9. Adposizioa eta adposizio sintagma

Egilea

Patxi Goenaga

Editorea

Beatriz Fernández

Aipamena

Goenaga, Patxi. 2022. Adposizioa eta adposizio sintagma. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua. https://doi.org/10.1387/9788413193618.9

Laburpena

Kapitulu honetan burutzat adposizioa ‘itsatsia’ duten sintagmak aurkeztuko ditugu. Ohiko gramatiketan postposizio sintagmak direla esaten da. Etxe horretan, zuregatik, eta holakoak [DS + adposizioa AdpS] gisa osatuak dira: [[etxe hori ds] -ta-n AdpS]; [[zu-re- ds] -gatik AdpS].

Bi multzo bereiziko dira: leku-denborazkoak eta leku-denborazko ez direnak.

a) Leku-denborazko adposizioen multzoa -n inesiboak, -tik ablatiboak, -ra/ -raino/ -rantz/ -(ra)ko adlatiboak sartuko ditugu. Eskema honetan -ko adposizioari ere egingo diogu leku eta zer estatus duen ere eztabaidatuko dugu. Leku-denborazkoen multzoan kokatu behar dira, halaber, -ga- adposizioaren gainean eraikitakoak: ama-(ren)-ga-n, ama-(ren)-ga-n-dik, ama-(ren)-ga-n-di-ko…

b) Leku-denborazko ez diren AdpSek burutzat honako beste adposizio hauek dituzte: -z instrumentala, -gatik kausazkoa, -kin soziatiboa eta -tzat (destinatiboa/ prolatiboa).

Hemen ere, zenbaitetan, DSren eta adposizioaren artean genitiboaren marka agertuko zaigu: ama-ren-gatik, ama-ren-tzat, ama-re-kin...

Adposizio hauek DSri, itsatsiak ‘adposatuak’ ageri ohi dira sintagmaren azken osagaiari itsatsiak. Euskara hizkuntza eranskaria izaki, adposizioak elkarren gainean pila daitezke, gero eta AdpS konplexuagoak sortuz: [etxe horr-e-ta-ra] > [[etxe horr-eta-ra]-ino] > [etxe horr-eta- ra-ino-ko] bezala, [zure-ga-n] > [zure-ga-n-a] > [zure-ga-n-a-ino] > [zure-ga-n-a-ino-ko] > [zure-ga-n-a-ino-ko-tik]… Genitiboa gorabehera, adposizioak bere lekuan segituko du sintagmaren buru gisa, eskuinaldean: amaren-ga-n, amare-ki-n… Etxea-n sintagman bezalaxe, hain zuzen.

AdpS bakoitzean, sintagmaren osaeraz aparte, funtzio sintaktikoari eta esanahiari erreparatuko diogu.

Adposizio ‘askeen’ bidez (alde, artean, bidez, buruz, gainean, kontra, ondoan, zehar…) gauzatzen diren egitura konplexuagoetara iritsiko gara azkenean: gure etxearen ondo-an, gure aurre-ra…; zuri buru-z, mendian go-ra, itsasoan zehar… Hauek ere adposizioak direla aldarrikatuko dugu. Hemen ere leku-denborazkoak edo bestelakoak izan daitezke.

9.1 Adposizio Sintagmaren izaera

Adposizio sintagma (AdpS) adposizioa ardatz duen sintagma da, Izen Sintagmak (IS) izena ardatz duen bezala, edo Aditz Sintagmak (AS) aditza duen bezala, esaterako. Baso horretan, egun guztietan edo datorren igandean sintagmak hartzen baditugu, konplexuak direla esango dugu: denek buru gisa, eskuin aldean -n adposizioa daramate: datorren igande-an; baso horr-e-ta-n; egun guzti-e-ta-n; egunsenti-an.

Adposizio deitzen diogu sintagma hauen buruari, -n-ri alegia. Euskararen kasuan postposizio ere dei genitzake, beste hizkuntza batzuetan horien baliokideei preposizio deitzen zaien bezala. Hiru horietan orokorrena adposizio deitura da, pre-posizioentzat nahiz post-posizioentzat balio baitu. --n adposizioa darabilgunean, batzuetan denbora kokagune bati gagozkio (datorren igande-an, egun guztie-ta-n). Beste batzuetan lekuaz ari gaitezke: baso horre-ta-n edo baserri-an diogunean bezala.

Sintagma horiek guztiek leku/denbora (non/noiz) adiera dute. Baina zerk ematen die sintagma horiei ‘kokapen’ balio hori? Norbaitek pentsa lezake, agian, ‘basoa’ leku bat denez, baso izenari zor zaiola lekuzko balio hori. Baina ez: Iratiko basoaz mintzo da diogunean, adibidez, ez gara ‘kokapenaz’ ari, solasaren ‘gaiaz’ baizik: non mintzatu ez, zertaz mintzatu. Hortaz, Iratiko basoan sintagma darabilgunean kokapenaz ari bagara, adiera hori ez zaio zor baso izenari, -n adposizioari baizik. -n adposizoa da batean ‘kokagune’ adieraren ‘erantzule’ eta -z adposizioak, berriz, ‘solasaren gaia’ adierazten du. Datorren igandean diogunean ere kokapena adierazten dugu: asteko egun batean, igandean. Noiz galderari erantzun nahian, igandean hautatzen badugu eta ez igandera, zerbaitegatik da: bietan igandea dugu mintzagai, baina inesiboa behar dugu NOIZ galdera balizkoari erantzun nahi badiogu. Aldiz, ekitaldi bat egunez aldatu badugu, adibidez, eta hori adierazi nahi badugu, ekitaldia igandera pasatu dute edo esan beharko dugu. Adposizioak, sintagmaren ardatz delako hain zuzen, ematen die basoan eta baso horretan sintagmei edo igandean-i ‘kokapen’ adiera. Maristetan egin zituen ikasketak diogunean ere, kokapenaz ari gara, maristak, berez, leku izen ez diren arren. Berdin, gauzak ondo gogoratzen ez eta zerean ikusi zuen esaten badugu, nekez eman dezake zera horrek kokagune ideia, ‘zera’ edozer izan baitaiteke. Hemen kokagune batez ari gara, egia, baina kokagune hori adierazten diguna -n adposizioa da, inesiboaren marka alegia. Hau da ikasketak ‘nonbait’ egin zituela adierazten diguna ere. Hortaz, bai basoan, baso horretan, igandean, maristetan, zerean… sintagmek ideia bera ematen ahal dute aditzera, eta hori ziurtatzen diguna inesibo marka da, -n alegia. Han (<har-n) hitza bera ere inesiboa da berez, -n marka eta guzti. Hor esango bagenu ere, gauza bera, agerian -n inesiboaren marka morfologikorik ez izan arren.

Edo zerk ematen die ‘jatorri’ adiera handik/ menditik/ zeretik/ maristetatik… sintagmei? Edo ‘helmuga’ ideia hara, mendira, mendiraino, mendirantz, kokoteraino, zerera, zereraino, zererantz… sintagmei? Sintagmaren buruan ageri diren adposizioei zor zaie informazio hori:

(1)
  • Egunsenti-a-n ≠ egunsentia -z ≠ egunsenti-ra ≠ egunsenti-raino ≠ egunsenti-tik ≠ egunsentia-rentzat

Egunsentia zer den baldin badakigu, (1)eko adibideetan, adposizioak eskaintzen digun informazioa desberdina da kasu bakoitzean, egunsenti beraz jardun arren. Eta, alderantziz, egunsenti-a-n/ baso-a-n/ kale-a-n/ etxe-a-n/ lurr-e-an… hitzek denotazio desberdina dute, noski, baina funtsezko adiera ‘kokagune’ bat da: ‘nonbait’ edo ‘noizpait’ adierazten dute guztiek eta -n inesiboan bilatu behar da horren arrazoia.

● Adberbioak eta adposizio sintagmak

Aste honetan, basoan edo zure ondoAn sintagmak AdpS direla onartzeko arazorik ez da, ageri-agerian baitaukagu denetan -N adposizioa. Baina berriz, bihar, gero, han, hementxe… bezalakoak zer dira? Zein da sintagmon burua oraingoan? Ha-n eta heme-n-txe-ren kasuan lehengo adposizio bera dugula dirudi: -n inesiboa. Hortaz, hauek ere noizpait AdpS ziratekeen, nahiz eta gaur, osaera gorabehera, adberbiotzat hartzen ditugun, adberbio soiltzat, hor, etzi, bihar… bezalaxe. Hola markatuak ageri dira gure hiztegietan batzuk eta besteak, inesibo marka gorabehera. Pentsa liteke, hala ere, ‘barnean’ daramatela inesiboa. Edo nahiago bada, esan genezake kasu honetan inesiboa ø dela. Hau onartuz gero, adberbiotzat eman ohi diren hauek ere AdpS direla proposa liteke.

● Adposizio sintagmen osagarria

Kasu gehienetan, sintagma osatzeko, buruaz gainera, osagarri bat ere behar izaten da: igandean sintagma osatzeko, adibidez, -n adposizioak ‘ezkerrean’ igandea DS-a dauka itsatsirik: [[igandea DS] [-n Adp] AdpS] > igandean. Eta berdin, [[basoa DS] [-n Adp] AdpS] > basoan edo [[aste hon-] [e-ta -n Adp] AdpS] > aste honetan.

Baina igandean / bilera horretan bezalakoen parean bihar / hor… sintagmak ere baditugu. Denak kategoria berekotzat har ote litezke? Batean -n adposizioaz gainera igandea eta bilera hori sintagmak ere hor ditugu -n-ren osagarri. Aldiz, bihar eta hor sintagmak hitz bakarraz osatuak daude. Gainera, ez dute -n markarik, hemen-ek edo han-ek duten bezala. Herri hartan eta han sintagmek elkarren antz handiagoa dute. Oraingoan diferentzia bakarra litzateke herri hartan AdpS ohikoa dela eta, aldiz, han, bere garaian AdpS arrunta edo izan bide zena ‘gramatikalizatu’ egin dela eta adberbio ‘soil’ bihurtu. Hots: herri hartan< [[herri har-ta- ds] [-n Adp] AdpS], baina han< [[har- ds] [-n Adp] AdpS].

Sintagmak burua ezinbestekoa duenez, onar liteke sintagma hauek buruaz bakarrik osatuak direla, osagarririk gabeak, alegia (2a), edo nahiago bada, (2b), non burua [ø] den, ‘isila’ edo ‘hutsa’:

(2)
  • a. [[{bihar/ beti/ gero/ hor(txe) …} Adp] AdpS]

  • b. [[{bihar/ beti/ gero/ hor(txe) …} ] [ø Adp] AdpS]

Han/ hemen bezalakoak ere, jatorria gorabehera, bihar, hor, gero… adberbioak berdin trata daitezke, osagarririk gabeak edo [ø] adposiziodunak.

Basoan/ igandean/ etxe honetan…, berriz, ohiko bidetik analizatuko genituzke:

(3)
  • a. [[etxe hon-e-ta ds] [-n Adp] AdpS]

  • b. [[{basoa/ igandea... } ds] [-n Adp] AdpS]

-n (inesiboa), -ra (adlatiboa), -z (instrumentala) eta gainerakoak ere adposiziotzat hartu ditugu. Hauek ‘atzizkiak’ direla onartu dugu eta, horrenbestez, osagarri bati itsatsiak ageri dira nahitaez: mendia-n, mendia-z, Afrika-tik, etxe-ra... :

(4)
  • [[{mendia / Afrika / etxe(a)...} DS] [{-n / -z / -ra}Adp] AdpS]

Beste adposizio batzuek, ordea, (atzera, berriz, beti, buruz, gainera, gero, ondoren…) morfema aske gisa lan egiten ahal dute:

(5)
  • a. Gero etorriko naiz.

  • b. Buruz ikasiko dut.

  • c. Berriz esango dizut.

Hauetariko batzuk, osagarririk gabe erabiltzen ahal dira, baina baita ezkerrean osagarri bat dutela ere. Adibidez:

(6)
  • a. Igandeaz gero ez dut ikusi.

  • b. Maixu-maixtrei buruz gaizki esaka dabil.

  • c. Mendian gora doaz.

  • d. Emakume horiez gainera, beste batzuk ere ikusi ditugu.

Sintagmaren osaera gorabehera, denek modu berean lan egiten dute.

Hiru aukera ditugu, beraz: buruz, gainera edo ondoan bezalakoak, berez, konplexuak dira, baina hemen adposiziotzat hartzen ditugu, oso-osorik, bere horretan. Hiztegietan ere berdin, baina, berez, ondo-a-n eta gain-e-ra sintagmak dira: burutzat -n inesibo marka edo -ra adlatiboarena daramate, etxe-a-n / etxe-ra AdpS-ek bezalaxe. Kontua da ondoan gramatikalizatu egin dela (Hualde & Ortiz de Urbina 2003) eta, oso-osorik, ‘ohiko’ adberbio (cf. ondoan geratu zen) edo adposizio bihurtua daukagula (cf. zuen ondoan bizi da), etxean ez bezala. Dena dela, badira, bestelako azterbideak proposatu dituztenak, hala nola, de Rijk (1990, 2008) eta Hualde (2003) leku edo kokapen izentzat hartu dituztenak (ik. baita Etxeberria 2020). Guk hemen ohiko bidetik jarraituko dugu. Hortaz, hiru aukera: a) hor/ beti/…; b) … ondoan/ … gainera/ gero …, osagarriarekin nahiz gabe erabil daitezkeenak: osagarriarekin bada, adposiziotzat hartuko ditugu, bestela, adberbiotzat; eta c) -n/ -tik/ -z… osagarridunak eta osagarri honi itsatsiak nahitaez.

a)

[[{beti/ inoiz/ hor/ hemen …} ] ø Adp] AdpS]

[{beti/ inoiz/ hor/ hemen …} Adp] AdpS]

hor dago

beti dabil berdin

b)

[(zure) [ondoan Adp] AdpS]

[(haurrez) [gainera Adp] AdpS]

(zure) ondoan dabil

(haurrez) gainera gurasoak ere bai

c) [[(gure) etxe(a) DS] [-n/ -tik/ -ra }Adp] AdpS] (gure) etxean daude

● Adberbio ala adposizio?

Hizkuntzalariek kategoria lexikoak eta funtzionalak bereizten dituzte. Kategoria lexiko deitzen direnek esanahia dute, erreferentziazkoak dira. Halakoak dira izena, aditza, adjektiboa eta adposizioa:

(7)
  • IZENA [+Izen, -Aditz] (etxe, neska, maltzurkeria...)

  • ADITZA [-Izen, +Aditz] (etor, ekar, jan, jaso…)

  • ADJEKTIBOA [+Izen, +Aditz] (handi, gozo, biribil, neketsu…)

  • ADPOSIZIOA [-Aditz, -Izen] (-k, -(r)i, -n, -ra, -ko, -gatik, -kin … gainera, kontra...)

Laukote hauxe eman izan da. Baina adposizioa zalantzan ibili da beti eta hizkuntzalari batzuek, adposizioaren (preposizioaren edo postposizioaren) ordez, adberbioa ezarri zuten laugarren kategoria lexiko gisa. Nolanahi ere, zenbaitek preposizioak eta adberbioak gauza bera direla aldarrikatu izan dute: ohiko preposizioak osagarridunak izango lirateke, ‘iragankorrak’ nolabait Ohiko adberbioak, berriz, preposizio ‘iragangaitzak’ lirateke, osagarririk gabe ager baitaitezke. Bidezko dirudi. Bestalde, euskarara begira, arrazoizkoa da -n, -tik, -z… etab. ere adposizioak direla onartzea, adposizio itsatsiak. Beraz:

(8)
  • a. Nor bizi da [etxe honetan AdpS]?/ Nor bizi da [hemen AdpS]?

  • b. [Datorren astean AdpS] joango naiz. / [Etzi AdpS] joango naiz.

  • c. [Poz handiarekin AdpS] jaso dut berria./ [{Pozik/ pozez/ pozarren} AdpS] jaso dut berria.

(8)n parentesi zuzenen artean eman ditugun osagaiek banaketa bera dute eta, horrenbestez, kategoria bereko direla esan genezake: AdpS hain zuzen. Sintagma honen burua, gorago esan bezala, adposizioa izango da, batzuetan osagarri bat duela eta besteetan osagarririk gabea Aditzetan edo determinatzaileetan iragankortasun kontzeptuaz baliatzea ohikoa da. Adposizioak ere, modu berean, iragangaitzak eta iragankorrak izan daitezkeela onartuta, [[etzi Adp] AdpS] eta [[hurrengo egun(-a)-DS] -ea-n AdpS] sintagmak kategoria berekotzat eman ahal izango ditugu. Aurten, beti, gero, pozik, gaizki… adibidez, inolako osagarririk gabe osatutako AdpS-ak izango dira:

(9)
  • Jende hori horrela ibiliko da [[{aurten / beti/ ...} Adp] AdpS]

Eta urte honetan sintagman, adibidez, -n adposizioa osagarriari adposatua doala esango genuke, horrela mintzatzea zilegi bada. Adposizio honek osagarri bat darama:

(10)
  • Haur hau urte honetan ez dabil gustura. ([[urte hon-e-ta-DS] [-n Adp] AdpS])

Horrenbestez, adposizio iragankorrak eta iragangaitzak badirela onartuz, adposizio (sintagma) soilen eta adposizio (sintagma) konplexuen artean dagoen antzekotasunaren eta aldearen berri modu koherente batean eman ahalko dugu.

Ordea, ondoren-ek edo gero-k adibidez, bietara lan egin lezakete, osagarriarekin nahiz gabe:

(11)
  • a. Deitu zuen eta {ondoren / gero... } tabernara joan ginen. ([[ondoren/gero/... Adp] AdpS])

  • b. Bileraren ondoren bazkaria izan genuen. ([[bileraren DS] [ondoren Adp] AdpS])

  • c. Atzoz gero, ez dut ikusi. ([[atzoz AdpS] [gero Adp] AdpS])

Ikuspegi honetatik, adposizio itsatsiak nahitaez iragankorrak izango dira: atzizki direnez, ezin ‘airean’ utzi, osagarririk gabe.

(12)
  • a. Basoan bizi zen. / *n bizi zen.

  • b. Elkarrekin zoriontsu izango gara. / *kin zoriontsu izango gara.

Ohiko adberbioak (beti, gero, hor, ongi…) AdpS taxua dutenekin (arratsalde-e-ta-n, leku horr-e-ta-n, modu egoki-an…) alderatzen baditugu, batzuek eta besteek antzera jokatzen dutela esan dezakegu, (13)eko adibideek agerian jartzen duten bezala:

(13)
  • a. {Gero/ gauean} eguraldiak hobera egin zuen. ([[gero Adp] AdpS]/ [[gaua ds] -n AdpS])

  • b. {Han/ zulo hartan} ezin zen bizi. ([[han Adb] AdpS]/ [zulo har-ta-DS] -n AdpS])

  • c. {Egoki/ era egokian} erantzun zigun. ([[egoki Adb] AdpS] / [era egokia -n AdpS])

Onartu ohi da (13)eko gero, han edo egoki adberbioak direla. Hiztegietan ere hala ikusiko ditugu, baina badira bestelako ikuspegiak ere (C. Fernández 2021). Bestalde, gauean, zulo hartan, era egokian sintagmak zer dira? Dena dela, batzuk zein besteak AdpStzat hartu ditugu hemen. Bestalde, bidezkoa al da han AdbS dela esatea eta, aldi berean, etxe ilun hartan edo arratsaldean AdpS? Izan ere, mota bereko sintagmak direla ematen du. Eta ez bakarrik pareko esanahia dutelako: banaketa ere bera. Adibidez: han daude/ etxe hartan daude; han-dik datoz/ leku harta-tik datoz; gero etorriko naiz/ arratsaldean etorriko naiz… Testuinguru berean ager daitezke, funtsean. Alegia, ‘ohiko adberbio’ deitu ditugunek eta adposizioz osatuek distribuzio bera dute, banaketa bera. Adibidez, -ko adposizioaren aurrean berdin jokatzen dute:

(14)
  • a. [[Hor AdpS] -ko] giroa ez da atsegina.

  • b. [[Zulo ilun horreta-(n) AdpS] -ko] bizimodua ez da atsegina.

Bestalde, juntadura gauzatzen denean ere, juntagaiak klase bereko izan ohi dira:

(15)
  • [[Hor AdpS] ala [beste etxe ilun horretan AdpS] AdpS] gelditu nahi duzu?

Hor eta etxe ilun horretan sintagmak ala juntagailuaren bidez juntatzeko arazorik ez bada, (15)k erakusten duen bezala, kategoria bereko direla pentsa genezake. Biak AdpS. Eta kategoria bereko badira ez da oso koherentea bati AdbS eta besteari AdpS deitzea. Horregatik, zuzenago dirudi, bihar, datorren igandean eta igandeaz gero, osaera gorabehera, kategoria berekotzat hartzea, denak AdpSak. Halaxe egingo dugu hemen analisiari dagokionez.

Bestalde, ergatiboak eta inesiboak ere pareko ematen dute, taxu bereko:

(16)
  • a. Eskola-K irakatsi zidan zailtasun-e-i aurre egiten

  • b. Eskola-N ikasi nuen zailtasun-ekin borrokatzen

Berez, (16a)ko -k ergatibo marka eta (16b)ko -n inesibo marka, biak dira DSari eskuinaldean itsatsitako atzizkiak. Hala ere, DS ergatiboa eta DS inesiboa desberdinak dira: ergatiboa egiturazko kasutzat ematen dugu eta -n inesiboarentzat, berriz, postposiziotzat.

● Adposizio konplexuak

Zure ondoan modukoak ere, AdpS dira. Esandakoaren arabera, sintagmok analizatzeko modua honako bi hauetako bat izan liteke: a) [[zure ondo DS] [-(a)n Adp] AdpS] sintagmaren burua inesiboa bera (-n) delarik, nahiz b) [[zure DS] [ondo-an Adp] AdpS], ondoan adposizioa burutzat harturik. Nolanahi ere, biak inesiboak dira eta, horrenbestez, biak AdpS-tzat hartzeko arazorik ez genuke izan behar. Beraz, hor, zulo horretan nahiz mendi gainean, zure ondoan etab. bezalakoak AdpS direla esan ahalko dugu. Berdin, artean, gero… eta neure artean, igandeaz gero, edo hemen zaudenez gero ere. Batzuk elementu bakarrez osatuak izan daitezke, besteak, konplexuagoak:

(17)
  • a. Gero etorriko naiz. ([gero AdpS])

  • b. Igandeaz gero eguraldiak hobera egingo du. ([[Igandeaz AdpS] gero AdpS])

(17a)ko gero adberbioak bere kasa AdpS osatzen du. Aldiz, (17b)ko gero osagaia ere AdpS konplexuago baten buru da: [[igandea DS] [-z Adp] gero Adp] AdpS] ).

Gure gramatiketan (ik. Lafitte 1944; Villasante 1978 beste batzuen artean) propio ‘postposizio’ deitzen zaie alde, aldean, buruz, erruz, gainean, inguruan, kontra, ondoan eta abarri:

(18)
  • a. Ikasleen alde bozkatzen du beti.

  • b. Arazo horren inguruan mintzatuko gara.

  • c. Etorkizunari buruz ez dute apusturik nahi.

Gure ikuspegitik, hauek ere AdpS-ak osatzen dituzte. Hala ere, hemen beste eztabaida bat sortzen da. Alegia, (18)ko adibideei erreparatzen badiegu, ikasleen alde sintagmaren burua alde dela onar genezake, ikasleen kontra sintagman, kontra litzatekeen bezala. Alde, berez izen bat dela pentsa daiteke kontra, ordea, ez. Alde-k ondoan baditu aldean, aldetik, aldera moduko formak ere: Ameriketa aldean ibili zen; honek zure aldean asko daki, erreka aldera jo zuen… Hauetan, sintagma konplexuago bateko elementua da alde eta honen izentasuna ere ageriagoa da. Hortaz, alde eta kontra adposiziotzat hartzeko arazorik ez dugu baina, aldera etab. analizatzeko orduan arazo gehiago izan genitzake: oso-osorik adposiziotzat har daitezke, edo bestela, alde-k bere izentasuna gordetzen duela aldarrikatu eta etxean, menditik, herrira sintagmen modura analizatu. Alde eta kontra adposiziotzat hartzea litzateke, ordea, sinpleena eta AdpS-ren buru izango lirateke: azken batean, gramatikalizatutako AdpS bat. Ingurua-n, esate baterako, AdpS inesiboa dela onartzeko ez dago arazorik, basoan edo lurrean diogunean bezalaxe, baina nolabait AdpS hori adposizio bihurturik ikusten dugu: [aurrean] dago, [hor] dago bezalaxe. Gramatikalizatuta dauden heinean hiztegian berariazko lekua izan lezakete.1 Eta gramatikalizatu ondoren, [gure [aurrean]], [etxe(aren) [aurrean] moduko AdpS-ak osa ditzakegu. Hortaz, alde, buruz, inguruan… adberbioak dira gure ikuspegitik, azpian izen bat izan arren. Horregatik, atzo, gero, hor, pozik, eta hauen antzeko adberbio ohikoen artean ematen ditugu.

● Adposizio sintagmak, osagarri edo adjuntu

AdpS deitu ditugun hauek gehienetan ez dira predikatu batek bereziki hautatuak izaten: adjuntuak dira, aukerakoak, ez dute osagarriek duten lotura estu hori aditzarekin. Har dezagun, adibidez, honako hau:

(19)
  • [[[Gure etorkizuna DS] -z AdpS] mintzatu ginen [[parke bat DS] -ean AdpS]]

Hemen bi AdpS ditugu: gure etorkizunaz eta parke batean, bata mintzatu predikatuak hautatua, eta bestea ez. Lehenbizikoa agerian eman behar da, edo, bestela, nolabait jakintzat eman. Bigarrena (parke batean) aditzera eman gabe utz daiteke, perpausak horregatik funtsezko ezer galtzeke. Hortaz, batzuk osagarri izan daitezke, besteak, gehienak, adjuntu soil. Nolanahi ere, bereizketa hau askotan argia izan arren, beste batzuetan ilunago gertatzen da. Zenbait aditzek (mintzatu, baliatu, galdetu, kezkatu, maitemindu, oroitu ...), adibidez, instrumentala hautatzen dute osagarri gisa. Beste batzuetan, jakin-ekin adibidez, instrumentala ez dirudi osagarria denik:

(20)
  • a. [Gernikako mutil bat -e- z AdpS] {maitemindu/ mintzatu} zen.

  • b. [Gizon hon-eta-z AdpS] zer dakizu?

(20a)n osagarria daukagu, (20b)n, aldiz, adjuntu baten aurrean gaude.

● Laburbilduz

Adposizio sintagma motak

Orain artekoa onartuta, AdpS-ak hiru motatakoak direla esan dezakegu:

1) Burua adposizio itsatsia (-n, -tik, -ra, -z…) dutenak. Beti elementu itsatsiak dira, atzizkiak nolabait: unibertsitatea-z, zu-re-tzat, aldapa-n, etxe-ra…).

2) Burutzat adposizio askea dutenak. Hauetako batzuek osagarria dute: bileraren ondoren, errepublikari buruz, basamortuan zehar, gure etxe ondoanBaina asko osagarririk gabe ere erabiltzen dira: ondoren nor da?; ondoan daukat; gainera, zuri zer axola?… Nolabait, ‘iragankorrak’ lirateke batzuk. Besteak, berriz, ‘iragangaitzak’.

3) ohiko adberbioak buru dituzten sintagmak: hor, beti, inoiz, ongi, saltoka, pozik

‘Ohiko’ adberbio hauek, orokorrean, osagarririk gabe agertzen dira: ongi egin duzu, hor dago, beti saltoka dabil, inoiz ez daki non dagoen… Baina batzuek bietara jokatzen ahal dute adposizio konplexuagoen parte ere izan baitaitezke: (…-en) ondoren, (… -z gero), (… -n kontra), (… -z aparte).

9.2 Leku-denborazko Adposizio Sintagmak: bereizgarri morfologikoak

Adposizio sintagmetan leku-denborazkoak eta leku-denborazko ez direnak bereiziko ditugu. Leku-denborazkoak aparte tratatu beharrekoak dira, bereziak baitira, bai esanahiz, bai formaz. Aparteko arreta eskainiko diogu inesiboari ([… -n AdpS]). Izan ere, gainerako leku-denborazko AdpS-en oinarrian inesiboa dagoela dirudi, batzuetan agerian, gainera: handik, hemendik, ikasleongana, zuregandik

Morfologiari gagozkiola, leku-denborazko AdpS-ek hiru bereizgarri dituzte: a) -ta- artizkia ageri da batzuetan (bi herri-ta-n vs. bi herri-k; taberna hon-e-ta-ra vs taberna hon-i); b) -ga- morfema [+bizidun] diratekeen AdpSetan (ama-ren-ga-na; herritarr-en-ga-n...); c) AdpS [+mugatua; +singularra] denean -a- artikuluaren arrastorik ez da: etxe-tik/ *etxe-a-tik; etxe-ra/ *etxe-a-ra; etxe-raino/ *etxe-a-raino...). Inesibo singularrean, baina ez gainerakoetan, ageri den -a- (etxean, lurrean), ez da, dirudienez, artikulu singularra.

a) -TA- artizkia

Leku-denborazko AdpS-en osagaien artean -ta- artizkia agertzen da, baldin eta sintagmaren erreferentea [-biziduna] bada. DS-aren eta adposizioaren artean du ‘artizki’ honek ‘kokalekua’:

(21)
  • a. [[bi enpresa berri DS] -ta- -n AdpS]

  • b. [[etxe guzti-e- DS] -ta- -ra AdpS]

Artizki hau honako kasu hauetan agertzen da:

● Determinatzailea erakuslea denean:

(22)
  • a. [Etxe honetan] ez dago bizitzerik.

  • b. [Ondorio hauetara] iritsi nintzen aspaldi.

Instrumentalean ere gertatzen da -ta- artizkia, leku-denborazko ez izan arren: etxe honetaz, ondorio hauetaz, ...

● Mugatzailea plurala denean. Adibidez:

(23)
  • a. [Teilatuetara] igo ziren presoak. ([+plurala])

  • b. [Teilatura] / *[teilatutara] igo ziren presoak. ([-plurala])

● Zenbatzaile edo determinatzaile zehaztugabeekin:

(24)
  • a. Bi etxetara joan behar dut oraindik.

  • b. Zerbaitetan eman behar da denbora.

  • c. Zertara dator hori orain?

