan bai, orduan galdera egiten duenak uste du bat baino gehiago etorri direla.
Bestalde, nortzuk eta zeintzuk ere hor ditugu, batez ere bizkaieraz. Hemen argi egiten da bereizketa singularraren eta pluralaren artean.23
Nor-en ordez, euskaldun askok, zein erabiltzen dute:
-
Norekin etorri zara bart? / Zeinekin etorri zara bart?
Kasu honetan nor-en ezaugarri berberak izango ditu zein-ek hiztegian. Beraz, biak izenordain.
Hala ere, nor-ek ez bezala, iragankor nahiz iragangaitz gisa lan egin dezake zein-ek:
-
[zein [etxe] DS] aukeratu duzu? / [zein DS] aukeratu duzu?
Nor, berez, galde hitza bada ere, beste adiera batean ere erabiltzen da, nor izan aditzaren osagai gisa. Honek gai izan, gauza izan eta abarren esanahi bera du, eta batez ere, ezezko eta baldintzazkoetan erabiltzen da:
-
Alkatea ez da nor guri sakrifizio hori eskatzeko.
Gainera, nor izan aditz konplexu honek osagarri gisa helburuzko perpausa eskatzen du, -t(z)eko, alegia:24
-
Ni ez naiz nor zuri laguntzeko.
Pentsatzekoa da, nolanahi ere, aditz honen jatorrian benetako nor galde hitza dugula, honako perpaus pare honek erakusten duen bezala:
-
A: – Zu nor zara, niri kontuak eskatzeko?
-
B: – Ni ez naiz nor kontuak eskatzeko, baina bai hemengo txukuntasunaren arduraduna.
Bi perpausak erlazionatuta daudela ematen du. Hala ere, lehenbizikoa benetako galderazkoa da eta nor ere galde hitza da. Bigarrenean, berriz, nor izan aditza da, galderaren kutsurik inon ez dela.
● zer
Hau dugu pertsona ez direnez galdetzeko erabiltzen dugun galde izenordaina.
-
Zer erantzun dizu maisuak?
Hemen zer inolako osagarririk gabe ageri da, hots: izenordain deitzen dugun horietako gisa.
Baina osagarriarekin ere ager daiteke determinatzaile soil gisa. Orduan, sintagmaren ezkerraldean kokatzen da:
-
a. Zer ordu da?
-
b. Zer liburu mota duzu maiteen?
Gainerakoan, beste determinatzaile batzuen jokabide bera du. Beraz, hiztegian, besteak beste, honako hau esango zaigu: D dela, osagarri gisa IS izan dezakeela edo osagarririk gabe ere joan daitekeela. Gainera, zer gune duen ere esango digu, osagarriaren ezker aldean kokatzen dela hain zuzen. Honelatsu markatua emango genezake:
-
Zer: [+D; +galderazko; -zehatz; -perts.; +/__ IS ]
Alegia, (188a)n ez bezala, (188b)n, zer-ek izen sintagma bat darama osagarritzat. (188a)n zer izenordaina aski da sintagma osatzeko. Horregatik da, hain zuzen, izenordain. (188b)n, berriz, IS bat ageri da determinatzailearen eskuin aldean, osagarri gisa.
● zer / zein, harridurazko perpausetan
Zer eta zein harridurazko perpausetan ere erabil daitezke. Harridurak eta galderak badute zerikusirik, perpaus hauen sintaxiak agerian jartzen duen bezala. Esaterako, bai zehargalderek, bai harridurazkoek, forma bereko determinatzaileaz gainera –zer, zein–, biek konplementatzaile gisa -en atzizkia eskatzen dute aditzari itsatsia:
-
a. Zein ederra den egunsentia Arraba gainean!
-
b. Zer gauza polita erregalatu dizuten!
-
c. Zer ordutan etorriko naizen ez dakit.
Bestalde, ohartu behar dugu harridura maiz nolakotasunari buruzkoa izan ohi dela. Horregatik, adjektibo bat agertzea izaten da ohikoa: zein ederra, zer gauza polita… Adjektiborik ezean, normalago da nolako/zelako galde hitzaz baliatzea:
-
a. ?Zer zaldiak ikusi ditugun!
-
b. Nolako zaldiak ikusi ditugun! / Zelako gezurrak esaten dituen!
