5. Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma
Editorea
Beatriz Fernández
Aipamena
Goenaga, Patxi. 2022. Zenbatzailea eta zenbatzaile sintagma. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
Laburpena
Determinatzaile sintagmaren osagaien artean zenbatzaileak ere ageri dira. Izan ere determinatzaile sintagmaren erreferentzia zehazteko orduan, zer (txakur) eta zein (txakur hori, adibidez) zehazteaz gainera, zenbat d(ir)en zehaztea ere nahitaezko da (bi txakur horiek), zertaz mintzo garen ongi finkatua utzi behar bada.
Zenbatzaileen lana zein den finkatu ostean, zenbat zenbatzaile klase ditugun ere zehazten saiatuko gara atal honetan eta zenbatzaileak sailkatzeko ahalegin bat egingo dugu. Batetik zenbatzaile zehaztuak eta zenbatzaile zehaztugabeak bereiziko ditugu eta hauen barnean ere behar diren sailkatzeak egingo dira. Arreta berezia eskainiko zaie zenbatzaile orokorrei.
Bestalde, zenbatzaileez gainera mugatzaileak ere agertzen direnez, elkarren arteko konbinazioak aztertuko dira, zein diren zilegi eta zein ez.
Neurri sintagmak ere hemen aztertuko dira.
Azkenik, zenbatzaile sintagma dei daitekeen kategoria bat ere badela onartuko dugu eta sintagma horren kokagunea eta lana zein den azaltzen ahaleginduko gara.
5.1 Zenbatzaileak
Determinatzaile sintagmek zerbaiti erreferentzia egingo badiote, “zeintasunaz” gainera (alegia, zein izakiri buruz ari garen adierazteko hizkuntzak eskura dituen elementuez gainera) izaki horien, zenbatasuna ere aditzera eman behar izaten da. Horretarako ditu hizkuntzak zenbatzaile deitzen direnak. Horrenbestez, zenbatzaileek determinatzaile sintagmaren zenbatasuna adierazten dutela esan genezake. Hori dela eta, determinatzaileek izaki edo gauza bakarraz ari garen (singularra) ala bat baino gehiagoz ari garen (plurala) adierazteko modua eskaintzen dute. Baina singularraz eta pluralaz gainera, zenbatasunaz zehaztapen gehiago behar denean zenbatzaileetara jotzen dugu:
-
a. [Auto gorri hori DS] gustatzen zait./ [Liburuak DS] ordenatu behar dituzu.
-
b. [Arropa gutxi DS] saldu dugu aurten. / [Hamabost lagun DS] bildu ginen lehengoan.
Izena zenbakarria denean, [+zenbakarri] gisakoa, alegia, zenbatasuna zenbatzaile soil batez ematen ahal dugu aditzera:
-
a. Bost gizon etorri dira.
-
b. Gizon asko ikusten d(i)tut kalean.
Gizon izenak [+zenbakarri] tasuna du, berez. Horrela interpretatzen diren izenekin, eskuarki, edozein zenbatzaile erabil daiteke.
Aldiz, badira, berez [-zenbakarri] diren masa-izenak: olio, kafe, azukre, ardo … eta holakoak. Hauek debeku handiak ezartzen dizkiete zenbatzaileei:
-
a. *Bost {mahats/ olio/ azukre...} erosi ditu.
-
b. {Mahats/ olio/ azukre ...} {asko, gutxi,...} erosi du.
Kopuru zehatza adierazten duten zenbatzaileak (bost, sei, ...) ezin dira erabili [-zenbakarri] diren izenekin, (3a)k erakusten duen bezala. Aldiz, asko edo gutxi izen zenbakarriekin nahiz zenbakaitzekin erabil daitezke. Orduan, sintagma [-zenbakarri] gisa interpretatuko da, (2b) eta (2c)n bezala, edo [zenbakarri] gisa, (3b)n bezala.
‘Berez’ zenbakarri edo zenbakaitz diren izenak aipatu ditugu. ‘Berez’ klase batekoak izan arren, bestela interpretatzeko modua ere izaten baitute askok. Esate baterako, harri izena, berez [+zenbakarri] dela badiogu ere (harri bat, bi harri, mila harri …), masa-izen gisa ere, beraz [-zenbakarri] gisa, interpreta daiteke (tona bat harri, harri asko atera dute tunela egiterakoan, …). Alderantziz ere bai, zenbakaitz direnak zenbakarritzat har daitezke. Adibidez, olio asko [-zenbakarri] bezala erabil daiteke, baina bost olio ere esan daiteke. Baina orduan ez gara ari masa-izen batez, egiazki [+zenbakarri] den zerbaitez baizik. Kasu honetan, bost olio ‘bost olio klase’ edo izango litzateke, bost ardo ‘bost baxoerdi’ izan daitekeen bezala.
Oro har, [-zenbakarri] diren izenek dituzte debekurik handienak zenbatzaileekin konbinatzeko. Hori erakusten digute (3)ko adibideek. Bestalde, izen asko neurtu egiten dira, neurgarriak dira. Beste batzuk ez. Honek ere ondorioak izango ditu zenbatzaileekin konbinatzeko orduan. Adibidez, neur daitezkeen izenekin zenbat? galde-hitza erabil daiteke edo asko, gutxi, eta holako zenbatzaileak ere bai:
-
a. Zenbat {irin / kafe / ardo …}
-
b. {Irin / kafe / ardo …} {asko / gutxi …}
Baina badira izen abstraktuak, zenbatzaileekin batzeko arazoak dituztenak. Gorroto edo bake esaterako, nekez zenbatuko ditugu ez neurtuko. Gehienez ere, delako gorroto edo zorion hori nolakoa den esango dugu:
-
a. Nolako gorrotoa dion Mikelek lanari! / *Zenbat gorroto dion Mikelek lanari!
-
b. Bake ederra eman zigun alde egin zuenean. / *Bake asko eman zigun alde egin zuenean.
Guzti, oro, bakoitz… ere zenbatzaileak dira eta debekuak dituzte izenaren zenbakarritasunari begira.
Aipatutako debeku hauek kontuan hartu beharko dira zenbatzaileen sailkapen egokia egin nahi bada.
Olio, gari ... moduko izen neurgarriekin zenbatekoa adierazteko beste bide bat ere bada, neurri sintagmak. alegia: numeral batez (bat, bi, hiru...; bana, bina, hiruna...) eta neurri-izen batez (metro, kilo, litro, baso, botila...) osatutako sintagmez baliatzea:
-
a. Bost litro ur edan zituen.
-
b. Hamar kilo xaboi erosi zituen.
5.2 Zenbatzaileen sailkapen bat
Hiru sail bereziko ditugu, zenbat galde hitza bera tartean delarik: a) zenbatzaile zehatzak, b) zenbatzaile zehaztugabeak eta c) zenbatzaile orokorrak.
ZENBATZAILEAK
zehatzak | numeral kardinalak | bat bi / biga hiru lau bost sei zazpi zortzi bederatzi hamar hamaika hamabi hamahiru hamalau hamabost hamasei hamazazpi hemezortzi hemeretzi |
hogei hogeita bat hogeita bi hogeita hiru ... hogeita hamar berrogei berrogeita bat berrogeita bi berrogeita hiru berrogeita hamar .... hirurogei hirurogeita bat ... laurogeita bat ... |
ehun ehun eta bat berrehun hirurehun laurehun bostehun seiehun zazpiehun zortziehun bederatziehun
gora ... mila mila eta ... bi mila hiru mila ... dozenaka milaka milioika |
||
---|---|---|---|---|---|---|
banakariak | bana bina hiruna launa bosna seina zazpina zortzina bederatzina |
hamarna hamaikana hamabina hamahiruna hamalauna hamabosna hamaseina hemezortzina hemeretzina ... |
mila bana bina mila hiruna mila
milioi bana bina milioi ... hogeina milioi |
|||
zehaztugabeak | galderaz-koak | arrunta | zenbat? | |||
banakaria | zenbana? | |||||
orokorrak | den(a/ak) guzti(a/ak) |
oro | gehien(a/ak) bakoitz(a) |
|||
konpara-ziozkoa | honenbeste horrenbeste hainbeste hainbat |
bezainbat bezainbeste adina adinbat |
gehiago gutxiago gehiegi gutxiegi |
5.2.1 Zenbatzaile zehatzak
Zenbateko zehatza adierazten dute: bat, bi, hamar, mila, eta abar. Bi mota bereziko ditugu: a) numeral kardinalak, zenbateko soila adierazten dutenak, alegia; eta b) banakariak, zenbateko zehatza bai, baina horrezaz gainera, banaketa adiera dutenak: bana, bina, hamarna, eta abar.
Numeral kardinalen ondoan, ordinalak ere bereizi ohi dira gramatiketan: lehen(en(go)), bigarren, hogeigarren … azken. Hauek kopurua adierazi beharrean, ordena adierazten dute. Horrenbestez, determinatzaile baino areago adjektibo direla pentsa daiteke.
5.2.1.a Numeral kardinalak
Zenbatzaile kardinalek multzo bateko kideen kopurua ematen dute. Zenbaki bidez eman ohi dira eta kopuru zehatza adierazten dute: bat, bi, hamar … ‘Hamabi apostoluak’ diogunean, apostoluen multzoko kideek zer kopuru osatzen duten esaten ari gara: hamabi.
5.2.1.b Numeral kardinalen kokagunea
Zenbatzaile hauek kokagune aski finkoa dute sintagmaren barnean: bat eta bi izan ezik, beste guztiek izenaren ezkerreko lekua maite dute. Bat zenbatzailea, ordea, beti determinatzaile sintagmaren eskuin muturrean kokatzen da, mugatzailea bezala:
-
Etxe bat/ katu bat/ bihotz bat...
Hain zuzen, mugatzailearen leku bera hartzen duelako eta, normalean mugatzailearekin batera agertzen ez delako, mugatzaile zehaztugabetzat ere hartua izan da gizon bat/ gizona bereizketa ezarriz. Guk zenbatzailetzat hartzea egokiagoa dela uste dugu. Izan ere, beste zenbatzaile zehaztuak bezala, mugatzailearekin batera ere ager daiteke, oso ohikoa ez bada ere:
-
Bi gizon jaitsi dira trenetik, bata, lodikotea, bestea argal-argala.
[Bata] soila, izenik gabe, ohikoa da. Hain ohikoa ez dena, ‘gizon bata’ esatea da, baina inoiz hori ere premiazkoa izan daiteke. Bi zenbatzailea ere berezi samarra dugu. Izan ere, ezkerrean nahiz eskuinean koka daiteke:
-
a. Bi irakasle berri etorri dira ikastolara.
-
b. Irakasle berri bi etorri dira ikastolara.
