2. Perpausa
Editorea
Beatriz Fernández
Aipamena
Goenaga, Patxi. 2022. Perpausa. In Euskal gramatika: egiturak eta osagaiak (Beatriz Fernándezek editatua). Bilbo: UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua.
Laburpena
Perpausa da gramatikaren aztergai nagusia. Azken batean, perpausak ‘sortzeko’ tresna bat da gramatika. Alde honetatik, hizkuntza perpaus multzo bat litzateke, azkenik gabea. Gramatikaren eginkizuna multzo azkengabe honetako perpausen berri ematea da, multzo honetakoak ez diren perpaus okerrak edo ez-gramatikalak albora utziz.
Perpausa adizki batez (erosiko nuke, etorriko naiz, goazen... ) eta bere inguruan, hurbilago edo urrunago, kokatzen diren zenbait osagaiz eratua dago. Adizkiaren inguruko osagaiak askotarikoak izan daitezke: egiturazko kasua duten determinatzaile sintagmak izango ditugu batetik (ni-k, liburu hau, deno-i...), bestetik postposizio bat buru duten postposizo sintagmak (denda-n, zure ondora, hemendik, lagunentzat... ), mendeko perpausak (zerbait erostera...), izen predikatuak (neska alaia...)… etab.
Adizki deitzen diegu inflexioa duten aditzei. Baina azken batean inflexio marka hauek aditzak ‘bere gain’ hartzen baditu ere, inflexio hori, egiazki, perpaus osoari dagokio. Horrenbestez, perpausaren ardatza inflexioa dela esan beharko genuke.
Atal honetan perpausa nola egituratua dagoen erakutsiko dugu, osagaiak eite desberdinekoak baitira eta modu antolatuan kokatuak baitaude. Aurrerago aztertuko dira egitura horren xehetasunak.
2.1 Esaldia eta perpausa
Denok dakigu hitz egitea zer den. Ez dugu jakingo, seguruenik, dakigun hori azaltzen, baina jakin badakigu, nolabait, hizketan pasatzen baitugu bizitzaren zati handi bat. Hizketa eguneroko zerbait dugu: hitz eginez ulertzen dugu elkar, eta, hitzen bidez, elkar ulertu ez ezik, maiz, engainatu ere egin daiteke solaskidea edo entzulea, okerreko bidera eramanaz, adibidez.
Giza gaitasun berezi bat da hizkuntza. Gaitasun honen adierazpena dugu hizketa. Hizkuntza gizakiok dugun gaitasun bat da. Errealitatean ikusten duguna da hiztunak hots segida bat sortzen duela, nolabaiteko esanahia duena, anabasa ulertezin bat ez dena. Entzuleak ere, hiztunaren hots kate hori entzuten duenean, prozesatu egiten du, alderantzizko bidea eginez, alegia entzundako hotsei esanahi bat egotziz. Hiztunak eta solaskideak jakintza bat, gaitasun bat, partekaten dute, hizkuntza alegia. Gaitasun horri esker, batak zein besteak hots segida baten eta hots segida horri dagokion esanahiaren arteko erlazio egokia ezar dezakete. Hori gertatzen da hiztuna eta solaskidea hizkuntza berean ari direnean.
Hitz egitea zer den edozeinek dakien bezala, hitza ere, gutxi gorabehera, zer den badakigu. Hitz egitean, hitzak elkarrekin konbinatzen ditugu, elkarrekin kateatzen, eta kateatze hori esanahi bat adierazteko asmoz gauzatzen dugu: buruan dauzkagun pentsamenduak irudikatzeko baliatzen dugu. Irudikapen hori hizkuntzaren bidez gauza dezakegu eta hori guztia gure burmuinean gertatzen da.
Eta burmuinean darabilguna hitz bihurtzen dugunean eta ahotsa jartzen diogunean, esaldiak osatzen ditugu. Esaldia hizkuntz jokabideari dagokion zerbait da. Baina esaldi kontzeptuaren ondoan, perpaus kontzeptua ere hor dugu, gramatika-lanetan usu erabiltzen dena. Perpausa zerbait bada, gramatika-kontzeptu bat da, gramatikari dagokion eraikuntza teoriko bat, abstraktua. Gramatikatik kanpo ez dago perpausik. Gramatikariek asmatu zuten, aspaldi, kontzeptu hau, errealitatean diren zenbait gertakari esplikatzeko asmoz sortu ere. Gramatikak, aipatu dugun hizkuntza gaitasun horren berri eman nahi du, eta berriemate horren ondorioz sortu da perpaus kontzeptua. Beste kontzeptu asko ere asmatu diren bezalaxe, aditza, aspektua, denbora, izena, artikulua, modua, adberbioa, adjektiboa, subjuntiboa, infinitiboa, aditz izena eta abar, adibidez. Perpausa gramatikaren oinarri-oinarrriko kontzeptua da, dena dela.