● zera
Nor, zer, zein determinatzaile zehaztugabetzat hartu ditugu. Hortaz, beste determinatzailerik ez dugu izango inguruan. Baina, orduan, zer da zera (<zer + -a)?
-
a. Zera ahaztu zait, diru zorroa.
-
b. Zer txar bat aurkitu zioten.
-
c. Bai, zera!
Maiz, esaldian, kataforiko gisa ere erabiltzen da, gero esango dena nolabait aurreratu eta laburbildu nahi denean, batez ere ahozko hizkeran:
-
Zera galdetu nahi dizut: ea igandean libre zauden.
Garbi dago hemen zera [gauza bat] edo [honako kontu hau] sintagmen pareko dela, denak ere DS. Baina kasu honetan [zer] izen kategoriakotzat eman beharko dugu eta [-a], berriz, mugatzailetzat. Pluralean ere eman daiteke:
-
Zerak ahaztu zitzaizkidan. ( [[zer IS] -ak DS])
Baina adjektibo edo aditz ere izan daiteke:
-
a. Etxe zer bat erosi du nire arrebak. (cf. Etxe misteriotsu bat)
-
b. Etxe hori erabat zertua dago. (cf. Etxe hori erabat hondatua dago)
Adibide hauetako zer honek jatorrizkotik gordetzen duen ia gauza bakarra bere zehazgabetasuna da. Horrexegatik erabiltzen dugu zernahitarako, berba egokia eta zehatza ahora ez datorkigunean. Eta horregatik saiatzen gara gero zehazten:
-
Etxe zer bat erosi du nire arrebak, ardi txabola bat.
Dena dela, esamolde hauek ahozko hizkerakoak dira bereziki. Idatzirako ez hainbeste. Esaterako, kataforiko deitu dugun horren ordezko dotoreagorik edo bada: honako hau, hau, ondorengo hau…
-
Josebak (honako) hau galdetu zidan, (alegia), zenbat diru behar zuen atera bankutik.
6.6.2 Galderazko ez diren determinatzaile zehaztugabeak
Badira, halaber, galde hitzetatik eratorriak izanik ere, zehaztugabe eta ez-galderazko diren determinatzaileak.
● norbait / nor edo nor
Hauek ere, oinarrian duten galde izenordaina bezala, pertsonazkoak dira:
-
norbait/nor edo nor: [+D; -zehatz; +perts; -/IS__ ]
Zehazki nor den esan gabe utzi nahi den pertsona bat aipatzeko erabiltzen dira. Zehaztugabeak dira, horrenbestez. Bi esamoldeak baliokideak dira:
-
Norbait dabil zure gelan = nor edo nor dabil zure gelan.
Izenordain dira beti. Hortaz, ez dute osagarririk onartzen:
-
*Dendari norbait etorri da. / *Norbait dendari etorri da
Baina izenlagunak, adjektiboak, perpaus erlatiboak, eta beste elementua onartzen dituzte:
-
a. [Ongi ezagutzen zaituen {norbaitek/nor edo nork}DS] kontatu zidan.
-
b. [{Norbait/nor edo nor} handia DS] etorri dela ematen du.
-
c. Lan hori [beste {norbaitek/nor edo nork} DS] egin dezala.
● zerbait / zer edo zer
Izenordain hauek pertsona ez direnak aipatzeko balio dute. Zehaztugabeak dira hauek ere. zerbait eta zer edo zer erabat baliokide dira. Oraingoan, hauek izango dira, grosso modo, hiztegian izango lituzketen tasunak:
-
zerbait/zer edo zer: [+D, -zehatz, -perts, -/IS__]
-
Zerbait esango nizuke = zer edo zer esango nizuke .
Batez ere ezezko ez diren perpausetan erabiltzen dira. Positiboak dira, nolabait, ezer eta kidekoak ez bezala.
Hauek ere adjektiboak, erlatiboak eta beste elementua onartzen dituzte:
-
a. [{Zerbait / zer edo zer} merkea] erosiko nuke.
-
b. [Jan dudan zerbaitek] kalte egin didala uste dut.
-
c. Zuk [beste {zerbait/zer edo zer}] eska zenezake.