(10a) eta (10b) biak dira zilegi. Bi mutil, bi etxe eta abar esaten dugunok ere, erdi bi, erdibitu esaten dugu. Eta, aldiz, mutil bi eta etxe bi esaten dutenek ere (Mendebaldeko euskaldunek, batez ere), bi bider esaten dute, ez bider bi.1 Hortaz, bi hurrenkerak zilegitzat eman behar dira euskara batuan.
Gainerako zenbatzaile zehatzak determinatzaile sintagmaren barruan izenaren ezkerraldean kokatzen dira, normalean izenaren ondo-ondoan, gainera:
-
a. [hamar gizon] etorri dira.
-
b. [bost mila euro] eskatu zizkidan.
-
c. [Gasteizko beste hiru neska] ezagutu ditut.
5.2.1.c Zenbaki handiak nola osa?
-
a.1979: Mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretzi.
-
b. 5.684.742: Bost milioi seiehun eta laurogeita lau mila zazpiehun eta berrogeita bi.
Kontua da zenbatzaile hauek juntadura gisa egituratuak daudela. Horrela, 20-tik gorako zenbakiak eta juntagailuaz baliatuko dira. Baina multzoka antolatzen dira eta azken multzoaren aurretik behintzat eta-ren agerpena ezinbestekoa da:
-
a. hogeita bost / *hogeibost
-
b. laurogeita hamar / *laurogei hamar
-
c. ehun eta hogei / *ehun hogei
-
d. mila eta bostehun / *mila bostehun
Multzoak juntatzean ere, multzo bakoitzaren barnean behar diren juntagailuak izango dira:
-
Hogeita bost mila euro zor dizkidazu.
Baina gero, multzoak elkarrekin juntatzerakoan, multzo hauetako azkenaren aurretik bakarrik ezartzen da juntagailua:
-
a. [hogeita bost mila] eta [berrehun]
-
b. [[hogeita bost mila] [berrehun] eta [berrogeita hamar]]
Multzoak 99, 999, 999.999 artekoak dira. Alegia, ehunetik gora multzoz aldatzen gara, milioia arte, bilioia arte eta abar. Zenbatzailea, azken batean, sintagma bat da eta sintagma horretako lehenbiziko osagai gisa, kopuru handiena jartzen dugu. Eman dezagun milioitik gorako zifra batez ari garela. Orduan, lehenbizi zenbat milioi diren ezarriko dugu (bost milioi, (12b)ko adibidean), ondoren zenbat milako (seiehun eta laurogeita lau mila), ondoren zenbat ehuneko (zazpiehun), gero zenbat hogeiko (berrogei) eta azkenik zenbat bateko (bi). Eta multzo hauek egitura sintaktiko jakin batean ematen ditugu:
-
Bost milioi seiehun eta laurogeita lau mila zazpiehun eta berrogeita bi.2
Egitura hori, funtsean, honela irudika genezake:
Egitura honek oso konplexua ematen du, baina, egiazki bi motatako erlazioak ditugu: a) batetik, [zenbat X] modukoak ([[laur]ogei]; [[berr]ogei]; [[zazpi] ehun]; [[bost] milioi]; [[sei ehun eta laurogeita lau] mila] …). Hauek, funtsean, zenbatzailedun sintagma ohikoak dira ([[lau] gizon], [[zazpi] alaba], [[bost] lagun], [[sei] gazte]...); b) bestetik, [[zenbat X] eta [ zenbat Y]] gisako juntadurak: laurogeita lau; seiehun eta laurogeita lau; berrogeita bi; zazpiehun eta berrogeita bi eta abar. Alegia, bost seme eta hiru alaba sintagma juntatua bezalaxe. Horiek modu egokian errepikatuz, osatzen ditugu zenbakiak: [zenbat X] modukoetan, ‘zenbat’ hori txikiagoa izan ohi da X bera baino. Alegia: bost mila, ehun mila milioi … esaten dugu, baina ez *mila bost, *ehun milioi mila …, berez berdin izan behar zuen arren. Jakina, errazago da bost milako kontatzea, mila bosteko kontatzea baino: batean bost aldiz egin behar duzu operazioa eta bestean mila aldiz.
Juntatzen ditugun osagaietan, alderantziz: lehenbizi zifra altuena, gero txikiena: hogeita bi, mila eta bostehun, bi milioi eta berrehun eta hamar mila eta ez, *bi eta hogei, *bostehun eta mila, *berrehun eta hamar mila eta bi milioi… Horregatik, honako bi sintagma hauek zeharo balio desberdina dute:
-
a. Hamar mila eta berrehun (‘10.200’)
-
([[hamar mila] eta [berrehun]])
-
b. Berrehun eta hamar mila (‘210.000’)
-
([[Berrehun eta hamar] mila])
Beraz, kontu honek garrantzi pixka bat badu. Ez litzateke berdin hamar mila eta berrehun euroko kontu bat ordaintzea edo berrehun eta hamar milakoa ordaintzea.
5.2.1.d Numeralekin osatutako esapideak
Numeralekin jokatuz osatzen dira hainbat esapide numeral. Hona hemen zenbait:
▪ Numerala + bat
Numeral kardinal bati bat zenbatzailea erants dakioke:
-
a. [Hamar bat] basurde ikusi genituen arta sail batean.
-
b. [Mila bat] euro behar nituzke bidaia hori egiteko.
Alegia, ‘hamar basurde inguru’, ‘mila euro inguru’ esango bagenu bezala. Zehaztasuna galtzen du delako numeral horrek.
▪ Baten bat
Baten bat zehaztugabeko determinatzailetzat har genezake, norbait-en edo zerbait-en parekotzat. Bat agertzen bada ere, zenbatasuna ez da zehazten, ez eta ere zeintasunik edo nortasunik. Gutxi gorabeherako zerbait adierazten du:
-
a. Baten bat etorriko da (=‘norbait etorriko da’)?
-
b. Suge baten bat dago hemen.
(18a)n izenordain gisa agertzen zaigu. Aldiz, (18b)n determinatzaile gisa izen bat lagun duela.
▪ Bat edo beste
Honek ere zehaztasunik gabeko kopurua adierazten du:
-
Aldaketa(ren) bat edo beste egin dugu.
Esapide honen adiera da, gutxi gorabehera, ‘aldaketa bakarren bat’, aldaketaren bat.
▪ -en {bat/ batzuk}
Determinatzaile sintagma bat ere joan daiteke –en bat horren ezkerraldean:
-
a. [Gizon handiren bat] etorri da (‘dirudienez, gizon handi bat etorri da’)
-
b. [Zakarren bat] sartu zaio begian.
Hauetan ere, ez da zehazten ez kopurua ez erreferentea, gutxi gorabeherako zerbait adierazten da. Horrenbestez, zenbatzaile bat baino areago, determinatzaile zehaztugabe baten aurrean gaudela esan genezake. Gauza bera gertatzen da BATZUK-ekin ere:
-
a. Baten batzuei entzun diet horrelako zerbait lehenago ere.
-
b. Mendigoizaleren batzuk galdu bide dira Aralar aldean.
▪ bat edo bat
Hau ere sail honetakoa da:
-
Emadazu bat edo bat (‘emadazu bat behintzat’)
Bat edoren bat forma ere hartzen du, beharbada gorago aipatutako baten bat-en eta bat edo bat-en arteko nahastetik sortua.
▪ Numeralak aposizioan: gu biok, zuek biok...
Zenbatzaileak joan daitezke pertsona-izenordainen lagun, nolabaiteko aposizioan:
-
a. Gu biok joan gara / gu bioi agindu digute / gu biokin hitz egin behar duzu
-
b. Zuek biok etorri zarete /zuei bioi agindu dizuet / zuek(in) biokin hitz egin behar dut.
Beraz, argitu beharko litzateke ea sintagmaren bi atalek eraman behar duten kasu marka ala aski ote den bigarrenari ezartzea. Arau bakarra ez dagoela dirudi. Beste aposizio hauen parekoak dira: haiek biak, haiei biei, haietan bietan. Baina haiek biekin, haiek bietan eta holakoak ere badira.
▪ x eta biok, x eta hirurok …
Zu eta biok ere bitxi samarra gerta dakioke gure hizkuntzari kanpotik begiratzen dionari. Izan ere, batuketa kontua balitz, hiru pertsonaz ari garela pentsa liteke, baina ez da horrela. Esapide honek honako hau esan nahi du: “zu eta biok (biok horrek zu eta ni biltzen gaituela)”. Numeral txikiekin balia daiteke esamolde hau: zu eta hirurok, zu eta laurok. Beti ere sintagmaren lehen osagaia bigarren pertsona singularreko izenordaina delarik (hi, zu) edo hirugarren pertsona izen bat (Ander, Miren, ...):
-
a. Hi eta laurok joango gaituk etzi mendira. (Beraz, lau lagun joango gara)
-
b. Miren eta biok datorren hilean ezkontzekotan gara. (Bi lagun ezkondu)
-
c. Badira zenbait gauza hark eta biok dakizkigunak (Mitxelena)
▪ -ka atzizkia erantsia duten numeralak
Harrigarri samarra gerta daiteke dozenaka, milaka eta holakoak numeralen artean sartzea. Sarasolaren (1996) Hiztegiak adberbiotzat jotzen ditu. Egia da batzuetan –KA-k hala jokatzen duela adberbiogile gisa, alegia (cf. saltoka, gaizkiesaka, e.a.), baina beste batzuk zenbatzaile direla ez da dudarik:
-
a. Milaka manifestari bildu ziren Bilbon.
-
b. Dozenaka lagun etorri ziren iragarkiaz galdetzera.
Nolanahi ere, kopuru handiak adierazteko balio dute holakoek. Goiko adibideetan, esaterako, milako asko, edo dozena asko, esan nahi da, nahiz eta ez den zehazten zenbat diren. Banaka ez dugu multzo honetan sartuko, beste modu batera jokatzen baitu. Batetik, zenbatzaile bezala ez du jokatzen: *manifestari banaka. Adberbio gisa jokatzen du batzuetan:
-
- Nola ateratzen dira txirrindulariak?
-
- Banaka / binaka / taldeka ...
Bestetik, banaka adjektiboa ere badela dirudi:
-
Emakume banaka batzuk zeuden elizan. (= emakume gutxi batzuk zeuden)
Kasu honetan, banaka-ren ordain izan liteke gutxi. Hau ere ez dago argi adjektiboa ala zenbatzailea den.
5.2.1.e Zenbatzaileen zehaztasuna murriztua eman daiteke
Numeralek kopuru zehatza adierazten badute ere, hiztunak, berez zehatza den kopuru horri nolabait zehaztasuna ken diezaioke eta kopuruaren zehaztasuna zalantzan bezala jarri, gutxi gorabeherako kopurua dela aditzera emanaz. Horretarako, zenbait elementu ditugu eskura: ia, gutxi gorabehera, inguru adberbioak, edo juntagailua ...
● Ia adberbioa
IA adberbioa da eta dagokion sintagmaren ezkerretara kokatzen da, ez bakarrik zenbatzailea duten sintagmetan, bestelako adberbio, adjektibo, aditz eta abarren ezkerretara ere bai:
-
a. Ia bost mila euro galdu ditu jokoan.