Hizkuntza, azken batean, gizakiak duen jakintza sistema bat dela esan dezakegu. Eta hiztunok hizkuntza jakin bat dakigunean, zer dakigun galdetuz gero, erantzun beharko genuke, perpausak osatzen dakigula. Horrenbestez, hiztuna bere hizkuntzako perpausak direnak eta bere hizkuntzakoak ez direnak bereizteko gai dela esan behar. Perpaus zuzenak eta zuzenak ez direnak bereizteko gai dela, eta abar. Eta solaskideari begira ere, beste horrenbeste: hark dioena ulertzen saiatzen garenean partekatzen dugun gaitasun hori erabiliz, betiere perpausekin egingo dugu topo.
Perpausa da gramatikaren banako edo unitate nagusia. Gramatikarentzat ez da perpausa baino goragoko banakorik, nagusiago izango litzatekeen bestelako unitaterik: hotsek hitzak osatzen dituzte (koru < k+o+r+u), bikain < b+i+k+a+i+n etab);. hitzek, berriz, sintagmak (koru bikain hau < koru + bikain + hau; berri lazgarri honekin < berri + lazgarri + honekin; …); sintagmek beste sintagma zabalago batzuk (Gasteizko koru bikain honetako kideak < [[[[Gasteizko + koru] bikain] honeta+ko] + [kideak]]). Eta azkenik, perpausa: Gasteizko koru bikain honetako kideak agurtuko ditugu, adibidez.
Baina perpausetik gora, gramatikak ez du ezer aurkitzen, beste perpaus bat ez bada. Izan ere, perpausak elkartuz, gehienez ere, beste perpaus konplexuagoak osatzen ahal ditugu:
-
a. [Jendeak [koru bikain honetako kideak gogoz txalotu dituela P2] entzun dugu P1]
-
b.[Zuzendariari esan nahi nioke [jendeak [koru bikain honetako kideak gogoz txalotu dituela P2] entzun dugula P1]
Perpausak, bata bestearen barnean txertatuak, beraz. Edo, bestela, perpaus segidak, bata bestearen ondoren emanak:
-
[ [Jendeak koru bikain honetako kideak gogoz txalotu ditu P1] [Hala entzun dugu P2]. [Eta hala izan behar du, gainera P3].
Egia da testua deitzen dugun hori ere hor dugula, baina testura iristeko ezin dugu perpausera iristeko erabiltzen dugun bide bera erabili. Gramatikarentzat, perpausetik gora ez dago perpaus ez den beste ezer. Testu antolaketa etab., gramatikatik kanpo gelditzen dira. Edo, nahiago bada, gramatika gainditu egiten dute. Gu ere, hortaz, gramatikaren lehengai den perpaus horretaraino iritsiko gara. Azken batean, gramatikak hizkuntza bateko perpausak nola osatzen diren esaten digu.
Escandell-ek (1996) honela laburbiltzen ditu perpausaren eta esaldiaren arteko desberdintasun hauek:
Perpausa | Esaldia |
---|---|
Izaera abstraktua, teorikoa, ez gauzatua. Gramatika teoria baten barnean definitzen da, gramatika irizpideen arabera. Gramatikaren banakoa. Bere egiturak markatzen du zer eduki semantiko duen, ez balizko erabilerek. Termino formaletan ebaluatzen da: gramatikala ala ez-gramatikala da? |
Hizkuntza sekuentzia konkretua, hiztun jakin batek egoera jakin batean gauzatua. Pragmatika teoria baten barnean definitzen da, pragmatika irizpideen arabera. Diskurtsoaren banakoa. Bere eduki semantikoak eta emititzeko baldintzek erabakitzen dute nola interpretatu. Irizpide pragmatikoen arabera ebaluatzen da: egokia da ala desegokia da? Eraginkorra ala ez-eraginkorra da? |
Gramatika, hortaz, perpausak osatzeko gailu bat da. Sukaldaritzak hainbat jaki prestatzeko errezetak ematen dizkigun bezala, gramatikak ere hainbat perpaus osatzeko errezeta ematen digu. Hainbat perpaus ez ezik, perpaus kopuru azkenik gabea.
2.2 Perpausaren osagaiak
Zer den perpaus eta zer ez, gramatikak esaten digu. Orobat perpausa osatzen duten atalak zein diren eta nola egituratuak egon behar duten. Perpausaren egituraz hitz egitea perpausaren arkitekturaz hitz egitea bezainbat da.
Hizketan ari garenean hotsak kanporatzen ditugu eta hots horiek esanahi jakin bat izaten dute. Gramatikak esaten digu gure pentsamendua behar bezala adierazteko nola antolatu behar dugun perpausa, zeren hotsak eta hitzak ez dira nolanahi elkartzen. Hitz segida batzuk zilegi dira, beste batzuk ez. Hitz segida bera ere modu batera edo bestera interpreta daiteke. Seinale, itxuraz berdinak diren hitz segida horiek era desberdinean egituratuak daudela. Hortaz, egitura kontzeptuaz ere zerbait esan behar da. Hain zuzen, hots horiek erakusten duten hurrenkeraz gainera, egitura abstraktu bat dutela pentsatzen da. Alegia, ez daudela bata besteari nolanahi itsatsiak. Har dezagun, adibidez, honako perpaus hau:
-
Atzo aipatu nizun etxeko andrea etorri da.