Hemen dugun arazoa da zerbait merkea bezalakoetan zer egitura daukagun. Zerbait determinatzailea bada, -a ere hala da. Horrenbestez, bi determinatzailerekin aritu behar dugu? Bestalde, corpusek erakusten dutenez, Iparraldean zerbait berri/zerbait on(ik) nagusi den bitartean, Hegoaldeko joera argia zerbait berria/zerbait ona da. Arazo bat, nolanahi ere. Beharbada, holakoetan bi sintagma ditugu aposizioan. Baina ez da segurua.
● edonor, edozein, edozer
Hauek ere determinatzaile zehaztugabeak ditugu. Honako ezaugarri hauek izango dituzte:
-
edonor: [+D; -zehatz; +perts; -/__IS]
-
edozein: [+D, -zehatz, ± perts, ±/__IS]
-
edozer: [+D, -zehatz, —perts, ±/__IS]
-
a. Edonork idatz zezakeen gutun hura. / *edonor haurrek idatz zezakeen gutun hura. (Beraz, iragangaitz)
-
b. Edozeinek ekarriko dizu liburua / Edozein saltzailek ekarriko dizu liburua. (iragankor nahiz iragangaitz)
-
c. Horiek edozer erantzuten dizute / Horiek edozer gauza erantzuten dizute. (Hemen ere, iragankor nahiz iragangaitz).
Esanahiari dagokionez, sail honetako izenordainek, edo aurrizkiari esker, halako aukera edo disjuntzio bat adierazten dute. Edonor-ek esan nahi du, gutxi gorabehera, honelako zerbait: honek edo beste batek.
● nornahi, zernahi, zeinahi
Hauek ere zehaztugabeak dira eta aurrekoen erabat baliokide dira eta haiek bezala, aukera bat adierazten dute.
-
nornahi: [+D; -zehatz; +perts; -/__IS] (Horrelako autorik ez du nornahik erosten)
zeinahi: [+D; -zehatz; ± perts; ±/__IS] (Zeinahi euskaldunek gogoz irakurtzeko moduko liburu bat idatzi du Iñakik)
zernahi: [+D; -zehatz; -perts; ±/__IS] (Zernahi eros dezakezu denda horretan)
-nahi-ren ezkerretara doana -n-z, -t-z edo -k-z amaitzen bada, zilegi da bi osagaiak marratxo bat tartean dutela idaztea. Beraz: zeinahi, zenbatnahi, norknahi, nahiz zein-nahi, zenbat-nahi, nork-nahi.
● inor, ezer, ezein
Izenordain zehaztugabe hauek ere nor, zer eta zein galde izenordainen gainean eraikiak ditugu. Hauen ezaugarriak honako hauek izango dira:
-
inor: [+D; -zehatz; +perts; -/__IS, +ezezko pol.]
-
ezer: [+D; -zehatz; ± perts; ±/__IS, +ezezko pol.]
-
ezein: [+D; -zehatz; ± perts; ±/__IS; +ezezko pol.]
Determinatzaile hauek badute aurrekoek ez duten ezaugarri garrantzizko bat: inor, ezer eta ezein testuinguru berezietan erabiltzen dira, orohar, ezezko testuinguruetan edo zehazkiago esanda, baiezko testuinguruetatik kanpo. Ezezko polaritatea25 dute:
-
a. Inor ez da ausartu ezer esatera.
-
b. Inorekin ez dut hitz egin horretaz.
-
c. Ezerk ez du izutzen haur hori.
Baina ezezkako testuinguruetan ez ezik, baldintzazkoetan, galderazkoetan eta konparaziozkoetan ager daitezke, adibidez:
-
a. Inor ikusi al duzu?
-
b. Ezer baino lehen, ura edan behar dut.
-
c. Ezer erosi nahi baduzu, esan iezadazu, mesedez.
Inor baiezko testuinguruetan ere erabil daiteke, hala ere:
-
a. Errua beti inori botatzea erraza da (= Errua beti besteri botatzea erraza da)
-
b. Inor beti lohi, norbera garbi. (= Besteak beti lohi, norbera garbi)
Ezein berezia da, hala ere. Batetik, Euskaltzaindiaren (1991-2015) Hiztegi Batuak forma jasotzat ematen du. Eta bestetik, determinatzaile iragankorra da, hots, beti izen (sintagma) bat osagarritzat duela erabiliko da. Eta determinatzaile zehaztugabeei dagokienez, ez du bestelako mugatzailerik onartuko inguruan:
-
a. Ezein gizoni ez zaio gertatu (Hiztegi Batua)
-
b. Ezein reputazione bage (Etxepare)
-
c. Ezein mudantzarik gabe (Etxeberri Ziburukoa)
-
d. Ezein botererik ez du (Etxepare)
Hizkuntza jasoko forma dela esaten digu Euskaltzaindiak. Arrunki, bestelako itzulinguruez baliatzen gara: inongo, inolako, batere ...:26
-
a. Ez dauka beldurrik inongo aldetik.