Ohart gaitezen, izen berezietan, mugatzailerik onartzen ez duten neurrian, ez dela inongo artizkirik txertatzen. Izen bereziok ageriko mugatzailerik ez duten sintagma mugatuak izango lirateke:

(25)
  • a. Elorrion izan ginen (ez, *Elorriotan). (cf. Zein herritan izan zineten?)

  • b. Durangon bizi naiz (ez, *Durangotan). (cf. Zein hiritan bizi zara?)

Ohar honek leku-denborazko AdpS guztietarako balio du:

(Ik. Artiagoitia 1998)

[+mugatu, -plural] [-mugatu]
[-leku/denb]

[Xoxote-k erg] > Xoxotek

[Xoxote-r-i dat] > Xoxoteri

[Xoxote- z instr] > Xoxotez

[zein etxe-k erg] > zein etxek

[zein etxe-ri dat] > zein etxeri

[zein etxe-z instr] > zein etxez

[+leku/denb]

[Xoxote-n ines] > Xoxoten

*[Xoxote-ta-n ines] > *Xoxotetan

[Xoxote-tik abl] > Xoxotetik

*[Xoxote-ta-tik abl] > *Xoxotetatik

[Xoxote-ra adl] > Xoxotera

*[Xoxote-ta-ra adl] > *Xoxotetara

[zein etxe-ta-n ines] > zein etxetan

*[zein etxe-n ines] > *zein etxen

[zein etxe-ta-tik abl] > zein etxetatik

*[zein etxe-tik abl] > *zein etxetik

[zein etxe-ta-ra adl] > zein etxetara

*[zein etxe-ra adl] > *zein etxera

Nolanahi ere, izen arrunten eta berezien arteko desberdintasun hau leku-denborazko AdpS-etan soilik gertatzen da. Garbi dago -ta- morfema determinatzaile zehaztugabeekin batera doala (zertan/ zeinetan/ zenbaitetan,...), zenbatzaileekin (bitan, hamarretan, askotan, guztietan) baina baita erakusleekin ere (etxe honetan, horretan, beretan…).2 Dena dela, kontu honek erakusten duen bakarra da izen bereziek, pertsona nahiz leku izenek, ez dutela inongo “eranskinik” onartzen, zuzenean eransten zaiela adposizioa:

(26)
  • a. Karmelek (< Karmele -k) / Karmeleri (< Karmele -(r)i), ...

  • b. Xoxotek (< Xoxote -k) /Xoxoteri (<Xoxote -(r)i) / Xoxoten (<Xoxote -n) ...

Eta, hain zuzen, berez izen berezi direnak izen arrunt gisa darabiltzagunean, orduan nahitaezko gertatzen da -ta-ren agerpena:

(27)
  • a. Durangon izan nintzen lehengo urtean. (Durango, izen berezia)

  • b. Zein Durangotan izan zinen, Bizkaikoan ala Mexikokoan? (Durango, izen arrunta, nolabait)

Ez dago argi -ta- artizki hau zer dela eta agertzen den zenbatzaileekin eta pluralean. Ez da erraz erantzutea (ik. Azkarate & Altuna 2001: 116-118). Batzuetan nolabaiteko ‘masa’ adiera edo du, nonbait (ik. Rotaetxe 1978: 519). ‘Neskatan ibili’ edo ‘Sagardotan edan genuen!’ modukoak, ‘elurretan ibili’ edo ‘kakatan plost’ diogunean bezalaxe, continuum bat, masa bat, nolabait, adierazten dugu. Zenbatasunarekin lotua ageri dela esango genuke.

Erakusleetan eta izenordainetan zergatik agertzen den ere ez dago argi. Dakiguna da agertzen dela eta, horrenbestez, erakuslea eta izenordaina determinatzaileak badira, -ta- ere determinatzailearen parte dela, beharbada. Kuantifikazioarekin zerikusia duela ematen du behintzat. Egia da, hala ere, ez dela gertatzen egiturazko kasu deitzen ditugunetan: mendi hartan baina mendi hark (ez *mendi hartak); zeinetan baina zeini (ez *zeinetari); etxe askotan baina etxe askok (ez *etxe askotak).

b) -ga- morfema, [+bizidun] tasuna duten sintagmetan

[+/-bizidun] tasunak eragina du leku-denborazko AdpS-en forman. Bizidunetan -ga- morfema agertuko zaigu leku-denborazko adposizioaren eta -en genitibo markaren artean: lehendakaria-ren-ga-n, norbait-en-ga-n-dik, Beñat-en-ga-n-a, gaztea-ren-ga-n-a-ino...

Zenbait kasutan genitiboaren marka bera aukerakoa gertatzen da:

(28)
  • a. Perugandik (= Perurengandik) ez nuen horrelakorik espero.

  • b. Zerbait ikusi du gugan. (= guregan)

Ekialdeko euskalkietan (-en) baita-n erabiltzen da -(en)-gan-en ordez:

(29)
  • a. Sinesten dut Jainko Aita(ren) baitan. (= Jainko Aitarengan)

  • b. Gaiztakeriaren landarea sustraitua du bere baitan. (= beregan)

c) Erabilera berezi batzuk

-ga- artizkiaz esan duguna, oro har, zuzena da. Hala ere, zenbaitetan, itxura batean DS [+biziduna] izan arren, -ga-rik ez da erabiltzen. Ondoko adibideek hori erakusten dute:

(30)
  • a. Mikelek {maristetan /*maristengan} ikasi zuen.

  • b. Astotik/*astoagandik erori da.

  • c. Zaldira/*zaldiarengana igo ezinik zebilen. (baina zaldiagandik urrundu zen)

Ordea, honako hauek gramatikalak dira, jakina:

(31)
  • a. Medikuengan konfiantza osoa zuen.

  • b. Mandoarengandik eta nagusiagandik zenbat eta urrunago hobe.

  • c. Zaldiarengana ez zaitez hurbildu.

Honek erakusten du -ga- horrek baduela berezko esanahiren bat, beste adposizio batzuek baita-k, arte-k edo gain-ek, adibidez, izan dezaketenaren antzekoa: neure artean, gure gainean, zaldi gainean… esaten dugunean ez gara ari kokaleku fisiko soilaz. Maristetan eta maristengan ere desberdinak dira: lehenbizikoan, espazio fisiko bat edo adierazten da, benetako leku bat, maristen ikastetxean, maristen artean edo. Aldiz, maristengan diogunean, fisikoa ez den zerbait esan nahi dugu.

Honen antzeko zerbait gertatzen da –orain ere lekuaz ari gara– leku bat adierazteko pertsona izen batez baliatzen garenean. Adibidez:

(32)
  • a. Bitorrenean bazkalduko dugu. (cf. Bitorren tabernan bazkalduko dugu.)

  • b. *Bitorrengan bazkalduko dugu. (cf. Bitorrengan badut konfiantza.)

Nolanahi ere, AdpS hauetan, lekutasuna -n, -tik,… adposizioek ematen dute aditzera, baina neure artean bezalakoetan inesiboaren ezkerrean beti dago beste elementu bat, kokagune horri eduki jakin bat eransten diona. Nigan eta neure artean diodanean, beti egiten diogu erreferentzia, nolabait, kokagune bati, kokagune hori fisikoa ez bada ere. Baina esamolde horiek ez dira berdinak, geure etxean eta geure buruan edo geure gogoan ere ‘kokagune’ desberdinak diren bezalaxe: kokagunea bai, baina kasu bakoitzean desberdina. Antzeko zerbait gertatzen da -ga-rekin ere, nahiz ez jakin zehazki zer den.

d) Adposizio sintagma [+mug, +sing] denean, artikulurik ez

Sintagma [+mug, +sing, -bizidun] denean, kontuan hartzekoak dira beste ezaugarri batzuk ere. Erreparatu honako sintagma hauei:

(33)
  • a. Horko etxe berri-tik / *horko etxe berri-a-tik

  • b. Herriko etxe zaharren-e-ra / *herriko etxe zaharren-a-ra

Hots: (33)ko sintagmak mugatuak izan arren, -a artikulurik ez dute agerian (etxe berritik / etxe gorrira). Ergatiboan edo datiboan, konparazio baterako, mugatzailea agerian ematen da: horko etxe berriak (*horko etxe berrik), herriko etxe zaharrari, (*herriko etxe zaharri).

Inesiboan, hala ere, bada artikulu itxura duen -a- bat:

(34)
  • a. Etxe handian bizi da.

  • b. Etxe berrian lanak egiteari ekin diote.

Bitxia da, hala ere, zeren sintagma kontsonantez amaitzen delarik, -e- bokal epentetikoa txertatzea eskatzen baitu:

(35)
  • a. Ez nauzu leku onean utzi. (*Ez nauzu leku onan utzi)

  • b. Etxe ederrean bizi zara. (*Etxe ederran, bizi zara.)

Beraz, sintagma kontsonantez amaitzen bada (leku on, erreka zikin), e bat, ‘epentetikoa’ txertatzen da. Holakorik ez da gertatzen leku-denborazko sintagmetatik kanpo: leku onak / leku ederrari esaten dugu eta ez *leku oneak / *leku ederreari.

Bestalde, izena -a-z amaitzen denean ere, zenbait hizkeratan -a+-a >-ea / -ia / -ie / -i bihurtzen da leku-denborazko ez diren sintagmetan (gona+-a > gonea/ gonia/ gonie/ goni; aldapa+a> aldapea/ aldapia/ aldapie/ aldapi; gauza+a> gauzea/ gauzia/ gauzie/ gauzi; etab. Baina, jokabide hau duten hizkeretan, holakorik ez da gertatzen leku-denborazkoetan: gonan, aldapan, gauzan, enpresan… eta ez, *gonean / *gonien; *aldapean / *aldapien; *gauzean / *gauzien; *ikastolean / *ikastolien ...

Honen azalpena ematen saiatu dira hizkuntzalariak. (35)eko adibideetan -a-ren aurrean agertzen den -e- epentetiko horrek iradokitzen du ondoren datorren -a osagaia ez dela egiazki artikulua, espero genezakeenaren kontra, kontsonantez edo h- hotsaz hasten den zerbait baizik. Izan ere, -e- tartekatzea kontsonante artean gertatzen da (zein adarrek < zein adar + -k; hitzez < hitz + -z …). De Rijk-ek (1981) kontsonante hori zein datekeen ere iradokitzen du: g- dela dio. Hortaz, inesiboan ageri den-a hori artikulua ez, beste zerbait dukegu. -ga dela aldarrikatzen du de Rijk-ek, leku-izenetan ikus daitekeen elementu bera hain zuzen: Arespakotxaga (<aretx bakotx-a-ga) bezalako leku-izen batean, adibidez. Elementu honek ez du, nahitaez, aniztasuna adierazten. Hain zuzen, ‘haritz bakarreko lekua’ adieraziko luke deitura horrek (Mitxelena 1953: 36). Gauzak horrela, (35)eko -e-ren agerpena erraz-erraz azaltzen zaigu. Manterolak (2006), han daukagula iradokitzen du. Bi hipotesi horiek -ean hizkiaren berri emango lukete: azken batean bi kontsonante elkarren ondoan izango genituzke eta, horrek eskatuko luke -e- bokal misteriotsu horren tartekatzea (ik. Jakobsen (1977), Rotaetxe (1978), De Rijk (1981), Mitxelena (1981), Azkarate & Altuna (2001), Manterola (2006)). (35)eko sintagmen azpian, hortaz, honako egitura hauek izango genituzke:

(36)
  • a. Etxe eder + {g/h}an > etxe eder-e-an > etxe ederrean

  • b. Erreka zikin + ga -n > erreka zikin-e-gan > erreka zikinean

Singularrean bakarrik gertatzen da hau. Dena dela, guri axola diguna da toki onean/ *toki onan diferenzia azaldu nahi izatekotan, ezin dela -a- hori artikulua izan.

e) Laburrean, hortaz:

Leku-denborazko AdpS-en bereizgarri morfologikoak

[-bizidun]

-ta-n, -ta-tik -ta-ra, -ta-raino, -ta-rako …

a) Erakuslearekin (kale hartan, garai haietan…)

b) Mugagabean (zenbait (kale)-tan; egun askotan; hiru (kale)tan...)

c) Mugatu pluralean (etxeetan < etxe-ak-e-ta-n)

-a mugatzailerik ez: (etxe-h/g-an vs etxetik/ etxera…)3

[+bizidun]

(-en) {-ga-n/ -ga-n-dik/ -ga-n-a…}

Olatzengan/ haurrengandik/ gu(re)gana

Inesiboaren jokabidea (mendian vs. lurrean) ikusi ondoren,4 ‘leku-denborazko’ AdpS guztiak aztertuko ditugu: denen oinarrian dagoke inesiboa. Hemendik hasi eta, gainerako AdpS-ei dagozkien azalpenak emango ditugu.

9.2.1 INESIBOA: [[… ds] -N AdpS]

9.2.1.1 Forma

Inesiboaren adposizioa c da: mendian, Tolosan, errepide hauetan, enpresan...

Leku-denborazko zenbait adberbio ‘ohikok’ ere marka horixe dute agerian: hemen, han, herenegun, inon, non, nonbait

Beste batzuek, berriz, ez dute markarik: aspaldi,5 atzo, beti, gaur, gero, hor, inoiz, noiz … Baina inesiboak direla onar daiteke, besteak bezalaxe: inesibo markarik ez duten inesiboak, nolabait.

Zenbait perpaus jokatugabetan ere inesiboa ager daiteke aditzari itsatsita: nekatzen hasi; gezurrak esaten ikasi….

Goian hizpide izan ditugu leku/denborazko AdpS-en bereizgarri morfologikoak. Inesiboak ezaugarri horiek denak ditu:

a) -ta- artizkia: zenbait lantegitan [-mug]; hamar lantegietan [+mug, +pl]; herri honetan [erakuslea].

b) -ga- morfema [+bizid] diren sintagmetan: zenbat neskarengan [-mug]; hiru haurrengan [-mug] / [+mug, +pl]; entzule horrengan [+mug, -pl], etab.

Elementu hau berez, izen kategoriakoa edo litzateke, gainera, genitiboaren ondoren agertzen baita: lagun hai-en-ga-n, haurra-ren-ga-n. Ez dago alde handirik AdpS hauen eta beste honako hauen artean: neska hon-en ondo-an; mando bat-en gain-e-an: ondo, gain eta ga- izen kategoriakoak lirateke, jatorrian. Alde bakarra da -engan forma atzizki gisa gramatikalizatu dela, nolabait esatearren. -en gainean ez hainbeste. Idazkerak ere horixe eraskusten digu: aita(ren)gan (dena hitz batean) baina aitaren gainean (bi hitzetan) ematen dugu idatzian.

-ga-ren aurreko genitibo marka hori ezaba daiteke batzuetan. Hala ere, genitiboa ezabatu ondoren ‘bokala-ga’ segida zuzena dela ematen du. Aldiz, ‘kontsonantea-ga’ segida, oztopo gehiago izango dira, antza:

(37)
  • a. Josebarengan / Josebagan; andrearengan / andreagan)

  • b. {Mikelengan / *Mikelgan}

-Gan eta gainean, neurri batean berdinak dira, baina lexikalizatze maila desberdina erakusten dute.

Sintagma plurala denean ere, ezin da genitiboaren marka ezabatu.

(38)
  • Zerbait ikusi nuen {zuengan / *zuekgan} (cf. Zerbait ikusi nuen {zuregan / zugan})

Determinatzailea erakuslea denean ere, ezinezkoa da genitiboaren marka albora uztea, euskara estandarrean behintzat.

(39)
  • a. {Honengan / *haugan} badut itxaropena.

  • b. Horrengana / *horigana hurbilduko naiz.6

  • -e-ren epentesia gertatzen da DS-a kontsonantez amaituz gero: lurr-e-an baina buru-an.

Arestian aipatu ditugu inesibo singularrak erakusten duen ustezko artikulu honen inguruko gorabeherak.

Horrenbestez:

AdpS INESIBOA (-N)
[-mugatu] [-bizidun]

[[…zenbatzailea… DS] -(e)-ta-n AdpS]

bitan/ hirutan/seitan…// bostetan/ hamarretan(baina batean)

bi ordutan/ sei etxetan…// bost harri gogorretan/ hamar zubi zaharretan

zertan/ edozertan/ ezertan...// zeinetan/ edozeinetan/ zenbaite((t)a)n/ hainbate((t)a)n

zein herritan/ zenbat arbolatan...// edozein hitzetan/ hainbat adarretan

(etxe/ harri/ haitz/…) {askotan/ gutxitan.../ / anitzetan…}

[+bizidun]

[[…zenbatzailea… DS] -(r)-(en)-ga-n AdpS]

birengan/ hirurengan/seirengan… // bostengan/ hamarrrengan

bi mutikorengan...// bi lagunengan

zein mutikorengan/ edozein irakaslerengan... // zenbat lagunengan/ hainbat artzainengan-…

(mutiko/ lagun…) {askorengan/ gutxirengan...// anitzengan...}

[+mugatu] (mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-bizidun]

[[ izen propioa DS] -(e)-n AdpS]

Bilbon / Donostian/ Maulen… // Irunen/ Usurbilen/ Zarautzen

Izen propioa

[+bizidun]

[[izen propioa DS] -(r)-(en)-ga-n AdpS]

Irati(ren)gan/ Ane(ren)gan/ Pello(ren)gan… // Mikelengan/ Mirenengan/ Antonengan

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n AdpS]

ni(re)gan / hi(re)gan

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n AdpS]

gu(re)gan / zuengan/ zu(re)gan

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ DS] -(e)-(a)-n AdpS]

zeru (garbi)an / etxe (berri)an / ikastolan ... // itun (zaharr)ean/ gau (ilun)ean ...

[+bizidun]

[-plural]

[[ … artikulua DS] -r-en-ga-n AdpS]

ikaslearengan / lagun zaharrarengan

[-bizidun]

[+plural]

[[… artikulua DS] -(e)-ta-n AdpS]

etxeetan/ leku berrietan/ enpresetan/ une latzetan

egunotan/ bide zabalotan...

[+bizidun]

[+plural]

[[ … artikulua DS] -en-ga-n AdpS]

ikasleengan / gurasoengan

ikasleongan / gurasoongan

[+erakuslea]

[-bizidun]

[-plural]

[[ … erakuslea DS] -(e)-ta-n AdpS]

(etxe/ haitz…) {honetan / horretan / hartan}

(etxe/ haitz…) {honetantxe / horretantxe / hartantxe// hone(t)xetan / horre(t)xetan / hare(t)xetan}

(etxe/ haitz…) beronetan/ berorretan/ berean}

[+bizidun]

[-plural]

[[…erakuslea DS] -(r)-en-ga-n AdpS]

(mutiko/ lagun…) {honengan/ horrengan/ harengan}

(mutiko/ lagun …) {honetxengan/ horretxengan/ haretxengan}

(mutiko/ lagun …) {beronengan/ berorrengan/ berarengan}

[-bizidun][+plural]

[[…erakuslea DS] -(e)-ta-n AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa …) {hauetan/ horietan/ haietan}

(etxe/ leku/ enpresa…) {haue(t)xetan/ horie(t)xetan / haie(t)xetan}

(etxe/ leku/ enpresa …) { hauetantxe/ horietantxe/ haietantxe}

(etxe/ leku/ enpresa) {berauetan/ berorietan/ ber(ai)etan}

[+bizidun]

[+plural]

[[ -erakuslea DS] -en-ga-n AdpS]

(ikasle/ guraso…) {hauengan/ horiengan/ haiengan}

(ikasle/guraso…) {haue(t)xengan/ horie(t)xengan/ haie(t)xengan}

(ikasle/ guraso…) {berauengan/ beroriengan/ ber(ai)engan}

9.2.1.2 Funtzio sintaktikoa

AdpS inesiboa predikatuaren adjuntu izan ohi da gehienetan:

(40)
  • [Tolosan/ igandean/ basoan... AdpS] giro ederrra izango duzue.

(40)eko AdpS-ak ez dira izan aditzaren osagarri. Hori gabe ere perpausa zuzena litzateke: giro ederra izango duzue. Inesiboa adjuntu litzateke, hortaz.

Hala ere, zenbaitetan osagarri ere izan daiteke: pilotan oso ongi jokatzen du diogunean, adibidez, pilotan sintagma jokatu predikatuaren osagarri dela pentsa liteke.

[... -t(z)e-n] inesibo formako perpaus osagarria hautatzen dute hainbat aditzek ere, hala nola, ahalegindu, ahaztu, ari, asmatu, hasi, ikasi, irakatsi, jakin, jardun, saiatu etabarrek:

(41)
  • a. [Ordenagailua pizte-n AdpS] ez daki.

  • b. Idazkariak [lan horr-e-ta-n AdpS] jardun zuen.

(41a)n perpaus jokatugabeak inesiboa agerian du: pizten. (41b)n, berriz, perpausaren ordez DS arrunta dugu inesiboan: bata zein bestea osagarri dira.

Badira, bestalde, ekintza edo jarduera adierazten duten zenbait sintagma inesibo, izenaren gainean eraikiak: artajorra-n, bertso-ta-n,7 dantza-n, igeri-an, kantu-an, lan-e-an, zapatagintza-n, etab:

(42)
  • a. Gau osoa pasatu zuten dantzan.

  • b. Sasoi honetan artajorran jarduten zuten baserritarrek.

(42)ko dantzan, artajorran… osagarriak dira: jardun, ari, ikasi… aditzek holako osagarriak hautatzen dituzte.

Beste zenbait adposizio askek ere (behera, gora, zehar…) inesiboa hautatzen dute osagarri:

(43)
  • a. Mendian gora abiatu ginen.

  • b. Urtean zehar kantaldi asko eskaintzen ditu.

Hauen osaera hauxe izan liteke:

(43’)
  • (43’) a. [[mendian AdpS] [gora Adp] AdpS]

  • b.[[urtean AdpS] [zehar Adp] AdpS]

9.2.1.3 Adiera

Lekua (non?), denbora (noiz?), jarduna (zertan?), prezioa (zenbatean?) adieraz ditzake inesiboak:

(44)
  • a. Plaza berrian bizi da. (non?)

  • b. Asteko zein egunetan jaio zinen? (noiz?)

  • c. Gaztetan, ez da horrelako burutaziorik izaten. (noiz?)

  • d. Egun osoan aritu ziren lanean. (zertan?)

  • e. Piperrak bi euro(ta)n zeuden. (zenbatean?)

  • etab.

AdpS bizidunez ari bagara, hots: [+bizidun] tasunekoez, jakina, norengan? edo noren baitan? izango litzateke galdera egokia:

(45)
  • a. Bi pertsonarengan dut itxaropen pixka bat.

  • b. Ez nuen neure baitan taxuzko erantzunik aurkitzen.

Hala ere, berez bizidun edo [+bizidun] diren sintagmen aurrean non? ere galde daiteke, gorago ikusi den bezala:

(46)
  • a. Maristetan ibili zen Joseba. (Non ibili zen Joseba?)

  • b. Zaldian ibiltzen da. (edo zaldi gainean, baina ez, *zaldiarengan)

Sintagma hauetan guztietan, ordea, bada halako ideia orokor bat, ‘kokagune’ adiera zabala izango lukeena. (46b)ko kasuan zaldian ibili bai baina *zaldiarengan ibili ez. Zaldian eta zaldiarengan, biak inesiboak izan arren, desberdinak dira: {zaldian/ *zaldiarengan} ibili, baina zaldi honengan konfiantza badut esaten dugu. Badirudi, zaldian diogunean espazio fisiko batez ari garela. Aldiz, barneko ‘zer’ berezi batez ari garenean, [+bizidun] egiten gaituen ‘zer’ horretaz ari garenean, -gan erabiltzen ahal dugu edo honen ordain den baitan adposizioa.8

Lekuaz baliatuz, modua ere adieraz daiteke nolabait. Adibidez, ondoko perpaus hauek erakusten duten bezala:

(47)
  • a. Gazta oliotan gorde daiteke.

  • b. Ur gezatan beratu behar duzu bakailaoa.

  • c. Asto gainean ibiltzen zen gaztetan.

Denetan ere, lekua edo kokagunea adierazten da, baina leku horrek gazta nola gorde daitekeen (47a) edo bakailaoa nola beratzen den (47b) edo halako bat nola ibiltzen zen gaztetan.

Zer esanik ez, honako hauen antzekoetan:

(48)
  • Parrandan ibili ziren gau osoan. (zertan? / zer eginkizunetan?)

Betiere zer egoeratan?/ zer eginkizunetan? galderari erantzuten ari garela pentsa liteke. Dena dela, hemengo oliotan, ur gezatan (47a eta b) eta gaztetan (47c) mugagabean agertzeko zer arrazoi dagoen ikusi beharko litzateke. Irtenbide erraz bat izan liteke, jatorria gorabehera, elurretan, euritan, eguzkitan… adberbio bilakatutako esapidetzat hartzea. Instrumentalarekin (erruz, berriz…) egingo dugun moduan. Nolanahi ere, eguzkian eta eguzkitan sintagmen artean bada diferentzia, denotazioaren aldetik: eguzkian diogunean erreferente jakina dugu, ‘eguzki’ deitzen dugun argizagia alegia: eguzkian maiz gertatzen omen dira eztanda izugarriak. Aldiz, katua eguzkitan gozo-gozo dago diogunean, horrekin ez diogu ‘eguzki’ argizagiari erreferentzia egiten, beste zerbaiti baizik: katua luze eta gozo egon daiteke eguzkitan, eguzkian ez luke luze iraungo.

9.2.2 ABLATIBOA: [[… ds] -TIK AdpS]

9.2.2.1 Morfologia

-tik da ablatiboa osatzeko nagusiki erabiltzen den adposizioa. Honen parean , -(r)ik ere bada.9

(49)
  • a. Etxerik etxe dabiltza hiltzailearen bila.

  • b. Inguruko ibairik deigarriena Urederra da.

  • c. Liburu {hauetarik/ hauetatik} ez dakit zein hautatu.10

(49a eta b) ohikoak dira euskararen eremu osoan: (49c) bezalakoak ipar-ekialdean erabiltzen dira batez ere.

Aurrerago azalduko dugu [… -ko] sintagmaren barnean, -ko-ren osagarri gisa gehienetan AdpS bat dugula, normalean inesiboa ([… -an), nahiz eta inesiboaren marka ezkutuan gelditzen den gehienetan: [[mendi-an]-ko AdpS] > mendiko; [[lurr-e-an]-ko AdpS]> lurreko.

Kasu batzuetan, hala ere, ez da hori gertatzen eta inesiboaren markak ageri-agerian segitzen du: aurten/ aurtengo; hemen/ hemengo; han/ hango; orain/ oraingo...

Leku-denborazko gainerako sintagmek eta [… -ko AdpS] sintagmak jokabide bera dutela pentsa liteke: guztietan artikulua ez da ageri. Artikuluaren antza duen -a- osagaia inesibo singularrean bakarrik mantentzen da: mendian, baina mendiko, menditik, mendira, mendiraino… Mendiko-ren ‘azpian’ mendian-ko baldin badugu, arestian esan dugun bezala, menditik-en azpian ere mendian-tik dagoela pentsatzea bidezko da eta berdin beste hauetan ere: mendira (< mendian-ra), mendiraino (< mendian-ra-ino)…, mugatzailearen arrastorik ez dela. Hemen-go, aurten-go, herenegun-go-ren parean, hemen-dik, han-dik, aurten-dik, ... ere hor ditugu, inesibo marka eta guzti. Eta [+bizidun] tasuneko sintagmetan ere gauza bera: zugan-dik, zugan-a ..., denak ere inesiboa agerian dutela. Hortaz, pentsa liteke, -ko-rekin gertatzen den bezala, ablatiboaren eta adlatiboen azpian ere, inesiboa dugula. Alegia, mendian-ko>mendiko bezala, mendi-an-tik > menditik; mendian-(r)a > mendira, etab. dukegu. Heme-n-dik, ha-n-dik, ho-n-a adberbioetan tente segitzen du inesiboak [… -gan], [… -gandik], [… -gana], [… -ganaino] modukoetan are argiago dago kontua: nigandik (<nigan-tik) urrun.

Ondoko hauen tankerakoak ere ageri dira han-hemenka: gaztetandik, txikitandik...11

Hortaz, inesiboaren presentzia/absentzia hau ez da amets zoroa. Gauzak horrela direla onartzeak sintagma hauen forma modu bateratuan azaltzeko bidea ematen digu. Horrenbestez, leku/denborazko AdpS guztietan, oinarrian inesiboa dugula onar genezake. Honek ‘kokagunea’ adierazten du, soil-soilik, oinarrizko kokagunea alegia. Oinarrizko adiera honi adposizio jakinak erantsi ahala, adiera ere ‘osatuz’ doala esan dezakegu: mendian > menditik (<mendian-tik)/ mendira (<mendian-(r)a. Eta berdin mendirantz< mendira-ntz/ mendira-ino…. Horrela, leku-denborazko sintagma guztiak multzo batean bil genitzake. Honelatsu:

[... -n AdpS] ‘oinarrizko kokagunea’

INESIBOA

(‘non’)

‘oinarrizko kokagunea’

gainean / han / hemen / ondoan…

lurrean / neskengan / zuengan...

[[… -n] + -tik AdpS] ‘jatorria’

ABLATIBOA

(‘nondik’)

‘oinarrizko kokagunea’ + ‘JATORRIA’

etxetik / gainetik / itsasotik …

hemendik / zugandik / neskengandik...

[[… -n] + -ra AdpS] ‘jomuga’

ADLATIBOA

(‘nora’)

‘oinarrizko kokagunea’ + ‘JOMUGA’

etxera / hona / gainera / itsasora…

zugana / neskengana...

[[[… -n] + -ra AdpS] + -antz AdpS] ‘norabidea’

NORABIDE ADLATIBOA

(‘norantz’)

‘oinarrizko kokagunea’ + ‘jomuga’ + ‘NORABIDEA’

etxerantz / honantz/ gainerantz / itsasorantz…

zuganantz / neskenganantz...

[[[… -n] + -ra AdpS] + -ino AdpS] ‘azken jomuga’

MUGA-ADLATIBOA

(‘noraino’)

‘oinarrizko kokagunea’ + ‘jomuga’ + ‘AZKEN JOMUGA’

etxeraino / gaineraino / itsasoraino…

zuganaino / neskenganaino...

[[[… -n] + -ra AdpS] + -ko AdpS] ‘helburua’

HELBURUZKO ADLATIBOA

(‘norako’)

‘oinarrizko kokagunea’ + ‘jomuga’ + ‘HELBURUA’

etxerako/gainerako/itsasorako...

ikasleenganako12/ zuganako...