-
b. Peruk ia-ia ulertu du zuk esandakoa.
-
c. Liburu hau ia berria da.
Hemen aztertu beharko litzatekeena da ea IA horrek bere eraginpean harrapatzen duena bost mila sintagma den eta ez AS edo perpaus osoa. Izan ere, goiko perpaus hori beste era honetara ere eman daiteke:
-
Bost mila euro galdu ditu, ia-ia, jokoan.
● Inguru
Inguru, berez, izena da eta adberbio gisa ere lan egiten du . Numeraldun sintagma baten ostean ere ager daiteke:
-
Bost mila euro inguru galdu ditu jokoan.
Inguru-k, ia-k ez bezala, dagokion sintagmaren ondo-ondoan joan beharra dauka.3 Hortaz, (31) zuzena da, baina ez honako hau:
-
*Bost mila euro galdu ditu inguru jokoan.
Kontuan izan, azkenik, [bost mila euro inguru] osagaiak zenbatzaile sintagma gisa jokatzen duela, oso-osorik, eta kasu markaz edo postposizioz markatua ere joan daitekeela, premien arabera:
-
a. [Bost mila euro inguruk] dute erru guztia.
-
b. [Bi mila euro ingururen] aldea zegoen bi fakturen artean.
● Bakarrik
Bakarrik adberbio bat da eta bi erabilera ditu nagusiki: a) bakarrik bizi naiz bezalakoetan ohiko adberbioa da, modua adierazten duena: nola bizi naizen esaten du gure kasuan; eta b) numeralez hornitutako determinatzaile sintagma bati dagokiola: Bost milioi euro bakarrik irabazten omen ditu urtean.
Gainera, bakarrik honek anbiguotasuna sor dezake. Bi neska bakarrik etorri dira idatziz gero, uler daiteke bi modutara: a) bi neska besterik ez, edo b) bi neska lagunik gabe etorri dira. Ahozkoan intonazioaren bidez argi utz daiteke zer esan nahi den: a) bi neska bakarrik etorri dira; b) bi neska / bakarrik etorri dira.
● Gutxi gorabehera adberbioa
Gutxi gorabehera da beste adberbio bat numeralaren zehaztasuna badaezpadakotzat ematen laguntzen duena. Hau ez doa zenbatzaile sintagmari itsatsia. Perpaus osoari atxikitzen zaiola dirudi.
-
Hamar mila bizilagun ditu, gutxi gorabehera, herri honek.
● Edo juntagailua
-
Hamar lagun edo izango gara bazkaltzeko.
Edo juntagailu honek ere zenbatasuna zehatza ez dela adierazten du, baina, bistan da, zenbatzailea baino areago, determinatzaile sintagma osoa besarkatzen duela.
Nolanahi ere, elementu hauen kategoria gorabehera, denek sintagmaren zehaztasuna “apaldu” egiten dute, zenbatasunari dagokionez.
● Bizpahiru/ hiruzpalau/ bospasei
Hauek oinarrian bi numeralen juntaduratik eratorriak dira, bi edo hiru, hiru edo lau, bost edo sei esapideen baliokideak. Baina ezpa juntagailu disjuntiboa dutenek oso emankortasun txikia dute, erabat ihartutzat eman daitezke eta hala ageri ohi dira hiztegietan. Aldiz, hiru edo lau modukoek emankortasun osoa dute: sei edo zazpi, hamar edo hamaika... Juntagailurik gabe ere eman daitezke: sei-zazpi lagun, hogei-hogeita bi urte izango zituen ...
5.2.1.f Zatikiak
Zatikiak zenbatzaile zehatzari –(R)EN atzizkia erantsiz osatzen dira: bosten, seien, hamarren, milaren … Zatiki txikienak, hala ere, (1/4, 1/3,1/2) modu irregularrean osatzen dira: laurden, heren, erdi.
(36) ZATIKIAK
1/2 : erdi 1/3: heren 1/4: laurden |
1/5: bosten 1/6: seiren 1/7: zazpiren 1/8: zortziren |
1/9: bederatziren 1/10: hamarren 1/100: ehunen 1/1000: milaren |
Erdi, laurden, heren, bosten... izenak dira, ordea. Horregatik, hauei zenbatzaile numeralak erantsi behar zaizkie zatikiak osatzeko: erdi bat, erdi bana, heren bat, baina bi heren, hiru laurden, eta abar. Edo mugatzailea: erdia, herena...
Zatiki hauek beste zenbatzaile sintagma baten osagai izan daitezke emendiozko juntaduraz baliatuz:
-
a. Zazpi (e)ta erdi
-
b. Hamaika eta laurden
ERDI izena bada, mugatzaile eta guzti ager daiteke. Mugatzaile hori, gainera, singularra edo plurala izan daiteke. Horrenbestez, ERDI/ ERDIA/ ERDIAK formak izango ditugu.
● Erdi, laurden, heren ... zatikien jokabidea
Erdi, laurden, heren, hamarren eta holakoak izen kategoriakoak direnez, izen elkartuak osa ditzake, honako hauetan bezala:
-
pastel erdi(a), ordu laurden(a) ... (cf. pastel zatia, gazta laurden bat... )
Edo izen sintagmaren buru gisa ere lan egiten dute:
-
a. Liburuaren erdia irakurri dut … (cf. liburuaren egilea, ikasleen ordezkariak... )
-
b. Ikasleen erdiak ez du gainditu azterketa
Elementu hauen izentasunaz ohartzeko aski da pentsatzea zenbatu daitezkeela eta, era mugatuan bada ere, kalifikatu ere bai:
-
{pastel erdi bat / pastel erdi asko / (pastel) erdi desberdinak ...} egin dituzu.
Batzuetan singularrean eta beste batzuetan pluralean erabiliko dira. Lafitteren (1944: 80) arabera, osotasuna duen gauza bakar baten parteaz ari bagara, erdi singularrean ematen da: sagar erdia eman zidan. Unitatez osatutako multzo baten parteaz ari bagara, pluralean jartzen da: sagar erdiak ustelduak zeuden.
EGLU 1 (1985: 127-128)-en ere (urtea: 2000-2001) liburuaren erdia eta liburuen erdiak bereizten dira. “Bigarren adibide honetan, liburu multzo batetik, multzo honen erdia edo irakurri duela adierazi nahi da. (…) Hala ere, ‘liburu erdiak irakurri zituen’ baldin badiogu, beste zerbait adierazi nahi dela dirudi: liburuak erdizka irakurri zituela, liburu bakoitzaren erdiraino baizik ez zela iritsi”.
Dena dela, hemen bi kontu ditugu: batetik, erdia (sing.) vs. erdiak (plur.) arazoa eta, bestetik, genitiboaren agerpenari dagokiona. Izena zenbakaitza bada, ez dago arazo handirik, mugatu singularrean joan behar du erdi-k:
-
a. Azukrearen erdia/ *azukre erdi nahikoa zenuen.
Izena zenbakarria bada, banako baten erdiaz ari bagara, orduan erdia nahiz erdi soila ere bai:
-
{Sagarraren erdia / sagar erdia / sagar erdi} nahikoa zenuen.
Bestalde, erdi-ren ezkerrean kokatzen den osagaiak genitiboan agertu behar du baldin eta izen hori zenbakaitza bada:
-
a. {Ardoaren / azukrearen /mahatsaren …} erdia alperrik galdu da.
-
b. ?{Ardo / olio / mahats} erdia alperrik galdu da.
(43a), dudarik gabe, zuzena da. (43b), aldiz, zalantzagarria behintzat bada. Pentsa dezagun zer gertatzen den ogi bezalako izen batekin. Hau zenbakarri nahiz zenbakaitz gisa interpreta daiteke:
-
Ogiaren erdia sobratu da.
(44) bitara uler daiteke: a) ogi erdia sobratu da, ez ogi osoa; edo b) neukan ogi guztiaren, erdia sobratu da.
Ostera, honako honek interpretazio bakarra du:
-
Ogi erdia sobratu zaigu.
Ez genuke ulertuko ogi kopuru baten erdia sobratu denik.
Hortaz:
-
a. [genitiboa + ERDIA] : ogiaren erdia (ogi: [± zenb] izan daiteke)
-
b. [[izen1 +ERDI] + -A] : ogi erdia (ogi: [+ zenb])
-
c. [izen1 +ERDI] : ogi erdi (ogi: [+ zenb])
Izena [+zenb] bada eta erreferente plurala badu, erdiak da forma hedatuena, plurala. Baina erdia singularra ere zilegi da:
-
a. EAEn etxebizitzarik ez duten pertsonen erdiak atzerritik etorritakoak dira. (Berria, 2)
-
b. Ume orien erdia ez da zurea, eta beragatik ondu, edo pagatu bear diozu beiak dauzkanari (J. B. Agirre,)
(47a)n [pertsonen erdiak] plurala dugu, (47b)ko [ume horien erdia], aldiz, singularra.
Ohikoena, nolanahi ere, Lafittek ongi zioen bezala, erdiak plural gisa ematea da.
Izen nagusiari dagokionez, berriz, genitiboan ez ezik, inolako mugatzailerik ez kasu markarik ez duela ere ager daiteke, EGLU-k dioena gorabehera, baina orduan erdiak behar dugu, ezinbestean, multzo batez ari bagara.4
-
a. Egun erdietan ez duzu egurrik ekarri ere egiten (M.E. Laboa, Astotxoaren burezurra, 59)
-
b. Telebista horietan ia programazio erdiak erdaraz izan ahalko dira. (Agurtzane Solabarrieta, “Euskaldunek ez dute legez bermatuta euskarazko katerik”, Berria 2006-03-14)
Ezkerreko osagaia erlatiboa ere izan daiteke:
-
Mediku batek dio (...) larrialdietara joaten diren erdiek ez luketela joan behar. (Berria, 2004-11-21)
Noski, erlatibo hori genitiboan ere eman daiteke:
-
Larrialdietara joaten diren (gaixo)en erdiak
Partitiboan ere joan daiteke, Bizkai aldeko euskaran bereziki (cf. OEH ):
-
Arin-arin eitten dau / soloan erbiek:
-
Utsik egitten deittu? / punturik erdiek.
-
(Manuel Lekuona, “Cantares populares”, Anuario de Eusko Folklore, 1930, X, 038)
Laurden-ekin ere beste horrenbeste gertatzen da, funtsean. Baina hemen, laurden batez ari bagara eta ez bi edo hiru laurdenez, singularreko komunztadura eragiten du (52a), baina plurala ere eragin dezake (52b):
-
a. Batzarrean bildutakoen laurdenak, berriz, aurkako boza eman zion. (Aitziber Laskibar, Berria, 2004-07-04)
-
b. Zerbitzuan dauden langileen laurdenak (...) euskara ikasten aritu ziren. (Berria, 2004-03-07) 5
LAURDEN, ERDI bezala, inolako artikulurik gabe ere erabiltzen da, neurria adierazten denean bereziki:
-
Ordu laurden, kilo erdi, metro erdi, litro laurden ...