-
b. Inolako eragozpenik gabe egin zuen.
-
c. Gizon bati (berari) ere ez zaio gertatu.
● inor / ezer vs. norbait / zerbait
Inor/ezer batez ere ezezko testuinguruetan ager daitezkeela esan dugu. Aldiz, norbait/zerbait, batez ere, ezezko ez diren perpausetan erabiltzen direla. Hala ere, ezezko testuinguruetan norbait/zerbait saileko izenordainak ere ager daitezke. Nolanahi ere, norbait eta inor ez dira trukagarri:
-
a. Norbait ez da etorri bilerara ≠ Inor ez da etorri bilerara
-
b. Zerbait ez dut probatu oraindik ≠ Ezer ez dut probatu oraindik
-
c. Norbaitek ikusi al zaitu? ≠ Inork ikusi al zaitu?
-
eta abar.
Inor/ezer sailekoak eta norbait/zerbait sailekoak, hortaz, ez dira baliokideak. Goiko adibideei erreparatzen badiegu, ohartuko gara norbait/zerbait sailekoak inor/ezer sailekoak baino baiezkoago edo, direla. Ikus honako adibide hau, non guztiz nabarmen gertatzen den bien arteko kontraste garbia:
-
a. Auto honetan zerbait ez dabil ongi.
-
b. Auto honetan ezer ez dabil ongi.
(215a) eta (215b) perpausak ez dira elkarren ordain. Lehenbizikoa era honetara parafrasea liteke: “Auto honetan bada zerbait ongi ez dabilena”. Bigarrena, berriz, era honetara: “Auto honetan ez da ezer ongi dabilenik”. Edo beste modu batera: lehenbizikoan, ‘bada x bat. x hori ez dabil ondo’. Bestean, berriz, ‘ez da x-rik auto honetan. x ongi dabil’. Beraz, zeharo esanahi desberdina. Ezeztapenak zer besarkatzen duen da hemen kontua.
Inor eta ezer ezezko testuinguruetan ibiltzen badira gustura, testuinguru hori agerian jarri behar da perpausa erabat murriztua dagoenean ere. Adibidez:
-
Nork nahi du kafesnea?
Galdera honi perpaus oso batekin erantzun dakioke edo aditza isilpean utziz, beti ere ezeztapenaren marka (ez) agerian emanaz:
-
a. Inork ez du nahi kafesnerik.
-
b. Inork ez. /*Inork.
Hortaz, erantzun murritz horietan, beti inor ez, ezer ez, eta abar erabiltzen da, ezeztapen marka ongi aditzera emanez. Alegia, ‘inor gabe’ esan beharrean, *inor erantzutea bururatuko ez litzaigukeen bezala, ‘inor ez’ esateko ere ez litzaiguke burutik pasatu beharko *inor esatea.
● ezer / deus
ezer eta deus baliokide dira eta testuinguru beretan ager daitezke:
-
a. Ezer ez dit esan = Ez dit deus esan
-
b. Ezerk ez dio axola = Ez dio deusek axola.
-
c. Ezer berririk ez dakar egunkariak = deus berririk ez dakar egunkariak.
-
d. Ezer gutxi esan diezazuket = deus gutxi esan diezazuket.
Inor, ezer eta holakoek ezezkako elementuren baten ‘babesean’ edo agertu behar dute. Gure kasuan gabe, ez, baldintzazko edo galderazko perpaus bat beharko dugu izenordain hauei leku egiteko.