Alegia, mendian edo hemen diogunean, kokagunea adierazten da soil-soilik, kokagune finkoa, edo egoera bat nolabait (lotan edo hondartzan diogunean bezala). Menditik, hemendik, lotatik, hondartzatik… diogunean (beraz, proposamen honen arabera, mendian+tik, hemen+tik, lotan+tik, dantzan+tik esaten denean) kokagune edo egoera hori abiapuntu hartzen dela adierazten da. Atzotik diodanean ere, egiazki inesiboa den atzo hori hartzen da abiapuntu. Mendian zehar, edo mendian gora diogunean ere beste horrenbeste, mendian-ek berez duen adierari (kokagune bati edo egoera bati), beste zehaztapen bat gehitzen dio adposizioak: mendian + zehar; mendian + gora etab. Horrenbestez, inesiboa legoke denen oinarrian, -n adposizioa beti agerian ez egon arren. Mendiko-ren kasuan ontzat ematen da mendianko > mendiko bilakaera gertatu dela. Inesiboari -ko eranstean, arau morfofonologiko jakin batzuen bidez inesiboaren -an ere ezkutatu egiten da gehienetan. Alegia:

Mendiko

Lurreko

< mendian -ko

< lurrean -ko

Menditik

Lurretik

Etxe honetatik

Bilbotik

< mendian -ko

< lurrean -tik

< etxe honetan -tik

< Bilbon -tik

Mendira

Lurrera

< mendian -ra

< lurrean -ra

Lurreraino < lurrean -ra -ino

Pentsa genezake gauza bera gertatzen dela beste leku-denborazko AdpS-etan ere. -ko-ren kasurako ezkutuan inesiboa dugula onartzeko arazorik ez bada, gainerako adposizioekin (-tik, -ra, -raino, -rantz) ere gauza bera gertatzen dela onartu ezinik ez genuke izan behar. Hortaz:

Zu(re)gandik < [[zu(re)gan] -tik]
Aita(ren)gana < [[aita(ren)gan] -a]
Pertsona hauenganaino < [[[pertsona hauengan] -a] -ino]
Hemendik / hortik / handik < [[{hemen / hor / han}] -tik]
Geroko / gaurko / betiko / aurtengo... < [{gero / gaur / beti / aurten}] -ko
Hona / horra / hara... < [{hon- / hor- / har- }] -a
Honako / horrako / harako < [{hona / horra / hara}] -ko

Laburbilduz, leku-denborazko AdpS hauetan, singularrean, mugatzailerik ez da inondik ageri, nahiz eta sintagma mugatua izan. Baina -ko-ren kasurako denetan inesiboa hartzen badugu oinarri, gauzak aski erraz azal daitezke.

AdpS ABLATIBOA (-TIK)
[-mugatu] [-bizidun]

[[…zenbatzaileaDS] -(e)-ta-tik AdpS]

bi(ta)tik/ hiru(ta)tik /sei(ta)tik…// boste(ta)tik/ hamarre(ta)tik(baina batetik)

bi ordutatik/ sei etxetatik…// bost harri gogorretatik/ hamar zubi zaharretatik

zertatik/ edozertatik/ ezertatik...// zeinetatik/ edozeinetatik/ zenbaitetatik/ hainbate(ta)tik

zein herritatik/ zenbat arbolatatik...// edozein hitzetatik/ hainbat adarretatik

(etxe/ harri/ haitz/…) {askotatik/ gutxitatik...// anitzetatik…}

[+bizidun]

[[…zenbatzaileaDS] -(r)-(en)-ga-n-dik AdpS]

birengandik/ hirurengandik/seirengandik… //bostengandik/ hamarrengandik

bi mutikorengandik...// bi lagunengandik

zein mutikorengandik/ edozein irakaslerengandik... // zenbat lagunengandik/ hainbat artzainengandik

(mutiko/lagun...) [askorengandik / gutxirengandik... // anitzengandik...]

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-bizidun]

[[ izen propioa DS] -tik Adps]

Bilbotik / Donostiatik / Mauletik… // Irundik / Usurbildik / Zarauztik

Izen propioa

[+bizidun]

[[ izen propioa DS] -(r)-(en)-ga-n-dik Adps]

Irati(ren)gandik / Ane(ren)gandik / Pello(ren)gandik… // Mikelengandik/ Mirenengandik / Antonengandik

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n-dik AdpS]

ni(re)gandik / hi(re)gandik

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n-dik AdpS]

gu(re)gandik / zuengandik/ zu(re)gandik

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ … DS] -(e)-tik AdpS]

zeru (garbi)tik / etxe (berri)tik / ikastolatik ... // itun (zaharr)etik / gau (ilun)etik...

[+bizidun]

[-plural]

[[… artikulua DS] -r-en-ga-n-dik AdpS]

ikaslearengandik / lagun zaharrarengandik

[-bizidun]

[+plural]

[[ … artikulua DS] -(e)-ta-tik AdpS]

etxeetatik/ leku berrietatik/ enpresetatik/ une latzetatik

egunotatik/ bide zabalotatik...

[+bizidun]

[+plural]

[[… artikulua DS] -(e)n-ga-n-dik AdpS]

ikasleengandik / gurasoengandik

ikasleongandik / gurasoongandik...

[+erakuslea]

[-bizidun]

[-plural]

[[… erakuslea DS] -(e)-ta-tik AdpS]

(etxe/ haitz…) {honetatik / horretatik / hartatik}

(etxe/ haitz…) {hone(t)xetatik/ horre(t)xetatik/ hare(t)xetatik // honetatixe/ horretatixe/ hartatixe}

(etxe/ haitz…) beronetatik/ berorretatik/ beretik}

[+bizidun]

[-plural]

[[… erakuslea DS] -(r)-en-ga-n-dik AdpS]

(mutiko/ lagun …) {honengandik / horrengandik/ harengandik}

(mutiko/ lagun…) {hone(t)xengandik/ horre(t)xengandik/ hare(t)xengandik}

(mutiko/ lagun …) {beronengandik/berorrengandik/ berarengandik}

[-bizidun]

[+plural]

[[ … erakuslea DS] -(e)-ta-tik AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa…) {hauetatik/ horietatik/ haietatik}

(etxe/ leku/ enpresa/ …) {haue(t)xetatik / horie(t)xetatik / haie(t)xetatik}

(etxe/ leku/ enpresa...) {berauetatik/ berorietatik/ ber(ai)etatik}

[+bizidun]

[+plural]

[[… erakuslea DS] -en-ga-n-dik AdpS]

(ikasle/ guraso …) {hauengandik / horiengandik/ haiengandik}

(ikasle/ guraso…) {haue(t)xengandik/ horie(t)xengandik/ hare(t)xengandik}

(ikasle/ guraso …) {berauengandik/beroriengandik/ ber(ai)engandik}

-tik adposizioa leku-denborazko ohiko aderbioei ere erants dakieke. Orduan, adberbio horiek formaz alda daitezke apur bat. Bereziki, [… -dan-ik] tankera hartzen ahal dute: noiztik / noizdanik; aspalditik/ aspaldidanik; gaurtik/ gaurdanik; betitik/ betidanik... Dirudienez, forma bikoiztasun hau denbora-adberbioetan gertatzen da. Leku adberbio garbien kasuan ez da holakorik ikusten, antza: nondik, hemendik, hortik, handik.

Bestalde, harik < har -ik; honik < hon -ik formak ere hor ditugu: handik eta hemendik-en ordainak dirateke.

Harean bizkaierazko adberbioak ere, bistan da, forma desberdina du: harean < har-ean (ik. Azkue 1923: 10)

9.2.2.2 Funtzio sintaktikoa

Ablatiboa osagarri ala adjuntu den eztabaida daiteke. Dena dela, garbi dago ez duela edozein predikatuk onartzen bere inguruan [...-tik AdpS] tankerako sintagmarik. Iturburua hautatzen duen predikatua behar da, eskuarki: alde egin, atera, bidali, ekarri, etorri, hasi, ihes egin, igorri, iritsi, irten, jaitsi, joan, sortu ... bezalako aditzek hautatzen dute AdpS hau, leku aldaketa adierazten dutenak.

(50)
  • a. Puntu honetatik hasi behar duzu.

  • b. Kaiolatik ihes egin zuen txoriak.

  • c. Libra gaitzazu gaitz guztietatik.

  • d. Joan den astetik nago hemen.

Baina egon-ek, esaterako, nekez hautatuko du holakorik, denbora adieran ez bada (ik. (50d) adibidea).

Iturburuaz ari ez bagara, ordea, onartzen du egon-ek ere holakorik:

(51)
  • Zeruan izarra dago itsaso aldetik.

Hemen itsaso aldetik eta itsaso aldean baliokide lirateke. Nolanahi ere, ez gara iturburuaz ari.

AdpS honen eta aipatutako predikatuen arteko erlazioa hain estua izanik, pentsatzekoa da osagarri funtzioa betetzen duela.

Aditzekin ez ezik beste zenbait adberbio edo adposiziorekin batera ere agertzen ahal zaigu ablatiboa osagarri gisa:

(52)
  • a. Eskaileretatik behera erori nintzen.

  • b. Hemendik aitzina ez dut hitz egingo.

Behera eta aitzina AdpS-tzat hartuta,13 hauen osagarritzat har liteke, beharbada, [... -tik AdpS] sintagma. Izan ere, bi osagai horiek elkarren ondoan ematen dira gehienetan, osagai bakar gisa. (52b)ren ordain gisa, adibidez, ezinezkoa da honako hau: *Aitzina ez dut hitz egingo hemendik. Horrela, sintagma osoa ere AdpS izango da:

(52’)
  • a. [[eskaileretatik AdpS] behera AdpS]

  • b. [[hamaiketatik AdpS] aurrera AdpS]

Esapide hauetan ‘nondik-nora’ adierazten da, epe bat edo tarte bat, nolabait. -ko adposizioaren aurrean ere bi osagaiak bat eginda ikusiko ditugu: hemendik aurrerako lanak, etxetik lanerako bidean edo lanetik etxerako bidean.

Egoerek edo prozesuek iraupena izan ohi dute eta iraute horrek hasiera bat du eta amaiera bat. Horiek markatzeko balio dute hizpide ditugun esapideok.

9.2.2.3 Adiera

Ablatiboak funtsean iturburua edo abiapuntua adierazten du, baina beste zenbait ñabardurari ere bide eman diezaieke.

● Iturburua

[...-tik AdpS] sintagmak nondik?, noiztik? edo zertatik? galderari erantzuten dio. Hortaz, jatorria edo iturburua adierazten du, lekuari gagozkiola, nahiz denborari, nahiz ekintza edo gertaera abstraktu bati gagozkiola:

(53)
  • a. {Batzarretik / handik} kezkaturik atera nintzen.

  • b. Irakasle horrengandik zer espero duzu?

  • c. Arauak ez errespetatzetik sortzen dira arazo gehienak.

  • d. Ez naiz neure burutik mintzo. (Axular)

● Modua

Modua adierazteko ere baliatzen dugu zenbait esapidetan:

(54)
  • a. Besteren lepotik bapo bizi dira batzuk.

  • b. Gogotik saiatu nintzen lanean.

  • c. Burutik jota dago.

Kasu honetan ere bada, nolabait, iturburua, baina baita nola? galderaren erantzuna ere. Denak ere aski ihartuak dauden esapideak direla pentsa liteke, eta horrenbestez lepotik, gogotik, burutik bezalakoak adberbio bilakatutako AdpSak direla (guk esan dugun bezala, AdpStzat hartuko ditugun arren). Lehenbizikoak, osagarria hautatuko luke ([X-ren [lepotik Adp] AdpS]), beste biek ez bezala: [[gogotik/ burutik Adp] AdpS].14

● Denbora tarte baten hasiera

-tik adposizioa erants dakieke denbora eta leku aberbio ohikoei ere (atzo, gaur, noiz, beti, hemen, hor, han ... ). Orduan ere iturburua adierazten dugu, edo abiapuntua:

(55)
  • a. Noiztik ez duzu ikusi Mikel?

  • b. Bihartik hasita, ez dut erreko.

Gehienetan nondik nora? edo zenbatetik zenbatera? galderei erantzuteko erabiltzen ditugu holakoak: [… -tik aurrera], [… -tik behera], [… -tik hona] etab. Hauetan egitura konplexuagoko sintagmak ditugu

(56)
  • a. Bilera hartatik hona ez dut Pello ikusi. ([[bilera hartatik AdpS] hona AdpS]

  • b. Ehun milatik beherako autorik ez dut nahi. ([[ehun milatik AdpS] behera AdpS] -ko AdpS]

Hauetan ‘tarte’ bat adierazten da, hasi nonbait eta amaitu beste nonbait. Horrelako tartearen berri eman behar denean bi muturrak aipatu behar, jakina. Lehenbizi hasiera, ondoren amaiera:

(57)
  • Txartelak 50 eurotik {gora/ aurrera}. (*Txartelak 50 eurotik.)

[… -tik AdpS] soila bera bakarrik ere eman daiteke, baldin eta denboraz ari bagara: (atzotik = atzoz gero). Ohikoena, bi muturrak aipatzea da, hala ere. Txartelen eta gainerako salgaien prezioaz ari garenean ere, adibidez, tartearen hasiera soila ez dirudi eman daitekeenik.

● Zeharbidea edo prosekutiboa

[...-tik AdpS] sintagmak badu beste erabilera bat ere, prosekutibo deitzen dena:

(58)
  • Pasatzen naizenean zure leihopetik, negarra irteten zait begi bietatik.

Hemen zure leihopetik diogunean ez da iturburua adierazten, zeharkatzen den bidea baizik, pasabide bat, edo kokagune bat. Batzuetan, honen ordain garbia [… -n zehar] izan ohi da, baina ez dirudi beti hala denik. Nolanahi ere, (58)n bi AdpS ditugu: lehenbizikoa, zure leihopetik, prosekutiboa; bigarrenak, berriz, begi bietatik, ohiko adiera izango du, iturburua alegia. Modu berean kaiolatik ihes egin eta leihotik ihes egin ere, adibidez, desberdinak dira. Batean iturburua edo daukagu, bigarrenean, aldiz, ohiko adieraz gainera, pasabidea ere bai.

9.2.3 Adlatiboa1 (‘oinarrizko adlatiboa’): [[… ds] -RA AdpS]

9.2.3.1 Morfologia

Adlatibo deitzen dugun AdpSren burua -ra adposizioa da. Oraingoan ere leku-denborazko AdpS-en ezaugarriek indarrean segitzen dute: -ta- artizkia; -gan-, [+bizidun] tasuna duten sintagmetan, eta mugatzailearen arrastorik ez singularrean (mendira, ez *mendiara).15 AdpS hau ere inesiboaren gainean eraikitzen dela ontzat emango dugu: mendira < mendian + -ra. Zuregana (< zuregan -a), hara (< han -ra), gerora (< gero-ra) eta holakoek salatzen duten bezala. Hortaz:

AdpS OINARRIZKO ADLATIBOA (-RA)
[-mugatu] [-bizidun]

[[…zenbatzailea… DS] -(e)-ta-ra AdpS]

bi(ta)ra/ hiru(ta)ra/sei(ta)ra…// boste(ta)ra/ hamarre(ta)ra(baina batera)

bi ordutara/ sei etxetara…// bost harri gogorretara/ hamar zubi zaharretara

zertara/ edozertara/ ezertara...// zeinetara/ edozeinetara/ zenbaitetara/ hainbate(t)a)ra

zein herritara/ zenbat arbolatara...// edozein hitzetara/ hainbat adarretara

(etxe/ harri/ haitz/…) {askotara/ gutxitara...// anitzetara…}

[+bizidun]

[[…zenbatzailea… DS] -(r)-(en)-ga-n-a AdpS]

birengana/ hirurengana/seirengana… //bostengana/ hamarrrengana

bi mutikorengana.../ bi lagunengana

zein mutikorengana/ edozein irakaslerengana... // zenbat lagunengana/ hainbat artzainengana

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-bizidun]

[[ izen propioa DS] -ra AdpS]

Bilbora / Donostiara / Maulera… // Irun(er)a / Usurbil(er)a / Zarautz(er)a

Izen propioa

[+bizidun]

[[ izen propioa DS] -(r)-(en)-ga-n-a AdpS]

Irati(ren)gana / Ane(ren)gana / Pello(ren)gana… // Mikelengana/ Mirenengana / Antonengana

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n-a AdpS]

ni(re)gana / hi(re)gana

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n-a AdpS]

gu(re)gana / zuengana/ zu(re)gana

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ … DS] -(e)-ra AdpS]

zeru (garbi)ra / etxe (berri)ra / ikastolara ... // itun (zaharr)era / gau (ilun)era

[+bizidun]

[-plural]

[[ … artikulua DS] -r-en-ga-n-a AdpS]

ikaslearengana / lagun zaharrarengana

[-bizidun]

[+plural]

[[ ... artikulua DS] -(e)-ta-ra AdpS]

etxeetara/ leku berrietara/ enpresetara/ une latzetara

egunotara/ bide zabalotara...

[+bizidun]

[+plural]

[[ … DS] -(e)n-ga-n-a AdpS]

ikasleengana / gurasoengana

ikasleongana / gurasoongana

[+erakusle]

[-bizidun]

[-plural]

[[… erakuslea DS] -(e)-ta-ra AdpS]

(etxe/ haitz…) {honetara / horretara / hartara}

(etxe/ haitz…) {hone(t)xetara/ horre(t)xetara/ hare(t)xetara // honetaraxe/ horretaraxe/ hartaraxe}

(etxe/ haitz…) beronetara/ berorretara/ berera}

[+bizidun]

[-plural]

[[… erakuslea DS] -(r)-en-ga-n-a AdpS]

(mutiko/ lagun …) {honengana/ horrengana/ harengana}

(mutiko/ lagun …) {hone(t)xengana/ horre(t)xengana/ hare(t)xengana}

(mutiko/ lagun…) {beronengana/berorrengana/ berarengana}

[-bizidun]

[+plural]

[[ … erakuslea DS] -(e)-ta-ra AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa…) {hauetara/ horietara/ haietara}

(etxe/ leku/ enpresa…) {haue(t)xetara/ horie(t)xetara/ haie(t)xetara}

(etxe/ leku/ enpresa…) {berauetara/ berorietara/ ber(ai)etara}

[+bizidun]

[+plural]

[[ … erakuslea DS] -en-ga-n-a AdpS]

(ikasle/ guraso…) {hauengana/ horiengana/ haiengana}

(ikasle/guraso…) {haue(t)xengana / horie(t)xengana / haie(t)xengana}

(ikasle/ guraso…) {berauengana/ beroriengana/ ber(ai)engana}

9.2.3.2 Funtzio sintaktikoa

a) Adlatiboa mugimenduzko aditzek hautatzen dute batez ere: bidali, ekarri, eraman, etorri, joan, zuzendu ... Mugimendua era abstraktuago batean adierazten duten aditzek ere bai: ausartu, behartu, bultzatu, saiatu...

Predikatu hauen osagarriak maiz aditz jokatugabeko perpausak izaten dira:

(59)
  • a. [{Etxera/ aurpegia garbitzera/ lotara/ harengana/ ...}] joan da.

  • b. [Plan berri bat aurkeztera] behartu dute.

Aditzarekin duten lotura kontuan hartuz, AdpS hauek egiazki osagarritzat har daitezke. Zenbait kasutan gainera, euskalkien arabera, adlatiboa eta inesiboa elkarren ordain gerta daitezke, bereziki ekintza adierazten duten perpaus jokatugabeekin:

(60)
  • a. Okela erostera noa (orokorra) / b. Okela erosten noa. (Mendebaldean).

Gorago esan dugun bezala, maiz [... -tik] eta [...-ra] sintagmak elkarren ondoan ematen ditugu, mugimendua edo tarte baten neurria adierazi nahi denean:

(61)
  • a. Mundakatik Bermeora hiru km daude.

  • b. Gure amama astero joaten zen Azpeititik Tolosara barazkiak saltzera.

Gainera, ibili bezalako aditz batek, osagarri gisa, biak batera eskatzen ditu, dirudienez:

(62)
  • Alde batetik bestera dabil egun osoan.

  • (a. ??Alde batetik dabil egun osoan; b. ??Beste aldera dabil egun osoan.)

b) Beste batzuetan, berriz, adjuntua izango da, batez ere mugimenduaren helburua baino areago, modua soilik adierazten duenean:

(63)
  • a. {Iritzira/ gutxi gorabehera} ari zara.

  • b. Lana {denon gustura/ neure erara / zeure gogora/...} egitea ez da beti erraza izaten.

9.2.3.3 Adiera

Adlatiboak adiera bat baino gehiago izan ditzake:

● Helmuga

Mugimendu baten helmuga adierazten du maiz: nora? balizko galderari erantzuten ahal dio.

(64)
  • Maritxu etxe ondoko iturrira doa.

    (Maritxu [[etxe ondoko iturri DS] [-ra Adp] AdpS] doa).

● Kokagunea

Batzuetan kokagunea adierazten du. Aditza mugimenduzkoa izan gabe ere, -ra adlatiboa erabil daiteke, egon, hartu, jo… eta beste predikatu batzuekin adibidez:

(65)
  • Perpaus baten sujetoa, VPren ezkerrera dagoen NP hori da. (Mitxelena)

Hemen, helmuga baino areago kokagunea adierazten du. Hala eta guztiz, VP-ren ezkerrera sintagmak norabidea edo adierazten segitzen du nolabait, ezker-ek eta eskuin-ek norabidea adierazten duten heinean. Mugimendurik ez da, baina modu abstraktu batean, gure begiak eta gogoa espazio batean ‘mugitzen’ dira. Bestela, nola azaldu, adibidez, izen arrunt batekin holakorik ez izatea (arbolaren ezkerrera daukazu baina *arbolara daukazu)?

● Denbora

Denbora ere adierazten du: handik bi egune(ta)ra, hemendik aurrera, gerora, etab. Nolabaiteko mugimendua adierazten da, denboraren iragatea nola-halako mugimendua dela onartzen badugu behintzat:

(66)
  • a. Zuk alde egin eta handik bost minutu(ta)ra agertu zen Joseba.

  • b. Hemendik aurrera nik esandakoa egin beharko duzue.

  • c. Goizetik arratsera zu zaitut gogoan.

● Modua

Neure erara, besteen antzera, lehengo modura, neure kontura eta abarretan modua adierazten dugu:16

(67)
  • a. Geure kontura ibili ginen Pragan zehar.

  • b. Nik badakit bakailaua pilpil erara prestatzen.

  • c. Iritzira ari zarela uste dut.

  • d. Etorri nire bila. Hartara, elkarrekin joango gara.

Hauetako batzuk aski ihartuak daude eta adberbio peto-petoak direla ere esan daiteke: hartara, adibidez edo iritzira. Halakotzat ematen ditu Euskaltzaindiaren (2010) Hiztegi Batuak. Kontura, aldiz, ez du jasotzen. Kasa, bai (cf. bere kasa).17 Gainera, kasu honetan bi perpaus lokaberen erdian, bien arteko lotura ziurtatuz.18

9.2.4 ADLATIBOA2 (‘Muga-adlatiboa’): [[… DS] -RAINO AdpS]

9.2.4.1 Morfologia

Adlatibo arruntaren (‘nora’)ren gainean sortutako forma dugu: -ra adposizioari -ino erantsiz osatua. Esan dezagun adlatibo mota bat dela, besterik gabe. Funtsean hala da. Adibidez: zein plazatara > zein plazataraino; zenbait arlotara > zenbait arlotaraino; Donostiara > Donostiaraino; guregana > gureganaino. ...

Adberbio erakusleekin ere berdin: noraino, honaino, horraino, haraino…

Hona hemen AdpS adlatibo honi legozkiokeen formak:

9.2.4.2 Funtzio sintaktikoa

[… -ra AdpS] bezalaxe, [… -raino AdpS] ere mugimendu aditzei lotua ageri da. Adlatibo mota bat da eta predikatuak hautatua den neurrian, osagarri izango da:

(68)
  • a. Azkeneraino iritsiko naiz.

  • b. Arbola hartaraino bota zuten pilota.

Iritsi aditzak, adibidez, duen esanahia duelako hain zuzen, AdpS hau hautatuko du eta bidali, bota, joan, iritsi, sartu eta beste zenbait aditzek ere bai.

9.2.4.3 Adiera

Mugimenduaren azken muga adierazten du:

(69)
  • a. Edozein zokotaraino iritsi dira eskuko telefonoak.

  • b. Kokoteraino (egina) naukazue.

Leku-denborazko AdpS-ez ari garenez, esan dezagun, denboraz ari garenean, arte adposizioaz baliatzen garela gauza bera adierazteko. Badirudi, dena dela, euskalkien artean badirela diferentziak honetan ere:

(70)
  • a. Hilaren hogeitabosta arte izango naiz Bilbon.

  • b. Hilaren hogeitabosteraino izango naiz zure herrian.

Hona hemen adibide polit bat kontu hau ilustratzeko balio dezakeena:

(71)
  • Errebeldia azkenerarte eramango dut, ez azkeneraino, beharbada. (X. Amurizak, Euskadi Irratian)

Azkenerarte-k denborari egiten dio erreferentzia: noiz arte? alegia. Hil arte esatea bezala litzateke kasu honetan. Aldiz, azkeneraino-k espazioa edo adierazten du, ‘azken muturreraino’ esango bagenu bezala.

Bestalde, nora/ noraino bikotea dugun bezala, arte/ arteraino/ arteino ere hor ditugu. Eta denborazko perpausetan, ni hemen naizeino bezalakoak ere eite berekoak dira: -ino edo honen kideko adposizio bat dute denek ere.

(72)
  • Ezin sinets dezakegu, adinak berak akaba arteiño, akabatuko garela. (Axular)

Norabide soila adierazi beharrean bide horren azken muga ere markatzen dute.

9.2.5 Adlatiboa3 (‘Norabide adlatiboa’): [[… ds] -RANTZ AdpS]

9.2.5.1 Morfologia

[… -ra] adlatibo arruntari -antz atzizkia erantsiz sortua dugu adlatibo hau ere: [... -(r)antz] < [... -(r)a + -(a)ntz] .

Jakina, -ra-k dituen eskakizun morfologikoek bere horretan segituko dute. -RAINO-rekin ikusi den bezala, adlatibo soilak zer tankera duen, ‘norabide-adlatibo’ honen morfologia ere halakoa izango da. Adibidez: zein herritara> zein herritarantz; Donostiara> Donostiarantz; gizonengana> gizonenganantz; hona> honantz; baserrietara> baserrietarantz...

-rantz forma da ohikoena: honen ondoan badira -ru(n)tz eta -rantza aldaerak ere: Bilboruntz, elizaruntz, noruntz, etxerantza, honantza ... ditugu.

AdpS NORABIDE ADLATIBOA (-RANTZ)
[-mugatu] [-bizidun]

[[…zenbatzailea… DS] -(e)-ta-rantz AdpS]

bi(ta)rantz/ hiru(ta)rantz/ sei(ta)rantz…// bate(ta)rantz / boste(ta)rantz / hamarre(ta)rantz

bi ordutarantz/ sei etxetarantz …// bost harri gogorretarantz / hamar zubi zaharretarantz

zertarantz / edozertarantz / ezertarantz ...// zeinetarantz / edozeinetarantz / zenbaitetarantz / hainbate((t)a)rantz

zein herritarantz / zenbat arbolatarantz...// edozein hitzetarantz / hainbat adarretarantz

(etxe/ harri/ haitz/…) {askotarantz / gutxitarantz ... // anitzetantz…}

[+bizidun]

[[…zenbatzailea… DS] -(r)-(en)-ga-n-antz AdpS]

birenganantz/ hirurenganantz/ seirenganantz…// batenganantz/ bostenganantz / hamarrenganantz

bi mutikorenganantz.../ bi lagunenganantz

zein mutikorenganantz/ edozein irakaslerenganantz ...// zenbat lagunenganantz/ hainbat artzainenganantz

(mutiko/lagun...) [askorenganantz / gutxirenganantz... // anitzenganantz...]

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-bizidun]

[[ izen propioa DS] -rantz AdpS]

Bilborantz / Donostiarantz / Maulerantz… // Irun(e)rantz / Usurbil(er)antz/ Zarautz(er)antz

Izen propioa

[+bizidun]

[[ izen propioa DS] -(en)-ga-n-antz AdpS]

Irati(ren)ganantz / Ane(ren)ganantz / Pello(ren)ganantz... // Mikelenganantz / Mirenenganantz / Antonenganantz...

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n-antz AdpS]

ni(re)ganantz / hi(re)ganantz

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-ga-n-antz AdpS]

gu(re)ganantz / zuenganantz/ zu(re)ganantz

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ … DS] -(e)-rantz AdpS]

zeru (garbi)rantz / etxe berrirantz/ ikastolarantz .../ / gau (ilun)erantz ...

[+bizidun]

[-plural]

[[… artikulua DS] -r-en-ga-n-antz AdpS]

ikaslearenganantz / lagun zaharrarenganantz

[-bizidun]

[+plural]

[[ ... artikulua DS]-(e)-ta-rantz AdpS]

etxeetarantz/ leku berrietarantz / enpresetarantz

egunotarantz / bide zabalotarantz...