Hauetan zenbatasuna adierazten da, baina inolako artikulurik ez da, BAT zenbatzailerik ere ez. Hortaz, benetako zenbatzailetzat hartzeko eskubidea ba genuke.
Adibide hauek denek erakusten duten anabasa gorabehera, joera nagusiak zein diren argi dago: izena zenbakarria denean eta pluraltasuna agerian badago, joera da erdiak (plur.) erabiltzekoa (ikasleen erdiak), eta, horrenbestez, aditz komunztadura ere pluralean egitea. LAURDEN-en kasuan, aldiz, badirudi laurdena (sing.) erabiltzea dela joera nagusia, izen nagusiaren pluraltasuna gorabehera.
Baina nola justifikatzen da pluralaren presentzia hori? Multzo batek –eta multzo ez denak– gehienez ere bi erdi ditu. Ikasleen erdia diogunean, multzo horren erdietako batez ari gara. Baina ikasleen erdiak diogunean ere bai. Pentsa liteke lehenbiziko osagaiaren pluraltasunak erdi zenbatzailea “kutsatu” duela. Alegia [ikasleen] sintagma pluralak eta hau menderatzen duen [[ikasleen] erdiak] sintagmak numero komunztadura dutela. Benetan multzo baten erdi batez ari bagara, sintagmaren numeroa [+sing] izango litzateke. Baina erabilera nagusia ez da hori. Bestalde, komunztaduraren hedapen hau aditzera ere iristen da. Behin erdiak forma plurala dugunean, nahitaezkoa da, aditzak honekin komunztadura izan behar badu, pluralekoa izatea komunztadura hori.
Komunztadurak, hortaz, hedapen desberdina duela esan genezake.
-
a. [[pastel(aren)] erdia] lizundurik zegoen. (cf. pastel gehiena)
-
[+sg] [+sg] [+sg]
-
b. [[pastel(en] erdiak] lizundurik zeuden. (cf. pastel gehienak)
-
[+plur] [+plur] [+plur]
-
c. [[hauetatik] erdia]] matrikulaturik dago.
-
[+plur] [+sing] [+sing]
-
d. [[hauetatik] erdiak]] matrikulaturik daude.
-
[+plur] [- sing] [+plur]
GEHIEN(A(K)) zenbatzailearen antz handia du ERDI(A(K)) honek. Azken batean, multzo edo kopuru baten parte bat adierazten ari gara: ikasle(rik) gehienak diogunean, ‘ikasleen multzo horretatik gehienak’ esaten ari gara, eta ikasleen erdiak diogunean ere, beste horrenbeste, ez ikasle multzo horretatik gehienak, baina bai erdiak. Horrenbestez, modu bertsuan analizatu beharko genituzke, nahiz eta oraingoz ez dugun analisi hori eskainiko. Egitura dela eta, kontu eman beharreko arazo bihurriena, seguru asko, komunztadurarena da. Batez ere, [ikasleen] eta [erdiak]-en artekoa.6
Nolanahi ere, hauetan guztietan daukagun esanahia antzekoa da: multzo bateko gehienak, multzo baten erdia, laurdena edo dena delakoa.
Hamarrenak eta ehunenak eman behar direnean, honela irakurtzen ditugu:
-
5,66 = Bost koma hirurogeita sei / Bost eta hirurogeita sei
● Ehunekoak
Ehunekoak ere, azken batean, zatikiak dira. Holakoak adierazteko, “-tik honenbeste” moduko esamoldeak erabiltzen ditugu euskaraz:
-
a. Hamarretik bik bakarrik gainditu dute azterketa.
-
b. Ehunetik bat salbatzen ahal da.
Baina ehunekoak ematerakoan “ehuneko X” da gehienbat erabiltzen den esamoldea:
-
a. Ehuneko hamar igo dira etxebizitzak azken bost hilabetean.
-
b. Ehuneko bost eta erdiko interesa gehiegizkoa iruditzen zait.
Sintagma hauetan, mugatzailerik ez da erabiltzen benetan mugatua ez bada:
-
Ehuneko bost eskaini didate bankuan. (ehuneko bosta baino hobeto)
Baina ehuneko hori mugatua bada, orduan, mugatzailea behar:
-
Bankuak eskainitako ehuneko bosta gutxitxo iruditu zaio.
Ehunekoez hitz egin beharrean ‘zenbatetik gora’ edo ‘zenbatetik behera’ adierazteko, ehundik da nagusiki erabiltzen dena.
● Orduak emateko era
Orduak puntuan | laurdenak | minutuak | |||
Ordu bata Ordu biak/ bi orenak Hirurak Laurak Bostak Seiak Zazpiak Zortziak Bederatziak Hamarrak Hamaikak Hamabiak |
+ eta laurden
+ eta laurdena |
+ eta bost
+eta hamar
+ eta ...
|
Ordu bi eta laurdena(k) Ordu bi eta erdiak Hiru eta laurdenak Hiru t’erdiak ... |
+ laurden gutxiago | Bost gutxi(ago)
Hamar gutxi(ago) |
5.2.1.g Banakariak
Zenbatzaile zehaztuei eta zenbat? galde hitzari berari -NA atzizkia erantsiz, zenbatzaile banakariak lortzen dira (ik. (6)ko taula):
-
a. bost + -na > bosna
-
b. hamaika + -na > hamaikana
-
c. zenbat + -na > zenbana ...
Banakari hauek, hitzak berak salatzen duen bezala, "banatze" adiera dute:
-
a. Bina lagun ekar ditzakezue. (= zuetariko bakoitzak bi lagun ekar ditzakezue)
-
b. Bosna gozoki eman zi(zki)eten. (bakoitzari bost gozoki, nahiz bakoitzak bost gozoki )
-
etab.
Beraz, X-na banakariak honako hau esan nahi du: ‘bakoitzak / bakoitzari / bakoitzean.... X’. Hori esan nahi da "banakari" hitzarekin. Eta jakina, banatu ahal izateko, zenbatzailea daraman sintagmak erlazionatua egon behar du, nolabait lotua, aurrekari plural batekin. Gauza bat, bakarra, ezin bana daiteke, zatitu ezean behintzat. Baina orduan banatzen dena ez da gauza bat, gauza horren zatiak baizik. Horregatik, honako perpaus hau okerra litzateke:
-
*Mirenek denda horretan liburu bana erosi du.
(62) ez da zuzena. [liburu bana] sintagma ez baitago ‘loturik’ inolako DS pluralarekin. Baina aurrekari egokia baldin badu, orduan bai, zuzena da, honako hauek bezala.7 Adibidez:
Normalena, dena dela, aurrekari hori perpaus barneko DS absolutiboa, ergatiboa edo datiboa izatea da. Dena dela, honako honen antzekoak zilegi direla esango genuke:
-
a. Bosna ogi jarri ditut otarra hauetan (= otarra bakoitzean bost ogi)
-
b. Auto hauetan bina lagun gehiago sar daitezke oraindik.
Testuinguruan balizko aurrekari bat baino gehiago izan liteke. Orduan perpausa anbiguoa izango da. Horren adibide argia dugu goiko (60b) perpausa:
Alegia, haietako bakoitzak bost gozoki eman zizkieten beste haiei (taldeko guztientzat), edo haiek (taldeak, talde bezala) beste haietako bakoitzari bost gozoki eman zizkiguten. Eta, beharbada, beste esanahi hau ere bai: taldeko bakoitzak haietako bakoitzari bost gozoki eman zizkieten.
Bestalde, gehienetan, banakaria daraman sintagma absolutiboan joan ohi da (bosna gozoki), baina edozein kasutan ager daiteke, perpausean betetzen duen funtzioaren arabera, ergatiboan, datiboan, inesiboan, genitiboan eta abar:8
-
a. [Bosna gizonek ERG] lagundu digute
-
b. [Bina bizikletatan INES] etorri omen ziren.
-
c. Guk [hiruna ikasleri DAT] laguntzen diegu etxeko lanak egiten.
-
d. [Lankidetza hitzarmen banaren GEN] bidez, udalak bere artxiboa osatu du.
(66d) perpausean ez da ageri [lankidetza hitzarmen bana] horren aurrekaria, baina testuinguruan egon behar du nonbait. Hori gabe, perpaus hori ez litzateke zuzena izango.
5.2.1.h Ordinalak
Numeral ordinalak kardinalei –GARREN atzizkia gehituz osatzen dira: hurrenkera batean kide bati zein leku dagokion esaten digute:
-
a. Bigarren < bi + -garren; hirugarren < hiru + -garren; hamargarren < hamar + -garren
-
b. Zenbatgarren < zenbat + -garren
-
c. N-garren < n + -garren
Baina bat-i ez dagokio era honetako ordinalik. Lehen, lehenengo, lehenbiziko izango genituzke kasu honetan, baina hauek adberbio batetik eratorriak direla ematen du, azken eta azkeneko bezala.
Numeral ordinalek, berez, ez dute zenbatasuna adierazten, ordena baizik. Eta ez dira determinatzaileak ez zenbatzaileak.9 Hori argi ikusten da ordinalak ageri diren sintagmetan, hauek ezin baitira osatu ordinalaren laguntza soilaz, beste determinatzaile bat edo zenbatzaile bat behar dute:
-
a. Bigarren saria zuretzat izango da. (*bigarren sari zuretzat izango da)
-
b. Hiru bigarren sariak igo bitez oholtzara.
-
c. Hiru bigarren sari jarri dituzte.
Adjektiboak dira, hortaz, baina adjektibo bereziak, zeren izenaren eskuinaldean kokatu beharrean, ezkerraldean agertzen baitira:
-
Hamahirugarren eguna da gaurkoa.
Hala ere, ordinala izen bereko zenbatgarren pertsonaia den adierazteko erabiltzen dugunean, erregeen izenetan, aita santuenetan, edo kirolarienetan adibidez, izen bereziekin alegia, eskuinaldean jartzen dugu:
-
a. Adriano Seigarrena Gasteizen zebilela izendatu omen zuten aita santu.
-
b. Atano Hirugarrena maiz ikusi nuen jokatzen.
Eta behin puntu honetara iritsiz gero eta aita santu izenak mahaigaineratu ditugunez, eztabaida liteke ea zenbatzaile kardinalak erabil daitezkeen ordinalen ordain gisa. Gaztelaniaz hori oso normala da. Euskaraz ez hainbeste. Adibidez, aita santuen izenak euskaraz zenbatzaile kardinalez ematea baino ohikoagoa da, ordinalez ematea:
-
Pio hamabigarrena / ?Pio hamabi
Beste zenbait kasutan ere gauza bera:
-
Ehun eta bigarren orrialdea / ?Ehun eta bi orrialdea
-
Baina, alderantziz kale zenbakiei erreferentzia egiterakoan, erabilera erosoena ordinalarena bada ere, onartzen da kardinala:
-
a. Goiko kale 15ean bizi da.