Esaldi hau bi modutara interpreta daiteke, gutxienez:
-
a. Atzo etxe bat aipatu nizun. Etxe horretako andrea etorri da.
-
b. Atzo etxeko andre bat aipatu nizun. Etxeko andre hori etorri da.
Hots kate berak, horrenbestez, esanahi bat baino gehiago izan dezake. Horrek esan nahi du hotsen eta esanahien arteko lotura hori aski konplexua dela. Horren berri emango digu gramatikak. Hain zuzen, kontsidera daiteke hizkuntza bat perpaus multzo azkenik gabea dela, eta gramatikak perpaus multzo hori sortarazteko bidea eskaini behar digula. Edo beste modu batera esanda, gramatikak perpausak sortzen ditu. Perpaus ez direnak ez ditu sortu behar. Beraz, gramatikak esango digu zein hots segida den perpaus eta zein ez. Eta honezaz gainera, perpaus bakoitzari dagokion egituraren berri ere eman behar du. Gerta daiteke, eta gure kasuan hala gertatzen da, hitz multzo berak bi perpaus dituela ‘azpian’, bi egitura alegia. Hots: esaldi bat anbiguoa gerta daiteke, (3)-a bezala, non gai garen hots segidari bi egitura eta bi perpaus egozteko (4).
Hortaz, eztabaida luzeegia ez egiteko, esango dugu perpausa esanahi osoa duen hitz segida bat dela, gramatikaren arabera egituratua. Izan ere, gerta daiteke hitz segida batek nola halako esanahia izatea, ulergarria izatea, alegia, baina, hala ere, okerra izatea, gramatikaren arauren bat urratzen duelako. Adibidez:
-
*Guek oso nekatutak gaude.
Hori ez da izango perpausa, nahiz eta, beste honako honi ematen diogun esanahi berbera izateko asmotan sortua izan, beharbada:
-
Gu oso nekatuta gaude.
Horregatik, delako hitz segidan atalen bat falta bada edo sobera bada, edo behar ez bezala egituratua badago, ez dugu ‘perpausa’ deituko. Hiztunak ere horrelakoak zerbait arrotz direla pentsatzen du. Horrenbestez, gramatikak esan behar digu zein diren perpausaren osagaiak eta nola antolatuak dauden egitura jakinetan.
2.2.1 Aditza
Bi eratako banakoez baliatzen gara, perpausak osatzerakoan. Badira banako lexiko batzuk munduko izakiei erreferentzia egiteko baliatzen ditugunak (etxe, herri, txakur, mutil, irakasle... ), edo izaki fisikoak izan gabe ere, badira behar, desira, gorroto, gustu, gaitasun, kontzeptu, maitasun, mehatxu, uste.. bezalakoak ere, hitz egiterakoan erabiltzen ditugunak. Eta badira, halaber, beste banako lexiko batzuk aipatu ditugun izaki horien propietateak adierazten dituztenak edo izaki horiek zer ekintza, egoera edo prozesutan parte hartzen duten esateko erabiltzen ditugunak (arbuiatu, egon, erosi, ekarri, gustatu, joan, mintzatu ...). Eta prozesu, egoera, edo ekintza horiei erreferentzia egiteko erabiltzen ditugun hitzak, berriz, aditzak izan ohi dira: bizi izan, egon, jakin ..., erosi, edan, eskatu, joan ... Aditz jakin batek adierazten duen ekintzan edo egoeran partehartzaile batzuk izango dira, batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago. Aditzak esango digu, nolanahi ere, zenbat partehartzaile “behar” dituen perpausa osatzeko. Partehartzaile hauek munduko izaki edo entitateak izango dira eta hauen oinarrian izen kategoriako hitzak izango dira (denbora, esne, etxe, gizon, gorroto, katu, txakur ...). Adibidez, edan aditzak, gutxienez, holako bi entitate eskatzen ditu, edalea eta edaria: [astoak]egilea [ura]gaia [edan zuen]aditza. Egon-ek edo ibili-k, gutxienez bat behar dute eta honekin aski izan dezakete: [arazoakgaia [daude]aditza; [haizea]gaia [dabil]aditza...
Aditza predikatu bat da eta entitateen egoerak edo ekintzak predikatzeko erabiltzen dugu. Izenak, berriz, ‘argumentuak’ direla esango dugu. Hala ere, izen arruntak, berez, eta besterik gabe, ezin dira argumentu izan. Horretarako determinatzaileren bat behar dute:
-
a. txakurra, esnea, liburu hauek…
-
b. etxe guztiak, etxe oro, zenbait etxe…
-
c. hamar euro, bost mutiko, hiru ikasle hauek…
Izan ere, etxe edo asto, gizon, txakur... eta antzekoek ez diete izaki jakin bati erreferentzia egiten, ez dute izaki jakinik denotatzen, izaki batzuen propietate bat baizik. Horregatik behar dute determinatzaileren bat, perpausean partaide izango badira, predikatu baten argumentu alegia.