[+bizidun]

[+plural]

[[ … artikulua DS] -(e)n-ga-n-antz AdpS]

ikasleenganantz / gurasoenganantz

ikasleonganantz / gurasoonganantz

[+erakusle]

[-bizidun]

[-plural]

[[ … erakuslea DS] -(e)-ta-rantz AdpS]

(etxe/ haitz…) {honetarantz / horretarantz / hartarantz }

(etxe/ haitz…) {hone(t)xetarantz / horre(t)xetarantz / hare(t)xetarantz}

(etxe/ haitz…) {beronetarantz / berorretarantz / bererantz}

[+bizidun]

[-plural]

[[ … erakuslea DS] -en-ga-n-antz AdpS]

(mutiko/ lagun …) {honenganantz / horrenganantz/ harenganantz}

(mutiko/ lagun…) {hone(t)xenganantz/ horre(t)xenganantz/ hare(t)xenganantz}

(mutiko/ lagun…) {beronenganantz/ berorrenganantz/ berenganantz}

[-bizidun]

[+plural]

[[ … erakuslea DS] -(e)-ta-rantz AdpS]

(etxe/ enpresa …) {hauetarantz / horietarantz / haietarantz}

(etxe/ enpresa …) {haue(t)xetarantz / horie(t)xetarantz / haie(t)xetarantz }

(etxe/ enpresa…) {berauetarantz / berorietarantz / ber(ai)etarantz }

[+bizidun]

[+plural]

[[ … erakuslea DS] -en-ga-n-antz AdpS]

(ikasle/ guraso …) {hauenganantz / horrenganantz/ harenganantz}

(ikasle/ guraso…) {hone(t)xenganantz/ horre(t)xenganantz/ hare(t)xenganantz}

(ikasle/ guraso…) {beronenganantz/ berorrenganantz/ berenganantz}

9.2.5.2 Funtzio sintaktikoa

Berez, ez du ematen [... -rantz AdpS] hautatzen duen predikaturik badenik. Denak -ra adlatiboa hautatzen dutenak dira nonbait. Hortaz, adlatiboa osagarri izan daitekeen neurrian, mugimendu aditzen kasuan bezala, [… -rantz] adlatiboa ere osagarritzat har genezake, [... -raino] bezalaxe, denak ere adlatiboak baitira. Honako hauetan, adibidez:

(73)
  • a. Hor bizi izan dira sartalderantz abiatu baino lehen. (Mirande)

  • b. Zeurekin noa mugako porturantz, gauzak argi dagozan herri askaturantz (Gandiaga)

Abiatu eta joan aditzek [… -ra AdpS] hautatzen duten heinean, -rantz ere hauta dezakete. Hala ere, abiatu aditza eta [… -raino] sintagma ‘elkartzea’ zailago dirudi, adibidez. Pentsa ote liteke, esaterako, ‘etxeraino abiatu naiz’? Ez du ematen. Baina ‘etxeraino iritsi‘ bai. Abiatu aditzak mugimenduaren hasierari begiratzen dio, nolabait. Iritsi-k, berriz, amaierari. Hortaz, Bilbotik abiatu edo iritsi esan daiteke eta baita Bilbora abiatu da eta Bilbora iritsi da ere bai. Baina Bilborantz abiatu edo Bilborantz jo zentzuzkoak diren bitartean, Bilborantz iritsi ez hainbeste. Horrela, abiatu-k onartzen ez badu, seinale osagarriaren aurrean gaudela. Aditzaren esanahia (iritsi/abiatu) eta herrirantz bateragarri ez badira, seinale osagarri baten aurrean gaudela.

9.2.5.3 Adiera

● Norabidea

Jomuga zehatza ez, norabidea adierazten du:

(74)
  • a. Mendirantz abiatu ginen.

  • b. Zein autotarantz joan da pilota?

  • c. Egoera ekonomikoak hoberantz egin omen du.

Gutxi gorabeherako norabidea adierazten duela esan genezake: etxerantz doana ez doa, nahitaez, etxera, etxeko norabidean bai, baina gehiagorik ez. Horregatik, oro har, leku-aldaketa adierazten duten predikatuekin batera (abiatu, begiratu, bidali, bota, eraman, jo, joan…) erabil daiteke. Baina beste zenbaitekin ere (egon, kokatu… ) erabil daiteke. Adibidez:

(75)
  • a. Eguerdi alderantz ikusiko du medikuak.

  • b. Hegoalderantz kokatua dago.

Kasu hauetan, alde adposizioa ere hor dugu, aipatu dugun ‘gutxigorabeherakotasun’ hori adierazteko aski litzatekeena: eguerdi aldean diogunean bezala.

Baina moduaz ari bagara eta ez egiazko mugimendu batez, -antz atzizkia gehitzea ezinezkoa dela pentsa daiteke: Mikel iritzira/ *iritzirantz ari da, baina denok iritzi bererantz goaz. Azken honetan ez gara moduaz ari.

9.2.6 ADLATIBOA4 (‘Helburuzko adlatiboa’): [[… ds] -RAKO AdpS]

9.2.6.1 Morfologia

Itxura guztien arabera, adposizio honen forma [… -ra + -ko] da. Batzuetan, gainera, -ko soila agertzen da, adlatiboaren -ra adposiziorik gabe, leku-denborazko adposizioekin esaterako: betiko, atzoko. Edozein modutan, sintagma konplexuekin ohikoena da adposizio segida osorik gordetzea: [[... -ra AdpS] + -ko AdpS]. Adibidez: plazara> plazarako; herri honetara> herri honetarako; Azkoitira > Azkoitirako; gora > gorako; gainera > gainerako… Izaki bizidunez ari garenean ere, -ganako agertuko zaigu, oso era mugatuan bada ere, dirudienez.

-RAKO AdpS HELBURUZKO ADLATIBOA
[-mugatu]

[[… zenbatzailea DS] -(e)-ta-ra-ko AdpS]

bitarako/ hirutarako / seitarako… // bostetarako / hamarretarako(baina baterako)

bi ordutarako/ sei etxetarako… // bost harri gogorretarako // hamar zubi zaharretarako…

zertarako / edozertarako / ezertarako...// zeinetarako / edozeinetarako / zenbaitetarako / hainbatetarako

zein herritarako / zenbat arbolatarako... // edozein hitzetarako / hainbat adarretarako...

(etxe/ herri/ haitz/…) [askotarako / gutxitarako... // anitzetarako...]

Izen propioa

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

[[izen propioa DS] -ra-ko AdpS]

Bilborako/ Donostiarako/ Azpeitirako … // Usurbilerako/ Eibarrerako

[+mugatu]

[-plural]

[[ … DS] -(e)-ra-ko AdpS]

etxe (berri)rako / herri osorako... // hurrengo egunerako / alde (zaharr)erako/ une zailerako...

[+plural]

[[… artikulua DS] -(e)-ta-ra-ko AdpS]

etxeetarako / leku berrietarako / enpresetarako...

egunotarako / bide luzeotarako...

[+mugatu]

[+erakusle]

[-plurala]

[[erakuslea ds] -(e)-ta-ra-ko AdpS]

(etxe/haitz...) {honetarako/ horretarako/ hartarako}

(etxe/haitz…) {hone(t)xetarako/ horre(t)xetarako/ hare(t)xetarako// honetarakoxe / horretarakoxe / haretarakoxe}

(etxe/haitz...) {beronetarako / berorretarako/ bererako}

[+plurala]

[[erakuslea ds] -(e)-ta-ra-ko AdpS]

(etxe/leku/enpresa…) {hauetarako/ horietarako/ haietarako}

(etxe/leku/enpresa…) {haue(t)xetarako/ horie(t)xetarako/ haie(t)xetarako}

(etxe/ leku/ enpresa...) {berauetarako / berorietarako / ber(ai)etarako}

● [… -enganako AdpS]

Sintagma [+bizidun] denean, [… -enganako] forma izango genuke, hots: [… -engan-a-ko]:

(76)
  • Virginiari nion maitasunak oztopatu egiten zidan beste neskenganako bidea. (B. Atxaga)

Hau ere adlatiboaren gainean eraikia dugu, -ko erantsita. Baina hemen arazo bat dugu. Izan ere, etxerako edo biharko formako AdpSei, berez, bi kokagune desberdin dagozkie perpausean, a) aditzaren osagarri gisa: ogia erosi behar dut [{etxerako, biharko, gosaltzeko…}] edo b) izenaren osagarri gisa: [[{etxerako, biharko, gosarirako] ogia] erosi behar dugu. Lehenbiziko kasuan noizko erosi? galderari erantzuten zaio. Bigarrenean, aldiz, zer ogi, zertarako… izango lirateke galdera aproposak. Kontua da biharko nahi dut, horretarako eskatu diot aizkora eta antzeko esamoldeak nekez osatzen ahal ditugula -enganako-rekin.

Helburu bat adierazten da holakoetan. Eta galdera arruntak noizko?/ zertarako? izan litezke. Baina noizko ogia? galdetzen duenak jakin nahi duena izan daiteke: a) noiz jateko? nahiz b) noiz egindakoa? Galdera arruntak ere desberdinak dira: noizko da ogi hau? (helburuzkoa) eta noizko ogia da hau? (zein ogi?) nahiz noizkoa da ogi hau? Kontua da [… -enganako] esapideak bi adiera horietako bat bakarra bideratzen duela, hain zuzen helburuzkoa ez dena. Alegia, datorren bilerarako prestatu nahi dut programa nahiz datorren igande(ra)ko plana zein da? biak zilegi dira, esanahi desberdina badute ere. Baina zuenganako jarrera zuzena bada ere, *ikasleenganako programa ez dut amaitu okerra dela dirudi. Oztopatu egiten zidan beste neskenganako bidea arrunta da. Izan ere, ´beste neskengana ninderaman bidea’ izango luke azpian.

9.2.6.2 Funtzio sintaktikoa

[... -rako AdpS], berez, aditzaren nahiz izenaren adjuntu izan daiteke. Horrela, zinerako, etxerako, denda horretarako eta antzekoek bi zeregin horiek bete ditzakete. Adibidez:

(77)
  • a. Zinerako dirua etxean ahaztu dut. [[zinerako AdpS] dirua DS]

  • b. Holako txakur bat behar dut baserrirako. [baserrirako AdpS]

(77)an ez dirudi benetako osagarriak ditugunik. Osagai horiek adierazi gabe ere, perpausa gramatikala baita: dirua etxean ahaztu dut; holako txakur bat behar dut.

[… -ENGANAKO] izen baten adjuntu izan ohi da. Horrela, norbaitenganako maitasuna, beste neskenganako bidea, guganako gorrotoa etab. izan daiteke, baina zerbait *norbaitenganako ekarri, adibidez, ez. Horretarako dugu datiboa, esaterako: zerbait norbaiti ekarri. Etxerako ekarri, aldiz, guztiz zilegi da.

Aski, gehiegi, lain, beste… eta hauen kideko kuantifikatzaileekin batera ageri denean, orduan bai, osagarri dela ematen du, kuantifikatzaileak hautatua:

(78)
  • a. Etxerako lain ez du irabazten. (*Lain ez du irabazten)

  • b. Diru hori gutxiegi da ditugun proiektuetarako. (Diru hori gutxiegi da)

[… -ko] sintagma hau agerian ematen ez denean, inplizitotzat ematen ahal da. Izan ere zerbait gutxiegi dela esaten denean, adibidez, ‘zerbaitetarako gutxiegi’ ulertzen dugu.

9.2.6.3 Adiera

● Helburua

Helburua adierazten du, funtsean. Zerta(ra)ko?, norako? nahiz noizko? galderei erantzun diezaieke:

(79)
  • a. Bihar goizerako amaitua nahi dut lan hori.

  • b. Bi etxeetarako egin behar izaten ditut erosketak.

  • c. Lagunarterako oso egokia da Jon.

Horrenbestez, sintagma honek ekintza baten helburua adierazten du. (79a)n noizko? galderari erantzuten zaio, denbora-muga zein den esanaz. (79b eta c)ko kasuan balizko galdera norako? edo zerta(ra)ko? da. Hemen mugarik ez da adierazten, helburu soila baizik. Dena dela, bi kontzeptuak, helburua eta epe muga aski hurbilekoak direla ematen du.

Denborari buruz aritzean, aldi batez ari gaitezke, bere osoan nahiz epe batez, aditzak aspektuaren aldetik nolako balioa duen:

(80)
  • a. Har ezazu txamarra gauerako.

  • b. -(ra)ko helburuzkoa ez ezik, leku/denborazko soila ere izan daiteke:

(81)
  • (81) a. Etxeko lanak ez ditut amaitu.

  • b. Egurra behar dut sukalderako.

9.2.7 Leku-denborazko Adposizio Sintagmak laburbilduz

[+leku/denbora]

Inesiboa

[non]

-an

-tan

-gan

herrian, etxe hartan, zein herritan…

etxeetan, etxe hauetan…

gizona(ren)gan, horiengan, zugan…

Bilbon, Tolosan…

Ablatiboa

[nondik]

-tik /-rik

-tatik/-tarik

-gandik/-ganik

herritik, etxe hartatik,

herririk herri; jende hauetarik…

gizon horiengandik, zuengandik…

Bilbotik, Tolosatik…

etsaiengandik, zuregandik…

Adlatiboa

[nora]

-ra

-tara

-gana

herrira,

herrietara, etxe hartara, etxe hauetara…

gizon horrrengana, horiengana, guregana …

Bilbora, Tolosara…

etsaiengana, zauregana…

Hurbiltze adlatiboa

[norantz]

-rantz

-tarantz

-ganantz

herrirantz, herrietarantz,

etxe hartarantz, baso haietarantz…

gizon horienganantz…

Bilborantz, Tolosarantz…

etsaienganantz, zureganantz…

Muga-adlatiboa

[noraino]

-raino

-taraino

-ganaino

herriraino, ertzeraino, tontorreraino…

etxe hartaraino, herri hauetaraino…

haur horienganaino, nireganaino…

gizon horienganaino…

Bilboraino, Tolosaraino…

etsaienganaino, zureganaino…

Helburuzkoa

[norako]

-(ra)ko

-tarako

herrirako, etxe harta(ra)ko ...

plazetarako, zein plazatarako, plaza honetarako…

Helburuzkoa

[noizko]

-ko2 egun horreta(ra)ko, biharko, zureganako
Erlazio soilezkoa -ko1

bihotz oneko, egun hartako,

gutxi-gorabeherako, eguneroko

9.3 Leku-denborazko ez diren AdpSak

Leku-denborazko ez diren adposizio itsatsiak honako hauek dira: -z (instrumentala), -ekin (soziatiboa), -entzat (destinatiboa), -(en)gatik (kausazkoa) eta -tzat (prolatiboa).

-ko erlaziozkoa, ez da, berez, leku-denborazkoa, erlaziozko soila baizik: (etxeko < {etxe(an)/ etxe(ra)-ko, baina aitarekiko < aitarekin-ko…; bihotz oneko < bihotz on-e-ko; jakineko < jakin-e-ko). Dena dela, nonbait tratatu behar, eta gaiaren azalpena erraztearren jadanik aurkeztua dugu lehenago. Baina itzuliko gara berriro.

9.3.1 Instrumentala: [[… DS] -Z AdpS]

9.3.1.1 Morfologia

● Instrumentala -z adposizioaz baliatuz osatzen da. Adposizio honek ezkerrean DS bat izango du osagarri: gure etorkizunaz< [[gure etorkizun -a DS] -z AdpS]; gure arazoez < [[gure arazo -ak DS] -z AdpS]; edozein hautagaiz < [[edozein hautagai DS] -z AdpS] Hortaz, morfologiari dagokionez, ergatiboak edo datiboak bezalatsu jokatzen du instrumentalak: etorkizun-a-z (cf. etorkizun-a-k/ etorkizun-a-ri); gure arazo-e-z (cf. gure arazo-e-k/ gure arazo-e-i); edozein hautagai-z (cf. edozein hautagai-k/ edozein hautagai-ri).

● Baina DS hori izenordain batez osatua bada edo determinatzailea erakuslea bada, instrumentalak beste bide bat hartzen du, leku-denborazko AdpS-ena hain zuzen, eta -ta- artizkia agertuko da: gizon {honetaz / horietaz / haietaz...}; gutaz, nitaz, nortaz... ergatiboan eta datiboan ez bezala: gizon {honek/ horiek/ haiek...}; guk, nik, nork…; gizon {honi/ horri/ hari}; {guri/ niri /nori…} esaten baita, -ta- artizkirik gabe. Aipatu ditugun kasu horietara mugatua dago -ta-ren erabilera instrumentalean: erakusleetara (etxe honetaz…), izenordainetara (gutaz…), eta determinatzaile zehaztugabeetara: zertaz, zenbaitetaz… Hala ere, hauen ondoan zerez, zerbaitez ere aski ohikoak dira.

● DS bat izan beharrean, inolako determinatzailerik gabeko IS ‘soilei’ ere eransten ahal zaie instrumentala: ahoz, buruz, egunez, malkoz, menturaz, urrez, zorionez… bezalakoak, non mugatzailerik ez den ageri inondik ere, baina -ta- artizkirik ere ez. Determinatzailerik gabeko sintagmak ditugu: pentsa liteke instrumentalaren osagarria ez dela DS, IS baizik. Hau bitxia da, instrumentalean bakarrik gertatzen baita eta inesiboan ere bai, beharbada (egiatan, eguzkitan, benetan…). Guk hemen sintagma hauek egitura gramatikalizatuak direla proposatuko dugu. Eta horrela ager daitezke, hain zuzen, hiztegietan ere: egunez (egun-e-z), zorionez (zori-on-e-z), pozez (poz-e-z)… adberbiotzat eman litezke bere horretan, egunero, pozik, oihuka, marmarka etab. bezala.19 Egun osoz, gau ilunez ere hor ditugu, egunez eta gauez bezala. Eta esan dezagun, bide batez, euskaldun askorentzat, eskuragarri dauden instrumental ia bakarrak hauexek direla, gainerakoetan beste itzuli batzuetara jotzen baitute.

● Instrumentala perpaus bati itsatsia ere ager daiteke: begiak zabalduz, gure erretoreak esaten zuenez… modukoetan, esaterako.

Ohar hauek eginik, taula honetan laburbil daitezke AdpS instrumentalak har ditzakeen forma nagusiak.

AdpS INSTRUMENTALA (-Z)
[-mugatu]

[[… zenbatzailea ds] -(e)-(ta)-z AdpS]

bi(ta)z / hiru(ta)z / sei(ta)z... // bostez / hamarrez

bi mutikoz / sei etxez... // bost lagunez / hamar zubi zaharrez...

zerez / edozerez / ezerez/ zeinez/ edozeinez/ zenbaitez/ hainbatez...

zertaz / edozertaz / ezertaz...// edozeinetaz/ zenbatetaz/ hainbatetaz...

zein mutiko(ta)z / zenbat arbola(ta)z // edozein lagune(ta)z / hainbat adarre(ta)z...

(etxe/ harri/ haitz/mutiko/ lagun…) {askoz/ gutxiz...// anitzez...}

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-bizidun]

[[ izen propioa ds] -(e)-z AdpS]

Bilboz/ Donostiaz/ Maulez... // Irunez / Usurbilez / Zarautzez...

Izen propioa

[+bizidun]

[[ izen propioa ds] -(e)-z AdpS]

Iratiz / Anez / Pelloz ...// Mikelez / Mirenez / Antonez...

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina ds] -ta-z AdpS]

nitaz/ hitaz

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina ds] -ta-z AdpS]

gutaz/ zuetaz / zutaz

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ … artikulua DS] -z AdpS]

zeru (garbi)az/ etxe (berri)az / ikastolaz ... //alde (zaharr)az / une zailaz

[+bizidun]

[-plural]

[[… artikulua DS] -z AdpS]

ikasleaz / lagun zaharraz...

[-bizidun]

[+plural]

[[… artikulua DS] -z AdpS]

etxeez / leku berriez / enpresez / une latzez

[+bizidun]

[-plural]

[[…artikuluaDS] -z AdpS]

ikasleez / gurasoez ...

[+erakusle]

[-plural]

[[…erakusleaDS] -(e)-ta-z AdpS]

(etxe/ haitz…) {honetaz/ horretaz/ hartaz}

(etxe/ haitz…) {hone(t)xetaz/ horre(t)xetaz/ hare(t)xetaz}

(etxe/ haitz…) {beronetaz/ berorretaz/ beraz}

(Baina {honez/ horrez/ harrez} gero)

[+plural]

[[ ... erakuslea ds] -(e)-ta-z AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa/ ikasle/ guraso…) {hauetaz / horietaz/ haietaz}

(etxe/ leku/ enpresa/ ikasle/ guraso …) {haue(t)xetaz / horie(t)xetaz / haie(t)xetaz}

(etxe/ leku/ enpresa) {berauetaz/ berorietaz/ ber(ai)etaz}

9.3.1.2 Funtzio sintaktikoa

● Zenbait aditzen osagarri

AdpS instrumentala zenbait aditzen osagarri izan daiteke: ahantzi, arduratu, baliatu, damutu, fidatu, galdetu, gogoratu, jabetu, kezkatu, konturatu, maitemindu, mintzatu, ohartu, oroitu, pentsatu, poztu eta beste hainbat aditzek instrumentala hautatzen dute osagarri. Hauetariko batzuk aditz psikologikoak dira eta halako aditzekin instrumentalean edo soziatiboan ematen den ‘estimulua’ edo adierazten du.

(83)
  • a. Ez naiz gogoratzen zure galderaz.

  • b. Zutaz eta zure makinez ahantziko zirelakoan zeunden. (X. Montoia)

Honako hauetan, aldiz, predikatuarekin berarekin baino areago predikatuaren osagarri batekin erlazionatua ageri dela ematen du:

(84)
  • a. Zer esan zizuten gizon horretaz?

  • b. Hobeko genuen menturaz, hausnarketa gehiago egin bagenu, munduaren bilakaeraz eta aberriaren funtsezko arazoez (P. Xarritton)

Kasu hauetan, [zer] eta [hausnarketa] dira, berez, aditzaren osagarri. Zer dira, orduan, [gizon horretaz], edo [munduaren bilakaeraz eta aberriaren funtsezko arazoez] sintagmak? Izan ere (84)eko perpaus horietan, instrumentala aditzaren egiazko osagarriarekin erlazionaturik dago. Perpaus horiek beste modu honetara ere eman litezke, hots:

(84’)
  • a. Gizon horri buruzko zer esan zizuten?

  • b. Hobeko genuen munduaren bilakaerari eta aberriaren funtsezko arazoei buruzko hausnarketa gehiago egin bagenu.

Zer, hausnarketa gehiago DS-ak eta AdpS instrumentalak harremanetan daude. Instrumentala, bigarren mailako predikatua izango litzateke, predikatu osagarria. (84’)ko [... -z -ko] sintagmak, berriz, nolabaiteko AdpSak lirateke zer/ hausnarketa zehazten dutenak:

(85)
  • a. Mikeli buruz ezer entzun duzu?

  • b. Ezer entzun duzu?

  • c. *Mikeli buruz entzun duzu?

● AdpS instrumental honek ezer sintagmaren arrimuan bakarrik lan egin dezake: bere kabuz ezin da entzun moduko predikatu baten osagarri izan, (85c)k ongi erakusten duen bezala. Aldea dago, hortaz, (84)ko instrumentalen eta (84’)ekoen artean: (84)koak predikatu jakin batzuen osagarri dira. Aldiz, (84’)koak ez dira predikatu nagusiaren osagarri, osagarriaren adjuntu baizik. Izan ere, aditzarekin baino gehiago, aditzaren osagarriarekin erlazionatua dago AdpS instrumental hori, bigarren mailako predikatua da, esan bezala.

Honako hauetan ere predikatu osagarria dela dirudi, hots, predikatu nagusiaren argumentu izan gabe, bestelako gorabeheraren bat (‘moduzkoa’ gehienetan) adierazten duenean:

(86)
  • Buruko minez altxatu naiz gaur.

Alegia buruko minez sintagmak ez luke altxatzeko modua adieraziko. Izatekotan ere, ‘altxatu naiz eta ni buruko minez nengoen’ edo adieraziko luke. Hots: [nii [nii buruko minez] altxatu naiz gaur]. Bigarren mailako predikatua genuke, hortaz: gaur ongi altxatu naiz perpausean bezala. Hemen ongi adberbioa izan daiteke altxatu aditzaren adjuntu nahiz subjektuari buruzko predikatu.

● Beste adposizio batzuen (aparte, gain(era), …) osagarri:

(87)
  • a. [[Zuk esandakoaz AdpS] [gainera Adp] AdpS], hau ere kontuan izan dugu.

  • b. [[Lehenaz AdpS] [gain Adp] AdpS], orain hau.

  • c. [[Berri honetaz AdpS] [aparte Adp] AdpS] ezer gutxi aurkituko duzu egunkarian.

  • d. [[Hankaz AdpS] [gora Adp] AdpS ] jarri zuten dena.

Honako AdpS hauetan ere instrumentala baliatzen dugu osagarrian:

(88)
  • a. [[Atzoz AdpS] [gero Adp] AdpS ], zabalik dago bulegoa.

  • b. [[Lehengo urteaz AdpS] [geroztik Adp] AdpS] ez dut etxe hau zapaldu.

Holakoak aski esapide finkatuak ditugu, baina argi dago zer egitura duten: gero denbora-adposizioak AdpS instrumentala dauka osagarri, AdpS baten ‘gainean’ beste AdpS. Alegia:

● AdjS-ren osagarri:

(89)
  • a. [[Zure lanaz] AdpS] harro AdjS] nago.

  • b. [[Zutaz AdpS] lotsatuak AdjS] agertu ziren.

Ohar bat, hala ere: ez da dudarik harro adjektiboa dela, besteak beste. Lotsatu partizipioa ere nolabaiteko adjektibotzat hartzea bidezko da. Badirudi zenbait adjektibo adberbio gisa erabili ohi direla. Partizipioa bera ere bai. Adibidez, lotsatuak bezalaxe, lotsatuta edo lotsaturik erabil genezake, eta hauek, daramaten atzizkiari esker, adberbiotzat hartzen ahal ditugu, edo AdpS-tzat. Harro-ren ordez ere, pozik esan genezakeen:

(90)
  • a. Bere lanaz pozik dago.

  • b. Jaun horren jokabideaz lotsaturik gaude denok.

Adjektibo, partizipio zein adberbio izan, predikatuen aurrean gaude. Horrela, instrumentala predikatu hauen osagarri dela esan daiteke.

● Zenbait perpaus mendekok ere AdpS instrumentalaren taxua hartzen du:

(91)
  • [Pasadizo parregarri bat kontatu -z AdpS] amaitu zuen hitzaldia.

Hemen, pasadizo parregarri bat kontatuz perpaus jokatugabea ez litzateke osagarria izango, adjuntua baizik. Nolanahi ere, AdpS instrumentala daukagu.

Honako honetan, berriz, perpaus jokatua dugu, adposizioa buru duena:

(92)
  • [[Jonek ongi azaldu duen KonpS] [-e-z Adp] AdpS], zerbait egin beharra dago.

9.3.1.3 Adiera

Instrumentalak askotariko erabilerak ditu. Hizkuntzalari batzuen ustez (cf. de Rijk 2008: 737), semantikaren ikuspegitik instrumentala da kasu guztietan tratatzen zailena. Instrumenatalaren funtsezko adierak bi dira de Rijk-en iritziz: a) bitartekoa eta b) kausa. Beste askotan ere baliatzen da instrumentala.

Saia gaitezen instrumentalaren erabilera hauek nolabait ‘antolatzen’:

● Bitartekoa, lanabesa

Instrumentalak ekintza bat gauzatzeko erabiltzen den tresnari edo bitartekoari egiten dio erreferentzia. Horregatik deitzen zaio, hain zuzen, ‘instrumental’, hau baita instrumentalaren erabilera ohikoa:

(93)
  • a. Zapata hauek eskuz josiak dira, baina beste hauek makinaz.

  • b. Oraindik ere bere gutun guztiak lumaz idazten segitzen du.

  • c. Gure zuzendariak bere sinpatia naturalaz erakartzen ditu lankideak.

Adiera hau gailentzen da (93a eta b) gisako sintagma mugagabeetan.

Bestalde, mugatua denean batez ere, AdpS hauetan -z instrumentala lehian ageri da -kin soziatiboarekin: askoz arruntago da, esaterako, euskaldun askoren ahotan ‘neure begitxoekin ikusi dut’, ‘neure begitxoez ikusi dut’ baino. Edo goiko (93c)ren ordez, beharbada ohikoago da beste hau, hegoaldeko hiztunen artean behintzat:

(93c’)
  • Gure zuzendariak bere sinpatia naturalarekin erakartzen ditu lankideak.

Gorputz atalak ere bitartekotzat har litezke. Izan ere, gorputz atalez baliatzen ahal gara ‘lanabes’ gisa, ekintza konkretu bat gauzatzeko:

(94)
  • a. Katuak mingainaz igurtzi zuen zauria.

  • b. Baietz adierazi zidan buruaz.

Beste batzuetan, gorputz atal hori zentzumenaren baliokidetzat hartzen da:

(95)
  • a. Batzuek belarriz aparkatzen dute autoa.

  • b. Neure begiez ikusi dut istripua.

Zerbait adierazteko erabiltzen den hizkuntza edo bestelako adierazpideak ere instrumentalean ematen ditugu

(96)
  • a. Latinez esan beharko dizut, hobeto uler dezazun.

  • b. Hitzez esan zidan.

  • c. Izkribuz ezer ez egiteko aholkatu ziguten.

(96)koetan instrumentala bai, baina mugagabean ematen da, lexikalizatutako adberbio gisa nolabait: latinez, euskaraz, frantsesez, ingelesez, katalaneraz, ... Baina sintagma konplexuagoak ere osa daitezke:

(97)
  • Hizkera dotore eta zehatz batez mintzatu zen alkatea.

Instrumentalak ‘modua’ ere adierazten duela esan ohi da, modu hori zer datekeen argi ez egon arren, zenbaitetan behintzat. Nolanahi ere, hemen aipatutako kasu gehienak, hein batean, moduzkotzat interpreta litezke.

Bitartekotzat hartzen den ekintza bat ere adieraz daiteke instrumentalaren bidez. Alegia, instrumentalak ekintza konkretu bat gauzatzeko tresna baino areago, gertaera baten lagungarri denari egiten dio erreferentzia. Honi ekintza mediatiboa deitzen dio de Rijk-ek (2008: 744):

(98)
  • a. Zure laguntzaz, garaipen handiak lortuko ditugu.

  • b. Ostikada batez eraitsi zuen txabolako atea.

Kasu honetan, ordezko sintagma izan daiteke ‘x-ren bidez’ (hau ere instrumentala da, jakina), edo ‘x-ri esker’ nahiz ‘x-rekin’ soziatiboa:

(103’)
  • a. {Zure laguntzarekin / zure laguntzari esker}, garaipen handiak lortuko ditugu.

  • b. {Ostikada baten bidez / ostikada batekin} eraitsi zuen txabolako atea.

Lekuz aldatzeko erabiltzen ditugun baliabideak ere (trenez, autoz, oinez...) instrumentalez eman ohi dira:

(99)
  • a. Lehen trenez joaten ginen Zumarragara.

  • b. Eskailerak oinez jaistea komeni zaizu.

(99)an instrumentala mugagabean eman dugu. Jakina, ibilgailu edo tresna zehatz batez ari bagara, tren jakin batez adibidez, mugagabearen ordez mugatua erabiltzera behartuak egon gintezke, baina orduan instrumentala ez beste bideren bat hautatu behar:

(100)
  • a. Lehen, Urolako trenean (*trenez / *trenaz) ibiltzen ginen.

  • b. Hiruretako autobusean (*autobusez / *autobusaz) joango naiz.

  • c. Eskuineko eskuaz (*eskuineko eskuz) gidatzen du.

Baina beste batzuetan holakoak, forma mugatuan, ezinezkoak gertatzen dira:

(101)
  • a. Oinez / *oinetan etorri naiz.

  • b. Itsasoz / *itsasoan joan da.

Leku-aldaketa nondik zehar egiten den adierazteko ere instrumentalaz baliatzen ahal gara: itsasoz, airez, mendiz, lehorrez...