-
b. Goiko kaleko 15.ean bizi da.
5.2.2 Zenbatzaile zehaztugabeak
Zenbatzaile zehaztugabeek, izenak adierazten duen bezala, zehatza ez den kopuru bat ematen dute aditzera. Ez dute mugatzailerik onartzen:
-
a. Horrenbeste gizon ez da aspaldian ikusi. (*Horrenbeste gizonak ez dira aspaldian ikusi)
-
b. Nork eman dizu hainbeste diru? (*Nork eman dizu hainbeste dirua?)
Gogora ditzagun zein diren zenbatzaile zehaztugabetzat eman ditugunak:
zenbatzaile zehaztugabeak
-zehatza | galderazkoa |
Arrunta | Zenbat? |
||
Banakaria | Zenbana? | ||||
ez-galderazkoa |
Arrunta |
asko anitz batzuk ugari |
gutxi (batzuk) franko aski nahiko dezente ... |
apur bat pittin bat pixka bat /pixkat pila bat |
|
Konparaziozkoa |
honenbeste horrenbeste hainbeste hainbat |
bezainbat bezainbeste adina adinbat |
gehiago gutxiago gehiegi/larregi gutxiegi |
||
Orokorra | den(a/ak) guzti(a/ak) |
oro | gehien(a/ak) bakoitz(a) |
Galderazko zenbatzaile zehaztugabeak, zenbat eta zenbana.
Gehiago, gutxiago, gehien, gutxien, gehiegi, gutxiegi ere zenbatzaile zehaztugabeak dira. Konparaziozkoak direla esaten dugu, erreferentziatzat hartzen den estandar baten araberako zenbatasuna adierazten baitute. Estandar hori agerian egon daiteke edo solaskideen “gogoetan”, eliptikoa izan daiteke, alegia:
-
a. Nik (Mikelek baino) urte {gehiago / gutxiago} ditut.
-
b. Nik (lurra ukitzeko) kilo {gehiegi / larregi / gutxiegi} ditut.
Bezainbat, adina eta antzeko zenbatzaileak konparaziozkoak dira. Hauek erreferentzia puntu izango dena, estandarra alegia, agerian izatea eskatzen dute:
-
a. Zuk hilean irabazten duzun adina diru ez dut nik urte osoan irabazten.
-
b. *Adina diru ez dut irabazten.
Aldiz, honenbeste, horrenbeste eta holakoek, konparaziozko izanik ere, erreferentzia puntua isilpean uztea onartzen dute:
-
Ez nekien hainbeste jende etorriko zenik.
Nolabaiteko plural forma ere badu: BATZUK. Honek ere kokagune bera du, hots, izenaren eskuin aldean:
-
Neska BATZUK etorri dira zutaz galdezka.
5.2.2.a Zenbatzaile zehaztugabeen kokagunea
Gehienak IS-ren eskuinean kokatzen dira. Hala ere, hiru multzotan bana daitezke zenbatzaile zehaztugabe hauek kokaguneari dagokionez:
a. Batzuk izenaren ezkerrean kokatzen dira, gainerako zenbatzaileen kokagune berean: honenbeste neke; horrenbeste arazo; hainbeste petralkeria; hainbat garrasi; zenbat auto; aski diru...
b. Beste batzuk, berriz, izenaren eskuinean ikusiko ditugu, DS-aren eskuin muturra hartzen dutelarik: gizon asko; diru gutxi; harri batzuk; etxe {gehiago/ gehiegi/ gehien}; bizikleta {gutxiago/ gutxiegi/ gutxien}; olio larregi; ardo ugari...
c. Eta beste batzuk, azkenik, alde batera nahiz bestera kokatuak ikus ditzakegu: zenbait liburu/ liburu zenbait; nahiko ikasle/ ikasle nahiko; anitz haur/ haur anitz; franko urte/ urte franko...
5.2.2.b Zenbatzaile zehaztugabe batzuk
● pixka bat/ pixkat, apur bat ...
Elementu hauek ere zenbatasuna adierazteko erabiltzen ditugu. Berez, izen batez (piska, pittin, apur, poxi, ...) eta bat zenbatzaileaz osatutako DS-ak ditugu, nahiz eta aski ihartuak dauden, ezin baita esan *bi pixka, *apur asko, etab. Beraz, bestelako neurri sintagma batzuen (ik. 6.3) kideko dira (bi litro, kilo bat, hamar metro, ...).
Kokaguneari dagokionez, pixka bat, apur bat eta horrelakoak izenaren eskuin aldean kokatzen dira. Konpara ditzagun honako bi adibide hauek:
-
a. Ur pixka bat botako diot ardoari. (ez, *pixka bat ur ...)
-
b. Litro bat ur botako diot ardoari (ez, *ur litro bat ...)
Hala ere, gaur, sagar pila bat esan beharrean, pila bat sagar modukoak entzutea ere ez da harritzeko.
● bat ere
Batetik, bi osagaiak ongi berezirik dituen sintagman agertuko zaigu:
-
Zaldi bat ere erosi zuen (cf. Bost zaldi ere erosi zituen).
Hau ERE-ren jokamolde arrunta da. Baina [batere] adberbio gisa ere maiz erabiltzen dugu bi hitz horien konbinaziotik sortutako esapidea. Askotan maila-adberbio izango da, gainera:
-
Herri hau ez da batere atsegina (cf. Herri hau ez da oso atsegina)
Zenbatzailetzat ere har liteke, beharbada, zenbaitetan, batez ere partitiboarekin batera ageri denean:
-
Pausurik bat ere eman gabe dihoazkit asteak. (Txillardegi)
● Zehaztugabe gisa dabiltzan zenbatzaile zehatzak: hamaika, bost, mila...
Badira zenbatzaile zehatzen artean sailkatu ditugunak, hamaika(txo), bost eta mila, bereziki, asko edo gutxi-ren baliokide eta ordain gisa erabiltzen direnak:
-
a. Hamaika gizon galdu da itsasoan. (gizon asko)
-
b. Hamaikatxo negar egin zuen gaixoak. (negar asko)
-
c. Bost axola niri, zuek zer uste duzuen. (axola gutxi)
Horrenbestez, berez zenbatzaile zehatzak izan arren, zehaztugabetzat har ditzakegu, ez baitute kopuru zehatza adierazten, kopuru handi (hamaika) edo txiki (bost) bat adierazten dute, kopuru zehaztugabe bat, nolanahi ere. Hamaika-ren parean honen txikigarria litzateke hamaikatxo.
Adibideek ongi erakusten duten bezala, sintagma mugagabeetan agertuko zaizkigu, zenbatzaile zehaztugabeek ohi duten moduan.
● ugari, zenbatzaile?
Ugari erabilera bat baino gehiago duen hitza da, beste asko bezala. Usuenik adjektibo lanetan ikusiko dugu: Uzta ugaria izan zen (uzta aberatsa, uzta berria... diogunean bezala). Adjektibo askorekin gertatzen den bezala, bestalde, adberbio gisa ere lan egiten du: Gure artean ugari erabiltzen da berakatza.
Baina zenbatzaile lanak ere egiten ditu:
-
a. Negar ugari egin zuen gaixoak.
-
b. Nobela ugariren egilea da Joseba.
Hemen, asko-ren baliokide dugu. Ugari zenbatzailea ageri den sintagma mugagabea da. Beraz, biak ere zenbatzaile zehaztugabeen artean sartzea bidezko da.
5.2.3 Zenbatzaile orokorrak
Orokor deitzen ditugun zenbatzaileak, multzo bateko elementu batzuk ez, denak besarkatu nahi direnean erabiltzen ditugu. Bost etxe diogunean, izan litezkeen etxe guztietatik bosti bakarrik egiten diegu erreferentzia. Zenbatzaile orokorraz baliatuz, etxe guztiak diogunean, etxe posible horien multzo osoa hartzen dugu kontuan. Etxe bakoitza diogunean ere, multzoko etxe guztiak hartzen dira kontuan, banan-banan. Horregatik, bakoitz zenbatzaile orokorra izango da, baina banakaria ere bada.
5.2.3.a Zenbatzaile ala adjektibo?
Hemen egiten den sailkapen hau ohikoa da euskal gramatiketan. Hala ere, baditu bere arazoak. Batetik, eztabaidagarri da ea sail honetako elementuak zenbatzaile diren eta ez, adibidez, adjektibo. Zenbait hizkuntzalarirentzat, Traskentzat (2003), esaterako, “strictly adjectives” dira guzti, gehien, bakoitz eta ugari; aldiz, gehiago eta gehiegi determinatzaileak. Eta bigarren kontua da ea sail horretan ez ote genukeen sartu beharko oro zenbatzailea ere.
5.2.3.b Oro zenbatzailea
Artiagoitiak (2003) gainerako zenbatzaileen sailetik kanpo uzten du. Izan ere, haren ustez aski, gutxi eta antzeko zenbatzaile zehaztugabeen multzora lerratzen da oro. Dena, guztia eta bakoitza nahitaez determinatzailearekin batera erabiltzen dira. Oro-k, aldiz, ez du determinatzailerik onartzen, hain zuzen gutxi-k, asko-k, zenbait-ek eta abarrek bezala:
-
a. Gizon orok behar luke horretan pentsatu.
-
b. Gizon gutxik uste du holakoak gerta daitezkeenik.
-
c. Pertsona orori heltzen zaio bere ordua.
-
d. Emakume askori entzun diet kexu bera.
Bestalde, Etxeberriaren (2005) iritziz, euskarazko zenbatzaile orokorrek duten ezaugarria da nahitaez mugatzaile eta guzti agertzea. Eta horiek dira, hain zuzen, guk goiko taulan eman ditugun hirurak (dena(k), guztia(k), bakoitza) eta baita gehiena(k) ere. Oro ez du sartzen multzo horretan, jakina.10
Dena dela, esanahiaren aldetik, zenbatzaile orokortzat hartzeak bidezko dirudi. Beste kontu bat da oro-k eta zerrendako gainerako zenbatzaile orokorrek jokabide sintaktiko eta morfologiko desberdina izatea.
Oro honen erabilera, berez, euskalki batzuetara mugatzen da, Iparraldeko euskalkietara, hain zuzen. Euskara batuan ere erabiltzen da.
5.2.3.c Zenbatzaile orokorren kokagunea
Zenbatzaile orokorrak, DS-ren eskuineko muturrean kokatzen dira, oro har:
-
a. Liburu denak erosi ditut.
-
b. Euskaldun guztiek ez dute berdin hitz egiten.
-
c. Pertsona bakoitzak bere eskubideak ditu.
-
d. Pertsona orori zor zaio errespetua.