Aditz deitzen diogu, hortaz, predikazioaren euskarri izan ohi den hitz klase bati. Predikazioan predikatu bat eta subjektu bat elkartzen ditugu proposizio bat osatuz. Adibidez, honako perpaus honetan bi aditz ditugu:
-
(8) Aitak amari zazpi jostunek jositako gona gorria ekarri dio.
Hemen bi perpaus dira, bi proposizio, bakoitza bere aditzarekin: zazpi jostunek gona gorria josi, eta aitak amari nolabaiteko gona gorria ekarri.
Josi eta ekarri aditzak direla esaten dugu. Baina, nola dakigu hitz horiek aditzak direla? Aditzaren banaketa dutelako, noski. Eta zein da banaketa hori? Predikazioaren gunean egotea, lehenbizi: zazpi jostunek [aditza JOSI] gona gorria. Eta morfologiari begiratuz gero, berriz, aditz klaseko hitzak ‘jokatu’ egin ohi dira: josi, jostea, josiko/ ekarri, ekartze, ekarriko... baina baita josi diot, ekar genezake, ekarriko bagenizkio, etab. Bestalde, aditz klasekoei eransten zaizkie konplementatzaileak ere: bait-, -(e)la, -(e)n, adibidez.
2.2.2 Aditzaren inguruko osagaiak
Perpaus bat aditz baten inguruan antolatzen da, hortaz. Esan berri dugunez, ordea, aditz bakoitzak, bere eskakizunak ditu. Erori aditzak, esaterako, aski du argumentu bakarrarekin:
-
(9) [Teila bat]DS erori da.
Teila bat sintagma absolutiboa deitzen dugu (nor sintagma ere deitzen da).
Baina gehiago ere eska ditzake, ablatiboa (nondik), adlatiboa (nora) eta holakoak bereziki, mugimendu aditz batez ari baikara:
-
[Teila bat]ZER erori da [teilatutik]NONDIK [gure etxeko patiora]NORA.
Erosi aditzak, berriz, absolutiboaz gainera ergatiboa (nork) ere eskatuko du:
-
[Gure lagunek] NORK [etxe berria] ZER erosiko dute.
Eta horrela, aditz guztiek.
Aditz bakoitzak bere argumentu-egitura du. Honen arabera agertuko dira edo ez aditzaren osagarriak. Argumentuok sintagma gisa gauzatuko dira perpausean, predikatuaren inguruan. Eta bakoitzak dagokion errola beteko du: bata egilea izan daiteke, adibidez, bestea gaia, bestea instrumentala eta abar. Adibidez, honako hitz segida hau:
-
Peruk amari zazpi jostunek jositako gona gorria ekarri dio Tolosatik.
Edozein euskal hiztunentzat euskarazko perpaus zuzen bat da. Euskal hiztun horrek perpaus hori zein osagaiz osatua dagoen ere esan dezake. Adibidez, adizki nagusi bat dugu: ekarri dio. Honen inguruan beste zenbait osagai ere bai: batak, esaten digu, nor izan den ekarlea, aitak, alegia ergatiboa. Beste batek, berriz, ekintza horren hartzailea zein den. Hori datiboan doan sintagmak adierazten du. Ekarritako gaia zein den adierazten digun osagaia ere badugu. Hau absolutibo kasuaz markatuta doa. Eta halaxe, atal luzea eta konplexua sortu arte: zazpi jostunek jositako gona gorria. Eta azkenik, ekarri dio aditzaren inguruan doazenen artean bada beste osagai bat, delako gona hori nondik ekarria izan den esaten diguna: Donostiatik. Aditzaren argumentuak gauzatuak ageri zaizkigu (12) perpausean.