(102)
  • a. Mikel beti mendiz joaten zen Urkiolatik Elorriora.

  • b. Bilbotik Rotterdamera itsasoz egin zuen bidaia.

Ekintza bat gauzatzeko erabiltzen den ekaiari edo materiari ere erreferentzia egiten ahal dio instrumentalak. Holakoak ohikoak dira bete, egin, eratu, estali, moldatu, osatu, konpondu... bezalako aditzekin. Instrumentalak ekintza bat gauzatzeko gaia zein den adierazten du:

(103)
  • a. Ardi esnez egindako gazta saltzen du Tintxok.

  • b. Urrez estali zuen teilatua.

  • c. Indiar buruzagi baten argazki zaharraz apainduriko kamiseta zeraman.

Kontuan izan (103a eta b)ko instrumentalak mugagabean doazela eta izen zenbakaitz batez (ardi esne, urre) ari garela. Aldiz, (103c)-n, sintagma mugatu singularra dugu. Denak ere soziatiboaren bidez ordezka litezke: ardi esnearekin; plastiko batekin ... Beti ere kontuan izan behar da instrumental mugagabearen ordez beste sintagma bat aukeratzen badugu, ordezko honek aukera handirik ez duela ematen mugagabea baliatzeko, mugatua izan behar du ezinbestean: urrez estali baina urrearekin estali, ez *urrerekin estali; ardi esnez egin /ardi esnearekin egin. Baina indiar buruzagi baten argazkiz estali/ indiar buruzagi baten argazkiekin estali.

● Gaia ere adierazten ahal du instrumentalak:

(104)
  • a. Industriaren bilakabideaz mintzatu ziren parlamentuan.

  • b. Nire ahuleziaz baliatu zinen.

(104a)n instrumentalak adierazten du zein izan den mintzaldiaren gaia. Kasu honetan, -z soilaren ordez, [… -ri buruz AdpS] edo [… -en gainean AdpS] sintagmez ere baliatzen ahal gara: industriaren bilakabideari buruz mintzatu; industriaren bilakabidearen gainean mintzatu. (104b)ko instrumentalaren ordain izan daiteke absolutiboa bera: nire ahulezia baliatu zuen. Baliatu aditzak horretarako aukera ematen du.

Bestalde, nabarmena da -ko-ren agerpenari buruz nola jokatzen duten batak eta besteak:

(105)
  • a. [Industriaren bilakabideari buruzko] hitzaldi batean izan ginen.

  • b. [Industriaren bilakabidearen gaineko] hitzaldi bat eskaini zuten telebistan.

Hala ere, instrumental soilarentzat bide hori aski badaezpadakoa gertatzen dela ematen du, mugatzaile gabea ez bada behintzat:

(106)
  • ?[Industriaren bilakabideazko] hitzaldi batean izan nintzen.

Bestalde, hizketa arruntean bederen, eta bereziki hegoaldeko euskaldunen artean, badira instrumentalaren ordez, bestelako esamoldeez baliatzeko aukera eskaintzen duten aditzak. Batzuetan, instrumentalaren ordez [... -kin AdpS] soziatiboa baliatzen dugu. Hori da aditz psikologikoekin gertatzen dena esaterako: akordatu, gogoratu, maitemindu, oroitu… Beste batzuetan, berriz, [... -gatik AdpS] gisa ematen ditugu, esan, gaizkiesaka jardun, galdetu... aditzekin, esaterako:

(107)
  • a. Zurekin maiteminduta dago. (cf. zutaz maiteminduta dago)

  • b. Zurekin akordatu nintzen. (cf. zutaz akordatu nintzen)

  • c. Zuregatik galdetu zidan. (cf. zutaz/zuri buruz galde egin zidan)

  • d. Egundokoak esan zituen bere nagusiagatik (cf. egundokoak esan zituen bere nagusiari buruz).

Mugak non diren jakitea ez da samurra, nolanahi ere. Dena dela, badirudi, ekialdeko euskalkietan instrumentalaren erabilera hedatuagoa eta ohikoagoa dela mendebaldean baino.

● Modua

Modua adierazteko baliatzen ahal dugu instrumentala, batez ere mugatzailerik gabe erabiltzen denean. Modua kontzeptu lausoa da, baina besterik ezean, erabilgarri gerta daiteke. Mugatzailerik gabeko sintagma hauek adberbiotzat hartzea proposatu dugu, izen batetik eratorritako adberbiotzat: [izena + [-z Adp] Adb]. Adibidez: ahoz, arduraz, arretaz, beldurrez, buruz, dardaraz, garaiz, gogoz, ikaraz, irriparrez, kontuz, minez, negarrez, nekez, pozez, zentzuz…

Horrelakoak maiz predikatu osagarriak izan ohi dira:

(108)
  • Hotzez nago. / Beldurrez agertu ginen. / Penaz esaten dizut.

Instrumentalak, de Rijk-ek dioenez, aho-jarduera ere adierazten ahal du: algaraz, burlaz, deiez, garrasiz, heiagoraz…:

(109)
  • a. Marmarrez ari da beti (cf. marmarka ari da beti)

  • b. Erreguz natorkizue (cf. erreguka natorkizue)

Modua adierazten da, halaber, etxez etxe, buruz buru, eskuz esku, aurrez aurre, orpoz orpo bezalako adberbio esapideetan ere.

(110)
  • Buruz-buru aritu dira bi hautagaiak telebistan, eta atzo etxez-etxe ibili ziren.

● Kausa ere adieraz dezake:

(111)
  • Tristuraz eta bakardadez hil zen gaixoa. (cf. tristura eta bakardadeagatik hil zen)

Hemen kausa balioa eman dakioke instrumentalari, baina goian bezala, ez gabiltza ‘modu’ delako horretatik oso aparte ere.

● Estimulua

Aditz psikologikoekin (ahantzi, ahaztu, akordatu, beldur izan, damutu, gogoratu, maitemindu, kezkatu, oroitu...) instrumentalak estimulua adieraz dezake:

(112)
  • a. Maiz gogoratzen naiz zutaz.

  • b. Mozkorti batez maitemindu zen Anttoni.

  • c. Pello aspaldi ahaztu zen neska horretaz.

Perpaus hauetan instrumentala estimulua bada, subjektua esperimentatzailea izango da. Dena dela, hemen ere, instrumentalaren ordez bestelako AdpS-ak erabil daitezke, gorago esan den bezala: zurekin gogoratu; adiskide batekin maitemindu; zurekin ahaztu.

Instrumentalaren balioa askotarikoa izanik, ez da harritzekoa adposizio askoren osagai nagusi izatea ere: bidez, bitartez, medioz bezalakoek, adibidez, erabilera zabala dute bitartekotasuna adierazi nahi denean:

(113)
  • Zure {bitartez / bidez} lortu genuen zuzendariarengana iristea.

Erruz, ondorioz, ordez, partez, legez, iritziz, buruz bezalakoak ere berdin.

● Irizpidea/ ikuspegia

‘Criteria’ dio de Rijk-ek. Alegia, perpaus bat interpretatzeko orduan irizpide gisa ezartzen den erreferentzia jasoko luke instrumentalak, zeren arabera ulertu behar den:

(114)
  • a. Motel dabil osasunez.

  • b. Diruz larri samar ikusi nuen gizona.

‘Osasun aldetik’ edo ‘diruari dagokionez’ esango bagenu bezala.

● Denboraren iraupena

Denboraren iraupena instrumentalaren bidez eman daiteke edo inesiboan, edo inolako markarik gabe ere bai batzuetan:

(115)
  • Bost urtez egon zen gartzelan. (cf. bost {urte / urtean} egon zen gartzelan)

Iraupen desberdintasuna adierazteko ere baliagarri da instrumentala, eta oro har, konparazioak egiterakoan ‘koska’ zenbatekoa den adierazteko:

(116)
  • Bera baino hogei urte(z) zaharragoa zen andre aberats batekin ezkondu zen.

‘X aldiz’ ere instrumentala da (aldi-z) eta neurria, maiztasuna eta holakoak adierazten ditu: bost aldiz izan naiz Ameriketan; hau zu baino bi aldiz aberatsagoa da…

Hortaz, instrumentalezko esapide hauek joko handi samarra ematen dute, ñabarduraz betea, batez ere mugatzailerik gabeetan: [urre/ garai/ algara...] + -z Adb]. Hauek euskararen eremu osoan erruz erabiltzen dira. Mugatzailedunak ez hainbeste.

9.3.2 Soziatiboa: [[… ds] -(R)E-KIN AdpS]

9.3.2.1 Morfologia

(-e-kin gaur atzizki bihurturik dago, baina, itxura guztien arabera, jatorrian genitiboaren gainean eraikia da, tartean izen bat duela: gizona-re-kin < [gizona-ren kide + -n] (ik. Mitxelena 1961: 122). Horrenbestez, hemen ere, genitiboari dagozkion lotura-arau morfofonologiko berak aplikatzen dira.

AdpS SOZIATIBOA (-EKIN)
[-mugatu]

[[… zenbatzailea ds] -(r)-ekin AdpS]

birekin / hirurekin / seirekin... // bostekin / hamarrekin

bi mutikorekin / sei etxerekin… // bost lagunekin / hamar zubi zaharrekin

zerekin / edozerekin / ezerekin... / zeinekin / edozeinekin / zenbaitekin / hainbatekin

zein mutikorekin / zenbat arbolarekin... // edozein lagunekin/ hainbat adarrekin…

(etxe / harri/ haitz/ mutiko / lagun…) [askorekin / gutxirekin... // anitzekin...}

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-biziduna]

[[ izen propioa DS] -(r)ekin AdpS]

Bilborekin/ Donostiarekin/ Maulerekin… // Irunekin / Usurbilekin/ Zarautzekin

Izen propioa

[+biziduna]

[[ izen propioa DS] -(r)ekin AdpS]

Iratirekin/ Anerekin/ Pellorekin… // Mikelekin/ Mirenekin / Antonekin...

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-kin AdpS]

nirekin/ hirekin

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[ [pertsona izenordaina DS] -(re)-kin AdpS]

zurekin/ gurekin/ zuekin

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[artikulua DS] -rekin AdpS]

zeru (garbi)arekin/ etxe (berri)arekin/ ikastolarekin … // itun zaharrarekin / gau ilunarekin...

[+bizidun]

[-plural]

[[ … artikulua DS] -(r)ekin AdpS]

ikaslearekin / lagun zaharrarekin...

[-bizidun]

[+plural]

[[ … artikulua DS] -(e)kin AdpS]

etxeekin / leku berriekin / enpresekin / une latzekin

egunokin / bide zabalokin...

[+bizidun]

[+plural]

[[ … artikulua DS] -(e)kin AdpS]

ikasleekin / gurasoekin

ikasleokin / gurasookin...

[+erakusle]

[-plural]

[[… erakuslea DS] -(r)-ekin AdpS]

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {honekin/ horrekin/ harekin}

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {hone(t)xekin/ horre(t)xekin/ hare(t)xekin }

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {honekintxe/ horrekintxe/ harekintxe}

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {beronekin/ berorrekin/ berekin/ berarekin}

[+plural]

[[ ... erakuslea DS] -ekin AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa/guraso/ikasle …) {hauekin/ horiekin/ haiekin}

(etxe/ leku/ enpresa/guraso/ ikasle …) {haue(t)xekin / horie(t)xekin / haie(t)xekin}

(etxe/ leku/ enpresa/guraso/ ikasle …) {hauekintxe/ horiekintxe / haiekintxe}

(etxe/ leku/ enpresa/ guraso) {berauekin/ beroriekin/ ber(ai)ekin}

Bizkaieraz -ekin-en ordez -gaz erabiltzen da. Biek berdin-berdin egiten dute lan. Kontuan izan behar dira, hala ere, arau morfofonologikoak, azaleko formak zuzen sortuko badira. Arauok honako hauek dira funtsean:

... konts -gaz > ...konts -e- -gaz [-mug]
  • zein gizonegaz; edozeinegaz, bategaz...

  • edozein pertsonagaz; edozein semegaz; bigaz

Izen propioekin
  • Athletikegaz; Mirenegaz ...

  • Bermeogaz; Andonigaz ...

[+plural]

-ak -gaz > ... -kaz

  • gurasoakaz; semeakaz; umeakaz ...

  • ume honeekaz; zuekaz ...

9.3.2.2 Funtzio sintaktikoa

Adjuntua da, normalean, perpausaren osotasuna eta gramatikaltasuna ziurtatzeko ez baita ezinbesteko osagaia. Hala gertatzen da ‘konpainia’ edo adierazten duenean, joan, bizi izan, lan egin eta antzekoekin. Adibidez:

(117)
  • a. Nora zoaz liburu horrekin?

  • b. Esku horiekin pianojole ona izan zintezke.

  • c. Pertsona batzuekin lan egiteak gustua ematen du.

Osagarri izan daiteke batzuetan, hala ere. Instrumentalaren ordain gisa erabiltzen dela ere ikusi dugu, esaterako, ahaztu, gogoratu, pentsatu eta agian beste bakarren batekin. Kasu honetan, instrumentala bezalaxe, osagarria litzateke, aditz batek aukeratua baita:

(118)
  • a. Ez naiz ezerekin gogoratzen.

  • b. Kanpandorrea dantzan hastea nahikoa, ni zurekin pentsatzen jartzeko. (Arantxa Iturbe)

Ados egon, bat etorri, bat egin… bezalako aditz konplexuekin ere osagarritzat hartu beharko genuke:

(119)
  • a. Ez nator zuekin bat.

  • b. Erabat ados naiz esan duzunarekin.

Ezkondu edo elkartu aditzekin ageri denean ere, badirudi osagarria dela, aditzak hautatua den heinean:

(120)
  • a. Pello Mariarekin ezkonduko da aurten. (Pello eta Maria aurten ezkonduko dira.

  • b. Geltokian elkartuko gara zurekin. (Zu eta biok geltokian elkartuko gara.)

Ez dago ezkontzerik norekin ezkondurik ez bada. Gauza bera elkartu-rekin ere.

9.3.2.3 Adiera

Konpainia: norekin? edo zerekin? galderari erantzuten dio AdpS honek.

Horregatik ematen zaio, hain zuzen, gramatika lanetan soziatibo edo komitatibo izena ere:

(121)
  • a. Joxerekin etorri nintzen Gasteiza.

  • b. Politikari ezagun batekin afaldu du.

Maiz Instrumental baliotik ere hurbil dabil:

(121)
  • a. Aizkora batekin moztu zion lepoa oiloari.

  • b. Zure jokabide ziztrinarekin gauzak ez dituzu erraz jartzen.

● Denbora balioa ere izan dezake: noiz? galderari erantzuten dio zenbaitetan:

(123)
  • a. Egunsentiarekin irten ginen Gorbeiarantz.(cf. Egunsentian irten ginen)

  • b. Berrogei urterekin egin zen budista. (cf. Berrogei urte zituela)

[... -ekin batera AdpS] tankerakoek ere bi gertaeraren arteko aldiberekotasuna ematen dute aditzera, honako honetan bezala:

(124)
  • Hau esatearekin batera sabaia lurrera erori zen.

Zurekin batera joango naiz diogunean ere kidetasun bera dugu funtsean, baina oraingoan ez gaude bi gertakizunen aldiak alderatzen, zure eta nire arteko elkartasuna edo baizik.

Maiz, AdpS hau juntadura batez ere ordezka daiteke. Horrela, [X Y-rekin] eta [X eta Y] baliokidetzat har daitezke esanahiaren aldetik.

(125)
  • a. Joseba zurekin joango da = Joseba eta zu joango zarete.

  • b. A B-rekin alderatzen duzunean = A eta B alderatzen dituzunean

Euskara zaharrean hauen antzekoak erabiltzen ziren, beste hitz hurrenkera batez baliatuz.

Kausazkoa: [[… ds] -(EN)GATIK AdpS]

9.3.2.4 Morfologia

● [... -en -gatik AdpS] hau ere genitiboaren gainean eraikia da: [... -(e)n -gatik ]. Seinale, -gatik-ek ere izena duela barnean (-ga(i)-tik). Ohart gaitezen, hala ere, zenbaitetan -en-gatik-en ordez, -gatik soila izaten dugula. Genitiboaren -en marka ez dela agertzen, alegia. Hori sintagma mugatu singularra denean gertatzen da batez ere. Orduan, gizonagatik bezalako bat izango dugu gizonarengatik-en ondoan.

● Mugatzailea erakuslea denean ere, genitiboaren marka ezkuta daiteke:

a. … honengatik > … honegatik

b. … horrengatik > …. Horregatik

c. … harengatik > … haregatik > … hargatik

d. … {honexen/horrexen/harexen} -gatik > honexegatik/horrexegatik/harexegatik

Pluralean ere gauza bera, euskara mintzatuan behintzat:

a. Liburu hauek + -en-gatik > liburu hauengatik > liburu hauegatik

b. Arrazoi horiexek + -en-gatik > arrazoi horiexengatik> arrazoi horiexegatik

AdpS KAUSAZKOA (-ENGATIK)
[-mugatu]

[[… zenbatzailea ds] -(r)-(en)-gatik AdpS]

bi(ren)gatik / hiru(ren)gatik / sei(ren)gatik // bostengatik / hamarrengatik

bi mutikorengatik / sei etxerengatik... // bost lagunengatik / hamar zubi zaharrengatik...

zergatik / edozergatik / ezergatik… // zeinengatik / edozeinengatik / zenbaitengatik / hainbatengatik

(etxe/harri/haitz/mutiko/lagun…) [askorengatik/ gutxirengatik… // anitzengatik...]

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-biziduna]

[[ izen propioa DS] -(r)-(en)-gatik AdpS]

Bilbo(ren)gatik / Donostia(ren)gatik / Maule(ren)gatik … / Usurbilengatik / Zarautzengatik

Izen propioa

[+biziduna]

[[ izen propioa DS] -(r)-(en)-gatik AdpS]

Irati(ren)gatik / Ane(ren)gatik / Pello(ren)gatik … // Mikelengatik / Mirenengatik

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-gatik AdpS]

ni(re)gatik/ hi(re)gatik

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -(re)-gatik AdpS]

zu(re)gatik/ gu(re)gatik / zuengatik

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ artikulua DS] -(r)-(en)-gatik AdpS]

zeru (garbi)arengatik / etxe (berri)a(ren)gatik / ikastola(ren)gatik ... // bide (zaharr)a(ren)gatik / eguraldi (txarr)a(ren)gatik...

[+bizidun]

[-plural]

[[ … artikulua DS] -(r)-(en)-gatik AdpS]

ikaslea(ren)gatik / lagun zaharra(ren)gatik...

[-bizidun]

[+plural]

[[ ... artikulua DS]-(e)-n-gatik AdpS]

etxeengatik / leku berriengatik/ enpresengatik/ gauza latzengatik

egunongatik/ bide zabalongatik

[+bizidun]

[+plural]

[[ ... artikulua DS]-(e)-n-gatik AdpS]

ikasleengatik/ gurasoengatik

ikasleongatik / gurasoongatik

[+erakusle] [-plural]

[[ ... erakuslea DS] -(r)-en-gatik AdpS]

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {honengatik /horrengatik/ harengatik}

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {hone(t)xengatik/ horre(t)xengatik/ hare(t)xengatik}

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {honengatixe / horrengatixe / harengatixe}

(etxe/ haitz /mutil / gizon…) {beronengatik/ berorrengatik/ bera(ren)gatik/ beregatik}

[+plural]

[[erakuslea DS] -(en)-gatik AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa/ guraso/ ikasle …) {hauengatik/ horiengatik/ haiengatik}

(etxe/ leku/ enpresa/ guraso/ ikasle …) {haue(t)xengatik/ horie(t)xengatik/ haie(t)xengatik}

(etxe/ leku/ enpresa/ guraso/ ikasle …) {hauengatixe/ horiengatixe/ haiengatixe}

(etxe/ leku/ enpresa/ guraso) {berauengatik/ beroriengatik/ ber(ai)engatik}

9.3.2.5 Funtzio sintaktikoa

AdpS hau adjuntua izan ohi da: ez dago kausa hautatzen duen predikaturik. Hala ere, Hegoaldeko euskalkietan batik bat, eta hizkera arruntean, instrumentalaren ordez ere ageri da zenbait aditzekin. Horrela, galdetu edo egundokoak esan, gaizki esaka jardun bezalako predikatuekin maiz erabiltzen da instrumentala erabili beharrean:

a. "Ez al du gugatik galdetu?", esan zidan Mary Annek (B. Atxaga) (cf. Ez al du gutaz galdetu?)

b. Gugatik esan dituztenak esango dituzte Armoricako biztanleengatik ere. (Iñigo Aranbarri)

Kasu honetan, osagarria izango litzateke, aditzak hautatua den heinean.

9.3.2.6 Adiera

● Kausa, motiboa, arrazoia...

[... -engatik AdpS] sintagmak gertakizunen kausa edo adierazten du. Hots: zergatik?/norengatik? galderari erantzuten dio, tautologia bada ere. Beraz, honako bi perpaus hauek erabat desberdinak dira esanahiaren aldetik:

(126)
  • a. Etxe hau zuregatik eraikia izan zen. (cf. etxe hau zuregatik eraiki zuten)

  • b. Etxe hau zuk eraikia da. (cf. liburu hau zuk eraiki zenuen)

Balizko gaztelaniazko itzulpena gorabehera, sekula ez da izango ergatiboaren ordezko:

(127)
  • *Nire lagunak ertzaintzagatik atxilotuak izan ziren. (cf. Nire lagunak ertzaintzak atxilotuak izan ziren. / Nire lagunak ertzaintzak atxilotu zituen.)

Adibide hau zuzena izango bada, atxiloketaren zergatia adierazi behar du:

(128)
  • Nire lagunak ertzaintzagatik izan ziren atxilotuak (Ertzaintzaren erruz edo, alegia).

Kausazko mendeko perpaus jokatugabeek ere adposizio honetara jotzen dute:

(129)
  • Eskerrik asko hain bizkor erantzuteagatik.

Hemen eskerrak ematearen arrazoia (kausa) zein den adierazten. Ordaina adierazteko ere erabiltzen da.

Errepara diezaiegun honako adibide hauei:

(130)
  • a. Euria da gure lurrak kolore berdeagatik ordaintzen duen prezioa. (Pako Aristi)

  • b. Zer esan ortodoxia hausteagatik deabruaren kobazuloan ordaintzen duten bide-sariaz? (A. Lertxundi)

  • c.13.400 eurorengatik saldu zien alaba. (Berria)

Hiru perpausotan, zerbaiten prezioa aipatzen da (kolore berdearena, ortodoxiarena edo alabarena). Bi modutara aipatzen da, ordea: a) ‘erosleak’ ordaindu beharrekoa batetik, eta b) saltzaileak jaso duena. Prezio hori lehenbiziko bietan euria eta koba zuloan sartzeko bide-saria da, hirugarrenean diru kopuru bat. Saleroste horietan gertaera bera dugu, baina modu desberdinean ematen da horren berri. Bi lehenbizikoetan ordaindu aditza aipatzen da: kolore berdeagatik edo ortodoxia hausteagatik ordaindu beharrekoa. Hirugarrenean, aldiz, ordaindu-ren ordez, saldu: (130a)n kolore berdearen ordaina euria da eta (130b)n, ortodoxia haustearena, bide saria. Aldiz (130c)n alabaren prezioa 13.400 euro izan zen. Baina azken honetan trukea beste modu batera ikusten da. Egin zitekeen beste bietan bezala: “alabarengatik 13.400 euro ordaindu/ jaso zituen. Baina horren ordez, nahiago izan du beste aditz batez baliatu, saldu aditzaz, juxtu alderantzizko adiera duena, eta horren ondorioa –gatik sintagma beste argumentu bati eranstea da. Azken batean A-ren prezioa B bada, kontuak bi eratara aurkezteko bidea eskaintzen zaigu: A-gatik B ordaindu (ortodoxia hausteagatik bide-saria ordaindu), edo B-gatik A jaso/erosi (13.400 eurorengatik saldu alaba). Ez da erraza azaltzea baina bide horretatik doala ematen du.

Baina beste honako honen antzekoek erdal kalko itxura handi xamarra dute agian:

(131)
  • Disko hau liburu horrengatik trukatzen dizut.

Dena dela, bi esamoldeak aurki daitezke, adibidez, Eliza arteko Bibliaren itzulpenean:

(132)
  • a. Ez trukatu adiskidea diruarengatik, ez eta anaia maitea ere urrerik finenagatik. (Si 7,18)

  • b. Jabeak ez du onak ala txarrak diren begiratu behar, ezta aukeratua beste batez trukatu ere. (Lb 27,33).

Holakoak maiz erabiltzen dira, ahozkoan behintzat.

● Kontzesioa

Balio hau ere izan ohi du maiz [... -gatik] -sintagmak. Izan ere, kausarekin erlazionatua dago kontzesioa. Hortaz, ‘X gorabehera’ esanahiarekin edo, [... -gatik] erabiltzea ohikoa da:

(133)
  • a. Basta ederragatik / astoa duk asto. (‘Basta ederra izanagatik, astoa beti asto’)

  • b. Ez dezazula pentsa, zure lausenguengatik, mutu geratuko naizela.

  • c. Niregatik, lasai egon zaitezkete.

Kontzesio balioa aurkituko dugu perpaus jokatugabeetan ere:

(134)
  • Gaztetxoa izanagatik, haren izena ehunka web orritan agertzen da.

Horratik (<horregatik), haatik (<ha(r)gatik) … bezalako adberbioak funtsean, horixe dira, kontzesiboak:

(135)
  • a. Ez zinen, horratik, orain jaikiko?

  • b. Jonek laguntzeko eskatu zidan. Nik, haatik, ez nion kasurik egin.

Hauek aurkaritza-juntagailu baten bidez ere adieraz daitezke, nolabait (baina ez zinen orain altxatuko?; baina nik ez nion kasurik egin). Aurkaritza eta kontzesioa oso hurbileko adierak dira, nolanahi ere.

9.3.3 DESTINATIBOA: [[… DS] -ENTZAT AdpS]

9.3.3.1 Morfologia

AdpS DESTINATIBOA (-ENTZAT)
[-mugatu]

[[ ...zenbatzaile... DS] -(r)-en-tzat AdpS]

birentzat/hirurentzat/seirentzat… // bostentzat / hamarrentzat

bi mutikorentzat / sei etxerentzat... // bost lagunentzat / hamar zubi zaharrentzat

zerentzat / edozerentzat / ezerentzat... // zeinentzat / edozeinentzat / zenbaitentzat / hainbatentzat

(etxe/harri/haitz/mutiko/lagun…) [askorentzat/ gutxirentzat... // anitzentzat...]

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[-biziduna]

[[ izen propioa DS] -(r)-en-tzat AdpS]

Bilborentzat/ Donostiarentzat/ Maulerentzat… // Irunentzat Usurbilentzat/ Zarautzentzat

Izen propioa

[+biziduna]

[[ izen propioa DS] -(r)-en-tzat AdpS]

Iratirentzat/ Anerentzat/ Pellorentzat… // Mikelentzat/ Mirenentzat / Antonentzat...

[+bizidun]

[-plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -re-tzatAdpS]

niretzat / hiretzat

[+bizidun]

[+plural]

<izord>

[[ pertsona izenordaina DS] -re-tzat AdpS]

zuretzat/ guretzat / zuentzat

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-bizidun]

[-plural]

[[ … artikulua DS] -(r)-en-tzat AdpS]

zeru (garbi)arentzat / etxe (berri)arentzat / ikastolarentzat ... // bide (zaharr)arentzat / zulo (ilun)arentzat...

[+bizidun]

[-plural]

[[ ... artikulua DS] -(r)-en-tzat AdpS]

ikaslearentzat / lagun zaharrarentzat...

[-bizidun]

[+plural]

[[ ... artikulua DS]-(e)-n-tzat AdpS]

etxeentzat / leku berrientzat/ enpresentzat/ gauza latzentzat

egunontzat / bide zabalontzat

[+bizidun]

[+plural]

[[ ... artikulua DS] -en-tzat AdpS]

ikasleentzat / gurasoentzat

ikasleontzat / gurasoontzat

[+erakusle] [-plural]

[[ ... erakuslea DS] -(r)-en-tzat AdpS]

(etxe/ haitz/ mutil/ gizon…) {honentzat /horrentzat/ harentzat}

(etxe/ haitz/ mutil/ gizon …) {hone(t)xentzat/ horre(t)xentzat/ hare(t)xentzat}

(etxe/ haitz/ mutil/ gizon …) {beronentzat/ berorrentzat/ beretzat /berarentzat}

[+plural]

[[erakuslea DS] -en-tzat AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa/guraso/ikasle …) {hauentzat/ horientzat/ haientzat}

(etxe/ leku/ enpresa/guraso/ ikasle …) {haue(t)xentzat / horie(t)xentzat / haie(t)xentzat}

(etxe/ leku/ enpresa/ guraso) {berauentzat/ berorientzat/ ber(ai)entzat}

AdpS honek osaera hau du: [[...DS] -en-tzat AdpS]. Hortaz, genitiboaren gainean eraikia dugu hau ere: aitarentzat/ niretzat.

Bestalde, eskuinean -ko duela ere joan daiteke [… -entzako], alegia. Euskalkien arabera, -endako ere gauza bera da:

Liburu hau norentzat da? / Liburu hau norentzako da? / Liburu hau norendako da?

● Izenlagun gisa izenaren ezkerrean kokatua bada, -ko-ren erabilera nahitaezkoa gertatzen da: zuretzako, norentzako….

Mikelentzako liburuak hauek dira. (cf. Mikelendako liburuak hauek dira.; *Mikelentzat liburuak hauek dira)

9.3.3.2 Funtzio sintaktikoa

[… -entzat AdpS] ez da osagarri izaten, adjuntu baizik.

(136)
  • Gutun hau ekarri dute zuretzat.

Adjuntu izanik, osagai hau ez du aditzak hautatzen. Horregatik, perpausak, hori gabe ere zuzen izaten segitzen du: gutun hau ekarri dute.

Esamolde batzuetan, hala ere, zenbait konparatiborekin adibidez, osagarri dela pentsa liteke: [… -entzat lain], [… -entzat x-egi] modukoetan bereziki, non konparatiboaren ‘estandarra’ destinatiboan joan ohi den. Gauza bera gertatzen da helburuzko [… -tzeko] sintagmarekin ere:

(137)
  • a. Etxe hau handiegia da {zuretzat / zuret(z)ako}. (cf. etxe hau handiegia da berotzeko)

  • b. {Biontzat/ biontzako/ biondako} lain badugu. (cf. errenta ordaintzeko lain baduzu)

Hemen, [zuretzat] eta [biontzat], handiegi-k edo lain-ek hautatua da: etxe hau zurea baino handiagoa da esaten dugunean bezala, non [zurea baino] sintagma […-ago]-ri lotua ageri den. Alegia, ‘etxe hau handiegia da’ diogunean, ‘zeren arabera da handiegi?’ aditzera ematen digu zuretzat osagaiak. Hortaz, -egi edo lain-en osagarritzat har dezakegu hizpide dugun AdpS hau.