Baina DS-ri aposaturik joaten dira hauetako batzuk, mugatzailearen ostean, denak, guztiak eta oro bereziki:
-
a. Liburu hauek denak nork utzi ditu hemen?
-
b. Gizonak oro etorri ziren.
-
c. Eginkizun horiek guztiak nekez bete ahalko ditut.
Bestalde, oro zenbatzaileak bereziki, baina beste batzuek ere bai, badute ezaugarri interesgarri bat, honako adibide honetan ikus daitekeen bezala:
-
Iñigoren lagunak laster hor ziren oro, Parisen (Ardoy Sfr 112) (Artiagoitia 2003)
Esaldi hau Hegoaldeko euskaldunok beste modu honetara eman genezake:
-
Iñigoren lagunak laster ziren denak Parisen.
Hemen badirudi goiko adibideko sintagma bitan zatitu dugula parte bat ezkerrera eramanaz eta bestea eskuinean utziaz, berez dagokion lekuan. Hau oso normala gertatzen da lehenbiziko osagaia mintzagai modura bereizten dugunean, ezkerrera eramanaz:
-
a. Ardiak eta artzainak, gauden oro, Euskaldunak (Barb Sup, 61) (apud Artiagoitia 2003: 148)
-
b. Liburuak, ez nituen denak neuk erosi.
Gauzak horrela, perpaus hauen egitura zein datekeen ez da segurua. Axaleko osagai-hurrenkera, ordea, aski argi dagoela dirudi.
Sintagma zatitze hori gertatzeko baldintzak gogorrak direla dirudi. Adibiderik gehienetan absolutiboa daukagu. Artiagoitiarenean (2003) ergatiboko adibide argi bakarra aurkitu dut:
-
Frantsesek irria ezpainetan zuten orok. (St Pierre, 36), (apud Artiagoitia 2003: 149)
Bestalde, zenbaitetan ematen du sintagmaren bereizketa hori itxura hutsezkoa dela, zeren batzuetan zenbatzaile orokorra ez da jatorrizko sintagma baten atala, sintagma beregain bat baizik, enumerazio baten ondoren nolabait dena biltzen edo duena. Horren antza har dakioke Artiagoitiak (2003) jasotako adibide honi:
-
Lur hek, kabala maite hek, ithurriño hura, oro utzi behar izan dituzte. (JE Bur 105)
Alegia, ez gara ari lur haiek oro sintagma baten zatiketaz, sintagma askoren enumerazioaz baizik, azkenak nolabait dena biltzen duela. Aditzaren komunztadura singularrean balitz, ez genuke inongo zalantzarik izango. Era honetara emango genuke Hegoaldeko euskaldunok:
-
Lur haiek, kabala maite haiek, iturriño hura, dena utzi behar izan dute.
5.2.3.d Zenbatzaile orokorrak eta numeroa
Esanahia gorabehera, sintagmaren formari dagokionez, dena/denak eta guztia/guztiak singularrean eta pluralean, bietan, aurkituko ditugu:
-
a. Okela hori dena ezin dut jan. / Gozoki horiek denak ezin ditut jan.
-
b. Arrain guztia minutu batean irentsi du. / Arrain guztiak hil zaizkio.
Bakoitza, aldiz, beti singularra da:
-
Langile bakoitza bere orduan etorri ohi da. (*Langile bakoitzak beren orduan etorri ohi dira.)
Horrenbestez, aditzak ere singularrean egiten du komunztadura.
5.2.3.e Zenbatzaile orokorrak eta kasu marka
[[... –ak DS] + oro DS] gisako esamoldea dugunean, dagokion postposizioa sintagmaren bi atalei erantsi behar zaie, lehenbizikoa mugatu pluralean edo singularrean joango da eta bigarrena, jakina, mugagabean:
-
a. [[Lanbideak ∅] [oro ∅]] dira errespetagarri.
-
b. Izan gaitezen [[zorigaitz horien Gen] [ororen]] beldur.
-
c. [[Herri horietan Ines] [orotan]] euri jasak izan dira.
Beraz, badirudi sintagma hauek aposizioan dauden bi sintagmaz osatuak direla: [[lanbideak DS] [oro DS] DS] edo [ [herri horietan AdpS] [orotan AdpS] AdpS].
Guzti-ren eta dena-ren kasuan ere erakuslea erabili beharra denean, aposiziora jotzen dugu, bi DS elkarren ondoan jarriaz, biak kasu edo adposizio berarekin:
-
a. Ikasgai hau {guztia/dena] buruz ikasi al duzu?
-
b. Pertsona hauek {guztiak / denak} ezagutzen ditut.
-
c. Liburu hauentzat {guztientzat / denentzat} ez dut lekurik etxean.
Dena(k) eta guztia(k) baliokide direla ematen du. Hala ere, euskaldun batzuek guztia(k)-ek ezkerrean IS eraman ohi du (diru guztiak), baina IS-rik ez denean, dena(k) soila erabiltzen dute: denak etorri dira gustukoago, guztiak etorri dira baino eta liburu denak baino nahiago liburu guztiak; liburu hauek denak. Hots, dena(k) izenordain gisa erabiliko lukete, eta guztia(k), berriz, osagarridun determinatzaile gisa.
5.2.3.f Guzti eta oso
Zenbaitetan elkarren ordain izan daitezke, batez ere zati daitekeen izen bati itsatsiak erabiltzen ditugunean:
-
a. Pastel osoa, egun osoa, liburu osoa, ...
-
b. Pastel guztia, egun guztia, liburu guztia, ...
Kasu hauetan oso eta guzti baliokide direla ematen du. Baina pluralean, gauzak bestela gertatzen dira.
-
Pastel guztiak ≠ pastel osoak.
Pastel guztiak diogunean, guzti zenbatzailea da eta 'zenbat pastel?' galderari erantzun diezaioke. Pastel osoak diogunean, ostera, 'nolako pastelak?' galderari erantzuten diogu: pastel osoak, (vs apurtuak edo erdiak, adibidez). Kasu honetan, oso adjektiboa da. Adibidez, erabil daiteke konparatiboan, guzti ez bezala:
-
Idazle honek lan osoagoa eskaini digu oraingoan.
Bestelako zenbatzaileekin ere bai:
-
Pastel oso bat, pastel oso bi, e.a. (cf. Artiagoitia 2000: 14)
Hortaz, kasu hauetan, oso-k adjektiboaren banaketa du.
5.2.4 Neurri sintagmak
Kapitulu honen hasieran aipatu ditugu beste sintagma batzuk egitura konplexu samarra dutenak:
-
a. [[Bost litro] olio] erosi zuen.
-
b. [[Bi tona] gari] ekarri dute.
-
c. Har ezazu [[baso bat] esne bero] gauero, oheratu orduko.
Holakoak agertuko zaizkigu zenbakarri ez diren izenekin (olio, sagardo, mahats...), sintagmaren zenbatasuna, zeharka bederen, adierazi nahi dugunean. Neurri sintagma hauek zenbatzaile sintagma mugagabeak dira: [bost litro]. Horrela kuantifikatutako sintagma hauen hiruzpalau ezaugarri aipa daitezke:
a) Mugagabeak dira: sintagmak ez du onartzen ez artikulurik ez erakuslerik ez osterantzeko determinatzailerik.
b) Sintagma horretan ageri den izena masa-izentzat hartu behar da, hots, [-zenbakarri, +neurgarri] izan behar du: olio, gari, irin, ur eta antzeko izenak ikusiko ditugu sintagmaren barnean. Edo zenbakarriak izan arren, nolabaiteko “masa izentzat” har badaitezke (harri, sagar... ):
-
a. Bost oilasko erosiko ditut. (Hemen oilasko [+zenbakarri] da)
-
b. Bost tona oilasko bidali dituzte Txinatik. (Hemen oilasko [-zenbakarri] da, baina masa gisa, [+neurgarri])
c) Sintagma hauek kuantifikatuak daude. Kuantifikatze hori ezkerretara ageri den sintagmaren kontura doa: bost litro, bi tona, baso bat. Hots [zenbatzaile numerala + neurri izena ZenbS] gisa eraikitako sintagma bat dugu horietan denetan. Edo zehatzago izateko, ZenbS-ak determinatzailearen osagarritzat hartu ditugunez gero eta, horrenbestez, DS-ren osagai direnez, honako egituren aurrean aurkituko gara:
-
[[[Bost tona ZenbS] DS] oilasko DS]
Zenbatzailea banakaria ere izan liteke:
-
[[[Mila bana litro ZenbS] DS] olio DS] erosi zuten.
Baina ezin liteke gainerako zenbatzailerik erabili:
-
a. *[[Litro asko] olio ] erosi zuten.
-
b. *[[Metro batzuk] oihal] beharko dituzu.
Gaztelaniazko “compraron muchos litros de aceite” edo “necesitarás algunos metros de tela” modukoak esateko beste itzuliren batez baliatu beharko. Adibidez, sintagma bi erabiliz, bata mintzagai modura emanaz:
-
a. Olioa, litro asko erosi zuten.
-
b. Oihala, metro batzuk beharko dituzu.
Edo besterik gabe, litroak ez aipatu:
-
a. Olio asko erosi zuten.
-
b. Oihal dezente beharko duzu.
Hala ere, honako hauen antzeko egiturak ere zilegi dira euskaraz:
-
a. Milaka ogerleko asko. (Mokoroa)
-
b. Azken urteotan ehunka etxebizitza eta landaketa birrindu ditu Israelgo Armadak, eta milaka palestinar asko 1948ko eta 1967ko barne errefuxiatuak etxerik gabe utzi. (Berria 2004-07-13 )
Nolanahi ere, bada debekuren bat horretarako, eta numeraletara mugatzen ditugu sintagma hauek. Ekonomiagatik edo, euskaraz zehaztasunik gabe aditzera eman nahi bada kopurua, hor ditugu zenbatzaile zehaztugabeak (asko, gutxi, batzuk, zenbait, etab.). Eta gaztelaniaz, bezala, izen elkartu itxura emanaz, agian zilegi da zenbatzaile zehaztugabeez baliatzea:
-
?Ur litro asko gastatzen da urtean gure etxeetan.
Edo, beharbada, beste honako era honetara:
-
Litro ur asko (cf. 73)
● Baso bat ur ≠ ur baso bat
Beste ohar bat ere egin behar da zenbatzaile sintagma hau dela eta, zeren:
-
Baso bat ur ≠ ur baso bat
Gauza bat da zenbat ur? galderari erantzuten dion baso bat ur sintagma, non baso bat ZenbS den, eta beste bat, nolako basoa? edo zer baso? edo antzeko galdera bati erantzungo liokeen ur baso bat. Alegia, batean ur kantitateaz ari gara (zenbat ur? galderari erantzun nahiz, alegia) eta bestean, berez, baso batez ari gara. Gure kasuan, ur baso hau hutsa ere egon liteke edo ardoz betea, esaterako. Azken batean ur baso izen elkartu bat da, txori buru edo esne behi bezalaxe.