Hiztunak badaki, halaber, zazpi jostunek jositako gona gorria hori, oso-osorik, dela ekarri aditzaren objektua. Badaki ‘zer ekarri dio?’ galderari erantzuten diola. Baina badaki, halaber, sintagma hori ere egituratua dagoela, modu berezi batean egituratua, hain zuzen. Jositako osagaia ere aditz kategoriakoa dugu. Honen inguruan ere beste sintagma batzuk badabiltza. Horietako bat zazpi jostunek dugu, josi aditzaren egile errola betetzen duena: nork josi. Gona hitza ere hor da. Hemen ere aditza bere bi argumentuez inguratua ageri zaigu. Hau, berez, gorago ikusi dugun ekarri aditzaren objektua dela esan dugu eta hala da. Baina, gure kasuan, josi aditzak ere objektu horixe du. Hain zuzen, josi aditzak bi argumentu behar ditu: nork josi eta zer josi esango digutenak. Kasu honetan, perpaus erlatibo baten aurrean gaudela esango du gramatikak. Eta josi aditzaren objektu izango litzatekeen argumentua beste perpauseko aditzaren argumentua bera denez gero, isilpean gelditzen da, nahiz eta, perpausa interpretatuko bada, isilpean geratu den argumentu hori ere nonbait badela pentsatu behar den. Hori dena diosku gramatikak. Modu eskematiko batean:
-
[[[Zazpi jostunek] NORK [
gona gorria] NOR josi] -tako] P. Erl.] gona gorria]]NOR
Baina aditza eta honen inguruko osagai hauek ere ez daude nolanahi elkartuak. Hemen ere hierarkia bada, eta, horrenbestez, perpauseko osagai horien artean mota desberdinetako loturak eta erlazioak gertatzen dira. Adibidez, esan ohi da aditzaren inguruko horien artean badela bat besteen gainetik nabarmentzen dena, subjektu deitzen dena, hain zuzen. Horrenbestez, perpausa ez da, besterik gabe, [aditza + inguruko osagaiak] tankerako eraikuntza bat, baizik beste honen antzeko zerbait: [izen sintagma + aditz sintagma]. Eta gero, bai izen sintagma bera, bai aditz sintagma bakoitza bere aldetik, modu jakin batean egituratuak egongo dira. Adibidez, aditz sintagma hori [aditza + ingurukoak] izango da.
Perpausa aditzaren inguruan zenbait osagai biltzen dituen egitura dela esan dugu. Aditzaren “inguruko” osagai horiek mota askotakoak izan daitezke: determinatzaile sintagmak (DS), postposizio sintagmak (PS), predikatu osagarriak, mota askotariko perpausak…
● Determinatzaile sintagmak
Determinatzaile sintagma deituko ditugunak ere izan daitezke, bereziki, aditzaren inguruko, bakoitza bere kasu markarekin:
-
a. [Irakasle berri bat DS] etorriko da.
-
b. [Irakasle berri bat DS] etorriko zaizue.
-
c. [Liburu horrek DS] ez du [txakur handi bat DS] balio.
-
d. [Etxe handi hari DS] su eman nahi izan diote [ezezagun batzuek. DS]
(14)ko perpausetan kako artean ageri diren osagaiak determinatzaile sintagmak direla esango dugu. Horietako bakoitzak badu agerian kasu marka, perpausean nolako zeregina betetzen duen, halakoa.
-
etxe handi hari = [[etxe handi hura] + -i]
-
ezezagun batzuek = [[ezezagun batzuk] + -k] liburu horrek = [[liburu hori] + -k]
-
txakur handi bat = [[txakur handi bat] + Ø]
-
irakasle berri bat = [[irakasle berri bat] + Ø]
● Postposizio Sintagmak
Postposizio sintagmak ere izan daitezke perpausaren osagai:
-
a. [Mendian PoS] aurkitu dugu azeria.
-
b. [Fosilei buruz PoS] hitz egin digu irakasleak.
-
c. Loa galdu dut [zuregatik PoS].
Hemen ere atzizki egokiaz hornitutako DS bat dugu. Atzizki hori postposizioa da eta, horrenbestez, mota honetako osagai hauei postposizio sintagma deitzen zaie.
PS | DS | Postposizioa | |
---|---|---|---|
Mendian | = | [ [mendia] | -n] |
Fosilei buruz | = | [ [fosilak] -i] | buruz] |
Zuregatik | = | [ [zu] -re] | -gatik] |
Postposizio hauek (-N, BURUZ, -GATIK ... ), kasu markak bezalaxe, ezin dira bere kasa ibili, zerbaiti itsatsiak baizik, atzizkiak baitira. Determinatzaile sintagma bat eskatzen dute ezkerrean ( [mendia ds]; [fosilei ds]; [zure ds]). Oraingo atzizki hauek, ordea, kasu markek baino ‘pisu semantiko’ handiagoa dute. Alegia, badute berezko esanahiren bat eta esanahi hau eransten diote sintagmari. Postposizioa da postposizio sintagmaren burua edo ardatza, eta determinatzaile sintagma, berriz, buru horren osagarria.
● Adjektibo sintagma eta izen sintagma
Zenbait perpausetan adjektibo sintagmak eta izen sintagmak aurkituko ditugu predikazioaren gunean. Predikatu osagarri, izen predikatu eta holako deiturak ematen zaizkie gramatiketan.
Predikatu osagarri lanetan aurkitzen ahal ditugu bereziki Adjektibo Sintagmak eta Izen sintagmak, baina baita determinatzaile sintagmak eta postposizio sintagmak ere. Predikatu osagarriak perpausean aditz berezi batzuk (lotura aditz deitzen direnak) ageri direnean aurkituko ditugu:
-
a. Liburu hau [merkeago]AdjS da.
-
b. Etsaiak [lagun]IS harturik ibili zen gizon hura.
-
c. Andoni [herriko alkatea]DS da.
-
d. Gure erretorea [gotzain]IS izendatu dute.
-
e. Opari hau [zuretzat]PoS da.