Osagarri hau inplizitoa ere izan daiteke eta, horrenbestez, aditzera eman gabe utzi:

(138)
  • Etxe hau handiegia da.

Beste adjektibo batzuekin ere (on, egoki, kaltegarri...) ikus genezake: eztularentzat ona; herriarentzat kaltegarri...

9.3.3.3 Adiera

Aditzaren ekintzari dagokion onuraduna (edo kalteduna) adierazten du, ekintza edo gertaera baten onura/kaltea nork jasotzen duen.

(139)
  • a. Haurrentzat ekarri ditut jostailu hauek.

  • b. Edozein enpresarentzat onuragarri izan liteke proiektu hau.

Sarritan, hala ere, norentzat? eta zerta(ra)ko? edo norako? galderak elkarren lehian ibil daitezkeen bezala, etxearentzat eta etxerako bezalako AdpS-en artean ere erabakitzea zaila gerta daiteke:

(140)
  • a. Lur-sail hauek lantegi berriarentzat aproposak lirateke.

  • b. Lur-sail hauek lantegi berrirako aproposak lirateke.

Nolanahi ere, [... -rako]-k badirudi ‘lekuari’ egiten diola erreferentzia, [... -ra]-k bezala, hain zuzen. [... -en-tzat]-ek, berriz, onuradunari. -ren-tzat/-ren arteko kidetasuna -ra-ko eta -ra-ren artekoa bera litzateke, hortaz.20 Dena dela, batzuetan -entzat eta -rako, egiazki, esanahi bertsukoak gerta daitezke:

(141)
  • a. Proiektu hau herrirako ona da. (cf. Proiektuak herrira onura ekarriko du.)

  • b. Proiektu hau herriarentzat ona da. (cf. Proiektuak herriari onura ekarriko dio.)

Izan ere, proiektuak norbaitentzat onuragarri izan daitezkeen bezala, nonbaiterako onuragarri ere izan daitezke edo norbaiti onura ekar liezaiokete. Baina beste bazuetan ez dira trukagarri:

(141)
  • a. Txartel hau Gernikarako da. (cf. txartel hau Gernikara joateko baliagarri da)

  • b. *Txartel hau Gernikarentzat da. (cf. *txartel hau Gernikari entregatzeko da21)

Oro har, esan daiteke -(r)entzat bizidunekin, edo nolabait bizidun gisa interpreta daitezkeenekin (herria adibidez), ondo doala eta onuraduna adierazten duela. -rako, berriz, bizidun ez direnekin. Horrela, onuraduna baino areago, helburua adierazten du. Hortaz, -(r)entzat leku-denborazko ez direnen artean kokatzea zilegi da. Aldiz, -rako leku-denborazkoen artean kokatu dugu.

9.3.4 Prolatiboa: [[… AdjS/IS ]-TZAT]

9.3.4.1 Morfologia

Aurreko atalean helburuzko gisa analizatu dugun [… -en-tzat] adposizioan agertzen den -tzat eta oraingoa gauza bera dira, itxura guztien arabera. Hemen, hala ere, -tzat genitiborik gabe agertzen da. Bestalde, gainerako kasuetan ez bezala, oraingoan ez dago lekurik mugagabe/ mugatu singular/ mugatu plural bereizketarako: -tzat-en osagarria IS soila edo AdjS izango litzateke. Alegia [[… AdjS/IS] -tzat AdpS] izango litzateke egitura:

(143)
  • a. [[emazte IS] -tzat AdpS] hartu zuen Joxepa.

  • b. [[epaile zuzen IS] -tzat AdpS] geneukan Aintzane.

  • c. [[on AdjS] -tzat AdpS] eman nuen Koldoren iritzia.

Formaren aldetik, bada beste berezitasun bat ere: gainerako kasuetan ikusi ditugun hots-aldaketek ez dute hemen lekurik. Esan nahi baita, -tzat kontsonante baten ondoren gertatzen denean, ez da -e- bokalaren epentesirik ezartzen: lagun + -tzat > laguntzat (ez *lagunetzat) / zahar + tzat > zahartzat (ez *zaharretzat). Honetan, -ka adposizioaren pareko da 10.2.1): adar + ka > adarka (ez *adarreka) / laztan + -ka > laztanka (ez, *laztaneka)

-tzat-ek osagarritzat IS edo AdjS hartzen duela esan dugu. Ez du ez zenbatzailerik ez mugatzailerik (artikulu nahiz erakusle) onartzen. Izenordainik ere ez. Izan ere, izenordainok determinatzaile direla aldarrikatu dugunez, -tzat ezingo litzaioke izenordainari erantsi. Eta hala gertatzen da. Hortaz: [etsai IS] -tzat > etsaitzat; [lelo AdjS] -tzat > lelotzat; *[gizon hau DS] -tzat > *gizon hautzat; *[zu DS] -tzat > *zutzat; *[Pello DS] -tzat > *Pellotzat… Areriotzat, adiskidetzat… zilegi dira eta hauen parean arerio gogortzat, adiskide leialtzat, adjektiboa lagun dela, zuzenak dira. Beraz, prolatibo honek baditu debekuak, bereziki determinatzaileen agerpenari dagokionez. Baina horrek esan nahi duen bakarra da -tzat adposizioak osagarritzat ez duela onartzen determinatzaile sintagmarik.

9.3.4.2 Funtzio sintaktikoa

[… -tzat AdpS] sintagma predikatu osagarria izan ohi da. Horregatik, aditz berezi batzuekin agertuko zaigu beti, eman eta hartu aditzekin, batez ere.

(144)
  • a. Garestiegi izatea hartu dute aitzakitzat.

  • b. Ardo mindua saldu nahi ziguten aurtengo ardo berritzat.

Aitzakitzat sintagma garestiegi izatea perpausaz predikatzen da, eta aurtengo ardo berritzat ere berdin, ardo mindua sintagmarekin loturik dator. Horregatik, predikatu osagarritzat hartzen ditugu sintagma hauek. Bigarren predikazioa lirateke:

(144’)

-tzat gabe ere gauzatu daiteke predikazio hori:

(145)
  • a. Gerraren bila gau ta egun, etsaiaki harturik laguni.

  • b. On da aholkulari zuhur bati har dezan bere gida eta bere zuzendarii.

Egitura hauetan subjektua, objektua eta predikatua ageri zaizkigu erlazioan: -tzat prolatiboa objektuaz predikatzen da: prezioa hartu aitzakia(tzat,) etsaiak hartu lagun(tzat), aholkulari zuhur bat hartu gida(tzat)… Predikazioa perpauseko objektuari ez baizik subjektuari dagokionean, ez du ematen prolatiboaz baliatzen ahal garenik:

(146)
  • a. Miren neskame joan zen Eibarrera . (*Neskametzat joan zen)

  • b. Mikel alkate zegoen Zornotzan. (*Peru alkatetzat zegoen Zornotzan)

9.3.4.3 Adiera

Predikatu osagarri izanagatik, anbiguoa gerta daiteke. Adibidez, honako perpaus hau bi modutara interpreta liteke:

(147)
  • Erregetzat hartu zuten.

  • a. Errege zela uste izan zuten.

  • b. Errege izateko hartu zuten = errege hartu zuten.

Hura errege izan moduko predikazioa dugu bietan, baina batean uste bati buruz ari garen bitartean, bestean helburu bati buruz edo ari gara: zer zela uste izan zuten vs. zertarako (zer izateko) hartu zuten.

Esan dugu honelakoetan inolako determinatzailerik, ez mugatzailerik, ez zenbatzailerik ezin daitekeela ager. Horrela, ondoko (148a) aski badaezpadakoa dirudi. Zenbatzaileren bat edo behar izanez gero, ezingo dugu prolatiboa erabili. Beste bideren bat hartu beharko, (148b)koa, adibidez:

(148)
  • a. ?Bi turistatzat hartu gintuzten.

  • b. Bi turista ginela pentsatu zuten.

Edo, bestela, zenbatzailea predikatuan eman beharrean, objektuan agerrarazi: Gu biok turistatzat hartu gintuzten.

Izen bereziekin edo pertsona izenordainekin ere problemak izango ditugu:

(149)
  • a. Andoni nintzela pentsatu zuten. / Ni nintzela pentsatu zuten.

  • b. *Andonitzat hartu ninduten. / *Nitzat hartu zuten Andoni.

Hortaz, izen bereziek agerian mugatzailerik ez badute ere, mugatutzat hartzen ditugu. Hori izan liteke arrazoia, izen bereziek edo pertsona izenordainek -tzat-ekin ez biltzeko: -tzat-en osagarria IS edo AdjS delako, ez DS bat. Hau, bestalde, pertsona izenordainak mugatuak direla diogunean, mugatzaile ere badirelako froga gehigarri bat izango litzateke.

9.4 Laburbilduz

Kontuak ahalik eta modurik bateratuenean emateko, honako laburpen taula hau eskain dezakegu:

Adposizio Sintagmak [-leku-denborazkoak]

[-leku/denbora] Instrumentala -(ta)z

altzairuz, beldurrez, gogoz …

etxeaz, basoez …

arazo horretaz, ezertaz, zutaz…

Kausazkoa -(en)-gatik

mundu guztia(ren)gatik, zu(re)gatik …

hone(n)gatik, lagun bate(n)gatik…

ni(re)gatik, Joseba(ren)gatik…

Soziatiboa

-(r)e-kin

-gaz (B)

tipularekin, autoarekin, arauekin, …

arazo handiekin, etxeekin

gurekin, inorekin …

Patxirekin, Olatzekin…

Destinatiboa

-en-tzat

-en-tzako

-en-dako

ikastolarentzat, ikastolentzat, telebistentzat…

medikuentzat, guretzat, gazteentzat…

Prolatiboa -tzat zorotzat, egintzat, adiskidetzat …

Horrela osatutako sintagmak AdpS-tzat hartu ditugu eta hauen burua adposizio itsatsia dela aldarrikatu dugu.

9.5 Adposizio askeen bidez eraikitako AdpS-ak

[Hor] eta [leku haizetsu horretan] kidekoak direla onartuarren, begien bistakoa da egitura desberdina dutela: batean sintagmaren burua hitz beregain bat da (hor), ez elementu itsatsi bat, inesiboa (-n) den bezala, esaterako. -n, -tik, -ra nahitaez elementu itsatsiak dira, beti beste sintagma bati atxekiak ageri zaizkigu, sintagmako azken osagaiari itsatsiak, hain zuzen. Osagarria behar dute: etxean dago zuzena da, *n dago ezinezkoa. Eta alderantziz, beti, hor, inoiz, beraz… osagarririk gabe ageri zaizkigu:

(150)
  • a. Hor ez da inor bizi.

  • b. *Gure hor ez da inor bizi.

Eta hari horri tiraka segi genezake eta zure ondoan modukoak ere, AdpS direla onartu. Kasu honetan, hala ere, osagarriarekin nahiz gabe ager daiteke ondoan adposizioa:

(151)
  • a. Ondoan bizi da. ([[ondoan Adp] AdpS] bizi da])

  • b. Zure ondoan bizi da. ([[zure [ondoan Adp] AdpS] bizi da])

Ondoan adposizioa bera ere, izatez, konplexua da: burutzat -n inesibo marka darama, etxe-a-n AdpS-ak bezalaxe: ondo-a-n/ etxe-a-n. Hortaz, zure ondoan sintagma, -n inesiboagatik besterik ez balitz ere, AdpS-tzat har genezake, arestian aldarrikatu dugun bezala: [[zure ondo-a DS] -a [-n Adp] AdpS]. Hitz arruntetan esateko, etxean ez da hiztegiko hitz bat, egitura sintaktiko konplexu bat baizik, sintagma konplexu bat. Bide hori emankorra eta arrunta da. Horregatik, hiztegian etxe sarrera bai baina etxean sarrerarik ez dugu aurkituko. Hurrengo urratsa, gramatikalizazioa, egitura sintaktiko emankor bat ihartzea dakarren prozesua alegia, kasu batzuetan soilik gertatzen da: ondoan-en kasuan, adibidez. Hori gertatzen denean hiztegiko zerrendetan agertzeko aukera lortzen ahal dute. Han eta hartan, kasu argi bat jartzeko, berez, osaera sintaktiko berekoak dira: han < ha(r)-n; hartan < har-ta-n. Pentsa liteke, hala ere, han leku adberbioa dela eta hartan, berriz, AdpS, DS batez eta inesiboaz osatua. Han hiztegietako zerrendetan agertuko da, hartan, berriz, gramatiketan erakusleen morfosintaxia azaltzerakoan.22 Gisa berean, ez gara hasiko etxean balizko AdpS-ren bila hiztegian. Ondoan-en bila, aldiz, saia gintezke. Ondoren hitzaren kasuan areago. Hauek analizatzeko modua honako bi hauetako bat izan liteke:

(152)
  • a. [[zure ondo-a ds] [-(a)n Adp] AdpS] (-n adposizio inesiboa sintagmaren buru delarik)

  • b. [[zure DS] [ondo-an Adp] AdpS] (ondoan adposizioa buru duela).

Eta ondoan bera ere berdin:

(153)
  • a. [[ondo-a DS] [-(a)n Adp] AdpS]

  • b. [[ondo-an Adp] AdpS]

Nolanahi ere, denak inesiboak dira eta, horrenbestez, hemen aldarrikatzen dugun bezala, adposizio. Hortaz, zure ondoan AdpS bezala analizatuko dugu. Zure etxean, aldiz, honela:

(154)
  • [[zure [etxe(a)] DS] [-(a)n Adp] AdpS]

Morfologia gorabehera, adposizio askeak (alde, buruz, gain…) sintagma-buru izan daitezke: [[herriaren] alde AdpS]/ [[etxearen] ondoan AdpS]/ [[euskarari ds] buruz AdpS]/ [[emakume horiez AdpS] gain AdpS]/ [[joan den igandeaz AdpS] gero AdpS]

AdpS-ak izanik, burutzat adposizio kategoriako elementu bat izango dute:

9.6 Adposizio askeen gainean eraikitako AdpS konplexuak

Orain arteko AdpSetan batzuek beste batzuek baino egitura konplexuagoa dute. Denak, hala ere, kategoria bereko sintagmak direla aldarrikatu beharko genuke. Adibidez, [eskua -z AdpS] / [etxe-a-n AdpS] / [etxe -tik AdpS] modukoen aldamenean [eskua -re-ki-n / eskua -ga-z AdpS] / [andrea -ren-ga-n AdpS] eta [andrea (ren)-ga-tik AdpS] / andrea -(ren)-ga-n-dik AdpS] modukoak jartzen baditugu, erraz ohartzen gara batzuen eta besteen arteko diferentziez, baina baita antzekotasunez ere. Axola gehien duen osagaia, hala ere, eskuin muturrean daukagun adposizioa da: -z, -n, tik..., -rekin, -rengan… Hauek dira sintagmaren buru, eta adposizio kategoriakoak badira, hemen aldarrikatzen dugun bezala, garatzen duten egitura AdpS dela aldarrikatu beharko. Jatorria eta konplexutasuna gorabehera, etxean, eskuarekin, andrearengandik, zuretzat etab. modu bertsuan tratatu ditugu. Hizkuntzaren historian zehar, ordea, sintagmen taxua aldatuz eta trinkotuz joan dela pentsa daiteke eta osagaien antolamendua ere bai. Gaur zuregatik edo zuregandik diogunean ez dugu pentsatzen biek -tik dutela buru. Ez gara ohartzen hor tartean genitiboa ere badagoela: (zu(re)gatik / zu(re)gandik) eta, horrenbestez, genitiboaren eskuinean ageri denari izen kategoria dagokiola: -ga(i)- edo izan liteke izen kategoriako osagai hori. Horregatik, orain artekoan, DS-aren eskuinean ageri diren elementuak bat eginik daudela kontsideratu dugu, adposizio konplexutzat edo hartuz: hasieran, gutxigorabehera, [[[zu-re DS] –ga(i) IS] [-tik Adp] AdpS] zatekeenak, azkenean beste taxu hau hartu bide zuen: [[zu-re DS] -gatik AdpS] edo nahiago bada, hitz bakar bat osatzera iritsi denez, [[zu DS] -regatik AdpS]. Bidezkoa da. Eta gorago aipatu den bezala, [[zu DS] -gatik AdpS] gisa ere gramatikalizatzera iritsi dela esan dezakegu.

Ikus daiteke, hortaz, hitz batzuk izenetan edo beste adposizio batzuetan oinarrituak daudela, eta hain zuzen, hemen aipatu ditugun adposizio ‘itsatsi’ hauen antzekoak sortzen dituztela: zuregatik-en pare gertatzen dira, idazkera gorabehera, zure ordez, zure erruz, zure bitartez… esaterako. Gramatika eta hiztegi batzuetan postposizio deitzen zaie holako batzuei. Baina –gatik ez bezala, ordez, erruz, bitartez… ez dira elementu itsatsiak, bereiz idazten ditugu. Horregatik esaten da morfema ‘askeak’ direla, hitzak alegia. Hiztegietan ere hala agertu ohi dira, -gatik, -kin etab. ez bezala. Baina orain arte ikusi ditugun adberbiozko adposizioen taxu bera dute funtsean nahiz eta hitz aske gisa tratatzen ditugun. Beraz, arabera, artean, bitartez, bidez, gabe, erruz, esker eta abar AdpS-en buru izango dira:

(155)
  • a. {Prentsa(ren) bidez / prentsatik} jakin dut berria.

  • b. {Zure erruz / zuregatik} zigortu naute.

  • c. {Diru hori gabe / diru horrekin} ezin diot zorrari aurre egin.

  • d. {Zure ondoan / zurekin}nabil.

Adibidez: hemendik (< [[hemen Adp] [-tik Adp] AdpS]) edo zugana (< [[zugan AdpS] [-a Adp] AdpS]) sintagmen analisia zuzena bada, honako hauek ere funtsean modu bertsuan analizatzen ahal dira:

(156)
  • a. [[Basoan AdpS] [zehar Adp] AdpS] ibili nintzen ordubetez.

  • b. [[[Zaharra naiz InflS] -en KonpS] [-(e)z Adp] AdpS] denbora gehiago beharko dut.

Batzuek leku-denbora adierazten dute (ondoan, ondoren, gainean, behera, zehar …) eta besteek beste zerbait: modua, kausa… adposizioaren atal den izenaren edo dena delakoaren ‘berezko’ adieraren arabera: zure moduan/ antzean (‘moduzkoa’) vs. zure ondoan/ atzean (‘lekuzkoa’).

Hortaz, kapitulu honetan aurkeztu ditugun AdpS-etan burua batzuetan elementu itsatsia da, atzizki bat: -n, -ko, -tik, -z, -rako… (mendian, etxe eder hartara, ekologiaz, ikastola berrirako...). Hauek, ‘oinarrizko’ adposizioak dei genitzake.

Beste batzuetan, ordea, sintagmaren buruan, atzizki soila ez, elementu aske bat izango da, gehienetan konplexuagoa:23 etxe(aren) inguruan, gure partez, ekologiari buruz, denon kontra, gurasoen arabera …: inguruan, partez, buruz, kontra, arabera eta beste hainbat postposizio deitzen dira gure gramatika lanetan. Guk adposiziotzat hartzen ditugu eta adposizioa ardatz duten sintagma osoak, AdpS-tzat.

9.6.1 Instrumentala buru duten AdpSak

Instrumentalak ere berdin jokatzen du. Lehenago instrumentala daramaten hainbat adposizio jaso ditugu: erruz <erru-z, bidez <bide-z, bitartez <bitarte-z, ondorioz <ondorio-z..., denak izen bat barnean dutenak. Hor ageri diren izen horiek (erru, bide, bitarte…) –z instrumental soilaren adiera zehaztera datoz. Postaz bidali edo posta bidez bidali paretsukoak dira, morfologiari dagokionez ere. Honako hauek ere berdin: [... –en iritzi-z], [... –en orde-z], [... –en parte-z], [... –en uste-z] etab.

Baina instrumental hauek arazo bat dute: mugatzailerik gabe erabiltzen dira (partez / *parteaz; ustez / *usteaz…). Holakoen mugagabetasunaren arrazoi bila hasten garenean, noraezean bezala geratzen gara. Adposizio eratorritzat hartzea litzateke, beharbada, biderik sinpleena, hemen aldarrikatu dugun bezala. Hori zilegi bada, jakina, barnean izen bat duten adposizioak izango lirateke: buruz ikasi, erruz edan (Hiztegi Batuan erruz adberbioaren ‘asko’ adiera jasotzen da, postposizioa ez. Buruz-i ez zaio sarrera berezirik eskaintzen, baina erabilera guztiak aipatzen dira, nahiz eta ez den esaten zer kategoriatakoa den. Kontu-ren sarrera ere honela ematen da: ‘(artikulurik eta kasu markarik gabe, adizlagun balioko hitz elkartuak osatuz)’. Kontuz gidatu modukoekin ere hala jokatzen dute hiztegiek. Eta adposizio ere badirenez, adposizioak ere badirela esan genezake.

Horrenbestez, instrumental soila buru duten AdpS-ak izan ditzakegu, (157) bezalakoetan:

(157)
  • [Dendariaz AdpS] ez da fidatzen. ([[Dendaria-a DS] [-z Adp] AdpS])

Baina instrumental hori berori izen bati erantsiz ere sor daitezke buru konplexuagoak. Holakoak lirateke ondokoak:

(158)
  • a. [Alkoholaren erruz AdpS] galdu zuen lana. ([[alkoholaren DS] [erru-z Adp] AdpS])

  • b. [Lanaren bitartez AdpS] aterako da aurrera. ([[lanaren DS] [bitarte-z Adp] AdpS])

  • c. [Istripuaren ondorioz AdpS] elbarri dago. ([[istripuaren DS] [ondorio-z Adp] AdpS])

Adibide hauetan guztietan burua instrumentala da, baina leku-denborazko adposizioekin gertatzen den bezala, hemen ere gramatikalizazio prozesu bat gertatu bide da (Hualde 2003): izenak (erru, bitarte, ondorio…) instrumentalarekin bat egiten duelarik, pentsa dezakegu adberbio/adposizio konplexu bihurtzen bide direla: erruz, bitartez, ondorioz…). Eta hau onartuta, sintagma osoa AdpS izango da, (158)an ageri den bezala.

9.7 Ohiko adposizioen gainean eraikitako AdpSak

Ohiko adposizio batzuk ere (alde, fabore, kontra … ) jatorriz izenak dira eta horregatik maiz osagarri gisa genitiboa eskatzen dute, edo datiboa:

(159)
  • a. Gure kontra jokatu zuten. ([[Gure DS] [kontra Adp] AdpS])

  • b. Hormari kontra bermatu zen. ([[Hormari DS] [kontra Adp] AdpS])

  • c. Zure alde mintzatuko gara... ([[Zure DS] [alde Adp] AdpS])

Holakoak adposiziotzat hartuta, arazorik ez.24 Osagarritzat, berriz, DS bat izango dute, normalean genitiboan, izenaren osagarriei gehienetan dagokien bezala:

9.7.1 DS edo AdpS bat osagarri dutela

Zenbait adposiziorekin (arte, barru, inguru ...) osagarria DS soila izan daiteke edo AdpS bat:

(160)
  • a. {Larunbata arte / bihar arte} ez naiz Bilbora joango.

  • b. Bi egun barru iritsiko dira.

  • c. Hogeita hamar urte inguru beharko dituzu zorra kitatzeko.

Larunbata, bi egun, hogeita hamar urte osagaiak DS soilak dira. Arte, barru, inguru, berriz, adposizioa. Horrenbestez: [[larunbat-a ds] [-arte Adp] AdpS] > larunbata arte.

Arte-ren osagarria beste adberbio bat ere izan daiteke (bihar arte, gero arte…) eta baita AdpS konplexu bat ere, adlatiboa esaterako (larunbatera arte), eta IS ere bai, besterik gabe: igande arte. Horrenbestez, hiru aukera eskaintzen dizkigu arte adposizioak:

(161)
  • a. Gasolek 2011. urtera arte berritu du Memphisekin. (Berria) 25

  • b. Agur deneri eta agian datorren urte arte! (Herria)

  • c. 2006. urtea arte berritu zuen kontratua Realarekin. (Berria)

Adposizio buruak itsatsirik daraman osagarria gehienetan DS genitiboa izan ohi da, edo datiboa edo DS soila, agerian kasu markarik gabea.

Barrena, behera, bidean, gora, zehar... ere sintagma buru izan daitezke, osagarritzat beste AdpS bat dutela:

(161)
  • a. Kalean gora joan ziren neska-mutilak.

  • b. Sakanan barrena ibili ginen.

  • c. Bilbora bidean harrapatu zituzten txirrindulariak.

  • d. Buruz behera jarri zuen koadroa.

(161)an, neska-mutilak nonbait gora joan zirela diogu, edo norabaiteko bidean harrapatu zituztela txirrindulariak, baina non gora?/ non barrena?, nora bidean? izango lirateke hauei legozkiekeen balizko galderak. Hortaz, jarrai dezakegu pentsatzen zehar, barrena, gora, bidean… AdpSren buru direla eta osagarritzat beste AdpS bat hautatzen dutela: [[Bilbora AdpS] [bidean Adp] AdpS], [[Sakanan AdpS] [barrena Adp] AdpS]. Lehengoekin alderatuta, diferentzia bakarra da haietan osagarria, genitibozko DS genuela, gehienetan, eta orain, aldiz, beste AdpS bat (kalean inesiboa, Bilbora adlatiboa, adibidez). Hortaz:

Nolabait deitzearren ‘ohiko adberbio’ dei genitzakeenak ere izan daitezke AdpS hauen buru: aparte, gero, gain(era)..., osagarritzat beste AdpS bat dutela.26

(163)
  • a. Atzoz gero ez dut Jon ikusi.

  • b. Paperaz gainera, luma bat ere beharko duzu.

  • c. Txoriez aparte, nekez ikusiko da animaliarik inguru hauetan.

Hauen egitura honakoa litzateke: [[… -z AdpS] {gero / gainera / aparte} AdpS].

Aparte-ren kasuan, instrumentala ez ezik, [… -tik] ablatiboa ere zilegi da. Orduan, lekuzko adiera nagusitzen da, antza:

(164)
  • Mugimendu horretatik aparte sentitu gara beti.

Aparte, kasu honetan, hurbil, urrun, urruti eta beste zenbait adberbio edo adjektiboren sailekoa litzateke.

9.7.2 ‘Kokapen-izen’ direlakoak

Albo, alde, aurre, azpi, barru, ertz, gain, inguru, ondo izenek kokapen erlatiboa adierazten dute eta horregatik leku-denborazko adposizio itsatsien sailera biltzen dira adposizio konplexu gisa: albo-a-n, alde-a-n, aurre-a-n, barru-a-n, gain-e-ra, ondo-ra, inguru-tik

Aldera ditzagun honako sintagma hauek:

(165)
  • a. [Mahaian AdpS] ahaztu ditut giltzak.

  • b. [Senarrarengan AdpS] jarria zuen uste osoa.

  • c. [Mahaiaren azpian AdpS] segitzen zuen txakurrak.

Adibide hauetan denetan, sintagmaren burua bera da, funtsean: -n inesiboa. Esanahiari gagozkiola ‘non?’ galderari erantzuten zaio non ahaztu ditut giltzak?; non jarri zuen uste osoa?, non segitzen zuen txakurrak? Horrenbestez, denak inesiboak dira, lekuzkoak. -n inesiboa adposizioa denez sintagma horiek guztiak AdpS direla aitortu behar dugu. Hala ere, egitura desberdinak dira neurri batean. Adibidez, (165a)n dugun egitura aski sinplea dugu, (165b eta c)n konplexuagoa:

(165’)
  • a. [[mahai-a DS] -n AdpS]

  • b. [[senarra-(r)en ds] -ga -n AdpS]

  • c. [[mahaia -(r)en ds] azpi-a-n AdpS]

(165’c)ko azpi osagaia izentzat hartzeko arazorik ez genuke izan behar. (165’b)ko -ga- ere izenen baten arrastoa izango litzateke, ezkerrean lagun duen genitiboak ozenki salatzen duenez. (165’a) eta beste bien arteko diferentzia hemen dago. Diferentzia horiek gorabehera, denak inesiboak dira, sintagmaren azken osagaiak (-n) salatzen duenez. Inesiboaz gainerako beste elementu horiek ematen diote sintagma bakoitzari bere ñabardura. Denok onartuko dugu, adibidez, mahaian utzi eta mahai gainean utzi gauza bertsuak direla, nahiz eta lehenbizikoaren zehaztasuna ez den bigarrenaren adinakoa. Oinarrizko inesiboari erlaziozko izen bat gehitu zaio: gainean, ondoan, artean, inguruan... Berez DS bat zena (gain-a, ondo-a, inguru-a…), –n inesiboari esker, adposizio konplexu bihurtu zaigu: gainean, ondoan, inguruan. Hots: bai -n, bai ondoan, bai inguruan edo artean, denak adposiziotzat hartzen ditugu, batzuk soilagoak, besteak konplexuagoak. Hots:

Hemen eskaintzen dugun analisia eztabaidagarria izan daiteke, noski: norbaitek segi dezake pentsatzen etxearen aurrean nengoen esatea eta etxearen irudian jarri nituen begiak diogunean, etxearen aurrean eta etxearen irudian sintagmak taxu berekoak direla. Hots:

Euskara hizkuntza eranskaria dela onartzen badugu, hemen proposatu den analisi modu honek gauzak asko errazten ditu: lehendakariarenganainoko bidea sintagma, esaterako, oso modu errazean eta argian analiza daiteke era honetara:

(166)
  • [[[[[[[lehendakaria DS]-ren DS]-gan AdpS]-a AdpS]-ino AdpS]-ko AdpS] bidea ds]

Egia da zenbait adposizio, jatorriz, izenak direla (ondo-an, albo-an, gain-ean; erru-z, bide-z, bitarte-z; arabera (<arau-(e)ra,...) Baina deskripzioaren ikuspegitik eta etimologiari behar baino jaramon gehiagorik egin gabe, hemen aurkeztu dugunak balio dezake euskaraz gauzak nola diren ikusteko eta ulertzeko.