Dena dela, batzuetan ur baso gisakoak kantitatea adierazteko ere erabiltzen ditugu. Horrela, jende askok honako bi perpaus hauen artean ez luke inolako bereizketarik egingo:
-
a. Zenbat botila sagardo edan dituzue?
-
b. Zenbat sagardo botila atera dituzue?
Hala ere, bigarrenean botila bi eratara ulertu ahalko litzateke, ‘eduki-ontzi’ bezala nahiz ‘neurri’ gisa.
Eta zer gertatzen da sintagma hauek kasu markarekin edo postposizioarekin agertzen direnean? Sintagma mugagabeak direnez, hala jokatu beharko dute kasu honetan ere:
-
a. Zenbat botila sagardorekin moldatzen zara?
-
b. Bi litro oliotan frijitu behar dituzu txurroak.
Zenbat botila sagardorekin eta bi litro oliotan, bistan da, mugagabeak dira.
● –en eta –ko: neurria eta prezioa
-KO postposizio sintagmaren bidez eman daiteke aditzera zerbaiten prezioa. –EN genitiboaren bidez, berriz, kantitatea adieraz daiteke:
-
a. Hamabi euroko kafea erosi dut. / b. Hamabi euroren kafea erosi dut.
(115a)n prezioaz ari gara: zenbateko kafea? galderari erantzuten dio. Bestean, berriz, zenbat kafe? galderari erantzun zaio. Bigarren honetan izango genuke, benetan, neurri sintagma: ‘hamabi eurori dagokion adina kafe’ edo esango bagenu bezala. Dena dela, hamabi euro kafe sintagma gisa eman daiteke hau, arazorik gabe, neurri sintagmaz baliatuz.
Beste batzuetan, berriz, ez da somatzen holako alderik: euro bateko aldea / euro baten aldea bikotean ez da ikusten diferentzia nabarmenik.
5.3 Zenbatzaileen eta gainerako determinatzaileen arteko konbinazioak
5.3.1 Zenbatzaileak eta gainerako determinatzaileak
Zenbatzaileak eta determinatzaileak ezin dira edonola konbinatu. Adibidez, edozein eta edozer, badirudi ezin direla zenbatzaileekin batera agertu:
-
*Edozein bost liburu hartu, eta irakurri.
Horrelakoetan, aposizioaren bidea izan dezakegu eskura:
-
Har itzazu bost liburu, edozein, eta irakurri.
Baina zer eta zein, adibidez, ager daitezke zenbatzaileen lagun:
-
a. Lavrovek bozketaren aitzinetik azaldu du zein bi puntu nagusitan duen Moskuk desadostasuna (Berria 2012-02-05)
-
b. Hauxe da galdera: zer hiru gauza eramango zenituzke zeurekin hilkutxa barruan azken biajerako? (Karlos Linazasoro Bertan goxo, 81. orr)
5.3.1.a Zenbatzaile zehatzak eta mugatzailea
Numeralak eta mugatzailea (dela artikulua, dela erakuslea) elkarrekin ager daitezke:
-
a. Bost liburu berri / Bost liburu berriak.
-
b. Hamar zaldi / Hamar zaldi hauek.
Hain zuzen, zenbatzailea eta mugatzailea, biak agertzen dituzten sintagmek arazo bat planteatzen digute. Izan ere, zenbatzailea eta mugatzailea, biak determinatzaile balira, zein izango litzateke holako bi determinatzaile dituzten sintagmen egitura? Adibidez:
-
a. [Hamar mila auto DS] erre dituzte Parisen astebetean.
b. [Hamar mila auto hauek DS] aseguru etxeek ez dituzte ordainduko.
Gorago esan dugun bezala, euskaraz, kontrako arrazoirik izan ezean, mugatzailea agertuko da. Hain zuzen, kontrako arrazoi horietako bat, nagusia, aipatua dugu: zenbatzaileak agertzea. Zenbatzaile zehaztua baldin badugu sintagman, sintagmaren azken buruan mugatzailea ager daiteke edo ez. Beste zenbatzaile batzuekin aukerarik ez dago. Esaterako, zenbatzaile zehaztugabeek ez dute ageriko mugatzailerik onartzen, eta, aldiz, zenbatzaile orokorrek nahitaezkoa dute mugatzailea. Hortaz:
-
a. Bost nobela berri atera ditu Izaro argitaletxeak.
-
b. Bost nobela berriak oso onak dira.
-
c. Hamar nobela hauek ez ditut oraindik irakurri.
Bost eta hamar zenbatzaileak –eta erregela honek zenbatzaile zehaztu guztientzat balio du– (122a)n mugatzailerik ez duen (edo Ø mugatzailea duen) DS batean agertzen dira. (122b)n, berriz, ageriko mugatzaile eta guztikoan. Zein da bien arteko diferentzia? Argi dago: agerian mugatzailea izan edo ez izan, DS horren erreferentzia aldatu egiten da. Bost nobela berri diogunean, beste hainbaten arteko bost nobela aipatzen dira. Nobela hauek zein diren hiztunak ez du zehazten, lehenbiziko aldiz aipatzen dira. Ostera, (122b)n bost nobela berriak diogunean, lehendik aipatuak diren edo, nolanahi ere, hiztunak ezaguntzat ematen dituen nobelez ari gara, bost nobela berri zehatzez. Hortaz, sintagma mugatzailedunen eta mugatzailerik gabekoen arteko diferentzia zehaztu / zehaztugabe diferentzia gisa aurkez daiteke.
-
a. Bost liburu idatzi ditu Josebak. (bost liburu = [-zehatz] )
-
b. Bost liburuak Josebak idatzi ditu. (bost liburu = [+zehatz] )
-
c. Bost liburu horiek Josebak idatziak dira. (bost liburu horiek = [+zehatz] )
Hortaz:
Zenbatzaile zehatza + ageriko mugatzailea = erreferente zehatza, ezaguna delako edo aurretik aipatua delako, adibidez.
Zenbatzaile zehatza + Ø mugatzailea = erreferente zehaztugabea. Ez da ezaguntzat ematen, lehenbiziko aldiz aipatzen denean, adibidez.
5.3.1.b Banakariak eta mugatzailea
Banakariak mugagabeak izan ohi dira:
-
Hamabosna euro eman nien. / *Hamabosna euroak eman nizkien.
Jakina, testuinguru jakin batzuetan zilegi da mugatzailea erabiltzea, batez ere aurreko zerbait aipatu edo nahi bada. Esaterako, norbaitek, kontu-kontari ari dela, honelako zerbait esan lezake problemarik gabe:
-
Nire seme-alabei bina milioi eman nien. Nik emandako bina milioi haiekin etxea erosteko sarrera ordaindu zuten.
Baina zenbatzaile banakariekin –holako testuinguru oso bereziren batean ez bada– ez da mugatzailerik erabiltzen. Sintagma mugagabeak izango dira, hortaz.
5.3.1.c Zenbatzaile orokorrak eta mugatzailea
a) Gorago esan bezala, dena, guzti eta bakoitz zenbatzaileak gehienetan DS mugatuetan ageri dira. Edo, bestela esanda, nahitaezkoa dute mugatzailea agertzea, baina ez dute erakuslea onartzen:
-
a. Ikasgai guztia ikasi du / *Ikasgai guzti hau ikasi du
-
b. Lan bakoitza bere garaian egin behar da / *Lan bakoitz hura...
-
c. Denak isildu ziren / *Den haiek isildu ziren.
Ekialdeko euskaldunen ahotan, hala ere, bakoitz inolako mugatzailerik gabe erabiltzea oso arrunta da, zenbait esapidetan:
-
Gazte-gaztea nintzelarik, egun bakoitz film bat ikusteko xantza nuen. (Nora Arbelbide, Berria 2010-01-31)
-
Hala ere, hauteskunde bakoitz, beti uste da, azken aldian baino boz gehiago bilduko dela. (D. Landart, Enbataren zirimolan 43 or.)
Kasu hauetan egun bakoitz edo hauteskunde bakoitz, egun bakoitzean / hauteskunde bakoitzean esango lukete euskaldun gehienek.
b) Oro mugatzailerik gabe erabiltzen da, baina bi erabilera ditu:
● Bata, asko, gutxi eta antzekoek duten bezalakoa, IS hartzen duela osagarri:
-
a. Lanbide oro da errespetagarri / *Lanbide oroa da errespetagarri.
-
b. Lanbide orok du bere alde atsegina. / *Lanbide oroak du bere alde atsegina.
● DS mugatu baten ondoren:
-
Lanbideak oro dira errespetagarri.
Beraz, gorago franko-ri buruz esan dugunak honako ere balio duela dirudi. Hala ere, sintagmak kasu marka hartzen duenean, bi erabilera horiek kontuan izan behar dira. Batetik, asko, gutxi eta antzekoekin gertatzen den joko berbera dugu: sintagma osoari eransten zaio kasu marka
-
a. [[ Lanbide oro ] -K ]
-
b. [[ lanbide oro] -RI ]
-
c. [[ lanbide oro ] -REKIN ]
-
eta abar.
5.3.1.d Zenbatzaile zehaztugabeak eta mugatzailea
Zenbatzaile zehaztugabeek mugatzailerik ez dute onartzen:
-
*Zenbait auto hauek gustuko ditut.
Hala ere, zenbatzaile zehaztugabeen artean sartu dugun gehien / gehiena(k) superlatiboekin ohikoa den bezala, mugatzaile eta guzti agertuko da, singularrean nahiz pluralean, esanahiaren arabera. Halaber, superlatiboetan ohikoa denez, partitiboa ere agertuko zaigu. Baina inolako mugatzailerik gabe ere erabiltzen da, baina adiera berezia duela bakoitzean:
-
a. Ligan gol gehien sartu dioten taldea da Reala, (Berria)
-
b. Haurrik gehien zituzten ezkonduek lehentasuna zuten beti. (I. Iñurrieta)
-
c. Hiri gehienak errepublika bihurtu ziren.
Bestalde, agian zenbatzaile zehaztugabe barik zenbatzaile orokortzat ere har liteke (ik. Etxeberria 2005).
Zenbatzaile batzuek,ordea, mugatzaileari leku egiten diote nolabait, baina ez ohiko kokagunean, ezkerretara daramaten sintagmari itsatsia baizik eta. Franko zenbatzaileak, adibidez, diru franko eta franko diru esamoldeak ez ezik, jokabide berezi hau ere erakusten du, mugatzaileari dagokionez:
-
a. Zeregina franko dago gure herrian. / b. Zeregin franko... / c. Franko zeregin...