Predikatu osagarriaren funtzioa betetzen dute (16)an merkeago AdjS-ak, lagun IS-ak, herriko alkatea DS-ak, gotzain IS-ak, zuretzat PS-ak. Sintagma hauek predikatuak dira, propietate bat adierazten dute, ez dute izaki jakinik denotatzen, ez dute mundu errealeko izakirik aipatzen, izaki horiei dagozkien kualitateak predikatzen baizik. Baina predikatu osagarri funtzio hori bete dezakete Adjektibo Sintagmek, Determinatzaile Sintagmek nahiz Postposizio Sintagmek.1
● Perpausa
Perpausak ere izan daitezke aditzaren inguruko eta, horrenbestez, goragoko beste perpaus baten osagai ere izan daitezke:
-
a. [Bilbotik datorrela Perpausa ] esan du Mirenek.
-
b. [Tabernarik taberna ibiltzeak Perpausa] poz ematen dio.
(17a)n subjektua Mirenek da eta Bilbotik datorrela perpausa, berriz, objektua izango litzateke. Subjektua eta objektua (perpausa dena), biak, esan digu aditzaren inguruan kokatuak. Esan aditzak bi argumentu eskatzen ditu, bata egilea, esaten duena, eta bestea perpaus bat, adierazpen bat. Hiruren artean perpausa osatzen dute.
Perpausak, hortaz, ager daitezke zenbait aditzen argumentu gisa eta, horrenbestez, aditzaren “inguruko” izan daitezkeela onartu behar, determinatzaile sintagmak eta postposizio sintagmak bezala. Eta denak perpausaren beste kokagune batzuetan ere ager daitezke. Esaterako, beste perpaus baten barruan, edo beste determinatzaile sintagma baten barruan.
2.2.3 Subjektua eta predikatua
Baina perpausak ez du hain egitura ‘laua’, aditza eta gainerako inguratzaile guztiak pareko gisa aurkezten dituena. Beste egituratze bat ere proposa daiteke eta gramatiketan ohikoa da. ‘Subjektu + predikatu’ gisakoa. Alde honetatik, perpaus guztiek badute subjektu bat, determinatzaile kategoriakoa, eta honi buruzko predikatu bat. Predikatu honetan buru bat izango da, aditz kategoriakoa eta honek inguruan beste determinatzaile sintagmak, postposizio sintagmak, adjektibo sintagmak eta abar.
Adibidez,
-
[[Dendariak DS] [[bezeroak DS] [agurtu ditu A] AS]]
Perpaus honetan, lehenbiziko determinatzaile sintagma eta bigarrena kokagune desberdinean daude, bata subjektua da, bigarrena, objektua, eta horrenbestez perpauseko aditz sintagmaren osagai.
2.2.4 Inflexioa
Baina perpausaren osagai nagusien artean bada beste bat, askoz abstraktuagoa: Inflexioa deituko duguna. Berez, inflexio hau aditzarekin loturiko zerbait dugu. Aditzaren laguntzaile deitu izan dena da inflexioa. Honek biltzen du denboraren, aspektuaren, moduaren eta pertsona-komunztaduraren informazioa. Baina informazio hau ez dagokio adizkiari berari bakarrik, perpaus osoari baizik. Hain zuzen, perpausaren ardatza bera dela onartzen da. Izen sintagma izenaren gainean eraikitako zerbait dela onartzen dugu, bere barne hierarkia duelarik. Aditz sintagma ere, bere aldetik, aditzaren gainean eraikitako zerbait dugu. Honek ere bere barne egitura izango du. Eta perpausa, zeren gainean eraikia ote dago? Inflexioaren gainean. Hots: perpausa inflexioaren islapena izango da.
2.3 Perpausen sailkapen bat
Perpausak modu askotara sailka daitezke, zein irizpide hartzen den:
a) Perpausen esanahiari begira egin daiteke sailkapena (galde perpausak, agindu perpausak, baiezkoak edo ezezkoak, eta abar). Mendeko perpaus bat denborazkoa den edo kausazkoa den aritzen garenean ere, esanahia dugu gogoan.
b) Perpausek duten formari begira ere egin daiteke sailkapen hori (adizkia jokatua ala jokatugabea duten, zein menderagailu edo konplementatzaile duten eta abar kontuan hartuz).
c) Funtzioari begira ere egin daiteke sailkapena, bereziki ardatz baten osagarria ala ‘laguna’ den so eginez.
2.3.1 Esanahiaren araberako sailkapena
Esanahiaren aldetik zenbait bereizketa egin daiteke perpausen artean. Ohiko gramatiketan, gainera, bereziki erabilia izan da irizpide hau perpausak sailkatzerakoan.
● Adierazpen perpausak
Baieztapen edo ezeztapen soil diren perpausak ditugu adierazpen perpausak, hiztunaren barne-jarrera, edo gogoa islatu gabe, zerbaiten adierazpen soil direnak:
-
a. Gizon bat agurtu zenuen kale ertzean.
-
b. Ez diot inori kontatuko.
Hauetan gertakari baten, egoera baten edo prozesu baten adierazpen hutsa egiten da.