Ezer eta deus baliokide direla esan badugu ere, morfologiaz desberdinak dira: ezer-ek zer galde hitzarekin duen erlazioa bistan dago. Holakorik ez dugu deus-ekin. Bestalde, deus partitiboan ere erabiltzen da:
-
Ez zekien deusik horretaz,
Horrenbestez, -ik partitiboa determinatzaile kategoriakoa bada, deusik bi determinatzailez osatua egongo litzateke: deus + -ik. Hori askotxo denez, beharbada, pentsatu beharko da deus hori egiazko determinatzaile barik, izen kategoriakoa edo dela.
● inor ere / ezer ere
Sail honetako izenordainak, maiz, beren ezezkotasuna areagotzeko edo, ere lagun dutela erabiltzen ditugu:
-
a. Gizon horrek ezer ere ez daki gure arazoaz.
-
b. Inork ere ez du deitu gaur goizean.
-
c. Deus ere ez ziola esan uste dut.
Testuinguru honetan, sarritan, -txo atzizkiaz markatua agertzen zaigu izenordain zehaztugabea:
-
a. Gizon horrek ezertxo ere ez daki gure arazoaz.
-
b. Inortxok ere ez du deitu gaur goizean.
Enfasia emateko modu bat da. Hiztegi Batuan adierazkorra dela esaten zaigu.
● inor / ezer, bestelako adjektibo, zenbatzaile eta izenlagunekin
Beste elementuarekin batera oso normala da inor eta ezer agertzea:
-
a. Hemen [beste inor] ez da bizi.
-
b. [Beste ezer] ez dut behar oraingoz.
-
c. Inor besterik ez zen ezagun etxe guztian.
-
d. Alde guztietara begiratu zuten, baina Jesus, besterik iñor ez zuten ikusi.
-
e. Noren zara beldur? Ez nehoren bertzeren, zeure buruaren (Axular, Gero 282)
Hemen adibide guztiak elkarren parean eman ditugu, baina corpusek ematen diguten informazioaren arabera, beste {ezer/inor} hurrenkera da, alde handiz, erabiliena.
Gehiago, asko, gutxi bezalako zenbatzaileekin batera ere arrunta da:
-
a.Inor gutxik sinistuko dizu hori.
-
b. Lan egiteko inor gutxi eta mahaian ezin kabitu. (Txirrita)
-
c. Ez zebilen inor askorik kalean.
-
d. Ez da inor gehiago sartuko.
Perpaus erlatiboarekin ere ikusiko ditugu maiz:
-
a. [Enpresakoa ez den inori] ez diote sartzen uzten.
-
b. [Behar ez duzun ezer] ez ezazu eros.
Erlatibozko egitura hauek, sintagma absolutiboa denean (‘nor’ alegia) bitan zatitzea oso arrunta da, nolabaiteko aposizioa sortuz:
-
[Inor] ezin da hemen sartu [enpresakoa ez denik].
-
(cf. [Norbait] sartu da [enpresakoa ez dena])
Ohartu, bide batez, inor-en aposatua partitiboan doala, norbait-ena, ez bezala. Izan ere, partitiboa ezezko polaritatedun elementua da.
6.6.3 Determinatzaile zehaztugabeen kokagunea
Determinatzaile hauek, iragankorrak direnean, izen sintagmaren ezkerreko kokagunea hartzen dute, gehienetan.
-
a. Zein etxe erosi dute?
-
b. Edozein lapitz urdin erabil dezakezu
-
c. Pittin bat edanez gero, batzuek edozer gauza esaten dizute.
Zenbait-ek bi kokaguneak onartzen ditu:
-
{Zenbait poema / poema zenbait} idatzi zituen gaztetan gure gizonak.
Dena dela, lehenbiziko hurrenkera da ohikoena.
6.6.4 Determinatzaile zehaztugabeak, mugatzaileak eta zenbatzaileak
Determinatzaile zehaztugabeak ezin dira mugatzailearekin batera agertu:
-
a. *Edozein liburua hartu eta irakurri./ Edozein liburu hartu eta irakurri.
-
b. *Zer liburuak erosi dituzu? / Zer liburu erosi dituzu?27
Horrenbestez, determinatzaile zehaztugabe hauek dituzten sintagmak mugagabeak direnez, kasu markak eta postposizioak hartzean, mugagabe gisa jokatuko dute.
-
a. Edozein etxek (< [[edozein etxe] -k]) / edozeinek ([[edozein] -k])
-
b. Zenbait etxetan (< [[zenbait etxe] –ta- n]) / zenbaitetan (<[[zenbait] -ta- n]