Hortaz, hemen aztertu diren Adposizio hauek adposizio gisa lan egiten dute. Eta hala onartuak dira gure gramatiketan (de Rijk 2008, EGLU…), Adposiziotasuna aitortzen ez bazaie ere.

9.7.3 Arazo bat: etxe ondoan gisako sintagmak

Orain arte aipatu ditugun egituretan, ordea, osagarri gisa ez da beti DS genitiboa agertzen (etxearen inguruan), IS soila baizik: etxe ondoan; etxe inguruan; bide ondoan, mendi gainean... Hori gertatzen da ‘leku’ adiera duten askorekin: aldean, aldera, aldetik, artean, artetik, aurrean, atzean, azpian, erdian, ertzean, gainean, gibelean, inguruan, ondoren, ondoan, ostean… etab.:

(167)
  • a. Etxe ondoan / etxearen ondoan (ez, *etxea ondoan)

  • b. Arbola artean / arbolen artean (ez, *arbolak artean)

  • c. Zubi inguruan / zubiaren inguruan (ez, *zubia inguruan)

  • etab.

Etxe ondoan, arbola artean, zubi inguruan bezalakoei begiratzen badiegu, pentsa liteke hauen barne-egitura izen elkartuena bera dela: [[etxe-ondo i] -an AdpS], [[arbola-arte i] -an AdpS], [[zubi-inguru i] -an AdpS]. Etxe-ondo izen elkartutzat hartzen bada, etxe ondoan sintagmako, ondoan hori postposizio dela esatea (edo, hemen berdin dena, Adposizio deitzea, guk egiten dugun bezala) zalantzagarria izan liteke. Baina izen elkartuak ote dira holakoak? Itxura batean hala dirudite, nahiz eta hiztunak desberdin sentitzen dituen, adibidez, trenbide berria (hitz batean idatzita) eta tren bidez bidali moduko bat (ik. Zalbide 1993: 26-27). Edo esnegaina ez dut gustuko eta esne gainean euli bat aurkitu du.

Bada beste diferentzia bat ere, solasgai ditugun esamolde hauen sintaxia errotik ukitzen duena. Hitz elkartuaren burua eskuineko osagaia izan ohi da euskaraz: zezen plaza ez da zezen bat, plaza bat baizik, plaza gizon, ostera, gizon bat da ez plaza bat. Bestalde, egitura honetan (benetan izen elkartu denean) ezkerrean ezar daitezkeen izenlagun, zenbatzaile eta osagarriek osorik besarkatzen dute izen elkartua, eta, horrenbestez, izen elkartuaren buruari dagozkio bereziki. Esaterako, Azpeitiko zezen plaza edo Mirenen liburu denda diogunean, ez gara ari Azpeitiko zezenez, edo Mirenen liburuez. Izatekotan ere, Azpeitiko x-plaza izango dugu hizpide edo Mirenen x-denda. Aldiz, guk hemen AdpS-tzat eman ditugunez ari garenean, alderantziz gertatzen da: gure etxe ondoan diogunean ‘gure etxeaz’ ari gara eta ez hainbeste, ‘gure ondoaz’. Alegia:

(168)
  • Gure etxe ondoan = [[gure etxearen] ondoan] = [[gure etxe ] ondoan]

Ohiko izen elkartuak izanez gero, (169)ko egiturak aldarrikatu beharko lirateke:

(169)
  • a. [[Azpeitiko [zezen plaza I] DS] -an AdpS]

  • b. [[gure [etxe ondo I] DS] -an AdpS]

Baina orduan ez da oso ondo ulertzen nolatan, (169b)-ren ohiko irakurketan, gure izenlaguna etxe-ri dagokion, eta (169a)n, aldiz, Azpeitiko, zezen-plaza-ri (*[[Azpeitiko zezen] plaza]).

(168)n etxe ondoan eta etxearen ondoan baliokide egokitzat eman daitezke. Aldiz, zezen plazan eta zezenen plazan eta are gutxiago zezenaren plazan, ez dira hain baliokide. Horrek adierazten digu kasu batean morfologia mailan zezen-plaza modukoak erabat finkatuak daudela. Aldiz, etxe ondo ez hainbeste. Zerbait gramatikalizatu bada, lehenbizi ondoan bera finkatu da eta etxe ondoan gero. Pentsa liteke [gure etxearen ondo-an] egituran ondo izena eskuineko adposizioarekin bat egin ondoren, osagai bihurtu dela: ondoan. Eta holako adposizio batek genitiboa gobernatzen segi dezake nahiz eta zenbait baldintzatan, genitiboaren marka ezabatua gerta daitekeen. Hots:

(170)
  • [[etxe-aren ondo -a DS] [-n Adp] AdpS] > [[etxe-aren ondo -a DS] [-n Adp] AdpS] > [[etxe DS] [ondoan Adp] AdpS]

Ondo, aurre, gain, eta antzeko kokapen izenak erlaziozko izenak direnez, eduki abstraktu samarra dute eta horrek esplikatuko luke hemen aipatu den gramatikalizazio prozesu hori.

Begira diezaiegun ondoko adibide hauei:

(171)
  • a. Palestinarrek Egiptoko muga ondoan Israelgo Armadak duen behaketa dorre bati tiro egin zioten. (Berria)

  • b. Zaldi-irudiak (…) Jaunaren etxeko sarreran zeuden, (...) Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gela ondoan. (EAB 2 Erg 23,11)

  • c. Kanpoko langintza ez da Jainkoak maite duena, denboraren eta espazioaren muga barruan kokatzen den langintza, (J. M. Lekuona)

Ematen du hitz elkarketa motaren bat badugula hemen. Hala ere, benetako izen elkartuetan lehenbiziko osagaia generikoa izan ohi da, ez zehatza. Hortaz, (171)an bide zuzena genitiboaz baliatzea behar zukeen: Egiptoko mugaren ondoan…; Netan-Melek zeritzan funtzionarioaren gelaren ondoan…; denboraren eta espazioaren mugen barruan... Arazo bat, nolanahi ere. Irtenbidea izan liteke kasu hauetan AdpSak DS gobernatu beharrean IS gobernatzen duela onartzea. Baina, de Rijk-ek azaltzen duenez, adjektiborik ere ezin du eraman balizko adposizio/izen horrek: *funtzionarioaren gela berri ondoan. Hain zuzen, debeku hauek denak benetako izen elkarketan ere gertatzen dira. Hortaz, izen elkartu motaren bat izan liteke.

9.8 Adposizio itsatsiak eta askeak

Beste hizkuntza batzuetan, espainolez edo frantsesez esaterako, preposizioak dituzten bezala, euskaraz postposizioak ditugula esan ohi da. Hauek atzizki dira eta DS osoari itsasten zaizkio, eskuin aldean. Itsaste hori dela medio, zenbait hots-aldaketa gertatzen dira, aurreko ataletan erakutsi den moduan.

Baina adposizio itsatsi horiez gainera badira beste adposizio batzuk, askeak. Adibidez, buruz, gainean, ondoren, artean, arabera … Adposizio aske hauek, funtsean, arestian aztertu ditugun adposizio itsatsien zeregin bera betetzen dute: mahaian esan edo mahai gainean esan, alde handirik ez da: mahai-a-n/ mahai gain-e-a-n aski antzekoak dira. Diferentzia nagusia da lehenbizikoan adposizioa –n inesibo soila dugula, DS-ari itsatsia, eta bigarrenean aldiz, adposizio ‘berri’ bat sortu zaigula, konplexua, baina adposizioa berau ere. Holako asko dira jatorriz izen bati (buru, gain, ondo, arte, arau…) adposizio ‘soila’ itsatsiz sortuak. Edo bestelako gramatika kategoria bateko elementuak (kontra, kanpo Adposizioak esaterako) oso-osorik oinarri hartuta eraikiak. Hemen ‘gramatikalizazio’ prozesu bat gertatu dela esan ohi da. Hitz gutxitan esateko, gainean edo ondo etab. AdpS-ak dira baina adposizioen multzora bildu direnak, adposizio konplexuen multzora, hain zuzen. Hauek ere gramatika erlazioak adierazteko erabiltzen ditugu. Hortaz, aurrekoak bezala, AdpSen burutzat hartuko ditugu hauek ere: [[zure ds] [{arabera/ gainean/ ondoren…} Adp] AdpS]

Horrenbestez, AdpS-en buru gisa bi klasetako elementuak izango ditugu: a) Adposizio itsatsiak alde batetik, osagarriari itsatsirik agertzen direnak ) eta b) Adposizio askeak, bestetik, inolako osagarririk gabe agertzen direnak (atzo, gero, ongi…), adposizio ez direnak alegia. Eta baita egitura konplexuagoa dutenak baina osagarriarekin hitza osatzen ez dutenak. Hau idazkerari dagokionez, hitz egiterakoan denak baitira, gutxi gorabehera, itsatsiak. Bereizketa morfologiko hutsa da, beraz. Zuregatik idazten dugu, dena batera, baina zure gainetik idatziko dugu, bi hitzetan. Hots:

Adposizio itsatsiak Adposizio askeak

ATZIZKIAK dira: sintagmari itsatsiak agertu ohi dira (zuregatik, zurekin, zuregan... ).

Gramatiketan, tauletan biltzen dira.

Ez dira hiztegietan jasotzen.

DS soila, DS genitiboa edo beste AdpS-ren bat izan ohi dute osagarri ezkerrean: etxea-z, etxe haueta-n, andrearen-tzat, bihar--tik, zure-gan-a…

Hitz BEREGAINAK dira, forma askeak. Idatzian, dagokien sintagmatik aske ageri dira (zuri buruz, zure gainean, basoan zehar, zure ondoren, gure gainean ... ).

Gramatiketan aparte jasotzen dira.

Hiztegietan biltzen dira.

Gehienetan gramatikalizatutako osagaiak izan ohi dira: zure ondoan, ondotik, ondoko, etab.

Ezkerrean, maiz, jadanik kasu markadun sintagma bat edo AdpS bat izan ohi dute (gure atzean; zuri buruz, eskaileretan gora ...)

Kasu markatzat eman ditugunak beti atzizki ditugu eta ezkerreko sintagmari atxekiak agertzen dira: Andoni-k, andrea-ri, lagun-en.

Adposizioen artean, berriz, badira atzizki direnak (mendi-an, etxe-raino, filosofía-z…) eta badira, halaber, elementu askeak: hormaren kontra, hormaren gainean, euskarari buruz…). Hortaz, Adposizio hauek, sintagmari itsatsiak doazen ala aske doazen kontuan harturik, bi multzo nagusitan banatzen ditugu: a) Adposizio itsatsiak, eta b) Adposizio askeak.

Hortaz, adposizioen artean bi multzo nagusi bereiz ditzakegu: itsatsiak, egiturazko kasu markak bezalaxe: (inesiboa (-n), adlatiboa (-ra, -raino, -rako, -rantz), instrumentala(-z)… eta askeak (buruz, kontra, arte, alde ...). Azken hauek, gehienetan izen batez eta adposizio itsatsi batez osatutako AdpS-ak izango dira.

9.9 Laburbilduz

Adposizio itsatsi hauetaz mintzatu gara jadanik. Adposizio ‘soilak’ deitu ditugunak, modu batean edo bestean, ‘konplexu’ deitu ditugunetan ere ageri dira: genitiboa adibidez (-en-tzat, -e-kin…) baina baita beste batzuk ere: -e-ki-n (inesiboarekin), -ga-tik (ablatiboarekin)… Eta adposizio ‘beregain’ deitu ditugunetan, areago, zeren buru-z, ondo-an, gain-era eta abarretan, adposizio horiek ageri baitira: -z, -an, -ra.

9.9.1 Adposizio ‘askeak’

Ondorengo zerrendan biltzen dira osagarria onartzen duten adposizio aske nagusiak. Lehen zutabean adposizioak zerrendatuko dira, sintagmaren buruak alegia. Bigarrenean, buru den adposizio horrek ezkerrean nolako osagarriak hautatzen dituen. Hirugarrenean, berriz, adibide batzuk eskainiko ditugu, hobeki ulertzearren zertaz ari garen (ik. Euskaltzaindia 1985: 438-445).

ADPOSIZIOA OSAGARRIA(K) ADIBIDEA(K)

antzera

antzean

IS genitiboa __

Horiek gure antzera dabiltza

Denon antzean hitz egiten du

aitzi (‘kontra’) IS genitiboa __

Pirinioetako ibar hertsiak zaintzen dituztelakotz luteranoen aitzi.

Metafisikari aitzi oldartu zen.

alboan IS __ Erreka alboan zuhaixka bat dago.
IS genitiboa __ Zure alboan eseriko naiz.
alde IS genitiboa __ Legea ere bere alde du.
aldean1 IS genitiboa __ Horrek zure aldean asko daki.
aldean2 IS __ Osaba Bizkai aldean sarri ibiltzen zen.
aldera IS __ Ordubiak aldera iritsi zen.
<-TZE> Perpaus jokatugabea__ Zerbait esate aldera esan nuen hori.
aldetik IS genitiboa __

Hiztegiaren aldetik pobre samarra da.

Gure aldetik ez dugu beste ezer erantsiko.

IS __ Zeruan izarra dago itsaso aldetik.
KonpS__ Zuzendari naizen aldetik, baditut erantzukizun batzuk.
antzean IS genitiboa __ Gure antzean dabil hori ere.
AdjS/AdpS __ Gaixo antzean dabil aspaldian.
antzera IS genitiboa __ Zure antzera nago ni ere, dirurik gabe.
aparte PS instr __

Soldataz aparte, bidai gastuak ere ordainduko dizkizugu.

Egunkaria irakurtzeaz aparte ez zuen beste eginkizunik.

arabera IS genitiboa __

Iritzi horren arabera jokatu dut.

Diozunaren arabera, ez dago irtenbiderik.

arau <-TU> Perpaus jokatugabea__ Hitzak aurkitu arau izkiriatzen nituen. (Lafitte)
> Perpaus jokatugabea__
IS genitiboa __ Zeure hitzen arau gidatu nire urratsak.
IS __ Ikas euskara, toki arau, ahal arau, arte arau.
arren IS __

Bakearren, isil zaitez apur batean.

Jainkoarren, eraman nazazu zeurekin.

<-TU> Perpaus jokatugabea __ Zuk horrela uste izan arren, niri bost axola.
<-TZE> Perpaus jokatugabea__ Jendeari laguntzearren hartu dut erabaki hau.
KonpS __ Diru askorik ez duen arren, dena emateko prest beti.
arte AdpS__ Bihar arte ez naiz etorriko.
<-TU> Perpaus jokatugabea __ Lurreko jostailuak jaso arte, ez zara irtengo.
IS __ Hilaren bi(a) arte kanpoan naiz.
KonpS __ Zure ahotsa entzun dudan arte, ez zaitut ezagutu.
artean IS genitiboa __

Andre guztien artean bera zen dotoreena.

Ni, neure artean, galdera mordo bati erantzuten saiatzen nintzen.

<-TU> Perpaus jokatugabea __ Egon hemen ni etorri artean.
KonpS __ Kanpoan den artean, zu lasai.
IS __ Haitz artean ibili ginen.
artetik IS __ Arbola artetik atera zen gizona.
IS genitiboa __ Liburu hauen artetik, aukeratu bat.
at PS ablat __ Mundutik at bizi da.

atzean

atzera

atzetik

atzeko

...

IS genitiboa __

Nor da zure atzean dagoen hori?

Nire atzeko inork ez zuen lekurik izan.

Neska ilehoriaren atzera joan behar izan genuen.

Josebaren atzetik ez zegoen inor.

aurka IS genitiboa __ Gure aurka mintzatu da.

aurrean

aurrera

aurretik

aurreko

...

IS __ Etxe aurrean zegoen, geldi.
IS genitiboa __

Nor da zure aurrean dagoen hori?

Nire aurreko guztiek izan zuten lekua.

Zuzendariaren aurrera joan behar izan genuen.

Josebaren aurretik ez zegoen inor.

azpian

azpira

azpitik

...

IS __ Mahai azpian duzu eskuzapia.
IS genitiboa __

Gurpilen azpian harrapatu zuen txakurra.

Lurraren azpitik ur beroa ateratzen zen.

baino KonpS__ Uste duzun baino aberatsagoa da.

baitan

baitara

baitatik

...

IS __ Gizona baitan dohain handiak daude.
IS genitiboa __ Geure baitan dugu etsaia.
ba(ge)rik IS__ Diru barik aurkitzen zen.
<-TU> Perpaus jokatugabea__

Ezer esan barik sartu zen.

Nahiago dut kalean (bizi) barik baserrian bizi.

Emazteari (eskatu) barik amari eskatu zion laguntza.

bako/gabeko IS__

Teilatu bako etxean bizi zen.

Usain gabeko larrosa da.

barrena/barna PS inesiboa__ Afrikan barrena ibiliko dira.
PS ablatiboa__ Larrabetzutik barna iritsi ginen Gernikara.

barru

barruan

barrura

barrutik

barruko

...

IS__

Bi egun barru etorriko da irakasle berria.

Herri barruan ezin da autoa erabili.

bat PS instrumentala__ Atea irekitzeaz bat, zarata bat entzun nuen.
batera PS instrumentala__

Etxera iristeaz batera euria hasi zuen.

Jonek alde egin zuenaz batera irten zen hasi ziren istiluak

begira PS adlatiboa__

Itsasora begira dago.

Gorantz begira jar ezazu karta hori.

IS genitiboa__ Garien begira egon.
IS datiboa__ Neska gazteei begira pasatzen du eguna.
beharrean <-TU> Perpaus jokatugabea__

Bizikleta erosi beharrean, hobe zenuen motorra erosi bazenu.

Amari eskatu beharrean, amonari eskatu zion.

beheiti PS inesiboa__ Maldan beheiti erori zen.
IS__ Oihuka abiatzen dira patarra beheiti.
IS datiboa__ Bagoazi gure beribiletan patar eztiari beheiti.
PS instrumentala__ Hobeki ikusteko, buruz beheiti etzan da.
behera PS inesiboa__

Urak haziak zetozen errekan behera.

Buruz behera ibiltzen ikasi zuen.

Goitik behera zetorren ikaragarrizko abiadan.

PS instrumentala__
PS ablatiboa__
bestalde PS instrumentala__

Errekaz bestalde dago herria.

Ohar hauetaz bestalde beste batzuk ere ezarri dituzte.

bezain KonpS__ Ederra (den) bezain ergela da.
bezala IS__ Adiskide bezala tratatu ninduten.
KonpS__ Esan nizun bezala, ez naiz etorriko.
bidez IS genitiboa__ Gutun baten bidez eman zioten berria.
bidean PS adlatiboa__ Donostiara bidean izan genuen istripua.
bila IS__ Ur bila bidali genuen.
IS genitiboa__ Haur eder baten bila gabiltza.
bitartean <-TU> Perpaus jokatugabea__ Gu iritsi bitartean, presta ezazu afaria.
IS__ Ordu bata bitartean, paseatu egingo dugu.
KonpS__ Ni zuzendari naizen bitartean, ez zara sartuko.
bitartez IS genitiboa__ Gurasoen bitartez jakin genuen berria.
bizkar IS genitiboa__ Asko dira herri honetan inoren bizkar bizi direnak.
buru IS genitiboa__ Ororen buru, hau esango nuke.
buruan IS genitiboa__ Hamar egunen buruan izango duzu erantzuna.
buruz IS datiboa__ Egitasmoari buruz zerbait gehiago jakin nahi du.
erara

erdi

erdian

erditik

erdira

erdiraino

erdirantz

erdiko

...

IS__ Bide erdian zegoen trikua.
IS genitiboa__ Gauaren erdian jaio da haurra.
eretzean IS genitiboa__ Orduko idazkiek ez dute balio handirik literaturaren eretzean.
erruz IS genitiboa__ Geure erruz galdu dugu partida.
eske IS__ Baimen eske joan naiz Udaletxera.
IS genitiboa__ Diruaren eske dator hori.
esker(rak) IS datiboa__

Jainkoari esker(rak), oraindik ere zutik gaude.

Musikari esker(rak) behiek esne gehiago ematen omen dute.

esku IS genitiboa__ Etorkizuna gure esku dago.
ezean [ ... -ik DS ]__ Besterik ezean, onak dira gaztainak.
<-TU> Perpaus jokatugabea__ Garaiz etorri ezean ezin ezer egin.
ezik <-TU> Perpaus jokatugabea__ Zu izan ezik, beste guztiak etorri dira.
fabore IS genitiboa__ Gure fabore zerbait egin dezakeen inor ez da.
gabe [ ... -ik DS ]__ Aterkirik gabe, nora zoaz?
IS__

Diru gabe nengoen Pariseko puntan.

{Gizon hau / zu / ...} gabe ezin gara inora joan.

<-TU> Perpaus jokatugabea__ Begiak altxatu gabe erantzun zidan.
gain IS genitiboa__ Nire gain uzten dituzte beti lan zailenak.

gainean

gainera

gainetik

gaineko

...

IS genitiboa__

Arbolaren gainean zegoen katagorria.

Euskararen etorkizunaren gainean hitz egin dugu.

IS__ Zer egiten duzu arbola gainean?
PS instrumentala__

Esandakoaz gainera ez dut besterik.

Liburu hauez gainera, beste hauek ere hor dituzu.

gaindi PS inesiboa__ Teilatuan gaindi doa.
gero PS instrumentala__

Egun hartaz gero ez dut ikusi.

Berandu etorri zarenez gero, zutik egon beharko duzu.

gibelean

gibeletik

gibelera

...

IS genitiboa__ Elizaren gibelean aurkituko duzu hilerria.
IS__ Etxe gibelean bada iturri txiki bat.

gisa

gisan

IS__ Adiskide gisa mintzo natzaizu, ez mediku gisa.
gora PS inesiboa__ Aldapan gora abiatu ziren neskak.
PS instrumentala__ Hankaz gora bota zituzten gure proiektuak.
PS ablatiboa__ Paristik gora dago Lille.
IS__ Aldapa gora hasi dira txirrindulariak.
goiti PS inesiboa__ Mendian goiti joan behar duzu.
PS ablatiboa__

Handik goiti arrain asko ikusten da.

Hola egin bedi hemendik goiti.

gustura

gustuko

IS genitiboa__

Bere gustura behar ditu gauza guztiak.

Nire gustuko, ilunegia da koadroa.

inguru IS__ Bost urte inguru pasatu ziren.

inguruan

ingurutik

ingurura (-ino/-antz/...)

IS__

Etxe inguruan dabil txakurra.

Martxo inguruan kimatu behar da arbola.

Ordubiak inguruan etorri ziren.

Plaza ingurutik datoz.

irian IS__ Hamarrak irian jotzen da xilin bat.
iritziz IS genitiboa__ Irakaslearen iritziz, neskak argiagoak dira.
izenean IS genitiboa__ Ikasleen izenean gatoz.
kanpo PS instrumentala__ Internetez kanpo ez da ezer.
PS ablatiboa__ Deialditik kanpo geratu zen.
kontra IS genitiboa__ Zure kontra daude denak etxean.
IS__ Horma kontra jarri zen.
IS datiboa__ Ahozpez, lurrari kontra jarri zen.

landa

(-ra/-n)

PS ablatiboa__

Bada beste bizitze bat honetarik landan.

Handik landa jo zuen gero, oinez eta esketik biziz.

PS instrumentala__

Euskarak badu, elizaz landa, beste behar izanik.

Semea nor den ez daki inork, aitaz landara.

Zu zaitut, Jainkoaz landan, ene kontsolazione guzia.

legez IS__ Joka ezazu euskaldun zintzo legez.
KonpS__ Axularrek zioen legez, gauzak ez dira geroko utzi behar.
lekuan IS genitiboa__ Ikasleen lekuan ni joango naiz.
lepora IS genitiboa__ Errua beti besteren lepora botatzen du.
lepotik IS genitiboa__ Emaztearen lepotik bizi da.
mende IS genitiboa__ Alkoholaren mende bizi da Iñaki.
mendean IS genitiboa__ Ez dugu nahi inoren mendean bizi.
moduan IS genitiboa__ Denon moduan dabil hori ere.
modura IS genitiboa__ Arrainen modura egiten zuen igeri.

ondoan

ondotik

ondora

...

IS__

Etxe ondoan aurkitu dut.

Gurutze ondora hurbildu nintzen.

IS genitiboa__ Nor da Itziarren ondoan dagoena?
ondoren IS__ Gerra ondoren asko sufritu zuen.
IS genitiboa__ Bataren ondoren bia dator.
<-TU> Perpaus jokatugabea__ Zu ezagutu ondoren, gauzak asko aldatu dira niretzat.
ondorioz IS genitiboa__ Istripuaren ondorioz, herren gelditu zen.

ordez

(orde, ordean)

IS genitiboa__ Nork joan nahi du bilerara nire ordez?
<-TU> Perpaus jokatugabea__ Hau erosi ordez, hobe duzu bestea erosi.
orduko <-TU> Perpaus jokatugabea__ Konturatu orduko kartera ohostu zidaten.
KonpS__ Konturatu nintzen orduko kartera ohostu zidaten.

ostean

ostetik

ostera

IS__

Ate ostean ezkutatu zen.

Katu bat atera zitzaidan arbola ostetik.

IS genitiboa__ Zure ostean nor da?
<-TU> Perpaus jokatugabea__ Gerra amaitu ostean, herrira itzuli zen atzera.
pare IS genitiboa__ Hutsaren pare gara.

parean

paretik

parera

...

IS genitiboa__ Gure autoaren parean geratu ziren ertzainak.
IS__ Bular parean eman zioten kolpea.

partez

partetik

IS genitiboa__

Joan zaitez nire partez.

Goraintziak osabaren partez/partetik.

Nire partetik ez dago oztoporik.

<-KO> PS__ Atzoko partez, bihar joango naiz.
truk(e) IS__

Diru truke ez bada, horrek ez dizu lanik egingo.

Muxu truk ibili nintzen lanean.

IS genitiboa__ Erlojuaren truke eman zidan baloia.
ustez IS genitiboa__ Zure ustez, zein da egokiena?
zain IS genitiboa__ Zure zain egon ginen hamaikak arte.
<-TU> Perpaus jokatugabea__ Ni iritsi zain ez zineten egongo, bada?
zehar PS inesiboa__ Euskal Herrian zehar ibili zen luzaro.
PS ablatiboa__ Gernikatik New Yorkera joan zen Paristik zehar.

9.10 [… -KO AdpS] erlaziozko adposizio sintagma

-ko kasu marka berezitzat hartu izan da gure gramatiketan, postposiziotzat eta eratorpen atzizkitzat ere bai. Gaiak eztabaida bat baino gehiago piztu izan du. Har ditzagun gogoan honako adibide hauek:

(172)
  • a. Udaletxeko erlojua ikusten duzu?

  • b. Bi etxetako zakurra, goseak hil. (G. Garate)

Gisa honetako sintagmak ‘leku genitibo’ direla esan izan da. Genitibo ote diren albora utzita, egia da maiz holakoek lekua adierazten dutela, baina ‘leku’ adiera hori zerk ematen die?

Kontuan hartzen baditugu, esaterako, beste honako hauek, taxu bertsukoak izanik ere, ez ditugu berdin interpretatzen:

(173)
  • a. Bihotz oneko mutila da.

  • b. Bi minutuko aldea atera dio bigarrenari.

(173)koak ez dira ‘lekuzko’ gisa interpretatzen. Hortaz, (172) bezalakoetan lekuaz ari bagara eta (173)koetan ez, leku adiera ez zaio, berez, -ko adposizioari zor, honen osagarriari baizik. Itxura guztien arabera, -ko erlazio-adposizio bat izango litzateke, adposizio kategoriakoa, beharbada. Perpaus erlatiboek ere horixe egiten dute. [… -ko AdpS], gehienetan perpaus erlatibo baten bidez ordezka daiteke: (173)an bihotz ona duen mutila, bi minutu (iraun) duen aldea… genuke.

Bestalde, leku adieran interpretatzen ditugunetan, (177)ean, parafrasi aski arrazoizkoak honako hauek izan litezke: udaletxeko erlojua (= ‘udaletxean den erlojua’); bi etxetako zakurra (= ‘bi etxetan den zakurra). ‘Lekutasuna’ udaletxean edo bi etxetan sintagmetan dago, ez -ko adposizioan. Hortaz, bidezko da -ko adposizio honi atal berezia eskaintzea, hemen egiten den bezala.

(174)
  • a. [[udaletxean AdpS] + -ko AdpS] erlojua > udaletxeanko erlojua.

  • b. [[bi etxetan AdpS] + -ko AdpS] zakurra > bi etxetanko zakurra.

Begira, bestalde, honako hauei:

(175)
  • Hemengo neskak/ nongo arazoak?/ atzoko saioa / aurtengo uzta…

Hauek ere ‘lekuzkoak’, edo ‘denborazkoak’ dira. Eta begien bistan gelditzen da -ko-ren osagarria zein den: hemen/ non/ atzo/ aurten, denak inesibodunak. Hauei zor zaie leku/denbora balioa ez -ko-ri. Diferentzia bakarra da aurtengo, hemengo edo nongo sintagmetan ez bezala, udaletxeko/ bi etxetako sintagmetan AdpS-aren inesiboa ez dela ageri, ezabatua dagoela nolabait.

Baina kontuak ez dira inesiboan amaitzen. Adibidez:

(176)
  • Txinarekiko harremanak eten nahi ditu Kubak.

Hemen ez dugu leku/denbora adierarik, baina egitura berbera dugu, funtsean, oraingoan ere:

(177)
  • [[[Txinarekin AdpS] -ko AdpS] harremanak DS]

-ko-ren osagarria ez da DS soil bat, beste AdpS bat baizik: Txinarekin. Horrela, gauzak modu egokiagoan azal daitezke.

(177)ko sintagmek, berriz, beste azalpen bat behar dute, berehala ikusiko denez. Oraingoz aski dugu gogoan izatea -ko-ren ezkerretara AdpS bat joan daitekeela, bereziki inesiboa, gehienetan ‘azaleratzen’ ez bada ere.