● Galde perpausak
Galde perpaus lokabeetan informazio eskari bat egiten da:
-
a. Nor agurtu zenuen kale ertzean?
-
b. Inor agurtu al zenuen lehengoan jaialdian?
Galde perpausen eta adierazpen perpausen artean dagoen diferentzia argia da. (19a) perpausak baieztapen bat egiten du. (19b)k ezezko adierazpen bat: hurrenez hurren, zuk norbait agurtu zenuela nonbait eta inori ez diozula ezer kontatuko. Adierazpenok egia izan daitezke edo gezurra. (20a)k, aldiz, lehen baieztatzen zena oraingoan galdera gisa ematen du. (20a)n jakintzat ematen da zuk norbait agurtu zenuela kale ertzean. (19a)n argiro adierazita dago nor izan zen agurtua, (20a)n ez bezala: hemen agurtua izan dena zehaztu gabe uzten da. Horixe da galderaren funtsa: zuk kale ertzean norbait agurtu zenuelarik, norbait horren erreferentzia zein den esan iezadazu.
Galde perpausak perpaus bakunak direnean, gauzak esan dugun bezala dira. Galde perpaus hauek mendeko direnean, gehienetan ez dago ‘informazio eskaririk’, baina bai erreferentzia zehaztu gabe ematen den aldagai bat:
-
Ez dizut esango [nor agurtu nuen atzo kale ertzean galde perpausa].
● Agindu perpausak
Aginduak emateko baliatzen ditugu agindu perpausak:
-
a. Zabal ezazue liburua 25. orrialdean.
-
b. Zoazte pikutara!
-
c. Isildu, mesedez!
Benetako agindu perpausetan, subjektua bigarren pertsonakoa izaten da, gehienetan isilpean geratzen da, gainera, (22)ko adibideetan bezala. Eta agerian ematen bada, aditzaren ondoren ematen da euskaraz:
-
Egin ezazu zerorrek!
Holakoak, nolanahi ere, enfatikoak dira.
Bestalde, kontuan izan behar da aditz joko bereziaz (aginteraz) baliatzen garela agindu perpausok osatzeko. Sail honetan sar ditzakegu egiazki agindu izan gabe, eskari, erregu, zerbaitetarako dei gisa edo ulertzen ditugunak ere. Hauetan ez da nahitaezko subjektua bigarren pertsonakoa izatea:
-
a. Altxa gaitezen denok eta izorra dadila!
-
b. Hurbil bedi hurrengoa!
-
c. Doala pikutara!
● Harridura perpausak
Hiztunak duen harridura adierazteko erabiltzen direnak dira. Normalean aski ordena berezia izan ohi dute. Intonazioa ere halakoa izan ohi da.
-
a. Hura zen gizon puska, hura!
-
b. Zenbat dakien aguretxo honek!
-
c. Bai atseginak direla gure eskolako neskak!
-
d. Eskerrak ez gaituela inork ikusi!
Maiz, agerian den atzizkiak argi uzten du perpaus mendekoekin duen erlazioa, zehar galderekin bereziki.
● Baiezko eta ezezko perpausak
Lehenaz gain, perpausak baiezkoak edo ezezkoak izan behar dute. Beraz, galde perpausak, adierazpen perpausak eta agindu perpausak baiezka nahiz ezezka eman daitezke.
Honako hauek ezezko perpausak ditugu:
-
a. Inor ez da etorri guregana.
-
b. Ez iezadazu adarrik jo, mesedez.
-
c. Ez al da zure laguna agertu?
Beste hauek, aldiz, baiezka emanak:
-
a. Norbait dabil ganbaran.
-
b. Eska iezaiozu zigarro bat horko neska horri.
-
c. Zure lagunak beti garaiz iristen al dira?
2.3.2 Predikatuaren araberako sailkapena
Aditzaren inguruko osagaien artean predikatu osagarria ere ager daitekeela esan dugu. Holakoak aditz berezi batzuekin agertu ohi dira. Aditz kopulatiboak eta predikatiboak bereizi ohi dira gramatikan. Horrenbestez, honen araberako sailkapena ere egin izan da ohiko gramatiketan.
● Perpaus kopulatiboak
Aditz kopulatiboa dutenak dira perpaus kopulatiboak. Aditz hauekin batera predikatu osagarria agertuko zaigu:
-
a. Joseba jatorra da.
-
b. Miren langileen ordezkari izendatu dute.
-
c. Horrek harri koskorrak ere urre bihur ditzake.
Jatorra, langileen ordezkari eta urre, predikatu osagarriak direla esaten dugu. Perpauseko subjektuari (28a) edo objektuari (28b) eta (28c) buruzko predikatuak dira.
● Perpaus predikatiboak
Aditz kopulatiboa gabe, aditz predikatiboa duten perpausak dira perpaus predikatiboak. Aditzik gehienak dira predikatiboak. Aditz hauek berak dira oraingoan, predikazioaren muina:
-
a. Josebak nobela berri bat idatzi du aurten.