Hemen sintagmak oso taxu berezia du, mugatzailea ez baitoa ohiko lekuan, alegia, sintagmaren eskuin muturrean, erdian baizik. Honek esan nahi du sintagma bakarra baino areago bitan banatua dagoela, nolabaiteko aposizioan bezala:
-
[ [zeregina DS] [franko ZenbS] DS]
Zenbatzaile hauetariko batzuk, bestalde, partitibodun sintagma baten ondoren ager daitezke. Hori gertatzen da asko eta franko-rekin:
-
a. Eskerrik asko. ([ [eskerrik DS] [asko Zenb] DS] )
-
b. Bizitzak badu alde onik franko (J. A. Arrieta). ( [ [alde onik DS] [franko Zenb] DS]
Nolanahi ere, sintagma hauen ez-ohikotasunaren beste zantzu bat izan daiteke holakoetan nekez hartuko duela DS horrek kasu markarik ez postposiziorik. Bestalde, franko-ren kasuan behintzat, adberbio ere bada (bart franko goiz etorri zen). Hau izango litzateke beste analisi modu bat, franko kantitate-adberbiotzat hartzea. Horren alde jokatuko luke tartean gertatzen den etena (dirua / franko) eta, orobat, ustezko sintagma hori erdibitua eman ahal izateak: horrek dirua irabazi zuen, franko irabazi ere. Beste elementu batzuek ere badute erabilera horretarako aukerarik, izugarri-k, erruz-ek, adibidez:
-
Dirua {izugarri/ erruz} irabazten du horrek.
5.3.1.e Zenbatzaileen arteko konbinazioak
Zenbatzaileek, jakina, ez dute beste zenbatzailerik onartzen sintagma berean:
-
a. *Bost gizon batzuk ikusi ditut
-
b. *Zenbait bi gizon bota dituzte kalera
Hala ere, gutxi + batzuk konbinazioa onartzen da:
-
Ikasle gutxi batzuk bakarrik ikusi nituen.
Honek esan nahi du, beharbada, kasu honetan gutxi ez dela zenbatzaile peto-petoa, adjektibo edo baizik.
5.4 Zenbatzaile sintagma
Zenbatzailea eta determinatzailea bi kategoria desberdin badira, pentsa liteke bakoitzak bere sintagma islatzen duela. Horixe da, hain zuzen, hizkuntzalariek proposatzen dutena. Zenbatzailea DS deitzen dugunaren barne osagaia da. Osagai desberdinen hurrenkera gogoan hartuz gero, determinatzailea zenbatzailea baino ‘gorago’ dagoela ematen du. Izan ere, mugatzailea joan ohi da beti sintagmaren azken muturrean. Zenbatzailea eta mugatzailea biak elkarren ondoan doazenean, beti mugatzailea ezarri ohi dugu azkena. Esaterako:
-
a. Gizon biak / *gizonak bi
-
b. Gizon guztiak / *gizonak guzti
Sintagmak binaka abarreztatzen direla onartuz, arbolaren adabegi bakoitzetik gehienez ere bi adar ateratzen badira, eta euskaraz sintagmaren burua eskuinean kokatzen bada, mugatzaileak izan beharko du DS-aren buru. Eta zenbatzailea bera izenaren ezkerraldean ezartzen denean ere –eta ikusi dugu hau dela gehienetan gertatzen dena (adibidez: bost gizon hauek)– mugatzailea, agerikoa denean, sintagmaren eskuin aldean kokatzen da.
Artiagoitiak (2004) proposatzen du DS-aren eta IS-aren artean, ZenbS dei dezakegunarentzat beste kokagune bat behar dela. ZenbS hori izenaren eskuin aldean doanean, (136a eta b)n bezala, ez dago, itxuraz behintzat, inolako arazorik egituraren aldetik tarteko ZenbS horri leku egiteko:
Baina zenbatzaile gehienak ezkerraldean kokatzen direnez, arazoak sortzen ahal zaizkigu. Numeral gehienak kokagune horretan ageri dira, baita zenbatzaile zehaztugabe asko ere, eta berdintasunezko konparazio perpausak ere bai, adibidez:
-
a. Hamabi apostolu / hamabi apostoluak
-
b. Zenbait politikari / *zenbait politikari hauek
-
c. Honenbeste diru / *honenbeste dirua
-
d. Zuk (dituzun) adina urte / *zuk (dituzun) adina urteak
Neurri sintagmek ere kokagune hori hartzen dute:
-
a. Kolkoa bete diru / *kolkoa bete dirua
-
b. Bi kilo azukre / *bi kilo azukre horiek
Hauetako asko ez dira mugatzailearekin batera agertzen ahal. Hori (141a) da bietara jokatzen duena, mugatzailearekin nahiz mugatzailerik gabe.
Artiagoitiaren (2002, 2004, 2006) arabera, DS-ren eta IS-ren artean beste adabegi bat ere behar da egituran, guk ZenbS deituko duguna.
Har ditzagun sintagma hauek oinarri:
-
a. Trenak iritsi dira. / *Tren iritsi dira.
-
b. Trenak ikusten ditut. / *Tren ikusten ditut.
-
c. Ardoa erosi dugu. / *Ardo erosi dugu.
Hemendik atera daitekeen ondorioetako bat da, euskaraz, artikuluaren presentzia nahitaezkoa dela.
Bestalde, euskaraz dakienak badaki (143)ko adibideetako [trenak] eta [ardoa] sintagmen interpretazioa bikoitza izan daitekeela: espezifikoa edo existentziala.
a) Eman dezagun trenez eta autobusez eztabaidan ari garela. ‘Trenak, iritsi dira’ edo ‘Trenak, ikusten ditut’ esatean, tren jakin batzuez ari gaitezke, autobusetatik bereizirik, ‘trenak bai, autobusak ez’ esango bagenu bezala.13 Gauza bera, ardoarekin ere: ‘ardo jakin bat erosi dugu’ interpreta liteke. Interpretazio espezifikoa, hortaz.
b) Bigarren interpretazioan, berriz, kuantifikatutako adierazpen existentziala izango litzateke, ‘bada tren kopuru zehaztugabe bat, iritsi dena edo ikusten dudana’ eta ‘bada ardo kantitate zehaztugabe bat erosi duguna’ esango bagenu bezala. Tren horiek edo ardo hori ezin da izan aldez aurretik aipatutakoa. “Determinatzaile gunea hutsik badago, interpretazioa existentziala da, ez espezifikoa” (Artiagoitia 2004: 37)
Hortaz, itxuraz determinatzailea eduki arren, determinatzaile sintagma horiek determinatzaile gabeko determinatzaile sintagmak izango lirateke. Hortaz, beste hizkuntza batzuetan, gaztelaniaz esaterako, ‘ha bebido vino’ eta ‘ha bebido el vino’ bereizten diren bezala, bai interpretazioaren aldetik bai ageriko itxuraren aldetik, euskaraz ere beste horrenbeste egiteko proposamena egin izan da. Itxuraz, gaztelaniazko bi perpaus horiek desberdinak dira eta esanahia ere desberdina dute. Euskaraz, esanahi desberdina bai, baina itxura bereko, azalean, nahiz eta gure hizkuntzan ere egitura desberdina izango genukeen. Hortaz:
(144a)ko –a eta (144b)koa desberdinak dira. Bigarrena determinatzailetzat hartzeko arazorik ez da. Bera litzateke, gainera, determinatzaile sintagmaren burua. Baina (144a)koa zer ote da? Garbi dago, euskaraz, (143)ko adibideek ongi erakusten duten bezala, holako sintagmetan ageriko determinatzailea beharrezkoa dela. Artiagoitiak (2002: 77) dioenez, determinatzailea agertu beharraren arrazoia sinplea da. Longobardiren (1994: 620) arabera, argumentuek gauzen erreferentzia ematerakoan zenbait ezaugarri tipiko, numero gramatikalaren garrantzi semantikoa adibidez, D gunean dautza, eta euskaraz numeroaz marka ? daitezkeen elementu bakarrak artikulua, eta oro har, determinatzailea, direnez, hizkuntzak nola edo hala numeroari buruzko informazioa kodetzeko duen bidea horixe da, determinatzaileaz baliatzea. Alegia, argumentu diren determinatzaile sintagmak numeroa zehaztua behar du izan izenaren islapen hedatu batean. Euskaraz numeroa ez da izenean bertan markatzen (gaztelaniaz bai, vino vs. vinos). Horregatik artikuluaz baliatzen da beste hizkuntzek behar ez duten testuinguruetan. “Hau aski litzateke esplikatzeko –dio Artiagoitiak– euskarak zergatik behar duen bete, itxuraz, baina itxuraz bakarrik, D posizioa dela dirudien hori”. Bestalde, itxura bereko sintagma batek, (ardoa erosi dugu /ardoa, ez dugu erosi) bi interpretazio izatea ere ongi azaltzen ahal da. Ez litzateke aski euskaraz artikuluak bi balio dituela esatea, zehaztua eta existentziala. Izan ere, beste zerbait bada: artikulu hutsa duten determinatzaile sintagmak ingelesez eta italieraz, edo espainolez, nonbait, barne-argumentu izan daitezke, ezin dira kanpo argumentu izan, subjektu alegia. Eta euskaraz ere, ageriko artikulua gorabehera, interpretazio existentziala ezin da egin kanpo argumentuetan:
-
a. Jendea alkatearen kontra mintzatu da.
-
b. Haurra laguntza eskatzen saiatu da.
-
c. Herritarrak alkatearen kontra mintzatu dira.
-
d. Haurrak laguntza eskatzen saiatu dira.
(142)ko adibideetan jendea, haurra, herritarrak eta haurrak determinatzaile sintagmen interpretazioa zehatza da, ez existentziala. Aldiz, honako hauetan:
-
a. Jendea behar dugu / irakasleak behar ditugu.
-
b. Haurra ekarri dute / etorkinak ekarri dituzte.
interpretazioa bikoitza izan daiteke.
Alegia, euskarazko determinatzaile sintagma artikuludunen interpretazio existentzialak ingelesez eta hizkuntza erromanikoetan debeku sintaktiko berberak dituzte, antza. Baina hizkuntza hauetan, euskaraz ez bezala, horren azalpena determinatzaile agerikorik ez dela esanaz azaltzen da. Euskaraz, aldiz, azalean, posizio hori artikuluak betetzen du.
Hortaz, Longobardiren proposamena onartuz, eta ontzat emanaz, existentzialki kuantifikatutako euskarazko determinatzaile sintagmak ingelesezko eta hizkuntza erromanikoetako pareko sintagmak egituraz antzekoak izango lirateke. Horretarako, onartu behar da D gunea hutsa duten determinatzaile sintagmei unibertsalki interpretazio mugagabea edo existentziala ematen zaiela besterik ezean (ingelesez, by default).
Baina determinatzaileak hartzen duen [XS] hori zer nolako sintagma ote den ere argitu behar da. Ezin da izan izen sintagma. Zenbatzaile sintagma dela esango da.
Bestalde, euskaraz, adjektibo sintagmetan eta izen predikatuetan ere agertzen zaigu mugatzailea. Honen agerpenak ere aski misteriotsua dirudi.