9.10.1 -KO-ren osagarria, AdpS bat izan daiteke

Kapitulu honetan hizpide izan ditugun adposizio guztiek osagarri bat dute, normalean DS bat. -ko-ren kasuan, ikusi berri dugun bezala, osagarri hori maiz inesiboa dela pentsa daiteke. Inesibo bidezko parafrasiek, horregatik, ondo ematen dute: mendiko giroa = mendian den giroa; eskolako lagunak = eskolan ditudan lagunak… Holakoetan, hortaz, AdpS bat, eta bereziki inesiboa, badugula pentsatzea ez da zentzugabea. Begira, bestela, adibide hauei:

(178)
  • a. Etxe harta(ra)ko bidea (‘etxe hartara doan bidea’) (<etxe hartara + ko)

  • b. Gurekiko harrremanak (‘gurekin dituzten harremanak’) (< gurekin + ko)

  • c. Zuri buruzko galderak. (‘zuri buruz egin diren galderak’) (< zuri buruz + ko)

  • d. Egiazko arazoa da hori. (‘egiaz arazoa dena’) (< egiaz + ko)

  • e. Atzoko istripua (‘atzo izan zen istripua’) (< atzo + ko)

  • f. Hemengo neskak (‘hemen diren neskak’) (< hemen + ko)

  • g. Horrelako kontuak ez ditu maite.(‘horrela diren kontuak’) (< horrela + ko)

  • h. Binakako partida. (‘binaka jokatzen den partida’) (< binaka + ko)

(178)ko sintagma guztietan -ko adposizioa dugu buru. Osagarria ez da beti inesiboa, baina bai AdpS bat:

(179)
  • a. [ [{etxe hartara/ gurekin/ zuri buruz/ egiaz …} AdpS] -ko ]

  • b. [ [{atzo/ hemen/ horrela/ binaka …} AdpS] -ko]

Azpian inesiboa dugunean, -ko-ren aurreko inesiboaren marka (-(a)n) isilpean uzten da:

(180)
  • a. mendian + -ko > mendianko > mendiko

  • b. Bilbon + -ko > Bilbonko > Bilboko

Azpian duguna [... -(e)ta-n] baldin bada, orduan -(e)ta-ko gisa azaleratuko zaigu, baina betiere inesibo markarik gabe:

(181)
  • a. zein etxetan + -ko > zein etxetanko > zein etxetako

  • b. bi urtetan + -ko > bi urtetanko > bi urtetako

  • c. bost herrietan + -ko > bost herrietanko > bost herrietako

  • d. lurrean + -ko > lurreanko > lurreko

  • etab.

Hau azaltzeko, gramatikak ‘azpiko’ formak ‘azaleratzean’ gertatzen diren egokitzapen morfofonologikoen berri emateko arau bereziak ditu:

(182)
  • a. -tan + -ko > -tanko > -tako (bi menditako, etxe askotako...)

  • b. -an + -ko > -anko > -ko (mendiko, lurreko …)

  • c. -n + -ko > -nko > -ko (Bilboko, Zumaiako, Azpeitiko…)27

Azken batean, arau hauen ondorioz, inesiboaren marka oso-osorik ezabatua gelditzen da. Eta inesiboan ageri den -a- ere ‘galtzen’ da nonbait.

[…-KO AdpS ]
[-mugatu]

[[… zenbatzaileaDS] -(e)-ta-ko AdpS]

bitako/ hirutan/seitako…// bostetako/ hamarretako/ bate(ta)ko

bi ordutako/ sei etxetako…// bost harri gogorretako/ hamar zubi zaharretako

zertako/ edozertako/ ezertako// zeinetako/ edozeinetako/ zenbaite((t)a)ko/ hainbate((ta)ko

zein herritako/ zenbat arbolatako// edozein hitzetako/ hainbat adarretako

(etxe/ harri/ haitz…) {askotako/ gutxitako/ anitzetako…}

[+mugatu]

(mugatzailerik ez)

Izen propioa

[[ izen propioa DS] - ko AdpS]

Bilboko / Donostiako / Mauleko… // Irungo / Usurbilgo / Zarauzko

[+mugatu]

(mugatzailea bai)

[-plural]

[[ … DS] -(e)- ko AdpS]

zeru (garbi)ko / etxe (berri)ko / ikastolako ...//itun (zaharr)eko/ gau (ilun)eko ...

[+plural]

[[ ... artikulua DS]-(e)-ta- ko AdpS]

etxeetako/ leku berrietako/ enpresetako/ une latzetako

egunotako/ bide zabalotako...

[+erakuslea] [-plurala]

[[ ... erakuslea DS] -(e)-ta- ko AdpS]

(etxe/ haitz…) {honetako / horretako / hartako }

(etxe/ haitz…) {hone(t)xetako / horre(t)xetako / hare(t)xetako}

(etxe/ haitz…) {beronetako/ berorretako/ bereko}

[+plurala]

[[ ... erakuslea DS] -ta- ko AdpS]

(etxe/ leku/ enpresa/ …) {hauetako/ horietako/ haietako}

(etxe/ leku/ enpresa/ …) {haue(t)xetako / horie(t)xetako / haie(t)xetako}

(etxe/ leku/ enpresa/ …) { hauetakoxe/ horietakoxe/ haietakoxe}

(etxe/ leku/ enpresa) {berauetako/ berorietako/ ber(ai)etako}

9.10.2 Inesiboaz gainerako beste osagarriak

a) -ko-ren osagarri ohikoena inesiboa bada ere, bestelakorik ere bada, (183)ko adibideek erakusten duten bezala. Zenbaitetan, gainera, aski konplexua izan daiteke, honako hauetan bezala:

(183)
  • a. [Orain bost urteko AdpS] kontuak (cf. [[Orain bost urte]] izan ziren] kontuak

  • b. [Ordutik honako AdpS] aldaketa (cf. [[Ordutik hona]] izan den] aldaketa)

  • c. [Hitzez hitzeko AdpS] transkripzioa.28 (cf. [[Hitzez hitz]] egin den] transkripzioa)

Holakoak begien aurrean ditugula, -ko-ren izaera hobeki ikusten da: -ko-k erlazio bat ezartzen du predikatu baten eta honen argumentu (subjektu) baten artean, perpaus erlatibo batek egiten duen antzera (ik. Azkue 1923-25, Goenaga 2003). Horregatik, -ko adposizio hau izendatzeko, ‘erlaziozko’ deitura egokia litzateke, edo, agian, aski da adjektibo sintagmatzatzat hartzea (ik. De Rijk 1988). Izan ere, adposizio honek AdpS-ak AdjS bihurtzeko gaitasuna du subjektu bati buruzko predikazioa bideratuz. Esaterako, ondoko adibideetan: [orain bost urte (izan)] kontuak]]; [ordutik hona (izan) [aldaketak]]; [hitzez hitz (egin) [transkripzioa]], edo argiago nahi bada: kontuak [orain bost urte-ko-ak] dira; aldaketak [ordutik hona-ko-ak] dira; transkripzioa [hitzez hitz-e-ko-a] da. Kontuak [larri-ak] dira; aldaketak [berri-ak] dira; transkripzioa [ederr-a] da esaten dugunean bezala.

Perpaus erlatiboak eta AdjS-ak baliokide izan litezke, sintagmaren barnean batak zein besteak hartzen duen kokagunea gorabehera: balio handia duen gizona / gizon baliotsua. Eta bikote honi beste hirugarren kide bat ere erantsi diezaiokegu: balio handiko gizona. Horrela, honako egiturak sortuko dira:

(184)
  • [[[[{mendian / zurekin / herenegun / beti ... } AdpS] -ko Adps]] istilua DS]

Hortaz, [mendiko] sintagman ez da ageri, baina hango, nongo, hemengo eta beste hainbatetan -ko-ren osagarria, formaz ere, inesibo argia da: haN, noN, hemeN.

b) Leku-denborazkotzat hartu ohi diren AdpS hauen adiera hori bada, azpian inesiboa dutelako da, inesiboa ere leku-denborazkoa baita. Baina, zuri buruzko nahiz hitzez hitzeko diogunean, beste zerbaitez ari gara, ez leku-denboraz. Hala ere, denak, funtsean, modu berean osatuak daude eta modu beretsuan lan egiten dute: [AdpS + -ko AdpS/AdjS]. Denetan, kasu egin behar zaio -ko-ren osagarri den AdpS horri. Normalean, azaleratzean, bere horretan mantentzen da, inesiboan izan ezik:

(185)
  • a. Etxera + -ko > etxerako

  • b. Zerutiko ezaupide bat eskatzen zioten (<zerutik -ko) (Iraizoz)

  • c. Zerutikako dei ezti bat entzun zuen. (<zerutik -ko)

Hauen pareko da honako hau:

(186)
  • Zeruko dei bat izan zuela zioen.

Baina isilpean dagoena arrunki inesiboa bada ere, ez da beti horrela: (185)aren arabera, bestelako adposizioak ere, -tik eta -ra bereziki, isilpean egon daitezke: zeruko deia zerutik datorrena da. Hortaz: zeruko< [zerutik + -ko]. [-n + -ko], [-ra + -ko] eta [-tik + -ko] neutralizatu egiten dira maiz, hirurak, azken batean, forma bereko gertatzen dira. Hori da (186)an daukaguna. Eta baita ondoko honetan ere:

(187)
  • Bilboko trenak motel dabiltza gaur.

Honen interpretazioa, ondoko hiru hauetariko edozein izan daiteke, berez:

(187’) a. Bilbora doazen trenak / b. Bilbotik datozen trenak / c. Bilbon dabiltzan trenak

c) Beste AdpS batzuekin ere erabiltzen da eta funtsezko formak aldaketa handirik ez du pairatzen:

(188)
  • a. Neurri harekiko adostasuna (… -kin + -ko > … -kiko)

  • b. Guri buruzko iritzia (… -buruz + -ko > … -zko) (ez *gutazko iritzia, zilegi behar lukeen arren, beharbada)

  • c. Minimalismoaren gaineko hitzaldia. (… gainean + -ko > … -eko) (ez, *minimalismoazko hitzaldia).

Hortaz, hainbat AdpS-ri itsas dakioke -ko adposizioa. Urruti gelditu zaigu honez gero ‘leku-genitibo’ delakoa.

Laburbilze aldera:

Betiere kontuan izanik isilpean geldi daitekeen AdpS ez dela nahitaez inesiboa (-n), adlatiboa (-ra) edo ablatiboa (-tik) ere egon daitekeela ‘azpian’.

9.10.3 Zenbatzaile sintagma + -ko: kopuruak eta neurriak

DS batean kopurua adierazteko zenbatzaileaz edo mugatzaile pluralaz baliatzen gara:

(189)
  • a. Bost zaku (mugagabea) / b. Bost zakuak (mugatu plurala)

Holakoek leku-denborazko AdpS-ak osatzen dituztenean, -ta- artizkia agertuko zaigu: bost zakutan/ bost zakuetan/ bere bi enpresatan/ bere bi enpresetan... Hemen zakuak, enpresak, gauza zenbakarriak dira, diskretuak: zaku bat, bi, … bost; enpresa bat, bi... Zenbatzaileekin, -ta- agertzea nahitaezkoa da, eta AdpS hauek -ko-rekin agertzen direnean ere horrelaxe gertatuko da: bost zakutako (mugagabea)/ bost zakuetako (mugatu plurala); bere bi enpresatako (mugagabea)/ bere bi enpresetako (mugatu plurala)...

Aldiz, kopuruaren ordez neurriak adierazten ditugunean: bost kilometro, hamar urte, bi kilo…, kilometro, urte, kilo izenak ez dugu nahitaez izaki diskretutzat zertan hartu. Neurri izenekin, maiz, kopuru osoa hartzen da kontuan. Alegia, ‘bost kilometro’ daude diogunean eta ‘bost arbola daude’ esaten dugunean, lehenbizikoan bost kilometroko neurri batez ari gara, bost mila metroz alegia, ez gara ari kilometro bakoitza zenbatzen. Aldiz, ‘bost arbola’ diogunean bost arbola bereziz ari gara, ez neurri batez. Horrela, neurriez ari garenean, holako sintagmak mugatu singular gisa eman daitezke:

(190)
  • a. Bost kilometroan ez dugu inor aurkitu.

  • b. Hamar urtean eraiki zuten katedrala.

‘Bost kilometroko tartea’ edo ‘hamar urte irauten duen epea’ edo antzeko zerbait esango bagenu bezala.

AdpS-etatik kanpo ere, badira holakoak, kopuruak, prezioak eta abar adierazi nahi direnean:

(191)
  • a. Bost urte ibili zen Argentinan.

  • b. Bi kilometro ditu tunel honek.

Kontua da holakoek -ko-rekin ageri direnean, forma berari eusten ahal zaiola, -ta- artizkia baliatu gabe, singularra balitz bezala, alegia:

(192)
  • a. Bost urteko ibilaldia < bost urte + -ko (cf. bost urte iraun duen ibilaldia).

  • b. Hogei euroko ardoa < hogei euro + -ko (cf. hogei euro balio duen ardoa)

  • c. Lau hankako mahaia < lau hanka + -ko (cf. lau hanka dituen mahaia)

Modu honetara, erraz ulertzen da honako hiru esamolde hauen arteko diferentzia, eta samurra da erantzutea sor daitekeen zalantzari ere:

(193)
  • a. Hamar urteko ardoa ≠ b. Hamar urtetako ardoa ≠ c. Hamar urteetako ardoa [[hamar urte] -ko] / [[hamar urtetan] -ko] / [[hamar urteetan] -ko]

Hamar urteko ardoa diogunean ardoaren ‘adinari’ egiten diogu erreferentzia: ‘hamar urte dituen ardoa’. 2020an bagaude eta ardo hau 2010ekoa bada, hamar urteko ardoa dela esan dezakegu.

Hamar urtetako ardoa, berriz, ‘hamar urte jakinetako ardoa’ izan daiteke. Hamar ardo klasez edo ariko ginateke. Adibidez:

(194)
  • a. Etxean hamar urtetako ardoa daukat: badut bat 1988koa, beste bat 1990ekoa, beste bat 1992koa, beste bat … eta baita 2004ko bat ere.

  • b. Hamar urtetako ardoak bildu ditugu.

Eta azkenik, azken hamar urteetako ardoa, ‘hamar urte jakinetan egindakoa’, adibidez.

(195)
  • Hamar urte desberdinetako ardoa duzula esan didazu. Ipini, hortaz, urte bakoitzeko bat.

Azken batean, hauetan ere lehengo egitura bera dugula pentsa liteke:

(196)
  • [[bi urte / hogei euro / lau hanka ZenbS] -ko AdjS]

Edo, agian hobeto, kontuan izanik -ko buruak osagarritzat maizenik beste AdpS batzuk hartzen dituela, zergatik ez pentsatu holakoetan ere AdpS dugula? Hain zuzen, [bost urte] iraun zuen gerrak (eta ez, *bost urte iraun zituen) edo [hogei minutu] egon naiz zure zain diogunean ere [bost urte] edo [hogei minutu] ageriko adposiziorik gabekoak izan arren, beste AdpS batzuen banaketa bera dute. Horrenbestez, hemen ere, (196)ren ordez, hauxe izan liteke egitura:

Zalantzak izan daitezke, hala ere, eta maiz izaten dira mugatu/mugagabe kontu honetan. Goian egin dugun legez, -ko-ren osagarria zein den pentsatuz gero, erraz asma daiteke zein den forma egokia. Tartean zenbatzaile numerala dugunean, gauzak erraz konpon daitezke:

(197)
  • lau urteko lana ≠ lau urtetako lana ≠ lau urteetako lana

Alegia, lau urtean egindako lanalau urtetan egindako lana lau urteetan egindako lana.

Arazoa pixka bat konplikatuagoa gertatzen da zenbatzailea numerala ez denean: asko, batzuk, zenbait… Baina hauetan ere, -ko-ren osagarri gisa inesiboa dugun ala ZenbS soila dugun kontuan hartzeak lagun diezaguke:

(198)
  • a. Urte askotako lanak daude bilduak hemen. (cf. urte askotan egindako lana(k) b. Urte asko(ta)ko etxea erre da (cf. urte asko zituen etxea) c. Indar askoko potajia da Ernaniko eltzekondo (Txirrita) (cf. indar asko duen potajia)

Hauen azpian zer dagokeen kontuan hartuz gero, arazorik ez. Dena dela, batzuk, zenbait, aski, eta holako zenbatzaile zehaztugabeekin nekeza da -ta- artizkirik gabeko formak baliatzea. Bestalde, holako sintagmek, maiz, helburua edo adierazten dute. Beraz, zenbatzailedun sintagma hauetan -ko-ren osagarria DS soil bat edo Zenbatzaile Sintagma bat dela ere ontzat eman liteke.

9.10.4 -KO adposizioak DS soila ere izan dezake osagarri

AdpS-ri ez ezik, DS-ri zuzenean –edo izen sintagmari, agian itsasten ahal zaio -ko:

(199)
  • a. Bihotz oneko neska

  • b. Etorkizun handiko proiektua

Horrelakoetan, alperrik hasiko gara inesiboaren bila: bihotz oneko neska ez da *bihotz onean dagoen neska, adibidez, bihotz ona duen neska baizik. Hauetan [[Izena + Adjektibo] -ko] taxua aurkitzen dugu, gehienetan: bihotz oneko mutila; usain txarreko arraina; etorri handiko hizlaria... Hala ere, badira salbuespen batzuk, zeinetan ez den beharrezko adjektiboa esplizituki agertzea:

(200)
  • a. {adineko / sasoiko / patxada(z)ko ...} gizona

  • b. kalitate(z)ko okela

Adjektiboaren arrastorik ez egon arren, denak ere balio positiboa duen adjektibo bat eramango balute bezala interpretatzen dira: ‘adin handiko’, ‘sasoi oneko’, ‘patxada ederreko’, ‘kalitate handiko’ etab. Hauetan guztietan, ez dago inolako AdpS-rik. Predikazio bat dugu eta subjektuaren ezaugarri batzuk predikatzen ditugu: mutil hori bihotz onekoa da eta mutil horrek bihotz ona du modu bertsuan erlazionaturik daude. Zerbaitengatik onartzen dute sintagma hauek erlatibozko parafrasia: bihotz onekoa den mutila / bihotz ona duen mutila (ik. Mitxelena 1972a; Goenaga 2003). Azken batean, egin beharreko lana eta egin behar den lana modu berean erlazionaturik daudela pentsatzeko eskubidea badugu.

Zenbait predikatu osagarrik ere (hamar metro zabalago; hiru urte gazteago… sintagmen parean -ko-ren laguntza onartzen dute DS barruan txertatuko badira (ik. Goenaga 2008):

(201)
  • a. Hamar metro zabalagoko plaza (cf. hamar metro zabalago den plaza)

  • b. Ni baino hiru urte gazteagoko kakanarrua (Aingeru Epaltza) (cf. Ni baino hiru urte gazteago zen kakanarrua)

  • c. Izarra baino ederragoko andrea joan zait ihesi. (Txirrita)

AdpS luzea bada, (202)an gertatzen den bezala, zail suertatzen da zuzenean IS-ren barnean txertatzea. Horretarako egokiagoa gertatzen da -ko lagun hartzea: (202)ko esamoldeak askoz errazago prozesatzen dira ondoko hauek baino:

(202)
  • a. ?Plaza hamar metro zabalagoa

  • b. ?Andre izarra baino ederragoa

Lan hori asko errazten digu -ko atzizkiak: -ko lagun ona da horretarako. Kuantifikazioaz ari gara: horrenbestez, -ko-rentzako testuinguru ona: bost kilo pisatzen duen liburua, edo ehun urte zaharrago den etxeaz hitz egiten ari bagara, berdin-berdin esan dezakegu bost kilo gehiagoko liburua nahiz ehun urte zaharragoko etxea. Taxu honetakoa dugu hau ere:

(203)
  • Izarra baino ederragoko andrea joan zait ihesi ([[izarra baino ederrago] -ko] andrea )

9.10.5 [… -KO KonpS], mendeko perpaus

-ko adposizioa oso emankorra da, bistan denez.

a) Izenaren eta aditzaren perpaus osagarri edo adjuntuetan aurkitzen ahal dugu, adibidez:

(204)
  • a. Gezurretan ari zinelako susmoa nuen.

  • b. Gezurra esan zeniolako haserretu zen.

Hemen, batean izenaren osagarria dugu, bestean adjuntu bat.

b) Agindu, eskatu, erregutu, esan ... moduko aditzen osagarri den perpaus jokatugabeak ere -ko adposizioa erakusten du:

(205)
  • Isilik egoteko erregutu nion.

Oraingoan ere osagarria izango da [… -ko Adps] perpausa, erregutu aditzaren osagarri, hain zuzen.

Adjuntu ere izan liteke helburuzko perpausetan: lo egiteko, hartu pastila hau.

9.10.6 [… -KO] helburuzkoa

-ko-ren zeregina, funtsean, AdpS-ak osatzea dela iradoki dugu, IS-ren barnean (urrezko legea, bertoko tomatea, zorioneko berria…) nahiz predikatu osagarrian (zure modukoa da hori; Bermeokoa du andregaia…). Baina [... -ko] sintagma hau predikatu baten adjuntu ere izan daiteke. Hegoaldean, hau, batez ere denbora adberbioekin gertatzen da (biharko, betiko, geroko, inoizko, noizko ...):

(206)
  • a. Lan hau biharko amaitua nahi dut.

  • b. Ez utzi ezer geroko.

  • c. Betiko joan al zara?

Alegia, noizko? galderari erantzun nahi diote sintagma hauek. Baina zerta(ra)ko? galderari ere erantzun diezaiokete [… -tzeko] formako perpaus jokatugabeetan, adibidez:

(207)
  • a. Partida irabazteko, bi baldintza bete behar dira.

  • b. Galtzak josteko erosi dut haria.

Perpaus ez direnetan ere helburuzko hau erabiltzen da, baina jokabide desberdina dute euskalkiek:

(208)
  • Harispe du laguna herri gidatzeko. / Hainitz on ere dena bertze askotako (Hiribarren)

Hegoaldean, (214)ko bertze askotako baino arruntagoa da, beharbada, bertze askotarako.

9.10.7 [… -ko], banakaria

Beste -ko bat ere bada, banakaria edo deituko duguna:

(209)
  • a. Saltzen duzun egunkari bakoitzeko hogei zentimo emango dizkizut.

  • b. Zuzendariak arduradun bat jarriko du taldeko.

  • c. Herri honetan hamabost taberna daude mila biztanleko.

Kuantifikazio modu bat da: zenbat egunkari, hainbat zentimo edo zenbat biztanle, hainbat taberna. Oraingoan aditzaren adjuntuak direla onartuko dugu. Banakari deitu ditugu, hori baita duten adiera: zer proportziotan banatzen diren kopururak: ‘Kilo bakoitzeko honenbeste emango dizut’, ‘talde bakoitzeko arduradun bat’, etab. Beraz, -ko helburuzkotik oso gertu dago hau. (209c)n hori oso argi ikusten da: mila biztanlerentzat hamabost taberna esatea bezainbat baita. Ehunekoak ematen ditugunean ere, egitura beraz baliatzen gara eta adiera ere bera da, banakaria: irabazien ehuneko bost (%5) emango dizut.

9.10.8 -ko, eratorpen atzizki

-ko eratorpen atzizki ere izan daiteke: bateko, bosteko, belarritako, belarrondoko, gerriko, ipurdiko, muturreko, oinezko… (cf. Lafon 1965: 179-183; Mitxelena 1986; Azkarate eta Altuna 2001: 97-101). Alde honetatik, hitz eratorri hauek hiztegian bilduak egongo dira. Bestalde, adineko, patxadazko, kalitate(z)ko, sasoiko eta antzekoak ere, funtsean adjektibo edo izen eratorritzat har genitzake, nolabait iharturik dauden heinean.

Eratorpen atzizki hau partizipioari ere erants dakioke: esaneko, jakineko. Hona hemen adibide polit bat:

(210)
  • Jainkoa da bakarrik / esanekoa / bein agindu dabena / a emongoa. (Zav Fab RIEV 1907, 98. OEH)

Esaneko adjektibo eratorria da, [a emongo], berriz, perpausa, aditzaz eta objektuaz osatua, [hura ematekoa] esango bagenu bezala. Hau ere predikatu lanetan. Hitz eratorriak diren heinean morfologiari dagozkio kontu hauek.

9.10.9 Noiz -EN eta noiz -KO?

a) Batzuetan, zalantza sor daiteke -en ala -ko erabili behar ote den. Zenbaitetan, biak zilegi izanda ere, interpretazioa desberdina gerta daiteke. Honako bi sintagma hauen esanahia desberdina da, adibidez:

(211)
  • a. elizaren isiltasuna (Elizak {izan, erakutsi … } duen isiltasuna)

  • b. elizako isiltasuna (elizan (izaten) den isiltasuna)

Batean elizak, erakunde bezala, izan edo erakutsi… duen isiltasuna aipatzen da. Bigarrenean, elizan, tenploan, izaten den isiltasunaz ari gara. Berdin, Euskal Herriaren adiskideak eta Euskal Herriko adiskideak ez dira gauza bera. Bestalde, herriko plaza esaten da, baina herriaren izena.

Holakoetan, -en ‘edutezko genitiboa’ dela esan ohi da, posesiboa, alegia. Horrenbestez, norbaitek duen zerbaitez aritzeko balio du (cf. Euskal Herriak adiskideak ditu). Aldiz, -ko lekuzkoa da: ‘Euskal Herrian {diren/ ditudan} adiskideak’. Gehienetan, noren / nongo galde hitzen arteko aukera bera izan ohi da.

b) Maiz, ordea, biak dira zilegi eta esanahiaren aldetik ere, ñabardura batzuk gorabehera, ez dago alde handirik praktikan:

(212)
  • a. Euskal Herriaren historia / Euskal Herriko historia

  • b. Nobela honen bigarren atala / Nobela honetako bigarren atala

Dena dela, horrelakoetan ere, pentsa liteke ikuspegi desberdina hartzen duela hiztunak: (212b)-ren kasuan, esaterako, naturalago edo sentitzen dugu liburu baten atala, liburu bateko atala baino. Aldiz, liburu bateko {orrialdea/ pasartea} naturalago, liburu baten {orrialdea/ pasartea] baino, edo ikastolako burua naturalago ikastolaren burua baino (ik. Lafon 1965, Goenaga 2003 ...).

c) Beste batzuetan, diferentzia funtsezkoa da: Hamabi euroko kafeaHamabi euroren kafea.

d) Zenbaitetan, -ko erabiltzen dugu helburua edo adierazi nahi dugulako nolabait:

(213)
  • a. Filosofiako irakaslea vs. *Filosofiaren irakaslea

  • b. Arte Ederretako Museoa vs. Arte Ederren Museoa

Nahaste handi samarra dago hemen, nolanahi ere. (ik. Alberdi & Sarasola 2001: 89-101).29

e) Aposizioen kontua ere hor dugu: Bergarako herria ala Bergara herria? Biak zilegi eta biak baliokide, esango nuke. Ordea, Sistiaga erreka /*Sistiagako erreka eta Ernio mendian eta *Ernioko mendian.

9.10.10 Hitz elkarketa eta [... -en / -ko] sintagmak

Sarritan, ahotan darabiltzagun -en/-ko taxuko sintagma hauen ordez hitz elkarketara ere jo daiteke: familia arazoak vs {familiaren/ familiako} arazoak, Familia arazoak zilegi da familia jakin bati erreferentzia egiten ez diogun heinean. Izan ere, hitz elkarketan ezkerreko osagaiak generikoa izan behar du, zehaztugabea. Erreferentzia ongi mugatua eta zehaztua duen osagaia bada, hitz elkarketaren bidea itxia aurkituko dugu: *familia hau arazoak.

Izen propioek ere, arrazoi beragatik, debeku handiak dituzte hitz elkarketan osagai gisa agertzeko (ik. Villasante 1974: 20; Azkarate 1990: 211-275):

(214)
  • *Jesus lagunak (cf. Jesulagunak) vs. Jesusen lagunak.30

Hala ere, izen elkartuaren buru zein den, onargarri gerta daiteke delako izen elkartua. Buru hori zale hitza bada, adibidez, guztiz arrunta da elkarketa: Chomsky zaleak, adibidez, edo Athletic zaleak

9.10.11 -ko eta -EN, predikatu osagarrian

-ko-dun sintagma adposizio sintagma dela esan dugu gorago eta -en daramana, DS genitibo gisa tratatu dugu. Gehienetan biak izenaren ezkerretara aurkitzen ditugu, osagarri nahiz adjuntu gisa. Baina sintagma hauek, adjektiboa bezalaxe, DS-tik kanpo ere aurki daitezke, predikatu osagarri gisa:

(215)
  • a. Mutil horiek Bilbokoak dira. (ez, *Bilboko dira)

  • b. Ogi hau atzokoa da. (ez, *atzoko da)

  • c. Liburu hau gizon horrena da. (ez *gizon horren da)

Horrelakoetan, mugatzailea beharrezkoa da normalean. Batzuetan, hala ere, -ko eta -ko-a biak dira zilegi, nahiz ez duten esanahi bera:

(216)
  • a. Ogi hau gaurkoa da. ≠ b. Ogi hau gaurko da.

Gaurkoa diogunean ogiaren ezaugarri bat ari gara adierazten, ‘gaur egina’ dela, alegia. Gaurkoa hau predikatu osagarria dugu. Gaurko diogunean, aldiz, ogia noizko den esaten dugu, ogi horren nolabaiteko xedeaz edo ari gara, ‘gaur jateko edo egiteko’ dela, adibidez. Oraingoan ere predikatu osagarri da, baina gaurkoa, beharbada, DS da, nirea da esaten dugunean bezala. (216b)ko gaurko sintagma, aldiz, AdpS soila dugu, destinatiboa edo xedezkoa da, zuretzat da diogunean bezala. Oraingoan, ordea, norentzat gabe noizko? galderari erantzuten dio. Hots:

(216’)
  • a. Ogi hau [[gaur -ko AdjS] -a DS] da. (cf. Ogi hau gozoa da)

  • b. Ogi hau [gaur -ko AdpS] da. (cf. Ogi hau gosarirako da)

Bietan ogiaren ezaugarri bat predikatzen dugu, baina batean ogiaren nolakotasuna adierazten dugun bezala, bigarrenean ogiaren xedea edo adierazten da. Merkea da eta merke erosi dut bereizten ditugu. Lehenbizikoan inork ez luke zalantzan jarriko merke adjektiboa dela, baina bigarrenean hitz bera adberbiotik hurbil dabil. Merkea da diogunean, izaera adierazten dugu. Aldiz, merke dago badiogu, egoera adierazten dugu.31 Zerbaitegatik darabilgu egon aditza. Zailago da, ordea, merke saldu dut etxea diogunean. Oraingoan bigarren mailako predikazioa edo izango dugu eta adjektibotzat nahiz Adposiziotzat har liteke.32

Nolanahi ere, gaurko-ren tankerako sintagma hauek izenaren adjuntu direnean, anbiguo gerta daitezke eta aipatu ditugun bi adierak izan ditzakete. Noizkoa da ogi hau? eta noizko da ogi hau? perpausen arteko aldea argi badago ere, noizko ogia da hau? galdetuz gero, bitara interpreta daiteke: noiz egindakoa? vs. noiz jateko.