-
b. Gure amak barazkiak saldu ohi zituen merkatuan.
2.3.3 Formaren araberako sailkapena
● Perpaus jokatuak eta jokatugabeak
Perpausean aditza nahitaezko dugu. Aditz hori, ordea, jokaturik eman dezakegu edo jokatu gabe. Adizki jokatua duten perpausak perpaus jokatuak izango dira. Adizki jokatu gabea dutenak, perpaus jokatugabeak.
-
a. Pozik argituko nizkioke zenbait gauza mutiko horri.
-
b. Kanta dezagun denon artean zerbait.
Bi perpaus hauetan adizki jokatua dugu, bere aspektu, pertsona, denbora, modu e.a. markekin: argituko nizkioke eta kanta dezagun. Hain zuzen, horiei deitzen diegu adizki jokatuak, denbora eta komunztadura markak dituztenei.
Honako hauek, ordea, perpaus jokatugabeak izango dira:
-
a. Bizikletan ibiltzen ez du ikasi oraindik.
-
b. Nik esan arte, zuek lanean jarraitu behar duzue.
Esan arte eta ibiltzen adizki jokatugabeak ditugu. Adizki horiek dituzten perpausak ere perpaus jokatu gabeak izango dira.
● Perpaus lokabeak eta mendekoak
Perpaus bat beste baten mende ez badago, bere buruaren jabe bada nolabait, perpaus hori lokabea dela esango dugu. Adibidez, honako hauek perpaus lokabeak ditugu:
-
a. Herri honetan taberna gehiegi dago.
-
b. Gure herri hau harrizko herri bat dela esan zuen norbaitek.
-
c. Herrian taberna gehiegi dago eta udalak ez du baimen gehiago emango.
Hirurak perpaus lokabeak, beregainak, ditugu. Ez daude beste baten mende.
(32)ko perpaus berberak, aldiz, beste baten mendeko dira, nagusiago den perpaus batean txertaturik ikusten ditugu:
-
a. [Herri honetan taberna gehiegi dagoela] uste dute askok.
-
b. [Norbaitek [gure herri hau harrizko herri bat dela] esan zuela] irakurri dut nonbait.
-
c. [[Herrian taberna gehiegi dagoela] eta [udalak baimen gehiago ez duela emango]] esan du irratiak.
Beraz, [herri honetan taberna gehiegi dagoela]; [Norbaitek gure herri hau harrizko herri bat dela esan zuela] eta [herri honetan taberna gehiegi dagoela eta udalak baimen gehiago ez duela emango] mendeko perpausak direla esango dugu. Hain zuzen, horietako bakoitza ‘gorago’ dagoen perpaus baten osagai da.
● Perpaus bakunak eta perpaus elkartuak
Perpaus bakuna deitzen diogu bere barnean, osagai gisa, beste perpausik ez duenari, alegia perpaus bakarraz osatuari. Horrelako perpausik baden ala ez ikusteko, perpausean zenbat adizki ditugun begiratzea aski da:
-
a. Bi eta bi lau DIRA.
-
b. Nork ESAN DU astakeria hori?
Hauek perpaus bakunak ditugu: aditz bakarra dute eta, horrenbestez, ez daukagu beste baten barnean kokaturiko perpausik.
(35)ean, ordea, gauzak bestela dira. Perpaus bat baino gehiagoz osatuak ditugu. Perpaus bakoitzak aditz bat behar duenez, aditz bat baino gehiago aurkituko dugu eta horrenbestez, perpaus elkartuak direla esaten ahal dugu.
-
a. [ [ Bi eta bi lau DIRELA ] ESAN ZUEN irakasleak ].
-
b. [ IKUS DEZAGUN [ nork ESAN DUen astakeria hori ] ].
-
c. [ [Jonek baloia HARTU ZUEN ] eta [ parkera JOAN GINEN denok] ].
Eta, jakina, biak, bai perpaus bakuna bai perpaus elkartua, izan daitezke lokabe edo mendeko. Adibidez, (39a)ko perpaus elkartu horiek lokabeak dira, beregainak. Aldiz, perpaus horien barneko [bi eta bi lau direla] eta [nork esan duen astakeria hori] perpaus bakunak dira baina baita mendeko ere, erakusten duten menderagailuak (-(e)la eta -(e)n) argi salatzen digun bezala.
Baina perpaus bakunak zein elkartuak izan daitezke lokabeak, beste baten mende ez daudenak alegia. (38)koak, adibidez, bakun eta lokabe ditugu. (39)koak, aldiz, edo (37)koak, adibidez, lokabeak ditugu, baina elkartuak.
● Perpaus juntatuak eta mendeko perpausak
Gainera, perpaus elkarketa bi motatakoa izan daiteke: a) batetik, mendeko perpausak (menderakuntza bidez elkartuak) izan ditzakegu eta b) juntatuak (juntadura bidez elkartuak). (35a) eta (35b) perpaus konplexuak izango ditugu, eta (35c), ostera, perpaus konposatua, juntadura bidezko elkarketa baitugu.